1996-06-04
nik ez dut ezer egin benetan ari naiz… jende guztiak esaten zidan zu lasai zuk ez duzu marroirik ez duzu ezer ezkutatzeko eta hala da nik ez dut ezer egin ez dakit zergatik nagoen hemen hau guztia ekibokazio handi bat da nahastu egin da norbait zer? nola? ez dakit… ez dakit benetan ai… hau izorratzea (Pausa) bai bai bai behera begiratuko dut bai baina ez estutu hainbeste burua bai bai ez dut gora begiratuko (Pausa) eskertzen dut isiltasun hau autoaren motorraren hotsari jarraituz distraitu egiten naiz beste nonbait egongo banintz bezala geroz eta ozenago entzuten dut nondik ote goaz? N-1? A-8? nora ote goaz? Antiguara balitz han behar genuen honezkero… e? aspalditik bai… txikitatik eskolako lagunak gara berarekin nengoen bai… baina nik ez dut ezer egin… non kontatuko dizuedala dena?... nik bai ordea hau guztia lehenbailehen buka dadila (Pausa) bost egun? ez ez berehala konturatuko dira nik ez dudala zerikusirik ez dudala zer kontaturik bost egun? bai zera ez ez iritsi bezain laster ohartuko dira begiratuko dute beraien fitxetan haiek jakingo dute beste inork baino hobeki… zorte pixka batekin inor ez da enteratuko gurasoak ere ez pentsa aita... hau lotsa jakingo balu akabatuko nau hauek baino beldur gehiago ematen dit kasik… (Pausa) Imaz bera ere bai berriro eta auskalo zenbat gehiago (Pausa) hau izorratzea estuegi ditut eskuburdinak… laxatu ditzakezue mesedez? oso estu ditut begiratu zerorrek… zer? mina ematen didate zirkulazioa geldituko zait laxatuko dizkidazue mesedez? … bai isilduko naiz… izan ere (Pausa) nondik atera dituzte zokor-mazo hauek? aurreko hilean hil zen harengatik egongo dira horrela tiroketa bat tiroak alde batetik tiroak bestaldetik far westean bezala suziri-hotsa zi-zi-zi erruleta bat edonor eror zitekeen eta ertzaina erori agente bat xehea ardura gutxi duen horietako bat ziur aski baina tira hor sartzen denean batek badaki zer dagoen bestaldean sartzen direnak bezala… nola zen? Garminde? hala uste dut telebistan azaldu zen haren emaztea lantuka negarrez kameren aurrean era un buen hombre un buen marido un padre extraordinario eta haren alaba lau urtekoa oraindik zer gertatzen ari zen ohartu gabe lastima bat desgrazia bat bai hori hala da hauei esanda zerbait konponduko litzateke? zera egon hadi isilik ez haiz hasiko orain sentitzen dut Garminderi (Garminde jaunari? Garminde zenari?) gertatutakoa nire doluminak burlatzen ari naizela pentsatuko lukete hago isilik… hau izorratzea noiz iritsiko gara? (Pausa) bakean utzi naute behingoz… agian konturatuko ziren agerikoa da ez dudala ezer pintatzen hemen ez? denek esaten zidaten hori ez nuela kezkatzeko motiborik ez nuela marroirik ez ekintzarik ez ezer hala da bai beraiek ere enteratuko dira igual hauek atxiloketen nahas-mahasean ez ziren jabetuko baina goi-agintariek jakingo dute hainbeste… akaso horregatik isildu dira… lo detuvieron por equivocación quedó libre el mismo día… bueno hau guztia ekibokazio bat izanda ez naiz hasiko orain gauzak nahasten baina salatzekoa da hau zergatik eskuburdinak hain estu jartze hau ez bada umiliazioa oinazea debalde eragin nahia bortxaren apeta hau salatzekoa da eskumuturretan markak izanda erraza izango da begira ezazue hemen duzue froga ikusi nola tratatzen dituen zuen Polizia maite honek atxilotuak Polizia gertukoa bobbien erara osatua eta nahi duzuena… iritsi direnean aurpegira begiratzea besterik ez zegoen hauek ez dira Guardia Zibilak ez maderoak eskerrak pentsatu dut pentsatu dugu