VIII
Zenbait adiskiderengandik laguntza handia jaso zuen arren Mirari eta Periskopiorengandik batik bat, baina baita beste hainbatengandik ere, neuregandik adibidez, zilegi balitzait hori aipatzea, ez zen batere erosoa izan Xeperentzat gaztetxean bizi izan zeneko bolada. Bizimodu gogorra egokitu zitzaion, bakarti eta marjinala.
Gaztetxean bertan ere bazituen bere gora-beherak, ez zuten denek begi onez ikusten, eta gaztetxetik kanpo askoz ere gordin eta itogarriagoa zen giroa Xeperentzat. Neurri batean edo bestean, guztiok sentitu behar izan genituen garai hartan herritarren herritar zintzo eta leialen gaitzespeneko begiradak, baita txikitan jolaskide edota eskolan ikaskide izandako gazte askorenak ere. Xeperen kasua, ordea, gurea baino askoz latzagoa zen, bolada batean behintzat bera izan baitzen, Antijosekin batera, gaztetxeari egozten zitzaion gaiztakeria guztiaren sinbolo nagusia: Antijos gaztetxeko libertinaia arriskutsuaren buru eta teorilaritzat zuten, herriko bakea mehatxatzen zuen etsai nagusitzat; Xepe, berriz, giza-talde ilun eta narrats hartako izakirik likits eta higuingarriena iruditzen zitzaien, mesprezagarriena, lohietan lohiena.
Umeen artean Xeperengandik urrun gordetzeko gaztigua zuten zabaldua gurasoek, etxerik eta arimarik gabeko piztia gaizto eta arriskutsua zela eta. Behin baino gehiagotan egokitu zitzaion, kalean eta egun argiz ibiltzen ari zela, parean pasatutako umeak elkarri zerbait esan eta izu aurpegiz urruntzen ikusi beharra, aurrean zutena infernuko etsaiak Azkoitian ezarritako ordezkari zuzena balitz bezala.
Bere guraso eta senideekin zuen, hala ere, arazorik latzena Xepek. Etxetik alde egin eta gaztetxean bizitzen hasi zenetik etxeko inor ez ikusten saiatu zen. Gaztetxea bera zuen horretarako babesleku nagusi, han ziurra baitzen familiako inor ez zela agertuko. Atraskuan, aldiz, aitarekin topo egiteko arriskua zuen, nahiko ondo kontrolatzeko modukoa hala ere, eguerdian edo arratsaldean ordu jakinetan egin ohi baitzuen osaba Pedrok txikiteoa, lantegitik irten eta gero, nekez beste ezein ordutan; hori bai, larunbat eguerdian alarma gorria, aitarekin ezezik Anjel Mari edo Joxe Ramonekin ere egin baitzezakeen topo gure tabernan. Arriskurik handiena, hala ere, kalean zebilenean edota Dean tabernaren aurreko arkupeetako sakakuloetan eserita zegoenean izaten zuen. Behin baino gehiagotan ikusi genuen bere adiskideok Xepe arkupe atzean ezkutatzen, ama, Anjel Mari edo Joxe Ramon enparantza nagusian ikusirik.
Leon, Xepe eta hirurok Dean aurreko sakakuloan eserita geundela porro bat eskuan orduan ere seguru askorik gutako norbaitek, Xeperen ama ikusi genuen eguarte batean kale nagusitik zehar enparantza nagusia zeharkatzen, erosketetako gurditxotik tiraka, guregandik hogei edo hogeita hamar bat metrora. Xepe arkupean ezkutatzeko asmoz mugitzen hasi orduko, guregana begiratu zuen zuzen-zuzen izeba Claudiak. Ez zegoen dudarik: ikusi egin zuen semea. Ezkutatzea ergelkeria hutsa izango zela jabeturik, sakakuloan eserita gelditu zen Xepe, arnasa etenda, urduri, amari begira. Xeperen amak ez zuen ordea berriro guregana begiratu. Aurrera jarraitu zuen gurditxoa atzean zuela, bere semea ezagutu ez balu bezala. Gu mutu geratu ginen izeba Claudiari begira. Ez genuen ezer esan hura eta bere gurditxoa begien bistatik galdu genituen arte. Gero barruan geratu zitzaigun mina, bai niri behintzat eta baita seguru asko Xeperi ere, nahiz eta horretaz inoiz ez zidan ezer komentatu.
