Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—IX—

 

Ezertarako gogorik, ilusiorik, umorerik eta kemenik gabe, hurrengo egunetan ez zen etxetik irten ere egin Xepe. Bere gelan eman zituen ordurik gehienak, musika entzun eta komikiak irakurtzen. Egongelan telebistari begira gainerakoak. Asteazkenean zuen Aurrezki Kutxa Munizipalaren spot publizitarioa egin behar zutenek jarritako hitzordua, baina orduan ere ez zen etxetik irten.

        Goizeko zazpietan deitu zion amak, ohetik altxatu, jantzi, prestatu, gosaldu eta Donostiarako autobusa har zezan. Amari ezer esan gabe ohean bira egin eta bertan geratu zen ordea Xepe.

        — Tira, Martin, almortzua preparatuta daukazu —ohartarazi zion amak berriro pixka bat geroxeago, semeak ohean jarraitzen zuela ikusirik—. Ez zaitez hain nagia izan, lo egiteko nahikoa denbora izan duzu eta. Autobusa galduko duzu segituan jaikitzen ez bazara.

        — Ez naiz joango, ama —erantzun zion Xepek, begiak zabaldu ere egin gabe—. Hementxe geratuko naiz.

        — Zer esaten ari zara ordea? Zu ez zaude burutik sano! Joango zinela esan zenien eta zure zain egongo dira. Ezin zara ohean geratu. Joan egin behar duzu.

        — Konponduko dira, ama. Ez naiz joango. Ez dut jende nazkagarri horrekin txoripitoarena egiteko batere gogorik.

        — Baina, baina, Jainko maitea! —asaldatu zen izeba Claudia—. Oraindik horrelakorik! Esaten dut ba nik, bai, infernuko etsaia daukazula barru-barruan sartuta. Hara, jo eta txiki-txiki egingo zintuzket oraintxe bertan!

        Xeperen oheko maindire-burusiak alxatzen hasi zen baina Xepek gogor eutsi zien estalkiei.

        — Tira, jaiki behingoz ohe horretatik, aditu? Zuk zer uste duzu? Beti nahi duzuna egitea daukazula? Nik erakutsiko dizut zuri...

        Amore eman behar izan zuen amak semearen egoskortasunaren aurrean. Atzera jo zuen, haserre bizian. Besoak antxumaturik zituela eta goitik behera zorrotz begira bota zion azken mehatxua.

        — Ikusiko duzu, bai, aitari esaten diodanean. Hark konponduko zaitu, premia ederra badaukazu eta. Guri disgustuak ematen besterik ez dakizu. Hau zigorra Jainkoak zurekin eman diguna!

        Aita bazkalorduan etxeratu zenean ohean zegoen artean ere Xepe, gainera zetorkion trumoi latzaren jakinaren gainean. Ama eta aitaren arteko solasaldia entzun zuen ohetik. Xepek Donostiara ez joatea erabaki zuela esan zion amak aitari.

        — Eta non dago orain alfer zikin hori?

        — Ohean oraindik. Ez dakit zer egin, Pedro!

        Abisurik gabe, garrasi batean sartu zen aita bat-batean Xeperen gelan.

        — Hau duk hau koadroa! Oraindik ere ohean! Mekaguen La India! Behin izango duk zeozer egiteko aukera eta eguerdira arte ohean, alajainkoa! Alfer zikina! Nik erakutsiko diat hiri lotsa zer den!

        Amak goizean baino indar handiagoz egin zuen tira aitak maindire-burusietatik eta Xeperen gorputz argala galtzontziloak eta barruko elastikoa beste janzkirik gabe geratu zen agerian estalkirik gabeko ohean. Ezer esan gabe, aztoratuta, zer egin eta nola jokatu ez zekiela, ohetik jaiki zen.

        — Ez ezazu jo, Pedro, mesedez —entzun zuen amaren ahotsa gelako ate ondoan—. Jo ez ezazu egin behintzat.

        Jo ez zuen egin, baina Xepe besoetatik heldu eta korridorera atera zuen aitak, zakar eta gogor. Sarrerako atea zabaldu eta etxetik kanpora, eskaileretara egotzi zuen gero bultzaka, ohetik irten bezala, galtzontzilotan. Semea ate ondoan utzirik etxe barrura sartu eta atea itxi zuen osaba Pedrok.

        — Orain geratu hadi hortxe —egin zion oihu aitak Xeperi ateaz bestaldetik—. Geratu hadi hortxe lotsa zer den ikasi arte, txotxolo mengel odolik gabekoa!

        Amaren ahotsa ere entzun zuen, askoz baxuago heldu bazitzaion ere.

        — Tira, tira, Jainkoaren izenean, Pedro, ireki iezaiozu atea. Zer esan behar dute aldamenekoek gure semea eskaileretan galtzontzilotan ikusten badute?

        — Galtzontzilotan ez, larrrugorritan atera eta atzera sartzen ez laga sekula, hori da kalamidade horrekin egin beharko nukeena, besterik ez du merezi-eta esker txarreko mamorro alu horrek.

