V
Urrunean entzun zuen oihuaren oihartzuna zeukan oraindik buru zokoan dantzan. Sangratzen zuten emazte baten orroa zen. Edo zakurrek zirtzikatzen zuten orkatz batena. Dudarik ez. Hiru koloredun kotxe horretan zerraturik, ez zekien nora zeramaten aitzineko eserlekuetan zapal zeuden bi gizonkoteek. Elkarrizketa apalean zirauten. Ez zuen ezer ulertzen. Baina gorputza odoletan irudika zezakeen, dolorez plegatua eta kolpe arrotzen meneko. Etxe zatar hartan preso atxikitzen zutenak bide ziren. Ihes egiten saiatu zen baina ez zuen lortu, harrapatu zuten, zakurrekin eta beren polizia-mutil pribatuekin. Eskapurik ez baitzeukan.
Amesgaiztoa baino izan ez zela sinestera heldu zen. Alta begiak zabalik zituen eta gorputzean sentitzen zuen mina erreala zen. Jantzi zirtzilak zeramatzan, oin bateko oskia galdu zuen lasterka ibili zen unean, urrin zizkolatsua zerion: solasean zebiltzan gizon armatuek nola jasaten ahal zuten pertsona zikin horren presentzia? Paperak eskatu zizkiotenean, presentatzeko deus ez zeukan bistan dena, eta bere izenik ere ez zekiela salatu zienean, astotzeko plantatzen egon ziren. Batek pistola atera zuen eta besteak tuñakoka erabili zuen, piltzarra bailitzan.
Hotsik ez zitzaion jalgitzen zintzurraren hondotik. Bazen hainbeste urte ez zela inorekin mintzatu. Etxeko kaiola hartara janaria ekartzen zionak ere ez zion sekula hitzik erraten. Eskua luzatu eta kito. Hasieran izkinarik gabeko gela batean zeukaten, azantzik gabe eta plastikozko arropaz apaindua, ez zezan gehiago bere gorputzarekiko hunkimenik eduki. Astiro, sentsazio bizigarriaz desjabetu zuten, hunkimena beste, entzumena, ikusmena eta gustua ere murrizteko asmoz, nahiz eta beranduago tauleta bat zilegitu zioten, ganbera itsu hartan film amerikarrak buklean ikus zitzan. Dolorezko oihuez aparte, mintzamen arrunta galdua zuen eta bidean atxilotu zuten polizien parean mutu geratu zen.
Eguna eta gaua ez zituen bereizten. Eta arras erotuko zen ez baldin bazuen memoria landu, Bibliako Etorkiaren liburuko lehen zazpi orrialdeak goiz oroz oroituz eta mentalki errepikatuz. Yahvek mundua nola eraiki zuen marmartzen zukeen, ahapez eta xeheki, aditz bakoitzari bere iharduki indarra emanez. Adamen saihets hezurretik Eba zelan moldatu zuen ere irudikatzen zuen, baratze hartako abere eta landare guztien artetik. Lokatzetik lokatza. Haragitik haragia. Zazpi orrialde, zazpi egunetan, zazpi urtez. Bere buruari zegokion guztia, ordea, ahantzia zuen eta edonork, nahieran, bizipen berriak txertatzen ahalko zituen bere garunaren lur hutsean.
Mamu bat bailitzan aurtiki zuten beren autoaren hondora. Sirenak airean, ziztuan bazebiltzan, nora ez jakin. Baina bazihoazen. Lainoaren menpetik atera zenez geroztik begiak ari zitzaizkion egunaren argitasun grisari ohitzen. Inguruaren berdetasun iluna haztatzen zuen soaz, kasik trenputxartzeraino. Ez zuen zerurik ikusten, bazenez ere. Gizonetako batek noizbehinka begiratzen zion, pistola gainean ahurra mantenduz. Piztia ote zen? Hainbeste denbora ez zuela gizaki batekiko harremanik ukan. Ustez bederen. Sentsazio bitxiak ernatzen zitzaizkiolako noiztenka. Anartean, ahuspez bezala, berekiko errezitatzeari ekin zion: “Hastean, Jainkoak zerua eta lurra kreatu zituen. Lurra nahas-mahas hutsa zen: leize uren gainean zebilen. Eta Jainkoak erran zuen: «Izan bedi argia». Eta izan zen argia. Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela”.
