Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—XI—

 

Gure erreibindikazioei eta negoziazio proposamenei jaramonik egin gabe, gaztetxe berria noiz eta nola zabalduko zen argitu baino lehen hartu zuen udal batzarrak gaztetxe zaharraren edifizioa behera botatzeko erabakia. Ez zuten data zehatzik aipatu baina aurki gaztetxea hustu eta utzi egin beharko genuela gaztigatu ziguten, eta egoera hartan bide bakarra ageri zitzaigun berriro ere begi aurrean: kaleko borrokari ekin eta gure gaztetxeari eutsi. Orduan, bide horretatik, ideia berezi eta anbiziotsua bururatu zitzaigun, itxura batean eraginkortasun handikoa izan zitekeena baina baita oso gogorra ere, batzuen aldetik behintzat oso sakrifizio handia eskatzen zuelako: gose greba indefinitua. Bost bolondres aurkeztu ziren asanbladan asmo hura aurrera eramateko prest: Antijos, Xingular, Urrategi, Trino —Itsaso, David, Poli eta abarren baskako mutil isil bat— eta Xepe.

        Osteguna zen, 1984ko apirilak 26, arratsaldeko zazpi eta erdiak inguruan, bost gose grebalariak, baimenik gabe baina haiekin bat egiten genuen hogeita hamar bat gazteren laguntzaz, udaletxeko batzar areto nagusian sartu zirenean. Ez genuen oztoporik izan barrura sartzeko. Ate guztiak zabalik eta libre aurkitu genituen, udaltzainek ez baitzekiten mobida hura egiteko asmoa genuenik. Gure erreibindikazioak agertzen zituzten pankartak ezarri genituen hormetan. «Gaztetxearen alde gose greban», jartzen zuen gose grebalarien egonlekuaren atzealderako prestatu genuen pankarta erraldoiak; besteetan ohiko leloak ageri ziren, «Gure etxea, gaztetxea» eta antzekoak. Airean berehala zabaldu genuen haxix usaina bitxia gertatzen zen hain areto ofizial, dotore eta handi-mandian. Zorua, berriz, han eta hemen sakabanatutako trastez beteta zegoen: ur botilak, gose grebalarien koltxoiak, lo-zakuak, liburuak —Eneko Landaburuk horrelakoetarako aholkuak emanez idatzitakoa ere han tartean zen, noski—, arropa poltsak... Aurretik abisatua zegoenez, Egin egunkariak Azkoiti-Azpeitietan zuen korrespontsala ere etorri zen Azpeititik, argazki kamerarekin eta apunteak hartzeko koaderno txikiarekin. Mugimendu handia izan zen arratsalde osoan baina, jakina, iluntzean gure bost heroiak bakarrik utzirik etxera joan eta afaltzeko ordua iritsi zen guretzat. Esther, Presto, Lu eta beste batzuek, hala ere, gauerdira arte hantxe geratuko zirela erabaki zuten, gose grebalariei laguntzen.

        Biharamunean jakin nuen nik, ikaratuta, gau hartan gertatutakoaren berri. Gaueko hamaikak inguruan, kolore batekoa zein bestekoa Polizia beti Polizia dela erakutsiz, eta beti bezala Udalaren aginduak zintzo jarraituz, udaltzainek, Roberto sarjentua buru zutela, porrak astinduz eta gas negarrarazleak jaurtiz, udal batzar areto nagusitik egotzi egin zituzten bost gose grebalariak eta haiekin batera geratzen ziren hiruzpalau lagunak, istilu latzen ondoren. Gazteak udaltzainen erasoari eusten saiatu ziren eta oso gogorra izan zen bi aldeen arteko borroka: porrakada, ukabilkada eta era guztietako kolpe ugari, aulki eta mahaiak airean, kristal hautsiak, denak gasaren indarrak ito beharrean...

        — Ez zegoan nirekin ahaztuta putaseme hori —komentatu zidan Xepek biharamunean, eskuineko betondoa ubeldu eta handiturik zuela, Roberto sarjentuari buruz hizketan—. Ondo berotu naik txapete hostia horrek, bai, baina bereak ere hartu behar izan ditik, ez pentsa! Txakur kabroi zikina!

