Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—VII—

 

Igande eguerdian esnatu zenean Xepe ez zen bezperako ezertaz ere gogoratzen. Zerbait berezia gertatu ote zeneko susmoa bazuen baina ezta arrastorik ere zerbait hori zer izan ote zitekeen. Esnatu orduko burua iltzez betea, birikak kez gainezka, ahoa lehor-lehor eta zangoak zama-zama eginda sentitu zituen. Soinean zuen elastiko lohituari, berriz, kearen, izerdiaren eta batez ere garagardo lehortuaren aztarnak nahasten zituen kirats narratsa zerion. Bezpera gauean esku ahurrean egindako ebakitik ateratako odol arrasto mehea gogortua zuen ordurako, maindire nahasietan makula txiki batzuk utzi ondoren.

        Koltxoi gainetik jaikitzen hasi zenean eskuekin buruari heldu behar izan zion, burmuinak zulatzen zizkioten iltze zorrotzei geldirik eusteko ahaleginean. Eztulka hasi zen ordea eta orduan ezinezkoa izan zitzaion iltzeen zaztada eragoztea.

        Eskuarekin haztaka, koltxoiaren ondoan kokaturik zuen gaumahai korrokoilaren kaxoian aspirina kaxaren bila hasi zen. Kostata lortu zuen aspirina kaxa aurkitzea, kaxoi txiki hartan baitzeuzkan, anabasa batean, garai hartan eskueran zituen bere ondasun guztiak: kaset-zintak, latorrizko txapak, pizkailua, erretzeko papera, tabako paketea, giltzatakoa, gomazko sugandila eta ziraunak, erremota, labana, antxoa eta sardina latak, pipermin potea, bizpahiru laranja...

        Jaiki, logelatik irten eta gaztetxeko areto nagusirantz abiatu zen, aspirina irensten eta ondoa apur bat baretzen lagunduko zion Coca-Cola baten egarriz. Gelatik irten orduko aditu zuen pixaren eta garagardo lehortuaren kiratsa. Ateraino heldu eta aretoa ikustean bat-batean etorri zitzaion gogora bezpera gaueko abentura osoa. Horrekin bat, komunera larri-larri behartu zuen goragale ezin eutsizkoa sentitu zuen.

        Botaka egin ondoren, barrenak pixka bat garbi eta lasaiago zituela, aretora sartu zen berriro Xepe, bezperako txikizioaren arrastoei begira. Barra barruko hozkailutik hartutako Coca-Cola baten laguntzaz aspirina irensten zuen bitartean, barraren aldameneko leihoa zabaldu zuen, kiratsari irtenbidea emateko.

        Diskogailuan My way kantaren Sid Viciousen bertsioa jarrita, aretoan zehar bueltaka ibili zen, begi aurrean zituenei bideo-klip bateko irudiak izango balira bezala begiratuz. Nik uste dut irudi haiek ordura artean inoiz ezin adierazi izan zuena adierazteko ezin egokiagoak iruditu zitzaizkiola Xeperi. Harentzat ekimen ezin ederragoa zen bezperako triskantza, hitzez ezin esan zuena esaten, oihukatzen, aldarrikatzen laguntzen ziolako. Zer aldarrikatzen? Ez dakit. Hitzez ezin esan daitekeen hori, ulertu, nik uste dut batzuek ulertu genuela, nola edo hala, nork bere erara. Nahiz eta ulertu dugun hori Interviú-koei azaltzea guztiz ezinezkoa zaigun, jakina. Bai, Xeperentzat bezperako basakeriaren gomuta zinez gauza ederra zen. Liluragarria iruditzen zitzaion basakeria hark utzitako ondorio narratsei begiratzea. Eta lilura hura komunikatu eta transmititzeko premia zuen barru-barruan.

        — Oso garbi izan nian ez nuela ezer jasoko, dena zegoen bezalaxe laga behar nuela. Gaztetxeko jendeak hura nola gelditu zen ikus zezan nahi nian.

        Besterik gabe, zain geratu zen, Coca-Cola edaten, hantxe aurkitu zuen Ajoblanco aldizkariaren zenbaki atzeratua esku artean hartuta. Heroinari buruzko erreportaia luze-sakon baten irakurketan murgildu zen.

        Ez zuen irakurketarako beta handirik izan ordea. Ordu bata eta erdi inguruan, disko batzuk hartzeko asmoz, Antijos eta Pipi sartu ziren gaztetxean, begi aurrean zutena sinetsi ezinda.

        — Zer hostia gertatu da hemen? —galdetu zuen haserre Antijosek.