Baina jakinekoa da, harengatik mila nahigabe nozitu izanagatik ere, ama batek ez duela inoiz bere semea ahazten. Telefonoaren txikizioaren ondoko ostegun arratsaldean harri eta zur geratu ginen Xepe, Mirari, Periskopio, Txus eta baskako beste batzuk, gaztetxeko barraren inguruan berriketan ari ginela, Xeperen ama guregana hurreratzen ikusi genuenean. Berriketak kolpetik eten eta mutu geratu ginen, eta gu bezala mututu ziren gaztetxean une hartan zeuden hiruzpalau basketako kide guztiak ere. Gureganaino iritsi gabe, pauso batzuetara gelditu zen izeba Claudia eta keinu bat egin zion bere semeari. Giroa erabat aldatu bazen ere, Cicatrizen diskoak diskogailuan jiraka jarraitu zuen.
Asaldatu egin zen hasieran Xepe baina, urduritu edo sumindu gabe, tenple onean egin zion aurre egoerari. Dena den, haserre bortitzik izan ez bazen, besarkada maitekorrik ere ez. Isil-isilik eta zurrun-zurrun hurreratu zen semea amarengana, hark esateko ziona entzutera. Gutxi iraun zuen solasak, minutu pare bat asko jota. Ondoren, nork bere lekura jo zuen: amak kanporantz, Xepek gure artera.
Etxera bueltatzeko eskatu zidak esan zigun Xepek, serio-serio hizketan baina bere ezpain meheen irribarre urduria eragotzi ezinik. Lan bat egiteko aukera eskaini didatela eta onena etxera joatea dudala. Etxera bueltatzen banaiz lan hori egin ahal izango dudala, baina bestela inola ere ez, ez didatelako lana zeinek eskaini didan esango. Txantaje merkea.
Lana? Zer lan ordea? galdetu zion Mirarik.
Ez zakinat. Horixe dun kontua. Etxera bueltatu artean ez zidan ezer esango. Nire gustuko lana izango dela besterik ez zidan esan.
Ea ba nirekin edariak partitzea baino hobea den gutxienez bota zion Periskopiok.
Ez pentsa, Kopio, ez duk erraza izango. Ondo pasatzen genian batzuetan, ezta?
Zerbeza partitzen baino zerbeza edaten hobeto. Hori beti.
Eta...? harira itzuli nahi izan zuen Mirarik. Zer egin behar duk?
Ez zakinat. Esan zionat pentsatuko dudala. Bazaukanat zulo kutre honetatik irteteko gogoa, ez pentsa! Baina etxera bueltatzea ere... Puaj! Tripak nahasten zaizkidan pentsatze hutsarekin! Hau botakagura!
Ezer jakin gabe oheratu baginen ere, historiak gogoan hartuko zuen eguna zen hura, garrantzi handiko gertaera latza jazo baitzen 1984ko martxoaren 22ko gau hartan, beste mobida batekoa izan arren gaztetxean ere arrastoa utziko zuena. Gaueko hamaikak inguruan Espainiako Polizia Nazionaleko GEO saileko polizia batzuek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten Pasaiako badian, eta beste bat atxilotu. Itxura guztien arabera eta oraindik ere kartzelan jarraitzen duen atxilotuak baieztatu zuenez, Komando Autonomoetako kideak zuzen-zuzen hiltzea zuten helburu GEOkoek eta hil zituzten laurei ez zieten beren buruak entregatzeko aukerarik batere eman. Azpeitiarrak ziren hildakoetako bi: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo.
Nik garai hartan ozta-ozta nekien Komando Autonomoak ETAtik apartekoak eta ETAk gaitzetsiak zirela, eta gure inguruko askok ezta hori ere, Xepe horien artean. Beste zenbaitek, berriz, Komado Autonomoen jarrera eta jokabideen berri ondo jakinik ere, ez zuten gaztetxea haiekin lotzerik nahi; ez haiekin eta ez ETArekin, gaztetxea herri mailako ekinbidetzat zutelako batez ere, eta lotura haiek gaztetxea markatu eta mugatu egingo ote zuten beldur zirelako. Baina beste batzuentzat, Antijos, Xingular eta Urrategirentzat batik bat, Komando Autonomoak garrantzi handiko erreferentzia ziren eta biziki amorrarazi zituen HBk Pasaiako sarraskiaren ondoren erakutsi zuen jarrera epelak.
