Aurkibidea
Aurkibidea
Nadineri igorritako gutunak
Nadine maitea:
Nire barruan oraindik ere bada ume lilurabera bat turditu egiten dena norbaitek esaten dionean: “Inork ez daki nire moduan nor zaren zu”. Baieztapen hori, neurriz kanpokoa izanda ere, limurgarria gertatu izan zait, inoiz botere erotikoa ere lortzeraino (gaztetan horixe esan zidan seduzitu nahi ninduen batek, eta aurrena kanposantura joan ginen paseoan eta ondoren sostena erantzi nuen).
Ez nauzu zorotzat hartuko? Har ezazu ipuin baten gisa orain kontatu nahi dizudana.
Hara: gizon bat ezagutu nuen hitzaldi batean. Z. deituko diot. Zain geratu zitzaidan atean. Euskaldunako kontzertu batera joateko gonbita egin zidan, zergatik eta nire ahotsak zera ekartzen ziolako akordura, “zeta-paperezko loreek zimurtzean egiten duten hotsa”. Harrapazan!
Adiskideak izango gara. Bonboien eta perfumeen xarma onartzeko zabalik nago. Ez naiz izotzezkoa.
Aspaldiko Nadine:
Ez dizut idatzi, arrazoi duzu. Motiboak sobera izan ditut:
Bat. Arratoi-izurria eduki genuen baratzeko etxetxoan. Akabatu ditugu, ondo kostata.
Bi. Aztoratuta nabil, ezertarako astirik gabe. Txostenak eta laginak prestatzen dihardut egoitza baterako beka bat eskatzeko.
Z.k esaten du ezingo duela nigandik aparte egon, hain urrun, noiz eta orain, berriz elkartu eta gero: benetako etsimenduz dio aurreko bizitza batean ezagutu ninduela.
Ezin dut ukatu nire lanean errentagarria gertatu ez zaidanik neure bizitza asmatzea. Alabaina, inork bere iraganaren asmakizunean neu txertatu izana bonba bat iruditzen zait. Ez al da kilikagarria? Zentzugabea bezainbeste, esan gabe doa.
Zer moduz zu? Eta Binoche?
Nadine, ma belle:
Z.k dio nekazari aberats baten alaba izan nintzela Eskoziako goi-lurretan, edo Irlandan, ez daki seguru. Gerruntzea erabiltzen nuela, larruzko zintekin lotzekoa. Orain baino garaiagoa nintzela, eta beltzarana. Ez nintzela berbatia, eta beti amaren begipean ibilita, esanekoa eta ikastuna nintzela. Latina, astronomia eta filosofia omen nituen gogoko.
Noiz izan zen hori? Ez daki data zehatza. Lan eske iritsi omen zen bera gurera, eta aitak hartu zuen. Erreten-sistema bat asmatu omen zuen errekasto bateko urak bideratuz ukuiluak garbitzeko. Obra horrek onura nabarmena ekarri zigun denoi, etxaldeko abereei nahiz bizilagunoi.
Gure izenak? Ez da gogoratzen, ez bereaz, ez nireaz. Irudi-boladak etortzen zaizkio, baina soinurik ez… Bota ni Mary nintzela, eta bera Samuel. Liburuak uzten nizkion ezkutuan, eta geometriari eta aljebrari buruzko galderak egiten nizkion atertu gabe. Hala esaten du.
Nirekin amorostu zen “mendi-maldak ardoak bustitako ezpainen koloreko txilarrez bete ziren sasoian”. Horrelaxe hitz egiten du. Kargutzen zara?
Altzifre multzo baten abaroan itxaroten zidan arratsero.
Behin batean jipoitu egin zuten. Amak eta biok sendatu genizkion zauriak, fitsik esan gabe: bagenekien aita zela zafraldiaren hobenduna. Samuelek —orain Z. denak— fardela hartu eta alde egin behar izan zuen. Ez omen nintzaion bidera atera agur esatera. Alderrai ibili zen gero. Nola ez ba, judua izanda. Haatik, aldean erabili omen ninduen beti, bere hezurrak bezala. Berrehun urte eta koxka igaro dira ordutik.
