Aurkibidea
Aurkibidea
La vita è bella
1 — ITOGIN ARTEAN
Idatzi nahi baduzu, eduki ezazu katu bat.
Aldous Huxley
Urte amaieran Colette heldu zen gurera, udaberrira arte geratzekotan. Halaxe egin genuen tratua. Ekarri, lehenago ekarri zuen semeak, baten batek urtebetetzean oparituta. Ukabilaren tamainakoa zen, ile-larru kanela eta zuria, muturraren alde batean orban iluna. Horixe gustatu zitzaidan gehien, aurpegiaren asimetria eta betokerra izatea.
Sekula ez naiz animalia zalea izan, higuina edo beldurra eragiten didate. Alabaina, hunkitu egin nintzen semeak piztia txikiari maitte-maitte nola egiten zion ikustean: neure amaren berbakeraren antza hartu nion, iloba jaioberria zenean besoetan hartzen zuenekoa.
— Gaur bai, geratu dadila —esan nion—, baina bihar eroan ekarritako bidetik.
Batetik bestera maleta eta ordenagailu eta liburu eta enparauekin ibiltzen banaiz, ez nintzen aurrerantzean hasiko katu-kaiolarekin ere. Ezen, goiz ala berandu, neuri ere hedatuko zitzaidan katua artatzeko ardura.
— Miramarren utziko dugu, ama. Kito arratoiak betiko.
Abenduko hotzekin baina, errukitu egin nintzen katakumeak orduak ematen zituelako ortuko etxetxoan giltzapeturik, eta baimena eman nion semeari etxera aldi baterako ekartzeko.
— Colette ipiniko diogu izena.
— Arra da baina.
— Berdin da. Ea izen horrekin inspirazioa ematen didan.
Horrenbestez, jostailu batzuk eta ur-katilua bistara ipini, eta miradoreko gabon-argiak ere piztu nituen ongi-etorri zeremonia egiteko. Atea irekitzearekin batera, katuak salara egin zuen. Bertan daukat idazmahaia, aititak antzina eginiko apalategi baten kontra, eta azpian kaxa bat, xal pare batekin, lanean hozkirritzen naizenerako. Colette bertan kurubilkatu zen.
Halaxe irabazi ninduen, bere tokia aukeratzean. Kontua da espabilatua iruditu zitzaidala, mahaipeko kaxa horrek, Poloniako adiskide batek eskuz apainduak, idazkune hau daukalako pintatuta: La vita è bella.
Ederra da bizitza.
Ohetik jaiki eta nire aurpegia ispiluan ikusi nuenean, ezker begia biratuta neukan, gauean igarotako larriminaren froga.
Amesgaizto bat zen kausa.
Herriko uhartean. Ekaitza, tximisten argi-unadak suspentsezko filmetan legez. O. eta biok aurrez aurre, txilioka, olatuen zaratak ez digulako uzten elkarri entzuten. Bat-batean haize-bolada batek bultzatu egin gaitu eta lurrera jausi gara, ni ahuspez belartzara; bera ertzera, labartza aldera. Zintzilik geratu da amildegian. Besoak luzatu ditut berari eusteko. Heldu, heldu, diotsat. Alferrik. Jausi egin da ilunpean. Izuak hartu nau, ez dut haren gorputza uharrian txikituta ikusi nahi. Hebain eginda nago, besoetako hezurrak lokatuta. Baina so egitera ausartu naizenean, ohartu naiz ondo erori dela: zangalatraba geratu da harkaitz baten gainean, apar artean. Orduan harkaitza mugitzen hasi da, txalupa baten antzera, eta eraman egin du astiro, berak besoekin arraun egiten duela. Ez du gora begiratu, ez du ezta eskua jaso ere niri agur egiteko.
Ametsa berari kontatu ahal izan baino lehen esan zidan:
— Bakarrik egon nahi dut.
Mediokritatearen hesian planto eginda geunden, noiz gozotan, noiz mingots, batak bestearen gustua egiteko saiorik ez egiteaz gogaituta. Alabaina, zeharo erasan ninduen bat-batekotasunak.
Adioaren ordua iluna izaten da, niretzat sikiera. Ez dut hemen zertzeladarik emango, patetikoa bailitzateke minaren aldakiez beste behin ere jardutea.
Minari ezin zaio utzi aginteaz jabetzen.
Hortaz, Bilboko etxera alde egin nuen. Lanean aterpetuko nintzen eta hiriarekiko lokarriak indarberrituko nituen. Ez nengoen neure onenean, ezta hurrik ere, baina kapaz izan banintzen Korrikaren lipdubean parte hartzeko, noiz eta despedidaren biharamunean, lorra lepora eta segi aurrera. “Inporta duena ez da zenbateko indarrarekin zanpatu gaituzten; axola duena da zenbat indar geratzen zaigun zanpatuak izan eta gero”. Hala dio Gonçalo M. Tavaresek Bidaia bat Indiara liburuan.
Usatuta nago hor egoten, hausturen galerian. Horma labainegiak ditu gora egin eta beste aldera atoan pasatzeko. Labainak dira hormak oroitzen dugun zorionak eraiki dituelako. Zoriona —zorionaz dugun oroitzapena— likatsua da eta itsatsi egiten zaigu azalean. Ahal izanez gero, eraikin iruzurrezko hori jo eta eraitsiko genuke, baina hori ezin da mailuz egin: pentsamoldea da aldatu beharrekoa, esfortzu iraunkorra eginda.
Banekien esku biekin hartu beharko nituela bai mina, bai erresumina, eta usaindu, ukitu eta oretu, bola bat egin eta irentsi, neure metabolismoaren parte bihurtu eta pixkanaka iraitzi arte. Banekien O. eta bion historiaren hezurrak neuk batu beharko nituela, neuk erre.
Atea ireki orduko orban zurixka bat ikusi nuen sarreran. Azukrea zela begitandu zitzaidan, edo esne-hautsa. Fardelak sartu arte ez nintzen konturatu mantxatzarra itogin batek eragindakoa zenik. Ur-turrusta uherrez umelduta zeuden koadroak, kristaletan sugandilak ibili izan balira legez. Behegaineko oholak buxatuta, batzuk hozberoagatik kraskatuta. Karamelu likidoa zirudien potxingo likits bat zapaldu nuen sukaldean. Dindilizka zegoen horma-papera, tarteka banderola zimur bihurtuta. Bitrozeramikan igeltsua, gortinak blai, erlojua geldi.
