X
Xepek aktoretzarako zuen grina bitxia zen oso. Ez zen kanpora begirako aktoretza. Motorea barru-barruan zuen Xeperen aktore grina sui generis hark. Barruan konpondu ezinezko nahasketa bat zuenean, barrua korapilatuta sentitzen zuenean jotzen zuen, nire ustez, gure Xepe ilun, isil, uzkur, izuak ezusteko antzezpen harrigarri haietara, borondatea bahituko liokeen trantze erdi-mistikoan sarturik bezala. Aktore ere ez baitzuen Xepek nolanahiko aktore izan nahi. Mahaitik mahaira narrazean ibili zen gau hartaz geroztik behin baino gehiagotan izan zituen halako ateraldiak Atraskuan taberna itxi eta barruan adiskide giroan geratu ondoren beti, noski, gehientsuenetan antzezpen bat eta bera eginez, berak maiteen zuen rola jokatuz: Donostiako casting hartan edota gaztetxeko telefonoa txikitu ondoren egin zuen berbera, balaz zauritu eta hiltzera doanarena. Oihu egin, eskuak zauriaren aldera inguratu, gorputza bihurritu, nola edo hala ibiltzen saiatu, zabuka, alderoka, ezinean, ia-ia erortzear, eutsi hala ere eta azkenean bazter batean ahuspez erori eta hilotz geratzea gustatzen zitzaion. Zirrara berezia sentiarazten zion hain berea zuen antzezpen sinple hark.
Horrelako rolak ziren Xeperenak, hitzik gabekoak guztiak. Hitzik gabeko aktorea izan nahi zuen bereziki Xepek. Gorputz soilaren adierazkortasun hutsez kanporatu nahi zuen barnean gorderik zuen mundu iluna. Hitzik gabe, imintzio eta orroarik harrigarrienak eginez agertu nahi zuen bere burua, eguneroko bizimoduak ixten zizkion ateak zabaltzeko.
Ilun, isil, uzkur, izu. Halakoxea zen Xepe. Bai, halaxe esan nien Interviú-koei, eta ez nuen gezurrik esan. Hala ere zenbaitetan argitasun eta ziurtasun harrigarria erakusteko gauza zen, eta mugarik gabeko ausardia, ezeren lotsarik edo beldurrik izango ez balu bezala. Donostiako casting-ean bezala, edo gure aurrean mahaitik mahaira narrazean ibili zenean bezala, hitz bakar bat ere esan gabe baina egoera guztiz bere mende harturik, dena hankaz gora jartzeko gauza zen batzuetan, aurrean harrapatzen zituen guztiak zur eta lur utzirik, «flipatuta», berak zioen moduan. Nik uste dut une berezi horiekin lotuta zegoela nagusiki Xeperen aktoretza. Ez zuela harenak ez Aurrezki Kutxa Munizipalaren spot publizitarioekin, ez Hollywoodeko izarren lilurarekin eta ez antzeko ezerekin zerikusirik.
Horrelako kontuekin baino zerikusi zuzenagoa zuen, esate baterako, Xeperen aktoretzak kaleko borrokarekin, barrikadekin, pintadekin, batzokiaren zein udal batzarraren okupazioekin... Bere saltsan sentitzen zen horrelako ekimenetan. Bere antzezpen harrigarriek bezala, ekintza zuzenaren berotasunak ere barruko korapiloak askatzen laguntzen zion Xeperi, bestela ezin kanporatu zituen indarrei irtenbidea ematen, bizirik zegoela sentitzen, Xepe izaten azken batean, eta aukera egokitzen zen bakoitzean hantxe zen, isilik beti baina adi, bere lekuan, edozertarako prest. Oso maitea zuen Xepek ekintza zuzenaren indarra ederki adierazten zuen kanta bat, Canción de cuna izenekoa: «En las barricadas aún se puede luchar. Allí el sudor se siente y la sangre se ve correr...» La Polla Records, noski.
