Aurkibidea
Aurkibidea
Miramar
Arratoiak zabal ibili dira neguan hemen. Azkura hasi zait triskantza ikustearekin batera: zeramikazko ontziak birrinduta daude lurrean eta ahozapiak konfeti eginda. Gorozkiak nonahi, garau odoltsuak.
— Gatza jan dutelako edo —esan dit semeak—. Gatzontzia hutsik dago.
Irratiaren kablea, poxpoloak, udako ilundietan kanpoko mahaian pizten ditugun kandela usaingozoak, aluminio-papera, harrapatu duten guztia lauskitu dute. Lastozko otzara ere behegainean dago, iraulkatuta. Ostikadatxoa jo diot piztiaren batek barrutik irtenda oinak igurtziko ote dizkidan ikaraz.
— Orain ez daude, ama, gauez ateratzen dira. Lehengo batean zirri-zarra handia izan zen... Nondik sartu ote dira. Arratoien gorputzak kea legez malgutzen dira jatekoaren usainera.
— Hondakinen bat utziko zenuten azken meriendan eta. Erratza pasatu ere ez duzue egiten —egin diot semeari eztenkada.
— Katu bat ekarri behar genuke —erantzun dit berak, ezentzunarena eginez.
Hauts umela dago, zarratu usaina. Armiarma-sareak, zapata-kordelak bezain lodi, ugari dira hagetan. Tximiniatik askatutako adreilu-brintzek kobre aireko geruza batez estali dute dena.
— Toki hau ezin da itxita eduki. Denon artean zaintzen ez badugu, saldu egin beharko dut.
Denon artean zaindu. Nor gara denok. Kexak txirikordatzen jarraitu dut.
— Gastuak baino ez dizkit ematen: zergak, argia eta ura, eta urteroko konponketak erdi ganoraz edukitzeko. Ikusi hormak, berriro puztuta.
Kresalak sortzen dizkio zartadurak, igeltseroek, antzina, hondarrarekin nahasten zutelako porlana.
— Kontuz eskaileran. Maila bat hondoratu da eta iltzeak geratu dira agerian.
Lehenago, bestetara izaten zen hona etortzea; orain, natorren guztian, arrasteluari eragin behar izaten diot. Orain ez dut lerrorik idazten hemen. Baratzean idaztea, lehenagoko kontua da hori.
— Ama, ez sartu komunean.
— Zer ba?
Alboratu egin da komunontzia erakusteko. Arratoitzar bat dago zuloan itota.
— Egarri izango zen —dio semeak barrezka—. Ekarri zer edo zer ateratzeko, egur bat, edo hobeto, txabolako pala.
— Ez, kendu, neuk egingo dut.
Gomazko eskularruak jantzi, eta buztanetik oratu diot arratoiari, baina labain egin eta jausi egin zait. Puxika koipetsu baten hotsa egin du baldosen kontra. Berriz heldu diot, oraingoan lepotik, katakumea balitz bezala. Hilabeteetan erreturaren zain dagoen metara jaurti dut. Muki jarioka nago, okadaka.
Semeak alde egin du kalera jotzen duen bidezidorretik.
Soroa zenari begira geratu naiz, belarretan islatzen diren argiuneei. Torratxorien jan-potoa sagarrondotik jausi da orbel artera, haizeteren batek botata. Badirudi esaten ari zaidala nahia eta ekina eskutik joan ezean eguneroko bizimoduaren sasitzak edozein eder-gura itotzen duela.
Tupustean bafada bat sentitu dut, konpainia baten bolada: ama marrubiak batzen iloba bakarrarentzat; osaba aitabitxi, bere keinu mantso eta berba urriekin, loreak landatzen; aita aizkoraz jotzen madariondo iharra, mahats-parra antzutua, kareorezko horman loditutako huntz tematia, palmondoaren adar kankailuak.
Hiru irudiok lanbro antzekoak dira martxoko zeru zikinaren azpian. Nire buruan —tenpluetako kupuletan formak eta hotsak zurrunbiltzen diren moduan— nahaspildu egin dira etxeko zaharren ahotsak, haientzat oinarrizkoak ziren berbak: uralita, perrexila, familia, egin, botxia, ilarrak, sugandilak, lagundu, geranioak, aitzurkulu, haziak, batu, ura, denona, loretan, eman. Iraganetik erauzi nahi nituzke, baina iragana oraezina da eta oroimenak baldarki arpilatzen du, atzazal iruzurtiekin harramazka eginez.