Xepek eta bere baskakoek aurreko larunbat gauean egindako txikizioak erabat ahazturik, Pasaiako badiako hilketa izan zen ostiral hartako asanbladako gai bakarra. Igandean enparantza nagusian sarraski haren aurka protesta egiteko enkartelada egitea izan zen asanblada hartan hartu genuen erabaki nagusia. Baina Antijos, Xingular eta Urrategik, Polizia Nazionalak egindako sarraski odoltsu eta ankerra salatzeaz gain, HBren jarrera kritikatu zuten gogor, ETAk egindakoa beti ontzat hartu eta ETAtik aparte ezer egiten saiatzen diren guztiak herriaren etsaitzat hartzen zituela esanez. Bolada hartan sakondu egin zen HBkoen eta gure artean zegoen leizea.
Nolanahi ere, Xeperi, gaztetxeko beste askori bezala, ez zitzaizkion asko axola ezkerreko ikuspuntu politiko ezberdinen arteko eztabaida eta konponezin haiek. Xeperen errebeldia, gaztetxeko beste askorena bezala, oso sinplea zen kontu haien guztien aldean. Inguruko gizartearekiko eta gizarte horretako jende eta gauza gehienekiko sentitzen zuen muin-muineko gorrotoan zuen oinarria.
Ba al dakizue zer izan behar duen gaztetxeak?
esan ohi zigun askotan. Birusa. Birus likits eta higuingarria, gizartearen erraietan sartu eta dena behin betiko ustelarazten poliki-poliki.
Beste kezka batzuk zituen, gainera, Xepek buruan egun haietan: amak aipatutako lan eskaintza onartu eta berriro etxeko giro jasanezinera itzuli ala gaztetxean usteltzen jarraitu, bakardade kutre eta hotz hartan. Aukera onik ez behintzat parean Xeperentzat.
Dena aurka izan arren, nahiz eta, hala eguneroko premia oinarrizkoen aldetik jan, edan, garbitu, jantzi... nola afektibitatearen aldetik, oso egoera urri eta larrian bizi, ordura artean gogor eutsia zion bere askatasunari Xepek, baina gaztetxean ere inoiz baino itoago sentitzen hasia zen ordurako. Okerrena ez zen telefonoaren txikizioak Antijos, Urrategi edo beste zenbaiten haserrea piztu izana. Haserre horiek berehala geratu ziren ahaztuta eta hala izan ez balitz ere ez zen horregatik asko ikaratuko Xepe. Okerrena zen telefonoa txikitu eta gero Xepek ez zuela zer eginik gaztetxean. Hustua zuen barrena, emana zuen eskuzabal eman beharrekoa, inork estimatu edo eskertu ez bazion ere. Badakit hitz horiekin esatea bitxia izan daitekeena, adarra jotzen ari naizela pentsarazteko bezain bitxi beharbada, baina hitz horiexek iruditzen zaizkit niri egokienak neure ikuspuntua azaltzeko.
Amak gaztetxean aipatua zion lan eskaintza, zehaztu gabea bazen ere, tentagarria zen, gainera, Xeperentzat. Guri ezer esan nahi izan ez zigun arren, amak Xeperi lan eskaintzaren inguruko datu garrantzitsu bat emana baitzion behintzat solasaldi labur hartan, ardi beltza artaldera bideratzeko bere ahaleginean lagungarri izango zitzaiolakoan: aktore gisa lan egiteko deia zen izeba Claudiak Xeperentzat etxean, telefono bidez, jasorik zuena. Tranpa bat izan zitekeela ere pasatu zitzaion burutik, litekeena zen eskaintza haren kontua etxekoek Xepe berreskuratzeko asmatutako amarru gaiztoa izatea ere. Egia izateko itxura zuen ordea. Aktoretzarako probak beti isilean eta ezkutuan eginik zituenez, etxekoek Xepek aktoretzarako zuen grinaren inguruko susmorik txikiena ere ezin izan zezaketen amak aipatua zionaren antzeko telefono-dei bat jaso ezean. Oinarri erreala behar zuen izan gutxienez eskaintza hark, ezin zen etxekoek hutsetik sortutako iruzurra izan.