On egin zion pasarte horren pentsatzeak, letraz letra asmatzeak, kontzebitzeak. Argia hedatu zitzaion kasko zokoan, zelulen arrakaletan, amets ahalmenaren zirrikituetan, eleen erranahi ubelduen arteketan. Irri egin eta bere begitartea ikusi zuen atzikusgailuan. Izutu zen irudi zarpaila begietsi zuenean. Nor zen? Nolakoa zen? Zer zen bere bizia Etxeko gela itsu hartan sartu aurrean? Eskuz gorde zituen begiak, zekusana ez haztatzeko moduan. Garrasiaz lehertzeko gutizia nabaritzen zuen bere baitan, baina isilik geratu zen, zer gertatuko zitzaion aiduru.
Haragia minbera zeukan. Gizonek autoaren barnera kolpeka bultzatu zutenean, akuilu baten zizta hartu zuen gorputzean, aspaldi zuelako nehork ez ziola larrua hunki, bortizki bazen ere. Edo bederen ez zen gogoratzen. Ikara latzez hautsi zen, dislokatu, eta zintzur zokoan orro erlatsa menperatu zuen. Ezezagunen eskuetan parpaila gisa erabilitako gauza bat zen dagoeneko. Besterik izan zena bere bizitza osoan? Non galdu zuen oroitzeko ahalmena? Noiz? Zergatik eta nork sartu zuen Etxea deitzen zen egoitza tepu hartan? Eskakizunez eskakizun zebilen jauzika, izpirituaren deboila gelditu ezinik.
Konturatu zen letra urdinez idatziriko Polizia izena zekarren aterpe apal batera heldu zirela. Bost bloke ziren bata bestearen aldamenean. Sarrera gerizatzeko hegats aitzinatu bat zehaztu zuen. Gizonetan lodienak “zaude hor!” erran zion, eta soaz haren manua ulertua zuela konpreniarazten saiatu zen. Hitzak buruan lerrokatzen baldin bazitzaizkion ere, ahots sokak antzu eta erreak zituela konturatzen zen. Ezpainekin moldatzen zituen, baina isilak ziren, soinu gabekoak.
Lau kide etorri ziren, behialako bien laguntzera. Piltzarrez beztitu barrikote astuna eraman zuten eta poliziategian burdinez itxiriko gela batera aurtiki. Guztien bistara zegoen. Begira zegozkion denak, sabana salbaian harrapatu mamu gaizkilea bailitzan.
— Zer da hori?
— Ez dakit... oihanaren mugetan aurkitu dute, noraezean, Basajauna izan liteke, ha, ha, ha, ha...
— Uste duzu irri egitekorik badela?
— Nortasuna azter iezaiozue!
Taldeko gradatuenaren boza zen. Biribilean bildu ziren eta hor informazioak trukatu zituzten. Entzuten zuenaren arabera, duda handiak zeuzkaten. Atzeman zuten bitxikeriarekin zer-nolako harremana irun eztabaidan ari ziren: mediku bat behar zen, psikologo bat agian, gorren zeinuak ezagutzen zituen norbait, absolutuki jartzekoak ziren kontaktuan abere itxura zuen humano horrekin.
— Arren, Dale, galdezka ezazu! Ekarri sospetxosoa...
— Zure ordenetara!
Ogi zaku putzuka baten pare jalgi zuten bere kaiolatik. Burdin barra bati lotzen saiatu zen, baina gizonek bortizki bulkatu zuten, jarrarazi eta bertan iltzatu.
— Dale Cooper naiz. Zure nortasunaren ezaugarriak ikertuko ditugu eta gero libre utziko zaitugu. Lehen galdera: nondik zentozen gure patruilak bildu zintuenean?
— ....
— Ez duzu erantzun nahi? Arrapostu ematera behartuko zaitugu. Zer gordetzen diguzu? Aurkituko dugu zer edo zer...
— ...
— Biluz zaitez... Konprenitzen nauzu?