denok noski beren bisajea ikustea besterik ez zegoen beraien ilajea hauek ertzainak behar dute eta Imaz euskaraz erantzuten horiek bai potroak eta eskubideak euskaraz irakurtzeko exijitzen gero a ze tipoa eta sarrerako atetik agertu da burusoil bat euskara jator batean halako eta halako a ze protokolo absurdoa hegazkinetan salbamendu-jaka nola jarri behar den esplikatzen dizutenean bezala zer gauza alferrikakoa erritual zentzugabea zu kaka eginda tunel luze baten hasieran eta haiek protokolo bati segika… métete por la izquierda iristen ariko gara (Pausa) pixka bat lasaitu gara ertzainak zirela ohartu garenean baina begira hau eskuburdin hauek kolpe hauek kank kank kank lasaitu gara pixka bat baina ez dakit zerbait irrazionala da inkontzientea zeren ondo dakigu azken boladan nola dabiltzan denok dakigu hauek ere suelto dabiltzala bridarik gabe itxurak egiten bai iaioak dira eskubideak irakurri eta rollo hori guztia baina denok dakigu nola dabiltzan zer egin zioten Iñakiri Agusi Pelosi Maialeni egin zizkioten ukituak… espero dut Imazi tratu hobea ematea gizajoa jada bigarren aldia hauek behintzat ez dira Guardia Zibilak… (Pausa) tendremos que bajar a pie (Pausa) nola? bai bai ez naiz mugituko… zertarako zapi bat? segurtasun kontuak izango dira bai… euria euria egin du usain hau nahasezina da euria lurraren kontra euria… euri usain hau uraren eta hautsaren lehen nahaste hau lurruna lurretik gora lurrina bake giroa salbazio moduko bat helduleku bat lotura bat bake garaiekin… ate bat beste bat ate-kolpe bat beste bat hemen dena kolpeka egiten da edo zer arraio ez dute beste metodorik ezagutzen edo zer… hau beste zerbait da beste urrin bat ura bai hezetasuna bai baina zerbait gelditua urmaeldua hamarkada ugari dituen hezetasun bat bazterretan laketua zoko usain nazkagarri bat itogarria hau ez da bake usaina ez hau beste zerbait da… metal hotsa (Pausa) begiak kizkurtu ditut ilun da baina sobera niretzat nire begi hauentzat zeinen azkar ohitzen garen iluntasunera ez dugu askorik behar zerbait ikusteko (Pausa) burdin-kolpe lehor bat (Pausa) hemen utziko naute? hau izorratzea (Pausa) nola? ezin naizela eseri? bale ados bale baina zergatik? (Pausa) burdin-hotsa… baietz baietz ez dut galderarik egingo bai bai erantzuteko nago ni ez galdetzeko ulertu dut (Pausa) burdin-hotsa (Pausa) nora? paretara? horma zuzenduko luke Unaik horma ez pareta ze dator de pared… paretara bai horrela? baina zer da hau zer mila herio… esango diot honi begiratzeko behingoz beraien fitxategietan nahasi egin direla kopon nahasi erabat baina isiltzeko esan dit morroi mukerra da gero a ze tipo higuingarria hobe hago isilik isilik hago hobeki motel esango luke Unaik motel ahots ergel horrekin… zenbat denbora edukiko naute hemen? zertan ari ote dira? konprobatzen agian? akaso bai horixe begiratzen ea gazte hau nondik atera da zeren arabera atxilotu dugu ez ote gara urrunegi joan galdetuko diete beren buruei etxe horretan sartu eta denak harrapatu ditugu bai ezkutatuta zeuden agian baina guk Imaz behar genuen Imaz zen atxilotu behar genuena eta azkenean denak atxilotu inertziaz-edo esango dute hauek ere zerbait egingo zuten ez dugu ezer galduko galdeketatxo batekin… hor egongo dira autoan jada ikusiko zuten nik ez dudala zerikusirik horrekin guztiarekin… segurtasun kontuengatik gehiegizkoengatik ziur aski hori ere esaten zidan Oierrek ez zaitez kezkatu ez esajeratu gero kontra etorriko zaizu dena bestela eta begira orain baina tira hori