Okupazio garaiko eta gaztetxearen lehen aldiko istilu eta borroka gogorren ondoren, nahiko bareturik egon zen tarte batean Udalarekin bizi genuen gatazka, eta gaztetxea nahiz eta inoiz onarpen eta ezagutza ofizialik ez izan Azkoitiko eguneroko bizimoduan integratzen hasi zen ezarian-ezarian, tartekako mobida solte batzuk gora-behera beti ere. Baina hamahiru gazteren epaiketa deiarekin eta gaztetxe berriari buruzko lehen albisteekin batera aurki berotu zen berriro giroa gaztetxearen inguruan. Horregatik, alkatea irudikatzen zuen panpinaren urkaketa egin zen eguneko mobidekin hasita, ekintza zuzenarekin lotutako aktoretza modu bitxi hori, ekintza zuzenarena, lantzeko aukera ugari izan zuen berriro ere Xepek. Beste batzuenaren alderantzizkoa izan baitzen beti haren joera: zenbat eta gatazkatsuagoa giroa, orduan eta gaztetxearekin lotuago Xepe.
Gehientsuenetan aldez aurretik pentsatu eta prestatuak izaten ziren Udalarekin edota bere ordezkariekin izaten genituen kale-borroka zuzenak, baina inoiz edo behin egin genituen gure gorrotoaren adierazpen guztiz espontaneoak ere, udaletxeari harrika ekin genionekoa esate baterako.
Vioch-R taldearen emanaldia izan genuen gaztetxean apirileko ostiral hartan. Nahiz eta oso kanta gogorrak jotzen zituen Zipaioak hormara deitzen zen horietako bat, ez zen oso talde ezaguna eta ez zuen kanpoko jende asko erakarri Azkoitira. Baina etorri zen jendearen artean taldekideak barne jende bitxia zegoen, bronkarako gogo handikoa. Antijos, Xingular, Urrategi, Esther, Presto, Pipi eta zazpiok ere nahiko animatuta genbiltzan gau hartan. Etxe-Aitzetik irten eta Dean tabernarako bidean gindoazela, Antijos, Esther eta Pipi Plaza Berrin aparkatutako kotxeen gainera igota ibili ziren paseoan. Gero, Antijos, Presto eta hirurok elizako ate nagusiaren kontra pixa egiten hasi ginen, eta, atzera begiraturik, Xingular guregana hurreratzen ikusi genuen, mimika bidez guraizeak eskuan harturik gure zakilak ebakitzera zetorrelako keinuak egiten, barrezka.
Dean tabernaren aurreko sakakuloan elkarri bultzaka eta zoroarena egiten ari ginela hasi zen gau hartako benetako mobida. Ez dakit nork eta nola sortu zuen iskanbila, baina kontua da halako batean, ni ohartu nintzenerako, hamar-hamabi bat gazte eskuan zituzten garagardo botilak eta edalontziak Dean tabernaren ataritik aurrez aurre zuten udaletxearen kontra jaurtitzen ari zirela. Botila eta edalontzirik gabe geratu zirenean harriak botatzeko txanda iritsi zen. Egun batzuk lehenago Xingular eta Prestok alkatearen panpina urkatzeko erabili zuten garabiaren inguruko obretan material ugari zegoen eta hara jo genuen hasieran parte hartu ez genuen beste askok ere, harriak bildu eta udaletxearen kontra jaurtitzera. Aurki entzun ziren leihoetako kristal hautsien zaratak, eta zarata horien ondoren bozkariozko eta animozko oihuak. Bat-bateko eta ezusteko errebelio espontaneoa izan zen hura. Eromena!
Harri jaurtiketan pare bat minutu eman eta gero, udaletxearen aurkako eraso bortitz hura jada atertzear zegoelarik, Roberto sarjentua eta beste udaltzain bat agertu ziren enparantzan, ateetan «Azkoitiko Udaltzaingoa» errotulua idatzirik zuen beren 4L auto txuri-urdinean. Zenbait kanpotarrekin batera, Xepe eta Antijos izan ziren udaltzainak ikusi arren harriak jaurtitzen jarraitu zuten azkoitiar bakarrak, eta Roberto sarjentua autotik jaitsi eta Antijosengana zuzendu zen berehala, haserre bizian, hura harturik iskanbila haren sortzaile, arduradun eta burutzat. Xepek ez zuen atzera jo orduan ere. Antijosen ondoan geratu zen, udaltzainei aurre egiteko prest.
Orain zer? esan zion zakar eta harro Robertok Antijosi, burua altxatuz. Nahi al duk guardia zibilei hots egitea?
