XII
Arrazoi zuen Xepek. Ez genuen beste biderik. Derrigorrezkoa zen gaztetxe berria okupatzea. Hala erabaki genuen egun hartantxe bertan, iluntzean, Atraskuan egindako asanbladan.
Herriko enparantza nagusian zegoen Udalak ondo itxita gorderik zuen gaztetxe berria, junkieen biltoki izan ohi ziren Dean tabernatik udaletxe ondorainoko harmailen aurrez aurre. Azoka plazaren sarrerako edifizioaren lehendabiziko solairua zen, Jubilatuen Elkartearen azpiko lokala hain zuzen ere. Lehenengo gaztetxea okupatzeko erabilitako burdinazko palanka handia ondo gordea zuen gurasoen baratzako etxolan Antijosek, eta huraxe hartuta joan ginen berrogei lagun inguru larunbat arratsaldean, 1984ko maiatzak 5 zituela, gaztetxe berriaren atzealdera, giltzarik gabe eta palankaren indarrez sartzekotan handik errazagoa izango genuelakoan.
Uste genuena baino zailagoa izan zen eta uste genuena baino txikizio handiagoa egin behar izan genuen leiho batetik zehar Udalak, hiru milioi pezeta gastatuz, ustez eta teorian behintzat, herriko gazteontzat prestaturik zuen lokal hartan sartzeko.
Sartu ondoren, harriturik, lilura batean, guztiz aztoratuta ibili ginen guztiok batetik bestera gaztetxe berria ezagutzen, urrats bakoitzean deskubrimendu berria eginez. Txukun eta berri zegoen guztia, estreinatzeko prest. Ez zuen gaztetxe itxurarik. Baldosa zuri garbiak zituen zoruak eta zuriak ziren hormak ere. Dena hain zuri izan ez zedin edo, horma barrenetan arrosa kolorez pintatutako egur xaflak zeuden itsatsiak, laurogei bat zentimetroko altura zutenak.
Gaztetxea baino gehiago anbulatorioa ematen dik honek komentatu zuen Xingularrek. Edo okerrago: batzokia. Kolore hauek ez zaizkidak batere gustatzen.
Bai, hemen ere pintatu beharko dituzue paretak, Xingu esan zion Periskopiok adar joka. Ea gaztetxe zaharreko paretetan lortutako maila gainditzen duzuen.
Ez, ez, guk egin genian gurea erantzun zion atzera Xingularrek. Oraingoan beste batzuen txanda izan behar dik.
Aditu duk, Kopio esan zuen Estherrek, Xingularren ideia berretsiz. Hasi hadi pareta hauek nola pintatuko dituan pentsatzen.
Bai, egon hadi lasai, pentsatuko dinat eta... pentsatuko dinat zeini pintarazi...
Toki pixka bat bazagok sala honetan komentatu zuen Antijosek. Igual kontzerturen batzuk antolatzeko aukera ere emango ziguk.
Igual bai baietsi zuen Antijosen iritzia Pipik, baina talde ezagunegirik ezin ekarriko diagu, bestela lehertu egingo duk eta...
Ikusten al duzue hau? esan zuen Urrategik mostradore atzeko trasteei begira. Kafetera eta guzti zaukaagu barren! Sekulako adelantuak zauzkak gaztetxe honek!
Musika ekipoa ere potentea dun komentatu zuen Pipik.
Eta kristoren bistak ditik esan zuen enparantza nagusira begira zeuden aurreko hiru leihoak zabalduz Xingularrek.
Izan ere, zabala zen, bai, gaztetxe berriak zuen ikuspegia. Herriko enparantza nagusia ia osorik ikusten zen hiru leiho haietatik. Aurrez aurre, enparantzaren bestaldeko muturrean, junkieen harmailak genituen begien aurrean, eta haien atzean herriko jauntxo aberatsenetako baten jauregi zaharra, Zelaiarena; junkieetako batzuk han zeuden orduan ere baina beste batzuk Txus, Kantxa eta David bai gutxienez gurekin ziren, okupazioan. Eskuinaldera begiratuta, udaletxea ageri zen; aurrealdeko fatxadan Atano III.a pilotari handiaren omenez ezarritako bustoa eta haren azpiko iturria oso ondo ikusten ziren, bertatik bertara ia. Ezkerraldera begiratuz gero, berriz, sakakuloen arkupeak eta, haien ondoren, Dean tabernaz haratago, Goiko Losa aire zabaleko pilotalekua.
Munipak gu botatzera etortzen badira, hemendik ederki asko kontrolatuko ditiagu komentatu zuen Urrategik Xingularrek zabaldutako leihoetako batetik begira.