        Ate ondoan guztiz abandonatua geratu zen Xepe, hotzez, besoekin soina ahal bezala babesten saiatuz.

        Bost minutu baino ez zituen egin egoera xelebre, erridikulu eta deseroso hartan, baina salbazioa ez zitzaion gustuko bidetik etorri: igogailua parean gelditzen zela aditu eta Anjel Mari ikusi zuen handik irteten.

        — Baina zer da hau? —galdetu zion, harri eta zur hasieran eta irribarrez gero, anaiak—. Zertan ari haiz hemen?

        — Zaharrak kanpora bota naik.

        — Horrela? —gero eta nabarmenago irria ezpainetan—. Galtzontzilotan?

        — Zabaldu ezak behingoz. Hotzak nagok!

        — Esan beharko didak ba zergatik bota hauen. Egingo huen zeozer orain ere.

        — Badakik, ez gaituk ondo konpontzen. Zabaldu ezak atea behingoz!

        — Ba hemen biziko bahaiz —ume bati ari balitzaio bezala leundu zuen doinua, burlaizean— aitarekin hobeto konpontzen ikasi beharko duk. Ez al zaik iruditzen, Martintxo?

        Xepek ez zion erantzun. Sarrailari tinko begira geratu zen, zain, geldi eta mutu. Azkenean ere halako batean Anjel Mariren giltzak atea nola zabaltzen zuen ikusi zuen. Anaiari aurre hartu eta, inori kasurik egin gabe, korridorea ziztu bizian zeharkatu eta zuzen-zuzenean sartu zen gelan, bere «refujio atomikoan». Ohean sartu zen berehala, besoekin burua estaliz, mundutik aparte eta isolaturik geratu nahian bezala.

        Ama etorri zitzaion gelara pixka bat geroxeago, ea ez al zuen ezer jan behar galdezka, baina Xepek ezetz erantzun zion, ez zuela goserik eta bakean uzteko.

 

 

— Hutsik sentitzen ninduan —azaldu zidan behin Xepek, etxetik irten gabe pasatutako egun hits haiek gogoan—. Hutsik baina ez benetan gaizki ere. Ez zitzaidaan ezer ere inporta. Munduan ez banengo bezala zuan, ezerekin zerikusirik ez banu bezala. Ezta sekula izateko batere asmorik ere.

        Letargo etxetiar ganoragabe hark luze iraun zezakeen beharbada, ostiral eguerdian jasotako ezusteko gutun batek bat-batean eten ez balu. Azkoitiko Udalak egindako salaketa baten ondorioz, beste hamabi gazterekin batera —Antijos, Xingular, Urrategi, Esther, Leon, Txus, Kantxa eta Presto horien artean—, ekainean epaitu egingo zutela iragartzen zion Bake Epaitegitik heldutako gutun hark Xeperi, eta, horrenbestez, hurrengo astean bertan Bake Epaitegira joan beharra zuela lehen deklarazioa egitera. Azkoitiko Udalaren salaketak aipatzen zituen karguen artean udal batzarra «bahitzea» eta inoren etxean —gaztetxe okupatuan— legez kanpo sartzea zeuden.

        Arazo haren aurrean nola jokatu jakiteko, iluntzean etxetik irtetea erabaki zuen Xepek. Gaztetxeko areto nagusian sartu zenean asanbladan bilduta geunden eta Xingular ari zen hizketan. Jende asko ginen egun hartan bilduak, ohiko asanbladetan baino gehiago, inkulpatutako guztiak eta gaztetxearen inguruan ibiltzen ginen ia-ia guztiok. Txakurrak ere —lau hankakoak diot— bileraren garrantziaz oharturik ziren nonbait, Beltza eta Trasez gain beste bi baitzeuden egun hartan aretoan.

        — Itxi ateak! —komentatu zuen txantxetan Periskopiok, Xingularren jarduna etenez, Xepe sartzen ikusi zuenean—. Juizioa hasteko moduan gaudek. Oraintxe ez duk inor falta, inkulpatutako guztiak zauzkaagu hemen.

        — Eta hi zein haiz ba? —jarraitu zion txantxari Xepek, urduri, jende guztia, Itsaso ere tartean, berari begira sentituz—. Jueza ala?

        — Ez, motel, ni abokatu defenditzailea.

        — Urkamendira goazak zuzen-zuzenean hortaz —sartu zen orduan tartean Xingular.

        Txantxa giro haren ondoriozko algara eta komentario arinen ondoren, Xingularrek lehengo hariari heltzeko ahalegina egin zuen.

        — Ederra egin diagu... Zuen txorakeriekin ahaztu egin zaidak zer esaten ari nintzen.

        — Porro gehiegi erretzen duk, Xingu —bota zion Leonek bere betiko doinu afektatuarekin—. Neuronarik gabe geratzen ari haiz.

        — Zer esaten ari haiz, Leon? —harrituarena egin zuen Urrategik txantxa giroari eutsiz—. Hik ba al dakik ba neuronak zer diren?