        Ez dakit inoiz egin izan ote den mundu osoan Antijos, Xingular, Urrategi, Trino eta Xepek apiril hartan egin zutena baino gose greba laburragorik. Apenas gosetzeko astirik ere utzi zieten! Hobe izango zuten Eneko Landabururen aholkuen ordez karate pixka bat ikasteko eskulibururen bat izan balute eskueran. Baliagarriagoa izango zuten, alafede!

 

 

Pipik berriro ere esamina garrantzitsua zuenez, gose greba frustratuaren biharamun arratsaldean ere gaztetxeko barraren ardura hartu zuen Xepek. Etxetik gaztetxera bidean zihoala, herriko enparantza nagusitik pasatzean junkieak, ohi bezala, enparantzaren atzealdean ikusi zituen, Dean tabernaren ataritik udaletxe ondorainoko tarteko harmailetan eserita: Txus, Kantxa, Leon, David, Poli, Sanson... Xepe ikusi bezain laster, eserita zegoen harmailatik jaiki eta harengana hurreratzen hasi zen Txus, eskua altxatuz eta adiskideari deika.

        — Xepe! Xepe!

        Aurreko astean Leon eta Txusekin izandako iskanbila gogoan zuela, urduri samar zeharkatu zuen Xepek enparantza Txusengana hurreratzeko.

        — Hi, Xepe, kontu bat... —hasi zen herabe eta apal hizketan Txus biak enparantza erdian elkartu zirenean, baina, Xeperen begitartearekin harriturik, ezin izan zuen jarraitu—. Baina zer egin diate begian?

        — Sarjentu hostia hori.

        — Bart gaueko mobidan?

        — Bai.

        — Putaseme horrek ez zaukak barkamenik.

        — Eman nioan bueltakoa ere, ez pentsa! Eta berriro ere aukera izanez gero...

        — Hi, Xepe, mesede bat egin behar didak —eten zion Txusek, bereari heltzeko presaka.

        — Heuk esan.

        — Ez haiz nirekin moskeatuta egongo, ezta?

        — Ez, motel! Zergatik ba?

        — Joan den astekoarengatik.

        — Ni hirekin ez behintzat. Eta heu nirekin?

        — Ez, ez. Guk geurea egin nahi genian baina hik ere egin beharrekoa egin huen. Horrelaxe tokatu zuan, besterik gabe. Horrelaxe izaten dituk askotan kontuak, ez al zaik iruditzen?

        — Ez zakiat. Gero pentsatzen jardun nian, eta igual gogorregi jokatu ote nuen ere...

        — Bueno, ahaztuta zagok hori orain, Xepe. Eta ez duk berriro antzekorik gertatuko. Orain mesede bat eskatu nahi diat... Mila duroko bat behar diat zor batzuk pagatzeko. Laster bueltatuko dizkiat, datorren astean bertan, seguru-seguru, Xepe.

        — Mila duro? Ederrari eskatu dizkiok! Hik badakik nik ez daukadala zakarrik, Txus.

        — Mila duro ez bada ere talego bat izango duk gutxienez, ezta? Ez al gara ba lagunak, Xepe?

        — Aspaldikoak gainera... Baina... —mila pezetako biletea atera zuen poltsikotik.

        Burura etorri bazitzaion ere, ez zuen bihotzik izan Txusi diruarekin zer egin behar zuen galdetzeko. Eskaleei limosnatxoa eman eta ardotan ez gastatzeko ohartarazten dietenen jokabide hipokrita gogorarazi zion galderak.

        — Lasai, datorren astean eskuan izango duk berriro —esan zion Txusek, Xepek poltsikotik ateratako biletea eskuan hartu eta atzera beste junkieak eserita zeuden harmailetarantz itzuliz—. Portatu haiz, Xepe!

        Enparantza erdian bakarrik eta geldirik ez zuela ezer egiten konturatuta, gaztetxerako bideari jarraitu zion Xepek.

        Arratsaldeko laurak inguruan, erratza pasatu ondoren gogo handirik gabe zorua fregatzen ari zela, ezusteko bisitaldia izan zuen.

