XVII
Lurrazalera itzuli nintzela iruditu zitzaidan. Zulo beltz bat neukan kasko zokoan, denbora gelditu zen gune bat, kasik irentsi eta ezabatu ninduena. Alta, Peioren arabera, ez nintzen hiru oren baino gehiagoz preso egon. Bitxia zen. Aluminiozko hormen estalkiaren eragina izan zitekeen agian, edo ilunarena ene hormonetan. Iraute aldera borrokatzeari utzi nion momentutik hara, ez nintzen deusez oroitzen, burumuineko sinapsiak elkarren artean funtzionatzetik gelditu balira bezala. Huts bat. Zauri isil bat. Zer egin nuen? Zer gogoeta eraman nuen? Nortaz pentsatu nuen? Harrigarria zen ahanzmena, suntsipena, galdua izateko sentsazio hori.
Fernand eta Peio neuzkan aldamenean. Errealitatera bueltatzeko animatzen, gozatzen eta balakatzen:
— Ez da zure errua, edonor eror zitekeen pertsonaia malefiko hauen zepoetara.
— Kasu egin banu bederen...
Ez nekien besterik errepikatzen. Hobendun sentitzen nintzen. Kopetaz behera nindoan eta leize hegiak ez nituen ikusten. Erorketa urriaren ondorioz, zolaren zolan errautsia aurkitu ninduten, mila puskatan, desegina, dislokatua. Ez nuen ezer kontrolatzen, horrelakoa nintzen, aries zeinu astrologikokoa, lehenik ekin eta gero hausnar. Ez ninduen adinak aldatuko, ez zidan besterik erraten Joana Garralda ene mirakuluzko andregaiak. Bat-batean, Madalena maldako Erratzü etxaldearen itxurak garun-muina bete zidan zorionez eta lagunei begiratu nien, irri eskerlaria ezpainetan:
— Ez gara horretan geratuko, ezta?
— Amaia, azkenean, esperantzazko hitzak...
— Uste nuen hila nintzela, Hades infernuaren hondoan, Tiresias mago itsuaren konpainian, adinaren florian...
— Zer diozu? Zer dira solas nahasi horiek?
Peioren boza zen. Kezkatua baina fermua. Ene ahotik perpaus arrazionalak espero zituen. Isiltzeko manatu zidan:
— Maddiren atzetik gabiltza eta Piteier baserrian gaude... Hor dira, pinu horietan sokaz loturik, Jason eta bere ama. Julien mutikoa Fernanden gerizapean datxikagu. Zer egiten dugu orain?
Argi zegoen ez ginela orain kikilduko. Jasonen amarekin tematzea erabaki nuen. Galdeketarekin jarraituko genuen. Zerikusia bazukeen semearen balizko arazo psikologikoekin. Sinestera heldua nintzen semeek ez zutela hiltzen amen baimen esplizitu edo inpliziturik gabe. Semeak ardura amen beso armatuak ziren. Hala bide zen kasu honetan?
— Errazu, anderea, eta non da zure senarra?
— Hil zen, duela hogeita bost urte, minbiziarekin. Giltzurrunetako minbiziarekin hain zuzen ere. Pestizida zitalengatik. Ez diet barkatzen laborantza munduko aholkulariei... ez diet barkatzen. Hain txikia zen orduan gure Jason...
— Zure gorrotoaz hazi duzu?
— Bai, hala erran daiteke. Herraren esnea eman diot, txikitatik.
Sorgin so piztua zeukan. Abere hatsanka. Ama hura eroa zen. Peioren eskua sorbaldan ezti pausatzen sumatu nuen. Lagunak sentitu zukeen ene barneko biolentzia oldea zartatzear zegoela eta ukabilkaz ama xifritu hura hiltzeraino eraman nezakeela. Keinka larrian izanki, are gehiago mintzatzera ausartu zen:
— Marie-Cecile ezagutu zuenean, aukera ikusi nuen. Maitemintzera bideratu nuen eta lortu ere. Sexu joera birtualen zalea zela ohartua nintzen... ez zitzaidan gustatzen, emazte bat behar genuen etxean, segida baserriarentzat.