Polita ironia, norbera habitat psikikoa berratontzeko premian egon eta habia fisikoa desastre eginda topatzea.
— Berriz jausi da ura —abisatu nion goiko auzokoari.
Aurrekoa baino —gorozki-urak nire dutxara iragazi zirenekoa baino— hondamendi larriagoa zen.
Lanbas, trapu eta baietak dantzatu eta gero, besaulkian jesarri nintzen itoginei adi.
Ilun nengoen uragatik. Ilun hausturagatik. Ilun, halaber, ez nuelako lortu Colette kaiolan sartzerik nirekin ekartzeko. Molde eskasekoa ni, heltzen nion bakoitzean erpeka egiten zidan eta amore eman behar izan nuen. Horrek ere deslai sentiarazten ninduen.
Biharamunean ordenagailuari lotu nintzaion, aspaldian hasi baina behin eta berriz alboratutako liburuari segida emateko asmo sendoa hartuta. Oraindik ez neukan izenbururik, baina intuizioak hezurrak iradokitzen zizkidan: sinbolo horrek batasuna eman ziezaiokeen nire lanari, azalean hasi, eskuetatik jarraitu, begian geldiunea egin eta gorputzaren barrenengoetara jo gurako lukeen miaketan.
Semeak ekarri zuen Colette pare bat egunetara. Katua zuzen joan zen estudiora, salto egin zuen nire jarlekura eta bertan kukutu zen, pantaila ezagunaren auran edo neure usainarenean ez dakit. Etxeko animalien eta gure artean sortu ohi den lotura ezin da ulertu norberaren larruan bizi arte.
Gero txinatarrera joan ginen afaltzera. Atsekabe sorta gorabehera, altxagarria gertatu zitzaidan semearen bisita. Bizitza ederra zen, nola ez ba. Alabaina, aldameneko mahaian isil-isilik afaltzen zeuden hiru emakumeei erreparaturik, Chejoven Hiru ahizpak antzezlaneko itaun urdurigarri hartaz oroitu nintzen: “Bizitza ederra da, bai. Baina hori itxura besterik ez bada?”.
Konponketak hasita, igeltseroa ez zenean, pintorea neukan etxean; pintorea ez zenean, zurgina; zurgina ez zenean, peritua; peritua ez zenean, iturgina. Lanez gainezka eta lanerako paradarik ez, tirriki-tarraka egiten nuen aurrera, lur elkorrean ortozik bezala. Bizitza zapata-lapur maltzurra izaten da batzuetan.
Colette seietarako hasten zen miauka. Ohe gainera egiten zidan brinko, ohetik komodara, komodatik armairura, armairutik berriz ohera. Ileak lazteko moduko lanturua zerabilen, eta nazka puntua ematen zidan bere parteei etengabe miazkaka ikusteak. Sofa lauskituta zeukan pixa-txirrio amorratuekin.
Txanda eskatu nion albaitariari eta esandako orduan eraman nuen, semea pediatrarenera eramaten nueneko sentiera antzekoarekin. Xiringa sartu zionean, madarikatu egin nuen gizona, katua pittin bat lasaitzen ez saiatzeagatik.
— Laurak aldera deituko dizut bila etortzeko. Anestesia pasatutakoan, betiko martxan ibiliko da. Di-da egingo dugu dena, ez du ezer igarriko.
Bila joan nintzenean, ordea, larru zarpail bustia zirudien. Egon nintzen albaitariari esatekotan ea ba ote zekien ganaduetatik aparte bestelako animaliarik tratatzen, baina mihiari haginka egin eta mater dolorosa baten pareko etxeratu nintzen.
Kaiola irekita, ozta-ozta atera eta plaust jausi zen Colette. Zutitu arren, albokera erortzen zen behin eta berriro. Odol-jarioa uzten ari zen baldosetan. Altzoan hartu eta siestako mantan batu nuen. Ez zuen zirkinik egiten, buztana ere zurrun. Egiazki estutu nintzen, akaso gazteegia zen ebakuntza gainditzeko.
Neure burua ikusi nuen beragan: desanparoa, oinaze orokor kokatzen zaila, baten baten besoa sorbaldan igartzeko premia: norberaren buruarekiko errukia erreakzio ia ekidinezina pentsamenduaren distortsioak arteztu ezean.
Euriak legarra zirudien kristalen kontra.
— Suspertu egin behar dugu biok ala biok, txiki —egin nion laztan.
Lurrin-kandela bat isiotu eta atoan zabaldu zen menda-usaina salan. Gustura erreko nukeen zigarro mentoldun bat, egun hartako kontsolazio-saria.
Alias Grace nobelan esaten du Margaret Atwoodek: “Istorio baten barruan zaudenean, bizi duzunean, ez da istorio bat izaten, nahasmena baizik: orro ilun bat, itsumena, beira hautsi eta egur ezpalduen sakaila; etxe bat haizetearen erdian bezala edo izozmendiek zanpaturiko edo ur lasterretara bultzaturiko ontzi bat bezala, barruan daudenak hori eragozteko ezer egin ezinik daudela. Gero, soilik gero bihurtzen da narrazio antzeko zerbait. Kontatzen ari zarenean, zeure buruari edo beste norbaiti”.
Horretan ari naizela uste dut.
Udaberri osoan Miramarri kasurik egin ez eta oihanduta zegoen.
— Nire kuadrillakoak prest daude belarra mozteko —iragarri zidan semeak.
— Eskerrak… Zuek arduratu lurraz; etxetxoa garbitzea neure kontura.
Adela eta bion artean garbitu genituen hautsak eta parasma-metxak. Lan eskerga izaten da hangoa. Ez naizenez inori mesederik eskatzekoa, gero eta trabesago egiten zait lursaila gobernatzea: hola-hala sasitzari kontra eginda, konforme. Palmondoa behintzat sanoturik zegoen. Halandaze, mezua bidali nien lagun batzuei San Juan egunean zain izango nindutela ortuan, palmondo-hosto moztu berriekin eraturiko aterpean kopaua egiteko.
Bizitzak adarrak ederrak ditu: inork ez zuen izan etortzerik. Ea ba. Ez naiz munduaren zilbor-botoia.
Aitzitik, edonor bezala, neure bizialdian gauza franko galdutakoa izan arren sekula lagunik galdu ez izanaz harro nengoen hau, iluntze hartan hasi nintzen adiskidetasuna zer den zalantzan jartzen.
