Deklaratzekorik ez
Deklaratzekorik ez
2019, nobela
312 orrialde
978-84-17051-26-6
Azala: Angel Aldarondo (Antoni Gisberten “Fusilamiento de Torrijos y sus compañeros en las playas de Málaga” koadrotik abiatuta)
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

Euskal Billera

 

 

Besoa apartatu du ziztuan, ohartu denean nahi gabe eskuineko eskuak oratzen duen laserrak azalean marra gorri bat marrazten diola. Konbentzituta dago onik ezin diola egin laser malapartatu horrek, nahiz eta inoiz medikuren batek esan dion printzipioz ez dagoela arazorik, lasai egin dezakeela lan tramankulu horrekin. Printzipioz. Mediku guztiek esaten duten gauza bera; aitari ere horixe, printzipioz. Ahal duen guztietan azaletik urruti izaten ahalegintzen da, zaila den arren egunero pasatu behar dituen barra-kode guztiekin deskuidu baten kariaz tarteka larru marratua, larru gorritua ez ikustea. Azaleko minbizia detektatzen diotenean akordatuko da, bai, lagun medikuekin. Liburua, Una buena mujer, Danielle Steel, luzatu dio —urriaren bosta arte— aurrean duen emakumeari —berrogei urte inguru, euskalduna, irakaslea ziur aski—, eta begi ñabarrak kizkurtu dizkio hark esker onez. Emakumeari beste zerbait esateko gogoa piztu zaio.

      — Mailegua berritu nahi izanez gero telefonoz egin dezakezu.

      — A bai, ederki.

      Jendeak uste du ordu mortu ugari izaten dela bere lanean, orduak eta orduak esperoan mostradorera nor agertuko zain, baina egiazki ez da hala, etengabeak baitira irakurleen joan-etorriak. Geroz eta gutxiago irakurtzen dela esaten dute batzuek; haatik, beraiek ez dute gorabehera handirik nabaritzen; pelaje guztietako guru apokaliptikoek ez dute beste ezer esaten azkenaldian, papera paper-ore egitera doala liburu elektroniko eta kontu horien etorrerarekin, baina bera eszeptikoa da gisa horretako iragarpenekin. Iruditzen zaio etorkizuneko pronostikoetan, hamarretik hamarrek egiten dutela huts; iragarpenak ez direla betetzen eta gertatzen direnak ez direla aurreikusten ahal. Beraz, listomari mediatiko guztiez futitzen da halakoak entzuten dituen aldiro, eta putaidearik ez dutela konprobatzen egunero-egunero liburutegian jende saldoa ibiltzen dela ikusita. Konbentzituta dago guru teknologikoak sekula liburutegiak zapaltzen ez dituzten horietakoak direla, uste dutenak beraien inteligentzia apartekoarekin eta Apple markako kristalezko bolarekin aski dutela gu bezalako jende arrunt, jende motz, jende eskasaren gaindi ibiltzeko. Delawareko XVII. Udako Ikastaroan Michael Smith adituak esan du 2015erako paperezko egunkariak desagertuko direla eta 2018rako liburutegiak, eta Michigango Unibertsitateko Stewart McCoyk ikerketa baten berri eman du, zeinaren arabera liburua kontu arkeologikoa bihurtuko den 2020tik aurrera. Eta dena horrela. Iragarpenean asmatzen ez badute errua ez da beraiena izango, politikariek hartutako ez dakit zer neurrirena baizik, edo koiuntura ekonomiko ezusteko batena, edo are, kontsumitzaileen, irakurleen moztadea, kontserbadurismoa, ezagun-denarekiko jaidura. Petrolioaren prezioaren igoera. Edo jaitsiera. Berdin du bata edo bestea, biek balio baitie.

      Aliritzira sartzen denik ere bada. Ia egunero azaltzen da norbait kontu praktikoren bati buruz galdezka, non den hau, non den bestea. Liburutegia udaletxearen pean kokatuta egoteak ez du laguntzen, ezta mostradorea atarian egoteak ere. Eta lankideak. Horiek ere latakada ederra ematen dute maiz, batez ere batzuek, gibelean lan egiten dutenek, bezeroarekin kontaktu zuzenik gabe, horiek bai baitute ordu eta tarte eta denbora eta asti morturik. Eta asperraren asperraz ezin isildu egoten dira, batzuetan berarekin, baina bere hitzen urritasunaz ohartzen direlarik —batzuek ezagutzen dute dagoeneko eta horiek saiatu ere ez dira egiten—, beste norbaitekin, halako moldez non bere inguruan ia beti egoten den harrabots gogaikarri bat. Gogaikarria forman, bolumenean eta edukian: halakoren umea judoa egiten hasi dela, halakorenari purea ematen hasi zaizkiola eta hasieran kostata baina gero ohitzen hasi dela, halako Indonesiara egindako oporrak kontatzen —Sumatrako orangutana eta Javako sumendiak, eta Bali turistifikatuegi dagoela—, halako gaizki esaka politikariez —oro har eta jeneralean—.

      Total, tarte hilik apenas izaten duela. Etsipena azkena omen denez, edonola den, beti du eskura libururen bat; denbora gutxi edukiagatik ez baitu ezer hoberik izaten-eta egiteko. Zumalacárregui liburutxoa du mahai gainean, ezkerraldean, hori ere laser gorritik aparte. Hutsunetxo bat duela ikusirik, liburua hartzekoa egin du eta orduan konturatu da post-it bat duela ondoan. Nerea. Orain minutu batzuk komunera joan denean jarriko zion.

