Deklaratzekorik ez
Deklaratzekorik ez
2019, nobela
312 orrialde
978-84-17051-26-6
Azala: Angel Aldarondo (Antoni Gisberten “Fusilamiento de Torrijos y sus compañeros en las playas de Málaga” koadrotik abiatuta)
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

Malagako hondartzak
(epilogoa)

 

 

Ihes egiteko era guztien artean, pentsatu du, ahanztura da gehienetan egokiena; zentzumenen anulatzea. Horregatik jarriko diete fusilatuei zapia, itsumenak heriotza jasangarriago egingo duelakoan; heriotza jasangarria. Oker ez bada, Angel Otaegiri ere zapia eskaini zioten —aitak kontatuko zion—, zapi beltza, eta berak ezetz, nahiago zuela gizonek bezala heriotzari buru egin, filmetan bezala, alegia. Parean duen koadroan, baina, zuriak dira ageri diren zapiak: eskuinaldean, lehen planoan ia, gizon adineko bati ari zaizkio zapia lotzen, ezkerraldean gazteago bat da prest, zapia lotuta dagoeneko, bere txandaren zain; oraindik ezkerrerago, hirugarren bati ari zaio fraide bat jartzen; morroia makurtuta dago, eskuak enborraren aurrean loturik dituela. Haren atzean ikusten dira beste bi gizonezko muxu-besarkadetan, adio esaten, adio munduari, adio biziari. Lehen planokoa gizon gazte samarra da, parka marroi batez jantzita —seguru Mireni gustatuko litzaiokeela—, keinu serio eta seguruz, ezertaz damutzen ez denaz; zapi beltz bat du, baina lepo inguruan loturik. Bera da protagonista, jeneral bat, koadroaren beraren tituluan agertzen den bezala, liberal bat, eta agian berak ere Otaegiren bidea hartuko zuen, gizonek bezala, heriotzari begiz begi so eginez. Aukeran emango zieten akaso denei: zapiarekin edo gabe? Ikusi nahi duzue? Lerroan dauden beste batzuek, itxiak dituzte begiak, “buka dadila hau guztia lehenbailehen” esango balute bezala, eta beste batzuk errezoan ari; izan ere, fraideak dira azken prestakizunak atontzen ari direnak, eta horietako bat Biblia irakurtzen. Fusilamenduaren aurreko azken uneak dira, atzealdean daude militarrak, baionetak eskuan, protokoloak beren txanda dela noiz esango zain. Batzuk oinutsik dira, hondartza batean direlako, agian hondarraren igurtziek lasaitu egingo dituztela uste dutelako. Baina zer inporta du denak jada, pentsatu du, halabeharra idatzirik dute, epaia irmoa da; agian norbait esperantzaz da oraindik, gupidatuko direlakoan, iraganeko kontakizun harrigarriei helduta; salbuespenak, dio bere baitarako, salbuespenak baino ez dira historiatik kontatzen dizkigutenak, egunerokotik nabarmentzen diren une bitxi-ezohikoak. Baina errealitatea ez da horrelakoa; azken momentuan barkamena jasotzen duen heriotzara kondenatu bakoitzeko, milaka dira gupida gabe, damurik gabe, milikarik gabe exekutatuak. Historiak ez digu araua kontatzen, salbuespenak baino, eta esperantza txatxuetara lotzen gaitu. Halaxe joan ziren milaka borrokara, dio bere kolkorako, Burgosko prozesuaren osteko garaipenak akuilaturik, borrokara, garaipen handiaren bila, hain justu salbuespen baten amarruak engainaturik; Burgoskoak gogoratzen ditugu bai, baina nor gogoratzen da besteez. Agian azkenekoez bai, Txiki eta Otaegi eta “FRAPeko beste hiru”, beste hiru izen gabe, bide batez, beste hiru zenbaki abstraktu, beste hiru. Baina errelato heroikoen aurreko fusilatuez nor akordatzen da? Milaka eta milaka fusilatu. Nor gogoratzen da horiekin guztiekin? Ez dakizkigu beren izenak ere. Beraz, ez ezazuela esperantza faltsurik eduki, esaten die koadrokoei, akabua da datorkizuena, baldin eta ez baduzue sinestun izateko zorterik —agian horregatik ari dira errezoan—. Beste kontakizun faltsu bat, erlijioa, kontakizun bulartsuak bezain lasaigarria, hori bai, zapia begietan jartzen dizutenerako helduleku bat behintzat.

      Asperturik ikusi du aretoko zaintzailea, neska gazte bat, aulki batean eserita, ordu luzetarako, egonarri harrigarriaz. Artearen Historian lizentziatu berria, egingo luke, agian bisita gidatuak ere emango ditu; “itsasoari begira hil zituzten behintzat” esatekotan egon da, baina nahiago du bere baitan jarraitu, seguru arte-historialariaren eta historialariaren arteko talka izango dutela bestela, areago koadroaren izaera aintzat harturik.

