Monte Igueldo
— Barkatu, jauna, hemen ezin da erre.
Harriduraz begiratu dio, tabernatik kanpora dago, terrazako mahai batean, eta ez du ulertzen zergatik ezin duen. Zerbitzaria, antza, bere harriduraz ohartu da.
— Haur-eremu batean dago kokatuta taberna, horregatik da.
Zigarroa altxaturik, alde batera eta bestera so egin du, non arraio itzal dezakeen bila; ez du aurkitu hautsontzirik, noski, eta azkenean, zerbitzaria jada tabernara itzuli dela baliaturik, lurrera bota du, eta indarrez zapaldu, sute-arriskua ekidin nahi balu bezala. Urteak dira hara igo ez dela, haur zenetik kasik, esango luke, eta marka da gero zer eta egokiera horretan bueltatu beharra. Hodei beteak dakuski, etxetik atera denean baino puskaz beteagoak, eta guardasolik hartu ez izana madarikatu du; udazken mina delarik, nolatan ez du hartu euri kontuetarako arropa egokiagoa. Bero da garairako, baina errezeloa du haizea atera eta kolpetik freskatuko duela euria hastearekin batera. Itsasaldera begiratuta, kolore ilunagoko errezel modukoa ikusten du urruti; euritan da barrualdean jada, kostatik hainbat miliatara. Kontua azkar joan dadila nahi luke, halako eta halako, hau eta hau, eta buelta etxera, ez du gogorik luze egoteko, are gutxiago jendilaje horrekin, eta espero du bere erabakia errespetatuko dutela behingoz; halaxe agindu baitzioten, hauxe izango zela azken enkontrua. Akaso horregatik etorri da gisa honetan, goian zerua eta lurra behean —ez aterki, ez anorak—, nahia eta izan litekeena nahasian, dena azkar eta aise joango dela desio duelako. Urduritasunak bultzaturik-edo, hitzordua baino dezente lehenago ailegatu da; pentsatu du tokian aurrez egokiturik lasaitasun kutsu bat edukiko duela, eta gogoratu da laneko ikastaro horietako batean aditu gomendio-eman-zale horietako batek esan ziena, alegia, estresa eragingo dizun edozein egoeraren aurrean, ezinbestekoa dela setting-a —hitz hori erabili zuen— dominatzea, uste baino lagungarriagoa dela, zer esanik ez —hori jada bere kolkorako esan zuen— testuingurua ordez settinga deitzen badiozu. Settinga beraz; jolas-parke bat, terraza bat, marco incomparablea, edonork sinatuko lukeena. Ondo begiratzeko astia duela orain, egia esan, ez zaio hainbesterakoa iruditzen badiaren edertasuna; forma ezohikoa duela ezin uka, baina eraikin gehiegi dago lehen lerroan, hondartza ere gero eta ezdeusagoa da, batez ere urtearen garai honetan, eta itsaso horren kolore belzkara ez zaio batere gustatzen —beste itsaso batzuk ezagutzea nahikoa da—, are izu apur bat eman izan dio halako egun hodeitsuetan ur ilunetan sartu izan den bakanetan. Mugikorra atera du ordua begiratzeko —iristear egon behar dute— eta Luciaren mezu bat duela konturatu da: “Ez nizun atzo ezer esan baina pixka bat arraro sentitu zintudan. Agian egun txar bat besterik ez zen, baina zerbait baduzu esan e, hemen naukazu”. Zera, dio bere artean, noiz eta orain kontu horrekin. Gaur arte kasu putarik ez, inkontziente optikoa bai handia, arte-kontuak eta Krauss eta Patolucas eta Benjamin eta Oteiza eta Malasaña bai ugari, baina gainontzean, zure inguruan munduak aurrera egingo ez balu bezala. Zu eta zure artea, zu eta zure zilborra.