      Lankide salbagarri bakantzat du Nerea, besteen jite plano eta gatzgabetik, gipuzkoartasun jator-xomorro-hantuste horretatik —arabarra da, ez du orain gogoan herriaren izena— irteten den gutxi horietako bat. Liburuak mugitzen dituen langileetako bat da, mostradoretik apaletara, karro gurpildunetatik apaletara, apaletatik karro gurpildunetara, galdu edo gaizki kokatutakoen xerka, mahaietan ikasten ari omen diren nerabeei isiltasuna eskatzen, eta horrela. Lan mekaniko eta aspergarria; berea bezain edo gehiago. Lanean bere zortzikora egotea gustatzen zaio, inork molesta ez diezaion solasaldi txatxuekin, horrela lan orduak azkarrago igaroko diren esperantzan. Kalakarako uzkurtasunak batuko balitu bezala, hura du laneko hizketa-lagun bakanetarik. Post-itak jartzen dizkiote elkarri mezu labur zirtolariekin. “Imanolen kamiseta berria ikusi duzu? Beste bat kolekziorako”. Skunkfunkeko kamiseta bat, taila txikiegia, berde argia, marrazki pixelatu handi eta oker batekin eta saihets batean ondo irakurri ezin dituen letra batzuekin. Aulki gurpildunari hankaz eragin eta pare bat metro egin du atzera-ezkerraldera.

      — Imanol, etor zaitezke momentu bat?

      Berehalakoan hurreratu da.

      — Zer nahi duk?

      — Iritsi dira Anagramako nobedadeak?

      — Esango nikek ezetz, baina konprobatuko diat.

      — Ez, berdin da, iristen badira abisatu, liburu bat begiratu nahi dut eta.

      Buelta eman eta bere bulegorantz egin duenean ikusi dio saihetsekoa: “Sagarra mantzana, ikatza carbón”. Barreari eutsi behar izan dio. Boligrafo bat hartu, kaxoitik post-it takoa, eta lehenengoan idatzi du kamisetako esaldia. Gezi bat egin du gero kamiseta marraztu baten saihetsera seinalatuz. Altxatu eta mostradoretik pixka bat aldendu behar izan da Nerearen txokora joan eta orgatxo batean post-ita itsasteko.

      Oposizioetara aurkeztea deliberatu zuenean ez zuen batere itxaropenik. Doktorego beka bukatu berri zitzaion eta oraindik urrun ikusten zuen tesi malapartatuaren amaiera. Luciak esan zion liburutegietarako OPE bat egin behar zutela eta begiratzeko webgunean. Ez zen ausartu bere inorantzia erakusten eta galdetzen zer arraio zen OPE bat, Enplegu Publikoaren Eskaintza. Epe bat lortzeak gauza handia izan behar duela gero, pentsatu zuen. Aurkeztu zen, bada, apenas prestatu gabe eta Martinez Cuadrari kontua ezkutatuz; eta hori, txiripaz lortu zuen lana. Urteak tesi puta horrekin borrokan ezertarako ez, eta begira, funtzionario ri-ra batean. Lanordu onak, soldata hobea, aparteko ordainsariak, plaza segurtatua, barrabaskeria potoloena eginda ere kentzen ez dizuten horietakoa, kinkenioak, hirurtekoak, eszedentziak eta beste. Munduan inepto ugari dagoela, ez zuen beste azalpenik lortzen ulertzeko nolatan berak liburu bakar bat ireki gabe kendu zien postua uda osoa jo eta su ibili zirenei. Eta opoak prestatzeko akademiak eta aurreko urteetako azterketa ereduak eta testak eta Espainiako Konstituzioa eta EAEko Estatutua eta langilearena eta beste hamaika lezio alferrikako.

