1995-11-18
Korrika txikian egin dugu Boulevarderako bidea. Urteko sasoirako epel-hautsi da, baina ez da hori bero honen arrazoia. 17:30ean manifa Bulean. Narrikatik irtenda, jendea, jende gehiago, eta pankartak kioskoan. Askatu eta tolestu egin da horietako bat; “ke herriak” baizik ezin da irakurri haizeak mugitzen duen azpildura gorabehera. Gelditu gabe, besoei eragin diet lasaitasun modu bat bilatu nahian. Ezkerraldean begiztatu dut furgona, orain aste batzuk egunero hogeita lau orduz jarri dutena. Laster etorriko dira gehiago, alde guztietatik, inurriak inurritegira bata bestearen segidan. Non bilatuko dut babes? Zein kaletatik egingo dut ihes? Halaxe esan dit Imazek: pentsa ezak aterabideren bat kargatzen dutenerako. Galdetzeko bulkada izan dut, zuk zein pentsatu duzu? Ez al gara ba elkarrekin joango? Baina ez zen galderetarako tenorea. Ez da galderetarako tenorea. Inoiz ez da. Donostia ondo ezagutzen ez dutenek, nola arraio egingo dute? Ez ote dute arrisku handiegia hartzen? Zer egin kale itsu baterantz joango balira? Eta atzera egin eta norabide berri bat inprobisatzera behartuak egongo balira? Egongo dira ni baino galduago direnak, horrexek lasaitzen nau pixka bat; ausartagoak dira goierritarrak, zer esanik ez nafarrak, ahoz aho entzun ditugu sakanarren balentriak, baina ez dituzte nik bezala ezagutzen Parte Zaharreko zuloak. Txarrenera publizitate zilindro hori balia dezaket, Calzados Churruca, edo ondoko telefono kabinak, handik Garagarreko arkupeetara egiteko. Urrutiegi ez ote diren halere. Hirurogei metro bai gutxienez.
Kontu azkarra izan da, presazko deialdia, baina haatik, jende samalda dagoeneko. Iritsi ote dira Hernanikoak honezkero? Hobe Imaz eta Unairen aldamenean geratzea momentuz. Hartxintxarrak, kontu txarra; zoru irregularra, irristatzen banaiz zer, txintxarren labaintzea, superfizie badaezpadako hau, irristatzen banaiz harrapatuko naute derrepente. Gainera zapatilla maiztu hauekin. Gaur zapatilla hauek janztea ere. Calzados Churruca. Aizue, goazen belarretara, kargatzen badute hemen lanak izango ditugu eta, erortzen bagara, berandu izango da altxatzen garenerako, besoan hartu eta hori guztia egiteko, anaia erortzen bada. Kasu egin didate behingoz, belarrean igurzten hasi naiz hartxintxarrak libratzeko, eta hauts zikin hau ere bai, ze kuxidadea. Hara, iritsi dira pankartakoak, manifa burukoak, eta harantzago, zuhaitzen adarretatik zehar, udaletxe ondoan, furgona ilara luze bat, Hernani kalean barna segitzen duena. Armada bakarrik falta da hemen. Zipaioen matxinada. Hain gutxiago Donosti, ez da Nueva Delhi, noski. Begira, hasi dira batzuk furgonetatik jaisten, geroz eta gehiago dira. Ez dute presarik, baina. Udaletxe aldean ari dira pilatzen. Zer Imaz? El puto Billy? Non ordea? Hori da? Hainbestetan entzun dut, el puto Billy; zipaio potoloa, alkandora urdinkara soinean, koipe marka imajinatzen dut paparrean, mihi gaiztoa, pozoia. Hangoak behar du ba. Inoiz ez lehen lerroan, beti beste altzari haien babesean, istilu guztietan hutsik egin gabe, beti prest bere hitz-jario nardagarria pasiatzera ateratzeko. El puto Billy. Harako hari esan zion a ver si eres tan machito en el infierno, en el infierno, bai, batere disimulurik gabe, beste hari ¿qué tal te follan los del comando Donosti? Porque a vestirte no te han enseñado eta horrela beti, el puto Billy. Haren gibelean beltzak aitzinatzen, ia bi metro luze horietako batzuk. Begira, sartu ditiztek ja marratxoak. Zipaioen mugimenduei begirik kendu gabe da Unai ere.