Azkar urtzen ari zaizkio muztioko izotz puskak, eta trago luze bat eman diolarik, zalantza egin du beste zerbait eskatu edo ez; “hoteleko terrazan” izan zen eman zioten argibide soila, ziur da, eta ez du presaturik dela adierazi nahi jolas-parkean barrena haien bila hasita. Settinga, pentsatu du, settinga da orain inportanteena. Horretan ere ondo moldatuko direla pentsatu du; hots, tenpoa propio markatuko dutela, erakutsiko zietela akademian hainbeste, psikologo adituak izango zituztela, eta erakutsiko zietela nola gobernatu halako enkontruak. Bera han izatea jada garaipentzat hartuko dutela ez du dudarik, teknikoki ez joateko aukera ere bazuen eta, berak benetan sekula kontsideratu ez arren. Azken enkontrutik dar-dar batean atera zen, enkontrua bere osotasunean izan zen aurrekoa baino gogorragoa, baina bukaerako “eskumuinak Ketxusen partez” horrek asaldatu zuen batez ere; hitzorduari ameto eman eta agertuko zela esan zien, nahiz eta nahiko garbi utzi zien —hala uste du— bere erantzuna ezezkoa izango zela berriro ere, ez zuela zurrunbiloan sartu nahi, ez zuela informaziorik batere; ez zuela halakorik lortzeko biderik, eta Imaz eta besteekiko adiskidetasuna aspaldi hoztua zela. Hilean behingo afariak aipatu zizkiotenean larritu zen pixka bat, tranpak egiten harrapatu izan balute bezala, baina erreflexu onak izan zituen, eta azkar egin zien arrapostu, zuela gutxi ezarritako ohitura zela hori, lauren arteko aspaldiko laguntasuna berreskuratu nahian hasi zirela hain justu. Hainbeste denbora igaro ondoren, bakoitzak bere bidea hartuta, handia dela elkarren arteko distantzia, eta nahita ere —eta berak ez zuen nahi— ezingo zuela taxuzko ezer lortu. Gezurra zen afari horiekin berriki hasi zirelakoa, ondorengo esan zituenak bezalaxe, baina poliziek ez zioten kontra egin eta lorpentzat jo zuen estualdi hartatik jokaldi horrekin atera izana. Beharko zuen, bai, adore pixka bat azken enkontrurako. Beste trago bat eman dio, azkena, edariak apenas baitu jada muztio zaporerik.
— Ez zara kexatuko lekuarekin.
Taberna barrualdetik agertu dira, horregatik ez ditu iristen ikusi. Biak daude bakarrik, etorriko omen zen hirugarrenaren arrastorik ez da; hobeto, pentsatu du, seguru ez zuela ezer onik ekarriko. Polizia tankera izugarria sumatzen die; akaso badakielako, baina haien burua balitz, ez lituzke, ez, misio sekreturen batera eramango. Alde horretatik pozgarria zaio leku horretan geratu izana, oso urriak dira ezagunen batekin topo egiteko aukerak. Galtza beix eta kamiseta marroi bat darama beltzaranak, janzkera arrunta erakusteko modu nabarmenegia zalantzarik gabe; zurbilak ere, sport ageri nahian, bakero argi batzuk eta kamiseta gris bat daramatza. Miren bertan balego, bien arropa-konbinazio desastrekoaren inguruko zerbait esango luke.
— Zer edaten ari zara?
— Muztioa.
— Akaso arrazoi zuen aurrekoan e, agian hobe dugu beste norbaiten bila hasi.
Irribarre egin du zurbilak eta parez pare eseri zaio, beltzarana barrura sartu den bitartean. Ez da asko hitz egitekoa tipoa, esango luke ez dela haren ahotsarekin akordatzen ere, eta atezuan geratua da, ea zerbait esango dion.
— Lasai zaude?
— Nahiago nuke beste zerbaitetan ariko banintz momentu honetan.
— Normala.
Eskua jertsearen azpian sartu eta zigarro-paketea atera duelarik, luzatu egin dio ea bat hartu nahi duen; berak ezetz, ezin dela erre esatekotan egon bada ere, azkenean isildu egin da; falta zena, debeku azalpenak ematen Poliziari.
— Erabakia hartu al duzu?
— Bai.
— Ondo, orain hitz egingo dugu.
Ahokada luzea eman dio zigarroari. Itsasalderantz biratu du burua kea bere kontra ez botatzeko ahaleginean.
— Barkatu, haize puta hau.
Mahai azpira bota du errautsa.
— Ezagutuko duzu poema hori, zu ikasia zara eta; enarena. Itzuliko direla enara ilunak.
Irakurle taldeko harekin akordatu da, poetak txoro totalak direla esan zuenarekin.
— Horiek… ez dira itzuliko, eta gero berriro: horiek… ez dira itzuliko. Lantxo bat egin zigun batek esan zidan behin: zuek enara horiek bezalakoak zarete, baina ezberdintasun txiki batekin, zuek beti itzultzen zarete.
Inozentziaz erantzun dio.
— Becquer.
— Gustavo Adolfo.