Hots egin iezaiek, bai, hots egin iezaiek erantzun zion kokildu gabe Antijosek, lagun minak izango dituk eta.
Kontuz gero zer esaten duan! Ni ez nauk txakurren laguna.
Ez ezak pentsa urdinez jantzita hagoelako oso diferentea haizenik. Hi ere polizia hostia bat besterik ez haiz.
Ni ez nauk polizia, aditu? asaldatu zen zeharo Roberto. Ni alguazila nauk, herritarren zerbitzura nagok eta hik baino askoz gehiago egiten diat herriaren alde. Aditu al duk ondo hori, kabroi horrek? Eta ba al dakik zergatik? Abertzalea naizelako! Zuek sekula ez duzue entendituko zer den hori, zuek parasito hutsak zarete.
¡Un patriota, un idiota! bota zion orduan bat-batean Xepek, begietara tinko begira.
Hi, Larrañaga, egon hadi isilik, gizarajo hostia hori! erantzun zion sarjentuak, Xeperen begiradari eusteko ahaleginean. Antijos eta Xeperen atzean geunden guztioi begiratu zigun gero. Horixe zarete denok. Gizarajoak, gizarajo errukarriak! Pena ematen didazue, hara, pena!
Robertori txistua jotzen hasi ginen denok batera.
Oso aktore txarra haiz, Roberto! egin zion oihu Xingularrek.
Egon hadi isilik, zipaio urdin hostia hori! bota zion Vioch-Rkoen emanaldira etorritako kanpotar batek.
Sarjentuak eta bere lagunak ez zuten zer eginik. Erridikulua egiten ari ziren. Bazekiten Antijos eta Xepe atxilotzen saiatuz gero ez geniela utziko eta sekulako zalaparta sortuko zela. Etsita, autoan sartu eta aldegin zuten. Gogotik jo genien txistua begien bistatik galdu genituen arte.
Hamar bat minutu geroago guardia zibilak agertu ziren bi lanroberretan, baina orduan bake-bakean zegoen enparantza. Autotik irten eta, kaskoak jantzita eta pilota jaurtigailuak eskuetan zituztela, Dean tabernaren aurreko arkupeetara begira egon ziren minutu batzuetan. Han, berriz, berrogei bat metrora, haiei begira, gazte mordo handi samarra geunden. Batzuk beldurrak airean, beste batzuk edozertarako prest. Xepe, Antijos, Xingular, Urrategi, Presto eta beste zenbait harri koskor batzuen ondoan kokatuta zeuden, guardia zibilak pilotak jaurtitzen hasiz gero kontraerasoari ekiteko gertu.
Gustura hasiko nindukek ba oraintxe bertan harri tiraka! esan zuen ahapeka Xepek.
Ez zakiat ba ez ote garen hasi beharrean izango, horiek borrokarako gogoz daudela iruditzen zaidak eta komentatu zuen Antijosek.
Minutu batzuen ondoren, ordea, lanroberretan sartu eta etorritako bidetik itzuli ziren atzera guardia zibilak.
Gaztetxearen aldeko eta agintarien aurkako ekintza zuzenak bere barruko korapiloak askatu eta hobeto sentitzeko lagungarri zitzaizkion, baina heroinarena oso korapilo zaila izan zen beti Xeperentzat, zalantza eta kontraesan ugariren sorburu.
Droga hark berekin zuen ospe gaiztoaren eraginez edota xiringaren beldurrez, Xepek, Periskopiok, Mirarik eta Luk uko egin zioten heroinari, baina Txus eta Kantxa, Leon eta Itsasoren baskako David, Poli eta inguruko beste zenbait gazterekin batera, bete-betean murgildu ziren beren artean bakailao izenez deitzen hasi ziren hauts zuriaren munduan, nor bere baskatik eta gaztetxekoon baskatik urrunduz, zaldiaren bitartez lotutako baska berezi eta apartekoa osatuz: junkieen baska, bakailaotarrak.