Sinistu gura izaten dugu gauza batzuk ez genituzkeela inoiz jasango, ez genituzkeela inola ere onartuko eta, hala ere, jasan eta onartu egiten ditugu, uneoro. Aitzakiak topatzen ditugu besteek gurekin dituzten akatsak zuritzeko, gure premiak bistan ez uztearren.
Etxeratu nintzenean, Colette ez zen ageri. Beti egoten zen atondoan, kalera ihes egiteko lixto. Sukaldean ere huts. Atzeko balkoia zabalik utzia nuela konturatzean, ikaratu egin nintzen: ez zatekeen ospa egiten zuen lehen aldia. Deika hasi nintzaion, lotsa pixka bat emateko moduan, egia esanda: katuaren izenak oihartzun egiten zuen kantoian.
Burutaldi txar andana hasi zitzaidan erpeka. Neure errua izan da. Ez dut behar bezala jagon. Ez nuke jasango berriz ez ikustea. Kale-katuekin alde egingo du betiko... Abandonatuaren letania, katuarentzat bezainbeste hanka biko patariei ere aplikatzeko modukoa. Eztarria gorgoritotan urratu zitzaidanean atera zen sofaren azpitik. Erran-merran dultzeak xuxurlatu nizkion, hemen errepikatuko ez ditudanak neure buruarekiko errespetuz. Orduantxe sinatu genuen gure leialtasun ituna.
Hurrengo egunak erretiratuta eman nituen. Oi, Sormenaren Zauria! Oi, Isiltasunaren Habia! Ni, beti jarlekura estekatuta, bizikide bikaina nintzen katuarentzat; katua niretzat, presentzia perfektua, bon-bon ez zenean, ron-ron.
Colette ez zen William S. Burroughsek deskribaturiko mixina bezain praktikoa: “Bakarrik dabilen katua naiz. / Eta niretzat berdinak dira supermerkatu guztiak. / Katuak ez du zerbitzurik eskaintzen. / Katuak bere burua eskaintzen du”.
Neu ere ez nintzen supermerkatu arrunta.
2 — IGNIS FATUS
Bakarrik ote nagoen galdetzen diozu
zeure buruari: ba bai, bakarrik nago (…).
Bakarrik baldin banago,
kostan izoztutako txalupa baten tinkotasunez nago,
zer den badakiena urteko azken argi gorrian,
badaki ez dela ez izotz, ez lokatz, ez neguko argi,
ezpadaze egur hutsa, erretzeko dohainarekin.
Adrienne Rich
Pozoia jan eta gero arratoiak ezkutatu egiten dira hiltzeko. Hilzorian ez, baina pozoia irentsi duenaren atakan bai, banengoen. Gaixotu egin nintzen.
Arrazoimena norabide zuzenean jarri arren, matxinatu egin zitzaidan gorputza. Urdaileko minsorrak, edo hesteetakoak, edo umetokikoak —ez nekien zehazki nongoak, baina bai sabela alderik alde minberaturik neukala— ez zidan tregoarik ematen. Gorputzean azaleratu zitzaizkidan A egoeratik B egoerara igaro bitartean kudeatu beharreko trantsizio-sintomak (desamodioaren zaputza, teoriaren eta praxiaren arteko erroitza zeharkatzeko estura, nahieza onartzeko tenple falta, arimaren farrastak eta beste).
— Ezin dut gehiago —kexatu nintzaion J.ri—. Eraman ni norabait, ospitalera edo zoroetxera.
— Ez batera, ez bestera. Baztanera asteburu-pasa.
Ostatura heldu ginenerako J.ren adiskide bi azaldu ziren, berak deituta. Ohean etzanarazi ninduten. Emakume adintsuenak zapitxo batekin igurtzi zidan bekokia; besteak sabeleko orbainak haztatu zizkidan, ebakuntzen marka zaharrak.
— Sumatzen ditut korapiloak —esan zuen ahapeka.
Gero zer edo zer esplikatu zidan erlojuaren orratzei buruz, eta galdetu zidan ea ezagutzen nuen San Inazioren baba deritzon landarea, huraxe hartzea komeni zitzaidala. Ezetz nik: santu-santetan aditua naiz, baina botanikan ez.
— Bihar etxeko sagarrak ekarriko dizkizugu. Urdailean igarriko diozu batik bat, zukuak erraiak babesten ditu eta.
Sabai-leihotik zuhaitzen firfira sartzen zelarik lo-susta barea egin nuen aspaldiko partez, Donamariako dorretxearen ohol onduetatik hurbil.
Eta gaitz batek tokia utzi zion beste bati. Txandakatuko ez balira, akabo gu.
Okularistak ez zidan ezer berririk esan, kirurgia behar nuela, osterantzean erremediorik gabe itxiko zitzaidala ezkerreko zuloa.
Madame Staëli turbanteak nola niri egunen batean partxeak ukitu exotikoa emango zidala airatzen nuen honi, pupu egin zidan atzeraezintasunaren segurtasunak. Medikuak harriduraz hartu zuen nire galdera:
— Gomendio bera emango zenidake zure ama, emaztea edo alaba banintz?
— Nire tartekoa bazina, begi hori antzina konpondurik izango zenuke.
— Ados. Dena den, esku artean dudan liburua amaitu nahi nuke lehenago.
Nola. Institutuko sasoian aurreikuspen barik zirriborratzen nituen orritzar koadrikulatuak, idazteari ekite hutsak ekartzen zuelako zer idatzia; oraingoan, ordea, itopuntuan aurkitzen nintzen.
Iruditzen zitzaidan Coletteren antza neukala, ikusi ezin denarekin olgetan. Batzuetan mesilla aurrean makurtu eta zelatan geratzen zen, azpian zer edo zer balego legez; beste batzuetan oldartu egiten zen, argiaren baitan formaren bat bereizi eta hura ehizatu nahian bezala.
Nire egunerokoa badaezpadako pasarte soltez betetzen hasi zen, aliritzira.
Virginia Woolf: “Ezinezkoa da bizitza aurkitzea bizitza saihestuta”.
Homeopatak esango lizuke: “Aska ezazu lasta behingoz”. Oftalmologoak: “Kontzentra zaitez gainean duzun ebakuntzan”. Lanbideko edozein langilek: “Ez zara lotsatzen, kakatzan dagoen jendetza ikusita, mainaka ibiltzeaz?”. Gurutzetako zuzendariak: “Erdu errondatxo bat egiten gurera”. Kaleko edonork: “Zuk ez duzu telebista ikusten ala?”.