Taberna barrura begiratu du, ea bestea laster datorren; astakiloa da, baina honekin kasik deserosoago dago.
— Lausengu moduan hartu nuen, zuek beti itzultzen zarete. Ondo egiten dugula lan alegia, behar duguna lortu arte tematzen garela. Hura ere, zu bezala, uzkur ibili zen hasieran, baina gero, begira, poesia kontuekin bukatu genuen.
Haize bolada batek ke guztia bota dio aurpegira berriro, keinu batez desenkusatu da.
— Pentsatu duzu erantzuna, beraz.
Isilik geratu da, hits, bere erabakiaren berri orduan eman behar ote duen ez dakiela; azken batean, beltzarana izan da solasaldi guztien gidaritza eraman duena, eta erabakia haren aurrean adierazteko behar modukoa sentitzen du.
— Denbora gutxirako litzateke. Itxura guztien arabera, azkenetan da kontua.
“Esan nizuen, ni gabe ere ondo moldatuko zarete” erantzutekotan egon da, baina ez du ezer esan. Aurrera bermatu eta belaun gainean jarri dio eskua.
— Lasai, motel, ez dizugu ezer egingo.
Gelditu egin du belaunaren mugimendua, ohartu gabea zen dantzan zuela. Atzetik sumatu du etortzen beltzarana.
— Hiru muztio.
Txunditu antzean begiratu dio zurbilak.
— Ze arraio, muztioa?
— Badakizu, Carlos, gaur bere eguna da, berak agintzen du.
Irribarre behartu eta fazatiz begiratu dio. Higuina sortzen diote halako nortasunek, egoera dominatzen dutela erakutsi nahian beti, agresibitate puntu batekin, larderia sorraraztetik bizi direnak. Mahai gainean bigarren muztioa ikusten duela, beste zerbait eskatu behar zukeela konturatu da, ez du muztio betekadarik nahi, baina are okerragoa zaio orain haiekin batera trago bat hartu beharra; kontu azkar bat izatea espero zuen, zuzen joango zirela muinera eta, bere erantzuna jasorik, hanka egingo zutela eta bakean utziko zutela betiko. Ordea, bistan da beltzarana itzulinguruka ibili-zalea dela, gozatu egiten duela iniziatiba hartzen, nagusitasuna erakusten, hitz egin iezadazu honetaz, orain hau egingo dugu, kontadazu harako hura. “Bueno, bueno” entzun dio esaten, eta tragoa jo du; berehala jarri du nazka aurpegia.
— Ez nintzen gogoratzen zeinen nazkagarria den muztioa.
Agian berak hartu beharko lieke aurrea, “tira, egin dezagun azkar” edo horrelako zerbait esaten, eta “hartu dut erabakia, eta aurretik esan bezala, ezin dizuet lagundu, ez dut zuekin lan egiterik” edo halako zerbait; zenbat eta arinago atera atakatik, hainbat buruhauste gutxiago.
— Tira, zera…
— Et, et, et, ez presatu. Tragoa hartuko dugu lasai, eta autora joango gara gero.
Autoa berriro, hau izorratzea. Mahaitik altxatu da edalontzia eskuan, eta terrazako ertzera egin du; bizkarrez, ukalondoak barandan bermaturik jarraitu du.
— Zer moduz talasoterapia horretan?
Zimikoa erraietan. Hondartza ondoko auto harekin akordatu da; seguru da ez zirela bi hauek, baina beren manupeko batzuk izango ziren. Mireni galdetu behar lioke ezer susmagarririk ikusi zuen; egiazki, hala izan balitz esana liokeela kalkulatu du, eta gainera, ezezkoa emango dienez, ez duela gehiago kezkatu beharko kontu honekin guztiarekin. Ez du katramila honetan beste inor endredatu nahi. Ez die ezer erantzun, baina errezeloa du horrela bere menpekotasuna besterik ez duela berresten, isiltasunarekin onartzen duela bien, eta batez ere beltzaranaren, esana; burua beheititzen duelarik, ameto ematen diola xantaiari, umiliazioari, eta hori ez lukeela onetsi behar, kito esan behar liekeela, haien indarra gorabehera, ez diotela ezer egingo, halaxe dio bere artean, esparru alegal batean mugitzen ari direla, ilegala ez esateko, eta ezingo dutela harago joan; aldatu dira garaiak, esaten dio, sinetsarazi nahi dio bere buruari, eta halako jukutriak egiten jarraitzen badute ere, ezin dituztela muga batzuk igaro, seguru da, eta, egiatan, ez duela ezer galtzeko, adore handiagoz jokatu behar lukeela haien aurrean, “ei, nahikoa da” esan behin betiko. Burutik pasatu zaio salatu egingo dituela mehatxatzea, atxilotze ilegalagatik (usted está técnicamente retenido), baina gauzak okertuko liratekeela iruditu zaio, nahiago du esku ezkerraz ebatzi, gaitzera ezkero ezer onik lortuko ez duelako.