        — Hara gure gose grebalaria fregona gogotik astintzen —ezustean harrapatu zuen Itsasoren ahotsak atzealdetik.

        — Gogotik, gogotik, ez oso gogotik, ez pentsa —erantzun zion urduri Xepek Itsasori, fregona astintzeari utzita, eta bere ametsetako neska ez zela gaztetxean bakarrik sartu ikusi zuen, lanbide heziketa eskolan ikaskide zuen beste neska batekin baizik, Nerearekin.

        — Hostia! —atera zitzaion Itsasori Xeperen betondo ubela ikustean—. Begikoa bart egin al diate?

        — Bai, sarjentu putaseme horrek. Berak ere jaso zitinan batzuk, ez merezi adinakoak baina... Zer hartuko duzue?

        — Bi birra.

        Fregona eta kuboa barra atzean utzi eta garagardoak ateratzen hasi zen Xepe.

        — Hartu ezak heuk ere beste bat —gonbidatu zuen, eskuzabal, Itsasok.

        — Nik beste bat? Baina... —urduritu zen berehala Xepe.

        — Bai, motel, hartu heuk ere garagardo bat eta konta iezaguk bart gaueko abentura hori. Detaile denak jakin nahi ditiagu.

        — Bale, bale... —amore eman zuen Xepek—. Gero ere egongo dun fregatzeko astia, eta fregatu gabe lagata ere...

        Mostradore gainean utzi zituen hiru garagardo botilak.

        — Eta nolatan zuek hemen? —galdetu zien neskei, urduritasuna ezin disimulatuz artean ere, nahiz eta zer kontatua izatea abantaila handia zela jakin.

        — Hementxe, piper egiten —esan zuen Nereak, poltsikotik haxix bolatxoa atera eta porroa egiteko lanari ekinez.

        — Beti bezala —zehaztu zuen Itsasok—. Normalean Etxe-Aitzera joaten gaituk kafetxo bat hartzera baina gaur hona etortzea pentsatu diagu bart gertatutakoen berri jakiteko. Ikaragarria izan omen duk, ezta, Xepe?

        Urduri samar egon bazen ere, izan zuen behintzat Itsasorekin zertaz hitz egina Xepek arratsalde hartan. Ordubete inguru egin zuten Itsaso eta Nereak Xeperekin berriketan, bezpera gauekoaren kontaketarekin hasi eta gaztetxearen arazoarekin jarraituz.

        — Nik uste diat oso ondo egon nintzela —esan zidan egun batzuk geroago Xepek, solasaldi hura gogoratuz—. Lasai eta normal, hizketan, behar bezala. Ondo. Txukun. Neure buruarekin harrituta geratu ninduan. Eta pozik.

        Berak ere ez zekien zergatik, baina Itsasorekin maiteminduta jarraitzen zuen. Hala uste zuen behintzat.

        — Ez zakiat, Niko, ez diat ulertzen zer gertatzen zaidan Itsasorekin. Hortera hostia bat dela iruditzen zaidak batzuetan, snob nazkagarria, baina gero dardarka jartzen nauk harekin pentsatze hutsarekin. Zoratu egiten naik. Zeharo.

        — Eta ez al diok sekula ezer esan behar?

        — Zertarako? Hik uste al duk Itsasok nirekin...? Ez, ez zaidak buruan sartzen.

 

 

Udaltzaingoak ostegun gauean erakutsitako jarrera errepresiboa salatzeko, gaztetxetik abiatu eta alkatearen etxeko kanpoaldeko hormetan pintadak egitera joan ginen tropelean larunbat eguerdian. Hogeita hamar inguru lagun ginen. Tabernan egon beharrik ez nuenez, neuk ere parte hartzea erabaki nuen, eskuetan esprai potorik hartu gabe baina hantxe, nire laguntza emateko prest. Herriko kaskotik aparte samar zegoen alkatearen etxea, eta alkatearen aurka eta gaztetxearen alde oihuka joan ginen haraino. Bidean, nahiz eta gu nora eta zertara gindoazen ez jakin, hainbat arratsaldeonek errietaka ekin eta iraindu egin gintuzten, lotsarik ez genuela, kartzelara joatea merezi genuela eta antzekoak esanez. Alkatearen etxe atarira heldu ginenean, gure oihuak aditurik, haren emaztea eta seme-alabak —bi neska-mutil txiki, hamar urtetik beherakoak biak— atera ziren balkoira. Alkatea ez zen ageri. Kanpoan izango zen. Gu ikusi bezain laster, izuturik, etxeko leiho guztiak itxi zituen alkatearen emazteak.