— Marie-Cecile zepora lerratu zen.
— Horixe bera. Neurri batean ni naiz gertatu zaionaren erruduna...
— Zu? Zure semetxia hemen utzirik ihes joan baldin bazen?
— Emazte batek bere haurra erabat abandonatuko duela sinesten duzu? Zein planetatatik zatoz zu?
Arrazoia zuen aurrean neukan emakume zapalak: inozente hutsa nintzen, erraten zidatena urre gisa hartzen nuen, errazegi eskaintzen nuen balio askorik ez zuen nire konfiantza. Akuilu zizta baten pare hartu nuen Fernanden zintzur karraka:
— Zer egin duzue?
Ile kizkurrak biribilkatzen zituen, behatz erakuslearen puntan. Hitz egiteari ekin zion, bere baitan mendi-urtegi baten barrakia hautsi balitzaio bezala:
— Haurra munduratu orduko, ganbera hits batean zerratu genuen, jatekoa ematen genion egunean bietan, astean behin dutxatzen zen eta hilabete oroz zuzentzen genion bere amari idazten zion gutuna. Ez zuen denborarik ukan umeari ohitzeko. Joserekin zeukan harremana, ez gutako batekin. Begiak tapaturik ateratzen zuten noizetik noizera, arraiki ikertu duzuen gela horretan bideo pornografikoak biltzeko.
— Hori zen beraz?
— Julienek ama deitzen nau. Ez diot sekula bere benetako ama aipatu. Pentsa, jakiten duenean! Zartagailu bat dateke! Sekretua atxiki behar dugu. Bestela xahu gara... Dena dela, Marie-Cecile egiazki eskapatu da duela bi aste. Ez dugu gehiago haren berririk. Zer nahi duzu erratea?
— Hil eta etxe saihets hauetan ehortzi duzuela pentsatzen dugu. Nolwen Kergelen komisarioa bidean hurbiltzen ari da eta borondatezko homizidioa leporatuko dizue. Pagatuko duzue, garesti pagatuko duzuela!
— Zer dira delirio horiek? Guk ez dugu nehor hil, setiatu eta gaizki tratatu bai, baina eho, nehor...
Adineko emaztea zainetan jauzten ari zen, pazientzia eta soberbioa galduz. Kokotsa ikara zeukan eta negarrez lehertuko zela zirudien. Damuz ez, hori segur. Ezintasunez eta partida bukatzen zihoakiolako kontzientziaz, seguruago. Burua apal zetxikan, Fernanden hegalpean zegoen semetxiari deika. Baina Fernand abila zen eta fermuki atxikitzen zuen haurra. Ez zuen jestu edo urrats bat egiten ahal. Siderazio egoera batean zegoela argi zen. Salbatuko zen Julien, baina kartzela zikin batean mutxituko ziren emazte hori, Jason, eta Jose ere bai, aurkituko genuenean.
Jasonen ama, halaber, sokaz estekatu genuen loiroko pinu baten enborrean. Taktika bat hozkan ematea erabaki genuen, Jose guregana jinarazteko. Jasonek telefonatuko zion bere zelularretik, erranez Marie-Cecileren bila joan behar zutela, poliziak baino lehen atzemateko. Ez zen urrun bizi, Labriten bertan itxuraz, eta berehala etorriko zela erantzun zion. Tranparen eszena antolatu genuen Fernand, Peio eta hirurok: ezkaratz zokoko mahai zabaleko aulkietan immobilizatu genituen, soka lodiz finko eta eskuburdinekin trinko. Halatan, Jose etxean sartu orduko, kontrolpean edukiko genuen.
Peio Elizaldek Jason Moreauren kopetaren erdian pausatu zuen berriz ere bere pistolaren sudur hotza. Gizona dardaraz ageri zen. Hikara pasatuz, ordena zehatzak eman zizkion:
— Dei ezak Jose hire laguna, etor dadila guregana, eta ez ezak keinu faltsurik egin, bestela kalitzen haut...