Bakailaoa gure inguruko jendearen artean zabaltzen hasi zenean Azkoitiko junkieek trapitxeoa egiteko ez zuten ezkutuko toki baten beharrik. Herriko enparantza nagusian bertan, Dean tabernaren ataritik udaletxe ondoraino dauden harmailetan eserita egon ohi ziren maiz, eguerdi aldean edo bazkalondo garaian bestela, denak batera edo talde txikietan banatuta, materiala ekarriko zuenaren zain, gero banaketa hantxe bertan batere arazorik gabe egiteko, agerian. Hasiera batean behintzat ez zegoen kamellorik; denen artean dirua bildu eta junkieetako bat kanpora joan ohi zen bakailaoaren bila, Otxarkoagaraino batzuetan edota gertuagoko beste herriren batera beste batzuetan. Gero bai, denborarekin, diru premiak eraginda, bertan ere trapitxero lanetan hasiko ziren batzuk.
Astegun buruzurietako eguerdietan aurrez aurre izan ohi zuten junkieen mugida hura Dean aurreko sakakuloetan biltzeko ohitura zutenek. Xepe maiz izaten zen han eta baita neu ere Atraskuko barran egon beharrik ez nuenean.
Ez zakiat Polizia ote den bakailaoa hona ekarri duena komentatu nuen behin, horrelaxe, eguerdi batean, Xepe, Mirari, Esther, Lu eta Prestoren ondoan sakakulo batean eserita, bakailaoaren eguneroko mobidari begira nengoela, baina gauza batean arrazoia zaukak behintzat Xingularrek: bakailaoa hartzen hasten direnek beste ezer ez zaukatek buruan, horretarakoxe besterik ez dituk bizi. Osterantzeko dena akabo.
Bai, motel! baietsi zuen nik esandakoa Mirarik. Batzuen kasuan hala duk behintzat. Txus eta Kantxa ondo aztoratuta zabiltzak azken bolada honetan. Ez zaidak batere gustatzen daukaten roiloa.
Horiekin alferrik dun esan zuen Prestok. Nik garbi zaukanat: junkieekin argi! Hi hor eta ni hemen, badaezpada ere.
Xepek ez zuen hitzik ere esan. Barruko korapiloa askatu gabe zuen artean seguru askorik. Baina niri Prestoren hitz beroegiek erantzuna behar zutela iruditu zitzaidan.
Bueno, bueno, kontua ez duk hori ere, Presto izan zen atera zitzaidana. Niretzat kolegak dituk horien arteko gehientsuenak.
Ez zen hura bakarra izan. Solasaldi eta eztabaida ugari izan genuen bolada hartan heroinari eta junkieei buruz. Eskema asko apurtu zizkigun hauts zuri arriskutsu hark baskako zenbaitengan izan zuen eragin galgarriak. Gogoan dut, hala ere, Joseba abertzalearekin junkieei buruz hizketan hasi ginenean oso bestelako bide batetik jo zuela eztabaidak.
Larunbat gaua zen, nahiko berandu. Jende gutxi geratzen zen jada Atraskuan eta aurki ixtekotan nintzen. Beste askotan bezala, Joseba mozkortuta zegoen, niri bere penak eta arrangurak kontatzen, kaka esplikatzen. Gaztetxea itxi ondoren, Atraskura etorri ziren Xepe, Mirari, Periskopio, Xingular, Pipi eta Antijos. Poza hartu nuen, Josebaren esplikazio lehorren zama lagun guztion artean banatzeko aukera eman baitzidan haien bisitak.
Txus, Kantxa eta Leoni buruz hizketan hasi ginen, heroinari eta junkieei buruz, eta Josebak, nahiz eta bakarrik egon barraren bazter batean, ez zuen bere iritzia emateko aukera galdu zertaz ari ginen jabetu zenean.
Ba al dakizue zer gertatzen den hemen? egin zuen oihu, gure arteko solasa eten eta denok berari begiratzera behartuz. Putakume asko dagoela herri honetan. Eta horietako asko hemen ikusten ditiat egunero, gaztetxearen inguruan, de guay, zuek esaten duzuen moduan.
Zer hostia esaten ari haiz? egin zion aurre, zakar, Antijosek. Hik zer dakik horretaz?
Nik dakidan gauza bakarra duk txakurrak pozik daudela junkieekin, oso pozik, hauts pixka bategatik direnak eta ez direnak kantatzeko problemarik ez daukatelako.
Baina, Joseba, junkie guztiak ez dituk berdinak gaztigatu nion nik eroapen handiko tabernariok ohikoa dugun doinu ulerkorrez, Txus, Kantxa eta Leon gogoan nituela batik bat. Ez ditek denek berdin jokatzen. Gainera, ulertu egin behar duk nola ailegatu diren horretara. Ez zagok putakumea zein den hain arin erabakitzerik.
