Aurkibidea
Aurkibidea
Paradisuaren errautsak
Zabortegiko gune batzuetatik lurrun-pildak altxatzen ziren. Eguzkiak jotzen zionean, metal pusketen eta plastikoen distirak buke baten itxura ematen zion zarama-tontorrari. Ilunkeran inguratzen ginen hara.
Mutilak orubeko belar xarean etzan eta zain geratzen ziren; gu urruntxoago, sastraka artean. Zikinen maldan higikeraren bat sumatu orduko, erne egoteko keinua egiten zioten elkarri, guztiek batera disparatzeko. Noiz edo noiz ez zuten ados jartzeko zeinurik ere egiten. Tiroka hasten ziren, deman, punteriarik onena nork izan.
Arratoiak ikotia egiten zuen perdigoia sentitzean eta hondakinen arteko zirrizturen batean ezkutatzen zen, laster batean berriz atera, joan-etorri ganorabako batzuk egin eta seko geratzeko, hankaz gora. Inoiz edo behin metro batzuk aurrera egiten zuen, gureganantz, hortzak bistan, baina jefeak —Mikelek, izen bat emateagatik— kieto egoten derrigortzen gintuen.
— Gure kuadrillan neska ausartak bakarrik ibil daitezke —esaten zuen, halako aginpidea agertuz non tautik esan barik eusten genion piztia haiek bihorka ikusteak eragiten zigun enpaguari. Arratoiek, hilaurren, zinkurin zolia egiten zuten, hospizioko zaharren lantua ekartzen zidana akordura.
Zenbaketa egiteko, kartoi baten gainean ipintzen genituen, bata bestearen ondoan, gerrako pelikuletan jausitako soldaduen antzera, eta gero su ematen lau, bost, zazpi arratoiri. Ez ziren, baina kiskaltzen eta haragi errearen sunda zabortegiko kiratsarekin batzen zitzaigun arropetan. Behinola, Mikelek gasolio apur bat ekarri zuen eta, handik aurrera harekin garaztatuta arratoiak askoz bizkorrago errausten zirenez, denbora gehiago atera ahal izan genuen gotorlekuaz gozatzeko.
Derrigorrez akabatu behar genituen arratoiak, mehatxu larria ziren-eta gure usoentzat. Usategian sartu eta sarraskia egiten zuten, usakumeak nahiz arrautzak janez. Herritik ordu laurdenerako bidean eginda geneukan usategia, Eluntzeta aldean. Gurbitzek eta intxaurrondo zaharrek hesituriko bazter hartan hazten genituen uso mezulariak. Ar nagusiari Furia esaten genion. Emeei jazarrika ibiltzen zen.
— Lixto! Egin dio dzast! —esaten zuten mutilek, usokoteak emeren bat azpiratzen zuenean.
Barregura ematen zigun horrek, disimulatuta ere. Tamalez, usoek nekez egiten zituzten kumeak, batetik ikara-ikaran zeudelako karraskarien erruz, eta bestetik, baketan uzten ez genituelako.
Mikel zen Furiaren jabea, eta berak ere nobia bat baino gehiago zeukan, nahiz eta neu nintzen printzipala: nirekin sartzen zen sarrien autoan. Simca baten karrozeria herdoildua geneukan gure erresuman, traperoak asto-gurdiarekin eroandakoa, uso trukean. Mikelek kartel bat ipini zuen kotxean: PRIVATE. Binaka edo launaka sartzen ginen habia moduko hartara zirrika aritzeko, bainujantzia erantzi gabe baina. Niri euria zenean gustatzen zitzaidan gehien, udako beroan azalak gandua askatzen zuelako. Kalapitak izaten genituen, gure urrumak amaitu arte besteei baimenik eman ez eta debekatuta izaten zutelako fuertean sartzea.
Lantzean behin uso berriak iristen ziren gurera, noragabetuta. Izan zen halako bat, eme galanta, hasieran txarakan ozta-ozta hegaldatu baina behar adina suspertutakoan beste guztiei gaina hartu ziena. Greta esaten zioten mutilek; Gretel guk. Gero eta gorago egiten zuen hegan, gero eta seguruago, harria habailan lotuta bezala buelta eta buelta, gugandik gero eta urrunago.
— Gretel badoa, ez da itzuliko —iragarri nion arratsalde batean kuadrillari, eta hala izan zen.
Untxia ere bageneukan, solte ibiltzen zena harri artetik, 007. Hondartzara eraman genuen jakin barik hezedurak kalte egiten diela untxiei, eta gaixotu egin zitzaigun. Eukalipto baten oinetan eman genion lurra, adarrez eginiko gurutze batez tokia seinalatuta.