Istiluak segurtatuak ditugu, ondo dakigu hori, ezin bestela izan; noiz, nola egingo duen eztanda, horixe duda bakarra, eta nola moldatuko garen estutasunik ez edukitzeko. Imaz eta Unairen alboan geratzea, besterik ez momentuz; haiek ere ni bezain gazte, ni bezain berde, baina baturik jarraitzen badugu sikiera. Pentsa ezak aterabideren bat kargatzen dutenerako. Hain gutxiago Donosti, noski. Zabaldu dute pankarta, parterre honetatik ondo ikusten da; kioskoa baino zertxobait honantzago dira, geldi momentuz, baina edozein momentutan martxari ekiteko prest. Larraitz gogoan zaitugu, haren aurpegi zuri-beltza. Aurrealdean, pankartari tinko, gurasoak agidanez, bata besteari pega-pega eginda, zurt, segurtasuna erakutsi nahian nahiz eta haien gorputz-jarrerak besterik adierazten duen. Konkorturik, kuzkurtuta, kakotuta, zimurtuta ere bai ziur aski. Lore sorta eskuetan amak; ez dira arrosak, ze arraroa, tulipanak baizik, kolore guztietakoak. Keinu egin digu Imazek, errepidera jaitsi eta pankarta aldera egin dezagun. Jende-arte beteago hau, seguruago sentitzen da bat. Metro batzuk aurrerago ikusi dugu zipaioek burdinazko hesiz osatutako lerroa; errepidean alderik alde paratuta, hura botatzea da manifak aurrera egiteko duen modu bakarra. Burua, baina, geldirik da momentuz. Zer kristo dabil Unai orain zigarro bat pizten, edozein momentutan kargatuko dute. Ez, ez, ez, herriak ez du barkatuko. Zipaioak ere kieto, hesiaren bestaldean. Alkandora urdinkara dutenen lerro zabal bat, eta atzerago, beltzak, urrutiegi oraindik haien beldur izateko, baina berdin-berdin nago barrenak janda. Dar-dar batean airea. Aurrera egingo dugu hesia hausteko? Izango gara gai? Eutsiko diogu? Edo haiek kargatuko dute lehenago? Zuek ere txakurrak zarete. Gora ETA militarra. Giharrak laxatzen zaizkit oihuka, erraiak arintzen. Begira ondoko morroi hau, hogeita hamar urte bai, bakerozko jaka argia, indar betean, kezkarik ez, larritasunik ez. Eztarriko zainak puzten zaizkio aldiro-aldiro; kontrarioek bai izan beharko luketela haren beldur: beltzek, urdinkarek eta putetxeko padreek. Ile kizkurra tenk, belarritako borobil handiak dantzan. Tipo honek badaki egoten, izan ere. Zerbait esan du Unaik, ez dut ondo entzun, ikusi, edo hara, edo badatoz, eta enkaputxatu andana agertu da Parte Zaharreko kaleetatik. Jendetzaren ingurutik hasi dira mugitzen, hemen bertatik pasa da bat pankarta alderantz, kaputxa berde iluna eta sudurretarainoko zapi beltza. Geroz eta gehiago azaldu dira. Dena prest da.
Ez dirudi, ordea, inor asaldatu denik; ezagun den gidoi baten urrats batzuk besterik ez dira hauek. Ondoko gizona lehen bezain seguru, kezka amiñirik ez, hortxe jarraitzen du goraetaka. Ohituta egongo dira, baina ez zait kontsolagarri. Esan zidan behin Imazek: hau motorrean ibiltzea bezalakoa duk; motorrarekin inoiz eroriko haizela bezain segurua duk borrokatuz gero noizbait eroriko haizela. Kontu bakarra duk noiz, nola, nork eta beste. Lezioak ematea, nola gustatzen zaion. Hau izorratzea. Imaz eta Unairi begiratzen diedala, haiek ere kaputxa jarri eta bakarrik utziko nauten errezeloa; beti bezain melenga hi, ezertara ausartu gabe, bakarrik geratuko haiz liskarraren erdian. Alboan ditut momentuz, baina. Zuek ere txakurrak zarete.
Lehen harrikadak hastearekin lerroa indartu dute zipaioek hesiaren bestaldean. Apenas iristen zaizkien jaurtigaiak zenbait bote eman ondoren. Gehienak horrela ere ez. Alabaina, ezustean, enkaputxatu batek Bulearen erdialdetik jo du, ez dute ikusi antza, eta zipaioetako batek ezkutuaz egotzi behar izan du harria gainean erori ez zekion. Barre algarak eta aupak eta bibak entzun dira. Ez al dakizue zer den datorrena? Berdin zaizue? Honekin gozatzea ere. Imaz ere algaraka. Hau izorratzea.
