Deklaratzekorik ez
Deklaratzekorik ez
2019, nobela
312 orrialde
978-84-17051-26-6
Azala: Angel Aldarondo (Antoni Gisberten “Fusilamiento de Torrijos y sus compañeros en las playas de Málaga” koadrotik abiatuta)
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

Max Estrella

 

 

Berri usaina aditu du trenean sartu denean, eta bere lekua aurkitu duelarik —12C—, zorionez, momentuz aldamenean inor egokitu ez zaiola konprobatu du. Motxila txikia utzi du ondoko eserlekuan, inork esertzeko tentazioa balu zailagoa izan dakion; mesedez-arrenka ibili beharrean beste leku libreren batean eser dadin, oraindik leku libre mordoa baitago bere bagoian. Denbora gutxiz egon da trena geldirik estazioan, eta abiatzerako irekia du liburua. Gaur ez du denbora sobera eduki liburutegian nobelarekin jarraitzeko, eta bataila gogor baten atezuan utzi duenez istorioa, liburuari heldu nahi dio luze gabe. Momentuz, handiak izan dira Zumalakarregiren balentriak, garaipenak pilatu zaizkio bata bestearen ondorik, eta kontakizunaren erditik pasa dagoenez eta istorioaren amaiera ondo dakienez, errezeloa du honakoa ote den gauzak gaiztotzen hasiko diren momentua. Ezin du ukatu besterik espero duela Galdosengandik, ez zuela inolaz ere espero Zumalakarregiren bizitzaren, aiurriaren, tenplearen, ernetasunaren, zuhurtziaren, adorearen, zentzu estrategiko apartekoaren halako laudorioa, eta espero du jeneralaren beste ertzen bat aterako duela nobela amaitu aurretik. Gaixotasuna da kasik azaltzen den kontu makur bakarra, “pixaren gaitza” zuela, horixe dio Galdosek, mal de orina, baina besterik ez momentuz. Kontu ezaguna, bestetik, historialarien artean. Ondo gogoan du Salamancako kongresu bat —Carlismo e hispanismo en el nuevo siglo—, doktoregoa bertan behera utzi baino hilabete batzuk lehenago joan zena, eztabaida sutsua egon zelako ponentzia baten ondotik —gauza ezohikoa kongresu aspergarri, nekagarri, faltsu horietan—, hain justu Zumalakarregiren gaixotasun famatu hura hizpide. Carlos IIIko pope batek gaixotasuna Zumalakarregiren balizko homosexualitatearekin lotu zuen, aski modu zabarrean —“prácticas sexuales peligrosas de carácter homosexual”—, eta ederra montatu zen geroko eztabaidan, ikertzaile gazte batek —doktore ere ez zena— lotura auzitan jarri ez ezik planteamenduaren “ikuspegi etiko salagarria” leporatu zionean. Gerokoak, espero zitekeenaren ildotik joan ziren: bat, ponentearen gurasokeria erantzunean (“la osadía es un defecto típico de la juventud”); bi, badaezpadako iturrien aipamena egia absolutu bailiren; hiru, beste pope baten interbentzioa Carlos IIIkoaren defentsan; lau, ponentearen eskertza azken horren hitzei eta politikoki zuzenaren kontrako eta zientzia positiboen aldeko sermoia; bost, gainontzekoen isiltasuna —nahiz eta sakonean, ez-doktorearen kritika zentzuzkoa iruditu zitzaien—; eta sei, ez-doktoreari erreplikarako ukoa denbora falta aitzakia. Popeak argi eta garbi azpimarratu zuen ez zela kontu politikoetan sartzen, ikerketa egiten zuela, eta datuak baino ez zituela aipatu, iturri fidagarrietan oinarrituak oro, eta besterentzat uzten zituela bestelako irakurketak, hark, pope ororen gisara, ez zuela interpretaziorik egiten, “eskola zaharrekoa izaki” (momentuan burua biratu zuen eta irribarrea bota zien ezkerraldean, lehenengo ilaretan zituen beste popeei, tartean Martinez Cuadra bere tesi madarikatuaren zuzendaria). Irribarreari irribarrez erantzun zioten pope guztiek, eta hala, gero ere ez zen ausartu, kaña bana tarteko, Martinez Cuadrari uste zuena esaten, alegia, praktika sexualen arriskutasuna norabide sexualarekin nahastea komunitate oso bat kriminalizatzea zela, gutxi zuela zientziatik horrek, eta bestetik, ez zuela argi ikusten ez baieztapen horren oinarri historiografikoa ezta, ondo oinarrituta egotera ere, haren pertinentzia zientifikoa ere. Aldiz, Martinez Cuadra izan zen ia denbora guztian hitz egin zuena, kongresuaren inguruko ele-mele, hautu-mautu eta txaska-rrilloez gehienbat, eta ez zuen aipatu ere egin eztabaida, ez ikusiarena egitea delako unibertsitateko pope eta unibertsitateko katedratiko badaezpadako eta unibertsitateko boteredun erdipurdiko eta unibertsitateko kasta orotakoen jokamolde behinena, haien nagusigoa zalantzan jartzen duen ororen (ia inor ez) aurrean. Pertsonalki, hori ere egia zen, ezin kexa zitekeen Martinez Cuadra tesiarekin laguntzen ari zitzaionarekin (kontu ezohikoa haren gisakoengan, baina gaiak kitzikatzen omen zuen); egiazki, putetxe padreko tesi hark, berea bainoago, Martinez Cuadrarena izaten amaitu baitzuen, eta orduko hartan ere seinalatu zizkion pare bat irakurgai interesgarri, batez ere tesiaren marko teorikoa eta metodologia fintze aldera; oraindik halako komeriatan baitzebilen, marko teorikoarekin, atal erridikulu horrekin. Total, baiezkoa eman ziola beti egin ohi zuen gisara, tesian aurreratzen ari zela sinetsarazi zion —horretarako bazuen abilidadea—, nahiz eta bazen hilabetetik gora ez atzera ez aurrera zebilela, eta esan gabe doa, gerora ez zituen sekula irakurri Martinez Cuadrak Salamancan garagardo gorri handi bat edan bitartean gomendatu zizkion erreferentzia marko-teorikogarri eta metodologiagarri horietatik bakar bat ere.