B.k eguzki-lore baten argazkia bidali dit Urbionetik. “Argi ona emango dizu”. Horrelakoetan sinistu beharra al daukat.
Bukowskik goretsi egiten zuen katuek hogei ordu lotan emateko duten gaitasuna: “Izaki hauek nire irakasleak dira”. Colette, zu ere dolce vita-ren maisua... markes bizimodu horrekin ez nintzateke urrunera helduko.
Arraro dago baina. Deprimitu egiten al da euriarekin? Ala berau ere ondoezik dabil?
Semeak deitu dit Bilboko etxetik:
— Ez hartu disgusturik…
— Zer gertatu da? Ondo zaude?
— Bai, ni bai, baina uriola daukagu berriro. Etorri lehenbailehen.
Etxea erreka eginda dago, Jainko maitea. Aurrekoan, behin konponketetan sartuta, nire logela zuriz pintatzeko aprobetxatu nuen. Nire intimitatea ezagutu dutenek txoko horretan utzitako tindu emozionalak ezabatzeko modua iruditu zitzaidan. Alabaina, urak, sabaitik tantaka, lizunezko loreak ernearazi ditu ohazalean. Barreari eman diot Emily Dickinsonen imitazio apala izan nahia karikatura bilakaturik ikustean.
G.k, nire kexen errepertorioa entzunda, ezaugarri duen baikortasuna erakutsi dit:
— Apurtuko da zirkulua.
— Oinak lokatzetan sartuta bezala sentitzen naiz, beti arazo berberak, zauri berberak…
— Zuk pentsatu arren, denbora ez dago geldi. Taroteko ermitaua ere han doa, makila eta kriseilua eskuan… Zeu lez. Ez zaizkio oinak ikusten tunikapean eta ematen du geldi dagoela, baina joan doa.
— Seguru, martxa honetan neuri ere ile-bizar zuriak irtengo.
Pilak ipini dizkiet etxean geldi zeuden erloju guztiei.
Metamorfosia abian da hamsterra akabatzeko. Jira eta jira aritu zara luzaroegi, norakorik gabe, alerta, gurpil itsu batean atzituta, noriaren inertziatik jaitsi ezinik. Dena (izan) da errepika absurdoa.
Intsektuek, anfibioek, moluskuek, krustazeoek, knidarioek eta ekinodermo askok burutzen dute metamorfosia. Zuk, ordea, ez marmoka, ez igel, ez tximeletarik ez duzu bisualizatzen sofan part botata ematen dituzun kikil-orduetan. Sugea ikusten duzu zuk, isatsa ahoan sartuta, biribila osatuz. Uroborosa, biribila biribilean biraka: borroka alferrikakoa, gertaeren izaera ziklikoa eta eginahalak egin arren zerbait berria has dadin oztopatzeko ezintasuna adierazten duen sinboloa.
Tximeleta zuri bat igogailuan. Iragarpen ona. Ez, sitsa da. Logikoago da hori. Burlaka ari zitzaidala begitandu zait: “Sitsa naiz, gaueko tximeleta, sutatik ihesi su-argiz aseta”.
Barruan su txikia duena bera ere hotz? Ez, nahitaez.
Amandak arrastaka eramaten nau Karola gruaraino, euri-garotan nahiz zaparradatzan. Bera da neure garabia. Amanda deitzen diot, bere benetako izena beste bat izan arren, dena errazteko duen dohainagatik. Itsuneska, beti zurkaitza jartzen.
Zirkuluak hipnotikoak dira. Hipnosiari eskapan, irudi linealetan kontzentratzen naiz: errepideetako erdibitzaileak, zinta koloredunak, zerumuga, hari-txirrikak, serpentinak, halako gauzak.
Zerrendak ere egiten ditut. Enumerazioek zirkulua eteten laguntzen didate. Adibidez, alboratu beharreko depresio-itemak: arropa-leungarria hozkailuan gordetzea; giltzak egunean hirutan galtzea; botoiari sakatu gabe igogailuari itxarotea; O. lau aldiz une eta toki berean klonatuta ikustea...
Jenny Holzer: “Lagun zaharrak hobeto daude iraganean”.
Zer da, ba, lagun izatea? Egotea. Eta egoten jarraitzea.
Igeri egiten dut. Ehun besakada, ehun eta berrogeita hamar, berrehun besakada, berrehun eta berrogeita hamar. Palada bakoitzean, arao bera: “Independentzia, independentzia…”. Aldarrikapen politikoa ematen du nire leloak. Ikusi nahi ez dudan jende aldratxoa ere ikusten dut batzuetan. Bihotz-zimiko bakoitzeko, kontsigna bera esaten dut isilka: “Begiratu argirantz!!!”.
Erre handiak dituenak ur hotzari ere ihesi.
Asko ibiltzen naiz hondar hezean, oinatzekin ahalik eta lerro zuzenenak grabatuz (zirkulua apurtzeko). Kapela eta betaurreko ilunak ditut aliatuak inor arrima ez dadin nire barne-bakarrizketa errepikakorra etetera.
Ezagun batzuekin egin dut topo. Doluminak eman dizkiet aita oraintsu hil zaielako.
— Ama zertan da?
— Erresidentzian sartu dugu, ez dugu izan beste erremediorik. Burua galduta dauka, eta bueltaka eta bueltaka ibiltzen da, aurrera eta atzera… Zoratu beharrean eduki gaitu.
Buelta eta buelta, aurrera eta atzera, jostailu mekaniko baten moduan. Errukarria, esan dut neure artean. Florak ere biribilak marrazten zituen orduan hospizioa zenera joan nintzaion azkenetan.
Antzar Eguna Urbian pasatu dut (laino zarratua zegoen, ez dut Jaungoikoa ikusi). Bakarrik nago. Ba-ka-rrik. Ba-kar-ba-ka-rrik.
Borondatezko bakartzearen uhartearen barrenean bada beste uharte bat, berezko bakardade asegaitzarena. Sarritan ezikusiarena egiten diozu islote horri. Tranpa egitea da hori ez aitortzea.
L. etorri da.
— Joango gara kontzertura?
Hara eta hona nabil, geratu gabe, eta hona eta hara eta harantzago joanda ere, barrenak urre margulduaren koloreko tristurak hartuta itzultzen naiz beti etxera.