Bazuen, ordea, bere alde iluna ere etxerako bidea hautatzeak.
Ez diat pentsatu ere egin nahi, Niko esan zidan aste hartan bertan Atraskuko barran izan genuen solasaldi batean, egin beharreko aukeraz zituen zalantzak errepasatu ondoren. Azkeneko asteetan egin dudan dena alferrik izan balitz bezala, berriz ere betiko itomena. Familiak inguratuta gau eta egun. Kate motzean lotuta. Ezer entenditzeko gauza ez denari den-dena esplikatu behar, baita neuk entenditzen ez dudana ere.
Pixka bat edana zegoen eta distira egin zuten haren begiek isilune baten ondoren berriro hizketan hasi zenean.
Ba al dakik, Niko? Nik benetan nahiko nukeena Itsasorekin bizitzea duk. Esnatu eta hura izan ondoan, larrugorritan, goxo-goxo.
Eta Itsaso ere esplikazioak eskatzen hasiko balitzaik, orduan zer?
Horretan arrazoia daukak, Niko. Hortxe zagok koska. Ez zakiat Itsasok ere naizen bezala entenditu eta bere ondoan hartuko ote ninduen. Parrandazale gogorra duk, gau giroa gustatzen zaiok, eta talde punkiak, birrak, speed-a... Baina señorita samarra ote den ere pentsatzen diat batzuetan.
Igual justu horrexegatik gustatzen zaik.
Hara gure psikologoa!
Barra atzean asko ikasten duk, Primo!
Artean erabakia hartu gabea zen Xepe larunbat gauean, edota bere erabakia inori adierazi gabea behintzat. Niri asko gustatzen zitzaidan talde bat izan genuen gau hartan gaztetxean zuzenean jotzen: Matrona Impúdica, Arrasateko talde bikaina, oraindik ere izena aipatze hutsarekin hunkitu egiten nauena. Ez ziren punkiak, after-punki ilunak baizik. Joy Division talde ingelesaren bertsioak egiten zituzten, besteak beste. Zertan ote dira Matrona Impúdicako kideak gaur egun? Bizi ote dira? Gizon zintzo eta errespetagarriak bihurtu ote dira urteen poderioz? Hala izanik ere, gordeko dute barruan urte haietan ezagutu genien alderdi ilunaren aztarnarik. Ziur naiz horretaz.
Niri bezala, Antijos, Pipi, Presto eta beste zenbaiti ere asko gustatzen zitzaien Matrona Impúdica. Gure artean talde idolatratua genuen hura, apartekoa iruditzen zitzaigulako, harritu eta dardarazi egiten gintuelako moda eta errazkeria guztietatik kanpo zegoen soinu ilun, barnekoi eta beldurgarri hark. Gaztetxearen eta gaztetxearen inguruko mugimendu eta ekimenen bitartez gure gurasoen munduarekin hautsi eta mundu berria sortu nahi genuen, eta Matrona Impúdicaren kontzertuetan horretantxe ari ginela sentitzeko aukera izaten genuen, indar eta ziurtasun handiz, zoramen euforiko bete-betean. Nola ahaztu, esate baterako, Joy Divisionen Decades kantaren bertsioak sentiarazi zidan hotzikara zirraragarri hura?
Ondo pentsatuz gero, mundu berri bat sortzen ari ginelako zirrara sentitzeko bide ugari eskaini zizkigun gaztetxeak, era askotakoak eta oso ezberdinak gainera, eta Matrona Impúdica, bere ederrean ere, horietako bat baino ez zen. Esate baterako, Xepe, Txus edo Mirarik, nahiz eta Matrona Impúdica bezalako taldeei errespetua izan, beste talde batzuk zituzten antzeko zirraren eragile: La Polla Records, RIP, Eskorbuto, Cicatriz, Cirrosis, Optalidón, Basura, Odio edo Bap!! bezalako talde gogor eta zuzenagoak. Eta batzuetan ez zen derrigorrezkoa talde bat ekartzea ere: eszenategi gainera igo eta play back eginez Sex Pistolsen kantak kantatu bitartean bere lagunen listukadak jaso zituenean, mundu berri bat zabaltzen ari zela sentituko zuen Txusek, eta baita hari behetik tu egiten ari zirenek ere, nahiz eta mundu berri baten premiarik sentitzen ez zutenen ikuspuntutik Julen jarraitxoarenetik adibidez horrelako ateraldiak ergelkeria itsusi, zentzugabe eta arriskutsuak baino ez izan.