Haizea erara dagoenean etorri beharko dugu erretura egitera. Belarrak, sasiak eta bestelako lohiak erreko ditugu, itsatsita daukaten lur eta guzti, ondoren errautsak lore artera eta fruta-arbolen orpoetan sakabanatzeko.
Atea itxi dut. Lursailaren izena etxetxoaren atondoan ageri da, azulejuz osatua: Miramar.
Miramar asko dago egon: jauregia Donostian, nire lagun baten bizilekua Valentzian, jatetxe bat Artxandan eta dantzatoki bat Habanan, gaztelua Triesten, Naguib Mahfuzen nobelako ostatua Alexandrian, eta hondartzak eta hiriak. Izenkideak denak; nire bazterra, hauxe. Hemen dirau. Hala ere, sentipena daukat gero eta gutxiago naizela toki honetakoa.
Amesgaiztoa izan dut.
Ohepean arratoi mordoa neukan txilioka, izaretatik igo nahian: buztanak sare eginda zeuzkaten substantzia itsaskor batez, eta koltxoiaren azpian kurubilkaturik, oholari hazka eta hazka ari ziren, lehian.
Victor Hugoren Arratoien dorrea ipuinean, herri xeheak, arratoi aldra bihurtuta, Hatto artzapezpikua akabatzen du. Kasu horretan, arestian egindako krimenen ordainezko mendekua dira arratoiak; nirean, desosegua. Gorroto ditut: zabortegian ibiltzen ginen garaian, gaztetxotan, gotorlekuan hazten genituen usoak tragatzen zizkiguten.
Arrantzaleek esaten dutenez, baporeetan nahizu-nahizu egoten ziren. Bati entzun nion txo izandako sasoian kamainan etzanda zegoela paparrean pisua sumatuta itzartu zela, eta begiak ireki orduko arratoi batek haginka egin ziola aurpegian. Total gaixotu eta txizarekin odola iraizten hasi zelako lehorreratzeko agindua eman behar izan zuen patroiak.
Elisha Kent Kane Advance belaontziko zirujauaren memorien arabera, Artikoko izotzetan harrapatuta geratu zirelarik, mehatxu larria bihurtu zitzaizkien arratoiak. Eskifaiak sua piztu zuen sentinan, ke artean itotzekotan, baina gutxi batzuk baino ez ziren hil. Kumaldia kumaldiaren atzean, marinelak bezain goseturik zeuden. Kapitainak agindu zuen barkuko txakurrik braboena sotoan askatzeko, ezertarako ez: arratoiek di-da batean jan zizkioten hankazpiak. Belarriak tapatu behar izan omen zituzten intziriak ez entzuteko. Azkenean, tostartekoek azeri bat ehizatu, eta hark bai, garbitu zituen karraskari grinatsuak.
Burdindegian esan didate saguterekin ez dudala ezer konponduko, bazka eman behar diedala bisitariei, pozoiz apailatuta.
— Garestiagoa da, baina ez du hutsik egiten. Pare bat egunetan jaten badute, akabo. Eta trankil, ez dituzu ikusiko hankaz gora leher eginda, ezkutatu egiten dira hiltzeko.
Koxkor urdin batzuk dira miraria obratuko dutenak. Txerri-txintxorta frijituen ukitua daukate. Pakete bat erosi eta han-hemen ipini ditut, bai beheko solairuan, bai goiko gelan. Bizkor ibili naiz.
Kanporatzean ataurreko zabalgunean dagoen arrakalari erreparatu diot, handiagoa urtetik urtera. Palmondoaren sustraiek apurtu egin dute zoladura.
Palmera madarikatua, esaten zuen aitak, neure kabuz ezin dudalako, bestela oraintxe bertan jo eta txikituko nuke.
Aititak landatu zuen berrogeita hamarraren akabuetan, jabeen enkarguz. Lursaila handiki batzuena zen. Udan inguratzen ziren hara, egurastera. Aitita-amumak gobernatzen zuten baratzea, ortuarien eta bertan hazitako oiloen arrautzen erdiaren truke. Gaur ez da itsasorik ikusten handik, etxeak egin zituztelako aurrean.