Gurutze handiago bat ere egin genuen taket bi josita, miru batentzako pausalekua. Ehiztariren batek hegoan jo, eta nora eta gurera jausi zen, zeruak guretzat gauzatutako miraria. Untxia ez bezala, mirua berez sendatu zen, horretan zerikusia izanagatik zabortegiko arratoi-okela freskoak baita neskok sos batzuk ipinita harategian erositako pikadilloak ere. Beldurra ematen zidan almandrogila gordinak mokora arrimatzeak, baina zelan egin atzera. Polita etsenplua, Mikelen neska izanda.
Gure aterpea koldarrak eta desleialak epaitzeko ere erabiltzen genuen: atxilotuta eduki genuen Koittadua txutxu-mutxuka joan zitzaiolako aguazilari sare bat hartu genuela-eta portuko bodega batean. Gure zoorako behar genuen, eta eskuratu guk. Ez zen zigorrik izan guretzat, baina guk bera Itun Zaharreko itsukeriarekin hartu genuen: eman-eman egin genion, asun sortak zartailu, ereinotz batean lotu eta gero.
Zoriontsuak ginen gure zokondoan. Eta zoriona bermatzen genien gure animaliei, igeltsero ere jardunda. Eskola ondoan egiten ari ziren etxeetan ostu genuen materiala. Mikelek zabaldu zuen obretako giltzarrapoa, aliketekin, porlan zaku erdi jaso zuen lepora eta besteok hiruzpalau adreilu hartu eta gure gazteluraino garraiatu genituen linternen argitan. Haiekin ugerlekua egin genuen basahate bikote batentzat, haitz biren arteko tartea aprobetxatuz. Neskok barraskiloak batzen genituen ahateei jaten emateko, baina noizetik noizera lumaren bat ere kentzen genien burua indioen gisara apaintzeko edo liburuetako orriak markatzeko.
Zigarreta eskuz esku pasatzean, keak begiak itxiarazten zizkigun, bakeroek Colorado Arroila Handia zeharkatzean ipintzen zuten adikune berarekin. Tabako mentoldunak zirrara espezialak sentiarazten zizkigun, titiak koxkorrago genituela, edo zamalketan ibil gintezkeela; niri, zehazki, frantsesez txor-txor hitz egin nezakeela, adibidez.
Nire ondoan jarrita, Mikelek esaten zidan sorpresa bat zeukala nire egunerako. Ez nuen lortzen txintik aitortzerik.
Eguna heldu zenean, Gernikara joan zen autobusez, Furia zapata-kaxa batean hartuta. Ez zidan argibiderik esan, fuertean itxaroteko eta kitto. Hantxe egon nintzen egon, pinuarte belztuan. Udazkeneko haizeak kiribilka zerabilen orbela eta urmaela ere sastarrez beterik ageri zen. Ezer ez zen han geratzen, gure paradisuaren errautsak besterik ez, irailean izan baitzen erasoa, ikasturtea hasi eta laster.
Urtero etortzen zen kanpoko familiaren bat herrira, gizonak obretan lan egitera normalean. Behargin finen ospea zeukaten. Andre batzuk ezagutzen nituen amaren dendan galtzerdi beltzak erosten zituztelako, belaunetarainokoak. Haien seme-alabak eta gu nahas-mahas laxoan ibiltzen ginen eskolan. Hala ere, urte hartakoak liskarzaleak suertatu ziren.
Gure tokia topatu zuten. Harrika egin ziguten. Usoak lumatu zituzten. Lardaskatu egin zuten 007ren hilobia. Labankadaz josi zituzten Privateko jarlekuak. Miruaren gurutzea urkamendi bihurtu zuten, Mikelen galtzontziloak bertan zintzilikatuta. Gerra irabazi zuten.
Horrexegatik hartu behar izan genuen hain erabaki latza. Hala ere, burua jiratu, eta sugarrak eta ke lodia zabaltzen ikustean, irribarre egin genuen, harro.
Zain nengoen, bada. Eta halako batean basartean agertu zen Furia. Txunditurik geratu nintzen sorbaldan pausatu zitzaidalako. Papertxo bat zekarren hankan lotuta, neuretzako gutun bat, Mikelena. Eta hara non, ez dakit zergatik, promesa hartan letra txarra eta akats ugari uztartuta zetozelako-edo, edo agian papera kedarrez zikindu zelako, antojua eragin zidan. Autobus geltokira joan eta Mikel heldu zenerako braustakoan bota nion hurrengo urtean institutuan hasteko asmoa neukala eta ahazteko nirekin.
Handik gutxira hilekoa etorri zitzaidan, sagar ustel, simaur kirasdun, apo lohi, ahi geza, zerrauts busti, guardasol triskatuen koloreko odola.