Putakumea putakumea duk eta kito! berotu zen Joseba, hain berea zuen sermoilari doinua bereganatuz. Eta aditu ezak esango diadana, ondo aditu: txakurrek Euskal Herria putakumez josi nahi ditek, sekula ez dadin libre izan. Eta kalera irten eta putakumea besterik ez duk ikusten
amorru bereziz ahoskatzen eta ahogozatzen zituen hitzak, putakume bereziki, gero eta putakume gehiago, gero eta klase gehiagokoak, putakumea hemen, putakumea han, putakumeak leku denetan, eta laster ezin izango diagu kalera irten ere egin, bebarrutik irten orduko putakume batekin egingo dugulako topo... Putakumea, putakumea eta putakumea...
Ondo gustukoa duk hitza, ezta, Joseba? jo zion adarra Xingularrek.
Ea, Joseba sartu zen adar jotze girora Periskopio, esaiguk: zer da hiretzat putakume bat?
Putakumea duk hemen Euskal Herriaren kontra dagoena, Euskal Herriari kalte egiten diona. Entenditzen al duk? Euskal Herriaren kontra, euskararen kontra eta euskal presoen kontra dagoena. Garbi zagok, ezta?
Ba nik ezagutzen ditiat Euskal Herriaren alde eta euskararen alde dauden putakume galantak ere esan zion Antijosek, zorrotz eta serio.
Baina euskalduna euskalduna duk, eta hala izango duk beti. Euskal Herria euskaldunok egiten diagu, era batera edo bestera pentsatuz baina beti euskaldun izanda.
Ba PNVko asko euskaldunak dituk, eta baita Euskadiko Ezkerrako txorroskiloak ere. Eta zer?
Nahiz eta gauza batzuetan beste era batera pentsatu, nik neurri batean errespetatu egiten ditiat. Aditu ondo, e!: neurri batean bakarrik. Baina errespetatu. Gutarrak dituk horiek azken batean.
Gutarrak? Egon hadi isilik! Zer esaten ari haiz? Herri honetan dauzkagun putakumerik handienak euskaldunak dituk. Euskaldunak, euskaltzaleak eta nazionalistak: alkatea, kontzejalak, enpresari jendea, munipak, batzokiko baska osoa... Euskaldunak dituk horiek denak herri honetan. Hori duk hemengo errealitatea, egunero-egunero begien aurrean daukaguna, eta horri egin behar zioagu aurre txorakeriak eta zurikeriak lagata.
Ez al duk entzun Hertzainak taldearen Drogas AEK'n? galdetu zion burlaizean Josebari Xingularrek. Ba hiretzako egina ematen dik eta kantuan hasi zitzaion: «Zetako? Ez dabe entenditzen, ez dira behin bez kalean bizi izan, eta oraindio ez dabe betiko eskemak apurtu: Jaungoikoa, Lege Zaharrak eta HBri botua eman...»
Xeperi, ordea, egokiagoa iruditu zitzaion Eskorbutoren A la mierda el País Vasco, eta huraxe kantatzeari ekin zion..
«Oh pueblo, qué bien te guarda tu ertzaina, con sus normas, leyes y trampas... Zona Especial Norte... Oh pueblo, a la mierda el País Vasco, Euskadi sigue rodando por el laberinto vasco... A la mierda el País Vasco, A la mierda el País Vasco...»
Hi, zer hostia pentsatu duk hik, hankamehe xixtrin kakatzu horrek? haserretu zen Joseba Xeperekin.
Lasai, Joseba, lasai... Hau ere euskalduna eta jatorra duk esan zuen Xingularrek.
Ematen ez badu ere errematatu zuen algara artean Periskopiok.
Txikitandik hitz egin izan dugu euskaraz, eta euskara bizirik izan dugu beti inguruan, ahozko harremanetan bederen. Seguru asko horregatik ez gara inoiz oso euskaltzale sutsuak izan. Abertzaletasunari beti egin izan diogun muzinean ere izango du eraginik horrek, nahiz eta horretan beste motibo batzuk ere kontuan hartzekoak diren, noski: oso kontuan izan dugu beti, adibidez, hitz hori nola itzultzen den aldameneko hizkuntzetara. Kontuak kontu, ez dut pentsatu ere egin nahi zer ondorio aterako zituzketen Interviú-koek gure artean izaten ziren horrelako jardun xelebreen berri eman banie.