Denbora gutxira gertatu da. Alkandora urdinkara dutenen lerroa aldendu egin da bat-batean, eta hesiaren bestaldeko hutsuneaz jabetzeko denborarik ia gabe, udaletxearen aldetik —Oiartzun pasteleria— korrika batean egin du aurrera beltzen lerro luzeak. Hogeita hamar lagunetik goiti izango dira, arrapaladan hesia gainditu eta gure kontra oldartu direnak.
Ingurukoak ikusi ditut derrepente hanka egiten, ni geldirik, narkotizatuta bezala, eta jende saldoa zalaparta betean handik eskapo. Jende-laster moduko bat hasi da alde guztietatik korrika, batez ere Alde Zahar barnerantz, Narrikatik. Ez da egoten dakien tipoaren arrastorik jada, non sartu ote da? Nola mugitu da hain azkar? Imazek esan behar izan dit mugitzeko, joateko beraiekin, eta ordurako morroi mordoa gurutzatu da nire aurretik, egiten dute bultza alde batetik, aldatzen dute norabidea ezustean. Astia izan dut, ordea, kale kantoiko bikoteari erreparatzeko. Zarata demasekoa da; korriken abaila, garrasiak, madarikazioak, pilotakadak, sirenaren bat ere bai urrunean, eta horren guztiaren erdian dago bikotea, Larraitzen gurasoak, elkarri besotik helduta, ama pixka bat aurretik baina pega-pega eginda, biak ere apur bat konkortuta, beren jarrera normala hori delako bainoago horrela pilotakaden arriskua gutxitzen dela uste dutelako. Korrika ezin, bizi eragiten diete zangoei, ez erortzeko ahalegin handiagoz azkar joateko baino. Gazteak igarotzen zaizkie alde banatatik, itsu, bakoitza bere azala enparatzen, eta ama lore sorta eskuan, seko tolestuta, guztiz zanpatuta, tulipanak lurrera begira; bota itzan bazterrera emakumea, enbarazu besterik ez dinate egiten. Burua oraindik apur bat gehiago beheratzen dute pilotakada bakoitzaren dunbadaren ostean. Ez ote ditu inork lagunduko? Hor abandonatuko dute bikote gaixoa zipaioek atxikitzen dituzten arte? Hain gutxiago Donosti, noski. Agian onberak izango dira eta bakean utziko dituzte, ez daude horretarako. Kamera motelean, Narrikan barrena egin dute aita-amek, elkarri heltzeari utzi gabe betiere, ez dute ezkerrera egin Fermin Calbetongo bidegurutzera iritsi diren arte. Korrika egiten dut baina zerbaitek erakartzen nau haiengana, burua biratu dut. Amak gaitzespen keinu bat egin dio aitari, ez delako azkarrago joateko gauza? Txikiteoan alferrik galtzen duen denbora leporatzen dio akaso, lagun tripajale horiekin beti; ez dela bere burua zaintzeko kapaz eta orain, begira, arnasestuka korrika txikienarekin. Auskalo nora egingo duen bikote bakartiak, San Bizente elizako kanpandorrea dut nik gainean. Larraitz, gogoan zaitugu.
Ibai aldera joatea edo taberna batean sartzea, horixe onena. Berrogeita hamarrak pasatutako tipo bat atari baten bazterrean, ezaguna dut, nagusitasun aire batez, iskanbilari so. Alkandora marraduna, basoerdia eskuan, pilotakaden zaratak edo enkaputxatuen ibilerek batere asaldatu gabe. Jose da (azentua o-n), aitaren lankidea, txikitan sarri ibili izan nintzen haren semearekin; udara batez bi familiak elkarrekin joan ginen Mediterraneo aldera. Oporraldi hartatik gogoratzen dudan gauza bakarra, tipoak beti kasete bera jartzen zuela autoan, Joan Manuel Serraten bat. Zarata handiagoa oraindik, pilotakada gehiago. Nola kantatzen zuen tipoak gainetik, eta tarteka emazteari begiratzen zion lerro batzuk azpimarratuz, “hau poesia da” edo “zoragarria” edo gisako komentario bat eginez. Bidaia hartan hartu nion nazka Serrati, eta orain ere berdin, aita anarkistaz mintzo egokiera duen guztietan, borrokalariaren pedigria besteren borroken bizkar, baina boteredunen arrimuan. Tragoa jo bitartean jarraitu du begiradaz paretik pasa gatzaizkion gazte multzoa. Uholdeari segika, ez ikusiarena egin dut, ez da luzamenduetarako tenorea; bost axola zerbait esaten badio aitari. Ibai aldea arriskutsua izan daitekeelakoan egin dut Artesanarantz.