      Bere lanarekin zoriontsua denik, edo kurtsiek esango luketen bezala, bere lanak betetzen edo, are, asebetetzen duenik, ordea, ezin esan dezake. Ordutegi ona eta soldata ona eta hirurtekoak, eta huts egite justifikatu eta ez hain justifikatuak, baina egunerokoa aspergarri hutsa baino ez zaio iruditzen; egoteagatik, ez da ia liburu artean egoten ere; jendeak entregatzen dituen liburuen artean bai —ehunetik laurogeita hamabost batere interes gabeak—. Liburutegiko buruak esplikatu zionez, gainera, ez da aurrerantzean aldaketarik aurreikusten. Izan ere, bere oposizioa profil konkretu horretakoa zen, eta hala, ezin du beste profil teknikoetan lan egin. Gustura egingo luke lan denbora batez Nerearena bezalako postu batean, hor behintzat mugimendu askatasun handiagoa izango luke, eta interesatuko litzaizkiokeen liburu bilaketak egin ahal izango lituzke lan-plantak eginez. Baina ezer ez. Lanpostuz aldatzeko modu bakarra postu “politiko” bat lortzea zela esan zioten, hots, designazio libreko bat. Politikariren baten lagun egin, edo konfiantza lortu, eta hor egon, irteera-posizio egokian, Carl Lewis nola, pistola-tiroa noiz entzungo. Berak, baina, galtzaileen saldokotzat du bere burua, sekula irabaziko ez duen alderdi bati ematen dio-eta bozka orain urte batzuetatik; inolako indar sozialik ez duen talde batekoa dela, alegia. Postugintzaren enkantea Imanol eta halako pelajeko jendearentzat uzten du, beti halako anbiguotasun politiko batean, heldutasun intelektuala bai-bainaka ibiltzean oinarrituko balitz bezala, beti distantzia hartuz denarekiko, baita gauza larrienekiko ere, “ulertzen dut diozuna, baina” eta horrela, azkenean betikoen saldoan kokatzeko, hau da, jeltzaleekin tratuan. Saiheska jartzen adituak, inoiz ostiarik jasoko ez dutenak, ez superborrokalarien aldetik ez eta beste aldetik ere; bitartean, besaulkia udalean, besaulkia diputazioan, sakelak ondo irekiak zer tokatuko. Deskuiduan beren lanpostura itzultzen badira urte luzeen ondoren, besteok aguantatu behar —ukiezin bat gehiago kolekziorako, esango luke Nereak—. Eta hala, txaleta Aieten, izan daiteke Antigua aldean ere, monobolumen bat familia guztiarentzat lehen, gehiegi kontsumitzen —eta kutsatzen— duen 4x4 urbano bat orain, seme-alabak eskola pribatuetara (Santo Tomas, Axular), Lacunzara ingelesa ikastera, eta gaur afaria dut Diputazioko goi kargu batekin, eta hauteskundeak aurreratuko direla esan didate ahapeka —esan zuen McLuhanek, txutxu-mutxuak boterea dira—, eta Baqueira Beret-en apartamentua eskiatzera joateko —semeak snow egiten du, alaba Donostian geratu da lagunekin—, gaur bazkaria dut abokatu batzuekin, nire gestorearekin hitz egin behar dut astelehenean, eta hamarnaka hazbeteko telebista plano berria serieak ikusteko, eta urteko abonua hiriko gimnasio garestienean, eta La Perlan ere bai, eta emakume mardul harekin flirteatu —Abenidako sukurtsaleko buruaren emaztea dela entzun dut— eta “zer moduz umeak?” eta “ume-umeak ere ez ja! Nagusia, Australiara joan zaidala” eta “joe, nola bizi diren gaur egungo gazteak! Haien edadean banengo...” eta iji eta aja.

      Zenbait metrotara ikusi du Nerearen barre txikia post-ita hartu duelarik. Elkarri begiratu diote barrez eta bakoitza bere egitekoari lotu zaio. Ostirala da, minutu batzuk baino ez dira falta txiringitoa ixteko eta denbora pasan ari dira jada denak. Zortzietarako argiak apaltzen dituzte “liburutegiko erabiltzaileak” pixkanaka irteten has daitezen, itxiera ordu erdi geroago zehaztua badute ere. Behin “liburutegiko erabiltzaile” batek, jaun txit prestu harroputza, lumagorri bat montatu zion hori zela eta, hark zortzi eta erdiak arte eguneko beste orduetan bezala, “baldintza berberetan” —“berberetan” azpimarratzen zuen behin eta berriz—, egoteko eskubidea zuela inor hura presatzen ibili gabe, eta aski zela jada, egunean zehar beltz egiten zuela lan, eta ezin zuela beste momentu batean etorri, eta dena hobeki joango litzatekeela, bai, funtzionario horiek guztiek hark egiten zuen lanaren erdia egingo balute, ez zegoela eskubiderik eta abar. Faltoi jartzen hasi zen istant berean aldatu zuen txipa. “Ondo, oso interesgarria iruditzen zait zure soflama. Nahi baduzu erreklamazio-orriak ekarriko dizkizut”. Gero pentsatu zuen oraindik hobe izango zatekeela “Bezeroaren eskuragarri ditugu erreklamazio-orriak” esan izan balio, tonu robotiko batekin, baina zuzenekoaren ajeak, zer egingo zaio. Total, tipoak ezetz, ez zuela orain beraien erruz denbora galduko eta ez zela hor idazten hasiko sokadun boligrafo txatxu batekin, seguru funtzionatu ere ez zuela egiten, gainera —komentario horrek grazia egin ziola aitortu behar du—, eta joan zitezela denak popatik hartzera, nahikoa denbora galdu zuela ordurako. Enkargatuarekin ere hitzordu bat lot zezakeela iradoki zion orduan. Ez enkargatu eta ez ostiarik, hark “ezagutzen dudan goragoko batekin” hitz egingo zuela, eta berriz ere enfatikoki, “goragoko batekin, e”, eta epelak esango zizkiola, “ez baituzue beste hizkuntzarik entenditzen”. Lanean bizitako hamaika kalapitatatik ondo daki herri honetan gauzak horrela konpontzen direla, denok dugula lagun bat edo familiakoren bat edo aerobiceko ez dakit nor ez dakit ze postutan, eta harekin bi hitz gurutzatuta askoz gehiago egin daitekeela “ohiko bideetatik” (cauce democrático) baino. Gero Espainiaz esaten da, pentsatzen du, hura katxondeo bat dela eta abar, baina bera ziur da hemen berdin-berdin funtzionatzen dugula, konpontxo berberak edo okerragoak, soilik jator erara eginak.

      — Ez hasi Maiteren bila, alferrik ibiliko zara.

      Nerea da, ohiko umore azidoz, jada jaka jantzita eta irteteko prest. Urtebete baino gutxiago den arren liburutegian lanean hasi zela, Maite beti da lehenengoa hanka egiten; beti aurkitzen du modua azkeneko errepasoa egin aurretik joateko. Bere egitekoak eginda, ez du lanik hartzen dena ondo dagoen konprobatzeko, ezta gainontzeko lankideek amaitu arte itxaroten ere. Kontratuan lanaldia zortzi eta erdietan bukatzen dela eta hura ez dagoela prest denbora gehiago sartzeko. Inoiz gertatu izan da “liburutegiko erabiltzaile” sobera patxadatsu batek —hondoko apal batzuetan (Erdi Aroko Historia) gehiegi entretenitu zen agure bat— baino lehenago alde egin izana.