Matronakoen musikak hotzikara handirik eragiten ez zionez, Xepek ez zuen emanaldi hura gertutik jarraitzeko grina berezirik, eta gaztetxeko barran geratu zen lanean, Mirarirekin batera. Bere ametsetako Itsaso izan zen Matronakoak zuzenean jotzen ari zirela hurreratu zitzaizkion bezeroetako bat. Oso ondo egokitzen zitzaion kontzertu hartarako aproposa zen larru beltzezko janzkera after-punkia, adats leunak luze eta aske zituela. Alai eta irribarretsu zegoen, pozik, bizi-bizi.
Hara, gaztetxeko nagusia bota zion Xeperi barrara inguratu zenean.
Nagusia? urduri Xeperen ezpain meheek.
Hi haiz hemen bizi haizen bakarra, ezta? Hire etxean gaudek guztiok.
Xepe ez zen solasaldi hari zegokion umoreari heltzeko gauza.
Nire etxean?
Jakina, hire gonbidatuak gaituk. Ez al da hala?
Bai zera!
Xepek zer esan asmatu gabe jarraitzen zuenez, Itsasok solasaldi hura bertan behera uztea erabaki zuen.
Bueno, ba, kontuak kontu, hemen nagoenez, pote batzuk aterako dizkidak, ezta?
Zer nahi dun?
Hiru gin-kas, bi kuba-ron eta bi birra.
Gaizki pasatu zuen Xepek gin-kas eta kuba-ronak prestatzen, edari xelebre haien ohiko neurriak ez baitzituen ondo ezagutzen. Itsaso zalantza traketsez egindako bere mugimenduei begira egongo zela pentsatzeak are urduriago jartzen zuen gainera.
Xepek bi garagardoak eta bi kuba-ronak barran utzi zituenean, lau edalontziak eskuetan harturik galdu zen jende artean Itsaso. Berriro barrara hurreratu, zazpi tragoak ordaindu eta Xepek barra gainean utziak zituen gainerako hiru edalontziak hartu zituen. Jiratu eta berriro jende artean galdu baino lehen begi kliskada iradokor batez egin zion keinu Xeperi despedida gisa.
Hiru gin-kas, bi kuba-ron eta bi garagardo, zazpi laguneko baska zen gau hartan Itsasorena. After-punk itxura dotoreko zazpi lagunek osatutako baska, neska-mutil itxurazko eta ederrak guztiak. Itsaso eta beste hiru lagun azkoitiarrak ziren baina gainerako hirurak Eibarkoak, bi mutil eta neska bat, Xeperentzat ezezagunak guztiak. Pipi eta Antijosi erreleboa utzi, barratik irten eta Mirari, Txus, Periskopio, Lu eta Kantxarekin elkartu zenean, Itsaso eta bere lagunengan zuen gogoa Xepek, eta, bai gaztetxean eta bai gainerako tabernetan, parean izanez gero baska hartakoak zeuden aldera begiratzen zuen zeharka behin eta berriro. Ez zion Xeperi konfiantza handirik ematen bere bihotzeko Itsaso desiratua lagun haiekin ikusteak. Haiek ez ziren bera bezalakoak. Mundu sofistikatu hartako mutilak ote ziren Itsasori gustatzen zitzaizkionak?
Goizaldeko bostak inguruan hiruzpalau baska baino ez ziren geratzen gaztetxean, Itsaso eta bere sei lagunena horietako bat, eta Xepe, Mirari, Txus, Periskopio eta abarrena beste bat. Xepe komunetik buelta egin eta berriro bere baskakoengana itzultzen ari zela, Itsaso, bere baska utzirik, harengana hurbildu zen.
Hi, Xepe, mesede bat eskatu nahi diat esan zion, leun, apal.
Esan.
Hik hemen egin behar duk lo gaur, ezta?
Bai, beti bezala, badakin...
