VII
Maialen Barrenetxeak kanporatu ninduen, leunki, baina egiazki kanporatu. Xumeki eta isilik ateratzeaz beste erremediorik ez nuen. Ez zidan begietara zuzen so egiten. Irudi zuen kontaturiko guztiaz ahalke zela. Zer egin behar nuen anderearen lasaitzeko? Hondarrean, txostena besapean jalgi nintzen, deus erran gabe. Ez dut uste agurtu ninduenik ere. Harrigarria zen. Baina neurri batean ulertzen nuen: ez zen aise hogei urtetan eginikoa asumitzea, nahiz eta Macron frantses lehendakariaren etsenplua hartuz “j’assume, j’assume” errepikatzen genbiltzan, sustut proiektu, xede eta zeregin zitalen alorrean.
Gauak troxatzen zuen Baztangoiza bere osotasunean. Izarrak ageri ziren zeru mineralaren sakonean. Ez zen berorik. Eskerrak Sobietar Batasun ohiko zek baten antzera beztitua nintzela, feminitatearen itxurak zaintzeko asmorik ezean. Arizkungo argi ahulak ageri ziren, Bozate gerizatzen zuen oihanetik hontz baten uhulua hautematen zen eta behereko errepidean lau kamioi erraldoi zihoazen ziztuan Otsondo porturantz. Ezkerretara bihurtuz, Amaiur zegoen, Gorramendiren maldan mutu eta aldi berean lasai. Paradisuaren erdian nengoela baietsi nuen, pentsamendu ximixta batean: baztandarrek ez zuten beharbada ene gogoeta berretsiko, aita zenak zioenez, denetan astean ostiral bat bazelako, baina mundu hegitik Baztanek Zuberoaren antzeko Arkadia emankorra zirudien!
Autora nindoala, onartzekoa nuen ez nuela adiskiderik egiten ene Baztanen zeharreko bidaian. Amaia Salazar foru-poliziako inspektoreak inarrosi ninduen eta Maialenek paper horitu urrinduetan sudurra sartzera bidali. Txapela buruan zeukan gizon batek lasterka jaitsi zuen karrika, hatsanka. Kurios pinterdi bat baizik ez nintzenez, galde egin nion:
— Nora zoaz horrela, zerbait gertatu da?
— Auzoa hil berri zaigu eta harengana noa, hil beilara. Laurogeita hamabi urte zituen Juanitok...
— Juanito? Nor duzu hori?
— Irri egitea maite zuen donadoa, karlos hutsa, Mexikon egona zen okin gisa... Baztandarrak horretarako onak omen ginen... Barkatu, anderea, ez dut astirik. Gau on!
— Bai zuri ere...
Ez nintzen segur elestatu nuen gizonaren gaua hain erosoa zatekeenik, bakarrik egongo baitzen igandez apaindu hilotz baten aldamenean, erramua ur bedeinkatuan eta elizatik ekarri gurutze zilarra zutik ohe ondoan. Gure aitak eta agurmariak marmazikatuz. Etorriko ziren auzoentzat kafe katilutarak prestatuz. Ezkaratzaren isiltasun dorpeaz mesfidatuz. Zer gerta ere. Bizkarrezurrean behera hotzikara larria nabaritu nuen. Gaztaroa suizidio tentazioaren atzamarretan iragan nuen arren, dagoeneko, zahartzaroan sartzear nengoela, ez neukan batere hiltzeko gogorik. Alderantziz. Joana Garralda ezagutu nuen denboran, ene buruaz beste egiteko ideia urtu zitzaidan erabat: lesbiana nintzela inplizituki onartzeak eta zaraitzuarraren maitasunak salbatu ninduten.
4x4aren barneko argia piztu nuen. Behialako gizonaren itzalaren agerindea ezabatu zitzaidan. Banukeen beste egitekorik: batetik, gaua trankil pasatzeko leku bat atzeman behar nuen eta, bestetik, kopetako lanpararekin Maialen Barrenetxeak utzi zizkidan paperak arakatzea eta beraietan logika bat zehaztea zegokidan. Ez zen lan makala. Beranduegi zen alabaina, hotel edo landa-etxeren batera zuzentzeko. Bezperan bezala, autoan hartuko nuen atseden. Ez nuen lo askoren premiarik. Modakoa bilakatua zen lo gutxi egitea: mundua kudeatzen eta ustiatzen zuten lehendakari ezberdinak, Trump eta Macron kasu, entzuten ziren, lau orduko pausaldiak aski zituztela espantuka. Ni ere halakoxea nintzen, loa neke zitzaidan, kontzientzia ez bide nuelako hain lasai, amamak errepikatzen zidanez!