Txikitan buruaren parera heltzen zitzaidan palmondoa. Lagunak eramaten nituen hura mirestera, herrian dozena erdi baino ez zeuden-eta, denak nabeganteek ekarritakoak.
Ugazaben oinordekoek txantela salgai jarri zutenean, osabak erosi zuen, gure familiaren eta soroaren arteko loturari iraunarazteko. Fina zen aitabitxi. Goiko gelan apalategi bat jarri zuen Caja de Ahorros Vizcainako bildumak sailkatzeko. Hil zenean, neuri utzi zidan finka. Hala ere, nik orain ez daukat ehun eta koxka urteko etxetxoa berriztatzeko adorerik.
Azkenean aitak arrazoi: erraldoi autista baten moduan hazi da zuhaitza, eta haizea dabilenean zakar astintzen ditu besoak. Beldur izaten naiz adartzarrek teilak apurtuko ote dituzten edota txapitula hautsi.
Nire kosmos txikiak ordenaturik egon behar du. Ez poltsak, ez berokiak, ez giltzek ezin dute edonon egon. Gauza bakoitzak bere tokia behar du, izan armairu, arasa edo kutxa. Adelari eskatu nion garbiketan laguntzeko. Beste adineko baten zaintzaile dabil aita hil zenetik, baina sarritan etortzen da tea hartzearekin kontuak esatera. Oraintsu aldatu naiz gurasoen etxea izandakora.
— Nabari zaio aldaketa etxeari, ez dago hain beteta —esan dit—. Apaingarri asko kendu dituzu.
— Athleticen kikara haiek, ikurrinak eta entziklopedia desfasatuak...
— Zaharrak gordezaleak dira… Igartzen dut zure aitaren falta. Badakizu batzuetan gauean jaiki eta gelara etortzen zitzaidala? Atean geratzen zen, kantuan. Agiraka egiten nion ohetik: “Isildu zaitez, auzokoek sentituko zaituzte eta!”. Berak sorbaldei eragin eta erantzuten zidan: “Eta zer, Adelita!”. Betiko umore onean bueltatzen zen ohera.
— Aizu, zuk ez daukazu senide bat basoak garbitzen ibiltzen dena?
— Lehengusua, Nikolas.
— Etorriko litzateke ortura? Kontsulta bat egin nahi diot palmerari buruz. Esan deitzeko, mesedez.
Adelak alde egindakoan idazmahaian jarri naiz paper batzuk ordenatzeko. Inguruan ditut amaren portzelanazko baxera, osabaren seilu eta txanpon albumak, aitak Afrikatik ekarritako marfilak. Neure kezken zamapean nago. Egingo diet aurre banan-banan. Telefonoak jo du ezustean eta bestaldekoaren ahotsak zizt egin dit belarrian.
— Ura pasatzen daukazu gurera.
Bilboko auzokide bat da, beheko andrea. Pijama erantzi eta Solokoetxerantz abiatu naiz.
Komunean izan da hondamena. Plastikozkoa banintz legez sentitu naiz, material zurrun eta arinez egina, zutik ozta-ozta eustekoa. Nabarturik dago dena. Noiztik egon ote dira ur lohiok jausten behekoen sabaia ere melatzeko. Eurona ez da orban handia, baina hor da. Goitik dator jario ugerra, antza. Goikoek ez dakite ezer, ez daukate ezer bistan, zuloren bat izango da hoditerian. Neure komuna garbitu eta leiho guztiak ireki ditut gauerdian. Kiratsak ez dit utzi lorik egiten.
Arratoiak isilak dira, gautarrak, sarraskijaleak, bizkarroizaleak. Trebeak salto egiten. Azkarrak, horma leunetan ere gora egiteko kapaz. Berdin karraka dezakete hala gazta nola beruna. Gai dira ehunka metro igerian egiteko eta, setiatuta egonez gero, baita askoz animalia handiagoei aurka egiteko ere.
Oilar-borrokak egon badiren bezala, izaten omen ziren arratoienak ere. Zein ateratzen zen garaile, indartsuena ala prestatuena? Nola entrenatzen zituzten arratoiak?
Kanibalismoa ohikoa omen da arratoien artean: gu ere bagara, gure auzietan irabaztearren, odol-loturen, arrazoi moralen, gizatasunaren eta ohorearen gainetik salto egin eta inorengana oldartzeko gauza.