        — Txikitako oroitzapenak izango ditun —errematatu zuen txistea Periskopiok. Ondoan eserita zuen Txusek pasatu berri zion porroa ezpainetaratu eta mesprezuzko keinua egin zuen Leonek, esanez bezala eztabaida hark berarentzat batere interesik ez zuela.

        — Orain akordatu nauk —serioago hitz egiteko ahalegina egin zuen Xingularrek—. Zera esan behar nian, juizioaren kontua baino gogorragoa iruditzen zaidala gaztetxe berriaren proiektuarena. Guri ezer esan gabe, hiru kiloko presupuestoarekin gaztetxe berria egiten ari omen duk Aiuntamentua, herriko plaza nagusian bertan, Jubilatuen Elkartearen azpiko lokalean. Eta hori dena guri ezer esan gabe pentsatu dutenez, konponbiderik ez duen akats grabea izango dik lokal horrek hasieratik: kontzertuetarako txikiegia izango dela. Oso argiak eta oso azkarrak dituk benetan gure agintariak!

        — Betiko kontua duk —komentatu zuen Urrategik—. Behetik sortutako mugimenduak kontrolatzea besterik ez ditek nahi. Mugimendurik ez dagoen artean dena ondo zagok, bake-bakean. Inor mugitzen hasten bada orduan haren ideiak berentzat hartu nahi izaten ditiztek, baina kontrolpean jarrita beti ere. Progre itxurak egin eta gero atzetik ostikoa eman, horixe duk horien azpijoko nazkagarria. Guk gaztetxea okupatu dugunez, eta gaztetxeen aurka daudela esaterik ez dutenez (nola ba, Gazteriaren Nazioarteko Urtean gainera?), ba orain gaztetxe berria sortu nahi ditek, gurea pikutara bidaltzeko aitzakia izan eta dena kontrolpean izateko. Hori ikusita zagok.

        — Ba, dena den, niri berez gaztetxe berriarena ez zaidan gaizki iruditzen —esan zuen Pipik—. Edifizio hau zaharra dun eta ez dun betiko izango. Gaztetxe berria beharrezkoa dela ere iruditzen zaidan. Eta egiten eta prestatzen ari badira...

        — Hi lasai, Pipi, guri ez zigutek emango eta —moztu zizkion hegoak Antijosek—. Hori seguru. Gaztetxe hori beraien erara zabaldu nahiko ditek, hor zagok koska: estatutuak, presidentea, sekretarioa, batzordea, reglamentua... Garbi zagok ez dutela modu asanblearioan antolatutako gaztetxe autogestionarioa onartuko. Hori duk benetan beldurtzen dituena.

        Periskopiok ez zuen umoreari heltzeko aukera hura alferrik galdu.

        — Neu jarriko nauk presidente eta dena konponduta.

        — Okerrena duk hori ere aldez aurretik prestatzen ariko direla kabroi horiek —argudiatu zuen Urrategik, seriotasunez erantzunez Periskopiok txantxa gisa egindako proposamen sinpleegiari—. Seguru ezertan hasi baino lehen hori dena EGIko jendearekin lotu nahian dabiltzala. Betiko kontua: botazioa, manipulazioa eta gu txakurraren salara!

        — Argi ibili beharko dinagu hortaz —esan zuen bere ondorioak ateraz Mirarik—. Nik garbi ikusten dinat zein den gure borroka. Gaztetxe berria geurea izan artean ez zienagu hau botatzen laga behar.

        — Horrek kaña sartzea eskatuko din —esan zuen serio Xingularrek—. Azken bolada honetan nahiko apalankatuta egon gaitun baina hemendik aurrera buila atera beharra izango dugula uste dinat. Eta hasteko, juizioen aurkako mobilizazioek izan behar diten lehen pausoa.

 

 

Mobilizazio horien guztien aurretik beste endredu batzuk izan zituen hala ere Xepek ostiral hartan bertan. Asanblada amaitu zenean, Periskopio, Mirari, Txus eta Kantxarekin elkartu zen.

        — Zer moduz etxean? —galdetu zion Mirarik.

        — Ba ez ondo, ez gaizki eta ez ezer.

        — Eta lanarena?

        — Gezur hutsa.

        — Gezurra?

        — Huskeria nazkagarri bat zunan eta ez zinan merezi.

        — Ba al hator gurekin Arrasatera, Xepe? —eten zuen solasaldia Txusek—. Eskorbuto eta RIPek jotzen ditek.

        — Eskorbuto eta RIP?

        — Kostoa nahi adina —animatu zuen Periskopiok—. Niri tokatu zaidak sorteoan.

        — Bola bat?

        — Pelota borobila —txamarraren poltsikotik plastikoan bildutako haxix bolatxoa atera eta erakutsi zion—. Badakik: «Hamar gramo palili».

        — Eta hauts pixka bat ere bazaukaagu —gaineratu zion Txusek Periskopioren proposamen tentagarriari.