Trapitxeoa agerian eta aire librean egiteko oztoporik ez bazuten ere, arazo latzagoak zituzten Azkoitiko junkieek pikoak sartzeko toki ezkutu eta egokien bila. Tabernetako edo gaztetxeko komunak erabili ohi zituzten horretarako hasieran, baina aurki sortu zitzaizkien ezinak. Tabernari gehienak komunak giltzaz ixten hasi ziren, edota, gutxienez, komunean inork pikorik sar ez zezala kontrolatzen. Gurean, Atraskuan, ez zen arazo handirik izan, Paulok errespetu handia sortarazi baitzuen junkieen artean. Gaztetxeko asanbladak ere ez gaiaren inguruko eztabaida sakonik gabe bertan inor bakailaoarekin ikusiz gero gaztetxetik kanporatzeko erabakia hartu zuen, gaztetxea heroinaren eta junkieen aterpe eta bilgune bihur ez zedin.
Hala ere, oso nekeza zen gaztetxeko komunean sartzen zirenak kontrolatzea, eta are nekezago Xepe etxera itzuli zenez geroztik tabernari finkorik ez zegoela kontuan harturik. Gaztetxean zer jende zegoen begiratu eta aurre egingo zien inor ez zegoela irizten bazioten, komunean sartzen ziren junkieak txutatzera. Diru premiak eraginda eta zainak egunero zulatu beharrak itsututa, babes handirik izaten ez zuen gaztetxeko barrako kaxatik dirua lapurtzen ere hasi ziren batzuk.
Lehendik ere gure aurkako nahikoa esames eta maiseaketa bazen, baina junkieen mobidak aukera berriak zabaldu zizkien auzi guztiak berehala erabakitzen zituzten mihi pozoitsuei. Alkatearentzat eta EAJkoentzat aukera ona izan zen hura berriro ere gaztetxearen aurka jokatzeko. Gaztetxeari droga trafikatzaileen habia izatea leporatu zioten herri osoan zehar banatu zuten komunikatu batean. Gurea zen, haien esanetan, heroina Azkoitiraino iritsi izanaren errua. Horrek ez gintuen hala ere gehiegi harritu. Askoz ere harridura eta asaldura larriagoa sortu zuen gure artean Azkoitiko HBk ere antzeko komunikatu bat ateratzeak, «gaztetxean drogarekin trafikatzen dutenak eta gazteen mugimendua izengabetzen dutenak» ez zituztela onartzen esanez, eta, horrenbestez, ez zutela Azkoitiko Gazteen Asanbladaren borrokarekin bat egiten. Lehendik ere nahiko ospe txarra bagenuen herrian, horien guztien ondoren inoiz baino bakar eta baztertuago geratu ginen. Bakarrik eta etxe barruraino sartua zitzaigun arazo korapilatsu hura ezin konpondurik.
Arazo hura bezalaxe, korapilatsua eta konpontzen zaila zen Xeperi buru barruraino iritsia zitzaion nahasketa ere, eta une mikatz askoak pasatu behar izan zituen nahasketa haren ondorioz.
Astegun buruzuri bateko arratsalde batean, bertan bizi izan zeneko garaiak gogoratuz, gaztetxeko tabernari lanetan geratu zen Xepe Pipiren ordez. Erratza eta fregona pasatzea izan zuen lehendabiziko lana. Gero, bakarrik artean ere, gustuko musika entzun eta Resiste aldizkariaren ale bat irakurtzen ari zen, Txus, Kantxa eta Leon sartu zirenean.
Iepa, Xepe! egin zion oihu sartu orduko Txusek. Berriz ere etxetik ihes eginda ala?
Hasieratik hartu zion susmo gaiztoa Xepek hiru adiskideen bisitari.
Ez, motel, barrako turnoa hartu diat. Pipiren txanda zuan baina bihar unibertsitatean esamina inportantea omen zaukak eta bere partez etortzeko eskatu zidak. Zer hartuko duzue? Birrak?
Atera itzak batzuk, bai.