Laga itzan munipak bakean oraingoz eta lagundu iezadan pankartarekin esan zion orduan Antijosek Urrategiri, aldean zeraman poltsatik bezpera gauean Atraskuan prestatu genuen pankarta handia atereaz.
Xingular eta Xepek ere lagundu zieten Antijos eta Urrategiri, eta lauron artean ezarri zuten kanpoko leihoetatik zintzilik letra handiz «Okupazioa» zioen pankarta.
Gainerako guztiok gaztetxe berriko bazterrak miatzen jarraitu genuen bitartean. Tabernaren aretoaz eta komunaz gain, beste bi gela zituela ikusi genuen: neurriz ia taberna adinakoa zen gela zabal hutsa eta sukalde txiki bat, gas-bonbona eta guzti, jatorduak prestatzeko moduan atondua.
Tortila ederrak egin behar ditiagu hemen esan zuen Prestok, eskuak igurtziz, ilusionatuta, sukaldea ikusi zuenean.
Hostia! eten zuen bat-batean ordura arteko giro alaia Urrategik. Txakurrak dituk! Txakurrak zatozak gaztetxea txapatzera.
Leiho ondora inguratu ginen denok trumilka, Urrategik esana egia ote zen egiaztatzera. Bi lanrober eta 4L auto txiki bat zeuden gaztetxe aurrean. Kotxetik jaitsi eta gaztetxearen beheko sarrerara jo zuten zuzenean guardia zibilek. Sakakuloen arkupeetan jendea biltzen hasi zen, ezusteko ikuskari harrigarri hari so.
Zoratuta zaudek Aiuntamentuan! bota zuen ikusten ari zena ezin sinetsita Xingularrek. Txakurrei hots egin ez zietek ba!
Zer egingo dugu orain? galdetu zuen, urduri, Pipik.
Ez zakiat erantzun zion Xingularrek. Hauek ez dituk munipak. Hauek edozer gauza egin zezaketek.
Ez genuen zer egin erabakitzeko asti handirik izan. Aurki ziren ate ondoan.
¡Guardia Civil! ¡Abran la puerta! entzun genuen ateaz bestaldetik.
Prestok zabaldu zuen, serio eta lasai, atea. Lauzpabost guardia zibil sartu ziren, lasaitasunez, porra eskuan hartuta, pistolak gerrikoaren maginan sartuta.
¿Quién es el responsable? galdetu zuen haien buru egiten zuenak.
Ez zuen inork erantzun.
Bueno, es igual. Tenemos orden de desalojarlos de aquí. Nos van enseñando el DNI y van saliendo de uno en uno.
Yo no tengo bota zuen serio-serio Antijosek.
Pues hay que tenerlo siempre, ¿entendido?
Ez zion inork erantzun.
Por hoy es igual. Van saliendo fuera y en paz. Y que no se les ocurra volver a entrar, que será mucho peor. Venga, venga, desfilando... ¡Rápido!
Udaltzainak izan balira, eutsiko geniokeen gaztetxeari baina eraso hari aurre egiteko bestelako prestakuntza behar izango genuen. Berdez jantzitakoei obeditu eta lekuak hustu beste erremediorik ez genuen izan. Irteteko, gaztetxeko atea zeharkatu ondoren, enparantza nagusiraino iristen ziren eskailera batzuk jaitsi behar ziren, eta horietatik pasatzean tarte hura zaintzen ari ziren guardia zibilen porrakadak eta ostikadak jaso genituen batzuek, baina ez zen izan hala ere benetako mina emateko moduko kolperik. Guri beldur pixka bat sartzea besterik ez zuten nahi izan, antza.
Atzealdetik sartu baina gaztetxearen aurrealdetik irten ginen behintzat okupazio frustratu haren ondoren, eta horrek ere izan zuen bere balioa. Enparantza nagusian utzitako autoen ondoan, armak eskuan harturik zituztela, zelatan geratutako guardia zibilen ondotik banan-banan pasatzen ikusi gintuzten sakakuloen arkupeetatik begira zeuden begiluzeek. Atraskuko bezero eta arratsaldeon asko zegoen arkupeetan; Xeperen anaia Joxe Ramon ere han zen, andregaiarekin. Egia esanda, nik uste dut harrotasun puntu bat sentitu genuela guk denok une hartan, herriko jendearen aurrean guardia zibil armatuen mehatxupean gaztetxe okupatutik enparantza nagusira irtetean. Izan ere, garai hartan Guardia Zibila etsai izatea, artean ere, edonoren ohoregarri zen herritar gehienen begietan.