— Ez da plan txarra, ez, asteburu librea neska gazte batekin: jo eta jo, burbuilak, jo eta jo, sauna pixka bat, jo eta jo.
Zurbilari begiratu dio, zerbait egin dezala eskatuz bezala, baina ez du ezer egin; etsi onez begiratu diola esango luke, “zer nahi duzu nik egitea” esango balio bezala.
— Ez duzu gaizki montatua txiringitoa, ez; orain Madrilera, orain asteburu pasa neskatoarekin.
Muztioari tragoa emanez babestu du bere burua, baina dagoeneko aski dela iruditu zaio, zerbait esan behar duela. Horrekin guztiarekin laster bukatzeko nahiak kemendurik bota die.
— Zer nahi duzue?
Beltzaranari begira botatzen ahalegindu da, baina berehala aldendu du begirada zurbilarengana.
— Oraindik horrekin? Badakizu horrenbeste.
— Ados, buka dezagun honekin, mesedez; uste dut nahiko pazientzia izan dudala.
Egiati atera zaiola iruditu zaio.
— Tira, Juan, goazen autora, bai.
Juan, estreinako aldia da haren izena entzuten duela; tira, ziur aski ez da benetakoa ere. Besoak zabaldu ditu, “ondo da, ondo da” esango balu bezala, eta muztio pixka bat isuri zaio edalontzitik. Ahozapitakoa gerturatu dio, keinu ausartegia akaso, baina ez diote ezer esan, eta eskuko zipriztinak xukatzeari ekin dio.
— Edozein kasutan, ezezkoan bazaude, jakin ezazu besteri kontatu diozunaren aurrean gu babesteko neurriak hartzeko aske izango garela.
Zurbilaren hitzak, espero ez zituenak, egia aitortzera; tenple eta adeitasunez bota ditu. Ze esan nahi du, ordea, “besteri kontatu diozuna” horrekin? Zer “gu babesteko neurriak” horrekin? Larritzen hasia da, mataza gero eta aldrebesagoa delako sentipenaz, eta damu da hitzordua onartu izanaz; errotik moztu izan balu ez luke hainbeste zamarik, denbora eman die informazioa nahieran kudea zezaten, denbora informazioa pilatzen, denbora eman die konfiantza harremanak sortu eta horrekin are gehiago estutu dezaten. Besteri kontatu diona horrek, noski, Mireni kontatutakoa behar du ezinbestez, ez baitio beste inori ezer esan, baina agian —pentsatu du gurariz errealismoz baino gehiago— botatzeagatik bota dio, atzera egin dezan, ez ezer dakitelako. Akademian izango zituzten psikologia eskolek erakutsiko zieten: “Inportantea ez da esaten duzuna, esaten duzunaren indarra baino, zer eragin duen”. Bestearenak antzerkitik asko duela badaki, baina zurbilaren ohar zorrotzak kezka sortu dio; bere bizitza maldan behera, katramila nahasian, zikinduta irudikatu du, dena “gu babesteko neurrien” izenean. Mendekua, pentsatzen du, mendekuari deitzeko modu elegante bat; inpunitatetik eginikoa gainera, está usted técnicamente retenido, auskalo zein den horren “estaldura legala”, baina seguru hor ez duela ezer irabazteko. Ondo esan zion Mireni, izan ere: “Kontua ez da polizia polizia dela, hori badakigu, kontua da nola aurre egin tokatzen denari”. Tokatu zaiona, horixe, leku horretan une horretan bi poliziarekin egotea, beren mendeko, jolas-parke zaharkitu batean XXI. mendea ondo pasatuta. Hau izorratzea.
Haize gehiago altxatu da, zerua are beltzago, esango luke edozein momentutan hasiko dela botatzen. Amak esango zukeen bezala, “haizea geratzen denean hasiko da”. Zutitu egin da zurbila, Carlos delakoa, eta kanporanzko keinua egin du. Haren atzetik joaten utzi dio berari beltzaranak; hantxe geratu dira muztio erdi beteak, eta itsasoari, marco incomparableari, bizkarra ematen diotela, jolas-parkearen irteerara jo dute. Isilik egin dituzte lehen metroak. Buruan dabilkio bueltaka “gu babesteko neurriak” har ditzaketelako hori. Carlosek esana, gainera.