Elizondora heltzean ezker hartu nuen Beartzun aldera. Hiru hamarkada lehenago bertatik ibilia nintzen oinez, adiskide batzuekin, Elokadi mendian gora eta behera, ardien artetik, ni ere marrakaz. Leku ederrak ziren, bereziki udaberria piztean: belar usaina, zuhaitzen muskil ausartak, beleak kroaka, loreak pinpirin... Erramun Martikorenaren ahotsa uhergarriak troxatzen zituen bazter lasai eta erraldoi haiek. Toki egokia zitekeen enetako ere gaua pasatzeko: nehork ez ninduen trabatuko, autoa mugazain ohien egoitza zaharraren peko aparkalekuan abandonatuko nuen eta Basagarko harrespilerako bidean ezagutzen nuen lur zuloka batean altxatuko ene kanpin-denda. Kahaka baten oihu luzeak jauzi eginarazi zidan eta huntz-hostoen artetik ziztuan hegaldatzen ikusi nuen. Une hartan, naturaren zati organiko sentitzen nintzen.
Frontalaren argi iturriak bidea irekitzen zidala, iraztorra zeharkatu nuen aspalditik nirea zen harperaino. Zanpa-zanpa nindoan, egiazko abere baten antzera. Urruneko baserriko zakurra zaunkaz hauteman nuen. Ez nintzen kikildu. Oihalezko etxola bi minutuz muntatu eta pasta idorrak beroarazi nituen ur xorta irakinean: Joana maiteak guztia pentsatzen zuen, zorion puntuei bezain larrialdi egoerei. Sabela beterik, lo zakuan kokatu nintzen eta Maialenen txostena ireki nuen. Zehazki antolatua zela ohartu nintzen, urteen eta egunen arabera. Maleruski, jestu txar bat egin eta paperak alde orotara ihes joan zitzaizkidan. Pazientzia ene indar-puntua ez zela jakin arren, ez nintzen arranguratu.
Maialen yoga irakaslea bilakatua zen. Irakurtzen nuenez, unibertsitatea uztean, Indiara eskapatu bezala zela agertzen zitzaidan. Zer gertatu zitzaion? Zergatik India? Paperetan aitzina joanago eta ikasi nuen hiru urte iragan zituela Puneko ashram ospetsu batean, yogako teknikak eta filosofiak barneratzen. Ez zirudien lan erraza, bereziki ibilbide pornografikoa eraman zuen batentzat. Bat-batean txakrak irekitzeari ekin zion. Lehen hostoek Maialen zuten aipagai. Ez nuen deus aurkitzen Maddi eta Pantxoari buruz. Ez nintzen durduzatu. Besterik ezean, lortu nuen hala ere, beletik elera, Elizondoko bere estudioan ikusi diploma eman zion Bakakhunta izeneko guru bizarduna nor zen jakitea. Irri arinak trabeskatu zidan garuna eta ez-leku horretan, bitxiki, sekula ez bezala, zoriontsu nintzen.
Maialen Barrenetxearekiko ene lehen harremana ez zen gozoa suertatu. Amaia Salazarrek, bere moldean, izkinak leundu zizkigula gogoratzen nintzen eskumutur minberatuak ahurraz ferekatzen nituenean. Paperetan barna nagitzean, beste pertsonalitate bat neukan begipean. Gorputza saltzen zuen garaia ahantzi gabe, aitzina zihoan eta lagunez ere oroitzen zen: zergatik ote? Beldur zena norbaitek noizbait zorritegia inarrosi eta afera ahalkegarri horiek plazara ekarriko zituela? Maialenen ospea edo fama histuko zuten orduan, eta naski ez zuen horrelakorik nahi. Bazterrak erre zitzaketen dokumentuak prestuki atxikitzen zituen ondorioz eta utzi zizkidan Maddiren gibeletik nenbilelako. Jendetasun eta elkartasun zerbait nabaritzen zitzaion bihotzaren hondoan, gaurko egunean hedatu enpatia hitza baliatuko nuela nik.