— Ez dakit…
— Nola ezetz! Saiatu zara zeure burua goitik ikusten? Ikusten dugunaren ikuspegia aldatzea geure burua aldatzea da.
Zaurian piko.
— Hain samurra delakoan… Ematen du ez zaizula inporta nire pairamena.
— Zauria ondo garbitu behar da, eta gero ondo josi, ondo itxi dadin —erantzun dit, jostun maratzaren keinuak eginez.
Nabari zaio medikua dela.
Ez dut abastorik ematen mukizapiekin. Negartia eta feminista, la artista de la pista.
Noiz bihurtuko da hau guztia irudirik gabeko filma. Noiz etorriko dira egun berriak, lor-kate zaharrik bakoak.
“Atsekabe guztiak dira eramangarriak istorio bihurtuz gero” dio Karen Blixenek Afrikako gutunetan.
Baina ni azazkalik gabe geratzen ari naiz barne-muinen labirintoan atzaparka.
Idazteak ere badu jito zirkularrean ibiltzetik: neure buruaren ardatzaren inguruan biraka ari naiz; eta halatsu, neure istorioen inguruan ere biraka. Errotazioa eta traslazioa, zorabioaren higidurak.
Terapeutikoa izan liteke amesgaiztoak gogoratzea? Herrixkara heldu orduko ate-leihoak oholez tapatu eta iltzez josten zituzten Erdi Aroko nekazarien zuhurtziarekin ari naiz.
Kirofanoan. O. eta biok, ahuspez, bakoitza bere angarilan, izara banarekin estalita. Hotz izugarria. Premia larrian gaude biok ala biok. Zirujaua hurbildu zaigunean, O.k besoa jaso, eta esan dio: “Neu naiz lehenago”.
Lehena lehen.
Non erneko da orekaren landarea? Enbarazuek —izurriak, hausturek, itoginek, gorputzaldi eskasak— ereindako desertuan? Ala munarriek —semeak, idazkuntzak, katuak, lagun horiek— babestutako lugorrian?
—Batzuetan erradikala izan beharra dago —esan diot E.ri.
— Helburua norberaren ongizatea bada bai —erantzun dit.
Horrexegatik, berak ekarritako sushi bandeja biak likidatu ditugu, erradikalki.
Ignis fatus, sasisua. Magia dirudien arren, fenomeno kimiko sinplea da. Antzinakoentzat, ilunetan ikusten zituzten gar horixka edo urdin haiek hildakoen arimak ziren, purgatorioan sartu artean alderrai zebiltzanak munduan.
Kanposantuak ziren halakoak hautemateko toki onak, giza hezurretako fosforoak airearekin kontaktuan gasa askatzen duelako lurretik ez oso gora, sugarra sortuz. Hilerrietan ez ezik, zingiretan eta urloetan ere atzeman daitezke halako su-lamak, materia organiko ustelkorretan aberatsak diren parajeetan.
Balio ote du azalpen horrek adierazteko gu ere su engainagarriak garela? Kapaz gara babak eltzetik ateratzeko; falta direnen ausentzia geure egiteko; amodioaren balio absolutuan ez sinesteko; patuaren seinaleak interpretatzera jolasteko; maite-jolasei azken aukeraren bat emateko; bizitzari zer eskatu eta zer ez bereizteko; eta denboraren joanak emandako gal-irabaziak onartzeko.
Bularrean grabaturik ditugu, domina batek idazkuna lez, geure gida-lerroak. Eta tupustean, badator bizitza, eta putzada batekin, su-distira itzaltzen du.
Amak denda itxi zuenean gordetako oihaletatik egokiena apartatu duzu: kotoi zuria, lauki mehe marroi eta grisaxkekin, Coletteren ile-larru hiru kolorekoari polito emango diona.
Gauean arnasa aztoratuta eta ahoa lehor esnatu zara, lotarakoan ohera eroandako ardurak iratzarrita. Ordu biak eta hogei. Txabusina jantzi eta logelatik sarrerara joan zara argia pizteke. Semearen zurrunga arinak aditu dituzu pasilloan.
Esna zegoen Colette ere, begiak txilotuta baina niniak handi. Ezagun duzu begirada hori: hondartzara hilaurren heldutako izurde bati ikusi zenion lehen aldiz, umetan.
Sabelak dun-dun egiten zion. Antibiotikoa jogurtean urtuta ematen saiatu zara. Ez du irentsi. Eskua muturrera arrimatu eta atzamarrak milikatu dizkizu. Alabaina, bizkarra ukitzekoa egin orduko, fu egin du. Apo-apoan zutitu eta pauso batzuk saiatu ditu alfonbran jarritako eskuzapian etzateko. Mau zaurgarria. Berba batzuk esan dizkiozu, inoren isilean esaten direnetakoak.
Ohera bueltatu zarenean, zaratek inguratu zaituzte: behegainaren krakadak, ahots ulergaitzak, intziriak, astrapala difuso bat zeure buru barrukoa: ama, osaba eta aitaren herio-gauetako hotsen testura, soilik lo-beila garratzetan aditzen den zurrumurru formabakoa, etxean karrusel fantasma bat martxan jarri izan balitz bezalakoa. Iluntasunak eta hezurretarainoko hotzak iragartzen dute agonia, berdin da urtaroa.
Negar ala barre? I love you, Nina Simone.
Beste zerrenda bat: Ain't got no air. Ain't got no faith. Ain't got no man. Ain't got no love. Ain't got no mother. Ain't got no father. Ain't got no brother. Ain't got no aunts. Ain't got no uncles. Ain't got no some friends. Ain't got no veil…
I've got my mouth. I've got my teeth. I've got myself. I've got life. I've got my lives.
Txistarra begietan, eta gorpu.
Oihalean batuta eraman dugu Miramarrera. Inkonte-belarrak hartu ditut beheko hormaren kontra, neguko lore goiztiarrenak. Zuloa, berriz, alde eguzkitsuan egin dugu, kanpotik sartzen diren katuek gustuko duten tokian. Peluxezko kalatxoria ere lurpera, soinu-kaxa kenduta. Zuloa estali ondoren, txabolatik baldosa bi ekarri eta gainean jarri ditu semeak.
— Menditik azeriren bat jaitsi eta lur bigunean aztarrika has ez dadin, jan egingo luke bestela.
Colette. 2017-2018. Requiescat in pace.
Etxean, La vita è bella idatzita duen kaxa garbitu, eta betiko tokian utzi dut, mahaipean, folioz beteta.
Ain’t got no cat.
