Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

XV

 

 

Eureka Jobs psikologoak Laura Palmer izenarekin libratu zuen misterioski agertu zitzaion emakumea. Ospitale publikoak, baliabide eskasagatik, ez zituen eriak luzaz atxikitzen eta artatzen ahal. Operazio larri zenbait ere, goizean sartu eta arratsean atera egiten ziren, biharamunean erizain batek deitzen zintuela jakiteko ea ez zinenez oraino hila. Haurra sortzeko orduan halaber, zilbor hestea moztu, ama-ontzia zakarretara bota, umea garbitu, lau negar eta bi titialdi, ama berriek kanpoa zuten bizpahiru egunen buruan. Egoera larria zen eta, Eureka Jobsek gehiago egin nahi zuen arren, ez zuen baliabiderik. Lanean jarraitzen zuten baina suhiltzaileak, larrialdiak, erizainak eta mediku zenbait greban ziren aspaldi honetan; estatuak lbd tirogailuekiko poliziak igortzen zituen manifestari baketsuen barreiatzeko.

      Hogeita hamar urte. Tragiko jartzen zenean, zioen koronabirusa baino hilgarriagoa zela neoliberalismoa. Bizi muskilak oro kalitzen zituen bere inguruan, diruak denak suntsitzen zituen, bereziki diru-gabeziak: eredu sozialak, ospitaleak, zerbitzu publikoak, gizonak eta emazteak, haurren egoera latza aipatu gabe. Milioika ziren planetaren azalean gosez eta tratu txarrez zentzen. Eureka Jobsen begietan negar malko bat isuri zen. Esku gibelaz idortu zuen, berehala, bere baitan loditzen zihoan haserrearen tsunamia menderatzen saiatuz. Laura Palmerren soaren desesperazio aireaz oroitu eta mahai gainera banpez erortzera utzi zuen apuña:

      — Redios eta nik deus ezin egin...

      Bizkitartean, Laura, karrikan, nora ez, bazter ezezagunetan eratorrian, bere egur puska besoetan. Gurutzatzen zituen jendeak ihesi zebilzkion, beldurra ziotela: emazte bitxia zen, bilo zuri-gris harroekin, ezpain eta gerriondo lodituekin, erremedio kimikoz emokatua zelako edo galkatzen zutelako aspaldi honetan. Oihuka ari zen, ero zuhur baten plantan:

      — Kanpoko egurrak sua ezin egar!

      — Zer derasazu, anderea?

      — Kanpoko egurrak sua ezin egar!

      — Bakea emazu! Nondik zatoz? Ez zara hemengoa, ezta?

      — Ezta?

      Mintzo zitzaion gizon konkorraz trufatu zen ezta? ahoskatu zuenean. Desagertu ez ziren bere baitako umore kokin zerbaiten aztarnak sumatu zituen. Ez zen arras memeloa beraz. Gizonari iruditzen zitzaion emakume nahasi eta urguilutsu hau infernutik zetorrela zuzen-zuzenean, zorte txarra ekarriko ziola, denbora gehiegi pasatzen baldin bazuen berarekin, eta bizitza ukatuaren angelu hilean galduko zela.

      — Etorri nirekin, zerbait jan nahi baduzu arrats honetan...

      — Ez naiz gose, pastillak baditut irensteko, kolore askotakoak, zuri, gorri eta berdeak bereziki, hantzen naute, asetzen naute, gingileraino, zoaz deabruetan hara!

      — Ederki, madame, ederki.

      Gizon kurios-pinterdia urruntzen ikusi zuen. Espaloi zikinetan barna aitzina zihoan, haztamuka bezala, lurrean metatu kaxa eta zikin puloetan ostikoak emanez. Erdi kexu, erdi ero. Gurutzatzen zituenak kuzkatzen zituen, sorbalda ukaldi zainartaz. Marmar ari zen bere buruarekin, betiko gogoeta likitsak, iluna kasko zokoan, lerdea zeriola ezpain lehorretan behera. Ordulariaren txirrina hauteman zuen eta gogoratu zen behiala aipatu pastillen klikatzeko tenorea zuela. Sakela zolak arakatu zituen eta kolore laranjako edukiontzitxo bat atera zuen. House medikuaren larruan urtzen ari zela senti zezakeen, ahoa ireki eta pilora biribilak zintzur hondora aurtikitzen zituenean. Ura eskas zuen, baina bidean aurkituko zukeen lehen iturrian hilko zuen egarri tzar hori.