— Bai, jauna, zuk errana beteko dut...
Jose Camyren telefono zenbakia astokatu zuen. Peiok belarrian pausatu zion tresnatxoa eta, isiltasun bulta batetik landa, normaltasunez garatzen zela zirudien elkarrizketa hasi zen:
— Bai, zatoz, lan berri bat badut egiteko. Lau neska berrirekin. Medikuntza unibertsitateko campusean amainatu ditut.
Peiok, keinu larderiatsuz, komunikazioa moztuko zuela jakinarazi zion. Ahots gordinez jarraitu zuen:
— Hobe hiretako, berehala jiten baldin bada!
— Bai, bai, bidean dela salatu dit... hamar bat minutu eta hor dugu.
— Bizia salbatuko duk!
Peiori so geratu nintzaion. Satisfos ageri zen, urguiluz hantua, pistola puntan zeukan gizona menderatu zuelako. Polizia sekretu horiek sinetsezinak zitzaizkidan: meneko zeukatena are gehiago umiliatzeko, zafrakoen aitzin-gela agian, hitz egiterakoan, zukatik hika larrira pasatzen ziren. Halatan, Macronen agintaritzako ordena indarreko uniformedun batek ta gueule connard edo dégage pétasse oihukatzen zizularik, zure herritar libre destinoaren orduak zenbatuak ziren. Anartean, begiak itxi nituen eta hirukotean bilduok geneukan helburuan kontzentratu nintzen. Afera ixterakoan zukara iragango ginen berriro. Larrialdi egoera zela dekretatua genuen.
Nolwen Kergelen Bordelen zegoen. Gure laguntzera zetorren, atxilotze manua eskuetan. Muriel Berrondo izeneko langile sozialari deitu nion nik, Julien mutikoaren errekuperatzera lehia zedin. Joana Garraldaren gordean, egiazki aspaldi, Murielekiko sexu harreman laburra irun nuen. Ahantzi nahi nuen eratorri sentimental garai bat zen, alaina. Baionan bizi zen eta lanjerean ziren haurrez axolatzea tokatzen zitzaion. Denborak zinez aldatu ziren, lauzpabost hamarkada lehenago, langile horiek ezkondu gabeko amen umeen bila zebiltzalako fama azkarra zeukatelako. Etxez etxe ibiltzen ziren eta haurra abandonatzera behartua zen neskatxa bat atzemanez gero, berenganatzen zuten legalki, adopzioan proposatzeko gero. Bitartean, Charles Dickensen nobeletako giroko umezurztegietan atxikitzen eta bortizki hezten zituzten. Istorio tristeak. Amesgaiztoak erremediorik ez zuen.
Fernand, preseski, mutikoarekin jostatzen ari zen, sukaldeko ateko harmailetan. Adineko anderea eta Jason, biak, geldoan zeuden, bortizkeria gehiagoren aiduru bezala. Isilik edo negarrez hipaka, emaztearen kasuan. Ez zuten ulertzen zergatik hain zakarrak ginen beraiekin, ez zuten deus gaiztorik egin, bilatzen zuten Maddi hura bizirik zen oraindik. Etxe inguruak udalatzen ahalko ziren, ez zuketen hilotzik kausituko, non ez ziren ardi edo orkatz zenduenak. Alta, hondar egunetan, Fernandek bidali bideoetan itzalak ageri ziren, palak eskuetan, lurraren erraiak urratzen. Jasonen begipean eman nuen film laburra:
— Zertan ari zineten? Nor zen ehorzten zenutena?
— Ez dugu nehor lurperatu... Txato zakurra hil zaigu iragan astean eta ez genuen harrapakinen mokogai uzten ahal aire librean, ezta?
— Prefosta...