        Ni ez nintzen batere eroso sentitzen. Banekien arrazoirik ez zitzaigula falta egiten ari ginena egiteko, baina min egin zidaten herritarren irainek eta gogorra iruditzen zitzaidan alkatearen emazte eta seme-alaben egoera. Beldur nintzen, gainera, udaltzainak etorri eta berriro ere istilu latzak ez ote ziren sortuko. Dena lehenbailehen amaitu eta handik alde egitea beste pentsamendurik ez nuen izan buruan Xepe, Xingular eta Luk hormetan gaztetxearen aldeko eta alkatearen aurkako pintadak egiten zituzten bitartean: «Errepresiorik ez», «Gaztetxea gurea da», «Alkaterik gabe hobeto geundeke», «Autogestioa», «Burgesak hil», «No future», «Punk's not dead», zirkulu barruan sartutako `A´ handia... Oso luzea egin zitzaidan tarte hura, amaiezina. Xepek, aitzitik, ez zuen beldur edo kezka handirik. Gogotik astindu zuen hark eskuan zuen esprai potoa barruko pintura guztia ahitu arte.

        — Bueno, Xepe, nahikoa duk —esan zion Xingularrek, egindakoari aski iritzi zionean—. Goazen orain trago batzuk hartzera, gaurkoz nahiko lan egin diagu eta.

        — Egon hadi pixka batean, oraindik ere bazagok hondar bat poto honetan.

        Ezeren jabetzarik gabeko galtzaile marjinala baino ez izan arren, esku artean azken hondarretan zegoen esprai poto haren antzeko gauza ustez baliorik gabekoak baino ez zituen arren, garai huraxe izan zen Xeperen arorik beteena. Xeperen urrezko aroa. Urre hori, azken batean, are galtzaileago izateko bidea baino ezin zabaldu zion borroka batek ematen zion, baina hori ez zitzaion axola. Benetakoa eta bere-berea zen urre hura eta hori zen funtsezkoena. Ez zen urrea irabazteko egindako borroka. Borroka bera zen Xeperentzat urregorri.

 

 

Ez zen haatik dena urre izan orduan ere, noski. Beste askotan bezala, etxean bereak eta bost entzun beharra egokitu zitzaion Xeperi egun hartako bazkalorduan.

        — Zuenak ez zaukak izenik, mekaguen La India! —esan zion aitak—. Zuek ez duzue ezer merezi. Hara, halako batean kartzelara eramango bahindute poztu egingo nintzatekeela iruditzen zaidak. Benetan esaten diat, aditu al duk? Ez pentsa nik ezer ere egingo nukeenik hi kalera ateratzearren.

        — Tira, Pedro, Jainkoaren izenean, ez ezazu horrelakorik esan —asaldatu zen ama.

        — Ba, egia esanda, merituak egin dituzte, ama, bai honek eta bai osterantzeko denek —zehaztu zuen, zorrotz, Anjel Marik—. Nik ez dakit nola ametitzen diegun egiten duten dena. Sekulako kaltea egiten ari zaizkio herriari eta guk hala ere dena libre lagatzen diegu. Dena barkatzea ere ez da ona.

        — Pentsatu ere ez dute egiten hauek —eman zuen bere ikuspuntua Joxe Ramonek—. Aldrebesak dira, kalamidade hutsak. Ez hanka eta ez buru. Jakin jendea kontra jartzea besterik ez dutela lortuko baina hortxe hala ere, hautsi kristalak, egin pintadak, narrastu bazterrak...