segurtasun kontuengatik nengoela han ez ezer egin dudalako ez ezeren errudun naizelako eta Imazi laguntzeagatik ere bai baina hori ez diet esango… agintariak esaten ariko zaizkie baina zer arraiogatik atxilotu duzue hori ez duzue ikusten zein melenga den askatu ezazue derrepente ez dugu arazorik nahi aski kaka-nahaste izan dugu azken boladan zipaioak torturatzaileak pnv errudun eta horrela eta ez dugu besterik behar errugabe bat hartu eta hemen edukitzea baino… fuera esango diete esaten ariko zaizkie oraintxe bertan fuera askatu ezazue segituan goazen efikazak izatera… (Pausa) burdin-hotsa… gora? zer? dena egia besterik ez dizuet esango nola bestela nik ez dut hemen ezer pintatzen… zapia? berriro zapia? iluntasun hau… berriz zoko usain hau usaimena zorrozten narda areagotzen ez nago orain oka hasteko… azkar mugitzen naiz kontuz eskailerak tak-tak-tak segi aurrera ate-kolpeak beti kolpeak beste bat beti kolpeak… eseri naiz eserarazi naute (Pausa) zenbat izango dira? zenbat hots entzun ditut? lau dira hiru hemen beste bat aparte (Pausa) ea euskaraz nahiago dudan? (Pausa) euskaraz min gutxiago egiten duela? (Pausa) egin barre egin barre bai (Pausa) noski… hori ez dakit… baina… ez dakit benetan… baina zer da hau erotuta daude burua joan zaie nork ulertu lezake… esan diet lehen zuen kideei honek akats handi bat behar du izan nik ez dut ezer egin (Pausa) nola?... horrela?... hau izorratzea eskuak ditut lurrean zabalik hanka puntak eta gora eta behera enborra zuzen tripa lurra ukitu gabe eta gora eta behera eta zenbat da flexiorik egiten ez dudala? soinketa klaseetatik agian eta gora eta behera baina hau akabua da hau ez dago ulertzerik eta gora eta behera ezingo dut asko jarraitu… ezin zaitezke erori ez zara eroriko…. azkarrago? nola baina?... erortzear naiz dardarka ditut besoak ez duzue ikusten? …hauspoa aterako zait atera… berriro hasiko garela? bai bai badakit zuek ez zaretela ekibokatzen barkatu ez nuen hori esan nahi… bai hori da bada… ez dakit jauna… zer hasi behar naiz asmatzen orain? beraiek nik baino hobeki jakingo dute harrapatuko naute orduan bai txikituko naute… egia esaten ari natzaizue ni ez nengoen han ez dakit horri buruz ezer (Pausa) tira bai baina hori beste zerbait da… baina ni ez nengoen han hori da egia (Pausa) ea ura nahi dudan? ez ez ez dut behar ezagutzen ditut trikimailu horiek begira zer egin zioten Anuki… amarru bat da guztia badakit eutsiko diot edan gabe (Pausa) nola beste maila bat? zer esan nahi du horrek? segitzeko flexioekin? (Pausa) esan nion Imazi beldur naiz ez ote diren nire kontra joango eta berak ezetz ez nuela zer ezkutatu berak ez zuen motel esaten ezetz bakarrik ez nintzela zertan arduratu behar eta hau eta bestea? galdetzen nion tira hori ez da ezer esaten zidan eta edozein kasutan beti esan dezakezu zuk ez duzula zerikusirik horrekin… bai bai arrazoi duzu esaten nion beti esan dezaket hori gainera azken buruan hori ere ez da hainbesterako muga lauso horretan mugitzen da ez da zuek egiten duzuena bezalakoa tira hobe hortik ez jarraitu (Pausa) ezin dut gehiago ez nago honetarako prest Imaz eta hauek bai formazioak egin dituzte ez zarete erori behar eutsi egin behar diozue guda psikologiko bat da zuekin nahiko dute jolastu adarra jo eta horrela irakatsi diete prestatu dituzte egoera hauetarako… baina ni (Pausa) hautsaren zaporea lur-min usaina baina sentitu ez dakit ezer sentitzen dudan jada… bai? ados… (Pausa) zuek esaten duzuena bai… zer? ez dakit jada zer erantzun