        Barre egin zuen Xepek, urduri. Letargoa amaitutzat jo eta arazoak tarte batez badarik ere ahazteko abagune egokia zen. Ilusioa berreskuratu zuen aspaldiko partez: betiko lagunak, Eskorbuto, RIP, haxixa nahi adina, speed pixka bat ere bai, eta gau osoa aurretik...

        Periskopioren aitak erosi berri zuen autoa zuten egun hartan Arrasaterainoko bidea egiteko.

        — Karro guapoa erosi dik zuen zaharrak, e, Kopio? —esan zuen autoa ikustean harrituta Xepek.

        — Bai, baina kamioneta zaharrarekin jarraitzen diat oraindik lanean. Eta nik dakidan batekin Galiziako Tourra egin zuenetik jubilazio eske ari zaidak egunero katxarro zaharra.

        Autoan sartu ziren bostak. Txus Periskopioren ondoan, eta Kantxa, Mirari eta Xepe atzeko eserlekuan. Zabala zen autoa barrutik eta eroso sentitzen ziren eserleku abegikor haietan. Eskorbutoren zinta jarri zuen martxan Periskopiok kasetean.

        — De la hostia aditzen duk musika hemen —esan zuen Txusek, eta, auto berriarekin liluratuta, haren barruko bazter guztiak jakinminez miatzen hasi zen.

        — Alferrik duk jardutea —jarraitu zuen Periskopiok bere arrangurekin, Txusen lilurari kasurik egin gabe—. Zaharrak karro honetan gastatu dik dena eta orain kamioneta berria erosteko xemeikorik ere ez.

        — Kamioneta zaharra jubilatzen duzuenean Xepek pena hartuko dik —esan zion Mirarik Periskopiori.

        — Jakina! Elkarrekin halako erromantzea izan eta gero!

        — Oroitzapen gozoa zaukaat, bai —aitortu zuen Xepek irribarrez.

        — Ez huke hainbeste maiteko kamioneta harekin nik adina ibili behar bahu —erantzun zion Periskopiok.

        — Ba ni buga honekin ari nauk enamoratzen, Kopio —esan zuen Txusek—. Egun batean lapurtu egin beharko diat.

        — Bueno, hi, esplikazio lehorrak laga eta atera ezak hautsa —eten zion liluraldia Periskopiok Txusi—, amorratzen nagok eta. —Txus txamarraren patrikatik ateratzen ari zen papelinei begiratu zien. Xeperengana jiratu zen gero—. Ba al dakik zer den hauts hori, Xepe?

        — Ez al da ba speed-a?

        — Ez, motel, gaur zeozer berria probatu behar diagu —esan zuen Txusek—: heroina, Xepe. Jakoa! Zaldia!

        — Hostia! Eta zainetatik sartu behar al duzue?

        Txamarraren beste patrika batetik xiringa atera eta goian eutsi zion eskuarekin Txusek, Xepek ikus zezan.

        — Horrekin sartu behar al duk? Ba al dakik zertan ari haizen? Zaldia kontuz ibiltzeko materiala duk gero!

        — Lasai, motel, dena kontrolatuta zagok. Bazakiat honekin zer egin behar den. Leonek ezagutzen dik honekin asko ibilitako jendea eta bazakiat zertan ari naizen.

        — Leonek? Eta Leonekin fiatzen al haiz?

        — Kontu hauetarako bai.

        — Ez zakiat ba. Nik, egia esanda, nahiago diat beste baterako laga.

        — Guk ez diagu zainetatik sartuko, Xepe —lasaitu zuen Mirarik—. Sudurretik sartuta ez ziguk kalte handirik egingo.

        — Baina behin zaldia eduki esku artean eta sudurretik sartzea ere...

        — Bueno, gaur aproba egingo diagu eta hurrengo batean ikusiko diagu —esan zion Periskopiok.

        — Eta hik, Kantxa, zer egin behar duk? Sudurretik hik ere?

        Ezer esan gabe, besoa agerian utzi eta pikoa sartzeko keinua egin zuen Kantxak irribarrez.

        Periskopio hiru arraia prestatzen hasi zen karnetaren gainean. Txusek ere, ume baten pozez eta ilusioz, bere lanari ekin zion. Xiringa ezezik, gainerako guztia ere prest zuen txamarraren poltsiko ugarietan: botilatxo bat ur, koilaratxoa, limoia, besondoa estutzeko goma... Hautsa goilaratxo barruan ur eta limoiarekin nahastu eta pizkailuarekin berotzen hasi zen. Nork bere dosia nork bere moduan harturik, Arrasaterako bideari ekin zioten azkenik, Eskorbutoren zinta bolumen altuan zutela bide osoan: «Mucha policía, poca diversión! ¡Un error! ¡Un error!...»; «¿Quién tiene el dinero, quién? ¿Quién tiene el poder? ¿Quién tiene el futuro? ¿Quién lleva la ley?...»

        Hiruzpalau geldialdi labur egin behar izan zituzten bidean goragalea izan zutelako. Oso arin eta aise egiten zuten, dena den, botaka, garbi-garbi. Autotik irten, bota beharrekoa bota eta berehala sartzen ziren autora, ezer gertatu ez balitz bezala. Ez ziren harritu. Bazekiten horixe zela heroinak aurreneko aldietan izaten zuen eraginetako bat.