Kontua duk ba... nik ere ez daukadala gaur etxean lo egiterik eta inporta ez bazaik hemen geratu nahi nikek...
Une batez amets batean zegoela iruditu zitzaion Xeperi, bihotza lehertzear zuela.
Bai, ondo... Lekua nahikoa zagon...
Zenbat koltxoi dauzkak?
Hiru edo lau zauden baina bi oso-oso zaharrak...
Eta mantak?
Dexente. Eta lo egiteko zaku bat ere bai behar izanez gero.
Hortaz, moldatuko gaituk. Hik aldameneko gelan lo egiten duk, ezta?
Xeperen burua nahastuta zegoen. Berez oso garbi zegoen arren, ez zen artean ere neskak benetan zer nahi zuen ulertzeko gauza.
Bai...
Ba koltxoi bat eta manta batzuk hona ekarri eta gu hementxe moldatuko gaituk urduri samar mintzatu zen une hartan Itsaso, aretoari gainbegirada bat ematen zion bitartean. Ez diagu molestatuko.
Jakina. Ezin zen bestela izan. Eibarko guaperas haietako baten ondoan egin nahi zuen lo Itsasok, tarteka belarrira kontu txikiak esaten aritu zitzaion harexekin seguru asko.
Ez zebilen oker Xepe. Gainerako guztiek aldegin eta gaztetxea itxi zuenean huraxe izan zen Itsaso eta berarekin batera geratu zen bakarra. Eibarko beste neska-mutilak ere joanak ziren, autoa hartu eta beren herrira itzuliak seguru asko, baina beste hura ez, beste hura hantxe zegoen artean ere, Xepek beretzat nahiko zukeen altxorraren jabe: gau oso bat Itsasoren aldamenean.
Itsasok planeatu bezala, areto nagusira koltxoi bat eta burusi batzuk eraman eta hantxe egin zuten lo eibartarrak eta biek. Loak hartu aurretik, ordea, gaztetxeko horma zaharretatik zehar Xeperen belarrietaraino mingarri heldu ziren aiuri, alarau, urruma, orroa, marruma eta arrantzak eginarazi zizkien plazerraren zoramenak.
Ez zitzaion erraza izan loak hartzea baina eguna ondo argitua zen Xepe esnatu zenerako. Itsaso eta eibartarra ere esna zeuden, areto nagusitik Xeperen gelaraino heltzen ziren hainbat mugimenduren zarata definigaitzek salatzen zutenez. Halako batean oinotsak entzun zituen Xepek areto nagusitik kanpora, korridorean lehendabizi eta eskaileretan behera gero.
Pixagalez larri, jaiki eta, galtzontzilotan, komunera jo zuenean, gaztetxean bakarrik geratu zelakoan zegoen Xepe, baina ezustean Itsasorekin egin zuen topo korridorean. Komunerantz zihoan hura ere, baina Xepe baino are biluziago, larrugorri bizian.
Barkatu esan zuen Xepek dardarka, baina ez zuen atzera egin. Errotik moztua zitzaion pixagalea. Itsasoren gorputzari begira geratu zen liluratuta.
Ez zagok zer barkaturik, Xepe naturaltasun osoz hitz egin zion Itsasok, biluztasun erabateko hartaz lotsatu gabe, ezer estaltzeko keinurik egin gabe. Hiri tokatzen zaik lehena joatea komunera, heure etxean hago eta.
Aztoraturik, urduri, komunean sartu eta, estuasun hartan, pixa egiteko gauza ere ez zen izan Xepe. Irten zenean Itsaso komunerako txandaren zain aurkitu zuen, bularretakoak eta kuleroak jantzita ordurako.
Itsasok komunetik irten eta arropa guztiak jantzi zituenean, bion artean eraman zituzten koltxoia eta burusiak areto nagusitik Xeperen gelaraino. Emandako laguntza guztiarengatik eskerrak eman zizkion Itsasok Xeperi gaztetxetik irten baino lehen.
Portatu haiz, Xepe. Tipo legala haiz benetan.