Unairekin egin dut topo bizikleta mordoa pilatzen den San Bizenteko bazterrean. Hasieran ez dut ezagutu, baina jertse granateagatik ohartu naiz. Goazen, hator gurekin. Aurpegia estaltzeko buruaren atzealdean lotuta duen mahuka luzeko kamiseta estutu du. Nik ez dut aurpegia estaltzeko arroparik, ez kaputxarik ez bestelakorik, zer kristo egingo dut nik orain, inork ez dit esan. Halaxe jarraitu dut, baina, buru-estali taldearekin, ezkutatzeko ezer ez dudala-eta, aurpegia agerian edukitzeak erruduntasuna lekutzen didala sinetsarazi nahian nire buruari. Azkenean ni ere plazaren erdira, hau izorratzea.
Abuztuaren 31 kalea hartu eta ziztuan korritu dugu. Ez da inor kalean jada, pilotakada eta koheteen babesean tabernetara edo Parte Zaharretik kanpora uxatu dituzte denak. Isiltasun berezia sortu da kalean, bat-bateko gorreria batek eragindako isiltasun suerte bat. Gorreriarekin, mugimendu guztien desazelerazioa, guztia motelago joango balitz bezala. Anabasa eta ziztuaren aldean, baretasun arraro bat dago Abuztuaren 31n. Nahiko lan dut besteen martxari segitzen, atzealdetik, apur bat apartean, eta Martinez tabernatik igaro naizela, ozta-ozta eutsi diot taldea utzi eta bertan sartzeko tentazioari. Banderillak deitzen diete etxean, espezialak omen dira hangoak. Ez da erabat ilun, falta da zertxobait oraindik ilunabarrerako, baina hodei trinkoek ia erabat gautu dute eguna. Argi laranjak piztu dira kalearen alde banatan, eta tabernaren gaineko farolan, noizbait jarritako girgil politiko baten muturra kulunka.
San Jeronimorantz jo beharrean aurrera segitu dugu, Santa Mariako ataria igaro eta Kale Nagusian barna egiteko. Antzemateko ia ezinezkoa den aldapa du kaleak, oraintxe jabetu naiz; ze aldapa honen ondorioz atxikitzen banaute, aldaparen pendizak eragindako moteltzeak, minimoa izanik ere, ematen badie astia ni harrapa nazaten. Nork jarri du aldapa puta hau, hau berria da, mila demonio, nor ibili da hemen bazterrak hazten. Hau izorratzea. Hogei lagunetik gora izango gara. Ilunabarraren hedatzeak Pukas-eko neoizko argien kontrastea areagotu du; ingeleseko akademiako kide harekin akordatu naiz, hantxe egiten du lan, hari erosi nion kotoizko jertse hura, kaputxa gabea, eta hara egingo nuke, han sartzeko, baldin eta horretarako fronte-lerroa gainditu beharko ez banu, baldin eta horrek guztiak orain ez balu ez hanka ez buru. Kaputxadun bat erostera noa, esan nezake.
Portu kalea pasatuta gelditu gara. Pare bat zaku bete ekarri dituzte, eta abailan atera dira botila hutsak, zerbezarenak gehienak; zenbaiten artean gelditu behar izan dituzte ezarian, malkarrari segika Boulevard alderantz joan ez zitezen. Zipaiorik ez dut ikusten, atzera begiratu dut badaezpada enboskada baten beldur. Zipaio bati berriki egin ziotena, hura bai enboskada. Kalean identifikatu zuten paisanoz, hau halako eta halako duk; tipo abil bat plantak egiten hasi omen zen, laguntza behar zuela, eta derrepente gerturatu omen zitzaion laguntzera; baietz, beraz, zipaioa zela, eta konturatzerako gainean zuen multzoa, bideoa ere bota zuten telebistaz, nonbaiteko bideokamera batek grabatua. Ia akabatu zuten eman zioten jipoiarekin. Durduzatu nintzen kontuarekin, egia esan, bereziki agure harengatik, ondo ikusten zen irudietan, erreguka, txapela buruan, izan zezaten errukia, geratu zitezela. Baina ez zegoen gauza gelditzeko. Ez dago. Gerraren ajeak. Imazek esan zuen, eta ezin ukatu: seguru morroi hark eragindako mina, eragindako desgrazia komisarietako zuloetan, hori baino askoz ere latzagoa dela. Estatu-aparatuak ematen duen inpunitatearekin gainera; multzo hark arriskua hartu zuen sikiera, eta begira orain, ederra eroriko zaie, bideoa eta guzti dute banan-banan identifikatzeko. Baina horretaz ez du inork ezer esango, ez da bideorik egongo haiei egingo dizkietenekin. Makurra da gero gatazka, gerra, ondo dakigu, ez digute kontatu behar, zipaio bakoitzeko hamarnaka gazte jar ditzakegu. Ez zaio arrazoirik falta.