Baiezkoa eman zion, burua higituz. Ulertzen zuen, bistan dena, ulertzen zuela. Baina zintzurretik ez zitzaion soinu bakar bat ere atera. Mutua ez zen, eztarria zeukan sutan eta larrutua. Lotan zegoen batez norbaitek operatu zuela zirudion, ez zezakeela erabaki inguma zen ala ez. Zakur zanpatu begirada batekin so egiten zion papoan dindilaz zebilkion plakatxo batean Cooper izena idatzirik zekarren poliziari, bere ezintasun fisikoaren berri salatu nahian. Parekoak ez zuen ematen egoera zehazki ulertzen zuenik. Galderak errepikatu zizkion. Ihardespenen aiduru plantatu zen, grabagailu txiki batekin jolastuz eta “badut denbora” erantsiz.
Jantziak banan-banan kendu zituen soinetik. Cooperren bulego aitzineko aulkian pausatzen zituen. Plegatu gabe eta meta salbai batean abandonatuz. Aldamenetik pasatzen zitzaizkionak irri zikinez lehertzen ziren, abere menderatua bailitzan, jendetasun izpirik ez bailuen. Aspaldian galdua zuen egia erran, baina, hala ere, pertsona gisa definitzen ahal zuen bere izaera. Larrura hurbiltzen ari zenean, izuaren pilpirak sentitzen zituen poroetan. Mendeak ziren ez zuela bere larrua zinez atzamarkatu, Etxe hartan dutxatzen zutenean, hamabostean behin, distantzia zaintzen zuten, ez zioten uzten eskuekin bere gorputza palpatzera ere.
Haragiz eta hezurrez osatu masa informal hori gorputz deitu ote zezakeen? Iruzkin mentalak harilkatzen zituen: “Zer da hau? Eskuekin ezin dut, ez, ezin dut... Nor naiz? Zein dira nire izen-abizenak? Ez dut paperik ere... noizez geroztik? Urteak, Etxe hartan preso nindukatela... ihes egin ez banu... atzetik bila ditudala segur... segur... lagundu nazazu, lagundu nazazue!”. Baina bere laguntza deia ez zuen nehork entzuten, oihu mutua zelako, marraska adiezina, garrasi lantzinantea. Larru has zetzan dagoeneko. Inguruan, poliziak, Dale Cooper buru, beha zegozkion, harrituak: zer da hori?
Nehor ez zen mugitu. Sudur zuloak tapatu zituzten. Antrax epidemiaren garaian bezala apainduriko lau izaki sartu ziren bulegoko bortatik. Arropa zuriak zituzten soinean, maskara hermetikoak muturrean eta bizkarrean oxigenoz bete aluminiozko botila pare bat. 1969ko uztailaren 21ean ilargian, Lasaitasunaren Itsasoan, jauzika zebiltzan Aldrin eta Armstrong ziruditen. Komunikatzeko baliatzen zituzten talkien txiki-txakak hautematen zituen aulkiaren gibelean biluzik zegoenak:
— Eraman ezazue... Ez dugu deus erdietsiko egur puska bezain malgor eta mutu den gizaki honengandik. Ez ahantz arropak. Plastikozko poltsetan entzerratu eta azterketara... aire... aire...
— Ederki.
Astronauta antzeko haietatiko baten ahotsa aditu zen. Dale Cooper zeritzanaren eskuak txaloka ikusi zituen, handizki gerizaturik kanpora bultzatzen zuten pertsona izengabeek. Ez zitekeen mintza, baina burumuina bizi-bizirik zebilkion, ebazpenak egin zitzakeen, oharrak eta hausnarrak lerrokatuz. Berriz ere zalantza astun batek gatibatu zuen. Ez baitzekien nora zihoan. Hiriko kolorez hornitu kamioi medikalizatu batean sartu zuten, taser antzeko makila elektrikoei eraginez. Anbulantzian, dolorez toles zebilen, zizare baten pare, plastikoz estali ohean etzanik.
Sirena hotsek karrikak inarrosten zituzten. Aditzen zituen. Adimen zoharra zeukalako. Etxean preso bezala zegoenean, den mendreneko azantzak izendatzeko gai zen. Hil ala biziko auzia, horrela aitzinetik iragartzen ahal zuen nor hurbiltzen ari zitzaion, bai eta zeldatik at garatzen ziren murmurioen edukiak zein ziren.
— Zer ari dira —emazte boza zen— ezezagun horiek gure baserriaren inguruan barrandari?
— Poliziari deituko diot.