      Errepublika plazara heldu zen. Eguzki epel batek berotzen zituen harriak. Autoak ziztuan pasatzen ziren errotondaren lau sartzeetatik eta oinezkoek bizia arriskatzen zuten zebra-bidea zeharkatzera ausartzen ziren aldi oroz. Kotxeak batzuetan espaloietatik ibiltzen ziren, bertako oinezkoak hilotz abandonatuz, bereziki gauaren erdian. Biharamunetan, odol tatxak bakarrik ez ziren ikusten. Iturriko uraren zirrista entzun zuen eta harengana laster egin ere, basamortua trabeskatu eta oasi hegi berdera iritsiko bailitzan. Besoetan zeukan egur puska pausatu zuen, esku ahurrak bilduz ura ahora ekartzeko. Sabaia hezetu zitzaion eta sosegu olde batek hotzikarak eragin zizkion. Erori zen, banpez, trenpu txarrez.

      Lokumatik jalgi zenean, emazte saldo bat bazeukan inguruan, begi luzeekin so. Pika beleen harramantza egiten zuten. Aldamenean zuen egur puska eskuratzeko keinu bortitza egin zuen, begiraleak zurrumurru elkor batez urruntzea lortuz.

      — Kanpoko egurrak sua ezin egar...

      — Zer dio sorgin honek?

      Ahotsa zetorren ahora bihurdikatu zen. Hortzik gabekoa zen eta urrin likitsekoa. Irri karkara bestiala askatu zuen. Bazterrak inarrosi ziren. Durunda hauteman zen eta, kasik berehala, egur puska sutan zehaztu zuen. Non zegoen? Nor zen? Nora abian zen? Nork hilko zuen jada jantzietara hedatzen zihoakion su lerden hori? Emakumeetatik batek burua altxatu eta sudurrera bota zion hatsa. Iratzarri zen arras.

      — Kanpoko egurrak sua ezin egar...

      — Disko gogorra marratua duzula dirudi.

      — Eraman dezagula gure abaro sakratura! Whiski ttilika bat edan eta hobera egingo duela segur naiz. Gu bezalakoa da, ez kezkatu, neskak, gu bezalakoa da!

      — Milna, ez ahantz, bere umea bailitzan, besoetan eramaten duen egur puska laztana! Har dezagun lau aldeetatik eta aitzina, tenk, eup, blua, trajst!

      “Denek daukagu bizitzan salbatuko gaituen norbait” zioen Paulina de la Mora adiskideak. Milnaren boza zen, barre eta seriotasun artean. Eta lau taulako murruz, hamalau brika koskor eta eberitaz osatu teilatuarekiko aizolbera eraman zuten Laura Palmer. Mihise eta manta mutxituz egin ohe gain batera bota zuten, trakets. Lo egin zezan bederen, bere lelo zahar tematia ahanzteko.

 

 

Iratzartu zenean, surikata aberetxoaren antzera, lepoa alde orotara luzatuz, konturatu zen adreilu grisez eraiki hormen arteko aterpe doi batean zegoela. Ohantzearen alde bietan, emazteak zeuzkan kafe edo te kikara ketsuak eskuetan. Amesgaiztoak ez zuen bukaerarik ala? Non zegoen bere egur puska kuttuna? Zergatik ez zuten konprenitzen kanpoan bizitzeko hobeagoa zela? Ez ote zuen pastilla gorrien irensteko tenorea?

      — Orizu kafe xorta bero bat! On eginen dizu...

      — Zer on eta zer bon-bon?

      Laura Palmer zeritzanak esku salbai batez eskaintzen zioten edalontzia aurtiki zuen birundaka. Errautsez emokatu zoladura hotzean hedatu zen likidoa. Ustezko lagunak orroaz eta punpaz urrundu zitzaizkion.

