XII
Euria ari zuen, goizetik. Eguna etxean konfinatua pasatzea erabaki nuen. Ateratzeko gogorik gabe. Eta ez bakarrik etengabeko uhar hotzengatik. Azken berrogeita zortzi orduak Joana Garraldaren 4x4 indartsuaren bolantean pasatuak nituen, gasolina gastatzen eta birikak zirrikatzen zituzten partikula xehez natura emokatzen. Landetako bide zuzenetan, abiaduraren “onddoa” zapaltzen nuen arraiki. Ordubetea gastatu nuen sukaldetik bulegora ibiltzen, kafe kikara eskuan, ogi puska zigortuak ahoan eta irratiko lokutorearen hitz melengak belarrian. Ez nintzen biziki produktiboa. Gainera, etxeratu nintzenean, bezperan, ez nuen Joana ohean atzeman. Haren ordez, hitz bat: “Erratzü baserrian elkartuko gara, zure ikerketa finituko duzunean, maite zaitut”.
Andregaiaren papertxoa arraposki plegatu nuen eta atorra kanadarreko sakelan sartu. Zorion zirrizta batek trabeskatu ninduen. Prest nintzen lanari uztartzeko. Liburutegiko apalean zegoen Joanaren argazki zuri-beltzari musu bat helarazi nion, ezpainak oilo-ipurdi gisa zimurtuz. Ganberan, ordenagailua piztu nuen. Nolwen Kergelen adiskideari mezua bidali nion wasapez, konekta zedin, elkarrekin lanean hasteko. Galdera zehatzak banituen eta ene azken ibilaldiko aurkikuntzak ere jakinaraziko nizkion. Komunikazioaren soinu berezia aditu nuen. Seinale intergalaktiko bat zirudien. Ad Astra filmean nengoela irudikatu nuen:
— Egun on, Enez Eusa!
— Demat, uhartearen eta galernaren minetik...
— Berririk baduzu?
— Bai, eta zuk?
— Nik ere...
Hitz gutxiko solasaldiarekin abiatu genuen goizaldea. Skype bidez ari ginen. Gustatzen zitzaidan pantailan ikusten nuen Nolwen maitale ohiaren aurpegia. Bere gibelean, Eusa uhartea kolpatzen zuen galernaren itxurak ageri ziren. Ez zitekeen gozo han bizitzea, haize, eurite eta tenpesta salbai horien menpe. Euskal Herriko lantzurda, kontrastean, eztia zen, samurra, balakaria, inguruak berdetzen zituena. Bezperan, Sabres eta Labritetik itzultzean, autobide eroan nenbilen, uhar likidoak gure egunerokotasun dorpeak nola arintzen zituen gogoetatzen.
— Zuri, Nolwen...
— Zure ordenetara... hara... bilaketak egin ditut gure sareetan, Jason Moreau gizakiaz. Justiziarekiko bere bide propioa badu. Preso ere egon zen, Bordeleko kartzelan.
— Zergatik?
— Hogei urte zituen kondenatua izan zelarik. Unibertsitateko patioan biluzik agertzeari ekin zion, neska gazteak afruntatzen, mutiko zenbait halaber, zakila airean, eta orroaz. Behin, agiriek diotenez, bortxaketa saio bat egotzi zioten.
— Denuntziarik?
— Hemen daukat kereila. Begipean.
— Neskaren izenik baduzu?
— Madeleine Basaber. Estudiante bat. Baionan sortua, ikusten dudanez. Baina ez dut lokalizatu ahal izan. Desagertu da...
— Hau ere? Egiazko pandemia da!
— Ez da irri egitekorik, darlin’...
Burumuineko sinapsiak sutan nabaritzen nituen. Nolwenek elementu berri bat oparitzen zidan, nahiz eta ez nuen oraino puzzlea osatzea lortzen. Ene istorioko pertsonaia nagusiak Akitania Berrian eta Baztanen zehar barreiatuak ziren. Ez nekien zein ziren haien arteko loturak. Zertan ari zen Jason dispositibo geografiko horretan?