Diskogailuan musikarik jarri gabe, areto nagusiko leihotik kale aldera begira geratu zen Xepe. Gaztetxeko kanpoko atetik irteten ikusi zuen Itsaso, bere amets galdua, kalean aurrera gero eta urrunago, etxerako bidean. Itsaso begien bistatik galdu eta gero ere leihotik begira jarraitu zuen Xepek. Ez zegoen mugimendu handirik. Gazte jenderik batere ez. Ogia eta egunkaria eskuan hartuta etxera itzultzen ari ziren gizonezko zein emakume asko, bakarrik gehientsuenak. Batzuk hala ere presarik gabeko berriketan lotzen ziren kale erdian.
Ba al dakik zer etorri zitzaidan burura Itsaso gaztetxetik irteten ikusi eta gero? galdetu zidan Xepek, Itsaso biluzik ikusteko hain abagune iheskorra eman zion egun hartako gertaeren kontaketa amaitu zuenean. Aspaldian ikusi gabeko lagun zaharra: nire Mobylette gorria. Hura behar nian gaztetxetik eta herritik ihes egiteko.
Baina ez zuen kontsolamendu hori ere izan, motorra gurasoen etxapeko garajean ondo gordea zegoen eta.
Ez dut uste loak hartzeko adina barne bake izango zuenik, baina leihotik begira aspertu zenean ohean sartu zen berriro Xepe. Asanbladan erabaki bezala, Pasaiako badiako sarraskia salatzeko enkartelada egitekoak ginen eguerdi hartan eta kartelen bila gaztetxera joan ginenean hantxe aurkitu genuen Antijos, Xingular eta hirurok. Beheko pisuko armairu zahar baten barruan giltzapean gorderik geneuzkan kartelak eta Xeperen gelaraino sartu behar izan genuen hari armairuko giltza eskatzeko.
Oraindik lotan, Xepe? komentatu zion txantxetan Xingularrek. Horrela ez diagu berehala reboluzioa egingo.
Buru barruan izango dik honek reboluzioa seguru asko, ez al da hala, Xepe? komentatu nuen nik, txantxa giro hari egoki iritzirik, Antijos eta Xepek astebete lehenago izandako liskarra gogoan.
Beheko armarioko giltzarik ba al daukak? galdetu zion, lehor, txantxarik gabe, Antijosek.
Altxatu gabe eta ezer esan gabe, gaumahaitik giltzatakoa atera eta Antijosen eskuetara bota zuen Xepek.
Gaur ez al daukak telefonoak txikitzeko gogorik?
bota zion mesprezuz Antijosek gelatik irten aurretik. Gaurkoa duk ba egun aproposa horretarako.
Xingular eta biok ez genuen asmatu zer esan eta Xepek ere ez zion ezer erantzun Antijosi. Gorputza jiratu eta burua besoekin estaliz guregandik isolatzeko keinua egin zuen.
Antijos eta Xingular korridorean zirela, lehengusuari animoak emateko ahalegin txiki bat egin nahi izan nuen.
Hator gurekin, Xepe. Erakutsi iezaiok Antijosi barruan daukaan indar hori.
Besoak destolestuz eta burua altxatuz isolamendua hautsi eta haserre egin zidan oihu orduan:
Nik ez zaukaat inori ezer erakutsi beharrik. Sartu ezazue zuen reboluzio perfektu hori ipurtzulotik!
Xepe gabe egin genuen, noski, enkartelada eguerdi hartan. Hogeita hamar lagun inguru bildu ginen eta, nahiz eta, igande eguerdiko ordu batetik aurrera beti gertatu ohi zen bezala, jende asko ibili kalean, ez zen batere istilurik sortu. Hori bai, badaezpada ere eguerdi hartan egin behar zuen emanaldia bertan behera uztea erabakia zuen aldez aurretik Udal Musika Bandak.
Gu kalean enkartelatuta geunden bitartean, gelan zeuzkan trasteak plastikozko boltsa batean bildu eta boltsa eskuan hartuta etxera jo zuen Xepek isil-isilik. Lau asteko erbesteratze baten amaiera zen hura. Lau aste gogor eta ahaztezin baitzituen emanak Xepek etxetik kanpo, gaztetxean apopilo.
Amak zabaldu zion atea etxean, besarkadarik gabe, musurik gabe, ezpainetaratu nahian zebilkion irribarrea uxatzeko ahaleginetan.
Etorri zara azkenean ere. Pasa, pasa, eta dutxa bat har ezazu oraintxe bertan, Jainkoaren izenean. Hori da hori kristauaren itxura!