      — Deabrua zara ala?

      — Laura Palmer deitzen naiz. Utikan...

      — Gure etxean zaude, orduan errespetatzen gaituzu amiñi bat, andere Palmer. Gizon talde batekin aurkitu zaitugu, zutaz baliatzen ziren, arraiki, beren pistola zure zirrikitu guztietan sakatuz...

      — Ez dizuet deus galdegin!

      — Gaizki zinen emakumea, biziki gaizki...

      Sabelpea ferekatu zuen ahurraz. Alu zokoa miatzeari ekin zion azazkal luzeegiekin. Odolez tatxatuak atera zituen handik, sudurrera ekarri, arras mentsa edo lur azpian hazi eta hezi banpiroetatik bailitzan. Saihetseko emazteen aurpegietan disgustua irakur zitekeen.

      Milna zutitu zen, larderiatsu:

      — Aski orain! Zentzatuko zara! Gurekin ez da indarkeriarik zilegi. Eskaleak gara, gure aita, senar eta seme bortitzetatik urrun joanak, ihesi, gure pobreziaren oinarrian datzan ihes ederrean. Ez dituzu biak ukaiten ahal, diruaren segurtasuna eta osasun mentalaren bermea. Mehetegiko zakurraren pare, tegian zaude egun oroz bazkatua, baina uhalak lepondoa larrutzen dizu, edo libre zabiltza, tripa zorriak gose karrankaz...

      — Zer dira zakur istorio txepel horiek?

      Irri uhinak tsunami bakarrean bildu ziren, egoitza eskasaren zutabeak dildilaraziz. Laura Palmerrek ere barre ahula marraztu zuen, nahiz eta hasieran eskarnio malestruka zirudien, baina gero irriaren moldera tiratzen zukeen.

      — Laura Palmer naiz eta kanpoko egurrak sua ezin egar...

      — Leloa zarai leloa, oi ze andere memeloa! Kafea ala tea?

      — Kafea, belea bezain beltza!

      Otsoekin hazi umea ematen zuen. Kikararik sekula ez zuela eskuetan atxiki zirudien. Uhulu ozenak eta dolorezko intziriak artekatzen zituen. Azken ttantta hurrupatu baiko, pitxerra zetxikanaren aldera luzatu zuen edalontzia:

      — Gehiago...

      — Bai, tori, Laura...

      Hapataz hustu zuen bigarren kikara ere. Oker lodi bat askatzear egon zen, inguruan jendea bazegoela ohartu zenean. Ez ote zeukan pastilla berdearen ordua? Berrogei begi pareren menpean, sakelatik kaxatxo laranja ateratzeari ekin zion, astiro. Erremedio borobil bat hartu eta aho zokora bota zuen. Besteek ez zezaketen beren harridura gorde.

      — Nor zara zuzen? Aurkezpenen ordua datorkigu...

      — Laura Palmer naizela erran dizuet eta besoetan daramadan egur puska hori inoiz ukan ez dudan semea da. Duela gutxi arte Eureka Jobs psikologoaren paziente konfinatua eta konfiantzazkoa nintzen. Solasean pasatzen genituen orenak eta ospitale psikiatrikoko baratzean paseatzen nintzen. Ez naiz eskapatu, jakin nahi baduzue, Eureka Jobsen arabera sendatua naiz, ez dut arazorik, ez horixe!

      Milnak, taldearen burua zirudienak, lagunei banaka begiratu zien Laura Palmerrek arazo mentalik ez zeukala ahots ziurrez azpimarratu zuenean. Dudak bazituzten denek. Baina pertsona batek zioena sinestekoa zen, bere buruaz ari baldin bazen bereziki. Hondarrean, norberak bere egoeraren berri zehatzak zituen, ez?

      — Jainkoaren amoreagatik, bakean utziko nauzue?

      — Zertara dator Jainkoa saltsa honen mintzera. Erraguzu egia! Nondik zatoz? Zure egiazko izena zein da?

      — Zuri zer axola?

      Egia zen, zer axola zuen karrikan kinka larrian atzematen zen izaki txarpil batez kezkatzeak? Milna pasatu zen etsipenetik indiferentziara eta, deus gertatu ez bailitzan, bere lagunak prestatzera deitu zituen, ateratzeko.