      Kaleko eskailerak igo, hesitxo metaliko berdea igaro eta Nerearekin despeditu da; hura zentrorantz eta bera Parte Zaharrerantz. Ez du tarte handirik elkarteraino —kilometro erdi baino gutxiago, kalkulatzen du, kontuan izanda Artzain Onetik Santa Mariara kilometroa dagoela entzun izan duela inoiz—, baina bidea aprobetxatzea deliberatu du Luciari dei galdua itzultzeko. Ez dio lehenengoan hartu; ez du sobera luzatu deia —hori ere egia—, ez hartzera pilota —eta telefono gastua— Luciaren teilatuan geratzen delako. Behingoan deitu dio bueltan.

      — Logelan nuen telefonoa eta ez naiz iritsi.

      Oso pozik da masterraren martxarekin. “Kaña” sartzen ari zaizkiela, lan eta eginbehar ugarirekin, erritmo altuan ikasi behar dela, ez dizula ia beste ezer egiteko astirik uzten (“lana eta masterra konpaginatzea ezinezkoa da, abisatua ziguten aurrez”), baina momentuz pozik dela izan dituzten irakasleekin (lehenengo aste horretan bi), ikaskideekin (egunero hartzen dugu trago bat elkarrekin ateratzen garenean) eta antolakuntzarekin. Antolakuntzarena aipatu duelarik, ezin izan du ekidin Lucas horrekin akordatzea, el Pato Lucas. Sarean bilatzen jardun da eta luze gabe lortu du tipoaren inguruko informazioa. Lavapiesko artista kolektibo bateko kide izan da, Arte Ederretan lizentziatua Complutensean eta master bat ikasitakoa Manchesterren. Giro alternatiboetan mugitu izan da orain arte, eta izentxoa lortua omen du arte munduan, tartean Patio Maravillasen antolatzen zituen tailer batzuei esker (Poiesis: Repensando la política como poética; Prácticas artísticas de lo común I; Prácticas artísticas de lo común II; Juana de Hack: insurrecciones artísticas en el mundo digital). Reina Sofiako izendapenak, baina, zalaparta eragin zuen. Prentsaren arabera, haren posturako konkurtso publikoa atera, atera zuten (legez behartuak zeuden), baina postua aurrez emana zegoen; zenbaitek salatzen zutenez, “objektiboki” hark baino meritu puskaz gehiago zituztenak aurkeztu ziren deialdira; haatik, elkarrizketaren puntuazioa puztuz eta Patolucasen curriculumeko zenbait berezitasun justifikaziorik gabe izugarriki balioetsiz, azkenean hari eman zioten lanpostua. Grazia egin zion itxura nahiko primarioko blog batean topatutako artikulu batek, zeinek Patolucasen jukutriak eta maila eskasa salatzen zituen ez si ez no. Klasiko bat, pentsatzen du berak, tipikoa arte zentro, sormen laborategi, kultur azpiegitura eta enparauetan (hor ere bai); entxufismoa, amigismoa eta beste hainbat keria. Eta zenbat eta alternatiboagoa, are lagunkeria handiagoa. Ni eta nire lagunak, munduan ni bakarrik geratu arte; nik bakarrik entenditzen dudan hizkuntza batekin, kearen marketinean aditu, eta nire postutxoarekin (hori baita inportanteena). Ezaguna zaio hori ere Euskal Herrian, horretan ere % 100 espainola den Euskal Herrian. Gazta Idiazabalgoa, baina gazta, azken batean, manchegoa bezalaxe. Ez du batere harritzen, beraz, Patolucasek sistema digital klasikoaren bidez lortu izana lana. Informazio hori guztia lortu ahala geroz eta gehiago lasaitzen dela nabaritu du, mozolo haren puntu ahula deskubritu duelakoan, eta bere susmo txarrak konfirmatzen direlakoan. Informazio horren jabe izateak Lucia bereago egiten duela iruditzen zaio, nahiz eta tipoarekiko errezeloak bere horretan jarraitzen duen.

      — Antolakuntza ere ondo, beraz.

      — Bai, oso ondo.

      — Ba arraroa izaten da masterretan. Dirua ateratzea beste asmorik ez dute izaten horiek.

      — Ez dakit, baina edozein arazo dugula, Lucasek konpontzen digu, edo bideratzen behintzat, eta akademikoki ere plus bat ematen dio kurtsoari.

      — Akademikoki?

      — Bai, esan nahi dut saioak-eta primeran bideratzen dituela, irakasle gonbidatuari galdera pertinenteak egiten dizkiola. Batzuetan, Lucasen interbentzioak irakaslearenak berarenak baino hobeak dira.

      Erremindu da izena bigarren aldiz entzun duenean, baina amorruari eutsi eta hitz beste egin du; ea pisuan zer moduz moldatzen den, auzoa zer moduz dagoen —aurkitu du jatetxe begano bat, egunero menu bakarra duena 12 euroan— eta abar.