Gizon bat zen, ahapez. Asots bitxiak baziren gero, plater hautsiak, ate klaskariak, marmar elkorrak oraino. Handik laster, gelako atea zabaltzen zen eta orduan ohe kantoian kukubilkatu behar zuela bazekien, bestela arazoak ukanen zituelako. Kamioi medikalizatuan ere trankil egotera bortxatzen zuten aldamenean zituen bi erizainek. Jabaltzeko txertoa egin zioten. Masa pisu eta likido baten moduan lehertu zen, nahikunderik gabe, konortea galduz.
Amets nahasi eta uherrak hantu zion kasko zokoa. Dale Cooper ikusten zuen, egurrezko enborra besoetan zeraman emazte adindu bat, sehaska kantak xuxurlatzen zizkiola iruditzen zitzaiola. Norbaitek eskuetan hartu zuen ume-ontzi heze eta odoltsua:
— Laura Palmer?
— Bai —erantzun zion, hatsa gatibatuz.
— Etorri nirekin.
Amiantoz eta lur ustelez nahasi luizi baten erdian aurkitu zen, ur jauziaren muinean bailitzan, beherantz lerratzen eta lerratzen. Odol jarioak eramaten zuen, abiadura bizian, hondorik ez zuen putzuaren zolaren zolaraino. Noizbait geldituko ote zen bere eroriko etengabea? Lokietan dolore ziztagarria nabaritzen zuen, non zegoen? Amiltzen zihoan eta aldi berean min zuen. Zerk zion pentsatzeko ahalmena ezeztatzen? Berriz ere su kolpe bat, urrin latza eta erredurak begitartean.
Kontzientzia pizten zitzaionean bozak hautematen zituen. Plastikozko tramankulu bat ezarri zioten ahoan: zergatik ote? Oihurik egin ez zezan ala? Mihia ez irensteko gisan? Atorra zuriz jantziak ziren, medikuak agian, mediku eroak, sendatzeko partez, mina areagotzen baizik ez ziotelako egiten. Odol uhin batek uhertu zion bista. Poro guztietatik isuri gorria zetorkion, odolusten ari bailitzan. Laster, itsaso bilakatuko zen bera ere. Kopeta hezurreko zauri zizkolatsu hori... belarriak zartatzear zeuzkala zirudion.
— Laura Palmer?
— Ez, ez naiz Laura Palmer... ez dakit nor naizen.
— Errango dizugu guk, lasai, itxi begiak, tinka haginak...
Inguruko gizonen ekinez zegoen ohe gainean luzaturik. Besoak eta zangoak uhalez lotuak zituen. Ez zen mugitzen ahal. Ez zioten uzten. Berriz ere itxura izugarriak, berriz ere dardarak, berriz ere zaratarik gabeko urrumak. Kolpeak, erredurak, ziztakoak. Hanka puntetan aitzinatzen zen odol urmael horretan, gerriraino sartzear, itotzear. Urrunean, ume garrasi bat entzun zuen, jasanezina, hemoglobinazko auhen lakarra. Une hartan, abere sakrifikatu deiadar bat ihes joan zitzaion. Lokietako erredurak areagotu zitzaizkion. Papoan trinko zetxikan egur puska aurtiki zuen, sufriarazten zuten zuriz apaindu gizonen aurka. Bateko baten garaipen keinuak begietsi zituen:
— Erantzuten du, emaiozue oraino, emaiozue!
— Volt gehiago?
— Bai, maximoa...
Sakona zen mediku nagusiarena egiten zuenaren karranka. Txantxarik ez. Uste zuen hor bertan hilko zela. Zazpi zirkuluetako infernuko suak oro batu zirela irudi zuen. Suntsituko zuten. Aurki, haragi meta ketsua eta idorra zatekeen, besterik ez. Zintzur aldean soka meharrak higitzen sentitu zituen. Gerra betean zegoen. Su olde azkar batek kontzientzia hondarra eraman zion, hilotz jadanik, hil kantak aditzen zituen, intsentsu usaina eliza hertsietan, herritarren doluminak garuneko pantaila beilegian, urrez zizelkaturiko izen-abizenekiko hilarria iragarri zuen:
— Laura Palmer naiz...
— Mintzo da! Bere izena eman du. Geldi, geldi, otoi!