Esaten du mundu honetan beste inork ez bezala ezagutzen nauela (arimen transmigrazioaren atmosferan konprenitu beharko da baieztapen hori) eta orduko hastapenetan bezala desio nauela eta orduantxe legez onartzen duela nire sentikera uzkurra.
Idazluma bat oparitu dit, tapoian zafiroa, sekula egin didaten erregalurik garestiena: “Tintaren isuriak zure gogamenaren jarioari lagun diezaion”. Ezerk ez lioke poz handiagorik emango esku artean dudan liburua horrekin idazteak baino. Gainezka egiten dit Z.ren igurikimenak: objektu horretan kontzentratu du niganako adorazioa.
Nadine, mon amie:
Hori albistea! Absolutuaren bila ekin eta ekin, eta zuk topatu azkenean! Ea noiz dudan zure altxor hori ezagutzeko aukera. Hala ere, zelan dakizu hori duzula “zure-zeure egiazko eta behin betiko amodioa”? Binochek bere oinetan egiten du lo ala?
Z. ere ziur dago bere amets eragotzia naizela lehen ikusian bertan dartada bat sentitu zuelako bizkarrezurrean: gorputzak esan omen zion neu naizela hura. Haren esanetan, nire gorputz hau beste ni batzuen enegarren bizilekua da, aurretik ni izanikoen karkasa, hezur, azal, ile eta keratinazkoa.
Liburuari buruz ere galdetu didazu. Zer esan… Idatzi egin behar dudala, kosta ahala kosta.
Irudi baten bidez azalduko dizut zergatik: baltsa batean zoaz ibaian behera, zer topatuko duzun jakiteke eta datorrena jasotzeko prest, dela harbiribila ibaiaren zeharrune batean, dela koartzaren luma, dela lata herdoila edota kondoi maskala. Ur ezezagunetan menturatzea da idaztea, eta arraunari —boligrafoari— eragin eta eragitea. Idazleok ekinean jarraitu behar dugu, bestela basatzan inkatuko litzaiguke bihotzean daukagun kristalezko makila, eta trabatu, eta apurtu.
Nadine, Nadine!
Nobedade bat: katua daukat, urte hasieratik. Kutsatu egin didazu zure errukia. Colette ipini diot izena. Esplikatuko dizut hurrengo batean zergatik.
Miauka ari zait idazmahaiaren ondoan. Oraindik ez diot bereizten mau guztien zentzua. Gaur ezinegonez dabil: animaliak eskola-umeen modukoak dira, igarri egiten dituzte gure barru-zaparradak.
Zer gertatzen zaidan? Buru-hauste handiak ditudala idazten ari naizenarekin.
Etxeko zaharren purrustadak imajinatzen ditut: “Gogoak eman dizun moduan erabili gaituzu zure liburu ditxoso horretan, ezta?”, “Hori abildadea harri batetik gaztelua altxatzeko…!”, “Gu ez ginen zuk diozun moduan!”… Eta ezbaian jartzen naiz. Geroxeago, ordea, betiko ideia baiesten dut: denok gara ni faltsuak, neu lehenengoa, ni faltsu balioanitzak: idazlea ez zaio inoiz egia osoari atxiki behar.
Beste batzuetan, berriz, harro irudikatzen ditut, esanez: “Tira, umea, gu trankil. Gure aldetik erreklamaziorik ez. Zeuk dakizu zertan zabiltzan”. Ez nago oso seguru; sats eginda nagoela bai.
Ikaslea nintzenean ikasi nuen tinkotasuna funtsezkoa dela edozein arlotan aurrera egiteko. Lanean hasi nintzenean ikasi nuen ez dela milagro zerbait ganoraz egin orduko trakets egitea. Gaur gaurkoz, esango nuke sarritan talentuak baino ahaleginak izaten duela eragin handiagoa emaitzetan. Neurera ekarrita, esan dezadan helburua jotzeko bermerik gabe dihardudala azken egitasmo honekin.