      Aralarren dira karlistak eta kostata iritsi dira goizeko hiruretan Lizarrustira, “Nafarroako eta Gipuzkoako isurialdeen banalerroa”, eta haraino iristearen pozez, irrintzi egiten dute: “Lanzaron en lo alto del monte el grito céltico hiújujú, característico de las razas cántabras y éuskaras, relincho salvaje, pastoril, guerrero, pues todo lo expresa y dice sin decir nada”. Arraza kántabro eta éuskaroak. Betondoa ilundu zaio, berriz ere zaputza Galdosek. Badaki tirabirak izan zituela garaiko gobernariekin bere izaera progresistaren kariaz, liberala zela, benetakoa, eta hori ez zen erraza garaiko Espainian (oraingoan ere hala dela iruditzen zaio), inon irakurria du Nobel Saria ere horrexegatik ez zuela jaso, hau da, Espainiako establishment kontserbadoreak eginahalak egin zituelako bazter zezaten. Horregatik, euskal zerarekiko lilura hori, irrintziak ematen dion kutsu kostunbrista barne, tira, liburuaren generoak bezala garaiko testuinguruak justifika lezake; arrazaren aipatze hori, baina, erabat baztergarri zaio, areago ustez liberala zen norbaitengan. Lizentzia erretorikotzat har litekeela akaso, baina XIX. mendean ondo sartuak ziren ordurako, ideologia berdinzaleak aski eskura ziren jada, eta lizentzia erretorikoa bainoago nazionalismo atzerakoienaren lizentziatzat du, izatekotan. Hasia da pentsatzen kasik On Carlos-zale batek idatzitako nobela dela, karlismoaren kritika zelakoan hartu zuenean. Lizarrustin izarrei begira pasatu dute gaua, Fago kapilaua, liburuko protagonista, izarrei hizketan, eta beherantz egin dute egunsentiarekin, Burundara. Soldaduak miretsirik geratu dira haitz puska bikainaren aurrean, “la tropa no se cansaba de admirar la soberbia mole”, hau da, Beriainen aurrean. Andia gurutzatu dute eta gauerako ailegatu dira Artazara. Biharamunean, hegora egingo dute, Arabako mugara, Antzin aldera, Mendazako batailarako prest. Batailoi karlista batzuk Mendazan kokatu dira, beste batzuk Asartan, eta azkenekoak, zalditeriarekin, bi herrien arteko zelaian; Zumalakarregiren jokaldi perfektua, iruditzen zaio Fagori, kristinatarrak hegoaldetik etorriko baitira, Congostoko haitzartetik, Odron ibaiari segika, eta karlistak mendiaren magalean ezkutaturik daudela, itzela izango da satartea. Alabaina, plangintza porrot hutsa izango da, plangintza bera bainoago —diosku Fagok—, haren gauzatzea, Iturralde jeneralaren presagatik. Beren lekuan gorde beharrean, azkarregi egiten dute aurrera Iturralderen dibisioek, jeneralaren jaidura borrokalari gehiegizkoagatik, eta hala, esku-eskura uzten die kristinatarrei aurrea hartu eta kokapen onenaren jabe egiten. Hortik aurrera, akabua, noraeza eta ezinora, Iturralderena. Zumalakarregik irabaziko ditu zenbait posizio, baina beranduegi ordurako, Iturralderen antsiak dena pikutara bota baitu. Geratzen zaion bakarra, erretira duina egitea, eta horretan ere lanak izango ditu, ozta-ozta iritsiko baitira onik Zuñigara, bidean ezin zenbatuzko gorpuak utzita. Patuaren kiribilak, bataila karlistek irabazi izan balute —dio Galdosek— egun batzuen kontua baino ez zen izango —zortzi zehazki— On Carlosen tropak Madrilen sar zitezen. Dudarik gabe, iruditzen zaio berari, esaldi gehiegizkoa, epikaren zerbitzura idatzia. Bera historia militarrean aditua ez den arren, ongi daki idazlearen beste lizentzia literario bat dela, eta konfirmatzen dio sarritan pentsatutakoa, hots, idazleek hobe dutela historia kontuetan ez sartzea. Ezagun da karlistek izan zutela beren aldia, irabazi zituztela ezustean zenbait bataila, baina edozein historialarik daki denbora kontua zela kristinatarrek irabaztea. Ez zegoen konparatzerik bi gudarosteen baliabide eta indarra, eta gainera, historia zuten kontra, Martinez Cuadrak esango lukeen gisara. Ziurta liteke, hori bai, porrot hori funtsezkoa izan zela Lehen Karlistaldiaren ebazpenerako, eta baiki, historiak karlismoari eta beren ideario atzerakoiari emandako lehen zaplaztekoa izan zela. Liberalen aldia zetorren, mundu modernoagoa bat, Espainiaren atzerapen ekonomiko, sozial, historikoa leuntzera, gutxitzera, murriztera zihoana.

      Jakina, pentsatu du, nork kontatuko du hori guztia, bridarik gabe, karlistez agian ez baina karlisten ondorengoez josirik dagoen herri batean? Martinez Cuadrari esan zion behin tesiaren hastapenetan, eta zuzendariaren konfiantza lortze aldera, karlistarik gabeko herri karlista dela Euskal Herria, hori iruditzen zitzaiola; barrez lehertu zitzaion, eta baietz, horixe zela okerrena, agerian ez dagoen gaitz bat delako, eskura dauden ideologia politiko eta alderdi politiko eta lubaki politiko guztiak gainditzen dituena, eta begiratzeko bestela, begiratzeko euskal sozialistei —ondo ezagutzen zituen—, eta han ere karlista mordoa topatuko zituela sobera miatzen ibili gabe; “karlistarik gabeko herri karlista” errepikatu zuen, “orain bai asmatu duzula bete-betean”, eta algaraka jarraitu zuen harik eta tabako-eztulak geldiarazi zuen arte. Bere tesiak, izan ere, horrekin guztiarekin baitzuen zerikusia; ikertu nahi zuen nola dauden oraindik, XXI. mende hasieran, ideia eta balio eta maneretan karlismoaren arrastoak Euskal Herrian, halako joera kontserbadore errotiko bat, kanpotarrarekiko mesfida, nortasuna gotortzeko jaidura isil baina setatia. Ez zuen, jakina, nolanahiko egitasmoa, bera historiatik bazetorren ere, jite antropologiko nabaria eman behar ziolako tesiari ezinbestean, eta berak ez zekielako antropologiaz apenas, eta are, Martinez Cuadrari berari antropologia diziplina gisa aski badaezpadakoa iruditzen zitzaiolako. Alabaina, azkenean lortu zuten antropologiako irakasle baten laguntza, Martinez Cuadraren konfiantzazkoa zena —70etako militantzia politikoko ezagun bat—, eta aurrerantzean zuzendariak ez zion jaramonik egin alderdi horri. Arazoak ez ziren hor amaitu, hain justu historiaren eta antropologiaren arteko eremu lauso horretan galdu zelako egin zuen porrot proiektuak, edo behinik behin, horixe zen berak besteri bezala bere buruari kontatzen ziona.

      Mendazako batailakoak akitu zaizkiolarik, motxilaren ondoan utzi du liburua. Ipurdia aurrerantz irristatu du eserlekuan, eta burua leiho aldera pixka bat biraturik, lo-susta egiteko jarreran ipini da. Goizean goiz bidaia duen bakoitzean, loarina izaten du; biharamunean lo geratzearen kezkak jaten dio sosegua, eta ohean alde batera, ohean beste aldera, begirik ezin bildu ibiltzen da gauaren zati handienean. Dagokion orduan baino pare bat lehenago esnatuz gero, hobe izaten du izara artean nazkatu ordez altxatu eta martxan jartzea, nahiz eta gero, oraindik egun-argi ez dela, lokartu aurpegiarekin ibiltzen den etxean barna noraezean, berokia soinean eta maleta prest atearen ondoan. Ganoraz lorik egiten ez duenean, goizean ziztada modukoak sentitzen ditu lokietan eta buruaren atzeko aldean, ez direnak burukomin izatera iristen, baina enbarazu zaizkionak kontzentrazio maila minimo bat eskatzen dioten gauzak egiteko. Luciarekin egokitzen zaionean, erabakia hartuta dute: ohe banatan egiten dute lo. Luciak ohi bezala egiten baitu lo bidaiatu edo ez, sakon alegia, baina hasieretan hura ere esnatzen zuten bere oheko mugimendu ipurterreek, eta hala, aski zela erabaki zuen behin Lanzarotera oporretara joatekoak ziren bezperan.

