Deklaratzekorik ez
Deklaratzekorik ez
2019, nobela
312 orrialde
978-84-17051-26-6
Azala: Angel Aldarondo (Antoni Gisberten “Fusilamiento de Torrijos y sus compañeros en las playas de Málaga” koadrotik abiatuta)
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

La Equitativa

 

 

Leihotik begira, pareko eraikin zurian jarri du arreta; forma biribileko fatxada, barku baten eitea gogorarazten diona, akaso Nautikoarekin aurkitzen dion antzekotasunagatik. Aitak txikitatik hitz egin izan zion etxe pareko eraikin horri buruz —berak ez zuen baloratzen jakin urte dezente igaro arte—; plaka handi bat du atarian, “La Equitativa, vida. La Equitativa, riesgos diversos”; horixe ba, bizitza, arrisku askotarikoak, anitzak, ugariak. Oraintxe duda egiten badu ere, esango luke hori ere Aizpuruarena dela —biharamunean kontsultatuko du lanean—; aitak sarritan hitz egin izan dion arkitekto hura, faxista bat, baina jenioa. “Gaztetan madarikatzen eta gorrotatzen bagenuen ere, haren ekarria hamaika ezkertiarrena baino garrantzitsuagoa izan zen. Eta injustuki fusilatu zuten”. Frankismoan eskuinetik etorritako kultura guztia baztertu zutela berak eta bere lagunek, jarraituko zuen azaltzen, nola beti uste izan zuten Espainian kultura moderno bakarra ezkertiarra izan zela, exiliokoa, kanpokoa zein barnekoa, baina ekibokatuta zeudela, eskuinean ere figura ezinbestekoak egon zirela, besteak bezainbeste edo gehiago agian, literaturan, pentsamenduan, zientzian, arkitekturan, hor zeudela Luis Rosales eta Leopoldo Panero, eta Sanchez Mazas, noski, eta Eugeni d’Ors, hari eskerrak zirrikitu ugari ireki zirela, eta Ignacio Zuloaga, frankista izan ez balitz laudatua eta maitatua eta goretsia izango litzatekeela “hemen”, eta Gregorio Marañon, tipo erabat aurreratua bere garairako, eta hor zeudela fusilatuak ere, Aizpurua bera eta Maeztu, eta horietaz ez zuela jada inork ezer esaten —ez du ezer esan, baina Maeztu, hogeita hamabostean Calvo Sotelorekin Urumea frontoian golpearen alde arenga eginez, berak ez luke salbatuko—, ahaztuak zirela, eta badakiela, bai, ez dela politikoki zuzena hori esatea, baina berdin zaiola hari jada, badela garaia kontatu diguten ipuin horri ñabardurak egitekoa, eta bando errepublikarrean jarrera faxistak zeuden bezala egon zirela bando frankistan “lehen mailako pertsonalitateak”. Ezagun zuen, buruz zekien jada, aitaren esaldi parrasta hori.

      Errezela ireki du gelan argi gehiago sar dadin. Txikia zela, goialdeko publizitate-panel argiztatua besterik ez zuen ikusten bere gelatik, ez letra distirant eta higikariek sortzen zioten lilurak itsutzen zuelako, baizik eta perspektibak soilik eraikinaren goialdea ikusten uzten ziolako. Hazi ahala hasi zen lortzen ikuspegi osoa, eraikinaren balioaren kontzientzia hartzea hura aurrez aurre ikusi ahal izatearekin batera joan izan balitz bezala. Ezagun da berriki pintatu dutela, haren zuritasuna oso deigarria suertatzen baita, areago orain panel hori gabe, fatxadaren goialde kurboa zuri-zuria izaki.

      — Zeinen eder utzi duten.

      — Mesedez, zuri zakar hori jartzea ere. Beste baldarkeria bat. Hiri honetan egingo ez dutena.

      — Eta panela kendu zutenean?

      — Hori ondo egin zitean; plano originaletan ez zuan panelik, geroko kontuak dituk horiek.

      Aitaren logelatik, ibai alderantzago egonik, bete-betean ikusten da eraikina, pare-parean. Ama zenaren argazkia begiztatu du leiho ondoko komoda zaharraren gainean; txubaskero berde kolore bizikoa, irribera, ilea luze. Aspaldikoa da, baina esango luke bera ordurako jaioa zela. Benasquera joaten ziren oporraldiren batekoa akaso.

      — Ez duzu ohetik altxatu nahi? Hartara gela egurastuko dut.