— Jason kartzelatik atera zen kondenarik gabe... badakizu, garai haietan ez zen bortxaketa gaur bezain larriki gaztigatzen. Eta orain ere, batzuetan, arinki kontsideratuak dira poliziaren eta justiziaren aldetik...
— Patriarkalak direlakoan...
— Hitz handia da hori, Amaia, ez zara kanbiatu... nik erran nezake bortxaketaren inguruko ikusmoldea dela aldatu, #nineube traolarekin adibidez... zuk sobera irakurtzen duzu Virginie Despentes!
Irriz lehertu nintzen. Egia, ez nintzen batere kanbiatu, edozein kasutan, hitz potoloak ezpainetan nenbilen, elefante bat portzelanazko denda batean bezain astun. Nolwenekin bizitako guztiak kasko zokoa hantu zidan, eta gorputza berotasun izugarri batek kiskaltzen nabaritu nuen. Sumendi bilakatzen ari nintzen:
— Eta besterik?
— Jason Moreauren zuzenbidea ematen du kereilak. Labriten errotzen da, Piteier baserrian. Baina horren jakinean zaude. Zer ekarri duzu handik?
— Arratsalde bat osorik Sabresko jendarmerian.
— Ez zizun zure detektibe txartelak balio izan ala?
— Deitu zintuen emazte batek, ezta?
— Bai, eta xehetasunak eman nizkion zure faboretan.
Bost ordu latz iragan nituela kontatu nion. Urik eta argirik gabe. Galdekatzera joaterakoan, ukabilkaz bulkatzen ninduten. Macron presidente bihurtuz geroztik irudi zuen herrialdeko polizia libre sentitzen zela jendeak jotzeko, iraintzeko, zanpatzeko. Beharbada, lehenagotik ere bazuen joera hori eta ez ginen hainbeste konturatzen. Alta, banituen neronek ere, ene detektibe ibilbidean, zenbait zurraldi bildurik, han eta hemen, behar ez nuen lekuetan harrapatzen nindutelako. Baina ahanzten nituen, haurrak mundura zekartzaten emakumeen sortze-minak buruaren tokirik urrunenean urtzen ziren bezala. Konparazioa ez zela egokia nioen unean, bitxiki, baketua sentitzen nintzen. Eta Madeleine Basaber, Azpilkuetan bisitatu nuen Maialen Barrenetxea izeneko, Elizondoko yoga irakaslea balitz? Deituren dantza izugarria zen eta nahasten nindoan. Kointzidentziaren distirak trenputxartu ninduen. Burtzoro bulta bat pairatu eta Nolwen begietsi nuen pantailan, niri so, kezkatua. Ausartu nintzen:
— Dei bat badut egiteko, derrigorrez.
— Bazkalondoan elkartzen gara Eskaipe plazan?
Ez nuen baitezpada goserik. Telefonoa hartu eta Maialen Barrenetxearen zenbakia bulkatu nuen eri punta soilaz. Ez bat, ez bi, pantailara itzuli nintzen, horrela genbiltzalako hamarkada birtual hauetan: den-dena etxetik egin zitekeen, sekula atera gabe, erosketak, heziketa kulturala, larrua jo eta ezagunekiko harremanak irun. Urruntasuna hurbiltasuna bilakatua zen. Alderantzizkoa berdin egia zen. Nire irudia pantailan gelditu zen luzaz, linea muturrean txirrinak terrentaz jotzen zuela. Etsitzear nengoela, Maialenen aurpegia zehaztu nuen, Azpilkuetako elizaren zeinutegia ikusten nuela irekia zetxikan bere etxeko leihotik:
— Zer nahi duzu oraino?
— Egun on, Maialen. Gauza gutxi gaurkoz. Zure neska gazte deitura zein zen?
— Basaber nintzen eta orain Barrenetxea naiz. Zer ekarriko dizu xehetasun horrek?