        Sekulako giroa zegoen Arrasaten kontzertuaren aurretik. Bereganaturik zuen herria punki oldeak. Era guztietako punkiak ikusi zituzten han-hemenka, txukun eta dotoreak batzuk, narrats eta zakarrak besteak, kaleko edozein koskaren gainean taldeka eserita, edozein bazterretan pixa egiten. Garagardoa uholdeka, haxix usaina non-nahi, eta, noski, ezkutuagoan, speed-a, perika, zaldia eta tripi bat edo beste.

        Euforia gozo bat jabetu zen Xeperen arimaz, porroen, garagardoen eta giroaren baina, ororen gainetik, heroinaren ondorioz. Speed-ak sortu ohi zion ezinegon errearen aldean askoz ere atseginagoa zen betetasun sentsazio aratz hura.

        Kontzertua bikaina izan zen. Barruan zuten dena utzi zuten musikariek eszenategi gainean, bi kantariek bereziki, Josuk eta Mahomak. Aretoa —Arrasateko kiroldegia— zabala izan arren, estutasuna, kabitu ezina eta kaosa ikaratzekoak ziren, Cirrosis, Optalidón, Basura eta Odiok Azkoitiko gaztetxean jo zutenean baino handiagoa. Xepe eta bere lagunek ahal bezain aurrean kokatu eta gozatu ederra hartu zuten itsaso zakar hartan kulunkan.

        Kulunka horietako batean Ute ikusi zuen bat-batean Xepek, bera baino pixka bat aurreraxeago, inguruko guztiei bultza eta bultza etengabe, Azkoitiko gaztetxeko kontzertuan bezalaxe.

        Kontzertua amaitu zenean Uterengana hurreratu eta besarkada estu batean bildu zuen. Lagunak ahazturik, Ute eta Donostiako bere baskarekin galdu zen Xepe Arrasateko tabernetan. Konturatu gabe joan zitzaion denbora, amets batean bizi balitz bezala, Uteren etengabeko txantxa eta ateraldiekin entreteniturik. Goizaldean, baska osoa Amnistiaren Aldeko Batzordearen txosnan zegoela, Xepe besarkatzen eta musukatzen hasi zen Ute, goxo-goxo, inoiz geldirik egoten ez zekien neska bizi hura ere nekatuta baitzegoen gaupasa luzearen ondoren. Donostiako adiskideek etxera joateko asmoa zuten, ordea, eta Utek adio esan behar izan zion Azkoitiko bere maitale samurrari.

        Bakarrik geratu zenean lagunekin elkartu eta etxera itzultzea erabaki zuen Xepek. Ez zituen, ordea, lagunak inon aurkitu eta ezin zuen gogoratu Periskopiok autoa non aparkatu zuen bezperan. Lagunak Azkoitira itzulita egongo zirelakoan etsita, taberna atari bateko koskan eseri zen Xepe, festa punkiaren azken hondarrei begira: gaupasaren ondoren neka-neka egindako baska punkiak, kale erdian elkar musukatzeko lotsarik ez zuten bikoteak, kale garbitzaileak hautsitako botila eta edalontzien beira zatiz eta pixa errekaz zipriztindutako zoru zikin eta likinari lehengo itxura itzultzeko ahaleginetan, gaua ohean igaro ondoren goiz esnatutako lehen herritar zintzoak lanerako bidean edota paseoan...

        Koska hartan eserita tarte luze samarra eman ondoren, ezertarako presarik gabe, Zumarragarako autobusak noiz ziren galdetu eta haietako bat hartu zuen. Bere atzean eseritako bi emakumeren arteko solasa entzutea egokitu zitzaion bidaian zehar.

        — Aditu al duzu zer esan duten, Valentina? Felix karnizeroaren eskaparatea apurtu omen dute goizaldean gazte batzuek, badakizu, punk edo dena delako mamorro beltz horietakoek.

        — Jesus, Maria eta Jose! Ez da giro oraintxe! Jakina, gauean musika izan dute-eta... Nahi dutena egiten uzten diete eta gero zera... Kalea ere txukuna utzi dute ba, dena hautsitako botilaz eta basoz beteta.

        — Nik ez dakit nondik atera duten gaurko gazte hauek dena apurtu behar hori. Badirudi ezer apurtu barik ezin dutela ondo pasatu.

        — Hala da, bai. Dena apurtu egin behar, dena txikitu... Ezin dut entenditu zer irabazten duten horrekin. Ezin izango dut sekula entenditu.

        Ondo sentitu zen Xepe berriketaldi hura entzuten, buruan La Polla Recordsen Venganza jira-biraka zuela: «Somos los últimos, los peores. Somos pequeñas bombas de odio. ¡No hay esperanza! ¡Venganza!...».