      — Ondo nagok hemen. Altxatu, zertarako?

      — Mugitzeko esan zizun medikuak.

      — Ez duk-eta bera nire egoeran dagoena. Doan duk aholkuak ematea, eta afizio hori ditek medikuek.

      — Lagunduko dizut.

      — Uztak, motel.

      Gelatik irten da, ez du aitaren petralkeriak entzuteko gogorik, eta sukalderantz abiatu da. “Kafea egingo dizut” oihukatu dio handik; “bale” lehor batez erantzun aitak. Ekarri dion pakete berria utzi du apalean eta bukatzear denetik hartu du. Kafetera urez bete eta inbutu gainean jarri du kafe ehotua zapaldu gabe, aitak erakutsi zion bezala.

      — Berritik jarriko dizut probatzeko.

      Mahai txikiaren bueltan dagoen aulki bakarrean eseri da, ura berotu eta kafetera txinpartaka hasiko zain. Sukalde zaharra da, marroi koloreko lauzak eta armairu orain horiztatua; tiradera gorriak, sukaldeari kolore pixka bat ematen diotenak, suburu koipeztatua eta gasezko suak babesten dituzten burdinazko lerro belztuak. Ama hilez gero uko egin izan dio beti aitak etxean obrak egiteari, dagoenean ondo dagoela etxea, ez duela gehiago behar eta berritzeek buruhausteak eta trabak besterik ez duela ekartzen. Tumorea aurkitu ziotenetik are motibo gutxiago ezer aldatzeko, noski; eskerrak Cecilia etortzen hasi zenetik etxea txukunago dagoen. Esaten dutenez, borondatea ezinbestekoa da mota horretako gaitzak gainditzeko, bizinahiak bultzatzen omen du bat ezinezkoa lortzera eta gaitz sendaezinetatik onik irtetera; txorakeria hutsak, pentsatzen du berak, egunero hiltzen da jendea horretarako batere borondaterik gabe, falta zena, orain heriotza ere karga moral bihurtzea: ez duk behar bezain beste borrokatu, bizinahi gehiago eduki behar huen, kale egin duk, amore eman duk gaixotasunaren aurrean, kasik merezita joan haiz lurpera, zer egingo zaiok, hire partetik gehiago egitea huen; beste behin ere, enegarrenez, atzeko atetik sartutako moralkeria katolikoa, betiko moralkeria kulpabilizantea baina traza moderno eta alternatiboaz mozorroturik. Aitari, egiazki, motiborik ez zaio falta kemenik ez edukitzeko, horretan primeran ulertzen dio; diagnostikoak ez zuen zirrikiturik utzi, zaplazteko ederra izan zen. “Itxura txarra du honek” esan zien Mendia doktoreak, begiak paperetan kakotuak zituela, “ezer gutxi egin dezakegu guk jada”. Hondoratua baino, sutan atera zen aita kontsultatik; ezer gutxi egin dezaketela beraiek, zioen behin eta berriz, ezer gutxi egin dezaketela beraiek. “Ba beraiek ezin badute ezer egin, esan diezadatela nork egin dezakeen zerbait, esan diezadatela agudo”. Lasaitzeko, ez zuen berak beste ezer esaten asmatu. Bazekien aitarena erretorika hutsa zela, eta momentu horretatik bertatik ondo onartu zuela erremediorik ez zuela. Hurrengo egunean konprobatu ahal izan zuen gainera, izeba Conchi azaldu zenean etxean poltsa bete kontu: bitaminak, infusioetarako belarrak, miso pasta bateko, tofua besteko, kurkuma birrindua, aloe vera. Antzarak ferratzera bidali zuen arreba, areago makrobiotikan espezialista zen dietista edo naturopata edo petrikilo batengana joan behar lukeela (medikuek ez dutenez ezer egiten) iradoki zionean. Ohikoa zuen umore beltza atera zuen orduan, inori gabe bere buruari aplikatua: “Nahiago dinat duintasunez hilotz, lastima ematen bizi baino”. Orain, ohean kasik ezin mugiturik ikusten duenean, esaldi horrekin akordatzen da, baita izebaren jesus-maria-eta-joseekin ere, eta atsekabe sakon bat irribarre batekin nahasten zaio begitartean.

      Kafeteraren zaratak altxarazi du, eta kontzientzia duenetik aitarena den kikara aukeratu du arasatik —Bidasoa jartzen du ipurdian—; goraino bete du, eta koilarakada txiki erdi bat —gehiago ez— azukre bota gero.