Mortu samar da tokia; lauzpabost lagun besterik ez du ikusi urrutian, autotxokeak dauden inguru horretan. Eskuinera utzi dute suitzar mendirako sarrera, eta pixka bat aurrerago geratu da beltzarana, Juan omen den hori, etxola baten aurrean; biei begiratuz bota du burlaizez.
— Honaino etorrita, txanda bat bota beharko dugu, ez?
Barre egin du zurbilak, “benga, Juan” esan dio, baina temati jarraitu du.
— Benetan ari naiz, aspaldi da tiropitxoian aritzen ez naizela.
— Ez zara barraketara semearekin joaten, ala?
— Baina tiropitxoia galarazten dit emazteak, ez dela hezigarria.
Algaraka hasi dira biak.
— Orain aukera dudala, aprobetxatu beharko dut.
Eskua poltsikoan sartu eta barruan dagoen emakumeari galdetu dio ea zenbat den. Bi euro hamar tiro. Dirua eman diolarik, Carlosi begiratu eta gogait keinu bat egin dio berak, kokoteraino dagoela numerito horrekin; eskua zabaldurik, egoteko Carlosek, ez izateko presarik. Juan eskopeta prestatzen ari da; perdigoia ondo sartu, eta mira ikuskatzen ari da xehe, “okerturik izaten dituzte” edo halako zerbait esan du, eta prest jarri da, makurtu eta ukondoak barran bermaturik dituela, lehen tiroa jotzeko. Aurrean du Espainiako mapa, autonomia erkidego guztiak zedarriturik, eta herrialde osoan zehar ituak barreiaturik.
— Euskadiri jotzeak zenbat balio du, emakume?
Serio erantzun dio, ez zaio batere gustatu tipoaren jarrera.
— Denek balio dute berdin. Hirutik gora asmatuz gero lortuko duzu saria.
Etxolan ikusi ditu pelutxeak, handiak eta txikiagoak, kolore deigarrikoak gehienak, umeentzako jolas-kitak, hondartza-baloiak, ur-pistolak, baita, atzealdean, sari handiena ematen duena ere, Realaren kamiseta bat. Pum! kanpora lehen tiroa.
— Eskuinaldera dago okerturik.
Ez du emakumeak ezer esan. Begia itxita, zimur andana ikusten zaio lokietan, eta uste zuena baino zaharragoa dela esango luke orain. Pum! bigarrenean ere kale.
— Gutxigatik.
Zutik jarrita, hasperen egin, eta bizkarra apur bat luzatu ondoren, berriz ere jarri da prest. Fanfarroi halakoa, pentsatu du berak. Pum! hirugarrenean asmatu du, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bi ituetako batean.
— Aizu, tratua egin dezakegu, Euskadi eta Nafarroakoak botatzen baditut gurekin kolaboratuko duzu, ez badut lortzen, libre. Zer iruditzen zaizu?
Ez entzunarena egin du. Carlosek ere irribarre besterik ez du egin. Pum! laugarrenean ere kale, pum! bosgarrenean bezala. “Eskopeta puta hau” esan du ahapeka. Pum! seigarrenean jo du Nafarroan dauden bietako bat. Lau tiro ditu eta bi asmatu behar. Pum! kale zazpigarrenean.
— Gaitasuna galtzen ari zara.
Burua okertu du pixka bat, ez dio grazia handirik egin Carlosen komentarioak. Pum! kanpora berriro ere zortzigarrena.
— Gizon, berrogeita hamar itu dituzu aukeran, e.
Emakumeak bota dio, arauak bere erara ulertzen dituen umeak sortzen duen errabiarekin; hura ere gogaitu du tipoaren showak. Pum! Nafarroako bestean asmatu du, iparraldean (Goizueta? Leitza?) kokatua dagoenean. Hirutan asmatuta, dagoeneko saria izango duela kalkulatu du berak. Azkena bakarrik falta zaio, apur bat gehiago zabaldu ditu hankak, denbora gehiagoz egon da mirari begira, eta pum! kale. Lasaitua hartu du laurak asmatu ez dituelako, nahiz eta berehala gaitzetsi duen sentimenduaren absurdoa; berarekin jolasten ari dira eta hobe du jukutria hauetan ez sartu. “Zure punteriarekin luzerako dugu gerra” edo halako ironiaren bat botatzea irudikatu du, baina bego. Birao egin du Juanek, galtzea batere gustatzen ez zaionaren amorruaz, eta eskopeta utzita, alde egiteko keinua egin du. Emakumeak gaztigatu behar izan dio saria aukeratu behar duela. Hiru asmatu dituela bakarrik (has acertado solo tres), eta gutxiren artean aukera dezakeela, horixe esan dio emakumeak. Izorra dadila. Panpina txiki batzuen artean aukeratu behar izan du; “Bob Esponjarena” hautatu du, bere semeari ilusioa egingo diola.