      Erosoa zaio tokia; erdi etzanda ipini eta minutu batzuetara ohartu da, gainera, atzekoari traba egin gabe bizkarraldea etzateko aukera duela eserlekuak. Halere, ez da lo hartzeko gauza. Orain itzulika dabilena barruan duen har, beldar, sits, zizare edo dena delakoa baita. Mugikorrarekin bueltaka zentzugabe ibili ondoren, altxatu eta mugitzea izango dela onena deliberaturik, kafetegira abiatu da. Katilu bat ageri den afixak markatzen duenari segika, kontuz egin du pasilloan aurrera, trenaren balantzak alde bietara eserita direnengana bota ez dezan. Gizonkote lodi itxuraz desatsegina dago barraren beste aldean; kafesne bat eskatu dio, esneak halako lekuetako kafe okaztagarria disimulatuko duelakoan, eta bero-bero jarri dio kartoizko basoan. Tipoa jatorra dela dirudi azkenean, berezko jendetasun hori dutenetakoa, eta bazter batean dauden egunkariak eskaini dizkio adeitsuki, nahiz eta gaztigatu dion ezer interesgarririk ez duela topatuko orrialde horietan, “betikoa” ez bada. Irribarrez erantzun dio berak; konplizitatea erakutsi nahiko lioke, baina barneko har, beldar, sits, zizareak galarazi egiten dio atseginago izateko beharrezkoa zaion nasaitasuna edukitzen. Egunkaria hartu du, El Mundo, han idatzitakoa irakurtzeko gogoz dagoelako bainoago gizonkote jatorraren iradokizunari segitzearren. Burua ez du Sumatrako terremotoaren ingurukoei arreta jartzeko, eta buelta eman eta leihoaren aldean dagoen barra modukoan jarri da zerbitzariari bizkarra emanez; hobeto disimulatuko du horrela egunkariarekiko interes falta. Altsasura iristen ari dira, eta arroila-arte horietan igarotzen ari direla, ekidinezina zaio Zumalakarregirengan pentsatzea; nola handik ez urruti, karlisten batailoiak igaro ziren hegoalderantz, nola geratu ziren Mendazan eta nola erretiratu behar izan zuten Iturralde jeneralaren mugimendu malapartatu haren kariaz. Hala dabilela, bere burua madarikatzen du azkenean karlisten —eta ikusten duenez, Galdosen beraren— kontakizunari kosk egin eta haien porrotarengatik atsekabetxoa sentitzen ari dela ohartzen denean; idazleen jukutriak horiek, gupida senti dezazun tokatzen ez denean. Literaturaren tranpa horiek, pentsatu du; Martinez Cuadrak esango lukeen moduan, “zientziak ezin onar dituen amarruak”. Hala, buru gainetatik dabilela, gizon handikote bat sartu da kafetegian, trenaren beste aldetik. Lodia gabe gihartsua da, eta ilea atzerantz orraztua darama; barran bermatu da, beregandik nahiko aparte, beltzuri. Zerbitzariaren berezko adeitasuna ez da aski izan gizon muzinari atsegin-keinu txikienik ateratzeko. Ez dio tipoari jaramonik egin harik eta zerbitzu adikorragatik esker onez —nahiz eta kafesnea txarra mortala zegoen— edalontzia zerbitzariari gerturatu, eta gizon gihartsuari koskor susmagarri bat ikusi dion arte gerrialdean. Akaso barran bermaturik dagoela txaketak egiten dion efektua da, pentsatu du, eta bere ezinegonetik edonon ikusten dituelako mamuak, baina edozein kasutan, bere lekurantz abiatu da kafetegia bizkarrean utzi eta luzamendutan ibili gabe. Lehen bagoia gurutzatzen ari dela entzun du hots bat atzetik, dei bat, eta instintuz buelta eman duelarik, gizon muzina ikusi du berari begira, berari deika, zerbait eskutan duela. Ezustean harrapatu duelako-edo, ez du berehalakoan erreakzionatu, eta harengana abiatzerako etorria (are iritsia) da berarengana. Bisaia atseginagoa duela iruditu zaio orain, eta denbora izan du, bitarte horretan, haren konkorrari erreparatzeko. Zalantza du; txaketa lotuta darama orain eta zaila zaio ezer berezirik antzematea.

      — Hau ahaztu duzu kafetegian.

      Zumalakarregiren liburua da, hori despistea. Ile sarriko eskuak ditu. Eskerrak eman dizkio.

      — Ez da ezer. Zer, jeneralen istorioak interesatzen zaizkizu?

 

 

Zuzenean joateko esan dio Luciak, gauez iritsiko denez, onena arte galeriara etxetik pasatu gabe joatea izango zaiola. Berak nahiago luke etxetik pasatu eta maleta uztea, baina hain garbi esan dio dena, ezen ez den ausartu beste planik iradokitzen. Chamartinen metroa hartu du eta transbordo bakarrarekin iritsi da Chueca geltokira; handik gertu aurkitu du galeriaren kalea. Kale labur eta oker bat, itxura batean arte-galeriarik nekez topatuko duzun horietakoa. Supermerkatu merke bat, kalera lokalik ematen ez duen eraikin-galeria modukoa, fatxada aire girotuaren haizagailuz josia, eta harantzago bizpahiru taberna bata bestearen ondotik. Kalearen erdialdera topatu du jende multzo bat, errepidearen erdia ere hartzen dutenak, garagardo-zigarroak eskuan, eta berehala ohartu da horixe duela helmuga. Atariaren ondoan zintzilik dagoen lonazko afixa gorria da galeriaren seinale bakarra, Galeria Max Estrella; antza, kalearen garaierara egon gabe goialdeko pisuren batean dago kokaturik. Valle-Inclan, pentsatu du, agian horrek esplika dezake Galdosen karlismoarekiko epelkeria; hau da, XIX. mende bukaera eta XX. mende hasierako Espainiako hainbat intelektual erakarri zituela karlismoak; hainbeste ezen Valle-Inclan karlistak goratzen zituen nobelak idaztera ailegatu zen. Galdos esajeratu bat, ez dela besterik Valle-Inclan pentsamendu politikoari dagokionez, horixe pentsatu du, nahiz eta lehena liberaltzat eta bestea karlistatzat jo izan den, baina ez dagoela sakonean hainbesteko ezberdintasunik.