      — Kiskaltzen dago.

      Kasu egin gabe hartu dio kikara. Aho aldera gerturatu eta, kafeari darion lurrun beroa sumatu ondoren, mesanotxean utzi du hozten. Ondoan duen pilula kaxari begiratu dio berak disimuluz, eta konprobatu du baietz, hutsik dela plateraren sinboloa agertzen den zuloa.

      — Zer moduz oinazeak?

      Keinu egin dio, hola-hola esango balio bezala. Burukomin jasanezin batzuk, horiexek izan zituen lehen sintomak. Familia-medikuak estresagatik izan zitekeela esan zionean, irri egin zion; bestela, ama hilez gero (zehazki, handik hamar hilabetetik aurrera) hartzen zuen medikazioaren kontua ere izan zitekeela bota zionean, hamar urtetik gora zela hura hartzen zuela, eta ordura arte ez ziotela azkura txikienik ere eragin; azkenik, migraina baten aukera iradoki zion, zeinari lehor erantzun baitzion “bidal nazazu espezialista batengana, mesedez”. Hor hasi zen analisien, ospitaleko gorabeheren eta mediku batetik besterako bidaien dantza, harik eta denbora gutxiren buruan Mendia doktoreak esan zion arte beraiek ez zutela ezer egiterik. Azkeneko kolpea izan zen ordurako aski maskaldurik zituen burmuin-gogoetan. Zer hasiko zen bera orain lezioka, peleatu behar zuela, eta ezin zuela amore eman, eta ez zuela etsi beharka, aspaldi emana eta hartua bazuen amore. Oinazea ahal den neurrian arrastoan sartzea, horixe dute orain helburu bakarra, “ez dezala sufritu”, lagunei, eta ingurukoei, eta senideei, eta lankideei horixe esaten die aitarengatik galdezka hasten zaizkionean, “ahalik eta lasaien egin dezan bide hau” eta halakoak; baietz egin ohi dute besteek buruaz, horixe dela onena dudarik gabe, eta ondo ari direla, eta ez dagoela beste erremediorik, eta abar. Pilulena ondo antolatzen eginahalak egin zituen, pilulen kaxoia txukundu, ondo ordenatu, orduan erosi zion halaber pilula-kutxa, Ceciliak egunero berritzen diona. “Lasai egon haiteke” esan zion pilulen erregimena esplikatu zionean, “ez diat txorakeriarik egingo, ez diat putada hori egingo”. Berak, zer erantzun ez zekiela, “erosotasunagatik egin dut” bota zion; baietz buruaz aitak, “bazakiat, bazakiat”, haragi bizian gehiago igurtzi nahi ez balio bezala, eta hasperen egin zuen sakon.

      — Adarra jo nahi edo zer arraio? Zaharretik jarri didak.

      Kikara eskuan, beltzuri ari zaio begira. Barrez hasi da bera. Behin baino gehiagotan saiatuagatik ere, sekula ez dio kafe kontutan ziria sartu, ezta gaitzak aurrera eginda ere. Irribarre egin du aitak, iritsi denetik lehenbizikoz; lorpen handia, pentsatu du berekiko. Ez da ekarri diona bezain ona egongo, baina berak berdin-berdin gozatzen du kafe-urrin hori eta, gelatik ez mugitzea deliberaturik, hormaren kontra dagoen zumitzezko besaulkian eseri da. Zalantza egin du momentu batez poliziena kontatu ez kontatu, baina berehala kendu du burutik; gai politikoak aitarekin ukitzea delikatua da, supituan hasten da erretolikarekin, eta seguru, kasu honetan, errieta egingo liokeela, bere jokabidearen ordaina besterik ez dela jasotzen ari, “mundu horrekin” loturak mantentzeko tema horrengatik; sarritan esan diola, handik eskapo egiteko, ea ez duen nahikoa eskarmentu izan, berak, ordea, sekula ez duela benetan alde egin nahi izan, halako hari arraro batek lotzen duela oraindik: kulpa? esan zion behin, damua?, edozein kasutan hik jakingo duk zertan habilen. Eta amarekin gogoratzen da, ezinbestez; nola, gertatutakoa gertatuta hotz segitu zuen, ez zuen beregatik erruki amiñirik ere adierazi, “ez espero nigandik ezer” esanez bezala, eta haren petralkerian, aitak sakonean halako samurtasun bat erakutsi zuela berarekiko, su eta samin erakustaldiz mozorrotzen zuena nolabait, baina azken batean, bistan zen edozer egiteko prest zegoela laguntzeko, gehiago sufri ez zezan, berriz “ziega ospel horretara”, Imazek esango lukeen erara, sar ez zezaten. Ama, bitartean, hor konponka, ulergaitz, errietarik ere ez zion egin, soilik urte batzuk geroago bota zion behin, serios, “ez dakizu zenbat min egin zigun kontu hark”. Ondo zekien bai, ez zioten sekula aipatu, ezta behar ere, zeren ondo asko antzeman baitzuen haiei eragindako zaputza, lotsaizuna, huts egin izanaren sentipen bizia.