Plastiko batean Pantxoari zegokion txostena atzeman nuen. Maddirena ez zitekeen urrun. Hor ziren biak ene aiduru. Handik gutxira Maddirena hostokatu nuen: hirukotearen zerebroa ematen zuen, erabakiak hark hartzen zituela zirudien, ideia emankorrak zituen, beste bien laguntzarekin egiaztatzeko. Ondoriozta nezakeenaz, hirurek horrela ordaindu zituzten beren unibertsitateko ikasketak. Baina bazen ezberdintasun bat lizeoan ziren garaiko egikerekin alderatuta. Gizakiekiko harremanak internet bidez egiten zituzten, agian Los Angelesko esperientzia garratzak izpirituak kateatu zizkielako. Jill Biscay inspektorearen larderiak bide on eta egokian jarri zituen gure txori mukizu ausartak.
Ez zen txantxetakoa. Gorputz salmenta zuzena lanjerosa izan zitekeen. Emakume gazteek, eta gizonezkoek ere, ero edo burutik gaixo ziren pertsonak gurutzatzen ahal zituzten. Bortxaketa, tratu txar, tortura kasu eta hilketa istorio anitz entzun eta irakur zitekeen prentsan. Telebista saio franko, edozein hizkuntzatan, kontakizun tragiko horietan bermatzen zen, astetik astera. Baina hiru adiskideek, modu sano bezain seguragoan jarduteko, interneten gune bat sortzea deliberatu zuten, pantaila bat emanez beraien eta beren bezeroen tartean. Urratsak oro idatzita geratzen ziren. Egiazko funtzionarioak ziruditen. Ez zitzaien menturaz tasun edo keria hori gustatuko, haserretuko ziren, laidoa baitzen, funtzionario izaerak, beraz alferrak, beraz sozietatearen lakastak, beraz asistituak erran nahi zuelako. Hitza niretzat atxikiko nuen.
Paperen erdian, Pantxoaren dokumentuetan, Bordelen sortu zuten webgunearen izena aurkitu nuen: www.kilika.eus. Baionan edo Joanarekin Atharratze gainaldeko Erratzü baserrian izan banintz, bulegoko ordenagailu higiezinera ernatuko nintzen berehala, orrialde horretan leporaino sartuko eta martxan baldin bazen, call girl horietatik baten batekiko hitzordu galanta hartuko nuen —Joanaren gordean bistan dena—. Baina Beartzuneko iraztor urrunduan ez nuen aukera izpirik. Ene desira lizunak baztertu eta Maddiren kasuaz axolatzen hasi nintzen berriz. Ordulariari behakoa bota nion. Goizeko biak. Pentsatzen ahal duzuenez, ez nuen lotaratzeko gutiziarik, irakurtzen nuenak bizi-bizirik mantentzen ninduelako.
Xinaurriak nituen oinatzetan. Zutitzeko eta ene oihal-etxolatik jalgitzeko premia neukan. Harritzarren aterpean abantzu erori nintzen, zuloka batean traukatzear. Iratze idorren zain meharretan bermatu nintzen. Behialako kahakaren auhena hautematen nuen, zakur zaunka itoak eta zeru ilun izartsua zeharkatzen zuen hegazkin baten burrunba. Bitxiki, ez nintzen beldur. Naturaren lasaitasun mineralak tirriatzen ninduen. Nahiko nuen bertan buztin errea bilakatu, betikotasun ametsez. Baina, lana banuen eta laster batean argi zirrinta sutuko zen. Sabel korroka batek oroitarazi zidan aski arinki afaldu nintzela eta goseak ere ez ninduela bakean utziko.
Kanpin dendan sartu eta kopetako lanpara piztu nuen. Lo-zakura lerratu nintzen, suge nagi baten abiaduran. Maddi izena zekarren plastikoa eskuetaratu nuen. Pantailara pasatzeko osatu zuen aurkezpen idazkia irakurtzeari ekin nion: “Neska gazte ausarta, ahoan eta begietan bilorik gabe nator zuregana, kuttuna, deitu nazazu edozein ordutan, beti hor izango naiz zuretzat... zuk eska eta ni moldatzen naiz, badakizu, Liburu Santuko erranaren arabera: Errazu hitz bat eta sendatuko naiz, errazu hitz bat eta hurbilduko natzaizu...”. Gidoi bat zirudien, orrialde oso batean, geldirik gabe, proposatzen zituen postura sexualen marrazkiekin.