Garaiak aldatzen hasita zeuden ordea. Gure ikuspegitik eskandalagarria zen herriko alkate euskaldun eta ustez abertzale batek nori eta guardia zibilei deitu izana herriko gazteen aurka egiteko, baina berak uste baino ere hobeto atera zitzaion jokaldia alkateari, inork ez baitzuen txintik ere atera. Herritar zintzoek eta arratsaldeon gehienek ontzat eman zuten alkatearen jokabidea. Ontzat eman ez zutenei ere beste erremediorik ez zuela izan iruditu zitzaien, eta, azken batean, alkatearen larruan egonez gero antzeratsu jokatu izango zutela beharbada.
Egoera ez zen batere egokia guretzat. Etsipena izan zen nagusi biharamunean Atraskuan egin genuen asanbladan. Bildu ere jende gutxi bildu ginen orduko hartan.
Xingular, beti bezala, egoeraren alderdirik onenaren bila saiatu zen orduan ere.
Dena dela, gaztetxea egon bazagok Azkoitian. Egina zaukatek, herriko gazteentzat. Eta egina daukatenez zabaldu beharra zaukatek derrigorrez. Eta gu gaituk herri honetan gaztetxe baten alde antolatu eta mobitu garen bakarrak. Gaztetxe horrek gurea izan behar dik kontu pixkatekin jokatzen badugu.
Kontu pixkatekin? galdetu zuen Xepek, harrituta. Horiekin kontu pixkat? Horiekin gogor jokatu behar duk, Xingu. Kaña emanez handik eta hemendik, ahal den tokitik eta ahal den moduan. Ez ditek beste hizkuntzarik entenditzen.
Bai, hori bazakiat, Xepe erantzun zion Xingularrek. Esan nahi diat oso ondo pentsatu behar dugula nola jokatu. Oso une delikatua dela iruditzen zaidak.
Niri ez zaidak iruditzen gaztetxea derrigor zabaldu beharra daukatenik komentatu zuen Antijosek. Beti izango ditek kulpa guri botatzeko aukera. Ez ditugula arauak errespetatu nahi eta horrelakoak esan eta hor konpon! Pikoloak bialduko zizkigutenik ere ez genian asko uste, baina orain zer? Bialdu zizkigutek eta hemen ez duk ezer gertatu. Gero eta errazagoa zaukatek nahi dutena egitea.
Bai, baina orduan zertarako egin dute gaztetxea?
sartu zen eztabaidan Urrategi. Orain horrekin zeozer egin beharra zaukatek eta horrekin presionatu behar ditiagu.
Nik uste dinat komunikatu bat eskribitu eta herrian zabaldu behar dugula proposatu zuen Pipik, bizi dugun egoera salatuz: gaztetxea eginda eta prest dagoen arren herriko gazteak kale gorrian gaudela, alegia. Herriaren aurrean zeozer egin beharra izango diten.
Urruti samar zaudek hurrengo elekzioak erantzun zion Xingularrek, baina, bueno, igual balioko dik zeozertarako.
Komunikatuekin al gara berriro ere? haserretu zen Presto. Berriz nazkatu behar al ditugu bazter guztiak? Horiek alferrikako kontuak dituk. Potrorik badago, sartu berriro gaztetxean eta ez laga pikoloei pasatzen...
Barregura eman zigun gehienoi Prestoren jarrera oldarkor itsuak. Urrategi, aitzitik, haserre zegoen Prestoren hizketa moduarekin.
Hara, nik ez zaukaat potrorik, Presto. Beraz, hori zuen eskuan laga beharko diat.
Eta nik ere ez berretsi zuen Urrategiren teoria Estherrek. Eta ba al dakik zer esaten diaten? Ba gaztetxea lortzea ala ez lortzea potroen gora-beheran badago, nik ez dudala gaztetxerik nahi.
Bueno, bueno, ez zaitezte horrela jarri desenkusatu zen Presto apaltasunez. Hitz egiteko modu bat besterik ez dun. Nik esan nahi dinat berriro ere indarra berreskuratuz alfer-alferrik gabiltzala komunikatuekin eta putetxeko madrearekin. Xepek esan duen bezala, horiek entenditzen duten hizkuntza bakarra biolentzia dun. Osterantzekoak ez zaizkien inporta, dena ondo lotuta zaukaten eta. Denetarako zaukaten arrazoia eta aitzakia. Komunikatuak egiten ez zienagu sekula irabaziko. Horretan gu baino askoz gehiago ditun.