— Duela hamar bat urte, Bordelen ikasle zinen denboretan, Maddi eta Pantxoarekin hirukote beroa osatzen zenuten aro haietan, bortxaketa denuntzia bat jarri zenuen, ezta?
— Zer du horrek Maddiren desagertzearekin ikusteko?
Maialen gero eta zaintsuago nabaritzen nuen, koadrotik jalgitzen zen, kameratik aldentzen, bere antsia neurtu ez nezan. Begi hondoa heze zeukala pariatuko nuen. Hainbeste urte gertakari latz hori ahanzten saiatzen eta hara, uste gabetarik altxatzen zela, mehatxu mutu baten antzera.
— Oroitzen naiz. Ez da ene biziko unerik hoberena. Kereila pausatu nuen, baina ez zen auzirik izan, gizona libre atera zen poliziategitik. Presondegian egon zen, debaldetan. Hala baitzen orduan...
— Giroa aldatu da, egia duzu. Gizon hura nor zen?
— Jason izeneko gazte bat. Bizar horail batekikoa. Labana eman zidan lepondoan. Alkohol urrineko hatsa zeukan. Abereki hartu ninduen murru zikin baten kontra, negarrez ari nintzela, sarraskia jasaten nuen bitartean.
— Ulertzen dut.
— Zer ulertzen duzu? Zuk? Inozente halakoak?
— Lasai, Maialen, arrazoia duzu! Jakizu ordea, krimen horientzat ez dela preskripziorik.
— Lehen aldia da norbaiti kontatzen diodala arrastiri epel hartan, Bordeleko karrika jendetsu hartan agitu zitzaidana. Eta nehor ez zen mugitu ene negar eta oihuengatik. Nehor ez.
Bat-batean Maialenen begitartea gogortu zen. Eskua luzatu eta saihetsean zegoen zigarreta paketea xehakatu zuen, urduri. Su pizlearen kris-kras elkorra entzun nuen eta pantaila ke hodei batek gristu zuen:
— Zer diozu erraten badizut urte batzuk geroago Jason izeneko zure bortxatzailea zela Maddirekin, arrapaladan eta gordean, ezkondu zen mutikoa?
— Zer derasazu?
— Ez zinen ezteietara gonbidatua izan, ala bai?
— Ez, adiskideak oro baztertu gintuen momentu hartan. Bazekien ene bortxatzailearekin juntatzen zuela bere destinoa?
— Ez dut uste.
— Ez jostatu ene zainekin: ez duzu uste ala segur zara?
Galdera hormatua egiten zidan Maialenek eta ez nuen erantzun izpirik. Beharbada, agudoago aitzinatuko nuen ene ikerketa jendeak agitu guztia zintzokiago kontatzen baldin bazidan. Baina ez, agerpenak xortaka ematen zizkidaten eta horrela zaila zen euri ttantta bakartitik itsasoa osatzea. Ez nuen asti askorik ere, ondoko hilabetean, detektibe ofizioa utzirik, Atharratze gaineko Erratzü baserrian errotuko nintzelako Joana Garralda nire bizitzako emaztearekin batera. Urritasun ariketak egingo nituen, baratzea lantzen eta hatsa hartzen ikasiko nuen. Ez zen nirekin jolasteko ordua. Ez horixe. Nola konpreniaraziko nien hori?
— Badut zerbait gehiago... Maddi ezkondu eta berehala, telefonoak jotzen zuen gauez, etengabe, mezu pornografikoak eta gizonezko hats bahituak entzuten nituen. Zenbakia aldatu nuen eta zerrenda gorrian jarri nintzen.
— Puntu hori isilean atxikiko zenuen?
— Garrantzirik ez du.
— Nik dut erabakitzen zerk duen garrantzia ala zerk ez.
Larderiatsu plantatu nintzen pantailan, begia beltz eta muturra zimur. Maialen beldurtu nuen. Betazalak apaldu zituen. Esku durduzatiaz zigarrokina lehertu zuen hautsontzian.
— Akitua naiz. Iraganeko istorio horiek aspertzen naute. Basaber izateari utzi nion Barrenetxea bilakatu nintzen urteetan. Muga bat eraiki nuen nire aurreko eta gaurko biziaren artean. Utz nazazu, arren.