      Hor du gelaren ikuspegi osoa, horma-armairuaren atean dagoen ispilu handiak erakusten diona; bata bestearengandik gertu, aitaren antz geroz eta handiagoa duela ohartu da, eta espantuz bezala, egokiera aldatu du beste keinu berezkoago baten bila. Ceciliarena aipatu behar lioke, baina gerorako utziko du momentuz.

      — Zure garaian, aita, Poliziak nola lortzen zuen klandestinitateari buruzko informazioa?

      — Poliziak?

      Mesfidantzan galdetu du, datorrena sumatuko balu bezala.

      — Bai.

      — Ez zakiat ba, mila modutara.

      Enborra mugitu du ohean, alde baterantz egin du, berari bekoz beko begiratzeko.

      — Zergatik galdetzen didak?

      — Pentsatzen jardun dut, orduan, oraingo teknologiarik gabe-eta, nola izango ziren kontu horiek. Besterik gabe.

      — Oso diferentea, noski, baina era berean igual-iguala.

      Berriz ere itzuli da aurreko jarrerara, leiho aldera biratuta, eta kikara hartu du mesanotxetik. Ez dirudi gaur hiztun dagoenik, baina kontu zaharrekin pizten denean ez dago geratuko duenik; beti izan da hala.

      — Tira, orain jende hau kexaka hasten denean barregura sartzen zait. Inpunitate poliziala? Ordukoa bai.

      Harritu egiten du nola hitz egin ohi duen gai horietaz berari gertatutakoa sekula jazo izan ez balitz bezala, bera ere atxiloturik egon izan ez balitz bezala, bost egun horiek giltzapean, eta gainera ama, urte mordo baten ostean, “zenbat sufritu genuen”-ka; zulo hartan bizitakoa kantu-eta-festa izan balitz bezala. Salbuespen bat amaren komentario urrun hura, gainontzean, pasarte haren ezabatze erabatekoa; aitak ez dio gerora inoiz aipatu izan. Ziur aski ez zuten dena jakin, hori ere egia da, berak ahal izan zuen guztia ezkutatu baitzuen eta haiek ez baitzuten ezer galdetu.

      — Orduan erraza zitean. Informazioa behar zutela? Joan eta galdetu. Ez zuan besterik. Atxilotu, estutu, eta zeozer irtengo zuan.

      Bukatu du kafea eta kikara eman dio ohetik; altxatu eta sukaldera egin du harraskan uztera. Ez du xaboia eskura topatu eta bertan utzi du; garbituko du Ceciliak. Bizkarretik entzuten du aitaren ahotsa, behin komisario batek esan ziola galdeketetan beti ateratzen zela zerbait, hortzetako pastarekin bezala gertatzen zela, egon zitekeela bukatzear, ahituta, baina ondo estutuz gero beti irteten zela zertxobait, leku egokian tinko zapaltzea besterik ez zela misterio bakarra, arte bat, bai, baina horrexek egiten zuela on agente bat. Pastarik gabe ere beti ateratzen zela zerbait. Itziarren semea eta zera horiek guztiak engainu hutsak baino ez direla izan, jendearen nahimena sutzeko sortuak, populua adoretzeko, baina gero errealitate gordin bakarra zela jendeak kantatu egiten zuela, salbuespenik gabe, kantatu eta kantatu, baita tokatzen ez zitzaionean ere, eta istorio epiko horiek guztiak ederrak direla, bai, pelikuletarako edergarri, baina kontua oso bestelakoa izan zela. Batzuk bai, Itziarren semea-ka, eta inor salatu baino nahiago du hila, eta ez zara eroriko Arbola maitea, bai, kontu mesianiko horrekin guztiarekin, beren agertokietatik, iritzi zutabeetatik, bozgorailu zientoetatik, lokatzetan orpoa ere sartu gabe, eta bitartean jendea, populua, sinesbera, gerrara (“esateko modu bat da”, zehaztu du) kanoi-bazka; komisaria bidean tinko-asmoz, ipuin horiek guztiek emandako badaezpadako indarrez, harik eta zuloan sartu eta kalabozoen beltza ezagutzen hasten ziren arte.