Isiltasunaren txapa pisua lehertu zen Piteier baserriaren gainera, euri astun eta mehatxulari baten maneran. Inork ez zuen hitzik atera. Zintzurrak itxi eta hiztegiak hustu bailiran. Sentsazio bitxia zen. Kantoi batean, Julienen aldamenean zegoen Fernand. Nik parean neukan izen txikia ezagutzen ere ez nion ama-amona xifritua, alde orotara begira. Jason egonezin ageri zen, pazientzia izpirik ez zeukan eta hor ginenok hilko gintuen ahal izan balu, bere esku propioez. Hariz hari desegiten zihoan denboraren oihala.
Soa bota nion Peiori:
— Nehork ez du erran hau guztia erraza izango zenik...
— Zer diozu?
Peioren ahotsa zen. Lo kuluxka batetik ateratzen zela zirudien. Irriz ihardetsi zidan. Fernandek, halaber, esker onezko poztasuna partekatu zuen betile keinu soilaz. Emakumearen otoitzen marmarra entzuten nuen, barabaraz ari zen, Jesus Jauna hemen eta Jainko Ona han, barka iezaiezu, ez dakite zer egiten duten errepikan, Jesus gurutzean bezala. Auto baten zarata aditu zen urrunean, oihana zeharkatzen zuen lurrezko bide hertsian zetorren. Leihora jauzi egin nuen:
— Badator...
— Gorde gaitezen. Eta zuek geldirik, ez dut mugimendu bihirik nahi!
Peioren ordreak ziren, emakumeari eta Jasoni. Mutikoa aldameneko logelara eraman zuen Fernandek. Zer gerta ere. Kanpoan deus ez zen higitzen. Ulu bat dantzan hauteman zitekeen. Suzuki markako kotxe zuriaren motorra hil zuen gidariak. Ateari klaska bat eman zion, urrats hotsak harri txintxarretan eta giltzen hotsa esku ahurrean. Igurikitzen genuena heldu zen, mesfidatu gabe, eta hori guretzat zorte onaren seinalea zen. Hiru joaldi xehe, ezkaratzeko bortan:
— Hela? Norbait bada? Non dira etxe honetako jendeak?
Ezkaratzeko ate erdi irekiaren artekatik oina luzatu orduko, Peio eta Fernand gainera erori zitzaizkion. Gertatzen zenari begira zeuden, harrituak, emaztea eta Jason, ahoak oihu mutu batez hanturik. Une horretan bazekiten urteetan hain oparoki eraman zuten aferaren azkena hor zutela, hots diru eta atsegin errazen bidearena. Dolua egitea egokitzen zitzaien. Bitartean, Jose, ilea moztera eramango zen ardi zahar baten moduan, higitzen zen ene bi lagunen besoetan. Ez zuen bere burua aise menderatzen utzi. Oihuka ari zen, orroaz:
— Nor zarete zuek? Zer deabru nahi duzue?
— Marie-Cecileren atzetik gabiltza: non den ba al dakizu?
— Ez dakit ezer, ez dakidala ezer...
Labriteko Piteier baserri honetan eta neraman ikerketa guztian, egia erran, arduregi entzuten nuen perpausa zen. Gozo edo lakar zirikatuz gero, uste zutena baino gehiago bazekitela froga nezakeen. Hala izan zen Maddiren Bordeleko zirkuluko kideekin, behin eta berriz joaten nintzaiela galdekatzera. Pirtta-pirttaka erantzuten zuten ene eskakizunei. Denbora galtzen nenbilela iruditzen zitzaidan. Hainbeste maite genuen inozentearena egitea, horrela hezi gintuzketen, ez dut deus ikusi, ez dut deus entzun, ez dut deus ikasi. Betiere, isiltzea eta negarrik ez botatzea zen hobesten. Errealitatetik kanpo hedatu sare engainagarrietan preso bukatzen genuen, itsu eta militante, gure munduetan konfinatuak, irrealitatearen mugetan, jendea konbertitzeko predikuak bihikatzeko beti prest. Burua mugitu nuen ezkerretik eskuinera. Maddiren anaia Xabiren soaren oroitza nirean iltzatu zen, hura ere, gurutzatu nuen bi aldietan, “salatzen dugu”, “exijitzen dugu” eta “behar dugu” perpaus zatiekin mintzo zitzaidala.