      Ijentean ezkerrera egin aurretik, Pukaseko neoizko argiak bistaratu dituenean urrunean, ohartu da ari direla egunak ezarian-ezarian biltzen; ez dira bederatziak eta dagoeneko ilun da ia osoki; orain jabetu da, liburutegitik irten direnetik zegoen jada ilun. Egun ederra egin du gaur, baina haize finak ere udazkenaren ailegatzea iragartzen du. Luze gabe hasiko da berriro aditzen gaztaina erre usaina kaleetan, baita, langintza horretan batez ere immigranteak hasi zirenetik, batata erre usaina ere —berari jasangaitza egiten zaiona—.

      Mari kalera jo beharrean kalez beste egin eta Kanpandegin sartu da, elkarrizketa luzatuko zaiola aurreikusiz. Kalearen goiko partera egin du, Arrandegi kalearen gaindi igarotzen den zubitxora, eta petrilean eserita, bere kokapenaren berri eman dio Luciari.

      — Badakizu non, ezta?

      Jakingo ez du ba. Leku horretara eraman zuen Lucia lehen hitzorduan. Ordukoan ere, ibilbidetik desbideratu ziren pixka bat kaira ematen duen tabernatik irten zirenean. Donostiako bere lekurik gogokoenetakoa erakutsi nahi zion, neska inpresionatzeko ahalegin xaloan. Jende gutxik ezagutzen zuela, edo asko jota oharkabean pasatu ohi zen tokia zela azaldu zion: “Ez da gidetan azaltzen”. Bereziki gustatzen zitzaion neguan, iluntzean, Arrandegitik arimarik ia ikusten ez zenean eta, hondoan, arkuetatik harago, badiako argiak halako lainobera baten pean murgiltzen zirenean, olatu txikitxoak bare-bare zeudela —kasik entzun zitzakeen haien hots leunak—. Bakartasun hori maite zuen, ematen zion leku horrek eta itsasoaren presentzia sotil hark, baina geroz eta nekezago zitzaion urtean zehar hori lortzea.

      Toki horretatik ari zaiola deika jakiteak ilusioa egiten diola eta lehendabizikoz herrimin pixka bat sentiaraztea lortu duela esan dio Luciak barre txikiz. Ez dira ohikoak azken boladan harengan halako samurtasun uneak, nahiz eta aitortu behar duen bikotearen historiaren erreminiszentziagatik bainoago joan dela hara aspaldi pasatu ez delako, eta profitatu nahi zuelako txoko kuttuna bisitatzeko, oraindik, urteko sasoi horretan, jendetza ikusi eta entzuten bada ere inguruan.

 

 

Kafezko flana dute aurrean, esne-gain txorrotada banarekin; koilaratxoak jartzea ahaztu zaio Unairi, eta Imaz altxatu da herdoilgaitzezko sukaldearen bazter batean dagoen tiradera irekitzera. Oierrentzat da laugarrena, flanaren egilearentzat. Hutsik gabe ekartzen du hilero-hilero molde borobil handi batean. Flana deitzen jarraitzen diote, nahiz eta behin Unaik esan zuen molde horretan budina dela flana bainoago; haren iritziz, flana izateko errazio indibiduala izan behar du, “osotasun bat bere baitan”. Tuperretan etxera eraman izan dute ez gutxitan sobran zuten zatia, hurrengo egunean ere bezperan bezain gustagarri suertatzen baita. Oierren arabera, bere errezetaren klabea kafean dago. Jende askok etxeko kafetera urtsuetan egindakoa erabiltzen du edo, are, kafe disolbagarria. Hura ordea auzoko taberna batera joaten da, inguruan kafe onena egiten omen duenera —Casa del Café-koa erabiltzen dute—, eta sei kafe huts eskatzen ditu. Konbertsazio hori izan dutenean beti azpimarratu izan dute lehengaien kalitatearen garrantzia, sukaldean ez dela beste misteriorik: lehengai kalitatezkoak eta esperimenturik ez elaborazioan. Horrek egungo sukaldari modernoak mespretxatzera eramaten ditu. Haien kalaka marketineroa —ke saltzaileak—, haien lotsagabekeria edozein txorrada zerbait sakona zerbait goi-arnasekoa zerbait serioa balitz bezala aurkezteko, baina batez ere, haien errespetu falta jakien, lehengaien eite naturalarekiko. “Txuleta edo erreboilo on baten aurrean, ken itzak soufleak eta zerak”. Iritzi berekoak dira denak horretan.

      Oier eta bera Donostiako bandera bereziz hornitutako —auskalo ze txapelketatako garaikurrak— harrizko paretaren kontra bermatuta daude, eta Imaz eta Unai dira beren parean, sukaldeari bizkar emanez. Beti hartu ohi du Imazek mahai hori eta denak paratzen dira leku berberetan. Afaritik afarira gordetzen du lekua oraindik antiagoaleko erara, paperezko fitxa moduko batean izena eta bazkide zenbakia idatziz. Ez da iritsi hara oraindik elkarte berrietan jartzen hasiak diren ukipen-ordenagailu modernorik. Elkartearen beste muturrean bost gizonezko daude —hirurogei bat urte, gaztelaniaz mintzo—; lehenago Imazek ahapeka esan dienez, elkarteko alma mater-etako bat da lodikotea —kontuz ibiltzeko, Imazi berari eskatzeko edatekoak, ez sartzeko denak sukaldera—, elkartearen danborradako danbor nagusia.

      — Ez da egongo txanpon oneko, gainera, bazkide batzuk danbor nagusi berri bat jarri nahian dabiltzala komentatu zidan lehengoan aitak.

      — Ez haute hi jarriko, ezta?