        — Bart gauean dena txukun-txukun laga diagu barren! —komentatu zuen harriduraz Pipik.

        Ordura artean bere buruaz ziur sentitu bazen ere, Xepe larritu egin zen bat-batean. Bezperakoaz damurik batere ez zuen baina bazekien zaila izango zela Antijosen aurrean bere arrazoiak argitzea, ezinezkoa Xepe bezalako hizlari motz, trakets eta inseguru batentzat. Hitzez ezer ganoraz azalduko bazuen, Atraskuko aitorlekua eta Atraskuko apeza behar zituen hark ondoan, On Nikolas apal hau, eta Antijos aurrean izatea oso bestelako kontua zen, dudarik gabe, are zailago hark gaztetxearen egoera ikusi ondoren ageri zuen begitarte asaldatua kontuan harturik.

        — Zer hostiatan ibili zarete? —galdetu zion, jenio txarrez, Antijosek Xeperi, areto nagusiaren egoera tamalgarriaz jabetzeko behar izan zuen tarte laburraren ondoren—. Zer kristo da hau?

        Barra atzean babestuta zegoen ordurako Xepe. Harengana jo zuen Antijosek bat-batean, besoak astinduz, amorru bizian.

        — Esplikatuko al didak? Ala hostiaka hasi behar dugu hementxe bertan?

        — Ez duk ezer, Anti, ezer ez... —dardara egin zuten, trakets, Xeperen ezpainek—. Ez hadi horrela jarri. Hi ez al haiz sekula mozkortu?

        — Ni mozkortzen naizenean kotxe gainetara igotzen nauk edo telefono kabinak txikitzen ditiat, baina gaztetxea bakean uzten diat. Hik zer uste duk, hau hirea bakarrik dela ala? Hostiaka aterako haut hemendik, mekaguen Dios!

        Bero-bero eginda, paparretik heldu zion Antijosek Xeperi baina, barra tarteko zela, ezin izan zion nikia ganoraz oratu eta, atzera eginez, Antijosen atzamarretatik askatzea lortu zuen Xepek, ez ordea berriro buru barruko iltzeen zaztada zorrotzak pairatu gabe. Goragalea sentitu zuen berriz, baina eusteko modukoa oraingoan hala ere.

        — Lasai, Anti, lasai... —besoetatik heldu zion Pipik Antijosi, Xepe jotzen hasiko ote zen beldur—. Ostiraleko asanblean lasaiago hitz egingo diagu, eta denon artean erabaki zer egin. Orain alferrik duk...

        Antijos pixka bat baretu zela ikusirik, hitz egiten ausartu zen Xepe, barrara asko hurbildu gabe badaezpada ere, gorputz kaskar, unatu eta birrindua iheserako prest.

        — Bazakiat bart gauekoa gogor samarra izan dela baina batzuetan... badakik... Behar genian...

        Haserre jarraitzen zuen arren, eskuak geldiago zituen sikiera Antijosek.

        — Ba hurrengoan batzokira joan zaitezte horrelakoak egitera.

        Iltzeen zaztaden mina gainditu eta buru barruan zituen indarrak biltzeko ahalegin berezia egin zuen Xepek. Ez zitzaion zeharo gaizki ere atera.

        — Hori erraz esaten duk baina hik badakik beste inon ezin dugula horrelakorik egin. Horrelakoak ez dituk aldez aurretik planeatzen, sortu egiten dituk, berez, eta ez noiznahi, ez edozein lekutan... Ez zagok kontrolatzerik. Gaztetxea duk gure aukera bakarra, beste gauza askotarako bezala baita horretarako ere.

        Pipik baiezkoa egin zuen buruaz, Xeperi arrazoi emanez bezala, baina zalantza ere adieraziz.

        — Bueno, bai, baina...

        Antijosek ez zion, ordea, bere zalantzak planteatzeko aukerarik utzi Pipiri. Ez zegoen Xeperen arrazoi ahulen aurrean amore emateko prest.

        — Ba horretarako bakarrik behar baduzue gaztetxea, hobe duzue hik eta hire lagunek beste gaztetxe baten bila hastea. Ostiraleko asanblean hitz egingo diagu horretaz. Argi eta garbi! Beraz, zeuek ikusi!

        Bere ezkerraldera jo eta han horretarako propio zegoen hutsunetik barra barrura sartu zen orduan Antijos. Larriturik, Xepe barra gainetik jauzi eginez pasatu zen bestaldera, kanpoaldera, ihesi.