Eta indarrean ez al dira gu baino gehiago? arrazoitu zuen Xingularrek. Eskuak lotuta zauzkaagu, Presto. Ez gaudek pikoloei aurre egiteko preparatuta. Hori duk errealitatea.
Ondo zagok, Xingu, ondo zagok amore eman zuen Prestok azkenean. Konforme. Primeran. Arrazoia daukazue. Hasi zuek komunikatua egiten. Nik bitartean porro handi bat egingo diat, ea barruan daukadan hostia txarra kentzen laguntzen didan.
Gaztetxerik ezean, herritik kanpoko gau girorik moderno eta after-punk-enera jotzea erabaki zuten hurrengo asteko larunbat gauean Mirari, Periskopio eta Xepek: Itziarko Mandiope diskotekara. Azken orduko rock musika, garagardoa eta speed-a ziren Mandioperen berezko ezaugarriak. Janzkera normal samarrarekin joandakoa bitxi geratzen zen han, lekuz kanpo erabat, are gehiago arropak kolore argietakoak izanez gero. Xeperen janzkera, oso modernoa ez izan arren, iluna zen behintzat, eta horrek salbatzen zuen.
Hango giroan guztiz integratu gabe, aspertu samartuta, garagardo bana esku artean hartu eta porro bat erretzen, horma ondoko besaulkietan eserita zeudela, Itsaso hurreratu zitzaien ustekabean. Mirari, Periskopio eta Xepe ez bezala, Itsaso Mandiopeko giro biziarekin bat egina zegoen. Diskotekako beste bezero askok bezala, ahoan zuen txikleari bueltak eta bueltak eragiten zizkion etengabe. Musika oso altu zegoen eta oihuka hitz egin behar izan zuten.
Zer? Herrian martxarik ez zegoela eta Mandiopera zuek ere?
Lehen sikiera gaztetxea geninan baina orain ezta hori ere azaldu zuen Periskopiok. Kanposantua ematen din hark.
Eta zer iruditzen zaizue hau?
Lehen ere egon izan naun batzuetan baina ez zaidan gustatzen erantzun zion Periskopiok. Beti hemen lau pareta artetik irten gabe egoteak ito egiten nain. Nik nahiago dinat taberna batetik bestera ibili.
Ba niri gustatzen zaidan eman zuen bere iritzia Mirarik. Jartzen duten musika ondo zagon eta herrian baino lasaiago sentitzen naun. Hemen behintzat ez hau inork gaizki begiratzen itxurarengatik.
Eta hik zer esaten duk, Xepe? burua Xeperengana jiratuz.
Ez zagon gaizki. Lehen Buzzcocksen kanta bat jarri diten behintzat.
Arraiatxo bana nahi al duzue? galdetu zien bat-batean Itsasok.
Elkarri begiratu zioten Xepe, Mirari eta Periskopiok.
Pixka bat girotzeko zeozer beharko dugula uste dinat erantzun zion Itsasori Periskopiok, eta Xeperi begiratu zion gero, baiespen bila. Ez al zaik iruditzen, Xepe?
Zergatik ez ba?
Joan den astean kristoren perika nian, oso ona, baina agudo gastatu zuan hura esan zuen Itsasok, txamarraren poltsikotik papelina atereaz. Dena dela, gaur daukadan speed-a ere ez zagok batere gaizki. Honekin segituan girotuko zarete.
Barrara noan garagardo batzuk ekartzera esan zuen besaulkitik altxatuz Mirarik. Itsasori begiratu zion gero. Hik zer nahi dun?
Kuba-rona.
Periskopiori eman zion papelina Itsasok. Periskopiok zutitu, txamarraren poltsikotik haxix puska bat atera eta Xeperi eman zion.
Ni komunera noak arraiak prestatzera. Bitartean egin ezak porro bat, Xepe.
Uste diat hiri ez zaiala toki hau asko gustatzen komentatu zion Itsasok Xeperi, biak bakarrik geratu zirenean.
Ba ez pentsa. Azkoitian ez dun hemen baino giro hoberik izango momentu honetan. Betiko lau mozkorrak eta betiko lau lerdoak ibiliko ditun kalean bueltaka. Tartean behin herritik irtetea ere ondo zagon.
Orain, gainera, gaztetxerik gabe askoz okerrago, ezta?
Bai, beste roilo bat dun. Ez dun gauza bera.