      Hila joan, hila etorri, gutxi-asko kontu berberen inguruan hitz egiten dute elkarteko enkontruetan; kontu berberen inguruan, gauza berberak esaten eta tonu berberaz, lehenengo aldia balitz bezala botatzen dituztenak, hori bai. Gaur mendiaz ari dira, nola ez Imazek ateratako gaia. Familia guztia du mendizalea, eta txiki-txikitatik sartu zioten zaletasuna. Osaba, izeba eta abarren artean, haren familian izango dituzte gutxienez hiru furgoneta, dirutza balio dutenak, baina mendirako ezin aproposagoak omen direnak. Sarri pentsatu izan du hori dirua dutenen —lautik hiru irakasle, funtzionario, negozio arrakastatsu baten jabe— kontzientzia-zuriketa bat izaten dela, luxuak alde batera utz ditzaketela erakusteko modu bat, bizi daitezkeela egun batzuez lau arropa, janari pixka bat eta etxetxo txiki mugikor batekin. Klase erdi-aberatsa pobre izatera jolasten, pentsatzen du, mendiaren sinbologia abertzale guztia gehiturik —denak dira ezker abertzaleko bozkatzaileak—. Joaten dira beren Californiekin, beren Marco Polo, beren camper ekipatuekin, eta duten eskarmentua erakutsiz karretera alternatibo bat hartuko dute ez dakit nongo bidesaria ekiditeko, horrek ezkertiarrago egingo balitu bezala. Gero Alpeetara joango dira, dirutza ordainduta, gida baten laguntzaz ez-dakit-zenbat-milako bat egitera; beren arropa ezin garestiagoekin, Salomon bota berri-berriekin —bibrazioen kontrako zola berezi bat atera dute—, kranpoi eta piolet eta mendiko eski eta behar den guztiarekin. Chamonixera edo Albertvillera edo Briançonera edo Monteuxera —Alpe suitzarrak lasaiagoak dira— edo Salzburgora —oraindik ez dugu Austria ezagutzen—. Dena naturarekiko —ama lurrarekiko, esan nahi baita— lotura primario horren bila, dena hiri industrialen burrunba gaitzesgarritik urruntzeko. Zinez garena izaten uzten ez digun burrunba okaztagarria; arrunkeriaz, lohiz, kimikaz, abailaz, ustelez, makurkeriaz betetako hiri hori.

      Biharamunean Monte Perdidora joatekoa dela ari da esplikatzen, bere neska Saioaren kuadrillako batzuk aspaldi esan diotela Perdido egin nahi dutela eta ea berak gidatuko dituen. “Kokoteraino nago jada Perdido egiteaz”, aitortu du. Gero esplikatu du lehendabizikoz hamabi urterekin egin zuela eta ez duela ulertzen jendearen itsukeria, hori baino askoz ere mendi ederragoak badirela eskura, ezezagunagoak, Frantzia aldean adibidez, eta esan, esan ziela eramango dituela beste mendi bereziagoren batera, baina keba, haiek Perdido eta Perdido, ez dutela besterik, beste okasioren batean egingo zituztela hark nahi zituen mendi espezial guztiak. Garai honetan, jada, lehen elurteak erortzeko arriskua dagoela, eta ea zer egiten duen domingero kuadrilla horrekin Escupidera elurrez bada, ez dutela materialik elurretan igotzeko, baina tematiak direla temati Saioaren kuadrillakoak. Dagoeneko ez dela izango abuztuko jendetzarik, baina, halere, mendia jasanezin egongo dela, desastre bat egina, jada ia urte osoan zehar egoten baita horrela. Ez dituela pitoietatik eraman nahi, badaezpada, eta Soasoko zirkuari buelta osoa eman beharko diotela. Rollo bat, baina bere ardura izaki, ez duela arrisku minimorik ere hartu nahi, ez dela fidatzen mendian ibiltzen ez direnekin, nahiz eta kirolariak izan eta aski forma onean egon. “Izan dadila dena Saioaren lagunengatik”. Eta topa egin dute denek.

      Duela gutxi El País Semanal-en zerbait irakurri duela mendi korrikalari katalan gazte bati buruz komentatu du berak, izugarrizko balentriak egiten ari dela, erbi baten antzera ibiltzen dela gora eta, batez ere, behera mendian. Imazek kontra egin dio, garrantzia kenduz esandakoari. “Kilian Jornet” esan du, gauza jakina balitz bezala. Denak geratu dira ea zer esango duen esperoan.

      — Ez diot tipoari meriturik kendu nahi, baina asko du modatik horrek. Espektakulua, medioen bazka.

      — Ba irakurri nuenez, mundu mailan ez du parekorik, mendia irauliko omen du luze gabe. Eta hogei urte pasa baino ez ditu.

      — Bo, bo, bo.