Jose, bere kideen moduan, aulki batean zegoen, soka lodiz estekatua. Hirurek jada, ahoan oihal trinkoak zeramatzaten. Etorri berria, airerik gabe, azken hatsa bilatzen zuen arrainaren pare higitzen zihoan, jargia lurrera boteaz. “Ez dakit ezer” errepikatzen zerraikan, lelo, zainetan. Gatibu geneuzkan errekaituetara bihurtu nuen pentsamendua. Jose gaizo putzukaz axolatzeko unea nuen. Peio aldamenean neukan, bere pistola arautua ahurrean, eta Fernand etxeko emakumearen ondoan zegoen, Julien txikia ausatzen zuela. Larderiatsu plantatu nintzen:
— Zein zen zure lana enpresa pornografiko honetan?
— Logistikaz eta banaketaz arduratzen nintzen, ez genuen gaizkirik egiten, filmak biltzeko etortzen ziren neska-mutilak oro ados ziren eta ongi ordainduak gainera. Laneko kodea ez genuen sekula trakestu. Alderantziz, hitzez hitz errespetatu dugu. Zer pasatuko da orain?
— Marie-Cecile edo Maddiren atzetik gabiltza. Bere amak ez du berririk ukan hiru hilabete hauetan. Ez erran Maddiz ez dakizula ezer, ez zaitugu sinetsiko...
— Txoria kaiolatik eskapatu da.
Bigarren aldia zen norbaitek Maddi bere preso gelatik ihesi joan zela erraten zigula. Maddi itxirik atxikitzen zuten ganbera ikuskatua nuen. Ohe apal bat bazen, haren parean mahaia eta esku batera jantzi apurrekiko armairu zaharra. Pixa urrin larriak eraso ninduen, alzheimerrak garuna mardotu eri dohakabeen bisitatzeko eskualdeko zahar-egoitzetan sartzean bezala. Maskara baten eskasia sumatu nuen, automatikoki ahurra sudurrera ekarriz. Leku zikin horretan iragan zituen beraz Maddik semea munduratu eta eskapatu zen arteko sei urteak. Josek berretsi zuen estudiora eramaten zutela, filmatzeko ordua agitzen zitzaienean.
— Begiak tapatzen genizkion eta, distantzien sentipena ezabatzeko, autoz paseatzen genuen Landetako oihan hauetan barna. Halatan, lekuz aldatzen genuela uste zuen. Despistatua eta nahasia bukatzen zuen...
— Sei urtez?
— Bai, eta gehiago ere iraunen zuen eskapatu ez balitz. Emazte santsana. Mozkotea. Esker gabea. Deabru munaka. Estimu gutxi ukan du beretzat egin dugun guztiarentzat. Beti zinkurinez eta negarrez.
— Torturak eta tratu txarrak dira horiek eta eskerrak merezi dituzuela iruditzen zaizue?
— Jatekoa eta muturra garbitzekoa bazuen egun oroz. Ez dugu hiltzen utzi. Alta zenbaitetan... zafraldiak eta zuzentzeak ongi etorriko zitzaizkion. Baina ideia ez nuen nik ukan, Jasonek eta bere amak baizik. Haurra munduratu orduko kalitu nahi zuten eta nik ezetz, bizirik mantenduz gure proiektu pornografikoaren faboretan baliatzen ahal genuela oraindik...
— Hauxe bihotz onezia, paregabea!
— Zer nahi duzu, ez gara salbaiak, gu...