3 — DISTANTZIAZ
Ezer ez, hustasun hotz eta eder bat besterik ez.
Andrzej Stasiuk
Airatuko dugu hau edo bestea, baina askoz errazago konpontzen ditugu orotariko mila arazo bihotz apurtu bat baino. Baina hori aho txikiarekin esatea dagokigu.
Bihozminaren troka lakarra zeharkatu bitartean, eta batzuetan baita gero ere, alde egitea izaten da harrapatuta egondakoaren irrikarik sinesgarriena. Zauden tokitik urruntzeko senari ekintzarekin erantzuteak duintasuna elikatzen du, edo bederen, bai horren antzeko sentipena.
Rachel Cusken Kudos nobelako pertsonaia baten esanetan: “Nekien bakarra zen sufrimenduak berari loturik zeramala halako ohore moduko bat, bizirauteko kapaz izanez gero, eta posible egiten zidala egiarekin harreman intimoagoa eratzea, itxuraz behintzat, nahiz eta, izatez, agian, hori beti eta betiko tokian geratzearen leialtasunaren berdin-berdina izan”.
Nobela horren izenburua Prestigio da gaztelaniaz, jatorrizkoarena baino mendreagoa, grekerazko hitzak ospea edo aintza esan nahi baitu (Homerok, esaterako, heroien botere magikoa izendatzeko erabiltzen du). Paradoxa zoragarria da izaki arruntok —antiheroiok— geure burua garaile paratzea zergatik eta geure gatazketan geure printzipioekin engaiatzeagatik.
Distantzia da nire lekua
Distantzia da nire lekua.
Nagoen tokian airezko zutabeen gainean
para ditzaket nire barrukiak eta tu egin sasijainkoei.
Haien ahotsek harramazka egiten didate atzetik
loreak landatzera jartzen naizenean
edo aurpegia haize alde duen karrabasoari so egitean.
Hemen askatasunaren baliokide dira hesteetako mina,
zapatu iluntzea leihotik begira,
Lachesis Mutus zaporeko arnasa geldoa,
hezurren krakada konpainia-piztiarik gabe,
asfaltoan zapaldutako tximeleta zuri-beltza.
Euriak ezabatu egin du nire argazkia bazterretan
(horrek esan nahi du lagunek ez nautela aipatzen
eta azkenerako denok sinistu dugula inoiz ez naizela izan).
Hor kanpoan, esferen balsak tiobiboen soinua dauka,
baina norentzat da melodia hori?
Infernua bakarka sekula zeharkatu ez
edota itzulerako bidea abiatu orduko prestatzen dutenentzat.
Nik neure buruarekin egiten ditut biltzarrak
hitzek pagamendua eskatzen duten gela hutsetan:
wanted, wanted, wanted.
Bihotzean zepoa eta garunetan izarrak,
ausikika hausten ari naiz kateak nahiz hariak,
oroit dudan zorionarekin zer egin ebatzi bitartean.
Distantzia da nire lekua orain.
Denik eta beldurrik kabroiena menderatu dut, isolatuta geratzeko beldurra. Begirakune batzuetan abisuak igartzen ditut. Badakizu zer gertatzen zaion kometari kordela apurtzen zaionean? Bere kabuz jarraitzen du pixka batean, baina azkenerako lurra jotzen du danbatekoa hartuta.
Metakognizioaren dohaina ote daukat? Inori esleitzen dizkiot nire autu-mautuak.
Neure baitarako esaten dut agian haize-bolada demas bat etorri eta espazioan urrun ere urrun eramango duela ni naizen kometa hori.
Ez, ni ez naiz kometa bat: meteorito bat naiz.
Lehen satelite bat nintzen, baina nire kosmosa zaharkituta geratu da.
Geldialdi asko egin dugu talaiatik aurrera, aldats pikoan. M.J.k denari egiten dizkio argazkiak: belarrei, harriei, artaditik hara atzematen den labarrari. Otoio gainera heldu gara, lehenengo aldiz ni. Tximeleta laranja bat dabil tontorra seinalatzen duen porlanezko zilindroari birundaka.
— Hau da dena?
— Zer espero zenuen ba?
Sentsazio bera izango ote dut txarra txarrari pilatu zaion aldikada hau atzean utzitakoan… Nire irudikazioetan ereinotzezko koroaz apainduta ikusten naiz, garaipenaren ikurraz beztitua.
M.J.k dio berak mendira egiten duela distantzia hartzeko.
— Erre-erreta egon naizenean hirutan ere igo naiz egun berean.
— Ez zara makala.
— Hurrengo batean iluntzean etorriko gara. Beste soinu batzuk entzuten dira.
— Zurekin segurtatuta daukat entrenamendua.
— Eta nik zurekin entretenimendua.
Bai, eskua eman behar izan dit haitzartetik jaisteko. Gainera, hiru bider egin dut oka. Tripala itzelak dauzkat gaur.
— Horrela zabiltza oraindik? Bat-batean gonbitoka hastea ez da normala.
— Usatuta nago minarekin.
— Hori ere ez da normala.
Hilekoaren gaitzminaren antzekoa da, baina dena eskuinaldean batuta. Etxera heldutakoan ohean etzan naiz.
Hilekorik gabeko emakumea naiz aspalditik. Hala ere, grabitatearen legearen eraginak ageri dituen gorputz honetan betiko grina bizi da: bakardadeak ez dit oraindik odola gatzatu.
Aldizka faltan hartzen dut elkarlagun bat; besteetan, ordea, higienikoagoa deritzot bakarrik egoteari. Garraztasun barik diot.
Eta deitura propio bat akuñatuz gero? “Andre usatua”, esaterako. Ez da etiketa gutxieslea, zabala eta begirunetsua baino.
Andre usatua naiz. Andre usatuak gara.
Gauza ugari egiten usaturik —ohiturik— gaude: ez gara hasi berriak.
Denboraren joanak usaturik —higaturik— gaude: ez dauzkagu gaztetako dohainak, baina hori ez da kezkabidea belauneko artrosiaren edo kolesterolaren aldean.
Eta bat baino gehiago malamaneran usaturik —erabilirik— gaude: inoren komenientzian aritu izan gara, trebatugabeen akatsa eginez.
Stop. Flagelazioaren zartailuak azeleratu egiten du gurpil antzuaren abiadura. Zatoz, loa, atsedenaren urloa!
Aurrizkien aroan nago. Konfiantza dut des- aurrizkiak noranzko egokian eramango nauela.