      Bazekien halako komentario batek asaldatuko zuela. Horregatik bota du. Uzteko mendia bakean, hasi da esaten, ez duela salbatzailerik behar batere. Eta, areago, ausartuko dela esaten —jada apur bat bero— tipoak mendiari onetik baino gehiago ekarriko diola gaitzetik, ikustea besterik ez dagoela urrutira joan gabe nola dauden inguruko mendiak, eta ingurukoak dioenean ez dela Pirinioetakoez ari, ezetz, inguru-ingurukoenez baizik, Txindoki eta Aizkorri eta Hernio eta Anboto eta Aralar eta are Adarra ere. Korrikalari lerdoz betetzen ari dela mendia, maldan gora zer eta harrapaka ibiltzen diren horietaz, lotsa eman beharko liekeela hala ibiltzeak, arropa estu barregarrizko horiekin, ur-depositoa bizkarraldean eta tutu batetik tiraka edaten, besteri enbarazu egiten eta mendiko lasaitasun eta bakea hausten. Erridikulutzat baizik ezin dela har mendian korrika ibiltzea, kronometroari begira; guztiz dagoela mendiaren benetako espirituaren aurka erlojuaren kontra ibiltzea, eta ea orain nork geldiaraziko duen plaga, moda, izurrite hori. Eta horren guztiaren erantzule nagusienetakoa dela hain justu Jornet delakoa, zeinak —hori ja berak bere artean pentsatzen duen gauza da— cava marka baten izena dirudien. Mendian dagoeneko urri direla antigoaleko mendizaleen gisara ibiltzen direnak —esan gabe doa bere burua sartzen duela multzo horretan—, hau da, erritmora.

      — Tankera onean. Euskaraz tankera esaten zaiok, erritmo hori erdarakada hutsa duk.

      Ohituta daude Unairekin. Puntalakurlo —akaso hark tunkoso esango luke— erabatekoa da hizkuntza —hots, euskara— kontuetan, eta bakanetan baino ez diote egiten kontra, besteei bost axola zaielako euskara jator eta garbia erabiltzea. Iruditzen zaie —zehazki berari bakarrik, egia esatera— euskara kontu horiek guztiak txikikeriak baino ez direla, hizkuntzaren eta Estatutu ditxosozkoaren bizkar bizi den saldo horrek —euskararen funtzionarioek— bere horretan jarrai dezan aitzakia eta alibia, eta inori kalte egitekotan, euskarari baino ez diola kalte egiten ondoan etengabe listillo zentsore bat edukitzeak. Ez dela harritzen jende mordoa gaztelerara pasatzeaz, horietarik asko —D ereduan ikasitakoak, EGAdunak gehienak— akonplejatuta geratzen direla halako jende astuna parean tokatzen zaienean, zinez akonplejatu mortalenak horiek beraiek direnean.

      Ba jartzeko nahi duen hitza, jarraitu du Imazek, erritmo, tankera, nahi duena, baina ez dela inor ibiltzen horrela mendian jada. Erritmoan —begirada bota dio Unaik—, hortxe, ttak; ez lasterka, eta ez domingeroen modura ehun metrotik behin atseden hartuz. “Horiei buruz beste noizbait hitz egingo dugu” gehitu du, nahiz eta, egiazki, mendira kasik sandalietan eta bakeroekin joaten direnei buruzko soflama sarritan entzun dioten. Imaz berotu eta doktrina zabaltzen hasten denean, Oier izaten da hizketaldia baretzen edo beste norabide bat har dezan lortzen duen bakarra. Lauretan patxadatsuena da, eta gaur egun harengandik gertuen sumatzen du bere burua, nahiz eta beste biak lehenagotik —txiki-txikitatik, ikastolan hasi zirenetik— ezagutzen dituen. Oierrek egindako ibilbidea ere berearen antzekotzat har daiteke, gainera; beste motibo batzuengatik bada ere, saltsa politikotik aski aparte bizi da, baita egun ere. Ez zaio bikotekiderik ezagutzen —askotan pentsatu izan du, dute gaya dela—, aski bizitza austeroa egiten du eta inoiz ernegatzen ez den jende klase horretakoa da. Maiz irudikatu izan du harengatik ez balitz lagunartea aspaldi joana zela pikutara.

      — Bueno, Imaz, ba egin dezagun topa orduan tankeraren alde. Go-ra tan-ke-ra mi-li-ta-rra!

      Eta topa egin dute denek Oierren kantikari batuta.

      — Et et et, ni militarren kontra egon naiz beti! Gehienen kontra bai behintzat!

      Orduan irriak algara bihurtu dira, batez ere Unai, Oier eta Imaz berarenak.

      — ¡La mili, con los milis!

      Geroz eta gehiago ernegatzen dute gisako broma banal horiek, eta iruditzen zaio zabormendi moral handi bat ezkutatzeko maskara baino ez direla. Komunera joateko profitatu du, eta ez bereziki ezer libratzeko premia duelako, ezpada behazuna-edo. Geroago jakin du okerrago izan dela, bueltarako hizpidea are makurragoa baita; brometan gabe, serio ari baitira betikoaz. Beti-betikoaz. Motel egin du buelta, bere burua lasaitu nahian, eta ea luze gabe gaiz aldatzen duten itxaropenarekin. Eseri denean, Oierri entzun dio, epel —ezin baitu askoz beroago esan—, ez ote den jada pertsiana jaisteko tenorea. Oso ekibokatuta dagoela Unaik, “topikoaren kontra” Erakundearen aktualitatea inoiz baino justifikatuagoa dagoela, haiena dela herri honetan proposatu den bakerako plan zinezko bakarra, beste aktore politikoak baino urrats dezente aurrerago daudela politikoki, aski dela ardurak beti besteri egozteaz.

      — Jendea akabatzera dedikatuko ez balira, akaso inor ez litzateke ibiliko zer egin behar duten esaka.