— Arazorik ez. Baina zerbait gogoratzen baldin baduzu, deitzen nauzu, wasapez, edozein tenoretan, ados?
— Bai... bidenabar, badut berritasun bat... herenegun mezu bitxia ukan dut... begira... hor daukat...
— Ez dut ikusten pantailan zehar... ahots goraz irakur iezadazu, otoi!
— “Kanpoan nago, ene egur puskarekin”.
Idazki sibilinoa zen. Misteriotsua. Egiazki. Ez zuen ez buru, ez buztanik. Zenbakiaurrea Frantziakoa zela zehaztu zidan Maialenek, lanera beharra zela erantsiz, gure deialdiari bukaera eman aitzin. Hutsaren ozena garatu zen nire logelaren zabalean. Hausnar burbuilatsuan galdu nintzen. Oren batez egon ginen kontaktuan eta hau zen neukan indize bakarra, egur puska bat. Testu labur hura asmatu eta izkiriatu zuenak ez zituen neuronak oro beren tokian: egurkada ederra mereziko zuen. Edo mihimen malguarekiko zafraldiak, ama zenak erraten zuen bezala.
Arinki bazkaldu nintzen. Bi ogi xerra, bezperan kozinatu irrisa tartean. Urdaila baketzeko doia. Nolwenen deiaren zain nengoen. Hala hitzartuak ginen. Ordenagailuaren aitzinean nengoen, berriak irakurtzen, handik eta hemendik, Trumpen balentriak eta Bojoren ondoezak, Kim Kardashianen ipurdi mardularen hazkuntza, Brigitte Macronen bisitak umezurztegi eta ospitale publiko pikarraituetan, karitatea aholkatuz eta hitz hutsen baltsamoa hedatuz. Egun oroz antzeko notiziak baziren, batzuetan alaiago, besteetan hitsago. Piliskarik ez zuten balio bizitza arruntak zurkaizteko. Horoskopoaren orrialdera iritsi nintzen. Ariesena leitu nuen ahoz gora:
— Egun tentazioari men egiten ahal zenioke, Eguzkia bosgarren etxean daukazula, edertasun eta atsegin galdez zabiltza. Maitasunaren alorrean ematen duzu eta eskuratzen duzu, eta bai, Aries kuttun, horrela da, batzuek zarena zarelako maite zaituzte. Zergatik ez balia egoera astral baikor hau harreman berriak iruteko. Medita ezazu. Diru aldetik, bankeroarekin ikusi beharko zenuke, gastu handiak egiteko xedea baldin baduzu. Aireak on eginen dizu, atera zaitez eta zoaz ibiltzera, itsas bazterrera adibidez. Zure gaurko erran zaharra, arabiarra da: “Egiaren zagita igortzen duzunean, punta eztiz busti iezaiozu!”.
Zintzur sokak inarrosiz marmartu nuen hitz bakoitzak on egin zidan. Ariestarrok anitzetan zortea alde geneukan. Katu salbaien gisa genbiltzan, jauzi lanjerosak egiten, hegatsez hegats eta, ororen buru, lau hanketan lur hartzen genuen xarmanki. Izua saihestuz eta bihotzak jabalduz. Esku ahurrari begira geratu nintzaion, marra nahasiak jarraitzen nituen, paraleloan edo perpendikularrean gurutzatzen ziren, destinoaren zama eramanez. Sinestezina zitzaidan onartzea gutariko bederaren bizitzak aitzinetik determinatuak zirela, eta alfatik omegara gindoazela desbideratzeko ahalmenik gabe.
Baionako bestetan, urte batez, oihal koloretsuz apaindu andere buhameak eskuko marrak aztertu zizkidala oroitzen nintzen, hamar euroren trukean. Isilik egon zen, luzaz. Izutu nintzen:
— Zer? Ez duzu deus ikusten ala?