Dena aldatu egiten duk bizimodu honetan hasperen txiki batez indartu zuen bere komentarioa Itsasok. Ni gero eta galduago sentitzen nauk. David eta Poli jakoaren mobidan, gaztetxerik ez... Lehen lagun min nituen asko ia-ia ikusi ere ez ditiat egiten orain, edota ikusi bai igual, eta haiekin egon ere bai batzuetan, baina gure arteko roiloa ez duk ja lehengoa... Dena azkarregi aldatzen dela iruditzen zaidak eta beldurtu egiten naik horrek. Hik ere denbora gutxian gauza asko bizi izan dituk, ezta?
Xepek ez zuen ezer erantzuteko astirik izan. Mirari heldu zen eskuetan hiru garagardo botila eta kuba-rona zituela.
Itoiz taldeko kantaria ikusi diat barran.
Bai, askotan izaten dun hemen komentatu zion Itsasok. Ez dun urrutikoa izan ere, Mutrikukoa.
Igande arratsaldean gela ilun bateko ohe arrotzean esnatu zen Xepe. Ez zuen ezer ikusten, ez zekien non zegoen, ez zekien zer egun zen, ez zekien ezer. Ezeren arrastorik ez. Eztarria minduta zuen eta burua iltze handi batek alderik alde zeharkatuko balio bezala; ile guztia lehor-lehor, guztiz lakartuta, bezperan garagardotan blai egina izatearen ondorioz, dudarik gabe; garagardo lehorraren kiratsa zerion oraindik bezperako arropek zapatilak barne janzten zuten gorputzari ere alde guztietatik.
Bezpera gaueko kontuak gogoratzen saiatu zen. Lanak eman zizkion bezperan Mandiopen izana zela gogoratzeak. Hasierako uneak garbi agertzen zitzaizkion baina zulo beltz handia baino ez zuen aurkitzen oroimenean lehen speed arraiaz geroztikoaren bila hasten zenean. Oso martxa handia egon zela baino ez zuen gogoan, aparteko uneak izan zirela, harrigarriak, liluragarriak, dena betiko aldatu zela iruditu zitzaiola... Bizi izandako zirraren aztarnak baino ez ziren, ordea, oroimenak eskaintzen zizkionak, inolako ekintza edo gertakari zehatzi lotu gabeko abstrakzio hutsak. Poz handi baten arrastoak sentitzen zituen barruan baina ez zen poz hura atzeman eta berritzeko gauza, eta ezinegona eta kezka nagusitzen zitzaizkion pozaren ordez.
Pixkanaka-pixkanaka, ahul eta ilunak baziren ere, irudi berriak hasi zitzaizkion agertzen oroimenean. Periskopio, Mirari eta berarekin batera ikusten zuen Itsaso, Mandiopeko besaulkietan, edaten, erretzen, barre egiten denak... Beste jende askorekin hizketan ere ikusten zuen bere burua. Asko hitz egiten zuten denek, guztiak batera. Txiklea ahoan zutela eta etengabe hizketan sentitu zituen buruan ezezagun haiek guztiak. Lehendik zuen kaskarreko mina ez zen makala baina oroitzapen nahasi hark handitu egin zion, goragalea eragitearekin batera
Eutsi egin zion hala ere barrutik zetorkion oldarrari. Kostata, kontu handiz, bizkarra oheburuaren kontra jarrita esertzea lortu zuen. Arnasa sakon hartzeko ahalegina egin ondoren, eztulka hasi zen. Eztul gaizto eta gaixoa, birika zartatuen oihartzuna zekarrena.
Eztulka ari zela, bezperako oroitzapen batek asaldatu zion barrena. Bere burua Mandiopeko pistaren erdian dantzan ikusi zuen, dantza gero eta eroagoan, zalaparta bizian, besoak eta hankak pistan zeudenen aurka astintzeko beldurrik gabe, azkenean inguruko guztiak, dantzatzeari utzita, berari begira jartzea lortu arte, gogo onez batzuk, haserre samar besteak. Bultzaka pista libre utzi ondoren, bere gorputz argal eta traketsa modu harrigarrian mugitzen jarraitu zuen. Periskopio, Mirari eta, batez ere, Itsasok animoak ematen zizkioten. Oso pozik zeuden lagunak bere erokeriei begira, barrez ito beharrean. Inguruan bildutako ikusleei eskuetatik garagardo botilak kendu eta haiek bere burutik behera husteari ekin zion Xepek orduan, keinu gero eta basatiagoak eginez... Ez zuen besterik gogoratzen, baina argi zegoen behintzat bere ileen lakartasunaren eta bere arropen kiratsaren jatorria.