        Gero Urolako trenean egin zuen Zumarragatik Azkoitirainoko bidea. Zurezko aulkiak eta trenaren tranbalak horretarako egokienak ez ziren arren, lo egin zuen azken bidaia horren zati handi batean.

        — Oso lasai nengoan. Dena armonian zegoela iruditzen zitzaidaan, gauza bakoitza bere lekuan, eta ni, aingeru bat bezala, munduan galduta. Ez zagok horrelako drogarik!

 

 

Inoiz baino okerrago zeuden Xepe eta bere etxekoen arteko harremanak. Hilabete batzuk lehenago pentsaezinezkoak izango ziren puntuetaraino ziren iritsiak liskarrak azkeneko boladan. Baina hala ere ez zen gehiegi larritu ostiral iluntzean irten ondoren, aldez aurretik etxean ezeren abisurik eman gabe, larunbat eguerdian etxeratu zenean. Zorte handia izan zuen gainera. Gizonezkoak txikiteoan ziren eta ama bakarrik etxean. Bakarrik eta larri, etxeko lanak egiteko ganorarik gabe, Xeperen edo Xeperi buruzko berrien zain.

        — Baina, baina, jakin al daiteke non demontre sartu zaren? —oihu egin zion amak Xeperi, semea etxera heldu bezain laster—. Hara, amorratzen nengoen, non egongo ote zinen pentsatzen. Telefonoak jo eta berri txarren bat jasotzeko ikaratan.

        — Arrasaten izan ginen kontzertu batean eta...

        — Arrasaten? Eta ez al dago telefonorik Arrasaten? Ai ene, jainko maitea! Hau da hau kalbarioa daukaguna zurekin! Amari disgustuak ematen besterik ez dakizu. Baina, baina —gora begira—, Jainko maitea, zer egin dut nik baina, zer?

        — Baina, ama, nik ez nekien noiz etorriko nintzen. Noiz hots egin behar nizun? Goizeko bostetan ala? Gozoak jarriko zineten ba!

        — Zure ama aspaldidanik dago ohetik jaikita —gero eta haserreago—, aditzen al duzu, Martin, aditzen? Ohetik jaikita eta zuregatik penatzen ohean ez zeundela ikusi dudanez geroztik, ideiarik beltzenak buruan bueltaka.

        — Ama, gaur egun horrela ibiltzen gara gazteok, eta normala da. Ohitu egin beharko duzu.

        — Ohitu? Ez dizu aditzen zure aitak, Martin! Ez dizu aditzen! Jainkoari eskerrak emateko moduan zaude. Pare-parean ailegatu zara etxera. Oraintxe puntuan aitaren bila irten eta guardia zibiletara jotzekotan nintzen.

        — Guardia zibiletara? Bueno, bueno, ama... Gaupasa egin dut, horixe da dena. Makina bat gazte zegoen gaur Arrasaten gaupasa eginda, goizeko hamarrak inguruan. Eta zer? Horrelakoxeak dira gauzak gaur egun.

        — Makina bat gazte? Zu bezalakoak horratik! Alproja, narrats eta alferrenak, horixe! Inon diren porrero eta drogazale guztiak! Goiko Andoni ez zen han izango, ez. Haren fintasunaren eta ganoraren laurdena izango bazenu...!

        — Andoni, Andoni, zorioneko Andoni... Andonik bere bizimodua du eta nik neurea, ama... Zergatik konparatu behar nauzu beti Andonirekin?

        — Bai, horixe, ez dakit nola konparatzen zaituztedan. Gezurra dirudi zuek biok edade berekoak izatea. Andoni gizon bat egina dago eta zu gero eta umeago. Horixe! Gero eta umeago! Zure ama hemen zuregatik direnak eta ez direnak sufritzen eta zu hor taberna zulorik zikinenetan sartuta, auskalo zer jendilaje motarekin, auskalo zer narraskeriatan. Hara, ez dut pentsatu ere egin nahi! Hori da kristauaren burubidea! Lotsa eman behar lizuke.

        Negarrez hasi zen Xeperen ama. Ordura arte gordetako tentsioa deskargatzeko premia bide zuten haren nerbio sufrituek. Xepek ohera jo zuen zuzenean eta hantxe geratu zen igande eguerdira arte.

 

 

Epaiketari buruz hitz egitean, deklaratzeko deialdiari jaramonik ez egitea erabaki zen asanbladan, hau da, deitutako inor ere ez joatea Bake Epaitegira deklaratzera. Horretaz gain, Udalaren gazte-politika eta gazteen aurkako epaiketak salatzeko protestaldia zegoen deitua igande eguerdirako. Ez genuen manifestazio edo enkartelada arrunta egin nahi izan. Zerbait koloretsuagoa egitea genuen pentsatua. Egun hartan ere, turuta joz Udal Musika Banda isilarazi zutenean bezala, nik ez nuen parte hartzerik izan, tabernan lana nuelako, baina, beti bezala, berehala heldu zen gertatutakoaren berri Atraskura.