      — Laura? Etorriko zara gurekin? Janari bila goaz!

      — Semea eramango dut...

      — Lasai, eraman ezazu buru zokoan ihalozka dabilkizun fauna guztia ere... lehoiak, pastillak eta espektro zurbilak ahantzi gabe.

      Arranparik gabeko harmailetan behera jaitsi ziren, bata bestearen atzetik, arropa zaharrez jantziak eta poltsaz mukuru. Prozesio bitxia zen, pobrezia larria ezkontzen zela halako alaitasun gordin batekin. Arrazoia zuten Milnak eta Mick Jaggerrek batera you can’t always get what you want... kantatzen zutelarik, Mehetegiko zakurrak zirelako guztiak. Laura Palmerrek, bere aldetik, saldo motela jarraitzen zuen, marmazikarik gabe. Hiri ezezagun bateko karriketatik bazebiltzan, baina, Eureka Jobsek errango zuenez, neoliberalismoak bultzatu hiriak den-denak antzekoak ziren: gabetuen zona edo sasi-hiri txiroaren ondoan, klase ertainen gune erosoak kausitzen ziren, merkataritza eta botere auzoekin, eta ortzaizean, ikusgarri alabaina, aferagileen dorre distiratsu eta gorakoiez osatu skyline deigarriak... sorpresarik ez zegoen. Lauraren garunetan Eureka Jobsen figura iltzatua zetzan eta horrek nolabait baketzen zuen.

 

 

Milna zeukan taldeak etxeko andere. Argiki. Artzain deliberatu baten moduan gidatzen zuen bere saldo marrakaria. Bazekien nora jo eta tropa eklektikoa zelan maneiatu. Zakur labrit sotila zebilkion aldamenean, txistu bat entzun orduko desbidera zitezkeen bildotsak biltzeko bezala. Emazte gehienak marmar marrakatsu batean zetozkion atzetik, gerrian loturik zeraman galtzarpa milikatu asmoz. Europak diruz lagundu arditegi itxura zuten egoitza eskasetan bizi zen arren, jendeak artzain nomada amets arketipalak zituen bere baitan errotuak. Linboetan ehortziak ematen zuten, baina edonoiz berma zitezkeen, norberaren egunerokoari norabide berriak eskaintzeko. Eguneroko konfort delakoa abandonatu beharko baldin bazen ere.

      Zentro komertzial erraldoi baten aparkalekuaren hegira iritsi ziren. Milnak zakurra geldiarazi zuen, eskua altxatuz. Saldoko andereek halaber egin zuten, kopetak gora, soak alde orotara barreiatuz.

      — Mattu, zoaz lehen, ikus ezazu lanjerik baden zikinontzien eremu horretan!

      — Bai, Milna, banoa.

      Ikusi zuten urruntzen, karkara ozena askatuz eta bizkarra konkortuz. Pezoiaren gibelean zeuden aiduru. Milnak begi batez Laura, hala deitzen zioten engoitik, zelatatzen zuen, zer gerta ere. Iragarrezina zelako. Baina, besartean zuen egur puska balakatzen zueno, orokorrean, lasai egoten zen taldeari erantsi berri zitzaion ezezaguna. Misterio hutsa zen: goiz batez agertu zen, bere egur puska besoetan, eta kito. Matazaren hariak lotu nahiko lituzke, nor zen Laura Palmer zeritzola zioen emazte psikotiko hori, zer bilatzen zuen, nora zihoan... Garunak hormatzear zeuzkan, erantzunik ez zuelako nehon kausitzen.

      Mattu itzuli zen, hatsanka.

      — Zikinontzien eremua libre dago, ez dute oraino janariak andeatzeko likido zitalik hedatu. Ernatu beharko dugu. Ohiko gerla dispositiboa plantan eman dezagun, arren, ez galdu denborarik!

      — Arrazoia du Mattuk... Goazen... isilik eta garden.