Nazka bezalako sentsazio batek inarrosi ninduen. Ez nintzen zuri ahalketietatik sexuaren alorrean. Banituen ene denboran hainbat rape & revenge film ikusirik. Bederatzi minutuko plan-séquence delakoak, bortxaketa itxura latzak. Baina Maddiren hori ez zen fikzioa. Errealitatean oinarritu idazkiak eta irudiak ziren, Maddiren gorputza zen jokoan. Maddirena eta Maialenena. Bat-batean ulergaitz zitzaidan afera. Bildots gaizoa, otsoaren aho aitzinean plantatzen zen “jan nazazu, jan nazazu” xuxurlaz, gertatuko zitzaion guztia mereziko zuela ebazteraino. Goenkale telesail handiosean bezala, kapitulu batetik bestera, pertsonaiak agertzen ziren, ataka gaitzetatik salbatzen, salbatuak zirela uste zutenean, oharkabean, naiftasun sinestezinaz, aldameneko arroila likitsera erortzen. Bizitza zen? C’est la vie, quoi!
Eguneroko gure gauza onak oro suntsitzera deituak ziren. Nor zen suntsitzailea? Askotan norbera, anitzetan halaber, lagunak, ezagunak eta ezezagunak. Gizakiak ez zuen ihesik. Ausardiaren eta izuaren artean zihoan, destinoa marrazten, orrazten, zizelkatzen eta azkenean leize hitsetan amiltzen. Maddiren adierazpenek zalantza izpirik ez zekarten: pantailak eta telefono lineak baliatuko zituen dirua irabazteko, baina ez zuen gorputzaren eskaintza fetitxistaren ekonomiarik eginen. Paperek hori azaltzen zidaten. Prezioak aurkitu nituen azken hostaila batean, biluztasun neurriaren arabera finkatuak, striptease osoak berrehun euro balio zituela. Maddi desagertu zen iragan pornografiko horrengatik? Edo zerbait larriago gertatu zitzaion? Egia erran, ez nuen garuna sobera berotu behar, amak zituelako susmo txarrak eta beste nehork ez.
Nolwen Kergelen ene maitale ohiari deituko nion, Euskal Herriaren Frantziako aldera pasatu orduko. Pentsamendu geografiko hau ezabatuko nuela erantsi nuen neurekiko, bestela lagun abertzale pürrak oro haserre utziko nituen: zer zen ba Euskal Herriaren Frantziako aldea, non ez zen, denbora batez iparraldea zena, eta dagoeneko, astokatuz eta marratxoak jarriz, Lapurdi-Nafarroa Beherea-Zuberoa izendatzen genuen lurraldea. Gogoeta antzuak baztertu eta Nolwenen figura indartuz joan zitzaidan kasko zokoan. Jakingo zukeen hark, amaz aparte, norbaitek Maddi bilatzen eta haren desagertzea seinalatu zuen ala ez. Biharkoak etziko.
Beste paper sail bat atzeman nuen. Harritu nintzen. Maddik pantaila-gatibuak egiten zituen. Harreman birtualaz ezagutzen zituen gizonezko batzuen potretak zeuden bilduak. Ez ziren gaizki itxuraz, jaidura heterosexualak ukan banitu, niri ere gustatuko zitzaizkidan. Beltzaranak ziren, gihartsuak, aho-hezur karratudunak. Konprenitzen ez nuena zera zen: zergatik behar zuten potiko zainart horiek pantaila bidezko sexu-erlazio bat, munduko emazte guztiak eskuratzen ahal zituztelarik? Misterio bat zen. Edo bi tauletan jolasten zirenetatik ziren: egunez lantokiko ordenagailuetatik Maddirekin, eta gauez, elizaz ezkondu beraien emazte papulinekin. Argazkien azpian, izengoitiak: lehoi itsu, mamutxo, katu pituts eta horrelako fantasia franko. Jendearen izpirituak ez zuen mugarik, desira eta libidoa biderkatzeko medioen bila zinpurtzeko.
Buruaren zoko batean notatu nuen, beharbada, Maialen berriz solastatu beharko nukeela. Argi azkorrian deituko nion. Baigorrin ere geldituko nintzen gero, Pantxoaren etxean. Betazalak astun nabari nituen eta, etzatera nindoala, hurbilean urrats eta ahots zaratak bazirela konturatu nintzen. Oihal-etxola mehar haren gerizan fidatzekorik ez neukan. Ahultasunaren sentimenduak are txepelago egin ninduen. Iratzeetan tapalakatu nintzen, dardarez eta hotzez ikara. Handik gutxira, bozak argiago bihurtu zitzaizkidan. Giza talde bat zen, ordu txiki ubeletan, bide hertsitik Basagarren gora lehiatzen:
— Arren, aitzina, ez diagu astirik, zer uste duk ala, bakantzetan haizela?