Gainera, O. eta biok ez gaude onenean. Gure artekoa gero eta itzaliago dago.
Idatziko dizut berri zehatzagoak emanez. Izan pazientzia.
Nadinette:
Asteburu-pasa joan naiz Z.rekin. Zergatik ez. Berarekin mozten saiatu nintzen artista-egoitzaren inguruko basoan hilobi bi topatu nituenean, “gure izenekin” (!!!). Baina hain da errimea bera...
Berak aukeratu zuen gure eskapadarako tokia: landa-hotel bat, udazken gau bateko ametsa. Mundu guztiari esan nion yoga ikastaro batera nindoala.
Z.ren azalak urkienaren antza dauka, eta iruditzen zait zimur bakoitzean igartzen zaizkiola jakituria, eskarmentua, esker ona… nik gutiziatzen dudan hori guztiori. Solaskide mamitsua, neure erara baliatzen naiz beragandik ikasitakoaz.
Ur-jauzia, inularreko txoriak eta geu. Masustaz gainezkaturiko mehelina bat topatu genuelarik, esan zidan: “Honen antzeko toki batean eman nizun musu hura, bakarra, itzalen erreinuan altzo izan dudan linboa”. Ez dakizu zer-nolako esfortzua egin nuen neu ere une hartara trasladatzeko. Baina huts. Eta zer egin. Beranduegi zen tontomontoan hasitako jolas hartatik erretiratzeko.
Tximeletak ikusi nituen, ez da broma: tximeleta zuri aldra batek inguratu gintuen. Adur onaren ekarleak dira: seinale kontuan zeharo laxatu ditut erreparoak.
Hala ere, afalorduan kikildu egin nintzen: egundoko gogoa sartu zitzaidan hoteleko guztiei esateko Z. nire senidea-edo zela, ez hortik gorako ezer (nahiz eta ederra izan, kanpo eta barru, neure agure laztana).
Gelako errezelak zabalik utzi zituen goiz-alba ikusteko. Bost minuturo galdetu zidan ea zer moduz, ea zer moduz. Ez ninduen ukitu gau osoan; neuk ere ez bera.
Nadine:
Geu izango gara munduaren luze-zabalean gaur egun oraindik ere gutunak idazteko ohitura dugun apurretakoak. Gutunak ez dira galtzen eta.
Sekulako aberia egin zidaten etxean, itoginak, birritan, gainera. Hondamendiari aldakera eman ezinik ibili naiz. Konponketak luzatu egin dira, lanik gehien izan dudan sasoian. Nobela bat frantsesetik itzultzeko konpromisoa hartuta neukan eta ordu guztiak eta bat gehiago ere gutxiegi izan ditut amaitzeko. Gaztetan egiten nuen moduan, hitz zerrendak atera nituen eta Z.ri pasatu. Esan gabe doa zenbat eskertzen diodan niganako amodio platonikoa idazkari postuan inbertitzen izan duen pazientzia. Ximen-ximen, berba ezezagunen esanahiak bilatu zituen nire ordez.
Nadine laztana:
O.k utzi egin nau. Aurrea hartu dit: tiropitxoiko monigotea, nire perdigoiak jo orduko eman du baja gure barrakan.
Hegoak zabaldu beharra sentitzen omen du. Bakarrik egon nahi du. Dagoela ba.
Nadine, ahizpatxo:
Eskerrak berandu baino lehen egin dudan atzera. Z.ren eldarnioan harrapatuta egon naiz, baina kito: nire gorputza eta ni neu hauxe besterik ez gara, neure amak mundura ekarri zuena 1962an.
Kontua da okerreko mezua bidali zidala. Uste nuen alarguna zela, zin dagizut. Mezuan emazteari esaten zion kontsultan izana zela eta bazeukala jada melanoma kentzeko data. Konturatuta nengoen sekula ez zuela aipatzen emazte zendua, eta uste nuen neurekiko begirunez saihesten zuela platerera ekartzea. Halakoxea naiz ni, amuma baino zaharrago eta titiko umea baino inuzenteago.
