Aurkibidea
Aurkibidea
Amour fou
Argazkian amak berrogeita hamar bat urte izango zituen. Irribarreka ageri zen, ezpainak askatu barik. Brusa urdina zeukan soinean, satinezko arraiak goitik behera, dotorezia neurritsua, bere izaerarekin bat. Argazkia kabinaz kabina ibilia zen aitaren azken urteetako itsasbideetan, Durban, Anberes eta beste hainbat portutan eskalak eginda.
Aita ez omen zen lehorreratzen portuok jotzean, ezta taxi bat hartu eta hirian zehar osteratxo bat egiteko ere.
— Ez zait interesatzen —esaten zuen—. Urruntzen bazara, galdu egiten zara.
Niri atentzioa ematen zidan halako gizon jasekoa inon galtzeko beldur izateak ezen, eskolan irakatsi zigutenez, tokirik arrotzenean egonda ere, izaten baita edonora heltzeko modua, galdetuz gero. Ez nuen barrundatzen zertaz ari zen. Dirudienez, aingura botata egon bitartean, tripulaziokoak alterne klubetara joaten ziren, eta batzuetan, dirutza eralgita, ez zuten izaten beste erremediorik merkataritza-konpainiari aurrerakina eskatzea baino, etxera zerbait bialdu ahal izateko.
— Nire jornala oso-osorik etortzen da hilero, ezta?
Amak esker onaren erakutsia egiten zion buru soildua laztanduz.
Aita irudikatzen dut kamainan etzanda, kaioen karrankak eta garabien zaratak iragazten dituen eskotilla baten ondoan, irratiaren aurikularrak ipinita. Haizegailua biraka. Emaztearen argazkia papar gainean. Aita ezagututa, ziur nago amaren argazkiak behar adinako zindotasuna ematen ziola fideltasun botoari eusteko. Kanpaina bakoitzetik bueltan, argazkiak bien logelako mesillan ematen zituen oporrak, kristala musu markaz lausotuta.
Aita jubilatu eta gutxira, amari ebakuntza bat egin behar izan zioten bizkarrezurrean. Hilabete oso batean ez zitzaion ospitaleko gelatik aldendu.
— Egin kontu kanpainan nagoela. Kanpoan zer dagoen, hor konpon.
Nezeserra eraman zuen ospitalera, bizar-makina barne. Otordu guztiak hango jantokian egiten zituen. Arrastiro, lanetik irten eta amari kuku bat egitera joaten nintzenean, mudak eta alkandorak eramaten nizkion aitari. Askotan saiatu nintzen etxera erretira zedin lotarako, garbi esan barik ama ezeroso sentitzen hasita zegoela bera uneoro alboan izateagatik.
Esan beharrik ez, senarraren dedikazio baldingabeak goxatu egin zuen ama lehen egunetan: senar guztiak ez dira hain emanak, ez dute maitetasuna hain zintzoki erakusten, eta eduki ere ez daukate halako beso sendorik korridorean paseatzeko. Kontua zen aitaren zurrungek traumatologia saileko bakea urratzen zutela, eta ordurako, amaren gelakideak ere aurpegi txarra jartzen zidala. Erizain batek esan zidanez, beste gaixo batzuk ere kexuka zebiltzan: aitaren eztarriak arrakasta gutxirekin entretenitzen zituen langileen nahiz ingresatuen gauak.
Haiek ez zekitena zera zen, aitarekin hobe zela ekina ez izatea: hunkibera eta maitekorra bazen, tematia eta haserrekorra ere berdin antzean. Haren asmoen kontra egiteak errebantxa izaten zuen ia beti, momentuaren arabera: edo erdeinuzko erantzuna emango zizun, edo ukabilkada joko zion mahaiari, edota ateari danba eragin eta alde egingo zuen etxetik ordu batzuetarako. Giltza sarrailan sentitu, eta erne paratzen ginen, baina bera zuzenean joaten zen lotara mokadurik jan barik. Gehienetan huskeriengatik sumintzen zen, berbetan zegoenean eteteagatik edo domeketan bazkaltzera berandu heltzeagatik. Alta, berak prestaturiko txipiroiak laudatzea nahikoa izaten zen pozik edukitzeko.
Bere oporren amaiera hurbildu ahala, etxeko ongiroa lorrindu egiten zen gizonak aurretiaz sentitzen zituelako hurrengo enbarkeko tirandurak, makinetako errepela, egutegien geldotasuna eta familiaren nostalgia. Hutsean-putzean airean edukitzen gintuen jenio petral hori neuk hartu dut herentzian, alde handiarekin baina: eroapentsua naiz, eta asko behar da nik eztanda egiteko. Jenio mengeldua da nirea: egunetan egon ninteke tripak jaten gogoak ematen didana dra-dra botatzeko ausartziarik ez dudalako. Koldarkeria ere aitari zor diot, senideok otzan agertzen ikasi genuelako, koruan entrenatuta bezala.