      Ataria irekita dago eta korridore luze bat ikusten da barrenean. Sartu bezain pronto ohartu da ezetz, goialdera jo beharrean aurrera egin, eta hondoan dagoela galeria, jendearen joan-etorri ugariek aditzera ematen dutenez. Mukuru da handik eta hemendik eta ez du berehalakoan aurkitu Lucia. Hainbeste bizar ondo zaindu, tatuaje argitsu, piercing, orrazkera aldrebes eta erabakimenezko keinu artean, inozo samar sumatu du bere burua, maleta lau gurpilduna tente alde batetik bestera mugituz, bost ordu gorako bidaiak utzitako piura zarpail samarra nola disimulatu ez dakiela. Hala ere, galerian, gorputzen gainetik horma-sabaien zuritasuna gailentzen da, beretzat gehiegizkoa den argitasunagatik; jende-uholdean sartu arte ez da gauza izan paretetako obrak ikusteko. Hain dira txikiak, ezen ikusi ere ezin diren egin jendea apartatu gabe. Haiei jaramonik egiteke, baina, galerian barna sartu da barkatuka, maleta jada eskuetan daramala bere hanken aurrean. Salatxo baten atarian identifikatu du azkenik, beste bi emakumerekin hizketan. Albo batetik gerturatu zaiolarik, ez du ikusi etortzen eta “discúlpenme” batekin eten behar izan die solasaldia, Lucia ohar zedin. Muxu ematera joan zaionean, maletarekin apur bat bultzatu eta garagardoa bota dio Luciak nahi gabe jakan behera. Kaka zaharra, eskuaz ahal den moduan garagardo arrastoa igurtzi, jaka kendu eta bazter batean utzi du maleta ditxosozkoaren gainean. Lucia adeitsua izan da agurrean, baina ez bereziki suharra; akaso ez da momentu egokienean ailegatu. Bi neskak aurkeztu dizkio, Madrilen bizi diren bi “artista emergente”, azaldu dionez. Ezetz bietako batek, emergente ez direla, hitz hori ez zaiola batere gustatzen, eta gainera garbigailua egiteke utzi duela gogorarazi diola, eta barreak, eta artista hitzarekin ere justu-justu identifikatzen dela. “Bueno, realiza intervenciones en el espacio público”. Bakanetan entzun du Lucia horrela hitz egiten. Artista edo dena delakoa, ordea, oraindik konforme ez definizio horrekin, “tampoco los llamaría intervenciones”, baina tira, ideia bat egiteko aski izan daitekeela. Espazio publikoaren horrekin txiste bat okurritu zaio baina bere burua bridatu du zuhurki, botaz gero ziur aski lokazti ederrean sartuko litzatekeela kalkulatuta. Besteari begiratu eta galdetu dio ea “zerekin egiten duen lan”, eta “yo pinto” labur bezain zehatz batekin erantzun dio xehetasun gehiago eman gabe. Garagardoak bukatu direla-eta seguru asko taberna batera joango dira laster, horixe esan dio Luciak, masterreko gainontzekoak ere hortik dabiltzala (aurkeztuko dizkizut gero), eta denak bildu bitartean ea nahi duen buelta bat eman galeriatik obrak ikusteko. Gogorik ez du, nahiago luke zalaparta hartatik irten, baina baietz, emango duela buelta bat, kuriosoa egin zaiola, hori bai, obra oso txikiak direlako. “A mí, la verdad, y ahora que no nos oye nadie, me ha parecido un bluf” bota du espazio publikoaren esku-hartzaileak. Yopinto, ordea, ez dago ados, artistari erakusketa hobeak ikusi dizkion arren, badituela zenbait pieza interesgarri, eta obra txikiak egiteko bide hori, arriskutsua bada ere, ausardia handikoa iruditzen zaiola, nahiz eta onartzen duen agian erakusketa honi zerbait falta zaiola. Ez dute ematen norbaitek entzungo ote dituen beldur, nahiz eta imajinatzen duen artista bera ere ez dela urruti ibiliko. Sarrerara abiatu da, bada, erakusketa ordena batekin ikusteko asmoz, Luciak “si tienes dudas luego te explico” burlaizezko bat bota dionean, beste bien, esku-hartzailearen eta Yopintoren, irri laburren artean. Gustatzen zaio besteren aurrean adarra jotzea, batez ere halako gaiak tarteko, eta berari ez dio inolako graziarik egiten, inozo sentipena barneratzen zaio kolpetik, areago parean tokatzen zaizkionak ezezagunak badira. Ez entzunarena egin eta sarrerarantz abiatu da, beraz, eta konturatu da pixkanaka geroz eta jende gehiagok egin duela kanporanzkoa. Bera ere, aurrean egokitu zaion segizioari jarraitu eta, obrei kasurik egin gabe (galeria hartan dauden hamarretik bederatzik bezala), kanporantz joan da. Gau ederra dago, eta sartu denean baino jende gehiago da kanpoan, iskanbila ederra; espaloian alde batera mugituz, zigarro bat eskatu dio gertu ikusi duen neska hauskor itxurako bati. “Lucky?”. Berdin zaiola. Zigarroa ahoan, burua aurreratu duenean metxeroaz pitz ziezaion, makillajearen usain nabarmena aditu du, talkoaren usain antzeko bat. Galdetu dio ea erakusketa gustatu zaion eta berak ez duela ikusi, iritsi berria dela eta hainbeste jenderekin agobiatu egin dela. Hari ere ez omen zaio gustatu, “un poco sosa”, baina bueno. Gustura erre du zigarroa, atxiki luze bakoitzari poliki eginez tira; aspaldian hoberen sartu zaion zigarroa, dudarik gabe, baina nahi baino lehenago amaitu zaio. Gora begiratu du, pabiloi itxurako pareko eraikinean ilun daude leiho guztiak, eta iluntasun horrek eta gaueko haize epelak kaleko zalapartatik bakartzen lagundu diote. Oraindik zurturik da bezperan gertatutakoarekin; ez du ezer entenditzen, are gutxiago nola arraio endredatu duten kontu horretan bera, baldin eta etorri zitzaizkionak benetan poliziak baziren. Ez dago kontrakoa uste izateko motiborik, hori ere egia da. Baina ezin konpreni dezake, ezin hartu neurria. Baina nola da posible. Baina nola berari. Baina zer arraio. Hainbeste urte igarota, politikaren zeraren zeratik aldentzeko hartutako neke guztien ondoren. Ziztuan deitu zion Luciari, astebururako Madrilera joango zitzaiola bisitan, hura ikusteko gogo bizia zuela; lanetik zuzenean joango zen tren-geltokira, horixe esan zion, eta iluntzerako Madrilen izango zen. “Egun batetik bestera erabaki duzu?” galdetu zion Luciak, bozkario erakustaldirik gabe, eta berak baietz, halaxe eskatu ziola gorputzak, ez zuela zeregin berezirik astebururako, libre zuela, eta aurretik hitzartutako asteburua baino lehen joatea pentsatu zuela, ea ez zen pozten, bai noski, nola ez naiz poztuko, erantzun zion Luciak, batzuetan bihotzak agindutakoari kasu egin behar zaiola, hori ez zuen esan, lotsagatik, baina bai pentsatu, eta hark esaten zion lekura joango zela biharamunean, ez kezkatzeko, Luciaren aurreko planetara moldatuko zela; a, ba oso ondo, nik uste interesatuko zaizula gainera, erakusketa bateko inauguraziora goaz, eta gero hortik zerbait hartzeko asmoa dugu masterrekook, eta horrela nire kideak ezagutuko dituzu, eta ikusiko duzu, jende interesantea da, atsegina, parte askotakoak, eta lasai, ez beldurtzeko, ez dela hainbesterako artista artean ibiltzea, eta orduan bai, denborak kontua asimilatzeko aukera utzi izan balio bezala, bozkarioz esan zion, ze ondo, hau sorpresa, bihar ikusiko dugu elkar.