        — Lasai, motel, ez haut ikutuko —mesprezuz mintzatu zitzaion Antijos—. Disko batzuk hartzera sartu nauk.

        The Doors eta The Pentangleren disko bana harturik kalerantz irten zen Antijos, Pipirekin batera.

 

 

Hurrengo bisita askoz ere gozoagoa izan zen Xeperentzat: Txus, Periskopio eta Mirari sartu ziren gaztetxean arratsaldeko hirurak inguruan. Mirarik, gainera, otartekoa eraman zion Xeperi.

        — On egingo dik pixka bat jateak. Solomoarena duk, piperrekin. Telefonoz hots egin eta zerena nahi huen galdetzea ere pasatu zaidak burutik baina...

        — Alfer samarrik hots egingo huen, bai... Dena dela, portatu haiz, Mirari... Baina hurrengoan saltxitxena ekartzen badun hobe.

        — Hi eta hire saltxitxak! Niri nazka ematen zidatek.

        — Bokadiloa niretzat bada, zer axola zaio hiri nazka ematen badin?

        — Egon hadi isilik. Solomoak saltxitxek baino mesede handiagoa egingo dik eta jan ezak behingoz, esplikazio lehorrak lagata. Ez al da inor etorri gaur?

        — Antijos eta Pipi izan ditun eguerdian —erantzun zion Xepek, hortzekin otartekoari kendutako lehen zatia artean ere ahoan zuela.

        — Antijos? Gozoa jarriko zuan!

        — Ba ez zaion batere gustatu, ez, hemengo panorama. Haserre zegonan. Pasatuko zaion... Eta bestela berarentzat kalte, ezta?

        — Atzokoa azkenean gehiegizkoa izan zuan —esan zuen kezkati, ajeak lakartutako ahots ilunez, taburete gainean eserita eta burua barra aldera makurtuta, Txusek—. Gaztetxea denona duk eta... Txorakeriak egin aurretik gauzak pixka bat pentsatzea ez duk txarra izaten.

        — Bai, Txus, atzokoa gogor samarra izan zuan —egin zion errieta Mirarik—, hori nahiko garbi zagok. Baina horrek ez zaukak bueltarik. Orain bazterrak pixka bat txukundu, horixe duk egin behar duguna. Buzoiarena eta telefonoarena ez diagu konponduko baina gutxienez narraskeria hau pixka bat jasotzen badugu zeozer aurreratuko diagu.

        — Bai? Benetan? —galdetu zion irribarre herabe baina aldi berean ironikoz Xepek—. Pena ematen zidan. Ez al dago ederra horrela? Niri gustatzen zaidan. Gero ere izango dun bazterrak txukuntzeko denbora.

        — Hi burutik eginda hago! —harritu zen Mirari.

        — Nik jendeak gaztetxea honela ikustea nahi ninan. Bazakinat txorrada bat dela, baina kapritxo hori ninan, eta horrexegatik ez dinat ezer txukundu. Dena dela, bueno, bestela haserretu egin behar baduzue, txukunduko dinagu hau pixka bat. Baina baldintza batekin: lehenengo bokadiloa lasai jaten lagako didazue eta gero txiki pare bat erreko dinagu. Bale?

        — Oso ondo —erantzun zion Periskopiok, eta patrikatik haxix puskatxoa atera eta hortzekin bereizi zuen txina bat—. Oraintxe bertan hasiko nauk lanean. —Barra ondoan burumakur eserita jarraitzen zuen Txusi astindu bat eman zion—. Zeozeren premia izango diagu ondoa pasatzeko, ez al da hala, Txus?

        — Ekarri hona kostoa. Neuk egingo diat peta bat —esan zuen Txusek burua pixka bat altxatuz.

 

 

Gertakari latza izan zen gaztetxeko txikizio hura, eta eman zuen, bai, zer esanik. Ez dakit gaztetxeari mesede ala kalte egin zion Xepe eta bere adiskideen jokabideak, baina gure artean debate bizi eta interesgarria pizteko balio izan zuen behintzat. Gogoan dut igande arratsalde hartan bertan Dean tabernaren atariko arkuaren azpiko sakakuloan —hortxe sortutako txikitako jolas baten izena gogoratuz deitzen diegu horrela arkupe horretako bizkarralderik gabeko jesarlekuei— eserita geundela izan genuen tertulia, eztabaida, debate edo dena delako hura.