— Hatsa hartzera utz gaitzazu, jauna!
— Hatsik ez duenak ez dik muga pasatzerik merezi...
Gelditu ziren justu ene begien parean. Hiru beltzek gorputza plegatzen zuten hats bahituaren eraginak jabaldu asmoz. Gidaria zirudienak txapela hozkan eman zuen, eskua aho gainean pausatuz. Berantetsia zen. Nora zihoazen? Frontera zeharkatuko zuten, horrela, ilunpean, haztamuka bezala. Banekien, mende urrunetan, Beartzunen barnako xendrak anitz erabili zirela kontrabandoa egiteko, baina gaur, gaur egun, zer ziren istorio horiek? Aldudera jaitsiko ziren? Ala Bankan ukanen zuten norbait, garraio kamioi anonimo batean, aiduru. Gidariaren soa nire aldera makurtu zen eta izuak malgortu ninduen. Gaizki nintzen, horixe bai, gaizki nintzela!
Baina, salgai humanoek hatsa berreskuratu orduko, saldoak bideari berrekin zion. Abere arin eta tematien pare bazebiltzan jauzika eta isil. Ez nuen sekula horrelakorik ikusi. Hainbat non nire ikerketa bera ahantzi bainuen. Zainak lasaitu zitzaizkidan. Frontala piztu eta aterpean kokatu nintzen. Maddiren aferari zegozkion paperak plegatu nituen. Artizarra zehaztu nuen zeruaren erdian, distira finkoan, eta lo-zakuan etzan nintzen. Bero-beroki. Alderraien egoera mentalera itzuli eta doi-doia gurutzatu hiru beltzen figurak nahasi zidan muina. Bizi hobeago baten esperoan partitzen ziren Afrikaren minetik, bizi hobeago hori Europan kausitzeko xedez. Baina, Juanek, ene lagun batek zioenez, emigranteak ez ziren beren etxeetatik abiatzen, baizik ihes zihoazen, gerrari, goseteari, tratu txarrei eta zoritxar ekologiko-ekonomikoei. Bestela inork ez zeukan etxeak eta sendiak uzteko aitzakiarik.
Ez nuen ordulariari begiratzeko astirik ukan. Bat-batean egun argia sutan mirets nezakeen sortaldetik, Basagar eta Elokadi mendiak urre koloreko leinuruz troxatzen zituela. Bigarrenez gau hartan, zoriontasun ezpatak urratu ninduen. Maite nituen Euskal Herriko goizak, eguzkiz edo euriz emokatuak, haizeak hegotik edo iparretik buhatzen zuela, edozein urtarotan. Negar gutizia menperatu nuen. Tristurarik ez nuen nabaritzen, Nolwen eta Joana neuzkan gogoan, Enez Eusako galernak eta Atharratze aldeko Erratzü baserriko lur emankorrak. Munduko puntu txikienean ere, mundu horren zabalera, gozotasuna, garratza, eskuragarritasuna haztatzen ahal zen, txikiak handia irensten zuela, eta alderantziz.
Filosofo txepel bilakatzen ari nintzela sumatu eta sua piztu nuen uraren berotzeko eta kafe errautsez hornitzeko. Ideiak berrantolatzekoak nituen. Egitekoak zerrendatzekoak. Kaferik gabe, ezin. Kikara bete eta harri zapalaren gainean eseri nintzen, neure buruarekin goraki hizketan:
— Hau dun hau, ez dun hoberik... nork erranen zinan bizitzak horrelako une ederrak oparituko zizkinala? Selfie bat eginen dinat, hirekin, nirekin beraz, mugaz bestaldeko adiskideei igortzeko... eki xirrizta, bortu biluzien mineraltasuna eta hi, hihaur, mutur alegera, hein bat xoxoa egia osoaren aitortzeko...