Hemendik aurrera ez naiz ordenagailutik mugituko, aingura bat behar dut lurrera josiko nauena. Baina idaztea hain da ataza astitsu eta trinkoa… Hazka eta puzka beti anekdotak aukeratu, hitz zehatzak non zein ipini, berezkotasuna itxuratu, pasarteen arteko listaria ez galdu, sakontasuna sakonkeria bilaka ez dadin saiatu, egoeren nahiz barne-egoeren intonazioa ñabartu eta abarretan.
Hala ere, Andre Gidek esan bezala, literatura ona egiteko ez dira aski sentimendu onak eta intentzio onak.
Orain utziko zaitut, ordu batzuk eman behar ditut baratzea garbitzen.
Nadine, ma soeur:
Ez nago ondo, ez.
O.rena uste baino errebeskada handiagoa izan da. Gure erre-egosiak izan arren, beti pentsatu izan dut keinu esanguratsuen bitartez bultza egingo geniola gure ixtorioari. Ez dugu izan borondate nahikorik. Pax nobiscum.
Orain bakoitza bere bidetik. Betiko. Horixe egiten zait gogorra onartzen. Zergatik? Katuak bezala, aurrean dugun sardinari jazarrika jarduten dugu, usainak muturra kilikatu digunez, geuretzat behar duelakoan. Gerta liteke usaina bai, baina mamia sekula ez ahoratzea.
Atzen aldian ez, baina hainbat oroitzapen paregabe utzi dizkit O.k, asko.
Behin pinudi batera eraman ninduen itsasoa ikustera. Ilbetea, urak zilar… irudi horrek sarritan lagundu dit barrua baretzen. Beti eskertuko dizkiot halakoak. Baina une erabakigarrien errepasoa eginez gero, ez du jakin nire ondoan egoten benetan behar izan dudan aldietan. Bere izaera berresten du horrek: haren berbak kardu-lore hegazkorrak dira; zeruko danborrak, nire herriko esakeran.
Beso sendoa behar da belaunaldi zaharren arketipo intimoak lurperatzeko.
Zelan kudeatzen dute gaurko neskek deslilura? Zer edo zer ikasi dute gure atzekoek. Badugu eurongandik zer apunte hartu: etsipena ostendu eta segi aurrera. Utikan lantua; betor andre berriaren kantua.
Nadinetxu:
Bizitzak, tarteka, ahi zaharmindua ematen digu jaten: batzuek ttu egiten dute; beste batzuok, irentsi.
Z.k ez dit berriz deitu, ez. Ez da ausartzen. Berdin zait: ez nuen maite. Haren mimoak bai, hartzen ditut faltan. Onkeriaren tolesetan gezurra ezkutatzen zuen. Ni aldentzearen beldurrak eragindakoa, ados, baina zer da hori koldarraren ezkutua ez bada.
Onartu beharra daukat enamoratu zaizkidan gizonezkoen artetik sari bikoitza mereziko lukeela berak: bata, irmotasunari (seguru nago asmatzailea izan balitz aurkikuntza mirarizkoren bat egingo zukeela, ekinaren ekinez); beste saria, irudimenari. Zorabiatu egin ninduen bere ameskeriarekin: bizitza bat baino gehiago bizi izanaren probabilitateak badauka tiradizoa. Lastima gurtzailearen eta gurtzaren objektuaren arteko desinkronizazioa.
Nire kredoa —azken harrikadarekin hauts bihurtu dena— hainbeste aldiz esan eta gero, zera ikusten dut gaur ispiluan: emakume ahuldu, nekatu, itsustu eta zapuztua. Eta ixo: gogoak ematen didalako emango diot baimena neure buruari zati batean ezgaiturik sentitzeko.
XX. mendeko emakumeok desamodioa ezkutatzen ikasi dugu irribarrearen katamaloa ipinita. Azkenean, zaila da norberaren aurpegia ezagutzea.