Ostikoarekin sakatu diot etxetxoaren ateari. Sar dadila argia eta uxa ditzala putakume horiek. Pozoia jan arren, hemen jarraitzen dute batzuek, lurra olo-garauen antzeko kaka-troko luzexkaz beteta dago eta.
Semea deika.
— Zertan da izurria?
— Jo eta ke irabazi arte… Zer moduz zu, bazatoz asteburuan?
Hizketan gaudela, gizonezko bi ikusi ditut ortu-bueltako hormako atetik sartzen. Beti uzten dut ertirekirik ate hori.
Nikolas eta nagusia palmondoari begira aritu dira.
— Zer egitea komeni da?
— Botatzea ez da izango erraza. Hona ezin da garabirik sartu, ez da lursail irekia. Hala ere, plataformadun eskailera batekin eta motozerrarekin moldatuko ginateke. Enborra xerratan ebaki behar, pazientzia. Palmeren zura oso trinkoa da, erre ere ezin izaten da. Gero, zatiak furgonetara, baimendutako tokian deskargatu… Lan-ordu asko, seņora. Eta lanerako arropa bereziak beharko genituzke: palmera-adarrak pisutsuak dira eta kristoren arantzak dauzkate azpialdean…
— Ez dut bota nahi —moztu diot berbaroa Nikolasen nagusiari—, baina teilatu gainera jaustea ere ez.
Aiko-maiko nago.
— Baduzu pentsatzeko astirik. Oraingoz kimatu egingo dugu, eta enborra garbituko, goroldioak-eta kentzeko. Gu dirua irabazteko gaude, baina ezin da ukatu, palmera eta etxea uztartuta lez daude, primeran geratzen dira batera.
Hala da: etxeari palmondoa kentzea edo santu bati koroa, gauza bera.
Nikolasek eskailera bermatu du enborrean. Ondoren antifaza eta arnesa jantzi ditu. Nagusiak hanka egin du gero arte esanda. Loreontzietan inkaturiko barraskilo hilak kentzen dihardut.
— Bigun dagoen guztia ustelduta dago, ez du balio —esan dit Nikolasek kakoarekin arbolaren ezkatak harraskatzen hasi dela.
Azaleko zerrautsak urrezko txingorra ematen du.
— Aizu, zozo-habia bat hemen, baina hutsik, aurtengoa ez den seinale.
Ez diot solasbiderik emango. Ez zait gustatzen lanean ari dela txortxorrari ematen dion jendea.
— Eta lehen nork egiten zizkizun lan hauek ba?
— Etxeko gizonek —erantzun diot, lehor.
Lehen mutil-lagunak ere laguntzen zidan. Artea zeukan sega teleskopikoa maneiatzen. Behin baino gehiagotan egin zuen nigatik lan zail hori. Baina hori amaitu zen.
— Tira, orain txarrena, adaburua. Ikusten dituzu galburu antzeko mulko laranja hauek? Kanpora denak, zuhaitzari indarra makaltzeko. Toki batzuetan eztia eta ardoa egiten dute datilekin, baina beste mota bateko palmerak dira, noski. Hurbilduko didazu motozerra?
— Jakina.
— Eta urrundu pixka bat. A zer astunak palma hauek! Nahi al duzu batzuk gordetzea? Lehortzen utziz gero, aterpea egin dezakezu hor daukazun burdinazko egitura hori aprobetxatuta. Zer eduki zenuten hor, mahats-parra edo?
Bingo.
Motozerra orroka hasi eta jausi da lehenbiziko adarra. Bigarrena. Beste bat. Hurrengoa. Bat-batean adaburutik odol-turrusta bat atera da. Haragi puskak eta tripak etxe aurrea zipriztintzen. Nikolasek salto egin du eskaileratik, zurbil.
Arratoi andana dator palmondoan behera arrapaladan niganantz. Beste batzuek brinko egin dute adaburutik txapitulara eta alanbrearen tarteetatik sartu dira etxetxoan. Ezagun dute bidea.
Garrasika ari naiz, nagoen lekutik mugitu ezinik, begiak itxita. Nikolas hurbildu egin zait eta, besoetatik helduta, astindu egin nau, lasaitzeko. Gero, ikusi dudanean inguruan ez daukadala ezer ez dardaraka ez bihurrika hilzorian, negar-zotin etena bihurtu dira nire oihuak.