Honakoa humanitatearen beste ezaugarri bat zen, kriminalik handienak bere buruaz zeukan iritzi ona. Barne-konfiantza hautsezina. Jerusalemen epaitu zuten Eichmann naziak, halaber, bere lana baino ez zuela egin adierazten zuen, gorago hartu ordenak ahalik hobekien betez. Hannah Arendtek, halatan, gaizkiaren banalitatea deituriko kontzeptua orraztu zuen, begi bistan neukan hirukote malefikoari aplikatzen ahal niona nik ere. Tragiko jarri gabe, nahiz eta auzia halakoa zen, emazte gazte batek sei urtez bederen kalbarioa jasan zuen, egunez egun, inguruan nehork ezer sumatzen ez zuela. Etsipen zirrizta batek urratu ninduen. Joana Garralda maitearen itxura jauki zitzaidan eta sosegatzeko bidean jarri nintzen: izu danteskoaren leizearen mehatxutik salbatua, love rescue me xuxurlatzeari eman nintzaion.
Puzzlea osatzen ari ginen, piezaz pieza. Pazientzia handia behar zen. Joseren, Jasonen eta otoitzean zinpurtzen zihoan emaztearen erranak entzutean, ez genuen gontzetatik jalgitzeko eskubiderik. Helburua hasierakoa zen: Maddiren aurkitzea, onik, ahalaz. Nehork ez zigun salatuko ordea non gorde zitekeen. Bizirik zena? Kontatzen zutenaren arabera, emakumea ahuldua zen, zaurgarria, hezur eta larru egina hainbeste urtetako tratu txarren ondorioz. Peiok arakatu zituen bideo pornografikoetatik batean agertzen zen Maddi, mehartua, lepoan bere kaiolari loturik zetxikan uhalaren marka gorritzen zihoakiola. Tristuraren zamak lehertzen ninduen. Baina suspertzea zegokidan.
Fernand hurbildu zitzaidan. Eskua hartu zidan. Amultsuki eta adiskideki. Lasaitu nintzen banpez.
— Zer egin behar dugu jende horiekin?
— Zaila da erabakitzea —erran zuen Fernandek—, ez nuen horrelakorik imajinatuko. Ez ditugu gure auzoak ezagutzen. Gizakia misterio bat da. Ni ere penak lehertzen nau.
— Nolwen Kergelen etorriko da, jendaila hau guztia itzalpean sakatzeko. Damurik gabe, espero dut.
Une hartan, enetako, Nolwen Kergelen maitale ohiaren figura aterabide magikoa zen. Lagun batzuekin jinen zela ziurtatua zidan telefonoz. Polizia ofizialaren esku utziko genituen buruan gaitza, gaizkia eta mina eragitea baizik ez zuten pertsonaia zital hauek. Maddiren zorte bera dastatzeak on eginen zien, ikusiko zuten orduan zer zen lau metro karratuko espazio hertsi eta biluzi batean jardutea. Jose asaldatu zitzaidan, ene gogoetaren ildoa asmatu bailuen:
— Wifi konexioa bazuen, tauleta bat, guk hautatu filmak begiesteko. Ez da gutxi. Orain ez da deus egiten konexiorik gabe.
— Baina amari gutunak eskuz idazten zizkion, ez zenioten telefono deirik zilegitzen: tortura da hori...
— Etzazula hitz potoloegirik ahoska, ez du balio zoritxarreko jartzeak, tortura beste zerbait dela iruditzen zait. Idaztea gustatzen zitzaion, zergatik ez, guri bost, berri onak ematen baldin bazizkion. Gehienetan, aski zuen guk moldatu gutun eredua kopiatzea...
Ezkaratz kantoian xifritua zegoen emazteak hartu zion hitza Joseri. Behereko aho-hezurra dardaraz zebilkion:
— Beharbada bortitzak izan ginen, adibidez, izkiriatzen ari zen bitartean, nik kontrolatzen nuen zenbaitetan, bere gibelean nengoela urdea hiltzeko labana ahurrean...
— Gero eta hobeago...
— Ez nintzen sekula ikaratu, jakizu, lepo zainik ez nion inoiz ebaki, enbeia edukiagatik. Hiltzen ahalko nuela sentitzen nuen, zerbait zirraragarria da lagun protsimoaren biziaren destinoa zure meneko dela sentitzea...
— Lagun protsimoak horrela tratatzen dituzu?