Nadinelle:
Nahiago dut deitzen ez badidazu. Ez daukat berba egiteko kemenik.
Nire garunak zentrifugagailua ematen du.
Katuarekin egindako argazki bat bidaltzen dizut.
Ça va, Nadine?
Endoskopiaren eta kolonoskopiaren diagnostikoak argitu du esofagitisa, duodenitisa, hiato etena eta gastritis kronikoa dauzkadala. Garbi jaten nabil, baina nire ordutegi irregularra ez da preseski mesedegarria.
Baina ez da urdaila bakarrik. Beheragokoa ere bada triparrabia. Medikuak dio tute emozionalak seguruenik hesteetako narritadura eragin didala eta, beste botiketatik aparte, landare-ikatz pilulak hartzeko.
Botalarria sentitu eta bota egiten dut. Kakalarria sentitu eta kaka egiten dut. Lorik ez dut kasik egiten, eta bestela ere lehen argi-txintarekin esnatzen naiz.
Gaur kalera atera naiz goizeko bostetan. Ezin egon, txakurra tripetan eta katua bularrean… Zorrotzaurreraino egin dut. Jarleku batean jesarri naiz, dragari so, nola arraskatzen zituen hondoko estorbuak. Neuk lez. Beste jarleku batean emakume bat zegoen, eta ez dit, ba, esan: “Zuk ere erraietako mina daukazu, ezta?”. Urtxintxa aurpegia zeukan.
Ma chère Nadine:
Kartuja-bizimodu hau onerako zait. Lau horma arteko katuaren paraderoa ez da inbidia ematekoa baina. Colette aspertu egiten da nirekin. Badoa, badator, salto egiten dit bizkarrera. Azazkalak sartzen dizkit… Katuaren erpea, doluaren artea. Badakit bere kaxan lokartu orduko, isilka etorri eta hozka egingo didala hankan, ziztuan alde egiteko, azken hitza berea dela erakutsi nahiko balit bezala.
Ez omen dago katuak baino independenteagorik. Ni ere gero eta katuago.
Eskerrik asko, Nadine.
Bai, hobeto nago. Hasi naiz ispiluari beste zurrumurru bat aditzen. La vie est belle, mademoiselle!
Datorren astean oporretan noa hiru lagunekin, kruzero bat gure mende erdi eta koxka ospatzeko. Patxadaz ibiliko gara, ez gara umekondoak.
Espero dut nire gorputzaren curriculuma diktatuko duen inor ez ezagutzea.
Aupa, Nadine!
Kruzeroa? Ipuin bat idatziko dut han gertatutakoaz. Mamma mia!
Badakizu argazki bat jaso nuela telefonoan? O.ren oina, apaingarri bat orkatilan. Sinestezina: nik hondartzan galdutako lepoko bat, nork eta berak topatu, zelan eta behatz artean endredatu zitzaiolako.
Nahiago nuke horrelako kasualitateek abiarazten dizkiguten planteamendu anbiguoak melindrerik gabe moztu, harakinak okela zatitzeko izaten duen erabakimenarekin. Baina ezin ukatu, superstiziosoa izan gabe ere, badut pentsaera magikoaren mekanismoekiko atxikimendu amiñi bat.
Esther Freudi eginiko erreportaje batean irakurrita daukat: “Egun batean jabetu nintzen gauzak gertatu egiten direla, besterik gabe; ez dute ezer esan gura. Askapen erabatekoa izan zen hori niretzat”. Zorionak berari, egitateen kontzeptu hierofanikotik askatzea lortu duelako.
Orain O.k nirekin itzuli nahi du. Moztu egin diot saiakera.
Nola arriskatu berriro? Berak ere badu bere mozorroa: hegoak dituelakoan dago, bai, baina hego horiek ez dira arranoarenak, odola xurgatzen duen beste piztia hegalari mota batenak baino.
Besarkada bat zuri eta laztan bat Binocheri.