        — Ez al duk ezer erantzun behar? —ia-ia mehatxua zen aitaren galdera—. Kalean oihuka eta hemen mutu, ezta? Hemen jan, lo eta gurasoei dirua eskatu. Baina hitzik ere ez, ezta? Zertarako? Etxe honetan ez diagu zuen ideia handi horiek entenditu eta apreziatzeko argirik. Tontoegiak gaituk, ez al da hala? Txoroa halakoa! Gizarajoa!

        — Mutu geratu behar al du orain gure aktore famosoak? —galdetu zion doinu ironikoz Anjel Marik—. Noiz ikusi da horrelakorik? Bere jokabideak defenditzen ere ez dakien aktorea. Aktorea hi? Pailazo galanta bai!

        Isilik geratu ziren guztiak une batez. Ilun, isil, uzkur, izu, ezer esan gabe, egoerari nola edo hala aurre egiteko erabakiari tinko eutsiz, bere buruari gogor eginez, Xepe batere gogorik gabe ari zen platereko xerra zatitu eta ahoratzen, aitaren eta anaien erretolika entzungo ez balu bezala, ezer gertatuko ez balitz bezala. Niri Atraskuan behin baino gehiagotan aitortu zidanez, horrelako egoera gogorretan purrustada, errieta eta mehatxu guztiak «seinale onak» zirela pentsatzen ahalegintzen zen Xepe, egoera istilutsu haiek bizirik zegoela erakusten ziotela eta pozgarritzat jo zezakeela, azken finean, halakoak aditu behar izatea. Une haiei aurre egiteko lagungarri zitzaizkion pentsamendu horiek.

        Isilunea hautsiz, ulerkorra izan nahi zuen doinuan, Xeperen aurkako erauntsiari jarraipena ematea erabaki zuen Joxe Ramonek.

        — Hara, Martin, sikiera HBkoa izango bahintz, ba, bueno, ez gintuzkek ados egongo baina, muga batzuen barruan, onartzeko modukoa izango lukek. Elkar ulertzeko moduan izango gintuzkek. Presoen alde, independentziaren alde, tira... oso ondo. Horiek denak bidezkoak izan litezkek, edo diskutigarriak gutxienez. Baina zuekin alfer-alferrik duk. Aurrean harrapatzen duzuen dena txikitu eta kito! Ideia on bakar bat ere ez daukazue buruan. Horixe gertatzen zaizue zuei. Umeak zaretela, zenbat eta urte gehiago orduan eta umeago. Eta orain artean dena barkatu dizuegu baina egun batean, ikusiko duzue, nazkatzen bagaituzue gorriak ikusi beharrean izango zarete. Aditzen al duk? Gorriak gero! Eta ondo merezita, alajaina!

        Xepek berean jarraitzen zuenez, isilunea egin zen berriro ere Joxe Ramonen hitzaldi-sermoiaren ondoren. Egongelatik telefonoaren txirrinaren soinua heldu zen jangelara. Ama jaiki zen deiari erantzutera.

        — Zuretzat da, Martin —esan zion amak egongelatik bueltan.

        Senideei begiratu gabe jaiki zen Xepe mahaitik egongelara joateko.

        — Bai?

        — Iepa, Xepe, Itsaso nauk —entzun zuen aurikularrean.

        — Iepa, kaixo —erantzun zuen Xepek, ezusteak sortutako urduritasuna disimulatzen saiatuz.

        — Gaur arratsaldean Bilboko nire lagun bat duk Azkoitira etortzekoa —ekin zion deiaren zergatia azaltzeari Itsasok aurikularraz bestaldetik—. Periodista duk, Muskaria rebistakoa, eta Azkoitiko gaztetxeko mobida musikalaren inguruko erreportajea egiteko asmoa zaukak. Ni jendeari hots egiten ari nauk, han denok juntatu eta horretaz hitz egiteko.

        — Hitz egin? Eta zertaz hitz egin behar diot ba nik? Nik ez zaukanat horretarako kokorik. Ez naun batere egokia esplikazioak ematen.

        — Eta zer uste duk, besteok hi baino hobeak garela ala? Denon artean hobeto egingo diagu, eta, erretratuak ere atera nahi dituenez, ba zenbat eta jende gehiago juntatu hobe.