        Hasieran Leon, Urrategi eta hirurok bakarrik geunden han, herriko enparantza zabalari begira, seiak edo zazpiak inguruan, arratsaldeko eguzkipean porroak erretzen eta pipak jaten, garai hartan askotan egoten ginen bezala, sakakuloak —eta Dean tabernaren aurrekoa bereziki— beti izan baitziren gure topaleku nagusietako bat, gaztetxearen eta Atraskuaren ondoren garrantzitsuena. Leonek bezpera gaueko txikizioaren jakinaren gainean jarri gintuen Urrategi eta biok. Urrategiri ez zitzaion batere atsegin izan albistea. Niri, berriz, miresmenetik ere zerbait bazuen zirrara berezia eragin zidan Xepe telefonoa txikitzen imajinatzeak.

 

 

Gure ikuspuntuak trukatzen ari ginela, Xingular eta Esther guregana hurreratzen ikusi genituen.

        — Hik daukak azala, hik! Gaztetxea garbitzera joatea burutik pasatu ere ez zaik egin hiri, ezta? —bota zion errieta doinuz baina irribarrez Estherrek Leoni, gureganaino heldu eta gurekin batera sakakuloan esertzen zen bitartean. Xingular zutik geratu zen, gainerako lauron aurrean.

        — Poliki, neska, poliki... Nik ez ninan ez pixa egin eta ez ezer puskatu —desenkusatu zen berehala Leon bere betiko doinu afektatuan—. Bueno, buzoiari ostiko batzuk eman bai, baina ordurako lurrean zagonan ja, beraz...

        — Bejondeiola gure markesari! Hi ez haiz alferrik galduko horratik!

        — Izan al zarete zuek gaztetxean? —galdetu zien Urrategik heldu berriei.

        — Handixe etorri gaitun oraintxe —erantzun zion Xingularrek—. Mirari, Xepe, Periskopio eta Txusi lagundu zienagu garbiketa lanetan.

        — Bueno, Txusek, egia esanda, ez zinan ezer egiteko ganora handirik —ñabartu zuen Estherrek—, baina han zebilenan bueltaka, penitentzia egiteko besterik ez bada ere.

        — Eta zer moduz paretetako pinturak?

        — Pixka bat hondatuta, baina azken batean orain benetakoagoak ditun horrela —bere betiko umorea erakusten zuen Xingularren erantzunak—. Gaztetxea gaztetxea dun eta bere estetika berezia ere izan behar din, ezta?

        — Eta telefonoa, zer moduz? —galdetu nuen nik burlaizean—. Horrek ere estetika berezia omen dik orain, ezta?

        Xingularrek umore onari eutsi zion, gertakariak desdramatizatu nahian edo.

        — Bakea emango dik orain... Gurekin harremanik nahi duenak gureganaino etorri beharko dik. Beraz, lasaiago egongo gaituk horrela. Ez duk ezer gertatzen. Dena ondo zagok. Dena bere tokian.

        Barru-barruan sartutako arantza zuen, ordea, Urrategik telefonoarena.

        — Ba guri, emakumeoi, aukera asko moztuko zizkiguk, ez pentsa.

        — Bazagon berriz jartzea ere —proposatu zuen Estherrek.

        — Bai, ez alferrik! Ederki jaioa hago hi berriro ere telefonoa jartzen badun!

        — Nire ustez, telefonorik gabe hobe —esan zuen Leonek—. Niri traste horrek ez zidanan batere susmo onik ematen. Eta ondo iruditzen zaidan Xepek egin zuena, zer hostia! Porkulo hartzera telefonoa eta horrelako hostiakeria denak!

        Urrategi bere onetik ateratzen zuen Leonen zabarkeriak.

        — Hik oso erraz ikusten dituk gauzak, Leon, baina horrela ez gaituk inora ere ailegatuko.

        — Ailegatu? Nora ailegatu nahi dun? Gaztetxea hortxe zagon, geurea dun eta hor nahi duguna egiteko aukera zaukanagu. Zer gehiago nahi dun ba?

        Armonia bila egindako saioa izan zen Xingularren azalpena orduan, serioa ordura arteko bere jardun arinaren aldean.

        — Ez dinat uste telefonorik gabe benetan asko galduko dugunik. Lan egitea nahi badugu, feminismoan, antimilitarismoan edo edozein gairen inguruan, aukera bazaukanagu, Urra, eta horretan saiatu behar dinagu, besterik gabe, telefonoaren kontua ahaztuta.

        — Bai, baina bart gauekoa atzera emandako pausoa iruditzen zaidak, eta konturatu baino lehen oso bide peligrosoan sar gaitezkek horrela segituz gero.

        — Neska, politikoa ematen dun oraintxe! —umorearen bidetik hurbil berriro ere Xingular.

