Aurkibidea
Aurkibidea
Koadernoa eta euria
Euria ari du
zure bizitza orain den
antigoalekoen merkadillo gainean.
Letitia Ilea
Andrakila bat hartu zidaten detergentearen puntuekin. Soineko bastoa zeukanez, amabitxik perlezko jertsea egin eta txoria josi zion ilean. Rosalia ipini nion, izen partikularra, baduena nobela klasikoetako heroinesen kutsua, Matilda, Angelika edo Rebekaren estilora. Gauzak zer diren, galiziar familia bati zor zion grazia.
Familia hura Ourense aldetik etorritakoa zen, gurasoak eta hiru seme-alaba, eta taberna bat zeukaten errentan hartuta. Obretan eta arrantzan zebiltzan gailegoak zituzten bezero eguneko menurako. Zurtuta entzuten nuen haien berbeta zaratatsua, goserreak eragindako aldartea izango zen arren nerbio haren kulpantea. Egunero egoten nintzen bertan, alaba gaztea nuelako zaintzaile nik kolegiotik irten eta amak denda itxi bitartean. Laketgarria zait pentsatzea umetan hiru aita izan nituela: aita, osaba aitabitxi eta papa.
Seme-alabek esaten zioten moduan deitzen nion neuk ere gizonari, norbaitek galdetu zion arte ea bere laugarren umea ote nintzen. Esanahiaz konturatu gabe erabiltzen nuen deitura hura: niretzat, “papa” ez zen “aita”, pernila eskuz ebakita ematen zidan eta praketan ardo-usaina zeukan gizonaren izena baino.
Papak esku biekin gerritik oratu eta botilategian jesartzen ninduen. Pelikuletako arasen antza zeukan altzariak: barraren atzepartea hartzen zuen alderik alde, eta zahar-orbanez ganduturiko ispilua eta zenbaki erromatardun erlojua zeuzkan erdian. Nire jarlekuarena egiten zuen apala goraxeago geratzen zenez barra baino, talaia batetik legez aritzen nintzen ikusmiran. Hala ere, jakingurarik handiena pizten zidana barrapeko oholezko plataforma zen: haren azpian ez dakit zer urpekontzi edo itsas animalia ostentzen zela egiten zitzaidan. Batzuetan kurik egiten nuen gainean etzanda, zirrikituetatik zer ikusiko, baina errieta egiten zidaten, zerrautsa batzen nuela eta.
Irratiaren kanalekin jolasten ibiltzen nintzen eta gurpiltxoa jiratzean sortzen zen hotsen katramila zentzubakoa imitatzen nuen udan etortzen ziren atzerritarren berbeta halaxe neureganatzen nuelakoan. Noiz edo noiz mahaiak lehortzen jartzen ninduten. Gauza handirik ez nuen egingo, baina hola edo hala entretenitu beharko ninduten.
(Agian harira letorke aipatzea balitekeela hortik etorri izana ostalaritzarekiko lilura: “Misionera edo mesonera izan nahi nuen nik, titi handiak edo bihotz handia erakutsi”. Egingo nuke faszinazio horretan izan zutela zerikusirik Estudio Unoko aktoresen gerruntzeek ere, ezen hainbeste mardultzen zizkieten bularrak, kilima arraroa sentiarazten zidaten).
Ezkaratzetik usain barrenkorra zabaltzen zen, gureak ez ziren jatekoena: lakoia, arbi-salda, olagarro piperreztatua. Olagarro egosiak lapikoan uzten zuen urari tiaren ahoaren antza hartzen nion, ezpainak ubeldurik izaten zituelako bihotzeko gaixoek ohi dutenez. Andreak txapinak berotzen zizkidan labean.
— Ez dakit zer izen ipini —esan nion andrakila erakutsi nionean.
— Pois ponlle Rosalía, que está moi ben, como Rosalía de Castro.
— Nor da hori, zuen pariente bat?
Banekien senide batzuk Castro Urdialesen bizi zirela, askotan aipatzen zituztelako.
— Non, filla —erantzun zidan karkaraka—. Rosalía era unha escritora da miña terra…
Halaxe, txikito-baso batean ura hartu eta panpina bataiatu genuen bekokia bustita. Andreak altzoan jesarri ninduen gero, neuk ere neure Rosalia altzoan, eta morriñari barruak hartzen utzi zion gu kulunkatu bitartean.