— E, gadgi, trankila, ez palpita... zaila da zurekin baina farj zira fourk egiteko... lovo eman didazu, kito, ezta?
— Etorkizuna nahi dut jakin!
— Ez duzu etorkizunik, neska! Bakea emazu...
Hortzik gabeko aho sabai iluna erakutsi zidan, desafioz. Behatzak ahurrera plegatu zizkidan, alde egiteko keinua eginez. Gogoan neukan sabela nahas neukala, gin-tonika sobera edan nuelako, eta ahalkearen ausikia ene amodio propioaren gunean. Trinkili-trankala urrundu nintzen abentura erraileen oihalezko etxolatik. Hamar euro galdu nituen, urrats dudatsuak neramatzan, etxeratzeko tenorea nuen. Iraganeko zurrunbilo antzuetatik erauzi ninduen Skype komunikazioaren txirrinak. Bulegora zuzendu nintzen berehala.
— Konpai, zelan?
— Ez dezagun denborarik gal, maitea... Zerbait ikasi duzu Maialenen partetik?
— Bortxaketa denuntzia bat pausatu zuen bai, segidarik ukan ez zuena. Jason libre atera zen ataka gaitz hartatik. Hipotesi bat proposatzen ahal dizut: Maialeni hurbildu zitzaion, baina Maddi zuen helburu. Zer diozu horretaz?
— Gerta liteke. Ez dugu frogarik. Interesgarria suerta daiteke bide horren jorratzea.
— Nola egingo dugu? Zu Enez Eusa uhartean zaude, galerna erraldoien menpe, ni hemen Euskal Herrian, gerezitzeak loratzear daudela...
— Bukoliko eta malenkoniatsu jartzen ari zara.
Nitaz burlatzen zen Nolwen. Gustatzen zitzaidan, molt, molt...
— Sabres eta Labriten ibili naizelarik, Fernanden ezagutza egin dut. Pinu-izerdi biltzailea da, erretiratua, biziki gisakoa. Jasonen ingurunea zelatatzeko dema eman diot, handik ibiliko zela hitzeman zidan, ehiztari arrunt baten moduan, zakurra oinetan eta zizpa bizkarrean.
— Gizonekin zabiltza zu orain?
— Ene laguntzeko gutizia bizia zuen. Ez gehiagorik pentsa. Igorriko dizkizut posta lasterrez, halakorik balitz, bi elementu berri, aztertuko dituzu eta gero mintzatuko gara, klarki.
— Aha?
— Hezur batzuk atzeman ditu. Esperma tantak dituen aldizkari pornografiko bat ere bildu zuen. Beharbada misterioa urratzen lagunduko gaituzte. Fernandek teoria bat badu: hezur horiek Jasonen emazte ohiarenak izan daitezke, hor dago, lur azpian ehortzia, metro bakarrean. Landetako zorua beltza eta ondaretsua da. Batzuetan, hezurrak azalera jauzten ahal dira. Zakurren laguntzarekin zenbaitetan. Fernanden iritziz bederen.
— Telesail mexikar sobera ikusten du.
— Horixe bera erran diot...
— Baina ez da gidoi txarra. Badut horrelako kasu franko argiturik. Non dago orain Fernand? Harremanetan zarete?
— Bistan dena.
— Dituzun elementu horiek bidali! Zerbait aurkituko dut. Eta abisatzen nauzu Fernandek deitzen bazaitu. Ari nintzen... beharbada Maialenek Jason ezagutzen zuela Jason zela jakin gabe?
— Baliteke... Hauxe oraino: telefonoan mezu arraro bat eskuratu du, kanpo, egur eta beso hitzekin. Zenbaki ezkutua, noski.
Jendarmez jantziriko lankide bat sartu zen Nolwenen bulegoan. Musu presatua helarazi zidan pantaila bidez, argiak eta soinuak oro itxi aitzin. Huts eta tetele geratu nintzen, jakin ezin, bi orduren buruan, aitzina ala atzera nenbilen Maddiren desagertzearen aferan. Susmoak bagenituen, baina arras bestelako istorioa ere izan zitekeen. Lana banuen oraino. Laguntzaile bikainak. Nolwen eta Fernand. Ez nintzen sekula hain gozatua sentitu...