      Ingurura begiratu du Luciaren bila. Aretoz aldatu da, antza. Nahiko gogo txarrez sartu baita; berak argi ikusten du, ez zaio arte klasikoa interesatzen —nahiz eta ez lukeen sekula aitortuko—, arte garaikidean dabiltzan gehienei bezalaxe, bestalde, dio bere baitarako. Meninak ikustera joango zen, pentsatu du, ispilu jokoak, halakoak bai gustatzen zaizkiela arte garaikideko kalakariei, artista koadroaren barruan eta rollo hori guztia; orrialdeak eta orrialdeak matrakaz betetzeko bazka ezin egokiagoa. Berak, ordea, Torrijos jeneralaren fusilamendua ikusi nahi zuen batez ere, Gisbert-ena, “zuri ez zaizu artea interesatzen, historia baizik” imajinatzen du Lucia esaten. Liberal bat Espainia absolutista, Espainia erreakzionarioaren erdian; harritzekoa ez nola bukatu zuen, Riegok bezala, Pinedak bezala. Historia errepikatua da, Espainiaren kasuan beti tragedia moduan errepikatua. Martinez Cuadra gogoratzen du esaten liberal eta eszeptiko baten arteko aldea urteek egiten dutela, liberalaren kuraia, optimismoa, gauzak beste modu batera izan litezkeelako ilusio inozoa, gaztetasunak ematen duela. Denbora kontua baino ez dela, bizitzaren joak dena uzten duela bere tokian; eszeptikoa ilusio gabeko liberal bat dela funtsean. Bere buruaz ari zen, noski. Liberal bat, beraz, Torrijos, Fernando VII.a zatar hura egotzi nahi zuen ameslaria, Londrestik plan suizida hura antolatuz, koitadu samarra bera, azkenean, liberal gehienak bezala (eta hemen Agirre lehendakariaz gogoratzen da), pardillo samarrak, harik eta errealitateak, beranduegi gehienetan, kolpekatzen dituen arte. Viriato hark engainatua: baietz, ez zuela egokiera hoberik izango, ekiteko, Malagako hondartzetan lehorreratzeko. Hantxe zituzten zain. Bazuen, bai, arrazoi pixka bat Martinez Cuadrak, pentsatzen du.

      Bakarrik jarraitzen du aretoan, Artearen Historian lizentziatutako neska besterik ez; mugikorra begiratu du badaezpada ere. Luciaren arrastorik ez, ezta, eskerrak, Ceciliarenarik; izan ere, orain kanpoan dela, errezeloa du ez ote den justu orain gertatuko zerbait aitarekin. Zerbait gertatuko. Azken begiratua bota dio koadroari. Espero baino handiagoa egin zaio, izango da gutxienez bost metro zabal, eta parez pare jarrita, hori inpresioaren handia. Zapidunen desesperazioa senti liteke ia. Ezkerretara begiratu du, “Salida. Exit” jartzen duen afixari jarraituz egin du kanporako bidea; kanpoa, kanpoa da bere salbazio bakarra. Koadroak utzi dion oroipenarekin igaro ditu aretoak, gurutzatu ditu bisitariak, haien joan-etorriak, ikusi ditu zaindariak, gidariak azalpenak ematen, segurtasunekoak, eta kanpoan, Madrilgo zeru oskarbiarekin egin du topo. Hainbestekoa da argitasuna ezen eskua jarri behar izan duen kopetan eguzki izpien babesgarri; begiak itxi behar izan ditu kasik.

      Koadroak adierazten duena egia izatera, itsasoari begira fusilatu zituzten, bai. Malagako hondartza, bizkarrean elizako kanpandorrea, hondartzaren mutur batean mendia, “Ulia ematen du” pentsatu du lehen, “eta, behean, Groseko hondartza”. Ez zaio gehiegi kostatu bere burua hor irudikatzea. Agian horixe da inkontziente optikoa, Luciari galdetu behar lioke. Koadroaren izkina batean itsasoa, harrotuxe egoera dramatikoaren jakitun balitz bezala, olatu nahasiak, aparra olatuaren gandorrean bezala olatuaren paretan. Lainoturik da, hodei beteak zeruan, eta ura ere beltz; zeruagatik da, pentsatu du errebelazio bat izan balu bezala. Eta halaxe imajinatzen ditu denak, zapidunak, otoitzean ari direnak, heriotzari ausardiaz begiratzen diotenak, begiak ixten dituztenak, denak itsasoari begira bezain zeruari begira, gauza bat eta bera balira bezala, denak esperantza horrekin azken segundora arte, ea azken momentuan asketsiko dituzten, ea errukia izango duten haiekin, azkenean barkatuko dituzten, ea atzera egiten duten, ea salbatuko diren, azken unera arte.