      Galeriatik gero eta jende gehiago irteten ari da, eta pentsatu du onena, momentuz behintzat, hantxe geratzea izango dela, kontraolatuarena egin gabe —oroitu da grafitero harekin, “soy la contraola”—, zigarroa ments, hori bai. Kanpora atera direnen artean ezagutu du Lucas, Patolucas, masterreko arduradun listomaria, amerikana marroi batekin, atzerritar itxurako (Europa iparrekoa?) neska batekin hizketan. Elkarri begiratu diote baina ez dute elkar agurtu; denbora laburrez kointziditu zuten eta akaso ez zen berarekin akordatuko, iruditu zaio lehenik, nahiz eta gero, ondo hausnartuta, ezagutu duela begitandu zaion. Luciaren nobio mozolo hori, tipo gris hori, pentsatuko zuen. Luze gabe atera da Lucia ere, talde handi samar baten erdian, harekin eta honekin hizketan. Ea zer iruditu zaion erakusketa, eta berak, tira, haiek komentatutakoarekin ados dagoela, ozta-ozta ikusi ahal izan duela, azaletik bezala, baina nahiko gatzila iruditu zaiola. Taldearengana biratu eta denen aurrean aurkeztu du Luciak; adeitasun handiz agurtu dute, irribarre zabalak aurpegian, baina zeudenera itzuli dira segituan biak bakarrik utzita. Hamar lagunetik gorako taldea da, eta pelaje guztietako jendea dago, gehienak emakumezkoak, eta ia denak bera baino gazteagoak; karrera bukatu berriak, pentsatu du. Talde handien ohiko ez-atzera-ez-aurrerak galeriaren kanpoaldean geldiarazi ditu, gainontzeko jendea pixkanaka sakabanatzen ari dela, eta galeria, jada hutsik, ixten hasi direnean. Lucasek ea beste norabait joango diren galdetu du, eta taldeko madrildar ia bakarra denez —eta masterreko kudeatzailea izateak ematen dion posizioagatik—, Lavapies aldera joatea proposatu du. Mutil gazte herabe samar bat desenkusatu da, berak jada martxa egingo duela, nekaturik dela, eta astelehenean ikusiko dutela berriz ere elkar, “en la mina” gehitu du Lucasek burlaizez. Neska batek galdetu dio Lucasi ea Lavapies urrutitxo ez ote den geratzen, eta inguruko edozein tabernatan geratzea nahikoa izango dutela; total, zerbait hartzea dela kontua, eta horretarako edozein taberna-zulo dela egokia. Metroa hartuta hogei minutuan han izango direla eta merezi duen taberna batera eramango dituela erantzun dio Lucasek.

      — Egia da, oso ondo dago, aurrekoan ezagutu nuen, gustura egongo gara han. Gainera, ze presa dugu?

      Berari begiratu dio bere oniritzia lortu nahian-edo, baina ez du zirkinik egin, ez da orain hasiko bera, iritsi berritan, nora joan erabakitzen.

      — Presa? Batere ez!

      Eguzkitako betaurrekoak jantzita dauzkan mutil gazte ihar bat da, eskuak gora eraman eta keinu nabarmena egin du. Amore eman du neska gazteak, eta ondoan duen mutilak bota dio, denak entzuteko moduan: “Deja, María, que parece que regalan algo ahí”. Metroko sarbiderantz egin dute, bada, Lucas gidari, eta Tribunalen sartu dira. Nasan itxoiten ari direla, beste puntan ikusi duen morroi bati bota dio begia; urrutitik ez da ondo zehazteko gai, baina ezaguna egin zaio, treneko kafetegian topo egin duen gizon hori ez ote den. Orrazkera antzekoa duela iruditu zaio, baina bere artean pentsatu du, bestetik, orrazkera ohikoa dela hori Madrilen. Trena iritsi da ziztuan, zarata ozenez, aire beroa hauspotuz, eta berak gizona dagoen norabidean eman ditu zenbait urrats, ateak ze paretan geratuko diren zalantza tarte hori aprobetxatuz, eta lortu du taldea bereganantz mugiaraztea. Lehena sartu da bagoian, morroiaren aldera begiratu du, metroaren barnealdetik; ezin du ikusi, baina, ordu horretan jende asko dabil metroan, horietako ugari zutik, eta burua alde batera eta bestera mugituta ere, ezinezko zaio hiru bagoi harantzago dagoen ezer ikustea. Amorrazioz bete da, eta nasara begiratu du berriro, zer gerta ere, ea han jarraitzen duen jakiteko, baina tipoa ere metrora sartuko zen.

      — Zer gertatzen zaizu?

      Ondo ezagutzen du Luciak; aise identifika dezake kezkaturik denean jartzen duen bisaia urduria.

 

 

— Vodka!

      — Izotzarekin?

      — Ez, vodka-tonika, horixe da orain datorrena.

      Ez zaio iruditu Lucas bere buruaz barre ari zenik boladan diren eta ez diren edariei erreferentzia egin dienean. Bistakoa da boladak duela mugitzen eremu guztietan, beste inor baino listoagoa izan nahi horrek, beti besteren aurretik dagoelako itxura eman nahiak. Orain, gutiziazko gintoniken bolada honen ondotik, vodkaren garaia ailegatuko dela ari da esplikatzen, lagun duen tabernari batek esana diola, dolar mordoa jarri dituztela konpainia handiek vodka bultzatzeko, vodka mota mordoa zabaltzen ari direla, ez orain arte bezala, non vodka eskatu eta inork ez zizun galdetzen zein markatakoa nahi zenuen; inork ez zuen planteatzen tonikarekin edateko halakoa edo halakoa zen egokiagoa, edo alderantziz, vodkarekin edateko halako edo halako tonika. Egoteko, egoteko, urtebetean baietz kristo guztia vodka-tonik eskean ibili, orain denok gintonik-ka ari zaretenean. Zaretenean. Paradigma hitza erabili du aldaketaren tamaina izendatzeko, eta momentu horretan taldearen beste aldera begiratu du beste konbertsazioren baten bila; alferrik baina, denak dira isilik Lucasen hitz-jarioari entzuten.

      — Niretzat beste bat orduan.

      Erabakimenez esan du Luciak, eta beste bi gehiago animatu dira.

      — Kaña bat niretzat, mesedez.

      — Ondo egiten duzu, mutil; badakizu, hemen ondo botatzen ditugu.

      Konplizitaterik lortu ez duen konplizitate keinuaz esan dio Lucasek.