Ninikak idor neuzkan egunaren zati handi bat ordenagailuan itsatsia iragan ondoren. Akitua nintzen eta ohe gainera erortzera utzi nuen ene burua. Loak eraman ninduen. Alde batera eta bestera higitzen nindoan, gorputza minberatzeraino. Irudi bitxi batek hantu zidan kasko zokoa: zangoak zabalik nengoen eta aluaren hondotik odol ibai bat isurtzen zihoakidan. Nondik zetorren? Zergatik niri? Horiexek ziren nire galderak. Orroaz hasi nintzen, beldurrez eta dolorez. Indarka nenbilen ohantzearen barroteetan. Sabeleko mina handitzen zihoakidan, larruazala gogortzen, hezurrak mugitzen, haragia eta eskeletoa dardarka. Bizirik aterako ote nintzen zepo zikin honetatik?
Eztul idor bat hauteman nuen. Ama zen, niri begira, ezpainetan irri zakarra zeukala. Ama, alta, aspaldian zendua geneukan, ez nuen ulertzen nola agertzen ahal zitzaidan, horrela, kinka larrietan nengoenetan bereziki:
— Beti kaka nahasten hi...
— Aski, ama, badut arazo aski... zer nahi duxu egitea?
— Egarri, jasan, paira gertatzen ari zainana, besterik ez.
— Infernuan nuxu! Hiltzear!
— Aterako haiz, belar txarra ez dun sekula galtzen...
Negarrez urtu nintzen. Amak so latza bota zidan. Ez ninduen maite, ez ninduen inoiz maitatu, nire ordez mutiko bat ekartzea amesten zuelako, bere koinatuen begietan tribuaren segida finkatzeko edo, neska izanez, ile horiduna, bere anaiaren alaba gehienaren antzera, ez nire antzeko haur txarpoil muturbeltza. Urrats herrestariaz urrundu zen, laino uharrietan urtzeko. Eskuak odolez busti nituen eta aurpegian hedatu, amodiorik gabe hazia izan nintzelakoa ahanzteko. Mirailean ikusi nuen ene burua eta beldurtzekoa bazen. Begirada apaldu nuenean, pakete urdin ilun bat zehaztu nuen hanka artean: zer zen hori? Nondik zetorren? Nire sabelaren barnetik ala?
Makurtu nintzen. Soka meharra hautsi nion hortzekin. Izerdia zetorkidan kopetan behera. Garrasiak entzuten nituen? Ume batenak? Nire tripatik jalgi ñiñiarenak? Oihala altxatu nuen: paper meta horitua baizik ez zen. Kanpoko aire arinak hostoak higiarazten zituen, kaligrafia zaharrez idatzi hitzak erakusten utziz, adibidez, damua, izua, barkamendua, maitasuna... funtsezko eleak: putzu honen hondoan, zer balio zuten? Handitu nintzen bat-batean, ez nintzen gehiago neska txiki zauritua, bihotzean zauri nartzisiko minbera zabalik neukan arren. Edozein momentutan irekitzen zitzaidan. Gutxi aski nuen, umemoko ez maitatu hura bilakatzeko. Odolean, bakearen zeinua marraztu nuen behatz dudatsuz. Amarik ez nuen nahi, ez nuen ukan, ez nintzen izango.
Esnatu nintzen azken perpausa marmartu nuenean. Ohean jarririk. Eskuarekin buruari kolpeka. Hatsanka. Nire erraietan zulo erraldoia banu bezala. Absentzia. Izuaren leizea. Egarri nintzen eta sukaldeko txorrotara ernatu ere, basoa bete ur edateko, bere harpetik ihes egitea lortuko zuen abere baten moduan. Beso aitzinak palpatu nituen, bizirik nengoela frogatzeko. Aurpegia begietsi nuen leiho aldeko berina batean: odolik ez zegoen, eskerrak. Sosegatu nintzen, nahiz eta baxerategiko ahotik gorri koloreko ur xirripa bat isurtzen ikusi nuela iruditu zitzaidan: amesgaiztoa zen ala errealitatea, ez nekien. Enbor eta abarrak inarrosi nituen, itxeska, egiazko bizitzara itzultzen ari nintzela!