Lasaitu barik, lehen baino are jausiago sentiarazi zuten oroitzapen haiek. Amesgaizto ilun eta ezin narrats eta lohiago batean zegoela iruditu zitzaion, eta nahi izanda ere ez zuela esnatzerik. Ez zen ausartu ohean lagunik ote zuen egiaztatzen. Itsaso etorri zitzaion burura. Atzeko horman haztaka, etengailu baten bila saiatu arren, ez zuen ezer aurkitu. Mugimendu hura egiten ari zen bitartean bezpera gaueko beste irudi bat etorri zitzaion bat-batean burura, aurrekoa baino gozoagoa izan arren lehen baino are ilun, narrats eta lohiago sentiarazi zuena: Itsaso eta biak Mandiopeko besaulki batean elkarri musuka. Benetan gertatua ala amets hutsa ote zen oroitzapen hura? Xepek ez zekien, eta zalantzak urduritu eta min egiten zion barrenean. Larritu egin zuen Itsaso berriro ikustean nola jokatu ez zuela asmatuko pentsatzeak. Bien bitartean, nola edo hala amesgaizto hartatik lehenbailehen esnatu beharrean zegoen. Berriro hasi zen hormari haztaka baina han ez zegoen etengailurik. Oina pixka bat mugitu ondoren, eskuineko aldean ohea bukatu egiten zela ohartu zen, han oina airean geratzen baitzitzaion. Alde hartatik zutitu eta hormari haztaka jarraitu zuen gelan zehar, harik eta ate batekin topo egin zuen arte. Haren ondoan zegoen, azkenik, argiaren etengailua.
Argia piztuta, bakarrik zegoela konturatu zen Xepe, ez zegoela beste inor pertsianak itxita zituen gela txiki baina txukun hartan. Lasaitu egin zuen bakarrik zegoela jakiteak, nahiz eta dezepzio txiki bat ere sentitu zuen barruan. Burua minez lehertzear zuen, batetik etengailuaren bila egindako mugimenduek barruko iltzea mugitu egin ziotelako eta, bestetik, argiak ezustean harrapatu zituelako azken orduetan ilunean laketuriko begiak. Gelako hormetan David Hamiltonen argazki handi batzuk ikusi zituen itsatsita: neska gazte lirain biluziak laino arteko paisaia edulkoratuetan.
Gelako atea zabaldu eta korridorera irten zen. Atea zabalik zuenez, sukaldea ere ikusi zuen korridore hartatik, sukalde berri eta modernoa. Ez zegon inor han. Lehenbailehen kanpora irtetea zen onena. Korridorean zehar kanpoko aterantz zihoala, gelan utzitako kiratsaz oroitu eta hara itzultzea erabaki zuen. Gela egurasteko asmotan leihoa zabaldu eta ezagutzen ez zuen herri bateko kaleak etorri zitzaizkion begietara, arratsaldeko eguzkiaren argitasun itsugarri eta bai Xeperentzat une hartan behintzat desatseginarekin batera.
Etxe ezezagun hartatik kanpora irten zenean, aurrezki kutxa bateko erloju digitalean irakurri zuen ordua: arratsaldeko sei eta erdiak. Nahi izan balu ere, ezin izango zukeen igandeari dagokion arropa txukun eta dotorez jantzita paseo lasai eta geldoan zebilen jende artean nabarmen uzten zuen arlote narrats itxura hura disimulatu. Bikote zoriontsuei begira Itsasoz oroitu zen berriro. Zalantza, urduritasuna, ezinegona, desosegua, beldurra, mina... Zirrara desatseginak baino ez zizkion sentiarazten bezpera gauean Itsaso eta biak beharbada elkarri musuka aritu zirela pentsatzeak.
Inori ezer galdetzeko kemenik gabe, kale ezezagun haietan zehar ibili zen denbora puska batean, taberna eta dendetako letreroak irakurriz, ea bakarren bat ezaguna egiten ote zitzaion. Ez zuen bat bera ere ezagutzen ordea. Bide seinale batzuekin topo egitean ohartu zen non zegoen. Letreroak Elgoibar sei kilometrora zegoela zioenez, herri hark Eibar izan behar zuela kalkulatu zuen. Tira, bazekien behintzat zer ordu zen eta non zegoen. Etxera itzultzeko moduan zegoen azkenean ere.
Poltsikoan zituen azken txanpon hondarrekin Atraskura deitu eta, bere egoera azaldu ondoren, Periskopiorengatik galdetu zidan, baina hura ere bezperako parrandak utzitako ajea pasatzen egongo zen arratsalde hartan, ohetik irten gabe seguru asko. Presto izan zen autoarekin Eibarreraino joan eta Xepe jaregin zuena.