      — Gehiegi kostatu zitzaiguan horretaz jabetzea.

      — Norbait egongo da kantatu ez zuena.

      — Ezetz ba.

      — Tira, galdeketetako hildakoak hor dira.

      Burkoa esku batez gerturatu eta enborra atzerantz mugitzen ikusi du. Berehala gerturatu da harengana; beso batekin lagundu dio tentetzen eta bestearekin burkoa sartu dio bizkarraren eta oheburuaren artean.

      — Begira, sinplea duk.

      Galdeketetan hildako horiek ez dutela zerikusirik kantatu edo ez kantatzearekin, Poliziaren hanka sartze batekin baizik, gehiegi estutzearekin, kasuren batean akaso itaunduaren berezko osasun-arazo batek —biriketako, edo giltzurruneko, edo bihotzeko zera bat— lagundua. Inoiz eskutik joan zitzaizkiela, komisario hark ere aitortu ziola, baina ez zerbait jakin nahi eta kontatzen ez zietelako, baizik eta hor barruan aritzen ziren polizia asko bihozgabe hutsak zirelako, odolzaleak, diktaduraren babespean suelto ibiltzera ohituak; ezagun dela, odolak odolari dei egiten diola, eta inpunitate horretan inoiz pasatu egin zirela zenbait zoro, oinazea eragiteaz mozkorrik, tira eta tira, boterearen eta azpiratzearen sedukzio gehiegizkoaz, zerbaitek huts egin eta hantxe geratzen zitzaizkiela, eskuartean hilotz.

      Gelatik irtengo balitz ere aitak hantxe jarraituko lukeela iruditu zaio, paretari hizketan. Etengo lioke, baina badaki halako beroaldiak zaizkiola egun pozbide bakarretakoak.

      — Eta aise konponduko zitean txerrikeria. Musu-truk ateratzen ziren halakoak.

      Ez da ausartu galdetzen ea orain diferentea den, purrustada jasoko duela segurua baita. Galdetu beharrik ere ez du izan, ordea, jarraitu egin baitu.

      — Trantsizioan aldatu zen hori, nahiz eta oraindik elementu solte batzuk geratu ziren urte batzuetan.

      — Noiz arte?

      Espainia Europako Batasunean sartzearekin batera egin zutela benetako garbiketa, laurogeita bostean. Belaunaldi berri bat iritsi zela Poliziara, diktaduraren gordinena ezagutu ez zuena, gerra kontuak eta haiekin lotutako herra-gorrotoak bizi gabea, eta jende berri horrekin amaitu zirela behingoz “inpunitate espazio horiek”. Ez zutela beste erremediorik, gainera, Europan sartuta ezin zutela txorakeriatan ibili, herrialde demokratiko bat zirela demostratu behar zuten munduaren aurrean, eta ezin zuten onartu ordura arteko komisarietako barra librea, ezin zuten herritarren eskubideekin guztiz aratzak ez izateko atrebentziarik eduki, garesti ordaindu zezaketelako. Areago, inpresioa duela Europako beste herrialde askotan ez direla hain txukunak izan, urte gehiagotako tradizio demokratikoa edukitzeak edo gerra galdu izanak txerrikerietarako aukera handiagoa eman izan diela, kreditu moduko bat; begiratzeko bestela zer gertatu zen Italian Brigada Gorriekin edo Alemanian Baader-Meinhofekin, zer esanik ez Frantziak egin zituenak Aljerian, garbiketa galanta, eta inork gutxik jarri zuen erreparorik, jendeak beste aldera begiratu zuen, ustezko iritzi publiko europar demokratiko eta progresista horrek guztiak; eskerrak eman ditzakete hemengo superborrokalariek halakorik ez zutelako egin Espainian.

      Behingoz bukatu duela ematen du, hala izango ahal da.

      — Tira, GAL egon zen, bai, txapuza ikaragarri bat.

      Pausa bat egin du, hauspoa abailan doakio, eta leihoa pixka bat irekitzeko eskatu dio, izerditan dagoela. Berak kontuz ibiltzeko, ez dadila hoztu orain, eta estoreak goraino igo ondotik, goiko aldea bakarrik ireki du. Itsasoko haize freskoa sumatu du.