Telefonoak jo zuen luzaz. Ez nintzen mugitu. Sukaldeko mahaian pausatu nuen basoa. Antsietatearen tsunamia urruntzen zihoakidan. Liburuen artean bermatzen zitzaidan Joana Garraldaren argazki bati beha geratu nintzaion: Ehüjarreko arroilaren minean genbiltzan batez atera genuen, udaberrian hain zuzen, zuhaitzak berdetzen eta errekastoak kokintzen zirela. Sai bat ageri zen zeru urdin arinean, hegalda handiosean. Bizitza hori zen, saia zirurikan jaisten, eta ez egin berri nuen amets likitsa. Telefonoa ez zen isiltzen. Zutitu nintzen haserre. Besakia hartu nuen:
— Zer puta duzu horrela tematzeko?
— Lasai, hire andregaia naun, jakin nahi dinat soilik nola sentitzen haizen, nigandik hain urrun?
— Barkatu, uste ninan aspergarri zikin horietatik bat zela... ongi naun, maitea, amesgaizto batetik jauzten baina... ongi. Eta hi?
— Baratzean, lurra itzulikatu dinat, ongarria bota zionat eta hemendik gutxira hasiko naun lursagarrak ereiten, porruak, tomateak eta piperrak landatzen. Zorion hutsa dun... noiz bururatzen dun hire inkesta madarikatu hori?
— Ez zekinat, baratzeak bezala, honek ere bere denbora behar din.
— Dulert.
Joana Garraldak aditzaren harilka trinkoa baliatzeari ekiten ziolarik, erran nahi zuen, batetik, solasaldia bukatutzat ematen zuela eta, bestetik, nolabait nirekin kexu zela. Orduan, ez nintzen tematzen. Musu distantziatu baten emateko gutizia nabaritu nuen, gorputz bero bat ferekatzeko eta gehiago ere, afinitaterik balitz. Desiraren xirriztak larrantzi ninduen: zergatik nenbilen detektibe rural gisako lan neketsu hauetan? Nik ere egunerokotasun eztia merezi nuen, ezta? Musika, maitasuna, mututasuna. Hiru emeak. Eta baratzea. Eta egurra moztea, aizkora ukaldika. Eta eguzki sartzea mirestea Iratiko oihanaren gibelean. Eta ogia egitea, mestura, igandeetako bixkotxa. Eta arratsetan, iluntzean, taloak...
Mugikorreko wasap seinalea ozendu zen. Nor izan zitekeen? Pantailan Landetako lagunaren potreta jazarri zitzaidan eta mezua segidan: “Mugimendu bitxiak Piteier aldean, zatoz berehala”. Etxean zerraturik iragan nuen eguneko plazer txikia zen Fernandek igorritako hitza. Airea behar nuen. Baina lana zen lehen:
— Fernand?
— Baditut berriak zuretzat... Orenak eta orenak iragan ditut barranda. Gauza interesgarriak badira. Bideo laburrak igorriko dizkizut, zure begiz ikus dezazun. Jason gero eta bitxiagoa da... segur naiz zerbait itsusi egin duela bere emazte gaztearekin.
— Erran dizut hau ez dela thriller poliziakoa! Eta ni ez naizela Raquel Murillo alias Lisboa...
— Badakit, emaztekia!
Algara airosa askatu zuen. Sosegatu ninduen. Tunelaren puntako argitasuna zehazten nuen ilunpearen erdian. Azkenean.