Ahoan jarritako plastikozko tresna beltza kendu zioten. Epileptiko baten moduan higitzen zen bitartean, zuriz jantzi gizonek fermuki atxikitzen zuten ohean etzanik. Erizain bat zehaztu zuen, pikura latza eskuetan, sorbalda mardora hurbiltzen. Bere ahotsa entzun zuen, piztia salbai batena, eeeeeezzzz luzeak gela berdea itotzear.
— Laura Palmer naiz.
— Markel, Dale Cooper komisarioa deitu ezazu; bere pazienteari hitz egiteko ahalmena itzuli zaio. Galdekatzen ahalko du...
Ohe ibiltarian horma zurbilekiko gela batera eroan zuten. Leiho txiki batetik kanpoko argia zetorkion begietara. Negar zotinka zebilen, Etxetik ihes egin eta presondegi berri batean aurkitzen zen dagoeneko, lotua, gatibu, intziriz eta auhenez. Ganbera biluziko atearen ehun kate motak zerratzen hauteman zituen, klask, klask, klask...
Loaldi kimikotik iratzarri zenean, beso muturrean plastikozko zer bat ikusi zuen Laura Palmer izenarekin. Nor zen Laura Palmer? Nondik zetorren izen hori? Mamu urkatu orro bat askatu zuen. Zintzur sokak dardaraz nabaritu zituen berriz ere. Malkoak mateletan behera. Gorputz osoa minbera. Buru astuna pausatu zuen ohe zurbileko putzukaren gainean. Beso muturrari begira geratu zitzaion. Betazalak apaldu zituen, kontzentratzeko bezala: nahi zuen jakin nola deitzen zen eta memoria harrotzen ez baldin bazuen ez zitekeen sekula zepotik aterako.
Nahi zuen bere burua salbatu.
Etzan orduko zurrungari eman zitzaion. Sudur zolak inarrosten zituen eta aho sabaia lehor zeukan. Ez zekien errealitatea ala ametsa zen. Tren baten errota hotsak hauteman zituen, ume sortu berri baten lehen oihuak eta berehala odola soin guztian hedatzen, lur gainean, gela zurbil haren eremuan. Itoko zela uste zuen. Esnatu zen bat-batean, hatsanka, garunean garatzen zihoakion agerindeak hautsia. Jartzera zihoala, ateko sarrailak askatzen aditu zituen. Betaurreko bikoitz lodiekiko mediku bat sartu zen, bere laguntzaileez inguratua:
— Nola doa goiz honetan, gure Laura Palmer?
— Ez naiz Laura Palmer...
— Komisarian, zure izena hala zela erran duzu...
— Ez naiz Laura Palmer...
Fermuki atxikitzen zuen. Tematzen zen. Ez bazen Laura Palmer, nor zen? Galderak eta misterioak bizirik zirauten. Erizain batek txerto bat egin zion, alimaleko orratza ipurdi mazelan landatuz aldi honetan. Konturatu zen orduan erdi biluzik zegoela, paperezko apaindura urdin arina zeraman, bizkarrean haritxo soil batez lotua. Hunkitzen zutenean, larrua sutan zeukan, doloretsu. Hainbeste urte iragan zituen Etxe hartan kontaktu humanorik gabe. Flash batzuek izpiritua urratzen zioten, baina ez zen deusez gogoratzen. Hitzik trukatu gabe zetzan, gela ilun haren abaroan, azken denboretan film eta telesail amerikarrak bata bestearen ondotik ikusteko tauleta bat zilegitzen ziotela. Pantailatik isuri irudiak eta elkarrizketak zeuzkan nahas-mahas buruan. Inkomunikazioaren aintzira. Ez zuen ezer bereizten ahal, egia eta gezurra biak uztarrian zebilzkiolako hondarrean.
— Laura ez baldin bazara, nor zara?
— Ez dakit, jauna, ez naiz oroitzen. Ez naiz Laura Palmer. Ez dakit nor naizen. Ez naiz Laura Palmer...
Lelotzen ari zen. Murmuzika makina baten antzera errepikatzen zituen bi perpausak, harriduraren mugetan zeuden erizain eta medikuaren arreta deituz. Dawson arduradun nagusiak kopeta apaldu zuen. Pastilla pare baten irenstera behartu zuen:
— Antsiolitikoak dira, psikotropoak, zure onerako. Oreka mentala berreskuratzen lagunduko zaituzte. Benzodiazepina molekula daukate oinarrian. Ikusiko duzu, hobeki sentituko zara, berehala...