— Zoratuta dago —ematen nuen nik epaia, eta axolagabekeriaren koraza jartzen.
Amak zuritu egiten zuen aitaren portaera:
— Ez esan halakorik! Jarri al zara inoiz bere larruan?
Eta gogorarazten zidan ebakuntzaren ondoren aitak fisioterapia-saio guztietara lagundu ziola eta sakrifizioa egin zuela beragatik udal igerilekuan apuntatzean. Aitagatik izan ez balitz, ama ez zatekeen igeriketara joango bitik batean. Negua, kiroldegia urrun, eta minaren imurtxia metro bakoitzean. Ez, aita hantxe zegoen, bide luzean, pausoa labur. Elkarrekin joan ziren txankletak erostera eta batera estreinatu zituzten mikrofibrazko txandal jaspeatuak.
Bietako batek ere ez zuen inoiz ohea utzi, meritu handia hori amaren partetik, aitaren zurrungek ezartzen zizkioten gaubeilak aintzat hartuz gero. Olgetari jaikitzen ziren sarritan.
— Zenbat eta zaharrago, maiteago —esaten zuen aitak, amak zirriei ihes egiten zien artean.
— Egon geldi, kroketen masa erreko zait eta!
Nire ezkontza-bezperan aholku bat eman zidan etorkizunerako:
— Ez inoiz utzi zure postua galernan. Zuk eutsi ohean, eta pentsatu: “Ontzi hau neurea da”, ze beste tripulanteak ere horixe egiten badu, izara artean brixtan-brixtan etortzen da kalma.
Urteak geroago, ama hil eta harrezkero, ohe ertzean jesartzen zenean galtzerdiak eranzteko, aitak argazkia hartu eta gabon esaten zion berba isilekin. Aginduta utzi zidan amaren argazki eta guzti lurperatzeko.
— Ez ahaztu: ama nirekin.
Eskaera hark hunkitu egiten ninduen, aitarentzat amaren irudia amuleto potentea zela ikusita, itzalen artean gidatuko zuen GPS moduko bat.
Bere kabuz konpontzeko gauza izan zen artean, ez zuen onartu interinarik. Harik eta estropezu egin eta buruan dozena bat puntu eman eta besoa euskarrian lotu behar izan zioten arte. Agintea hartzeko aukera aprobetxatu eta Adela kontratatu nuen.
Emakumeak ez zekien geldirik egoten. Agudo ipini zituen dizdizka kopak, txorrotak nahiz kristalak, baita aitaren buru tipila ere, aloe veraz igurtzita. Depresioak gehien jotzen duen gremioa zaintzaileena zelakoan, eta kaskabela geneukan etxean, pixoihalen erregina, pedikuraren baronesa. Aitarenera joaten nintzenean, Nenuco adineko bat begitantzen zitzaidan gizona.
— Kroketak eta sagar erreak ipini ditut, eta meriendarako flana —azaltzen zidan Adelak—. Apetitoa dauka zure aitak, bai gero! Eta lotia zer da ba! Egoten utziko banio jaiki ere ez litzateke egingo.
Horrenbestez, ez nien kasu-zipitzik egin adiskideen gomendioei, hala nola gastuen tiketak kontrolatzekoari eta horrelakoei. Nire esku zegoena egin nuen Adela aitarenean gustura egon zedin, ez da suertatzen-eta zaintzailea ez ezik bizilaguna ere izango denik topatzea.
Eguerdietan pintxoa jatera ateratzen ziren biak taka-takarekin. Gainerakoan, karta-jokoan ibiltzen ziren, argazkien albumak errepasatzen, barazkiak xehatzen eta telebistako lehiaketak ikusten zituzten elkarrekin.
— Baina asteburuetan abandonatu egiten nauzu —kexatzen zitzaion aita.
Ez zen lokartzen zaintzailea asteburu-pasatik itzuli arte. Eta atetik sartzen zenerako botatzen zidan:
— Lixto, libre zaude.
Pupu apur bat ematen zidan horrek, majo ahalegintzen nintzelako bakailaoa pil-pil erara edo muskuiluak tomatetan prestatzen, baina, hotzean, aitortu beharra daukat Adelak ekartzen zion poz-putzada nik ez niola eramaten.