Zerrenda bat buruz eginez lokartu naiz: desokupatu, desatxiki, desaktibatu, desartikulatu, desmaitatu, desarmatu, desasmatu, deskonektatu, desintoxikatu…
Lo txikia egin dut. Gustura zabalduko nituzke izterrak gizon bat hartzeko eguerdiko argi betean.
Erdi lo erdi esna egoten naizen tarte lausoetan irudiak etortzen zaizkit, edo esaldi gogoangarriak, mataza iradokiorrak. Afrikako kanta batekin oroitu naiz. Neskatxek kantatzen dute, eskuekin lurra joz lehenik, izter biak gero, bularrak eta masailak azkenik: “Bakea eta zoriona bitez nire izter artean. / Lilura sortu eta zora dezatela nire izter hauek. / Ez dadila sekula esna / nire bularren gainean etzango den gizona”.
Lokartu dadila gizon bat nire bularren gainean… Ez asperduraz, arraioa.
Picassoren akuarela bat daukat horman, Biluzi bi eta katu bat. Gizonaren burua andrearen sabelpean sartuta, eta katua erne, plazerari begira. Ai, Colettetxu.
Colettek —kalean batutakoa izateko manera egokiak ikasiak— ez zion harramazkarik egiten nire logelako ateari bera kanpoan utzi eta O.ri abegi egiten nionean. Ezin dut esan azken aldietan nire gorputza xanpain-kopa bat zenik pasioz gainezka, baina bazuen askitxo burbuila fresko eskaintzeko.
Azken Gabon zaharretan ez nuen mahatsik erosi, nahita. Maitasuna mahats mordo batekin konpara daiteke: bikaina da beteta dagoenean, baina lastimagarria garauak han-hemen falta zaizkionean. Guk garau nahitaezko bat falta genuen, fedea. Badakit garau hori ez dela nahikoa bi amorante betierean lotzeko; bai, ordea, ezinbestekoa, elkarrengandik ez bakantzeko.
Beste Coletteren katuekin akordatu naiz. Asko eduki zituen: Franchette, Pinichette, Kiki-la-Doucette, Mini-mini… Bereziena, One and Only. O ber O. Neure O. ere halakoxea.
O.: zirkulua, zuloa, ostia, zauria…
O.: zero zenbakia.
Ametsetan egin dut loaldi laburrean.
Taxi batean. Ama eta biok. Berak, ilea laztandu ahala, esaten zidan: “Trankil, pasa da dena, pasa da dena…”. Pentsatu nahi nuke taxi eder hori bizitza dela.
4 — KATUAREN TESTAMENTUA
Hala ere, ederra zen bizitza eta bizi izatea
azkenean galeraren zerrenda ankerretan
idatzia utzi bagenuen ere,
gurutza ditzagun elkarrekin, maite,
azken belazea, azken loredia.
Xabier Lete
Miradoreko sabaian ateratako arrakalatzarra konpontzera etorri dira. Aberia horretan, gaitz erdi, goikoek ez dute izan zerikusirik.
— Badakizu eraikinak mugitu egiten direla, bestela erditik apurtuko lirateke —esan dit eskaiolistak—. Miresgarria da eraikinen adimen naturala.
Esaldi hori buruan nerabilela egin dut topo metroan semearen ikastolatik ezagun dudan aita batekin. Lanbrotua zuen keinua.
— Dena ondo?
Erantzutean ukitua egin dio gorbatari:
— Ez ba. Lan bila nabil. Elkarrizketa batetik nator. Gure adinean, eta hara…
Emazteak ez du lanik egiten etxetik kanpo, eta alabak ez ditu ikasketak amaitu oraindik. Dardarizoa eragin dit beste arrakala mota horren mehatxuak. Baikortasuna behartuta opatu diot zorte ona.
A.ren baserrira joatea erabaki dut, abisatu gabe. Denboratxoa da haren berririk ez dudala. Doia daukat makaldurak hartuta dagoela. Hori ere bere “ganberara” —bere irla laiotzera— erretiratzekoa da. Ez da leihora agertu autoa aditzean eta ez dit atea berehalakoan ireki. Aurrez aurre izan dudanean, argalduta topatu dut.
— Ez dut baimenik beharko zugana etortzeko, ezta?
Begiak umeldu zaizkio.
— Badakizu ezetz.
Barrura sartzean, pintura-ontziak ikusi ditut sarreran, baten bat tapa kenduta, lehortzear.
— Etxea margotzen hasi nintzen, baina ezin izan dut jarraitu.
— Eta ez dakizu deitzen ala?
— Neure kabuz egin behar dut.
— Batzuetan ezin izaten da dena egin norberaren kabuz.
— Egin nahi.
— Zu beti temati… Baina normala da porru eginda egotea, hainbeste urte zeure indar hutsez laiaketan.
Bere kikara eskaini dit, niretzakorik ipini gabe. Zurrut egin diot. Sofan jesarrita dago, mantan batuta. Aurpegian irakurri dit galdera.
— Poza galdu dut… Eta denbora aurrera doa.
Isilik geratu gara.
— Kemenak tarrat egiten digu batzuetan. Zer deritzozu berton geratzen banaiz domekara arte? Goizetik jaikiko gara etxea pintatzeko. Bion artean.
— Bai zera.
— Gogoratzen zara ordenagailua lapurtu zidatenean zelan egon nintzen? Zazpitan zazpi aldiz bada ere, hortzak erakutsi behar zaizkio bizitzari.
— Eskerrak gutxi falta zaidan jubilatzeko.
— Ez legoke txarto bidaiatxo bat egitea elkarrekin, ezta?
— Bai, baina kruzerorik ez, pretendiente guztiak akaparatzen dituzu eta.
Afaria prestatu dut biontzat. Bihar ere argituko du egunak.
Musika klasikoa ipintzen dut gidatzen dudanean. Entzule baten txakurra Beethovenen Pastorala-rekin lasaitzen da. Beste baten kardantxiloari Boccheriniren minue batek ekartzen dio kanturako gogoa. Gizon batek Verdiren esklaboen aria dedikatu dio hil berri zaion katuari.
Zenbat plastada jotzen nizkion Coletteri. Ordenagailu gainetik pasatu eta ipuin oso bat borratu zidan behin. Gizajoa, aspertu ere egingo zen nirekin. Tiraderan dauzkat haren lepoko urdina eta peluxearen soinu-kaxa. Batzuetan sakatu egiten diot, kalatxori faltsuaren grauak entzuteko.