— Ez dut nahi... ongi nago... ez naiz Laura Palmer...
Medikuak, erizain taldearen esku ukaldiaz baliatuz, ohe gainean zetzana immobilizatu zuen eta, ahoa bortxaz irekiz, mihi gainean pausatu zizkion pastilla urdinak. Irenstera bulkatu zuten. Ile horiekiko emakume batek urez bete kartoizko basoa luzatu zion. Edateaz beste erremediorik ez zeukan. Lasaitu zen, agudo, gorputzeko tentsio letalaz husten zela. Eureka Jobs izenaren azpian psikologo zereginaren agerpena zekarren andere panpoxak aulki bat hartu zuen, ohe kantoian plantatzeko:
— Pausatuko zara, bakean utziko zaitugu, eta gero galdekatuko zaitut. Ez zaitezela arrangura, dena ongi pasatuko da. Zure bila etorriko dira, ez beldurtu, ez gara piztiak.
— Ez naiz Laura....
— Badakigu ez zarela...
Ahots eztia isildu zen. Sehaska kanta baten irudikoa zen. Loak eraman zuen aski laster. Ametsik gabeko loak. Aspaldiko partez. Etxetik ihes joanez geroztik, adi zebilen, begiak itxi ezinik, izua sabelean. Segur aski Etxean ekai kimiko berak sakatzen zizkioten janarian, xehe-xehe. Bestela, noizbehinka argi ximixtek urratu kartzelaldi nekea ez zuen hain luzaz eta hain erraz jasango. Eskuak papora bildu zizkioten eta artatzaileek gelatik alde egin zuten, beraien artean marmarraz.
Dawson medikuaren mugikorraren leihoa piztu zen. Mezu bat zetorkion hiriko polizia-egoitzatik. Komisarioari telefonatu zion: erhi puntetako hatzek ez zuten deus eman, oihan hegian bildurikoaren nortasuna galdera zetzan oraindik ere, ikertzen jarraitu behar omen zuten, eskualdeko fitxategiak arakatu baiko, nazio mailakoetara bihurtuz.
— Ezer ez dakigu gure Laura Palmer gaizoaz!
— Lasaigarrien menean ezarri dugu —erran zuen Dawsonek—, gaur arratsean galdekatzeko xedea daukagu. Eureka Jobs psikologoari zurekin harremanetan jartzeko gomendioa egingo diot...
— Ederki!
Eureka Jobs andereak hogeita hamar urte baino ez zituen, baina bazen jada lau urte Arrosadiak izeneko ospitale psikiatriko honetan lanean ari zela. Bazuen denetatik ikusirik, gizakiaren izpirituak, maiz, bide ilunak urratzen zituelako argira itzuli aitzin. Emakume polita zen, papo-alde oparokoa, begi urdinekin mundua hitzik gabe ikertzen ahal zuen haietakoa. Lankideekin ongi konpontzen zen eta ordena mantentze arazoak agertzen zirenean, prest zitekeen laguntzeko, beti. Ospitale psikiatriko baten egunerokoa ez baitzen baitezpada isuri trankileko ibaia.
Agendari behako bat bota zion. Ordulariari ere bai. Goiza nahiko libre zeukan, nagusiaren ardurapean, ehuneko ehunez, Laura Palmer izengoitiaz ezagutzen zuten pazienteaz axolatzeko. Besoak eta zangoak burdinez loturik ekarriko zioten, herrestari, murrungari. Kontsultako atea zabaldu baino lehen, bibliotekara zuzendu zen. Sigmunden Die Traumdeutung obra hartu zuen ahurretan: orrialdeak inguratu zituen, irakurri gabe, noraezean, tituluak begietsiz eta hitzak banaka zehaztuz, inspirazio bila bezala. Adi egon beharko zuen, zer edo zer gerta ere, atean egongo zirela ospitaleko zaindari indartsuak.
— Bildotsa ez badoa otsoarengana, otsoa joango da bildotsarengana...