Nire ustetan, aitaren ilusio berrituaren arrazoietako bat Adelaren eskotea zen. Kamisoi hutsean sartzen zitzaion gelara goizetan. Palangana xaboi-ur epelez bete eta burutik oinetara freskatzen zuen, sabelpea ahaztu barik. Neure buruari galdetzen nion ea zergatik ez zen ganoraz janzten, eta artegatu egiten ninduen konfiantza anbiguo hark.
Behin batean konkortuta geratu nintzen gelako atean, bien koketeoa sumatzean. Non zegoen aitak beti airaturiko leialtasun amorostua? Alabaina, benetan nahasi ninduena desioaren ebidentzia izan zen.
Txistua irentsi eta sartu nintzen. Adelari eskatu nion tapatuxeago ibiltzeko, eta aitari agiraka egin nion, ea nola zitekeen beti kaballero izanikoa zahartzaroan hala birloratuta ibiltzea. Aitak sorbaldak goratu zituen eta hortz artean kantatzeari ekin zion, sabaiari begira.
Gertatutakoa semeari kontatu nionean, eros-thanatos printzipioa aipatu zidan, saihestu ezin denaren aurrean sorturiko eromen gozoa, edo halakoren bat:
— Lasai, ama. Aitita ezin hobeto zainduta dago, eta honezkero ezingo dizu neba-arrebatxorik ekarri.
Ez oso luzera, aita gaixotu egin zen ertz askotako patologia batek jota. Adelak eta biok egin genituen txandak ospitalean. Aurrerantzean baina, totelka hitz egiten hasi zen eta burua ere joan egiten zitzaion tarteka. Zarataka hasten zen derrepentean, begiak irten beharrean:
— Ai ene! Ekarri balde bat! Ura sartzen dago txalupan!
Esplikatu ziguten batzuetan bihotzeko gaitzekin batera dementzia-uneak azaltzen direla.
— Arratoia dabil hor! Hil arratoi hori!
Aita ezgaitu egin zen bere kabuz mugitzeko. Eguneroko martxa hankaz gora jarri zitzaigun. Ez zegoen gau-egunik bereizterik. Doloreak zabaldu zitzaizkionean, distraitzearren, bere gustuko kantak kantatzen nizkion, aireplanoarena eta papardoarena, adibidez. Aitzitik, aldizka, burubide doilorra izaten nuen, sufrimendu hura guztia zera zela, klanaren jefea zenean guri eragindako estualdiengatiko mendeku atzeratua. Ezin nuenez eldarnioen errealitatea aitaren nortasunarekin uztartu, barregura ematen zidan haren izu-aurpegiak. Amari deitzen zion, burua altxatzen zuen almohadatik edo agondu egiten zen ohean, argazkiari heltzeko.
Adela neka-neka zegoen aitaren dei etengabeei kasu egin beharragatik, eta beti lo-erre zebilenez, aitaren ondoan etzaten zen, haren naufragio, izurrite eta mamuei aurre egiten laguntzeko.
Nire txandan hil zen aita. Ez nuen espero orduan izango zenik, eta damu dut bezperako trakeskeria, aita makal ikusi arren ikaskide ohien afarira joan nintzelako. Dio Adelak berari eskaini ziola azken esaldia, goizean:
— Andre ona izan zara.
Zaintzaileak despedida imintzio bat jaso zuen sikiera. Okerrago geratu nintzen ni, agurrik ezaren mingarra sekula betiko.
Esan gabe doa aitaren nahia betetzeaz arduratu nintzela. Ipini nion amaren argazkia altzoan, esku gurutzatuen eta txapel berriaren artean. Bekoki hotzak, azken musua eman nionean, gogorarazi zidan antzinako zerbait, aita bere harresian gotortzen zenekoa. Zorionez, belarrien atzealdean nabari zitzaion odol-isuriaren tinteak segituan uxatu zidan sentipen ezegoki hura.
Amour fou deritzona beti lotu izan dut senetik irtendako amoranteen istorioekin; zorigaitzeko bihurtzen dituen hori gutiziatzen dutenen izaerarekin; patu gaiztoak, jelosiak edo nolanahiko botere-goseak markaturiko jokabideekin; sentimendu pairaezin baten poderioz heriotza bera ere gaindituko dutela amesten duten suiziden obsesioarekin.
Garai batean zer ez nuen nik emango halako pasio galgarri bat bizitzeagatik. Orain, ordea, jakinik ere bizitza oso bateko maitasunak —sentimendu neketsu eta aspergarri horrek— ez duela hurrik ere istorio kalkulatugabe eta kalkulaezinen xarma, zer ez nuke nik emango adorazio xingle, iraunkor eta soseguzko baten truke.