Irteerara jo dute hirurek, Juanek panpina daramala zintzilik, zarpail. Berak bere baitara bilduta jarraitzen du: “gu babesteko neurriak”; ondo daki zeintzuk diren jakiteko gogorik ez duela batere. Hodeiak gero eta beteago, sapa dago, izerdia sentitzen du bizkarraldetik behera. Ezkerretara autotxokeak utzi, eskuinaldean urmaeleko txalupak, eta aurrera jarraitu dute pasabidetik. Arbolen babesa galdu eta berriz ere haizearen joa sentitu dutenean agertu zaie ezkerrean badiako ikusmira osoa. Urrutian, suitzar mendiko aldapa beheratik datorren oihu bat entzun da, oihu bakarti eta luze bat.
Leku Eder irakurri du pareko eraikineko afixa koloretsuan; etxe zuri-gorrikara bat, ostatu tankera hartzen diona. Errepidea gurutzatuta, beste eraikin bat dago, parekoaren antzekoa, baina hura ez bezala, itxita dagoena. Arbola bat du aurrean, dagoeneko soiltzen hasia, eta landaresi doi itxuratu bat errepidearen muga markatzen. Erromes trazako ibiltari bat igaro da espaloian gora; burua altxatu du, han ikusi ditu, parking txikian, baina akaso urrutiegi daudela kalkulatuz, ez die adiorik egin. Lehenengo aldiko auto zuri beraren kanpoaldean daude, Juan kapotean pausaturik, Carlos haren parean, bere aldamenean. Beste bi auto ikusi ditu parkinaturik; jolas-parkera etorritakoak, edo akaso inguruetara buelta bat ematera igotakoak. Handik gertu senadi bat dagoela entzun izan du behin edo behin, eta agian norbait goizeko beroa freskatzera etorri da. Hezetasun laztan bat sumatu du masailean, eta pentsatu du, hemen da, oraintxe botako du gogotik; haizearen astindua ere, ama, apaldu dela esango luke. Eskua eraman du masailera eta baiki, tanta bat, lodia. Errezeloa du zaparrada hasten bada auto barrura sartuko direla, eta berak ez du ezergatik ere nahi berriro hor sartzerik. “Geure burua babesteko neurriak” egin dio oihartzun buruak berriz ere, eta handik hanka egiteko desira biziagotu zaio; nekez itzuli ahalko dela berriro paraje hauetara, horixe pentsatu du, eremu debekatutzat izango du aurrerantzean. Ondo ezagutzen du bere burua; ez dira gutxi urtetan iltzatuta geratu zaizkion memoria mikatz txatalak; Gasteizera bidean, ez du sekula hartzen ekialdeko sarrera, ezin entzun dezake heavy musikarik, motozale kasko bat jarri eta zimikoak zafratzen dio barrena, gimnasioan, edozein ariketa egingo luke flexioak izan ezik. Aurretiaz ikusten du ezin izango duela gehiago jolas-parkera etorri bihotz-erraiak asaldatu gabe, begiak itzuliko dituela kurba honetatik pasatzen denean. Bizkarrean du hiria, pentsatu du, jendea bere eguneroko egitekoetan; batzuk mandatuak egiten, besteak taberna lizunetan, modernoak bizikleta berriak estreinatzen, haurrak bazkaltzera etxera bidean, barandan bermaturik turista jada urriak, bankuetan hizketan agureak, unibertsitarioak seko asperturik eskolan. Beheko horietako bat izan nahi luke, beste bat, jendetzaren arteko ale ezdeus bat; bere bizitza halakoa izan baita, frustrazio horrekin bizitzea, anonimoa izan nahi, tipo arrunt bat izan nahi, eta ezina. Orain ere nor izate bidean, herri honetako historian paper nabarmen bat izateko bidean; ez du paper nabarmenik nahi, gogait da, aspalditik gainera, letra larrizko hitzekin, protagonista izan nahi duen jendearekin. Baina hain da hala moduzkoa gure herria, pentsatu du, ezen bera bezalako tipo eskas batek