        Eguerdiko ordu bata inguruan irten ziren gaztetxetik hogeita hamar edo berrogei gazte inguru. Oihal berdez eta makilaz egindako herensuge mozorro erraldoiaren azpian sartuta egin zuten enparantzarainoko bidea batzuek; beste batzuek, Xepe horien artean, altzairuzko errodamendu txiki batzuen gainean ezarritako zurezko etxola moduko bati bultzaka: «Fatxari tiro. Tiro al facha» zioen etxolak oihalez estalita zuen aurrealdeko hormaren goiko parteko letreroak, eta atzealdean, berriz, pankarta handia zuen erantsia, «Epaiketarik ez!» zioena; Xingular eta Prestok lastoz egindako panpina bat zeramaten, soinean Azkoitiko alkatearen izena idatzia zuena; gainerakoek turuta jo eta buila egin zuten bidean. Kale Nagusian eta enparantzan harri eta zur geratu ziren igande eguerdiko paseatzaile dotoreak gazteei begira.

        Herensugea plazan batera eta bestera mugitzen zen bitartean, oihala kendu eta «Fatxari tiro» egiteko barraka prestatu zuten beste batzuek: zurezko hiru panpina ageri ziren barruan, buruan alkatearen eta zinegotzi biren argazkiak kolatuak zituztenak; pirataz mozorrotutako gazte batek pilotak banatzen zizkien etxola barruko fatxa haiei tiro egiteko aukera izan nahi zutenei. Xingular eta Prestok, buru-estalkiak jantzita, enparantzako etxe bateko konponketa lanetarako ezarrita zegoen 15 metrotik gorako garabi garaiaren besoraino igo eta, epaiketaren aurkako komunikatuaren kopia ugari jaurti eta zabaldu ondoren, alkatearen izena soinean idatzia zuen lastozko panpina urkatu baten gisa eskegi zuten bertatik, behetik begira zeuden gazteen txaloak jasoz eta herritar zintzoen sumindura errea eraginez. Umoretsu eta koloretsua izateaz gain, eraginkorra ere izan zen protestaldia. Makina bat arratsaldeonen komentario eskandalizatuak aditzea egokitu zitzaidan niri egun hartan Atraskuko barran!

 

 

Gauean, ordea, telebistan Espainiako futbol ligako partiduei buruzko erreportaiak amaitu eta azken arratsaldeonek aldegin zutenean, bestelako hizketa gaiak izan genituen Xepe, Xingular, Mirari eta laurok, ondo animatu eta girotuta, garagardo batzuk edan eta porro batzuk erretzen, Atraskuko barraren barruan ni eta barraz bestaldean beste hirurak.

        — Ba niri ez zaidak iruditzen horrela hartu behar dugunik —esan zuen Xepek, eztabaidagai genuen gaiaren inguruan Xingularrek agertu berri zuen iritziari aurre eginez—. Zein naiz ni edo zein haiz hi junkie bati ezer esateko? Berak ikusi behar dik. Bakoitzak bere aukera egitea zaukak.

        — Bai, Xepe, tipo batek horrela bizi nahi badik, nahiz eta niri gustatu ez, hori bere erabakia duk —erantzun zion Xingularrek—. Oso ondo. Konforme horretan. Baina gaztetxea historia horretan sartu gabe. Peligro handia zagok: gaztetxea junkieen ghetto bihurtzearena.

        — Zerk kezkatzen hau? Gaztetxearen irudiak? Jarraitxoek bezala hasi behar al dugu?

        — Ez, ez duk hori. Baina ni kezkatu egiten naik zaldiak, Xepe, eta iruditzen zaidak aurre egin behar diogula, bestela denok jango gaituelako. Kaka hori gaztetxetik atera beharra zaukaagu. Hori Poliziak sartu dik Euskal Herrian, hemengo gazte jendea apalankatzeko. Pasibidadea zabaldu eta mobida politikoak geldiarazteko. Eta lortzen ari dituk gainera, hori duk okerrena.

        — Horiek jarraitxoen parabolak iruditzen zaizkidak niri —sartu zen eztabaidan Mirari—, eta nahiko txotxoloak gainera. Nik beti uste izan diat Poliziak inondik inora ere nahi ez duena guk ongi pasatzea dela.

        — Ba nik oso garbi zaukanat. Oso-oso garbi gainera. Horretarako ekarri diten zaldia hona, dudarik gabe. Ez dun horrelakorik letuko El Diario Vasco-n, ez diten hori esango telebistan, baina mundua horrela zaukaten montatua.

        — Baina hala balitz ere, lehenago esan diadana esaten diat berriro —tematu zen Xepe—. Zein naiz ni edo zein gara gu inori ezer esateko? Eta zergatik gaztetxean alkohola, kostoa eta speed-a nahi adina eta zaldia debekatua? Nola entenditzen da hori? Askatasunaren alde gaude ala gu ere jarraitxoen pare geratzen gara, droga onak eta txarrak bereizten?