Etxera heldu zenean ez zuen, zorionez, inor aurkitu han Xepek. Dutxa bat hartu eta bere gelara jo zuen, gustuko musika entzun ondoren lo lasai egitera. Biharamuneko bazkarian ez zuen uste zuen adinako errieta eta istilurik izan. Izan ere, aitak karta bat zuen ezkutuan ondo gordea.
Martin, egon hadi pixka batean, berri ona eman behar diat eta esan zion aitak semeari, Xepe, gainekoa jan ondoren, ohi bezala, bere gelara joateko altxatzen hasi zenean. Ez zion susmo onik hartu Xepek aitak hura esatean erakutsi zuen pozari.
Akordatzen al haiz Fidel Azpeitiko lehengusuarekin?
Bai.
Akordatzen al haiz non hengoen hi hura ezkondu zen egunean?
Gaztetxean bizi nintzen garaian izan zen, ezta?
Bai, jauna! ordura arteko doinu gozo faltsua hautsiz, ahotsa altxatu zuen osaba Pedrok. Nahiz eta hark borondaterik onenez gonbidatu, hik ez huen bere bodara joan nahi izan. Akordatzen al haiz? Baina hark hala ere hiretzat lana topatu dik. Zer iruditzen zaik?
Lana niretzat? Zer lan? galdetu zuen, izututa, Xepek.
Egurrak lijatzen, bere aitaginarrebak Landetan duen tailerrean.
Egurrak lijatzen? Nik ez dakit ordea horretan. Nik ez...
Et, et, et... Ez hadi orain aitzakiak jartzen hasi eten zuen errotik Xeperen kezka eta zalantzen adierazpena osaba Pedrok. Ez badakik ikasiko duk, eta gogorik ez badaukak ez diat etxe honetan sartzen lagako. Lehen ere probatua haiz etxetik kanpora bizitzen eta berriro probatu nahi baduk heuk ikusi. Hor konpon! Niri bost! Baina etxe honetan biziko bahaiz badakik zer egin behar duan. Nahiko argi esan diat, ezta?
Mutu geratu zen Xepe.
Datorren ostegunean hasiko haiz, goizeko zortzietan.
Lehendik aski buruhauste eta nahigabe bazuen Xepek, eta lanaren albistea ez zitzaion batere lagungarri gertatu. Lur jota, astelehen hartan ez zen etxetik irten. Baina astearte gauean bere oroitzapenetan zeuden hutsarteak bete nahiak bultzatu zuen Xepe Atraskura. Ezin zen zalantza haiekin bizi. Larunbat gauetik igande goizera bitartean egindakoak berreraiki beharra zuen derrigorrez. Berak pentsatu bezala, ongi beteak nituen nik hutsarte haiek, ondo argituak Xeperen zalantzak, ez baitago guri, tabernarioi, ihes egingo digun funtsezko albisterik. Nahi izan gabe ere, dena jakiten baitugu guk azkenean.
Ia-ia hutsik zegoen taberna eta ixtekotan nintzen Xepe mostradorerantz hurreratzen ikusi nuenean.
Hona hemen gure dantzari zoroa agurtu nuen irribarrez. Sekulako exitoa izan omen huen zapatu gauean Mandiopen.
Exitoa? Zer ba? galdetu zidan urduri.
Pistako erregea izan omen hintzen.
Ez duk harritzekoa. Harrapatu nuen zikloiarekin...!
Eta neska kontuetan ere txapeldun, ezta? azkar jo nuen harira. Zorionak, motel! Zer moduz Itsasorekin?
Itsasorekin? urduri. Zer dakik horretaz, Nikolas? Zer dakik?
Ba, bueno, zuek biok gau hartan... Periskopio eta Mirari zuek han lagata bueltatu zirela behintzat...
Gu han lagata?
Goxo-goxo gainera...
Hortaz, egia duk!
Behera begira geratu zen, pentsakor, Xepe. Garagardo bat atera nion tarte horretan.
Eta orain zer egin behar diat nik Itsaso ikusiz gero? azaldu zidan bere kezka.
Bueno, bueno, Primo... Itsasorekin enroilatu nahi huela besterik ez huen esaten orain artean, eta orain, berarekin egon eta gero, lehen baino okerrago ikusten haut. Ez duk erraza hirea entenditzea.
Ez nauk akordatu ere egiten. Zeharo mozkortuta nengoan. Speed hostia horrek sekulako egarria ematen zidak. Konturatzen al haiz? Hik esan artean ez nekian seguru benetan Itsasorekin egon ote nintzen ere. Eta oraindik ere ez zakiat nola egon nintzen. Bazakiat morreatzen jardun genuela Mandiopeko sofa batean, bai, justu-justu bada ere, hori bazakiat behintzat. Baina hortik aurrerako ezerekin ez nauk akordatzen. Lo egin nuen etxea zein hostiarena ote den ere ez zakiat. Eta orain Itsasok... Zer arraio egin behar diat nik Itsasorekin?