      Lepo da lekua, ozen hitz egiten du jendeak, asaldaturik bezala, eta beiratearen aldera dagoen lagun talde batengan ipini du arreta; arropa deigarriz jantzita, M-z enpo daudela esango luke. Treneko tipoaren arrastorik ez du sumatzen, hori bai. Dena den, esaten dio bere buruari, bere hipotesia egia izatera, arraroa litzateke hura ere taberna barrura sartzea, nabarmenegia litzateke-eta. Besteren bat sar zitekeen haren partez, hori hala da, baina ez du beste inor susmagarririk topatzen tabernan, nahiz eta kontu horietan ezin jakin inoiz. Bestetik, trenean izan zuen jarrerak ere ez dio koadratzen; liburuarekin beregana joan izana ez da zentzuzkoa baldin eta beldurtu nahi ez bazuen, edo mezu ezkutu edo abisuren bat eman nahi ez bazion. Agian dagokion baino esangura handiagoa eman dio, finean, “Jeneralen istorioak interesatzen zaizkizu?” horri, komentario tonto bat, imajinatibo samar agertu nahi duen tipo arrunt batena, besterik ez, ez du zertan gibel-asmorik aurkitu nonahi. Luciarekin hitz egin nahi luke, baina ez du aurkitzen tarterik, gaur itxura du total eginda iritsiko direla etxera, eta ezin izango diola ezer kontatu, edo are, hobe ez badio gaia ateratzen. Gogaitu egiten dute hura kontu politikoek, gogaitu, bereziki, bere iragan politiko gatazkatsuak, ez bereziki antiabertzalea delako, baizik eta partidu eta ideologien arteko jokoaz paso egiten duelako. Berak ere hala sentitzen du bere burua, baina Luciak inoiz esan dio “iraganean ainguratuta” jarraitzen duela; bale, mundu hartatik irteteko kemena bildu zuela, eta hori, dudarik gabe, meritu handiko kontua izan zela, gehienek han jarraitzen baitute, denborarekin gauzak hain argi ikusten ez badituzte ere; baina hala ere, esan izan dio Luciak, kontra egin behar horrek ere, iragana mespretxatzeko bere obsesio horrek, herra politiko horrek, paradoxikoki, mundu haren aitortza suposatzen du, ideologia abertzale erradikalaren aintzat hartze sakon bat, eta badirudi zor moduko bat-edo sentitzen duela, beti kontu horiekin gora eta behera ibiltzeko, Unairen bizkar burla egiten, Imazen itzala madarikatuz, eta abar. Egia da, bere onetik ateratzen dute kontu horiek, eta baiki, Luciari aitortuko liokeena baino konformeago dago hark esan izan dionarekin. Saiatuta ere, urte mordoa igarota ere, ezinezko zaio kontu horietaz paso egitea, eta horretan bere aitaren iguala dela pentsatu ohi du, ezgai politikarekiko —are politika egiteko modu perbertso horrekiko— distantzia hartzeko. Dei egiten dio gatazka delakoak, kitzikatu, eta horri guztiari estaldura etiko bat jar baliezaioke ere —barbariearen aurrean isilik ez geratzea, izugarrikerien aurrean asaldatzea—, ondo daki erraiekin zerikusia duen zerbait dela gehiago. Nahi luke Luciaren jarrera izan, biolentzia historia horrekiko desapegu hori, baina ez da gauza; iruditzen zaio biolentzia historia horrek ukitu izan duelako dela batez ere, ukitu are hezur-azaletaraino, eta hori ez zaiola Luciari gertatu. Hura ere, guztiok bezala, posizioa hartzera behartua izan zen, posizioa hartu zuen, bai, baina errazagoa izan zaio, historia malapartatu hau azkenetan denean, urrats bat alde batera egin eta eguneroko bizitzako kontu hutsalei heltzea. Eta amorratu, amorratu egiten da Lucia berriz ere betiko borroka, betiko biolentzia, betiko eztabaida politikoa, betiko gatazka biziberritzen diotenean, eta horregatik esaten dio berari, ez mespretxuz baina bai kirri suerteko batez, “iraganari lotuta” segitzen duela edo “azken finean, gatazkak berotu egiten zaitu”, eta halakoak. Ez da, ez, bezperakoa kontatzeko tenorea, hobe beste uneren baterako uztea, ea bihar baden tarterik, ea nola hartzen duen, ea lasaigarri zaion inori kontatzea, ea zer egin asmatzen laguntzen dion; zer egin, zer arraiogatik joan diren nor eta berarengana, hainbeste urte igaro eta berriz ere bueltaka, egin duen ibilbide horren guztiaren ondoren; esan zien, bada, jada ez zuela horrekin guztiarekin zerikusirik, areago, erdeinuz ikusten zuela, eta hari mehar batek lotzen badu oraindik laguntasun moduko batengatik zela, ez beste ezerengatik, gogaiturik duela guztiak, beregatik bukaera eman diezaiotela behingoz, horretarako denak eta ez direnak atxilotu eta zapaldu eta zentzatu behar badituzte ere, nagusitxoak direla horiek ere, badakitela zertan dabiltzan eta nor duten, ze klasetako aparatua duten aurrean; enpo dela, nazkatuta, istorio horrekin guztiarekin.

       —Luciaren proiektua aurrera doala dirudi, Rosalindek begi onez ikusten du.

      Masterreko kontuekin dabiltza, Lucas gidari; antza, masterreko kontaktuen bidez Luciaren proiektuaren berri eman diote pope omen den emakume hari, eta interesgarria iruditu omen zaio, abenduan ailegatzean zehaztuko dutela, baina kotutoretza baten aukera aipatu omen zuen.

      — Orain lan egitea tokatzen zaizu, maja.

      Eskua eman diote elkarri, konplizitatez. Ez daki Luciaren begietako distira alkoholarengatik den ala ez.

      — Nola ez didazu lehenago kontatu?

      Euskaraz esan dio.

      — Atzoko kontua da, eta ez da ezer ziurra oraindik.

      Apalkeria puntu batez bota dio, berez ateratzen zaion euforia geldiarazi nahi balu bezala. Errepikapena hartu nahi du gaitzat Luciak bere proiektuan, errepikapena arte moderno eta garaikidean, originaltasunaren mesedetan erreprimitua izan den hori, hasi da azaltzen. Gezurra dirudi, esan du, baina modernitatean originaltasuna eta bakantasuna izan dira balio goretsiak; errepikapena, kopia, hobenduak izan dira, erdeinatuak, baina, egiazki, eta Rosalind Kraussen teoriei jarraituz, haiexek bezain funtsezkoak izan dira horiek arte garaikidean. Ezin dela ulertu modernitatea errepikapenik gabe, kopiarik gabe.

      — Benjamin landu beharko duzu orduan.

      Mutil gazte betaurrekodun bat da, ordura arte isilik ibili dena.

      — Oinarri bezala.

      Ezin isilik egon Lucas. Kontua, beraz, originaltasuna eta modernitatea estuki lotzen dituen mitoa eraistea izango da, oso postmodernoa dena, pentsatu du berak gutxiespen tanto batez, baina edozein kasutan unibertsitate giroan ikusi duen errepikapen —hor bai— baten adibide, jakintzat eta ontzat ematen diren ideien halako etengabeko auzitan jartze bat, gehienetan erretorikoa, benetakoa bainoago, eta are gehiago filosofian eta artean eta halako diziplina, tira, lausoetan. Hartu onartutzat dagoen ideia bat eta bila iezazkiozu ertzak, bilatu bainak, bilatu eragozpen edo trabaren bat, ez derrigor munta handikoa, eta horrekin nahikoa izango duzu ibilbide akademiko-zientifiko-ikerketazko bati ekiteko, mundu zabaleko beka eta instituzioek babestua, eta nazioarteko popeen, Rosalind Krauss horren edo are Stephen Hawking beraren onespenarekin. Kontua da, segitu du Luciak, artean berritasun oro zaharra den marko baten gainean egiten dela halabeharrez. Identifikagarria eta ezaguna den marko batean da posible soilik artea, aurretik artetzat jo diren obra guztien segidan baino ezin da jo berritzat obra bat, baita denik eta originalena eta abangoardistena izanik ere. Artearen sare erraldoi horren barruan sartu ezean, objektu bat ez da sekula artelantzat joko, eta ez da honenbestez, abangoardistatzat hartuko.

      — Berritasun guztia zaharraren errepikapena baino ez dela, ala?

      — Ez joan hain azkar, gazte.