Posta lasterrez Nolweni bidaltzeko paketea prestatu nuen. Biharamunean eskuratuko zuela segurtatu zidan telefonoan ukan nuen langileak. Hezurttoa gutun azalean sartzear nengoela, Skypeko deiaren soinua ozendu zen. Deabrua aipatzean, deabrua agertzen omen zen, halaxe.:
— Ez dut hezurraren beharrik, orkatz zango bat da, ez jendearena. Baserri horretan ez da hilotzik. Zuen fantasmak dira. Utzi bide hori...
— Eta balitz?
— Banu, banengo eta balitz ontzi batean dabiltza, banu eta banengo erortzen dira, nor geratzen da?
— Aski pipitaki, maitea... Bidenabar Fernandek telefonoarekin grabatu bideoak ikusteko dauzkat. Zerbait baldin bada, erranen dizut.
— Bikain...
Goenkale gure telesail handioseko pertsonaien elkarrizketak errepikatzen genituen oharkabean, bikain, lasai, ederki, baiki... edo Sense 8 telesailekoak:
— “Denak xehakatu dituzu. Tentsio sexual bat sortzen da zure musika programarekin. Erraiak erreko ditugu. Barkatu, buruko min puta bat daukat.
— Agerinde bat ukan duzu?
— Ez, suntsitua nintzen, besterik ez...”.
Izpiritua birbideratu nuen. Nolwen agurtu eta postara zuzendu nintzen. Alsace-Lorraine karrika huts zegoen. Non ziren jendeak? Etxeetan entzerratuak? Telebista programa garun xahutzaileen aitzinean? Kontzentratzekoa nintzen. Postaria umore onez zegoen eta bi minutuz egin genuen tratua: aldizkari pornografikoa eta esperma xortak bihar eskuratuko zituen Nolwenek. Emaitzak helaraziko zizkidan, erdietsi bezain laster. Baikortasun olde bat nabaritu nuen, postatik apartamenturako bidean, kantatzeko gogoa ere ernatzen sentitzen nuela nigan. Egiazki.
Xarbot infusioa egin nuen, zitroin erdi eta ezti koilaratara batez hornitua. Fernanden filmtxoak hor nituen, ordenagailuaren sabelean, aiduru. Hiru pusketa ziren. Lehena abiarazi nuen: ilunpea zen, gizona sasiaren gibelean zetzan, goaita. Haize arinak lurreko hosto zimelak airarazten zituen, miauka bat ozendu zen eta abarrak kraskari zebiltzan. Fernanden gibelean mamu bat agertuko zela zirudidan, baina ez zen horrelakorik gertatu. Bigarren film zatian, Piteier baserria beste ikuspuntu batetik ageri zen: ilargi beteko gaua, aire biribilketaria, hontz baten uhulua eta basurde saldo baten kurrinkak. Gehiagorik ez. Hirugarren dokumentua zirraragarriena zitekeen enetzat: oilategiaren sarrera ondoan, itzal humano bat azaldu zen, otso urratsean eta lurrean zulatua ematen zuen gune batetik urtzen. Zer zen hori?
Fernandek bere grabaketen interesa azpimarratua zidan, interesa zertan zegoen salatu gabe. Galdeka nenbilen: itzalak ez ote zeukan Jason Moreauren trakarik? Dr Martensak oinetan, lurrazala garbitu zuela iruditu zitzaidan. Eta balizko zuloa? Soto bat, baserrietan dauden haien antzekoa. Ez nuen arranguratzekorik. Baina Fernandi zelatari segitzea eskatuko nion.
Anartean, eguna maitale ohiarekin iragana nuela iruditzen zitzaidan, Joanak ez zuela sekula deus susmatuko esperoan. Bestela xahu nintzen! Berriro ere Nolwenengana itzuli nintzen, baliabide birtualez.
— Ene espioiaren bideoetatik batean, gauaren erdian, itzal bat ikusten da lurrean ireki zulo batean desagertzen bezala...
— Zer kontatzen didazu?
— Itzal bat. Gizaki itzal bat...
— Izuak naroa!
Nitaz burlari zebilen Nolwen, Enez Eusa uharteko galernen arteko bere etxetik. Konfinatua bertan, ni bezala, itzal baten izuagatik?