      — Hor izan genian azkeneko garaipena.

      Leiho aldera seinalatu dio aitak. Ezaguna du istorioa, ipuina, kolpistak Donostia hartzen ahalegindu zirenean hogeita hamaseigarrenean Loiolatik Urbieta kalean barna, nola batez ere anarkistez osatutako miliziek geldiarazi zituzten. Anarkistak, esaten zuen aitak, historiako ahaztuetan ahaztuenak, inorekin joatekotan haiekin joango litzatekeela. Hiriko eraikin enblematikoetako batzuetara erretiratu zirela kolpistak, tartean eraiki berria zen La Equitativara, beren porrotaren erakusgarri. Aitari berari entzuna daki hori guztia, fakultatean horren inguruko ezer ez baitzuen aditu. Hori bai, kontakizunak, hura ere aski epikoa bide batez, bazter uzten zituen beste kontu batzuk, geroago ezagutu zituenak; Maria Cristina erretzeko zorian egon zirela, kolpistekin barruan, azkenean ehun bat lagun atxilotu zituztela eta Ondarretako espetxera eraman. Ordu batzuen buruan fusilatu zituzten buruzagiak, eta egun gutxi ondoren beste asko, faxisten sarraski baten ondorengo amorruaren mendeku gosez, kartzela erasotu, presoak atera, eta bekoz beko akabatu zituztenean. 36ko gerrari buruz nobelaren batean aldarrikatutakoa (Atxaga? Saizarbitoria?) etorri zaio burura: ezerk ez duela tortura bidezko egiten, ezta torturatu izanak ere.

      Hitz beste egin du berak, nazkaturik da hainbestetan entzun dituen kontuez.

      — Zer moduz Ceciliarekin?

      — Horrekin?

      — Aita.

      — Ez diat ezertarako ere behar haren laguntza, badakik.

      Keinu bat egin dio, ez dagoela eroso jarrera horretan. Aurretik jarritako burkoa kendu eta luzatzen lagundu dio atzera. Ez du aita mindu nahi eta ez dio arrapaladan bururatu zaiona jaulki. Hasi-hasieratik izan zaio kexu, Cecilia bere borondatearen kontra kontratatzea erabaki zuenetik, eta denborak egoera samurtuko zuelakoan bazegoen ere, hilabete asko igaro dira eta berdin-berdin jarraitzen du, zaputzetik erdeinura. Ceciliaren egonarria, hori bai miresgarria. Ceciliaren hitz egiteko modua nazkagarri zaiola, gaztelera limurtzaile hori, usted gora eta señor behera, ezin duela jasan; prestatzen dituen janari horiek goragalea eragiten diotela, hainbeste saltsa, hainbeste espezia, zein gustu gutxi jakiak prestatzeko; ez duela etxea ondo garbitzen, ezaxolati samarra dela, hala moduz pasatzen duela erratza, bakanetan baino ez lanbasa eta presaka endemas, ez aipatzearren kristalak, begiratzeko nola dauden, hau ez dela beraien herrialde horietako bat, horixe esaten diola, hemen euria goitik behera egiten duela, kristalak berehala zikintzen direla, hori dela kuxidadea. “Auskalo zenbat pagatzen dioan ezer ez egiteko. Hitaz aprobetxatzen duk”. Isildu egin da, bai, ez dio esan nahi bezperan Ceciliak asaldaturik deitu diola, negar batean, zerbait izugarria gertatu zaiola etxean, “sucedió algo bien indecoroso, señor”. Aita ohean geratu zela, altxatzea komeni zitzaiola askotan errepikatu bazion ere ez ziolako kasu zipitzik egin, eta gela garbitzen ari zela, mesanotxeari trapua pasatzen, eta hara non eskua luzatu zion aitak, belaunetik gora sartu ziola, soineko urdin azpitik (halaxe esan zion, kolorearen xehetasun hutsala aipatuz), eta bera geldirik geratu zela, shock egoeran bezala, gertatzen ari zena ulertu ezin zuela, zer egin jakin gabe; “¿pero no le dijiste que parara o qué?” bota zion berak sinesgogor, eta Ceciliak “nomás me acuerdo que no platicamos”; bitartean aitak jarraitu egin zuela, larrua azalaren kontra, eta ez ziola azalpen gehiago eman nahi, baina halako itolarri bat sentitzen zuela; ez zekiela nola itzuliko zen berriro etxe horretara. Bere burua bridatu behar izan zuen ez galdetzeko ea zer gehiago gertatu zen, ea utzi egin zion nahi zuena egin ziezaion edo zer arraio, edo bakarrik ukitu soil eta labur batzuk izan ote ziren, nolatan gertatu zen hori guztia, aita gizon ezindua dela, indarrik gabea, aise ken zezakeela gainetik, beste kasu batzuetan uler zezakeela, baina kasu honetan, gorputz maskal hori aise goberna zezakeela edonork, eta ez zuela ulertzen halako eszena; “kenduion eskua zartako batez eta kito”, esateko gogoa. Baina gatazka konpontzea dagokio orain, batez ere ez duelako berriz ere hasi nahi aita zainduko dion beste norbaiten bila, ez baita erraza inor topatzea, are gutxiago konfiantza minimo bat emango diona, eta akaso orain gizonezko baten bila hasi behar lukeela, gainera. Lasai egoteko eskatu zion, hitz egingo zuela aitarekin, baina oraintxe ez du batere gogorik horretaz jarduteko, beldur da aitaren purrustadaz, eta bere buruari esaten dio errukiagatik ere nahiago duela ezer ez komentatu oraindik, gizagaixoa, dagoen egoeran bakarrik falta zaiola bere semea lizunkeria batzuengatik kargu hartzen hastea, zelako umiliazioa.