— Miña terra, miña terra, terra donde m’eu criei, hortiña que quero tanto, figueiriñas que prantei…
Sarritan esaten zituen berba horiek, bere oroitzapenetara bilduta, eta halakoetan esmaltea ematen zuten haren begiek, baina pa ematen zidanerako apartatu egiten nintzen sudurpuntako umeltasunak atzera eragiten zidalako.
(Agian harira letorke azaltzea De Castrorekin testuliburu batean urteak geroago topo egin nuenean, biziki ederretsi niela nire panpinaren “amabitxiren” kopeta abreari, orrazkerari, irribarre eratsuari, papar-hegaldun lebitari. Beti izan naiz antigoalekoen zalea, eta parpailadun jantziak eta kamafeoak neureago sentitu izan ditut partxisaren koloreko minishortak baino).
Taberna hartan gauzatu nuen orduan nintzen umeak joka zezakeen egitandirik aipagarriena, hondamendia ere izan zena, ez ezer suntsitu nuelako, baizik eta istorio bat idatzi nuelako, estreina. Gehitxo esatea da hori, baina hala izan zela adieraztea ere ez da gezurra.
Semea barikuetan etortzen zen, astea Nautika Eskolan emanda. Jatorra zen, ez zidan kasu handirik egiten baina. Botilategiko balda batean makutoa utzi eta baso-erdiekin laguntzen zion papari. Egun batean zoroaren pare jarri zen nire kontra, zergatik ez nekiela. Haserre bizian, koaderno bat jaurti zuen airean. Tapa marroi gogorrak zituen eta hari lodiz jositako krema koloreko orriak. Auskalo zer begitanduko zitzaidan niri zenbakiz, formulaz eta diagramaz beteriko libreta hura —zeinu-konstelazio miragarri bat edo— eta ez naiz gogoratzen nire eskuak errotulagailua hartu zuen une zehatzarekin.
Mutilaren apunteen gainetik eraikuntza oso bat asmatu nuen orriz orri, marra zuzen, makur, hautsi eta kiribilez, barru-kinada batek agindu izan balit bezala kalkuluarekin baino irudimenarekin zerikusia duten ezagutzak sortzeko. Uste dut keinu hartan bazela letrekin gerora izango nuen harremanaren ernamuina.
Zerk gidatu ninduen txirrinbotoak egiterakoan? Zer asmo neukan, akaso ipuin bat idaztea? Eta zer ipuin? Ez daukat erantzunik. Nire “lehen idazlanaren” arrakasta, ordea, gogoan daukat.
Mutilak bultzakada bat eman zidan eta alde egin zuen. Papa muturtu egin zitzaidan triskantzagatik. Andreak malko bat lehortu zidan amantalarekin eta suete txikerrean sartu zen. Aurpegi txarren anabasan galduta, aterki-ontziaren alboan kukutu nintzen. Euria ari zuen, zarra-zarra.
Mutila laster bueltatu zen alabaina, eta zokoan ikusi ninduenerako arretxiko hartu ninduen:
— Imos, parruliña.
Mela-mela zekartzan zapatak, tabernako zerrautsik gabe. Ordudanik beti lotu izan dut irudi hori barkamenaren ideiarekin.
Hurrengo urtebetetzean koaderno bat oparitu zidaten, giltza eta guztikoa.
— Isto é para escribir as túas cousas e non as leas senón ti.
Ez nuen sekula ezer idatzi eguneroko hartan —hondatzeko beldurrez—, baina bai orri solteetan, gero eta gehiago. Edozelan ere, orri huts haien gonbitak eta arriskuak indarrean diraute niretzat oraindino.
(Agian harira letorke kontatzea aurrekoan bospasei urteko neskatxo bati begira geratu nintzela. Afixei adi zegoen. Eako Poesia Egunen egitaraua, txirrindulari-lasterketa, pisuen iragarkiak eta horrelakoak ziren. Karpetatxo bat zeukan besoan eta zerbait apuntatzeko plantak egiten ari zen, dendaz dendako banatzaileen moduan. Ama gaztearen begirada bilatu nuen. Sorbaldak goratuta, irribarre egin zidan).