Ez zen higitu. Liburua bildu zuen. Tok-tok arina hauteman zuen bulegoko atean eta urrats herrestariak berehala. Borta ireki zenean, masa informala agertu zitzaion, korridoretik zetorren argiz troxatua. Gorpuzkiak apal zetxikan burua. Paperezko jantzi uhargiek gorputz sufritua agerian uzten zioten. Erizain batek aulki batera bulkatu zuen.
— Eureka naiz, zuretzat nago hemen, zure amets gaiztoen funtsa ikertzeko, besteak beste, bai eta galdu duzun oroitzapen ahalmen horren inarrosteko ere... atzo baino hobekiago irudi duzu... nigan fidatzen ahal zara. Kolaboratzen baldin baduzu ez dizugu minik egingo... alderantziz.
— Ez dakit nor naizen...
— Utz dezagun nortasunarena momentuko... erradazu, soilik, zertaz oroitzen zaren... hona etorri aurreko zure bizimoduaz adibidez... non bizi zinen?
— Etxean nengoen. Ilunpean. Bakarrik. Ohea neukan. Mahai apala eta pixontzia gela kantoian, ohearen oinetan... Twin Peaks ikusten nuen tauleta zilar batean.
— Baina ez zara Laura Palmer.
— Ez, jada erran dizuet ez naizela Laura Palmer. Laura Palmer hil zen. Bere hiltzailea ez dute nehoiz aurkitu.
— Mintzo zara... hauxe suertea! Zure arimaren logika ez da andeatua. Behintzat. Berri ona da hori, nahiz eta zure erreferentzia mentalak ez diren ohizkoak.
Eureka Jobs isildu zen. Aurrean zuen haragi metari begiratu zion, aldi berean kezkatua eta zinez interesatua. Eskua telefonoaren gainean pausatu zuen. Solasaldia irrealtasun hutsean hantzen zihoakion, ametsaren eta amesgaiztoaren mugetan. Gizakiak, antza, preso iragan zuen denbora, izate misteriotsu batzuek, “haiek” zioen, burumuinaren okupatzeko telesail amerikarrak irensten uzten ziotela. Hiru egun eta lau gau pasatu zituen oihan batean, ihesean, oreina gidari. Ehiztariek oreina hil zuten eta, une hartan, emazte baten azken orroa hauteman zuen. Pentsamenduaren logikak gertakarien harilka nahasia gordetzen zuen. Ariadnaren soka muturra behatzetan zeukan, pilota ez zuen oraindik susmatzen, bere lana zatekeen... hari pilota mentalaren desegitea hain zuzen.
— Zure balizko kartzelara itzultzen ahal gara?
— Ez zen balizkoa, egiazkoa zen, sinetsidazu. Hasieran egunak kontatzen nituen, baina laster abandonatu nuen. Leihoak oihal beltzez tapatu zizkidaten eta janariak edozein ordutan ekartzen, denboraren sentsazioa gal nezan. Hala agitu zen...
Ura galdatu zion. Hurrupa ozen baten ondotik, eleka jarraitu zuen: gosaritik lekora oren erdi baten buruan ekartzen zioten bazkaria, besoa ate arteka batetik luzatuz. Ordularirik ez zeukan. Hitz egiteko jaidura aski laster desagertu zitzaion, begiak tapatu zizkioten, eta bere gorputza ez zezakeen hunki fisikoki, plastikozko apainduraz jantzi zutelako. Erotzeko puntuan egon zela aitortzen zion Eureka Jobs andereari.
— Baina iharduki nuen.
— Nola?
— Hasiera batean, Liburuko zatiak memorizatzen nituen.
Lehen hitzak ahoskatu zituen, mekanikoki, eta ikara hotzak zeharkatu zuen Eureka Jobsen gorputza: “Jainkoak erran zuen: «Egin dezagun jendea; izan bedi gure iduriko, gure eiteko; menpera ditzala itsasoko arrainak, zeruko txoriak, abereak, ehiza guztiak eta lurrean herrestaka dabiltzan herrestari guztiak». Jainkoak, beraz, bere iduriko kreatu zuen jendea, Jainkoaren idurira kreatu zuen; ar eta eme kreatu zituen. Bedeinkatu zituen Jainkoak, erranez: «Egizue ume, ugaldu eta bete ezazue lurra eta izan haren nagusi; menpera itsasoko arrainak, zeruko txoriak eta lurrean herrestaka dabiltzan ehiza guztiak». Jainkoak erran zien: «Hara, zuei ematen dizkizuet lurrazalean diren landare hazidun guztiak eta fruitu-zuhaitz hazidun guztiak; horiek ukanen dituzue janari. Lurreko ehiza guztiei, zeruko txori eta lurrean herrestaka dabiltzan bizidun guztiei, berriz, belar hezea emanen diet janari». Eta hala izan zen. Eta egin zuen guztia biziki ona zela ikusi zuen Jainkoak. Arratsa izan, goiza izan: seigarren eguna”.