benetan ez dakit nola saiatu zer espero duzuen nitaz ez dakit ezer ez nengoen han ez dut horrekin zerikusirik ez dut ideiarik batere (Pausa) Guardia Zibilak? Guardia Zibilak sartuko dituzuela? (Pausa) ziegara? bihar? (Pausa) zapia berriro (Pausa) baina zer ari dira egiten? jota daude… hau ez didate sinetsiko kontatzen badut kanpoan… banoa banoa bai… patilletatik tiraka erauziko dizkidate erauziko dizkidate seguru horrela nola joango naiz… eskailerak ez da asko faltako… burdin-hotsa (Pausa) burdin-hotsa (Pausa) zutik gainera?... ezin dut baina… ezin (Pausa) eta hau zer demontre zer da musika hau baina… harrabots ernegagarri bat musika heavya ozen gitarra bonbo zarata hau amesgaizto bat baino okerragoa da musika ozen ezin eseri horrela akabatuko naute ez dago hau jasaterik… akiturik naiz utz iezadazue deskantsatzen minutu batzuk sikiera gero berriro altxatuko naiz minutu batzuk sikiera musika hau gabe minutu batzuk sikiera hemendik irteteko hau ez dago eramango duenik hau… eta hori ez nautela gehiegi estutu ere (Pausa) zarata gogaikarria gorputza daukat lehertu beharrean (Pausa) e zu esaten didate esaten dit morroi mukerrak e gora baina kasik ezin dut loak bukatuko nau martxa honetan lo egin ezinak galarazita baitut egotea eta egotea ezin dut besterik egin egotea eta egotea eta halere ezin eutsi berriz ere oinaze barneko hau (Pausa) ezingo dut luze iraun ezingo diot horrela luze eutsi esango nioke mozoloari baina hobe hago kieto ahoa itxita bakarrik oihukatzen dit esaten dit zutik orroka jende honek ez du humanitaterik zer da hau… zarata hau musika hau hau izorratzea… ikusiko balute kanpoan hau ezagutuko balute zulo hau… nola hasiko naiz ni ezer esplikatzen nola azaldu nola nagoen barrenak krak egiteko zorian nor naizen non nagoen ulertzeko ere lanak… zenbat denbora igaro da? lo pixka bat egin nahi nuke atseden apur bat hats egin nahi dut hats tarte batez (Pausa) zenbat denbora igaro da? (Pausa) bigarren etapa? berriz ere gora? ez da egia izango… musika hau ze zarata… ez dut nahi nahiago beste edozer hemendik irten nahi dut… bai banoa ez nazazue horrela atxiki geratzen zaidan indar apurra erabiliko dut honen kontra hemendik aterako naiz lehenbailehen hemen nagusi zarete bai hau da zuen eremua bortxa iraina laidoa… (Pausa) arropak? biluzik? gorputz hau ez dago erakusteko gorputz honek lastima ematen du txiki eginda astindua zartatua dago gorputz hau da zuen obra ikusazue bai ea lotsa apurrik geratzen zaizuen begira zer den egin duzuena… ez dut begiratu ere egin nahi hemen nago zurrun gorputzetik gorpurako bidean… bai entzun dizut entzun dizut limpio como la patena bai ni un solo indicio bai hau da zuen eremua nonbait irtengo dira argira hauek guztiak noizbait ikusiko duzue orduan… nola? animaliek bezala edo pertsonek bezala? nola nahi dudan? hobe isilik nahi duzuena egin diezadakezue jada gorputz hau zuena da ez nirea (Pausa) zer? ama ezagutzen duela Ketxusek?… lepoaldean duen marka sexya iruditzen zaizula Ketxus? begira fetitxista atera zaigu tipoa entzuten dut atera nazazue hemendik… eta nola ikusi diozu ba marka hori? ez zenuen zamalkatuko dagoeneko zerri alaena? karkarkarkar… behetik gora ateratzen ari zait ezin dut gehiago… tantak ikusten ditut ezpainetik behera behazun usaina behazuna zapore garratz bat behazuna… mingainarekin garbituko dudala? ez da orain artekoa baino okerrago izango (Pausa) gainean sentitzen dut mukerra bere zama… bere hatsa usaintzen dut parez pare usain min nazkagarri