Ez ezak dramarik sortu, motel! Morreatzen jardun bazenuten ondo zagok. Orain lagunak zarete berriz, lehen bezala, eta beste zeozer izatera ailegatu nahi baduk lehen baino errazago daukak bidea.
Lehen baino errazago?
Orain behintzat badakik hirekin gustura egoten dela.
Nik ez zakiat ezer, Niko. Nik gero eta gutxiago entenditzen diat dena.
Berez erraza behar lukeena konplikatu besterik ez duk egiten.
Egon hadi isilik gero eta suminduago. Gure ama ematen duk.
Xepek agindu bezala, isilik egon nintzen une batez. Baina banuen bestelako albisterik ere Xeperentzat.
Hi... Beste kontu bat... Asanblea egin genian hemen atzo iluntzean. Ba al dakik Aiuntamentuak gaztetxearen gaineko bilera zabala antolatu behar duela, gaztetxearekin zer egin erabakitzeko?
Bilera bat gaztetxearen gainean? Nolatan?
Estatutuak onartu eta presidentea, bokalak eta tesoreroa aukeratzeko botazioa egiteko asmoa ditek. Seguru asko EGIko jendeari esan ziotek beraien arteko bat aukeratu eta asanblean denek haren aldeko botoa emateko. Susmo hori zaukaagu behintzat.
A zer lerdokeriak! Eta zer erabaki zenuten atzoko asanblean? Bilerara joatea?
Ba bai. Bilerara joan eta, ahal bada, gutariko bat presidente izendatzea lortu, nahiz eta gero presidente horrek ez duen ezer egingo eta erabaki denak asanblean hartuko diren.
Hori erridikulua duk baina! Niregatik balitz, atea txikitu eta barrura berriz ere. Edo bestela egunero batzokira joan, hango jendea nazkatzera. Hainbeste bilera eta hainbeste txorrada!
Baina ez al haiz konturatzen hori dela geratzen zaigun bide bakarra?
Ba kaka zahar ustela duk bide hori! Niri berdin zaidak dena, Niko... Egun batean bronka baldin badago, azalduko nauk, baina bilera, botazio eta txorakerietarako batere gogorik ez zaukaat.
Hori esatea erraza duk, baina zeozer egin beharra zagok, eta benetan zeozer egin nahi izanez gero asanblean parte hartu behar duk.
Asanblea, asanblea... Hainbeste asanblea eta hainbeste putetxeko madre! Ez zakiat nik zer hostiatarako! Herri hau kaka bat duk, Niko! Eta geu ere bai... Ez zakiat zer garela uste eta kaka bat gaituk, puta mierda bat.
Aldameneko horman gure parean itsatsita zegoen kartel txiki bati begira geratu zen. Azkoitiko Gaztetxeko Zine-Klub Taldearen kartela zen. Ingmar Bergmanen El séptimo sello filmearen emanaldia iragartzen zuen, hurrengo ostiralerako, maiatzak 18, iluntzeko zortzi eta erdietan, Floreagako ikastetxeko zinema aretoan.
Joan behar al duk? galdetu nion, afixari tinko begira geratu zela ikusirik.
Zer hostia da hori? egin zuen oihu, nire galderari erantzun gabe.
Zine-klubeko komisio bat sortu ditek. Pipi eta Urra zabiltzak horretan, eta neuk ere laguntzen zieat. Diputazioak subentzioak ematen ditik pelikulak botatzeko eta...
Komisioa? Pelikulak botatzeko? Diputazioaren subentzioarekin? egin zuen oihu, haserre. Ikusten al duk? Konturatzen al haiz? Horretarako al gaude gu? Pelikulak botatzeko? Nik ez diat ezer entenditzen.
Benetan petralduta ikusten haut, Primo. Har itzak lasai gauzak, motel. Ez al zaik ondo iruditzen pelikulak botatzea? Etxean telebista ikusten geratu beharrean beste era bateko pelikulak ikusteko aukera izango diagu...
Ez zidan erantzun. Garagardo botila eskuan hartu eta, niri kasurik egin gabe jiratuta, aterantz zuzendu zen. Gure tabernatik irten eta pare-parean dago Azkoitiko eliza nagusia, eta haren hormetako baten kontra jaurti eta hautsi zuen botila etxerako bideari ekin aurretik.