Mutur batean hasi dira zipaioak posizioa hartzen, Buleko kantoian. Lehenengo oldarraldiaren ondoren, Narrikan barneratu eta gero, atzera egin dute antza. Ez omen dira beti sartzen barrura, halaxe esan zidan Imazek. Ezagun dute barruan zaurgarriagoak direla, kale estuetan nahieran ibiltzen direla enkaputxatuak; talde txikitan banatuta, eraso hemen, kalez aldatu, eraso han, oharkabean beste bazter batetik, atzera bildu. Zuhur ibiltzen omen dira horregatik, ez dute ahazteko Bilboko manifan furgoneta bat kale artean ez aurrera ez atzera geratu eta pontxoz kiskali zutenekoa. Erredurak, hainbat gradutakoak; agentes afectados con quemaduras de primer grado y segundo grado y tercer grado.
Kai aldetik etorri dira enkaputxatu gehiago kohete batzuekin. Kalearen erdian paratu direlarik, atzera egin du jendeak. Han ere Imazen arrastorik ez, moldatuko al zen, ez al zuten atxikiko. Zipaio entzun pin pan pun. Ezinegon larri bat sabel aldean, gorantz egiten didaten deskarga elektriko modukoak, ekidin ezin ditudanak. Satarte batean banengo bezala, edozein momentutan harrapatuko gaituzte, jolasean ari dira gurekin, ez dugu zereginik ejertzito profesional horren kontra. Ez gara, ez naiz, libratuko. Zerbeza botila marroi bat zapaldu dut ezustean, nolako sustoa, ezker-eskuin begiratu dut, ea handik ere azalduko zaizkigun, portutik, Konsti aldetik. Hain gutxiago Donosti, noski. Atzera egin dut, buelta eman, eta hutsik da Santa Maria elizaren ataria. Koheteen lehenengo eztandak entzun ditut. Orain libre dela, ez da aukera txarra, kargatu baino lehen, edo tupustean alde guztietatik azaldu baino lehen, denbora kontua baita. Eliza atari hutsa, estanpa ezohikoa, eta hark erakarriko banindu bezala hasi naiz eskalinatarantz lasterka. Pauso luzetik pauso luzera. Ezkerretan utzi dut gozoki denda eta segidan —ailegatu naiz konturatzerako— hartu dut kurba, eskaileretan gora egin beharrean Abuztuaren 31rantz, aurretik egindako bidea desibiliz. Deslasterkatuz. Hantxe gertatu zen aitaren pasadizo hura, nola babestu zen elizan, Maiatzaren 1a zen, non eta elizan; grisak suelto zebiltzan Parte Zaharrean barna, eta jendea noragabe han sartu zen, hamarnaka eta ehunka, izu-laborriz, Gasteizkoa hurbilegi zen. Deigarriena zarata egin omen zitzaion, eliza barneko zarata hura, oihuak eta haien oihartzunak eta korrikaldien hotsak eta haien oihartzunak eta ate danbatekoak eta haien oihartzunak eta altzarien mugimenduak eta haien oihartzunak. Zarata anplifikatuak, eliza barnea harrabots demaseko batean, horixe egin omen zitzaion harrigarrien, izugarrien. Eta nola egin zuten ihes atzealdeko ateren batetik, Urgullen gora korrika ez ezik, lasterka bizian. Muinoa ez zen hanka egiteko gauza handia, segada baterako ere leku txarra ez, baina aski izan zuten beste aldetik jaitsi eta leku segurura joateko. Elizara? Orain? Falta dena, norbait enteratzea elizan sartu naizela babes bila, izuaren izuz. Aurrera egin dut, bolera pasatu dut ziztuan, eta kasik Trinira iritsi naizenean entzun ditut berriro pilotakadak, beste karga bat, orain sartuko dira barruraino, bai, kontrolatuta izango dute egoera. Gertu entzuten ditut, baina ez dut eskuinera begiratu nahi San Jeronimoren kantoia zeharkatzen dudanean, akaso bertan baitira dagoeneko, agian Ikatzen kasik. Aski da, ez dezadan orain pausoa laburtu, ia akabera da. Iturrira iritsi eta 28ko atetik sartu beharrean, ataria atzean utzi eta Santa Kordan sartu naiz. Korrika egiteari utzi gabe beti. Pauso luzetik pauso luze-luzera. Aurretik kisketa jarri gabe utzi dugun leihora jauzi eginez, Imazen etxe barrura egin dut. Hauspoa baretzeko minutu batzuk behar izango ditut oraindik.