      Handik gutxira, Laurak, egur puska lurrean pausaturik, taldeko emakumeak jarraitu zituen, buruz behera, zikinontziak arrakatzen. Urrin zizkolatsuak hertsatu zuen airea. Materia organiko ustelduak ateratzen zituzten paketeka, eta Bernie zeritzonak baliatzen ahal zirenak metatzen zituen beren naturaren arabera: haragiak, urdekiak, frutak, barazkiak, gazta zatiak, postre sukratuak, bixkotxak eta beste hainbat ekai, oraino ere kontsumitzen ahal zirenak. Bi asteko erosketen adina bazegoen inguruan, suntsiketatik salbatua:

      — Etorri, gauza horiek guztiak zakuetan sar eta alde egin dezagun hemendik, zaindariak mugitzen ari direla erraten dit hipermerkatuaren atarian beilari dagoen Mauk.

      Milnak ordena zehatzak ematen zituen. Laura hurbildu zitzaion, laguntza proposatuz. Lehen aldia zen zerbaiten egiteko bere burua eskaintzen ziola. Taldean urtuko zen hau ere, Bernie, Mau edo Matturen moduan. Zuhur hitz madarikatua errepikatzeari utzi eta entzun zuen Lauraren ahotsa, perpaus arruntago bat mailukatzen:

      — Zainduizadazu lurrean den egur puska hori, laguntzera noa ni ere...

      — Baiki eta eiki, milesker.

      Xinaurriak bailiran higitzen ziren multzoko andre etsituak. Zentro komertziala azpatzen zuen besuinaren gibelera eramaten zituzten zakuak. Lerroan bazebiltzan, zamatuak, eta argi zegoen milimetroan funtzionatzen zuela Milnak plantan ezarri antolakuntzak. Laurak ere bi joan-jin egin zituen, irriak ezpainak malgutzen zizkiola. Zoriontsu irudi zuen behingoz.

      — Laura, ongi da, pausa zaitez, izerdi eta hats hantua ikusten zaitut. Zatoz, zure semea har ezazu, helduko gara.

      — Zuen taldekide izan naiteke beraz?

      — Bai, bi asteko saioa eginen dugu eta guztia ederki iragaten bada gurekin egoten ahalko zara.

      — Familiarik ez dut, oroitzapenik ez dut, ez dakit nor eta non bizi izan naizen, zuekin berriz hasiko naiz zerotik...

      — Ados.

      Milnak ez zuen solasean zinpurtzeko astirik. Xinaurri-erreginak langileak bildu zituen, zamak banatu eta aterpe doira itzultzeko seinalea eman zuen, esku ezkerreko bi behatzak altxatuz. Lerro zalantzakorretan aitzinatzen ziren espaloietatik, astoak bezain kargatuak. Harrigarria zen oraino jangarria zitekeen zenbat janari aurtikitzen zen. Etxeko probetxu, pentsatu zuen berekiko Laura Palmerren saihetsean zebilen talde-buruak.

      — Etxeko probetxu...

      — Hala erraten zuten gure zaharrek!

      — Kanpoko egurrak sua ezin egar...

      Lauraren boza zen eta izu-ikara eragin zion gorputzean gora. Milna, Mattu, Mau eta Bernieren saldora hurbildu zen, sosegu bila. Atsotitz antzeko perpausa sinistroa zen, taldearen orekaren kontrako mehatxua, hondorik gabeko putzua. Amildegiaren hegian dantzan ari balitz bezala sentitzen zen. Eskuzabal izatea tokatzen zitzaion, baina, une berean, lanjera urruntzeko gogoa zeukan, salbatzeko sobera zuelako. Hamabost egun eta erabakia hartuko zuten elkarrekin. Artean, iraun eta bizi behar zuten, ahalik eraginkorren eta baketsuen. Oturuntza ederrak eginen zituzten ondoko egunetan. Burumuina karruskatzea ez zen, agian, hain baitezpadakoa. Eguzkiak argitzen zuen ordu bakoitzari berea zegokion...