ere “zerbait eman baitiezaioke gure herriaren historiari”; halaxe esan zioten lehenbizikoan, bai, “kaka hau guztia bukatzen lagunduko duzu”. Denok irentsi behar dugu kaka pixka bat gutxi batzuek… Hau izorratzea. Denak dira igualak, esaten dio bere buruari, denak ari historiarekin jolasean, beren ekintzak erabakigarriak, funtsezkoak, ezin ahaztuzkoak izango balira bezala; orain inor ez da konturatzen, imajinatzen dute, amesten dute horiek denek beren kolkorako, baina etorkizunean gure lana —berdin alde batekoa zein bestekoa— harrian izango da idatzia, atal berezia izango dugu liburuetan, buruz ikasiko dute ikasleek eskoletan; hau egin zen ongi, hau gaizki, eta abar. Amets horrekin bizi dira. Transzenditu nahia, geroaldira begira proiektatutako ekintzak, geroaldirako bizitzea, orainaldiaren ordainetan. Nola den posible berak ere historia narras honi aletxoa jarri behar izatea, aletxoa jartzera derrigorturik egotea; intranszendentea izan nahi luke, arina, garrantzi gabea, behin-behinekoa, iragankorra erabat, horixe nahi luke, bai, inor ez akordatzea berarekin, jar dezatela bere hilobian “ahaztu nazazue lehenbailehen”, ez du zeremoniarik nahi bizitzan, are gutxiago heriotzan. Alde egin nahi du, lurra arinagoa den toki batera; inork, are gutxiago herriak, beharko ez duen leku batera. Ez herritik ezta herriarentzat ere, zorrik gabe, zama eta kontzientzia txarrik gabe, arin bizi, suelto.
— Badakigu hau guztia ez dela erraza zuretzat.
Begirada egiatiaz so egiten dio Carlosek.
— Iraganean ondo portatu izan zara.
Hori entzun beharra, gainera. Hau izorratzea.
— Sinets iezaguzu; kontziente gara nahikoa ordaindu duzula dagoeneko. Baina lantxo hau ezin dezake beste inork egin, zu zara gure gizona.
Eraikinera apartatzen ikusi du Juan, telefonoa belarrian. Baietz egiten du buruaz, eta luze gabe eten du. Carlosi begiratu dio ezer esan gabe.
— Lan laburra izango da, hilabete zenbaitetakoa besterik ez. Modu profesionalean egina: ordaina, espero dezakezuna baino askoz hobea; diskrezio erabatekoa.
Zalantza egiten ari dela ez dezatela sumatu, horixe besterik ez du nahi orain, asma dezala ondo disimulatzen. Bere kolkorako hasi da entseatzen: “ez, begira, erabakia hartua dut aspalditik, ezezkoa da”, “sentitzen dut, beste norbait bilatu beharko duzue”, edo are, “argi geratzeko moduan esango dizuet: ez dut lantxo hori egingo”. Imaz etortzen zaio akordura, ez iraganeko kontu alaiak, ez elkarrekin hau eta bestea egin zutenekoa, ez, ez; aurreko eguneko Imazekin gogoratu da, umore oneko, Unairi adarra jotzen, bera babesten; nolako errukia sentitu zuen haurrarena esplikatu zienean, nola ikusi zuen, estreinakoz, goikoak kritikatzen, “arazoa orain goitik dator” edo halako zerbait.
— Ez du inork ezer jakingo, bizimodu normal-normala izango duzu.
Ahots doinu apala, “geure buruak babesteko neurriak hartzeko aske” esan duen huraxe. Beste tanta bat, lepo aldean oraingoan. Motor-soinu bat entzun du hurbiltzen. Hiritik datorren auto bat, luze pasatu beharrean, parkingera sartu da; ez ditu keinukariak kendu aurreko ilaran parkinatu arte. Beste tanta bat, belarrian orain, beste bat buruan, eta pixkanaka gehiago. Ford Focus gris bat. Gizonkote bat atera da autotik, burusoila; morroi muker bat. Carlosek hartu du hitza orain, ezagutzen dion doinu adeitsuenean.
— Erraza izango da.