        — Kontua ez duk lege batez debekatzea, junkieei lekuz kanpo daudela sentiaraztea baizik. Ezagutzen duk esaldia, ezta?: «Heure burua hil nahi baduk, aurrera, baina ingurukoak zipriztindu gabe». Lehenengo eta behin modu onean eskatu eta kasurik egiten ez badute aurpegi txarrez begiratu gutxienez, erakutsi nazkatuta gauzkatela... Ez zakiat...

        — Eta hala ere kasurik egiten ez badute, zer? Hostiatu? Horretara ere iritsi beharko al dugu? Errepresiora?

        — Ez diat uste, Xepe, ez diat uste. Baina gure eskuetan dagoena egin beharra zaukaagu. Zaldia zer den eta zer arrisku dituen, informazioa zabaldu, geuk ez hartu eta hartzen dutenei ez hartzeko esan. Mugitzen ez bagara, laster gaituk denok txuta besotik zintzilik dugula, ikuiluko behiak baino apalankatuago.

        — Ez zakiat ba, ez zakiat. Nik herenegun sudurretik sartu nian eta primerako puskerra izan zuan, batere problemarik gabekoa.

        — Bai, behin eta sudurretik sartu huelako. Baina horrekin segitzen baduk, laster gramo erdi bategatik hire ama saltzeko prest egongo haiz.

        — Zertarako diat ba nik ama?

        — Berdin zaiok. Beste zeozer hortaz...

        — La Polla Recordsen zinta? —bururatu zitzaion bat-batean Mirariri, Xeperen gustuak ederki ezagutzen baitzituen.

        — Hori —baietsi zuen Xingularrek—. La Polla Recordsen zinta.

        — Harrituko nindukek! —esan zuen irribarrez Mirarik—. Honek La Polla Recordsen zinta infernura eramango dik hil eta gero ere.

        — Martxa pixka bat beharko diten behealde horretan ere, ezta? —esan zuen Xepek, adia pixka bat galduta, burua beste nonbait balu bezala.

        — Ez zagok kuidadorik, motel —txantxa giroan sartu zen Xingular ere—. Inon egotekotan han egongo duk martxa, ez zeruan. Ez nikek nik behintzat zerura joan nahi. A zer muermoa izango duten han goian!

        Solasaldiaz deskonektatuta, pentsakor geratu zen une batez Xepe. Ezer esan gabe, mostradore ingurutik urrundu eta zurezko mahai karratuetako batera hurbildu zen. Tripako min jasanezin batek eraso balio bezala, eskuak sabeleratu eta gorputza bihurritu eta barnebildu zuen, belaunak apurka-apurka tolestuz, belauniko jarri arte. Eskuak sabel ingurutik atera eta aurrerantz eramanik, ahuspez etzan zen artean erratzez pasatu eta fregatu gabe nuen zoru narratsean, mahaiaren ondoan.

        — Zer duk, Xepe? —galdetu nion harrituta—. Zertan ari haiz baina?

        Ez genekien zer egin, nola erreakzionatu. Donostiako casting-ean egin zuena etorri zitzaidan niri gogora, baina inoiz halakorik begi aurrean ikusi gabea nintzen artean. Mirari, Xingular eta Periskopio ere ni bezain harrituta zeuden.

        — Tipo hau kolgatuta zagok! —komentatu zuen Periskopiok irribarrez.

        Mahaiaren hankari helduta zutitzen hasi zen Xepe, mantso-mantso, ralenti-an, kamera mantsoan ikusten diren irudien antzera, baina sekulako ahalegina egiten ari zelako plantak eginez. Nola edo hala mahai gainera heldurik, ahuspez narrazean pasatu zen mahaiaren bestaldera, eta gero handik beherantz egin zuen; eskuak zoruraino luzatuz poliki-poliki eta kolpe bortitzik gabe amildu zuen Xepek bere gorputz argala beheraino. Zoru narratsaren gainean arrastaka jarraitu zuen harik eta eskuarekin hurrengo mahaiaren hanka ukitzera heldu arte. Bigarren mahaira lehenengora bezala igo zen, ralenti-an eta ahalegin handia antzeztuz, eta lehendabiziko mahaiko mugimenduak errepikatu zituen haren gainean ere...

        Mutututa eta paralizatuta geunden guztiok Xeperi begira, ahoa bete hortz, hipnotizatuen moduan, hark bere mugimendu makal eta sufrituekin mahairik mahai jarraitzen zuen bitartean. Azkeneko mahaitik erori ondoren zoruan arrastaka jarraitu zuen ate ondoraino. Atearen eskutokiari heldu eta atea zabaltzeraino zutitu ahal izan zen, kostata, ezinean, azken-azkeneko indar hondarrak ahitzear balitu bezala. Atea zabaldurik, zoruratu berriro eta narrazean irten zen kalera.

        Antzezpen arraro hura amaitutzat emanik Xepe aurki berriro gure artera etorriko zela uste izan genuen, baina ez zen tabernara itzuli. Kanpoan ote zegoen begiratzera irten ginenean ez zen inor ageri kalean.

        — Jendea harrituta uztea gustatzen zaidak. Lerdokeriaren bat egin eta denak flipatuta geratzen dituk.