 

 

Armairu eta apaletan bildu zituzten janariak eta gainerako puska errekuperatuak. Leihorik eta aterik gabeko egoitzak erle kofoin burrunbatsua zirudien. Milna, bertako erregina, oihal koloretsuz estali jargia batean zegoen, bereak nola mugitzen ziren begiesten. Kontent zen, nagusi neoliberal baten moduan: hitzik erran gabe ekiten zioten lanari, ordenak barneratuak balituzte bezala. Bikez ausarki hornitu uhala zirudien. Zaratarik ez, eraginkortasun maximoa. Zoko batean kuzkur zetzan Laurarengana luzatu zuen soa: hau ere, erran zuen berekiko, gureetatik izanen da, emanen du denbora, baina urtuko da kofoinaren kolektiboan.

      Bazkari ederra eginen zuten. Mattuk sukaldarien saldoa kudeatuko zuen, zainart eta amultsuki, ohitura zeukalako. Sehi batetik bestera pasatzen zen, esku ahurraz sorbaldak eta bizkarrak balakatuz. Ele ezti bat bazuen taldeko kide bederarentzat. Emazte horiek oro gaizki tratatuak ziren beren aitzineko bizitzetan, eta pobreziagatik, samurtasun premia aldarrikatzen zuten gorputz sakrifikatuek. Mattuk bazekien, isilik, bazekien. Bera ere pairamen bide berdinetatik pasatua zelako. Bistan zetxikan Laura, eta historia arruntaren aztarnak kausitzen zituen kikiltzen zihoan emazte urrun haren soinean. Misterio bat zela onartzekoa zuen.

      Emakume joa zen. Argiki. Joa eta psikotropoz emokatua. Pastillak irensteko antolatzen zuen zeremonia zehatza barregarria zitzaion Matturi. Zenbat denbora bazen etxetik ihes egin zuela? Nondik ibili zen? Norekin egona zen? Zer zen bere istorioa? Hipermerkatuko zakarrontzietan berreskuratu lursagar potoloak haztatu zituen, labana hartu eta bipiltzeari ekin zion galderen kordela ixteko.

      — Laura, zatoz ene laguntzera...

      Burua altxatu zuen. Zoko ilunetik zutitu zen, egurra besapean. Ezpainak urrezko hariz josiak zituela zirudien. Erremedioak zintzurreratu berri zituela ageri zen. Matturi hurbildu zitzaion, burtzoroak eragin urrats dudakorrean. Kokotsa airean, hitz egin zion:

      — Zer nahi duzu zuk?

      — Lagunduko nauzu patatak zuritzen?

      — Uste duzu neskame arrunta naizela ala?

      — Kategoriako andrea zara, zalantzarik ez dut. Esku ukaldi bat emadazu. Besterik ez... tori ganibeta!

      Izua hedatu zen berehala, Laura Palmer haluzinatua, labana zorrotza ahurrean, taldeko emakumeak lanean ari ziren mahai zabalera hurreratu zenean. Krimenaren orduak jo zuena? Lanjerean ziren guztiak. Makil dantza lerdena zirudien. Kolpe bat ezker. Kolpe bat eskuin. Bat-batean lasaitu eta lursagar biribila hartu zuen, deus gertatu ez bailitzan. Mattuk bazterrak jabaldu zituen:

      — Ez dezagun denborarik gal, eguerdia bertan dugu, milesker, Laura, bide onean zaude...

      — Ez dut esker beharrik.

      Burua apalik, lanari ekin zion. Trebea zen. Pikorik egin gabe ari zen, keinu zorrotz haietan iraganeko emakumearen hatzak azaltzen zirela. Milna ere beha zegokion: bere aitzineko bizimodua ahantzia baldin bazuen ere, nabari zen Laura norbait izana zela. Etxeko andere bikaina edo intelektual ahozabala. Irri gutxi eta larderia larria bazeukan. Usain ona hedatzen zihoan eta zapore uhinetan barreiatzen zihoazen Palmer izeneko izakia inguratzen zuten kideen pentsamenduak:

      — Mahaira!

      Mauren oihua zen. Tripa zorriak oro harrotu ziren. Txori piupiulariak bailiran, taldeko emazteek beren aulkiak hurbildu zituzten. Salbu Laurak. Bere zokora eskapatu zen, egur puska kuttunaren aldamenera. Sehaska kanta zurruna eskaintzen zion, kulunkaz. Mauk, matelan behera, malko bat lerratzen ikusi zuen.