      — Etorri da gaur?

      — Gaur? Bai, noski, zergatik ez zuan etorriko ba?

      Egoteko pixka batean erregutu zion, ez uzteko berehalakoan, berak konponduko zuela asuntoa, eta etxera etortzen jarraitzeko, ez izateko beldur, aitak ez ziola gehiago halakorik egingo. Orain kalkulatzen du hurrengo egunean kale egin ez baldin badu jarraituko duela, beste ezer gertatzen ez den bitartean behinik behin. Buruz buru begiratzen dio aitari, hura alde batera bermatuta, leiho alderantz, ezin mugiturik ia, aire goibel batek inguratzen duela, eta aitzakiazkoa zen errukia benetako bihurtu zaio bat-batean; zeinen gauza miserablea horrela bukatu beharra.

      — La Equitativa, a ze izena.

      Komentarioa espero ez, antza, harriturik begiratu dio aitak.

      — Aseguru etxe batengatik duk, halaxe zian izena, “Equitativa”.

      Isilik geratu da.

      — Egoitza nagusia.

      Baiezkoa egin dio buruaz, ulertu du hainbeste. Hitz-erdika ibiltzea litzateke beste aukera bat; alferrik ordea, aita ez da idiota eta berehala konturatuko litzateke zein den kontua, honezkero konturatu ez bada. Deseroso sumatu du bere burua, ordua begiratu du.

      — Zer, bahoa?

      — Oraindik ez, baina laster joan behar dut.

      — Marka duk hirea.

      — Zer duzu orain?

      — Astebete pasa etorri gabe, eta hanka egiteko presaturik jada.

      Eutsi egin dio mihiari berriz ere, ez du deus lortuko aitari kontra eginez. Zumitzezko besaulkian eseri da hasperen txiki bat egiten duela.

      — Ez duk erraza nire egoera.

      Pentsatzen hasia da jabetu dela, ulertu duela Ceciliarena; baietz erantzun dio buruaz aitaren arrangurari. Medikuek ez diotela inoiz soluziorik ematen, dena doala txarretik okerrera, orain gure helburua da ahalik eta bizi kalitate onena eduki dezazun eta halakoak entzun beharra, ondo dakiela, bai, horrek zer eman nahi duen aditzera, ez duela erremediorik, kito; bizirik irautea, hori dela itxaropena, eta ea nola arraio bizi daitekeen horrela, sokari eusten. Oinazeak bere horretan jarraitzen duela, batez ere burukoak, bai, min sakon bat, burmuinaren zentrotik-edo irradiatzen dena ezin konta ahala norabidetan, baina egiazki ondo non kokatzen den ere ez dakiena, berea da, bere baitan txertatua, noiz ezkutuagoa, noiz isilagoa, baina beti etortzen dela bueltan, pastillek ere ez zidatek jada ezer egiten, ez zidatek kilimarik eragiten ere, ezin zidatek kendu, hemen izango diat betirako. Esku batekin burua ukitzen du, bestearekin bularra, begi penatuekin begiratzen diola. Ezagunak ditu halakoak, berezkoa du aitak esajeraziorako joera. Biziak ezin duela izan horrela bizitzea. Aurrerantz bermatu da, halako gertutasun bat azaldu aldera, baina ez du jakin zer esan, ahitu zaizkio kontsolamendu hitzak.