      Lucasen jarrera tentel horri paso egitea izango dela onena sinetsarazi nahi dio bere buruari. Irmo jarraitu du Luciak, ez ulertzeko gaizki, horrek ez duela berritasunaren ideia ukatzen edo gutxiesten, baizik eta kontua dela berritasun artistikoa “bere neurrian eta termino egokietan antzematea”. Eta adibide bat jarri du: erretikula. Pintura modernoa saiatu da hausten, hausten etengabe, berria denaren bila geldiezin, inpresionismoa eta fauvismoa eta kubismoa eta futurismoa eta espresionismoa eta dadaismoa eta surrealismoa, eta segi aitzina, baina sakonean berritasun horien oinarrian erretikula dago, pintore modernoek erretikularen bariazioak besterik ez dute egin, ez zaie meriturik kendu behar, noski, baina denek egin diote men egitura geometriko zurrun horri, ez dute auzitan jarri, berdin du Van Gogh, edo Dali, edo Pollock, edo Cezanne, edo niri bereziki gustatzen zaidan bat aipatzearren, esan du Luciak, Leger, denek onartu dute laukizuzena, eta horren gainean egin dituzte beren berrikuntza eta esperimentazioak. Erretikularen errepikapenik gabe, bada, ezin konprenituzkoa litzateke pintura modernoa, eta beraz —ematen du amaitzera doala—, berrikuntza bezain garrantzitsua da errepikapena, ezagun den eta gertuko zaigun marko hori, kasu honetan erretikula. Harold Rosenbergek ere esan zuen, berria denaren tradizioa. Gazte betaurrekodunak esan dio, tira, interesgarria dela esaten duena, baina ez dakiela, hor dagoela Duchamp eta bere pixalekua eta ready-madeak, oro har, eta Warhol eta Brillo Boxak.

      — Hori beste kontu bat da.

      — Ez zait iruditzen.

      Pinturaz ari dela bera eta ez direla arte mota ezberdinak nahastu behar. Betaurrekodunak temati hain justu hori dela arte modernoaren ezaugarrietako bat, arteen arteko mugak eztandaraztea, arte absolutu bat dela bilatzen dena, gutxienez Wagnerrengandik datorren ideia dela hori.

      — Ez dakit ba, hitz egin ezazu Rosalind Kraussekin.

      Ohiko solturaz erantzun dio Luciak, ingurukoak liluratzeko duen gaitasun horrekin, eta denek egin dute barre; betaurrekoduna, apur bat deseroso, isildu egin da. Lucasek hartu du hitza orduan, eta gehitu du erretikularena gainera arte garaikidera ere igarotzen dela, badela arte-lerro oso bat erretikularekin obsesionatzen dena eta erretikula bere purutasunean nahi duena erakutsi, bere izaera materialean. Ad Reinhardt adibidez, eta bere monokromoak, edo Agnes Martinen mihiseak, emakume bat ere aipatzeko, beti aipatzen baitira gizonezkoak, dio, eta hor ere errebisio handi bat dago egiteko, emakumeek ere ekarpen interesgarriak egin izan dituztelako artean —gizona ez balitz bezala esan du Lucasek—.

      — Ad Reinhardt, zelako koñazoa.

      Yopinto da, edanaren eraginak hauspotuta-edo.

      — Zuzenean ikusi dituzu bere koadroak? Zuzenean beste zera bat dute.

      — Bai, tira, ez diot puntua harrapatzen.

      Konbertsazioan sartzeko aukera ikusi du berak.

      — Galdera bat egin diezazuket?

      — Bai, noski.

      — Hainbeste teoria eta hitz potolo artean, zer dela eta sartu zara zu masterrean? Zergatik ez zara pintatzera dedikatzen eta kito?

      Gurasokeriazko keinu bat egin du Lucasek, burua alde batera eta bestera mugituz, sekula baino patolucasago, eta Luciak “déjale” esan diola iruditu zaio.

      — Amigo, zu ez zatoz arte mundutik, ezta?

      — Ez, historialaria naiz.

      — Hara! Eta zer ikertzen duzu.

      — Utzita dut, nire gaia karlismoa zen.

      Barre algarak, karlismoa, ez sinestekoa, karlismoa.

      — Esan dizuet, utzia daukat.

      Publikoa pixka bat bereganatu duela komentario horrekin, horixe begitandu zaio, eta Yopintoren erantzunaren zain geratu da, oraindik ez baitio azaldu zer arraio egiten duen hainbeste pedante artean berea pintatzea bada. Arte Ederrak ikasi zituela esan dio eta hor formazio teoriko eskasa jaso zuela. Paradoxikoa dena zera da, jarraitu du, gaur egun arte munduan hain justu hori behar dela, teoria, hitz-jarioa, bestela ez duzula zer eginik. Gustura asko pintatzen duela eta berari hori gustatzen zaiola gehien, barrutik egiten duela gainera, aurrejuzgu teorikorik gabe, aurretik ezarritako estrategiarik gabe, pentsatu gabe “orain gai hauek daude boladan” edo “estilo hau da nagusi” edo dena delakoa, ezetz, berak ateratzen zaion bezala pintatzen duela, eta hala jarraitu nahi duela aurrerantzean. Baina kontua da, esan du enfatikoki, edozein laguntza eskatzeko, edozein beka, edozein saritara aurkezteko, zure “lanaren justifikazioa” eskatzen dizutela, eta hor beti hankamotz sentitu izan duela bere burua, erabat elbarri ez esatearren, eta honenbestez, zerbait egin behar zuela pintore gisa karrera minimoki duina lortu nahi badu. Berak galdetu dio ea ez duen beldurrik hainbeste teoriak eta hainbeste kontzeptu arrarok bere lana kutsatuko dioten, eta ezetz esan dio, seguru, Yopintok, argi duela hori, orain arte bezala jarraituko duela, eta gero, egiten duenari halako edergarri teorikoa jarriko diola; konponduko dela, baina ondoren beti, zenbait hitz potolo sartu, hala moduz nahastu, zentzu minimo batekin, eta horrekin aski izango zaiola.

      — Ez ahaztu Benjamin aipatzea!

      — Oinarri bezala.

      Irribarre urduria egin du Lucasek, eta barre gainontzekoek. Geroz eta gogokoagoa du tipa hau. Bere burua justifikatzeko beharra sentitu du, antza, Lucasek, eta Benjamin gainbaloratua dagoela esaka hasi da; akademian eta pentsamendu kritikoan boladak ere izaten direla, eta azken urteetan Benjamin besterik ez dagoela, baina hori ere aldatzen ari dela.

      — Benjamin aipatzea ondo dago, baina ez gehiegi. Ezagutzen duzuela adierazi, baina beste autore batzuez aritu hobeto. Hori da nire gomendioa.

      Pentsamendu kontinentalaren aldean, nahiago omen ditu, askoz ere eraginkorragoak direlako, autore estatubatuarrak; horiek azkenean, “pentsamendu europarra hartu, galbahe on batetik pasa, eta beste zerbait eskaintzen dizute, erakargarriagoa, erabilgarriagoa, gaurkotuagoa”. Horixe konprobatu ahal izango dutela ikasleek ere masterrean, eta Luciaren intuizioa goraipatu du —“tipa azkarra baita”— Kraussekin (Rosalindekin) lan egiteko asmoagatik.

      — Baina nahikoa hitz egin dugu arteaz, alda dezagun gaia. Tira, kontaiguzu zerbait karlismoaz.

      Barreak berriro ere, “hori, hori” entzun da beste aldetik.

      — Ez da zuena bezain interesgarria.

      Apenas entzun zaion algara artean.

      — Kontaiguzu behintzat nondik nora hartu zenuen gai hori.