        — Ez zakinat ba —pozezko irribarreari ezin eutsirik—. Ez zidan ilusio handirik egiten erretratuan irteteko kontu horrek, egia esanda.

        — Baina denok egongo gaituk han-eta!

        — Bai? Zein dira ba agertzekoak?

        — Ba oraintxe hasi nauk jendeari hots egiten eta heu izan haiz lehenengoa, baina jende askori hots egingo zioat. Xingular, Urra, Antijos, Pipi, Esther, Mirari, Periskopio, Niko, Lu, Trino... Zer? Etorriko haiz hortaz, ezta?

        — Zer ordutan?

        — Lau eta erdietan.

        — Bale ba.

        — Hori duk eta, Xepe! Gero arte beraz.

        — Bai, gero arte.

 

       

Beltza, Tras eta beste txakur batekin batera, jende mordoska bildu ginen arratsalde hartan Itsasoren deiari erantzunez, baina elkarrizketak ez zuen asko iraun, kazetariak iluntzerako Bilbora itzuli beharra baitzuen, kontzerturen bat ikusteko. Gaztetxearen eta gaztetxeko kontzertuen historia kontatu genion labur-labur eta gero, agurtu aurretik, argazki bat egin zigun atarian, «Gaztetxea» zioen kartelaren eta haren inguruko grafiti eta irudien aurrean. Oraindik ere gordeta daukat argazki hura kaleratu zuen Muskaria-ren alea. Itsaso eta Xepe elkarren ondoan ikusten dira, aurreneko lerroan makurtuta, eta eskuineko eskua Xeperen ezkerreko sorbalda gainean pausatua du Itsasok.

        Argazki hartarako prestatzen hasi ginenean Itsaso atzeko lerroan zutik kokaturik zeudenen artean egokitu zen, baina Xepe behean makurtutakoen artean zegoela ikusirik harengana inguratzea erabaki zuen.

        —Ni hire ondoan, Xepe —esan zion, eskua Xeperen sorbalda gainean pausatuz—. Erretratu hau historiara pasatuko duk.

        Ez zen sintoma bakarra izan. Xeperekin hitz egiteko eta Xeperengana hurbiltzeko gogoa zuen, antza, Itsasok egun hartan. Beren baskako David eta Poli heroinarekin endredatu zirenez geroztik, Itsaso eta Trino maiz bildu ohi ziren gurekin, poteak hartzeko, gaztetxean egoteko edota baita kanpoko kontzerturen batera joateko ere. Azken finean, baska bakar batekoak baikinen denok, gaztetxeko baskakoak. Gau hartan ere gurekin ibili ziren poteoan biak, gaztetxean, Atraskuan, Deanen eta Etxe-Aitzen, eta Itsasok eta Xepek bion arteko solasaldi luzeak izan zituzten. Garbi zegoen ez zela Xepe bere ametsetako neskarengana gerturatu nahian trebe eta ausart jokatzen ari zelako, Itsasok Xeperekin hitz egiteko gogoa eta interesa zuelako baizik.

 

 

Xepe, ordea, beti bezain ilun, beti bezain uzkur, ez zegoen bere amodio istorioa bide onetik ziholakoan.

        — Bueno, Xepe, oraingo honetan ez didak ukatuko Itsaso hire atzetik dabilela —komentatu nion irri maltzurrez, burlaizean, biharamun gauean Atraskuan—. Makina bat kontu bazian behintzat hiretzat atzo, bai arratsaldean eta bai gauean. Txora-txora eginda daukak, Primo.

        — Ez ezak adarrik jo —erantzun zidan—. Hik badakik nolakoa den Itsaso. Ez duk ni bezalakoa, hark bazakik jende artean mugitzen. Bazakik hizketan, bazakik jendea tratatzen. Dena zakik demonio horrek. Eta niretzat lotsa pasarazteko moduko hurreratzea dena harentzat oso kontu normala duk. Beste era batera ohituta zagok, horixe duk dena. Ez diat uste hortik aparte inolako misteriorik dagoenik. Atzokoak ez dik ezer esan nahi.