        Ordura artean dena isil-isilik entzuten egon banintzen ere, neuk ere zerbait esan behar nuela iritzi nion une hartan.

        — Azken batean, gu askatasunaren alde gauden, ezta? Eta zerk ukatzen dio Xeperi gaztetxeko telefonoa puskatzeko askatasuna? Denetarako askatasuna eskatzen ari gaitun eta gero mugak jartzen zizkionagu askatasunari. Horretarako ez al dugu hobe denok Jarrain edo EGIn sartu eta kito?

        — Ez ezak demagogia merkerik egin, Niko —bota zidan Urrategik serio-serio—. Zer irudituko litzaiake nik Atraskuko telefonoa txikituko banu?

        — Egin ezan aproba. Ez dun hain erraza izango. Nik ez dinat ezer esango, baina argi ibili Paulorekin, ez dun gozoa jarriko eta!

        Nire txantxa ergelari jaramonik egin gabe, bere jarrera azaltzeko beste ahalegin bat egin nahi izan zuen Urrategik.

        — Aizue, niri ere gustatzen zaidak parranda ederrak botatzea, zoroarena egitea, deskontrolatzea, baina gaztetxea denona duk eta zaindu egin behar diagu. Gurea dela konturatu behar diagu.

        Xingularrek umorearen bidetik hautsi zion berriro ere argudioa Urrategiri.

        — Gurea? Ez al gaude propietate pribatuaren aurka ala?

        — Zuekin alfer-alferrik duk —etsi zuen azkenik Urrategik, saiatu arren ezin eragotzi izan zuen irribarrea ezpainetan, zangoa aurrerantz luzatuz Xingularri ostikoa emateko keinua egiteko.

 

 

Igande hura oso-osorik gaztetxetik irten gabe pasatu zuen Xepek. Inorekin egon edo hitz egiteko gogorik gabe, gauean gaztetxea nahiko goiz itxi eta bakar-bakarrik geratu zen edifizio handi eta zahar haren barruan, fantasma bakarti baten antzera. Egunean zehar kemena agertu bazuen ere, gauean abailduta sentitu zen. Ez zen damua estutzen zuena, azken muturreraino eramana zuen bere bakardade mugagabe eta inkomunikatuaren zama astuna baizik. Barruak edertasunaren bila erabat hustu ondoren bere obraren inguruan ezjakintasuna eta ezaxolakeria baino aurkitzen ez duen artistaren antzera.

        — Huts-hutsik nian barrena, dena eman banu bezala, ezer ez banintz bezala, mundua ni gabe geratu balitz bezala, hila banengo bezala.

        Hustasuna, etsipena, ezinegona, desosegua, itomena... Ohean loak ezin harturik, jaiki eta areto nagusira jo zuen. Bap!! taldearen Azkeneko anarkista entzun zuen behin eta berriz, modu obsesiboan, musikaren erritmoan dantza egin eta hitzak Eneko kantariarekin batera oihukatuz: «Zertarako bizi ote gara?, galdetzen diot neure buruari...»

        Musikaz nazkatu zenean barra ondoko leihotik zehar kanpoaldera begira geratu zen. Ez zebilen inor herriko kale ilunetan. Ikuspegi lasaigarri hark gaztetxetik irtetera bultzatu zuen. Gau giro ederra sentitu zuen atarira heltzean. Ezerezaren ilunbeetatik sortutako fantasma baten antzera, Tras agertu zitzaion bat-batean aurrean, begi ezin triste eta errukarriagoz begira.

        — Zer duk, Tras? Non dabil Beltza? —xuxurlatu zion Xepek, makurtu eta buru-bizkarrak laztantzen zizkion bitartean—. Munduan bakar-bakarrik hago hi ere, ezta?

        Ia-ia oharkabean —txakur herrena, ahal zuen bezala, atzetik zuela—, Baldatxoko hilerriraino eraman zuten bere oinen urratsek Xepe, paseo lasai hark beste jomugarik izaterik ez balu bezala. Tras aldamenean zuela, hilerriaren goiko aldetik behekora jaisteko dauden eskaileren goreneko muturrean eseri, zigarroa piztu eta ilargiari begira geratu zen minutu batzuetan. Gero, txakurrarekin batera, gaztetxera itzultzeko bideari ekin zion atzera, lehen baino lasaiago, sosegatuago.

        — Ez zagok kanposantua baino toki lasaiagorik, Niko. Ikaragarria duk! Han ez zagok problemarik. Dena bere tokian zagok, dena ondo. Inork ez hau gaizki begiratzen. Han dena libre duk!