Gogoko nuen, bada, katuduna izatea. Apalategiaren gorengo baldatik edukitzen nuen atento, harik eta salto egin eta hiztegiaren gainean etzaten zitzaidan arte, kasu egiteko. Neure eginda neukan Ray Bradburyren xelebrekeria: “Hauxe da sormenaren sekretu handia. Katuak bezala tratatzen dituzu ideiak: zeuri jarraika ipintzen dituzu”. Alderantziz bazen ere.
Faltan hartzen ditut haren igurtziak etxera sartzean. Harekin ematen zuen argia beti zegoela piztuta. Ideia bila nenbilenean, buruan hazka egiten nion. Galderak topatzen nituen sarriago erantzunak baino: Eroapentsua zara? Beteko duzu dema, arauak zainduta? Zer lehenetsiko duzu: egia ala edertasuna? Hausnartu duzu zer kontatu nahi duzun, zer ez? Badakizu absolutuaren bilaketa —dena delako hori—, batzuetan ito egiten dela bere obsesioak iraungita?
Coletteren argazkiak, mahai gainean, akuilatu egin nau. Bizi zelarik, lagunartea egin zidan; heriotzarekin, iragarri zidan niretzat ere aldi bat amaitzen ari zela, beste bat hasi eta auskalo nora iristeko, baina ezinbestean pasatu beharrekoa.
Bizitzaren ederra galgunetik aldentzeko jartzen digun ariketa da.
Beltza da, mertxika baten tamainakoa. Muturra zimurtuta dauka, titiari heldu guran legez. Legar artean dago, eguzkitan. T.k erreparatu dio Abaroa parkea zeharkatzean.
— Amak bertan behera utzi du, antza.
Kontuz hartu eta belartzan ipini du. Baina katakumea harri-kixkirrietara lerratu da berriro. Eta berriro. Neure antza hartu diot, neure izatea eramaten ez toki gurira, zoruaren gogorrera baino.
— Zer egingo dugu?
Ez zait galdera bat egiten ari.
Antzinako pasadizo bat ekarri dugu hizpidera. Horixe dute ona txikitako lagunek, norberaren memoriaren osagarri izatea.
Neska koxkorrak ginela, katakumeak topatu genituen behin eskailerape batean. Bakoitzak bat hartu eta zapatetan sartu genituen, musuzapiak izaratzat ipinita. Errubioa neurea, pinttanoa zeuk, beltza norentzat… Soba-soba egin genituen. Biharamunean itzuli ginenean, batak esne apur bat, besteak ura edo bestelako mizkeriaren bat generamatzala, atetara sartu eta zer edo zer biguna zapaldu nuen, oinpean piku heldu baten moduan plast egin eta galtzerdi zuriak odolez pikardatuta utzi zizkidana. Bonbilla mengelak erakutsi zigun amea azken kumea jaten.
— Zer egingo dugu honekin? —ekin dit—. Hauxe izan dezakezu ordezkoa.
Ez. Abandonuaren iruntzia amarrak dira.
— Ez dago ezer egiterik —erantzun diot, eta oinez egin dugu itsasargirantz.
Bueltan Miramarren sartu gara. Limoiak eta kalak hartu, eta alde egin du T.k. Ni bertan geratu naiz: egun ona da gaur erretura egiteko.
Fruta-arboletan, loreontzietan, lanabesetan sumatzen ditut etxeko zaharrak. Haien elkarrizketa imajinatu eta irribarre egin dut: hezurrek ez daukate ahorik.
Urtarrileko arrats behera hau hain da argitsua, ia min ematen du begietan.
Ebakuntza atzean geratu da jada: aldamio bat josi didate begi-barrunbean, betazalak ebaki dizkidate hezurrean josteko, eta silikona endekatuak kauterizatu.
Partxearekin ibili behar orbainak sendatu arte. Berbabiderik ez honetaz, ordea: eman nion behinola nire begi galduari berebiziko munta literarioa. Urteak geroago, ez diot trantze honi aparteko esanahirik atzeman nahi.
Askatasuna poxpolo batekin has daiteke. Ahanztura ere bai.
Irazeki dut erretura. Nahi nuke, baina agur, edo kito, edo the end esateko modu honek ez nau sentiarazten jainkosa baten pare.
Badago hemen zer kiskali, denboraren poderioz ez dagokien lekua hartu duten lohiak eta sasiak, harriak eta zuztarrak. Errautsetatik ez da ezer jalgiko, Fenix hegaztirik ez; ongarrituko dute alorren bat, hala ere.
Beste erraloa —zor-hartzekoena, azertu-akatsena, pauso legitimo nahiz ilegitimoena—, hezurren erretura, paperean egin dut arian-arian, bizitzak eta sasibizitzak janaritua.
Dena da errekuntza, dena idazkuntza.
Liburu hau burutzea gurpil hits eta sorgorgarri batetik askatzeko ekintza bat izan da niretzat.
Semea agertu da ezustean.
— Egin dituzu zure errekaduak ala?
— Bai. Orain zeuri laguntzera nator.
Ederra da semea.
Neure zimurrak sentitzen ditut, uko egiteak, inkognitak, ikarak, zauskadak.
— Negarrez?
— Ez, keagatik da.
— Benetan, ama, zer moduz zaude?
— Aurrera beti —erantzun diot, gure pasa-hitza.
— Badakizu ni zure trintxeran nagoela. Edonork ez du egiten zuk egin duzuna.
— Zer egin dut nik…
— Zepoan atrapatuta egon eta hanka erauzten duen animaliarena.
Estu besarkatu dut.
Ai, txotxolatxu hori, diot neure kolkorako, larri-txandek ez dizute ehun urte iraungo. Tira, zarena ez bazina, atzoko neska, gaurko andrea, bihozkaden soinuan dantzan… Orain odola, orain erraiak, orain birikak edota burmuina sartzen dituzu jokora, txandaka, kirol-partida batean bezala, ordezkoen aulkian zain bat edo bestea eduki eta gero.
Iluntzen ari du. The sunshine fills my hair and dreams hang in the air… Pareko etxean baten batek musika ozen jarrita dauka. It’s a wonderful, wonderful life… Horra ba, testamentua.
Eta hala esanda uzten dut oraintxe, azken puntua jarriz, Coletteren hezurrak fuksien azpian daudela, Miramarren, 2019ko urtarrilaren 29an.