        — Ez duela ezer esan nahi? Bueno, bueno, Xepe... Zer nahi duk ba? Ea berarekin oheratu nahi al duan galde diezaan ala?

        — Kezkatuta zagok bere baskakoen mobidarekin. Badakik, Poli eta David bakailaotarren mobidan sartuta zaudek, Txus eta Kantxa bezala, eta kontu horiek komentatu nahi zitian nirekin. Azken batean, beren baskan eta gurean antzeko historiak zaudek. Horixe duk misterio guztia.

        — Baina horixe bera ere adiskidetasun handi baten hasiera izan zitekek, Xepe —saiatu nintzen animoak ematen, burlaizeko irri maltzurrari uko egin gabe bazen ere—. Imajinazioa eta ilusioa eskatzen ditik amodioak. Hik zer uste duk ba? Hik dena eskura jar diezaaten nahi duk eta horrelako txoilorik ez zagok inon. Arriskatzeko prest egon behar dik enamoratuak. Jai zaukak bestela.

        — Egon hadi isilik. Ez hadi horteroa izan. Eta, gainera, ea, esaidak: heu zer? Zertan dituk hire imajinazioa eta hire ilusioa? Ejenpluarekin predikatzen hasten ez haizen bitartean ez diat kasurik egingo, Niko.

        — Ni ez nagok enamoratuta, Xepe. Gainera, ni...

        Ez zitzaizkion nire aitzakiak interesatzen. Beste kontu batzuk zituen buruan eta ez zuen zalantzarik izan nire jarduna bat-batean eteteko.

        — Ba al dakik zer esan zidan? —galdetu zidan halako doinu misteriotsu batez, esan behar zidana harrigarria zela gaztigatuz bezala.

        — Zer?

        — Ba batzuetan bakailaoa hartu izan duela berak ere. Zainetatik. Dena dela, bere burua kontrolatu egiten duela, ez duelako Poli eta Daviden antzera ibiltzen hasi nahi.

 

 

Ostegun buruzuri batez, maiatzaren 3an, goizeko zazpietan, aldez aurretiko inolako gaztigurik gabe (gaztetxea utzi behar genuela esana ziguten, baina epea zehaztu gabe), barruko traste guztiak kanpora atera eta gaztetxeko edifizioaren ate-leihoak blokez eta porlanez ixteari ekin zioten udal langileek Udaltzaingoaren zaindaritzapean.

        Ezin izan genuen ezer egin. Ezustean eta ezer prestatu gabe harrapatu gintuen une hark. Berria jakin eta elkarrekin biltzen hasi ginenerako zintzo eta ondo beteak zituzten langileek Udalak emandako aginduak. Estherrek deitu zidan gertatutakoa kontatzeko eta nik, era berean, Xeperi deitu nion. Goizeko hamar eta erdiak inguruan heldu nintzen ni gaztetxeko atarira. Antijos, Xingular, Urrategi, Esther, Mirari, Lu, Trino eta beste batzuk ikusi nituen han. Beltza eta Tras ere han ziren, inguruan zituzten lagunei antzematen zieten tristura berenganaturik. Xepe pixka bat geroxeago heldu zen. Periskopio, berriz, harri eta zur geratu zen kamionetarekin partiketa lanetan ari zela handik pasatzerakoan, eta lana utzi eta gurekin geratu zen hura ere. Pixkanaka-pixkanaka gero eta jende gehiago ginen etxe itxiaren atarian ikus zitekeen koadro goibel hari begira geundenak: nolanahi pilatuta zeuden han gaztetxeko aulkiak, tabureteak eta mostradorea, garagardo, ardo, mosto, batido eta freskagarri botilaz betetako kaxak, mota guztietako pattar eta likoreak, diskogailua, pletina, anplifikadorea, bozgorailuak, disko, zinta eta maketa mordoa, fanzineak, aldizkariak eta liburuak, pankarta, kartel eta argazki zaharrak, rock eta punk taldeen entsegu gelako anplifikadoreak, gitarrak eta baxuak, bateriako tanborrak han-hemenka sakabanatuta... Han ziren Xepe gaztetxean bizi izan zen garaian haren loa babestu zuten koltxoia eta maindire-burusiak ere.