Traktore goiztiar baten karranka hauteman nuen. Oilar bat. Zakur bi, elkarri eleka bezala. Puskak bildu nituen, bi minutuz oihal-etxola tolestu eta Maialenek eman dokumentuak besapean altxatu. Tarrapataz egin nuen bidea Guarden Etxearen maldan neukan 4x4raino. Auzoko baserritik, urde kurrinkak zetozkidan eta irri bat marraztu nuen nire baitan. Briu-brau, errepidean nintzen, Beartzun iratzartzen ari zela, inguruko naturaren legez. Elizondoko hilerriaren parean gelditu nintzen, gaueko emigrante beltz saldoaren irudiak arima kilikatzen zidala, Maialeni telefonatzeko. Mendi mazelaren beste aldean Azpilkueta nekusan, Maialenen etxea Urrasunerako gurutzunean, bere gaztaroko gehiegikeriak ahanzteko lekurik egokiena.
Urlegi ostatuan kafe on bat irentsi nuen. Ilunpe sarkorrean. Berria egunkaria kontuarrean zegoen jadanik. Betaurrekorik ez nuenez, argazkiak haztatu nituen begi uherrez. Genero bortizkerien kontrako manifa bat egin zen Bilbon, Zaldibarko zabortegiaren lehertzearen ondoko salaketa agerpenak plazaratu ziren eta, kirol orrialdeetan, bezperan pilotako binakako txapelketako play-off partida eraman zuten Olaizola eta Urrutikoetxea azaltzen ziren irriz, behingoz. Iparraldean ez zen deus agitu, deus berezirik erran nahi dut. Baina askotan ikusten genuenez, egunkarietara pasatu ez arren, gertakariak baziren, hala nola zakur batek lau ardi hiltzeraino sarraskitu zituela edo adineko gizon bat erori zela errekara, arrantzan ari zen bitartean.
Zerbitzariak bazekien ez nintzela Baztangoa. Itxuratik, agian. Noizbehinka so ozpindun zeharkariak igortzen zizkidan. Nigan ordaindu gabe eskapatzeko jaidura irakurri bailuen. Egia erran, bazuen hiru hamarkada ohitura salbai horri uko egin niola. Ordulariari behakoa bota nion. Bederatziak ziren. Maialeni deitzeko une zehatza nuen. Linearen puntan, gogobetetasun ariketak eginak zituen emazte baten ahotsak kilikatu zidan belarri zokoa:
— Pasa zaitez. Zure aiduru nago. Ene lehen ikastaroa hamarretan daukat. Ene paperetan atzeman duzu zerbait?
— Buruz buru erranen dizut. Telefonoan horretaz solastatzea zaila da. Lanjerosa ere suerta daiteke. Heldu naiz berehala...
Goizaldean, argi zirrintan, mugikorrarekin Maialenen dokumentu gakoen argazkiak hartu nituen. Batez ere kilika.eus guneko harrera hostoaren harian gailentzen ziren gizonezko zenbaitenak. Horiekiko kontaktuan sartzeko gogoa nuen, Maddirekin zer harreman zuten ikertzeko. Espero nuen Maialenek premiazko xehetasunak emango zizkidala. Aldi berean, menturaz, sekretuak zaindu nahiko zituzkeela ere uste nuen, gorputza saltzen zutenak hondarrean, biziki herabeak eta pudikoak zirelako bizitza normalera itzultzean.
Oinez hurbildu nintzen Maialenen ashram antzeko lokalera. Aurpegia lasai antzematen nion. Agurtu orduko bulegoaren alde bietan jarri ginen:
— Pentsatzen dut gurekin zebiltzan gizonezko hauen telefono zenbakiak behar dituzula... Maddiren faboritoak ziren, birtualki bistan dena, bai eta batzuk errealitatean ere. Guk ez genuen haragizko biderik hobesten, Maddik bai, ez zuen dudarik horretan, ez zen beldur, gu baino libreagoa zen bere gorputzarekin...
— Gizon horietatik batekin zerbait gaizki pasatu zen?
— Baliteke, bai... Behin begitartea kolpez ubeldua itzuli zen eta bi astez ez zuen kamera aitzineko bere lana egin ahal izan. Sexu-aldi gogorra ukan zuela erran zigun, baina gure irudiz, salbaiki bortxatu zuen norbaitek. Isilik gelditu zela oroitzen naiz.
— Zerrenda honetako batek?
— Listako laugarrena zela susmatzen dut nik. Oraindik ere misterio bat da enetako. Eta gauza bat, andere Ezpeldoi, aldi hartan salaketa jarri zuen Bordeleko polizia-etxe nagusian.
— Aha...