      — Etorri gurekin, Laura... on eginen dizu zertxobait jateak. Ez gara gaiztoak.

      — Ez naiz gose. Utikan.

      Hala ere trinkili-trankala, Mauren itzaletik mahairatu zen. Giro bikaina zen, ardo zurrutek areagotzen zutena. Laurak, alta, partekatzen ez zuena. Mekanika herdoildu baten moduan jaten ari zen. Ez zuen zibilizatua ematen. Otsoekin bizi ote zen?

      — Laura, nor zara?

      — Ez dakit.

      — Arren ardo zuri sukratu honetatik edan ezazu. Mihia askatuko dizu. Zure taldea gara orain. Galdua dirudizu. Zerbait egiten ahal badugu?

      — Non da nire semea?

      Elkorrizketa zen. Batzuetan, Laurak kontziente irudi zuen, besteetan ilaunetan igeri zebilen, orekarik sekula lortu gabe. Laura besoetan tinkatu zuen Mauk, jendetasun berotasun zirrizta bat oparitu asmoz. Iheserako keinuak egin zituen bortitz, baina basoa ezpainetara eraman zuen. Hitz egingo ote zuen? Lauraren aho hondora zuzendu ziren emakume saldoko begi pare guztiak. Mattuk eskua sorbaldan utzi zion, gozoki, animatzeko:

      — Laura, erraguzu nor zaren eta gerizatuko zaitugu, ez duzu gehiago beldurrik pairatuko.

      — Non da nire semea?

      Etsitzekoa bazen. Beharrik barazki saltsa, gazta eta bukatzeko pastelak deliziosak zirela. Ardoaren gustu sakona aipatu gabe. Laura makurtu zen, sabeleko minez urratzen balitz bezala. Aldamenekoak hormatu ziren, Milna larrialdiei deitzekotan zegoela. Baina emaztea pixkolatu zen eta elearen haria iruteari ekin zion:

      — Laura Palmer naiz, baina ez nintzen hala deitzen, horretaz segur nago. Semea badut...

      — Egur puska hori?

      — Milna, utz ezazu, segi dezala bere haria txirikordatzen.

 

 

“Eureka Jobs psikologoarekin nabil. Lanean. Memoria lantzen, preseski. Ez naiz deusez oroitzen. Burumuinaren ordez tripot mami odoltsua daukadala iruditzen zait, formarik gabeko halako pasta malgu bat. Kaskezurra mugitzen dudanean, uhinak eta harri kaskak nabaritzen ditut. Hormen kontra kuzkatzen dut kopeta, etengabe, baina ez da ezer aldatzen. Mina eta hutsa hor dauzkat, ate ondoan joka bezala...”.

      Laura Palmerrek egur puska tinkatu zuen papoan. Ahots apalez kantari ekin zion. Buba ñiñaño... haurra duxu nimiño... isildu zen. Hatsa sakon hartu zuen.

      “Ene ezkon-egunaz gogoratzen naiz. Maite nuen gizona, lore sortak, lagunak alegera, dantzak eta jauziak. Musikariak Garazi aldetik etorri ziren, kordeonaren soinua garunetan daukat beti. Zatika. Flashak baditut, besterik ez. Adiskideak inguruan nituen. Izenak? Ez dakit gehiago... baina giro handia eta ona zela bai, horretaz ziur nago. Ala ez? Itxura hautsiak ikusten ditut, berina apurtu baten gainean marraztuak bezala. Edo, nola da hitza? Amesgaiztoz osatu kaleidoskopio baten antzera...”.

      Tua irentsi zuen. Egarri zirudien. Mihia lodi eta aho sabaia idor. Mauk baso bat luzatu zion. Ardoz erdira. Begiak zerura altxatu zituen, izerditu zen berehala. Ttantta nagiak lehertu zituen behatz puntaz, haserre bailitzan.