Zenbat eta gehiago berandutu ezezkoan, hainbat itxaropen gehiago ematen diela ohartu da, eta berak ere horrekin jolastearekin egiten du amets. Orain nire txanda da, nik dut aldi, orain nik joko dizuet adarra, agianka, ikusiko-dutka, ea-eman-xehetasun-gehiagoka. Itxaron, egin dezagun hau, kontadazue mesedez beste hori, eta abar. Orain ni ibil ninteke itzulinguruka, nik geroratu dezaket erantzuna zeuen senetik atera arte. Pentsatu eta egiten ez diren gauzak.
Tantak gero eta sarriagoak dira, baina ez da inor mugitu. Autoa ikusi bezain pronto susmatu du beraiengana etorriko zela hura ere; hirugarren gonbidatua. Horregatik, ez du harritu Carlosek agur egin dionean. Burua biratu, eta berarengandik metro eskasera ikusi du; hortxe da zuloaldian ezagutu zuen mozoloa, eta Carlosek esandakoarekin akordatu da: “Eskumuinak Ketxusen partetik”. Bere harridurarako, barrenari eusteko arazorik ez du izan, esperotako zerbait balitz bezala jaso du; handiagoa da tipoa muturkatzeko gogoa barrenak hustekoa baino. Horregatik, eskua luzatu dionean, ordurako lehertuta dagoela disimulatu nahian, ez du arazorik izan berea emateko. Eskua ematen ari direla, jada ez daki norena den ahurrean sentitzen duen euri-ura; antza, gizon mukerrak ez zuen espero bere erantzuna, eta konfiantzak bultzaturik-edo, gehiago gerturatu eta sorbalda astindu dio maitekiro beste besoarekin.
— Pozten naiz, esan didate asko aldatu zarela urte hauetan guztietan.
Orduan izan da, “oraintxe momentu egokia muturrean braust emateko” ari zela ametsean, haren hatsaren usaina aditu duenean; istantean identifikatu du, zuloaldiko hats hura, hats okaztagarria; oraintxe sentitzen du, berriro usaintzeko gauza da, hats hori bere gainean, morroi mukerraren zama bera baino astunago, nazkagarriago, eta disimuluak alde batera utzirik, harengandik aldendu da keinu azkar batez, izu-laborria barnetik kanpora ateratzen duela.
— Gure kolaboratzaile bat, uste dut baduzuela elkarren berri.
Tantak entzuten ditu, buru gainean, emaro oraindik, gorputz gainean tanta-hotsak; hor dakusa, halaber, lur berotik gora ateratzen ari den lurruna, behetik gora barnean nola nahasten zaion sentitzen duela.
— Gorputzen arteko koordinazioaren optimizazioa. Halaxe deitzen diote gure nagusiek.
Barrezka entzun ditu hirurak, barrearen eremua bakarrik haiena delakoan. Dena azkar eta berehala gerta dadila, horixe besterik ez du nahi. Azkar eta oharkabean, gertatuko ez balitz bezala. Halaxe esan die, laster batean, “esadazue zer den egin behar dudana”, eta areago, zer gerta ere, “esadazue zertan datzan nire lana”. Isilik geratu da, geratu dira; ezer esan izan ez balu bezala sentitu da momentuan. Soilik Juanen satisfakzio aurpegia ikustearekin batera nabaritu du higuina erraietan gora; narda, bere buruarekikoa batez ere, amore emateagatik bainoago “nire lana” esan duelako; nirea; berriz ere, hainbeste urte ondoren, azpiratu dute, ezer ikasi ez balu bezala. Apur bat gehiago aldendu da oraindik, izubera, eta jada erauntsia da gainean erortzen ari zaiena. Burua altxatu du, halakoetan egiten duen modura, ihesbide baten bila. Han ikusi du, Leku Eder; Unaik akaso Leku-Eder jarriko zukeen, marratxoarekin, pentsatu du. Kuriositatea piztu zaio inguruetan omen dagoen senadi hori ezagutzekoa; gaur arte bisitatu ez badu, ordea, seguru da ez duela jada sekula bisitatuko. Mela-mela eginda dagoeneko, zer axola dio are gehiago bustitzen bada; erauntsia lagungarri zaiola sentitzen du kasik, lagungarri hiru morroien eta bere artean, jasa zedarri zaiola sentitzen duelako, bera eta munduaren artean jasa zedarri zaiola sentitzen duen gisa berberean. Leku Eder zuri-gorrikararen kontrastean dakusa zeruaren beltza, zeru-itsasoen beltz-beltza; luze jo dezala erauntsiak, luze baino luzeago.