      Gogoa du esateko gaiak ez direla hartzen, berak behintzat ez duela horrela ikusten, gaiak hartzen dituztenak Lucasen gisako botere-eskalatzaileak direla, dela katedratikoren batek esleitu diolako, dela modan dauden gaiak “hartzen” dituzten koitaduak direlako; berak interesa zuela karlismoan aurrez, eta egokitu zitzaionean berez atera zela horren inguruan ikertzea, interes propioz, ez Patolucasek bezala. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.

      — Izan ere, zuek ez dakizue, baina borroka izana da.

      Edaten duenean Luciari jarri ohi zaion mihi gaiztoa martxan da, pentsatu du.

      Borroka? Zer diozu?

      — Igual hobeto ez badugu gai hori ukitzen.

      Total egina dagoen neska bat hasi da orduan kontatzen txikitan Baztanera egin zuela bidaia bat familiarekin, lagun batzuen arbasoak han zirela aprobetxatuz, eta flipatuta geratu zela hango “mutil morroskoekin”. Lagunen familiakoak (bigarren lehengusuak-edo) omen ziren, hitz egiten hasten zirela eta ez zitzaiela ezer ulertzen, baina a ze itxura zuten, “eran como forzudos, levantaban piedras y así”. Barreak. Baina jarraitu du esaten gero harrituta geratu zela jakin zuenean horietako bat ETAkoa izateagatik atxilotu zutela, bi guardia zibil hil zituen bonba-auto bat jartzea leporatzen ziotela, eta hori baino gehiago harritu zuela telebistan ikusi zituenean beste morrosko ezagunak atxiloketaren kontrako kontzentrazio batean tipoa askatzea eskatuz. Zur eta lur geratu omen zen.

      — Hildakoez hitz egiten ari gara.

      — Buf, zer esango dizut, hori izan da gure eguneroko ogia.

      — Ez dakit nola bizi izan zareten horrela.

      — Hortxe duzue karlismoa.

      Jarraitu du azaltzen horixe dela karlismoa azken finean; karlismoa entzun eta aspaldiko kontuak etortzen zaizkigula burura; eskolako lezioak, Historia de España, hemeretzigarren mendeko dinastia arteko gatazka aspergarriak, baina karlismoa hori baino askoz gehiago dela, ezinbestekoa dela Euskal Herria ulertzeko, baita egungoa ere.

      — Karlistarik gabeko herri karlista da gurea.

      Eta esan du, halere, ETArena azkenetan dela dudarik gabe, denbora kontua dela, gerta daitekeela oraindik basakeriaren bat egitea, areago, azkenetan delarik arrisku handiagoa dagoela basakeria handiagoak egiteko, ikus dezatela T4koa bestela; mundu horretan oso barneratua dagoela negoziazioaren aurretik beti kolpe gogor bat eman behar dela, zenbat eta gogorragoa orduan eta karta-joko hobea duzula, eta horren adibide dela zer gertatu zen Lizarra-Garazin, fraude bat bide batez, zeina Miguel Angel Blancorenaren ondotik etorri zen EAJ benetan izutu, akojonatu, zelako orduan. Ez dela deskartatzekoa, beraz, beste T4 bat, edo are krudelagoa den besteren bat, ondo dakiela zer esaten duen.

      — Ikusten, borroka izan da.

      Ez du graziarik eragin Luciaren komentarioak, eta berak jarraitu du esplikatzen bere ustez, halere, hori gertatuta ere ez dutela zer eginik; garai batean akaso bai, estrategia horrek bazuela zentzurik, “logika militarretik betiere”, baina gaur egun derrotatua dagoela ETA, eta aukerarik gabe ezer negoziatzeko, eta merezita dutela, ondo irabazita dutela hori guztia, beraiek ereindako kaka jaso besterik ez direla egiten ari. ETAko buruzagien itsukeriak ez duela jada ezer harritzen, eta ez baztertzeko ezer, oraindik astakeriaren bat egin dezaketela, baietz, esan diela dagoeneko, azken finean, sarraski bat egitea ez da batere zaila, logistikoki alegia, hori ez dela batere konplikatua, baina politikoki alferrik izango zaiela edozein kasutan. Gaiak zenbat kitzikatzen duen esan dio ahapeka Luciak, “cómo te pone el tema”, baina berari berdin dio, jarraitu egin du gau guztian lehendabizikoz zerbait esateko duen sentipenarekin. ETAk Euskal Herria (País Vasco) hobi-septikotu duela, eta hamarkadak, zer esaten dut nik hamarkadak —dio sutsuki—, belaunaldiak igaroko direla normalitate duin batera iritsi arte, gatazka delakoak, zeraren zera horrek, karlismoaren karlismoak, dena kutsatu duela, giza harremanak, eguneroko bizitza, dena, eta ez garela kontziente zenbat kostako den beste bizi, beste herri bizigarriago bat eraikitzea, ETA azkenetan dela, ez dagoela dudarik, baina ez dela hor geratzen kontua, ondo dakiela berak, ETA bukatu ondoren ere hor jarraituko duela hark ozpindutako guztiak, ez dela gutxi hain justu hark ozpindutakoa, eta Telesforo Monzonek, kolpista bat, bide batez, eta Eli Gallastegik, eta Sabino Aranak, eta horiek guztiek, jende-klase erraietaraino kontserbadorea, berea-gorde-zalea, masen manipulazioan aditu behinenak, eta Santa Kruz apaiza, nola ez, ia ahaztu nuen —jarraitu du—, odolzaleetan odolzaleena, tipo higuingarri bat, karlismoa zer den ondo erakusten duena, bai, zain zaharraren usainak, eta abar. Baina tira, berak badituela lagunak “mundu horretakoak”, eta berdin duela, aurrera jarraitzen dutela idi itsuak balira bezala, ametsen mundu batean, eta oraindik uste dutela ETAk zerbait pintatzen duela, pintatuko duela erabaki politikoetan, eta zerbait egiten duela Euskal Herriaren (País Vasco) alde, eta sozialismoaren eta haiek darabilten erretorika fazati, hanpatu horretako hitz potolo guztien alde; ez dagoela erremediorik, benetako danbatekoa hartu arte ez direla konturatuko, eta horretan eszeptikoa dela, sentitzen duela, benetan sentitzen duela haiengatik, zeren azkenean, berak ere ondo ezagutu du hori guztia, ezagutzen ditu haiek —dio bihozti—, haiek bezalakoak, haien familiak, jende jator askoa gehienak, “ziur aski zuei harrigarria egingo bazaizue ere”, baina hori, eszeptikoa dela uste duelako ez dutela atzera egingo berez, ostiaka akaso bai, baina berez inolaz ere ez, harrokeria eta ustezko duintasun handiegia dagoela mundu horretan orain errebueltaka hasteko, eta beraz, sentitzen duela (uler nazazue), baina ez duela bide poliziala beste erremediorik ikusten, horrek suposatzen duen guztiarekin, baita asko maite dituenentzat ere, azken batean kontu humanoez ari baikara, badakizue —pausa bat eginez—. Horixe geratzen dela bakarrik, derrota erabat zertifikatzea, pertsiana ez dutelako beraiek itxiko, pertsiana estatuak eta bere aparatu guztiek itxiko dutelako, eta askoz okerragoa izango dela hori, haientzat noski, berari jada ia berdin diola, akiturik dela, baina haiek garesti ordainduko dutela, sarritan esan izan diela, baina alferrik, euren eztabaidak mikazteko besterik ez duela balio izan.

      — Hobe geunden Benjaminez hitz egiten.

      Etsipen puntu batez bota du Yopintok.