      “Redios. Zainetan nabil. Ilunak itotzen nau. Ehun urtez gaztelu zahar hartako soto hezean gatibu atxiki naute. Nork? Ez dakit... arratoiak eta saguak nituen lagun. Usain segitzaile bat neukan larruari josirik. Hirotzen nindoan. Lur beltzean auto-ehorzten ari nintzen. Zenbat denbora iraun dudan horrela? Ez dakit... satorrak eta zizare malatsak nituen bizikide. Erran dizuet, ezta? Noizbehinka jatekoa ekartzen zidaten... zidan, zidaten, nola nekike? Galdua naiz, kotxinos, nor naiz?”.

      Jantzi trapuen sakelaren batetik atera zuen bere erremedio kaxa laranja. Pastilla berdearen tenorea zen. Bi erori zitzaizkion esku ahurrera, baina, Matturen so larderiatsuaz ohartu zenean, bietatik bat baizik ez zuen bildu. Emakume kuriosak inguruan zeuzkan. Eskakizunak bazituzten, trumilka, baina ez ziren ausartzen. Istorioak bururaino joan behar zuen, geldiune eta traumarik gabe.

      “Kolpeak eta uspelak baditut gorputz osoan. Ikusi nahi? Ez, bistan dena, zertarako? Gauzak aldatzen ari dira. Eureka Jobsek erran dit. Libre naizela, baina ni beti preso sentitzen naiz, hormarik eta leihorik ez duen aterpe honetan ere. Nor naiz ni, egiazki? Nor ziren atxilo nindukatenak? Atea doi-doia irekitzen zutenean, zilarrezko tapakiak zehazten nituen. Zer ziren estalki horiek? Non nengoen? Non da nire semea?”.

      Denboraren oihala hedatzen zihoan. Entzuten zegozkion emazte asko beren ohantzeetan etzanik zeuden, neska-lagunekin elkartuak, binaka, hirunaka edo launaka, ederki jan ondoan amodioa egiten, intziri eta auhen. Laura Palmerrek gertatzen ari zena jarraitzen zuen, begi hutsez, harritua. Atseginak tolestu gorputzak ikusten zituen metan, ez zuen deus ulertzen, ez zuen deus konprenitzen, zertan ari ziren? Ahantziak zituen jestuak eta egikerak zitezkeen, zekusanak buru zokoan oihartzun urrun eta arina eragiten ziolako. Plazeraren ondotik, ukabilkadak, zartak, bultzadak, urkatze saioak, esku idorrez. Orroak eta laidoak. Zer zen kontraste likits hori?

 

 

Semearen aldamenera ernatu zen, bere baitara biltzeko. Matelak sutan zituen eta oinak dardaraz. Murru apal eta gris baten kontra bermatu zen bizkarrez. Bakarrik hizketan, egur puska ferekatzen zuen bitartean. Zango artetik, orduan, odol itsaso bat. Tsunami gorri bat. Zer pasatzen zitzaion? Betazalak apaldu zituen. Loak eraman zuen errealitate zurrunetik mila legoatara, Eureka Jobsen bulego zurbilaren erdira hain zuzen.

      Zuritasun agerinde batean itorik zebilela, karminezko uholde baten muinean igerika irudikatu zen. Gizonak ziren, beltzez jantziak eta kaskaz hornituak. Matrakak zeuzkaten eskuetan eta emakume erdi biluzien saldoak jotzen zituzten, arraiki. Sabelpeak eta alua ahur zalantzatiaz gordetzen zituzten. Izua hedatzen zihoan, molekula batetik bestera. Zer gertatzen zen?

      Mattu eta Mau zurkaitz zeuzkala, Milna zutitu eta poliziari mintzatu zitzaion:

      — Ez dugu deus egin! Zer nahi duzue?

      — Galderak, hemen, guk ditugu egiten... zu al zara arduraduna?

      — Bai, ni naiz.

      — Emazte baten bila gabiltza, eskale talderik talde. Beharbada zuen artean dago? Errango didazu... Milna?

      Marie-Cecile Moreau ahoskatu zuen poliziaburuak. Laura Palmerren soina inauteri edo trumoi mental batek errautsi zion. Bere izena zena? Ezkon-egunekoa. Semearen premia zeukan. Milnaren saihetsean plantatu zen, pentsakor.