Eskua, ezintasunez bezala, iledian pasatu nuen. Baina funtsean berri ona zen niretzat. Frantziako Poliziaren lerroetan infiltratu bat baneukan, Nolwen Kergelen inspektorea hain zuzen, eta laguntza eska niezaiokeen kasu hau argira ekartzeko. Maialen ez zen zozoa, ohartu zen nire alegiazko ezintasunaren gibelean, izpirituan baneukala halako esperantza ximixta azao bat. Ez zidan oharrik egin. Zerbait pentsatu baldin bazuen, beretzat atxiki zuen. Nik ere ez nuen hitzik gehitu. Luzatzen zidan zerrenda eskuetatik hartu nion. Besarkadak eta eskerrak trukatuz, bakoitzak bere aldera jo zuen. Baztango lurraren emankortasun xaloa estimatzen ikasi nuen une hartan. Itzuliko nintzen, banekien.
Elizondoko merkatu aldeko aparkalekura nindoala, udaletxe maldako bota-harria amultsuki ferekatuz, papoan ikaratzen sentitu nuen mugikorra. Joana Garralda, ene andregai kutuna zena? Ernatu nintzen, bihotza pilpiraz. Baina ez, zenbaki gordea zen eta berehala botoi berdeari sakatu nion, urduri. Maddiren ama, negu mineko sutea bezain txinpartatsu zebilen, bero-bero:
— Zertan zara? Ez dakit ezer zutaz atzoko bileraz geroztik... ordaindu zaitut behar dena baino gehiago, ez da turismoa egiteko.
— Ukan duzu alabaren berririk? Gutunik? Telefono deirik?
— Ez. Deus ez.
— Non zara? Etxean? Pasa naiteke nahi baduzu?
— Ez, Garazin elkar gaitezen, hamaikak aldera...
— Eguerditan, Elizondon naiz oraino eta denbora parrasta beharko dut Izpegin gora eta behera gidatzeko. Agian informazio osagarri zerbait emango didazu... amek bakarretan ezagutzen dituzte alaben bizitzak urratzen dituzten gauza sekretuenak, ez dea hala?
— Bakea emazu... Sarrixeago mintzatuko gara. Eguerditan, ttanko!
Emaztearen boza larderiatsua zen. Ez nuen astirik karakoil edo barraskilo abiaduran ibiltzeko. Buztanzelhai, Iparla eta Hauza gailurretako paisaia ederrak miresteari uko egitekoa neukan, ez banuen Garaziko hitzordura berandu iritsi nahi. Irudi zuen, ahotsetik beretik, Maddiren amak bazuela isilpeko zerbait salatzeko. Edozeren hartzaile nintzen, pista gutxiegi zulatu nuelako orain arte: kilika.eus webgunea, Pantxoaren enpresari sen ikaragarria eta nesken ausardia, itxurak eta gorputzak saltzeko tenorean. Ez baldin bazen desagertu, hirukotearen egoera normaltzat jo zitekeen, ikasle eta estudiante anitzek, neska ala mutiko, ikasketak ordaintzeko, prostituzioaren bidea hautatzen zutelako, hautua baldin bazen. Hargatik, prostituzio mota horrek ez zuen ezer ikustekorik Europako karriketan heren munduetako emakumeek praktikatzen zutenarekin. Maddi eta Maialen klase ertaineko hiritar nomadentzat ari ziren, prezio onean, ahalik eta harreman fisiko urrienekin.
Joanaren 4x4 erosoko irratiaren ahora bultzatu nuen Itoiz taldearen Ezekiel diskoa. Laurogeiko hamarkada epikora eraman ninduen musikak, gaueko kontzertuetara eta jendeen arteko gurutzaketa patetikoetara. Alkohola eta belarra bazebiltzan eskutik eskura, zaldia eta azidoa ingurune zenbaitetan, aburu politiko finkoak genituen, ezberdin pentsatzen zutenak derrigor etsaiak ziren guretzat, baina soinu-banda erraldoia geneukan, euskaraz barne. Eremuko dunen atzetik nenbilen ni ere orduz geroztik eta, Izpegi lepoaren oinetako lehen bihurguneetan, abesti hartako euri zitalak nituen amets. Kanta mitikoak josten gintuen intimoki, entzuten genuen ber, bereizi ezinak ginela bagenekiela Joanak eta biok. Melodia bukatzen zihoan aldi oroz, hasierara eramaten nuen, errepika lantzinante batean, gure bizitzak jokoan bailiran, Baigorri zeharkatzeraino.