Garagardoak ateratzeko bizkarra eman orduko marmarrean sumatu zituen hiru lagunak. Jiratu zenerako Leon areto nagusitik irtena zen.
Hi, hasieratik gauzak garbi! bota zien bat-batean Xepek Txus eta Kantxari. Zertara etorri zarete?
Baina zer gertatzen zaik, Xepe? erantzun zion Txusek, harritu itxurak eginez. Nerbioso al hago?
Barratik irten, areto nagusia zeharkatu eta korridorean barrena komuneko ate ondoraino jo zuen korrika batean Xepek. Barruko krisketarekin itxita zegoen atea.
Hi, Leon, hemen ez zagok txutatzerik esan zuen arnasestuka eta ahots larriz. Irten hortik kanpora! Agudo!
Zer duk ordea, Xepe? erantzun zion barrutik Leonek. Ez al daukagu gaztetxean kaka lasai egiterik ala?
Kaka zeuek egiten diozue zeuen buruari. Eta guri ere egin nahi diguzue burutik behera.
Zer esaten ari haiz? Laga nazak bakean, Xepe, hitz egingo diagu gero.
Atea behera botako diat ez bahaiz oraintxe bertan irteten.
Txus eta Kantxa ere korridorera irten eta komuneko ate ondora hurreratuak ziren.
Ez hadi paranoikoa izan esan zion Txusek Xeperi, adiskidearen jokabidearekin benetan harrituta. Erotu egin haiz ala?
Xepek ez zion kasurik ere egin.
Ez diat berriro esango, Leon. Atea behera botako diat, entzun?
Ezkerreko sorbalda mehearekin ahal bezainbat indar eginez bultzatu zuen komuneko atea Xepek. Ez zen oso ate sendoa baina bai Xeperen eraso ahulari eusteko lain. Bigarren erasoak ere ez zion zirkinik eragin ateari, baina hala ere Leon etsi-etsian atea zabaldu eta kanpora irten zen bigarren kolpe haren ondoren, haserre bizian.
Mekaguen Dios, Xepe! Baina zer hostiatan habil? Estupa sartu haiz ala? Ondo zagok, bai, ondo zagok. Ikusi diagu nolakoa haizen. Kontuan hartuko diagu hemendik aurrera.
Xepe, mesedez, ez hadi horrela jarri Leon baino askoz ere leunago mintzatu zitzaion Txus, gaztetxean pikoa sartzeko esperantza guztiak galdu gabe artean ere. Ez duk inor enteratuko, eta nahi baduk gramo erdi bat lagako diagu heuretzat. Ez zabilek inor hemen. Ez dik inork ezer jakingo.
Ezin diat, Txus, ezin diat. Benetan, niri ere min handia ematen zidak honela jokatzeak baina ezin diat. Nik ere...
Laga iezaiok, Txus, alferrik duk eta etsi zuen Leonek. Txakurren moduan hitz egiten hasi duk hau ere: «Nik ordenak bete, besterik ez diat egiten». Xeperi begira mintzatu zen ondoren. Orain, badakik, izan hadi txakur txintxoa eta kontatu dena hire nagusiei, emango ditek eta zeozer, hezurren bat edo.
Bere onetik irtenda, Leonen gainera oldarturik, bultzakada bortitz batez oreka galarazi eta zorura bota zuen Xepek.
Egon hadi isilik, kabroi zikin hori! Hemen ez zagok nagusirik!
Zorutik altxatzen lagundu eta adiskidea kanporantz bideratzen saiatu zen Txus.
Goazen hemendik, Leon, alferrik ari gaituk eta.
Bai, estupa batekin hitz egitea txorimalo bati jardutea bezalakoxea duk, alferrikakoa.
Barruan zuen amorruari eta ezinegonari ahal bezala eutsiz, Xepe begira geratu zitzaien korridorea zeharkatu eta eskaileretan behera jaisten hasi ziren arte. Areto nagusira jo zuen gero pauso makalez eta han Txus, Kantxa eta Leoni ateratako edalontzi garagardoz beteak ikusi zituen. Amorruaren amorruz, besoaren kolpe bakar batez pixka bat lehenxeago fregatu berria zuen zorura jaurti zituen guztiak. Eskuei begira geratu zen. Dardarka zituen eta ezinezkoa zitzaion dardar hura geldiaraztea.