Etxe barruan sartu eta korridorean pixka bat aurrera eginik, aldamenera begiratu eta Joxe Ramon eta aita ikusi zituen egongelako telebista aurrean eserita, tenis partidu bati begira. Egongelan sartu gabe, ate ondotik agurtu zituen Xepek aita eta anaia. Ez zekien zer esan, zer egin, non sartu.
Zer? Interesantea partidua?
Bizi al haiz? esan zion aitak, besaulkitik altxatu gabe. Konturatu al haiz behingoz etxean baino hobeto ez hagoela inon? Ba ez ezak sekula ahaztu ikasitako lezioa. Aditu al duk?
Ikusteko dago honek ezer ikasi ote duen, aita pozoina zerien Joxe Ramonen hitzei. Oraingoz bazkari gozoaren usainera etorririk izango da hau, aspaldian ganorazko jatordurik egin gabe egongo da eta.
Ezer gehiago esan gabe dutxara jo zuen Xepek, Anjel Mari inguruko herriren batera futbol partidua jokatzera joana seguru asko etxean ez egokitzea zorte handia zela pentsatuz, bestela seguru asko are gogorragoa izango baitzen une zail hura.
Bazkalorduan, aitzitik, ez zen inor sartu Xeperekin. Aldez aurretik Xeperi errietarik edo galdera konprometiturik ez egiteko ados jarriak zirela zirudien. Baina hala ere amak nahigabe handia eman zion zorioneko lan eskaintzaren misterioa argitzean. Aurrezki Kutxa Munizipalak telebistarako egin behar zuen spot publizitarioan parte hartzeko aukera zuen Xepek, baina oso lan eskasa zen hura: ordubete baino gehiago ez zuen pasatuko estudioan, ez zen segundu bakar batean baino agertuko pantailan eta irabaziko zuen dirua huskeria miserablea izango zen, bidaia eta bazkaria ordaintzeko lain doi-doi. Gezurra izan gabe ere, tranpa ustela izan zen, beraz, lan eskaintzarena, nahiz eta amak bazuen erabilitako amuaren eskasia zuritzeko arrazoibiderik: apala izan arren, eskaintza hura beste bat edo batzuen abiapuntu izan zitekeela agian... Xeperen arima ez zegoen, ordea, egun hartan esperantzarekin adiskidetzeko moduan, nahigabearen eta etsipenaren mende baizik. Geratzen zitzaion ilusio bakarra zapuztua zion albisteak.
Bazkalondoan, loroari eta Mobylette gorriari heldu zien Xepek etsi-etsian, munduarekin lotzen zuen soka bakarra azken lau asteetan berarengandik urrun izandako bi gauza haiexen hariek baino osatuko ez balute bezala. Loroan RIPen zinta sartu, bolumena altuenean jarri eta, aurikularrak belarrietara itsatsita, Urrategi mendi auzunera jo zuen motorrean, Mahoma kantariaren ahotsak akuilatua: «Enamorado de la muerte, su belleza me atrapó...» Ondo ezagutzen zuen bide hura eta, aldapak eta motorraren indar eskasak uzten zion neurrian, bizi-bizi jo zuen gorantz, zuzenguneetan azeleragailua azken muturreraino teinkatuz eta bihurguneetan ahalik eta gutxiena nasaituz. Gora heldu baino kilometro eta erdi bat lehenago bazen beti azeleragailua doi-doi nasaitzea eskatzen zion bihurgune itxi samar bat. Handik pasatzean beti galdera bera bururatzen zitzaion: zer gerta ote zitekeen bihurgune hura azeleragailua nasaitu gabe ematen saiatuz gero? Baina egun hartan bere barruko desosegu amorratuak hartaraturik galdera temoso hari behingoz erantzun zuzena aurkitzeko egin beharreko ikerlanari ekiteko prest zegoen Xepe.
Banekian erori egin behar nuela, banekian, eta erori egin nahi nian, zartada handia hartu nahi nian... Baina bai zera! Belaunean urratu txiki bat besterik ez... Motorra, berriz, hura bai ederki, bere kasa tranbalaka bidean aurrera lehenengo eta pendizean behera gero, txikitu arte. Kaka zaharra!