        Eguerdira arte jardun genuen abandonatutako traste haiek guztiak Periskopioren aitaren almazenera eramaten, eta eguerdiko hamabi eta erdiak inguruan udaletxera jo genuen hamabost bat lagunek, alkatearekin hitz egiteko asmotan. Sarrerako atean Roberto sarjentuak eta beste hiru udaltzainek itxi ziguten bidea.

        — Zer hostia da hau? —esan zuen zakar Antijosek—. Ez al daukagu udaletxean sartzeko eskubiderik ere? Alkatearekin hitz egin nahi diagu.

        — Alkatea kanpoan zagok. Gaur ez duk etorriko.

        — Ba kontzejalen batekin hortaz.

        — Denak batera ez. Gehienez ere biri pasatzen lagatzeko agindua zaukaagu.

        Oihuka eta txistuka hasi ginen denok, erabaki hura gaitzetsiz.

        — Faxistak! —egin zuen oihu Prestok—. Horixe zarete zuek, Franco baino faxistagoak.

        — Zuek ere txakurrak zarete! —ekin zion manifestazio batean balego bezala kantatuz Periskopiok, eta lelo bera oihukatzen hasi ginen berehala gainerako guztiok ere.

        — Zuek ere txakurrak zarete! Zuek ere txakurrak zarete!...

        Udaltzainek ez zuten hala ere beren jarrera aldatu.

        — Zeuek ikusi —esan zigun, hotz, Roberto sarjentuak—. Edo bi bakarrrik edo inor ez.

        Amore eman eta etsi-etsian ordezkaritza bidaltzea hobe izango zela erabaki genuen azkenik. Antijos eta Urrategi igo ziren gora eta gainerako guztiok Atraskura etorri ginen, Periskopio izan ezik, utzitako lanari berrekin behar izan baitzion. Haren ordez Pipi bildu genuen gure artera, Donostiatik, unibertsitatetik, orduantxe heldua. Jakinaren gainean jarri behar izan genuen, noski, ez baitzuen gertatutakoaren berri.

        Hamar bat minuturen buruan heldu ziren Antijos eta Urrategi. Ez zuten aparteko berririk ekarri. Gaztetxea zikina zegoelako eta bertan droga asko sartzen zelako erabaki omen zuen udal batzarrak ixtea. Gaztetxe berriari buruz, berriz, ez omen zieten ezer esan. Zerbait erabakitzen zutenean abisatuko zigutela, horixe besterik ez.

        — Zer egin dezakegu orain? —galdetu nuen nik Antijos eta Urrategik emandako informazioa jaso ondoren—. Kale gorrian geratu gaituk.

        — Zer egin? —bota zidan zakar bat-batean Xepek—. Ez al zaik iruditzen nahiko garbi dagoela zer egin? Gaztetxe berria okupatu! Ez zagok beste biderik kabroi zikin horiei aurre egiteko.

        — Erraz esan duk hori baina ondo pentsatu beharreko kontua dela iruditzen zaidak niri —esan zuen orduan, beti bezain zuhur, Pipik—. Gainera, Aiuntamentuak hiru kilo gastatu baldin baditu gaztetxe berria egiten, laster zabaldu egin beharko dik.

        — Ez zaukaagu horien zain egoterik, Pipi —argudiatu zuen Antijosek—. Garbi zagok horiek zer nahi duten: EGIkoentzat egokia izango den gaztetxea, goitik behera kontrolatutakoa.

        — Lehen ere saiatu gaituk alkatearekin negoziatzen —gogorarazi zion Urrategik Pipiri, Antijosen arrazoiak indartuz— baina ikusi duk zein izan den beraien erantzuna.

        — Alferrik duk burua nekatzea —esan zuen ziurtasunez Xepek—. Ez zagok beste biderik. Gaztetxe berria okupatu behar diagu. Ezin zieagu kabroi horiei burutik behera kaka egin diezaguten laga. Potroetan emango zieagu!

        — Redios, Xepe! Bero-bero eginda hago —bota zion barrez Xingularrek—. Politikoa ematen duk kanpaina bete-betean...