bat… gainean dut ezin naiz mugitu hats hori… eskerrak bota ditudan bota beharrekoak (Pausa) hementxe geratuko nintzateke etzanda… betirako etzanda (Pausa) oihuak entzuten dira (Pausa) garrasiak entzuten ditut (Pausa) isilunea (Pausa) garrasi gehiago (Pausa) agonia-oihuak mesedez entzuten dut ai ama aditzen da (Pausa) ahots hori berea da ezin du besterena izan (Pausa) ezagutzen dudan? ez dizuet erantzungo nirekin ari zarete jolasean… oihu gehiago… bereak dira bai ezagun ditut eutsi Imaz… garrasiak (Pausa) berak ere entzungo nauela? (Pausa) burutik behera… kasko bat (Pausa) motozale kasko bat (Pausa) zertan ari dira hauek? (Pausa) urrun entzun ditut oihuak orain edo desagertu dira? (Pausa) kolpeak burua sentitu dut kontrolaezin lepoa hautsiko didate ez dut indarrik jada… berriz ere oinaze sarkor hau hezur-muinetik datorrena… zer nahi duzue esatea… ez dut ezer entzuten jada, uste dut belarri batetik entzumena galdu dudala buruak egiten dit alde batetik bestera goragalea berriro ere baina kasko honekin… eskuak altxatu ditut mugitzen hasi naiz geldirik esan didate kolpekatu naute baina ez dut ezer sentitu geldirik baina nire gorputza astindu dut nahi gabe astindu mugitu naiz erortzera noa erortzen naiz (Pausa)
burrunba barnean tunel bateko hotsa bezala hotsa eta argia elkar hartuko balute bezala iluntasuna eta oihartzuna argi eza eta burrunba kolpe bakoitza entzuten dut multiplikaturik oihartzundua hemen barnean gortzen ari nintzelakoan baina bai zera agian bai sorgortzen eroriko naiz erori naiz atseden hartzeko modu bakarra jada ez dakit zer den lehen zer den orain erori eta atseden hartu agian joango naiz buruak egingo dit planto eta gorputzaz zer esan planto eta itzali tunel baten barnean bezala hotsa bezala argi eza konortea esaten diote baina gauza handiegia da hori hemen konortea asko eskatzea luxu bat hemen geratuko banintz ez litzateke harrigarria bakea litzateke behintzat akaso ataraxia deitzen dioten hori lor liteke hemen abandonua gorputza kanpo bezala ikustea bai hau leku egokia da horretarako begira gorputz hori kasik gorpu dena nirea ere den zalantza egiten dut jada nirea zen esan beharko nuke ziur aski zehatzago izateko ez litzateke harrigarria ez ezta lehenengoa ere ezta azkena segurki inpunitatea deitzen diote honi unaik auskalo nola zuzenduko lidakeen zein izen erabiliko lukeen baina inpunitatea ez da ezer hau guztia adierazteko inpunitatea hitz amablea da hemengo honen aldean eremu hau bestaldea da existitzen denik ere zalantza egiten dut nik ere ni ere hemen nagoela oraintxe hezur azal hori ere asko esatea den arren hemen nagoenik ere duda egiten dut pentsa kanpokoek nola ez dute egingo duda nola ez dira sinesgogor izango aita zurekin gogoratzen naiz ama zurekin ere bai nola zen kantu hori oroitzen zaitudanean ama kantatzen hasteko gogoa dut hori edo beste ezer berdin zait ez da nirea kantatzea ez da nire dohainetarik baina hemen hasiko banintz kantatzen besterik litzateke zarata honen kontra burrunba kolpe musika honen kontra kantu soil bat oroitzen zaitudanean ama adibidez sukaldean egoten zara edo beste zerbait amari gustatzen zaion hori esaterako izar azpian mundua dago izarapean zerua kantatzea leun inork ez entzuteko moduan niretzat bakarrik kolpekatzen makilatzen umiliatzen nauten bitartean heldu melodia bati doinu ausazko bati salbazio moduko bat beharbada duintasunik gabe kemenik gabe konorterik gabe gorputzik gabe ere bai baina melodia bati heltzea doinu batekin eustea biziari