— Umea emana zigun eta bere dotea gure kontuetan urtua zen, debalde zitzaigun, sabel goseti bat gehiago, zergatik atxiki, ez gara mentsak, kalkuluak egiten badakigu. Sosa egiteko baliatu genuen, gero ere film lizunak errodatzeko, horregatik bizirik mantendu genuen. Bestela… aspaldi zukeen gure baratzeko humusa onduko zuela.
Maddiren anaiak aipatu zidan dotearena ekarri zuen mahai gainera emazte baldarrak. Maddik, preseski, ez zuen dotea larruari lotua. Ardit zilar eta ozentsuek osatzen zuten Maddi gaizoaren herentzia, suertea, Jason eta honen amaren gustuko, sosa behar eta anitz maite zutelako. Neurriaz haragoko kontsumo desirak zituzten, jantzi eta auto berriak, kozinatzea eskatzen ez zuten janariak, hd telebista erraldoiak eta azken modako ordenagailuak. Zozola zirudien andere ankerrak ere berea bazuen, erosoa, people aldizkariak online irakurtzeko, txerria sangratzeko ganibet luzearen aldamenean...
Istorioa gore bihurtzen ari zitzaigun. Oka egitear nengoen. Peio Elizaldek lasaitu ninduen. Sabela nahas nabaritzen nuen, larru hotzeko mamuak ihalozka barnean, odol izpiak bazterretan, mihi trenkatuak eta azazkal iradokiak. Minaren zurrunbiloaren erdian nintzen, itoa. Ezpainak askatu nituen, Fernandekin jostatzen ari zen Julien haurrari begira:
— Trauma zama ederrarekin hasten du bizitza txiki honek.
— Bide onean jartzea lortuko du.
Peioren ele baikorrak ziren. Egia zen, mediku ingurune egokian artatuz gero, onik jalgi zitekeela egoera larri honetatik. Baina ez nintzen segur, inkontzientea piztia bat zelako, abisatu gabe iratzartzen zena, garunaren oihal zuriko pantailetan irudi sinetsezinak inprimatuz. Ilargi beteko gau bat nahikoa zen, hormonen desoreka bat, hontz aztoratu baten uhulua edo otso baten garrasia herrialde artiko bateko hormadietan.
— Auto bat dantzut, Peio, so egizu nor den...
— Uste dut zerbitzu sozialetako Muriel Berrondo dela. Laguntzaile batekin datorrela dirudi. Mediku edo erizain bat.
— Erraiozu sartzeko.
Zepoan geunden. Familia hau sordidoa zen. Behar bezalako eta plantakotasun geruza baten azpian ezkutatzen zituzten diru falangak, tratu txarrak eta joera pornografikoak. Terroristarik krudelenen antzeko bizitza bikoitza zeramaten eta nasaiki baliatzen zuten beren biktimaren isiltasuna. Kanpokoekin harreman gutxi zeukaten, eliza, merkatua eta egunkaria erostea salbu. Julienek eskola huts egiten zuen nahieran eta sarean harrapatzen zituzten filmetan aritzeko mutil-neskak. Tripak iraulian hasi zitzaizkidan berriz ere. Berdetasun eta besarte beroen premia neukan. Garralda anderearen 4x4 autoan tai gabe entzuten nenbilen kantaren aranak hantu ninduen:
Ibar labur bat zara
Hari single bat zara
Betiko
Eremuko dunen atzetik dabil
Zulo urdin guztiak miatu ezinik...
Muriel Berrondo zen bai, bere lankide batekin. Jantzi zuria zeraman soinean, estetoskopioa lepondoan, mediku maleta beltza eskuan. Julien mutikoaz axolatzera zetozen. Emazteak, bikotea sartzen ikusi orduko, abere trapatu orro bat luzatu zuen, ulertu bide zuelako berea ez zen baina ama deitzen zion semeaz desjabetuko zutela. Unearen ankertasun karga haztatu nuen nik ere. Fernand eta Peio geldirik zeuden, itzalean erdi gorderik. Bi gizon atxiloak marmarraz ari ziren beren aulkietan, irain eta madarikazio artean:
— Puta zikina, gureak egin dik, Jose...