Bat-batean errezitatzetik gelditu zen. Hatsa eskas bailuen. Eureka Jobsek hormatua zirudien. Begi bistan zeukanak hainbat urteko gatibutza pairatu zuen, argiki, zentzumen ezeztatuak, egunerokotasun burtzoratuak, nortasunaren suntsiketa sistematikoak. Nortsu zen aski ankerra horrelako tratamendu bat norbaiti jasanarazteko? Eurekak, noski, irakurri zituen horrelako berriak liburu eta egunkarietan, Irakeko edo Guantanamoko izengabeko bahiketa politiko zentroetan agitzen zirenak. Abu Ghraib izena murmuratu zuen. Mundu mailan zabaldu ziren argazkiak. Bestela errateko, bertan gertatzen zena tortura zen, tortura psikologikoa, ciak mende erdia lehenago plantan emaniko Kubark metodoa, Ewen Cameron mediku kanadarraren esperientzia zientifikoetan oinarritua.
Urrikiz begiratu zion. Genesiaren pasartea marmartu zuena kuzkurtzen ari zen. Arrautza zuria eta gorringoa kuskuan amiltzean bezala. Eureka Jobs etsitzen zihoan eta normalean ahoskatzen ez zuen perpausa atera zitzaion ezpain artetik:
— Behar dena egingo dut zure ongizatea bermatzeko... ospitalean geratuko zara eta egun oroz elkartuko gara, hitz egiteko. Erremedio zehatzak emango dizkizut, zure egoera egonkortuko dute, orekatuko. Buruan daukazun nahaspuloa garbitzen lagunduko dizut. Zin degizut!
— Etxera itzuli nahi dut, ez dakit zergatik ihes egin nuen, dena neukan han, aterpea, jana, telesail amerikarrak nahieran, den-dena...
— Bai... non da aipatzen didazun etxe hori?
— Ez dakit. Oihan baten erdian dela uste dut, lau egun eraman ditut zuhaitzen artetik jalgitzeko...
— Gurekin egongo zara, etxea non duzun oroituko zaren arte!
Eureka Jobsek telefonoa hartu zuen. Ahapez mintzo zen. Sekretu bat partekatzeko bezala. Baina logela hitza xuxurlatzen zuen, pastillak, antsietatea, lau aste... Laura Palmer deitzen zutenak ele hauek entzuten zituen, mundutik kanpo bailitzan. Bat-bateko soa mirail borobil batean iltzatu zitzaion. Begi zuloak sakondu zitzaizkion: ispiluan zekusana ez zuen ezagutzen, zer zen itsuskeria hori? Piztia baten itxura zeukan. Aurkaria martzilikatzeko prest. Medikuek arrazoi zuten, ikusten zuena Laura Palmer zitekeen, baina ez zen, ez horixe. Ez ote zion berak eman Dale Cooper poliziaburuari Laura Palmerren izena?
Zergatik?
Gerriraino sartzen ari zen gogoetaren putzu lohitsuan. Bi erizain indartsu hurbildu zitzaizkion. Besoetatik lotu zuten, Eureka Jobsen bulegotik atera eta horma zurbilekiko ganbera egokitura eramateko. Automata dislokatua zen. Bere irudiak izua piztu zion erraietan. Ihesaldi osoan, gizona zela sinestera heldu zen, emazte bat zen alta. Etxean zegoela, eskakizun horrek ez zuen muntarik. Emazte bat zela baimentzeak aspaldian nabari zuen barne-ahultasun sentimendua areagotu zion: menperatua izateko sortua zen eta kito. Salbatzeko ahalmenik gabe.
Logelako borta klaskatu ziotenean, ahots goraz erran zuen:
— Nor nintzen ni?