      Ezin izan du bere burua bridatu, nahiz eta jakin hori gerra deklarazio bat dela, hizketaldia ozpinduko dela behingoan —beste hainbatetan bezala— eta batak zein besteak beren lubakietan gotortuko direla, elkarri geziak baino lantza benenoz beteak jaurtikiz. Jarraitu egin du Unaik Imazen gertuko onespenarekin —besteak bedeinkazioa ematen dion begiratzen du zeharka— esanez, begira, oraindik ere egiten dituzte gauzak, gainera —orain hilabete gutxi garbitutako poliziari eginikoari erreferentzia argia—. “Oraindik gauzak egiteko gai dituk”. Gauzak. Tristea dela —zinismo horrek sumintzen du bera gehien—, baina hori dela dagoena, eta Erakundea polizialki derrotatu daitekeela uste dutenek hor dutela adibide onena ikusteko guztiz ekibokatuta daudela. Batzuetan, galdera sinpleak egiteak funtzionatu izan dio halakoetan.

      — Beraz, ondo iruditzen zaizu altura hauetan, XXI. mendean ondo sartuta, garondoan tiroak ematen ibiltzea hor zehar.

      — Aber, hori sinplekeria hutsa duk.

      Unaik beti asmatu izan du gai hauetan sekula ez bustitzen modu nabari batean, beti betiko bandoan geratzeko, baina kasu honetan aski du manualari, kredoari, barne-txostenari, formazio-jardunaldiei jarraitzea. Hori auzia gaizki “enfokatzea” dela esaten jarraitu du, galdera ez dela hori, galdera dela “zer egiteko prest gaude gatazka hau konpontzeko?”. Gaude, gu guztiok. Kondenaren rolloarekin ibiltzeak gora eta behera gauzak nahasteko baino ez duela balio; hitzak, esaten du, hitzak eta hitzak, besterik ez.

      — Tankera honetan eguna pipertu baino ez dugu egingo.

      Eskertzekoa da Oierren ahalegina, baina dagoeneko beranduegi da. Gaia mahai gainean paratuta, inor ez da gauza amuari ez heltzeko. Setati jarraitu du hizketan Unaik, “hemen gauden inor” ez dagoela “zilegiztatuta” militante horiek guztiak epaitzeko, “dena” emateko gai direnak musutruk, ez duela ukatzen gauza batzuk “gaizki egin direnik”, baina horrek ez duela esan nahi berrogei urteko borroka harrokeriaz gutxietsi behar denik, eta are gutxiago hesiaren beste aldetik.

      — Hesiarena hiregatik esango duk, ezta?

      Asko sumintzen denetan hitanora pasatu ohi da oharkabean.

      — Eztabaida maila pertsonalera eramango badugu nik kito egingo diat.

      Kristo guztia erori zen garaian —tartean Imaz, Oier eta bera, noski—, Unairi ez zioten zarramazka txikienik ere egin. Egia da inoiz ez zela leporaino sartuta egon, baina entorno famatuko jendea erortzen hasi zenean, ez zen askorik behar atxikia eraman zintzaten —beraren kasua testigu—, eta bazen askoz gutxiagogatik ostia ederrak jaso zituenik. Garai batean zurrumurrua zabaldu zen Parte Zaharrean satorra ote zen —ez zen harritzekoa, bazen Unai harrapatzeko gogoz zegoen bat baino gehiago—, eta gogoan du behin nola ikusi zuen malkotan blai Imazi erregutuz mesedez zerbait egiteko eta hitz egiteko “goikoekin”, esamesa horiek denak gezur hutsak zirela eta sekulakoak pasatuko zituela ez bazituen norbaitek geldiarazten. “Zeren hik sinesten didak, ezta?” esan zion erdiraturik, eta Imazek, nahiz eta enpatia askorekin ez —ez zen haren soberarik—, egoteko lasai, konponduko zuela asuntoa. Kontuak kontu, eta Unaik sarri sortzen zion ernegazioa gorabehera, pena eman zion ikustea eskuarki tipo buruargi eta zolia zen hura beldurrak zafraturik, kaka eginda. Eta bai, auskalo nola —garai hartan gauzak auskalo nolaka funtzionatzen zuten eta—, baina konpondu zuen. Imaz mahaitik altxatu eta gauzak jasotzen hasi da; isilik jarraitu du, Unairi utzi dio ohiko sermoia botatzen. Platerak bata bestearen gainean bildu dituelarik, haren lekaioak lan zikina egiten bukatu duela jabetuta-edo, eztena bota dio parez pare begira: “Barkatu, baina zu ez zara oraindik kalabozo ospel hartatik atera”. Beraren erantzunaren zain geratu gabe joan da harraskarantz bizkarra emanda.

      Kalabozoari adjektiboa jartzearen hori zergatik ote den galdetzekotan egon da, esaldi epatanteagoa ateratzeko edo zertarako, ea Jarraiko ze bileratan irakatsi zieten hizkuntza pseudopoetiko okaztagarri hori erabiltzen, harritzekoa dela, hori bai, kalabozo beharrean “ziega” hitza erabili ez izana, eta ea Sarrionandiaren ze liburu gomendatzen dion, berak bezain ondo hitz egiten ikasi nahi duela. Baina isilik geratu da. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. Oier entzun du esaten “Benga, bale e. Bale”, altxatu eta atariko esekitokitik jaka hartzera joan denean. Beste mahaikoak ere isil aditu ditu. Mahaira gerturatu da berriro eta hogeiko billetea utzi du ogi apur artean. Zirkinik atera gabe jarraitzen dute guztiek. Imaz bizkarrez da, sukaldeko apalategietan auskalo zeren bila, plantak egiten seguru asko. “Esango didazue gehiago baldin bada”.