Maddiren amarekiko hitzordura tenorez heldu nahi nuen, eta arraposki gidatu ere bihurgunez osatu bidean. Ez zen momentua istripu bat ukaiteko edo Joanaren autoa xehakatzeko. Barkatuko zidana? Nekez, naski. Neurri batean, 4x4 distiratsua ni baino maiteago zuela uste nuelako. Orduan... Irulegiko sotoaren aitzinetik lerratu nintzen, suge nagitsuaren antzera. Garazitik gero eta hurbilago nengoen.
Eremuko dunen atzetik dabil
Zulo urdin guztiak miatu ezinik
Eta euri zitalari esker bizi da...
Zer zen Euskal Herriko paisaia lasai, koloretsu eta bete hauetan barna ibiltzean bihotza hantzen zidan nostalgia izugarri hori? Maite nuen gure lurra, maite bezain gorrotatzen nuen zenbaitetan. Ez ninduen, behintzat, nehoiz indiferente edo axolagabe uzten. Euri zitalez eta destino petralez egarri nintzen. Alde horretatik, eskualde hauetan, zerbitzatuak ginen arraiki. Ene pentsamendu antzuen haria ebaki nuen, Garaziko harresiak begietsi nituenean. Harri ilunen arrakaletan belar suhar eta huntz-hostoak ageri ziren, denboraren iragan urria azpimarratuz. Geldoan egon nintzen minutu luzeetan. Izpiritua huts. Begiak erdi itxirik. Meditatzen ari banintz bezala. Baina ene molekulak inarrosi nituen eta autotik jaitsi baiko, handik gutxira, ikusi nuen punki gisa beztitu neska gazte bat, sokatik zeukala, zakurrari kaka eginarazten. Gorotz ketsua bertan abandonatuz abiatu zen, niri desafio begirada bat boteaz. Nik:
— Ez duzu biltzen ala?
— Mais bahaii, nazkagarri hori, joango naizela zure kaka poltsa puta horren bila... genre perfektua bazina bezala!
— Ei, lasai nirekin...
— Puta zikina, zergatik ez zara isiltzen?
Uuau! Gozo zitzaidan horrelako ongi etorria. Benedikatua nintzen. Estimatzekoa nuen. Andereñoaren hiztegiaren hedadurak zoratu ninduen. Ipurdia balantzatuz urrundu zen. Ez nuen igurikatu afera likitsa nola bukatuko zen ikusteko. Plazara zuzendu nintzen, oinez. Bisitariak, beti, karriketan, molkotan, taldeka, adinekoak gehienak, xingarrez, gaztaz eta chou-monté izeneko pastelez asetzeko prest. Bidea urratu nuen. Haize hego hotzak bazterrak iluminatzen zituen. Ederki nintzen, jendetzaren erdian, ezezagun hutsa nirekiko ere. Turismo bulegora jo nuen astiro eta gure hitzartze lekuan ez zegoen nehor. Astia banuen, egia erran, eta Maddiren ama noiznahi etorriko zen.
Merkatu egunetako mugimendurik ez zegoen Garazin. Gizon txapeldunik eta arropa lilizuz apaindu emazterik ez zen ageri. Euskara gutxi entzuten zen eta isiltasunak gatibatzen zuen Garateneko trinket ospetsua. Astiro nenbilen jendeak saihestuz eta oinak non pausatzen nituen kasu eginez. Bare baten pare nenbilen. Urritasunarekiko neukan amultsutasunagatik, aspalditik, alfertzat nindukaten eta bizitzan zehar gurutzatu ninduten hainbatek amets egiten zuten ene lanean karraskaz eta gogor hasarazteaz. Euskaldunon artean bazen lanaren halako mistika garratz bat, bereziki lagun protsimoarentzat, euskalduna gehienetan manatzaileen edo decider delakoen lerroetan irudikatzen zelarik. Ez nintzen Carlos Ghosn, nabarmenki, “ez naiz gizon motela” erraten baitzuen Renault-Nissan super-enpresako zuzendari ohi iheslariak.
Hausnar debaldeak baztertu nituen. Han zen Maddiren ama, aiduru. Ilunez apaindua burutik oinetara. Arranguratua zirudien, urrunetik aztertu nuenean. Zerbait berri ikasiko nuela irudikatu nuen, aldi honetan laxatuko zela, eta solasaldiaren ondotik pista berriak irekiko zitzaizkidala bere alabaren bilaketa bururaino eraman nezan. Hori espero nuen bederen.
Ahalik apalen hurbildu nintzaion.
Ez nuen espanturik.