horretan datza hau guztia ez da besterik hemen hau ez da gertatu esango didate diozun guztia gezurra da salatzeko esan dizute estutu zaituzte bai hau ez da gertatu eta hau ez da existitzen eta hemendik pasatu diren guztiak eta hemen azkendu diren gorputz atal eta gogo atal eta barren eta errai eta bestelako atal guztiak ez hemen ez da ezer gertatu ondo dakigu hori neronek ere duda egiten dut jada nahi baduzue horixe deklaratuko dizuet hemen ez dela ezer gertatu bai zer duzu esateko bada tratua ona izan dela hemen dena joan dela normal zuzenbide estatu orok eskatzen duen gisan zuzenbide estatuak hori du bermeak eta bermeak bata bestearen atzetik bermeei esker hemen ez da ezer gertatu baina zer duzu esateko leporatzen zaizkizun karguei buruz insistituko didate agian horixe ba deklaratzeko dudan bakarra hemen ez dela ezer gertatu hau eredugarria dela hemen eskrupulosoak direla giza eskubideen defentsarekin ez dut beste ezer esan nahi jasota geratu dadila mundu guztiarentzat kanpoko denentzat argi eta garbi eredugarria da zulo hau hor zehar salatzen dutena gezurra da manuala horixe manualari jarraitu besterik ez diote egiten jasota geratu dadila hemengo tratua eskisitoa da baietz baietz horixe besterik ez dut deklaratu nahi hemen ez dela ezer gertatu ezertxo ere ez (Pausa)
nola izan zen? nola izan zen galdetzen didazue nola izan zen? esan dizuet ez dakidala ezer esadazue zer esan behar dudan eta horixe esango dut hemendik irten nahi dut kito honekin bukatu behar dut ez nago hemen jarraitzeko hau akabua da hondamendia (Pausa) hauspoa dut ziztuan ezin geratu (Pausa) nola izan zen? esango dizuet zerbait hori bada zuek nahi duzuena… bururatuko zait zerbait bai nola izan zen… zer esango dut? (Pausa) bai… (Pausa) Asier Imaz… horixe… badakizue hainbeste hark esaten zuena orain han orain hemen bai Oier Perez ere bai… beste norbait? Unai Zaldua… bai Unai Zaldua… ez al duzue atxilotu? hori esan zidaten autoan nindoala… bai aseguru-etxearen kontra lehenengo gero sabotaia bat… autobusa? hori geroago izan zen… aste batzuetara… gehiago ez hori da egia hala izan da bai hirurok nik ez dakit gehiago (Pausa) ez dakit zehazki baina ziur aski bai baina ni horietan... otsailetik gutxi gorabehera (Pausa) bai erraza zen… ez nekien zer esan ordea (Pausa) gainera bromak entzun beharra… eraman nazazue jada epailearengana dena deklaratuko dut bai bai halaxe izango da eraman nazazue kartzelara behingoz hemen ezin dut jarraitu honek akabatuko nau… kartzela nahi dut… kenduko didazue musika hori ziegatik? utziko didazue deskantsatzen?... baduzue nahi zenutena utzi nazazue bakean aski da (Pausa) oraindik horrela (Pausa) zapia berriz ere (Pausa) iluna (Pausa) burdin-hotsa (Pausa) Ketxus hau nazka… ezin dut gehiago eskumuturrei begiratzen diet ez ditut jada minberaturik marka hor dut... hemendik irten behar dut norabait eraman nazaten behar dut lekutu behar dut bestaldera joan hemen ezin dut gehiago (Pausa) eskumuturrak hortxe dira (Pausa) ingurura begiratu dut (Pausa) ez dut ezer sentitzen ez dut ezer sentitzen jada… eskumuturra ahoan tinko egiten dut hozka haragian ez dut ezer sentitzen… zapore berri bat orain gozo puntu bat bai iristen ari da oinazea… oinaze narkotiko bat bai iristen ari da ezpainetan sentitzen dut jarioa… oihuak garrasiak berriro… izan ere oihuen eremua da hau garrasiena kolpeena… bestaldera joan nahi dut bestaldera ea zer dagoen han berriro entzuten ditut behin eta berriro kolpeak garrasiak zoko usain hau (Pausa)