— Jason, errana nian kasu egiteko, hik beti heure burua agertu behar duk eta soizak zertan gauden gaur...
— Ene falta dela diok?
Otsoak alhagiak setiatzen zituenean, ardiak beren artean haserretzen ziren, gazta puska soilengatik, bakoitzak berea lehiatzen zuelako, bere kidearena ere ahalaz. Ene baserritar jatorriko metafora marrakariaz burla egin nuen. Ez zen baliabide literarioak harilkatzeko ordua. Muriel ondora etorri zitzaidan:
— Amaia Ezpeldoi, aspaldikoa!
— Hura eta bera. Ume hau zure esku utz dezaket? Egoera esplikatuko dizut. Mutiko gaizoa, ez dakit nola aterako den bizitzaren tranpa larri honetatik...
— Aterako da, lasai. Behar den guztia eginen dugu.
Fernandek Julien ekarri zion. Haurra negarrez ari zen, hipaka, “ama, ama!” deika. Indarra egin behar izan zuen ene konplize landatarrak. Mukizua suge izutuaren antzera mugitzen zitzaion eskuen artean. Ezkaratzetik irekitzen zen logela batera eraman zuen, medikuak han diskretuki aztertzeko. Isiltasuna hedatu zen berriz atxiloen eta atxilotzaileen multzoan. Isiltasun dorpea. Mututasun lehergarria. Jo zidan telefonoak:
— Nolwen? Non zara?
— Banator. Sabresko jendarme pare batekin. Itzalpean giltzatuko ditugu gaizkile horiek oro. Segur izan zaitez ez dutela berehalakoan eguzkiaren argiaz gozatuko.
— Hemen gaude, zure zain. Ez gara eskapatuko.
Maitale ohiaren oilo kolokari moduko irri karkaila hauteman nuen. Haragia urratu zidan. Hiru urte iraun zuen amodiozko istorio baten xafla arin-astunak harrotu nituen. Orekaren hari gainean bizitu nituen hilabeteak, erortzear, Baionako komisarian lanean ari zen polizia “etsai” batekin frikotatuz, nerau ere euskal munduari “etsai” bihurtzen nintzaiola. Neure burua salbatzen nuen, maitasunak muga politiko-sozialik ez zeukala errepikatuz, baina sinesgarritasun izpirik ez neukan. Hobeko nuen, agian, etako emakume pistolero distiratsu haietatik baten andregaia bilakatzea... baina gure mundua, neurri batean, ongi ikasia zen eta, ene hautu sentimentalak kitzikatzeko partez, ezpainetan nuen euskararen traketsa salatzen zuten, beraiek ere, demagun, euskara uzki-zut batean “ikusteko beharra baldin badenez” gisako fraseak ahoskatzen zituztela irratietako goizetako uhinetan.
Karkara lizuna askatu nuen. Aspaldian erraztatu ez zen ezkaratz hartan, ene lagunei begira, euskararen alorrean bezala jende-harremanenean ahal zena egiten zela nioen. Eta, gertatuak gertatu, munduarenganako maitasun olde batean igeri abiatu nintzen. Hainbat denboraz Maddi torturatu zutenak meneko genituen, ez gindoazen gaizki, esperantza bazen. Peio bere armaren muturrarekin jostatzen zebilen, Fernand erdi lo, Piteier baserriko etxeko anderearen aldamenean, honekin solas hautsi-mautsian:
— Nola egin ahal izan diguzu hori? Traditu gaituzu... gizon tzarra zara, Fernand, zuregan konfiantza genuen. Zergatik ausartu zara jende likits horiek guregana ekartzeko?
— Egin behar nuena baizik ez dut egin. Non da Maddi?
— Ez dakit.
Murmurra jabaldu zen. Telefono hotsa berriz. Enea. Ez nuen zenbakia ezagutu. Nor izan zitekeen?