      — Botika hauekin, ez zaidak zakila ere tentetzen.

      Atzera egin du berak berriz ere airea sudur-zuloetatik ateratzen zaiola. Mirenekin eta haren “loditu”-rekin akordatu da ezustean. Jarraitu egin du aitak, pastilla berriak jarri dizkiotenetik erekzioak ere bukatu zaizkiola, “ezta lotan nagoela ere”, ximel-ximel eginda duela beti, nazka ematen diola dutxarakoan zakila itxura horrekin ikusteak.

      — Bueno aita, nahikoa dugu.

      — Lehen behintzat masturbatzen ninduan.

      Altxatu egin da aulkitik, azkar, eta oherantz gerturatu zaio.

      — Ez dut zertan halakoak entzun.

      — Tira, tira, eskandalizatu egiten haiz? Ze gertatzen duk, elbarriok, agureok, ezin diagu sexua aipatu, edo zer kristo.

      Ez dakiela zer den sexurik gabe bizi beharra, ez sexurik gabe zehazki, okerrago, sexuarekiko ezindurik, ezgai, eta noski, erraza dela bizitza normala dutenek —duzuenok— ez ikusiarena egitea —morala zuen neurrira baitago egina—, ez entzun nahi izatea tabua, lohia, zikina, guk pairatu behar dugun miseria hau guztia, ez igurtzirik, ez eszitaziorik, ez zakil-berotzerik, ezer ez; zer gertatzen da, guk ez dugula sexurako eskubiderik? botatzen dio bekoz beko, erantzunik ez duen galdera, espero ere erantzunik espero ez zuena, bidenabar, bera ordurako etxetik alde egitekotan baita, ezagutzen du hala jartzen denean, zentzurik ez tentel moduan han haren aurrean zutik jarraitzeak erretolika nazkagarri hori entzuten. Beraz, ikusten dudanez, iruditzen zaizu nire ezintasunak ere horraino iritsi behar duela, esan dio, iruditzen zaizu gorputz honek ezin duela desiragarria izan, ez duela erotismorako tarterik, gorputz zaztar honek ez duela horretarako ere balio, eta gaizki dagoela, moralki gaizki, baztergarria dela osotoro, ezintasun fisiko horregatik, horiengatik, gorputz honek sexu nahirik adieraztea.

      — Nik ez dut ezer esan, dena zu esaten ari zara.

      — O, moralistak! Elizarik gabekoak, horiek dituk okerrenak.

      — Ez dakit zertaz ari zaren.

      — Noski, noski, izan ere, burua joan zaiok aitari, tumorearen kontu honekin ez duk harritzekoa.

      Mespretxu keinu bat egin eta indarrez itxi du leihoa; ezer esan gabe aldendu da ohetik. Saiatuta ere, urtetan gauza bera bizita ere, ezinezkoa zaio halakoetan behazunik ez pilatzea. Itzuli egin da gelako ate ondoan.

      — Etorriko naiz bihar edo etzi. Ekarriko dizut bromuro pixka bat.

      — Bale.

 

 

Jose Javier Garmendia, Antonio Begiristain, Angel Martinez, Juan Gurrutxaga, Francisco Zabalegi, Jose Francisco Esnaola, Ignacio Oliden, Javier Miranda, Manuel Lizarraga, Juan Almeida, Jose Insausti, Manuel Lasa. Banan-banan argazkiei so ari da, denbora pasa-edo, ezagunen bat topatuko. Ezagutu ditu batzuk, eta ezagutzen ez dituenak ere ez zaizkio oso aparteko: 50-60 urte bueltako gizonak, burusoilak batzuk, aurpegi puztuak gehienak, arraiadun alkandorak, biboteren bat, aurpegiera serioa. Elkartean bazkide sartzea ia ezinezkoa dela entzun izan dio Imazi, oinordetzaz-edo ez bada nekez, eta hala izanik ere dirutza ederra pagatuta, noski. Giroa ere halakoa da; agintariak, nagusiak eta mandamasak, kontuz honekin, kasu bestearekin, ez egin hori, beste hori halaxe egin behar da, hori jasotzeko duzue, eta abar. Aitor du, halere, aurreko eguneko ozpinaldia gorabehera, gustura joaten dela hileroko afarira, bere iraganera lotzen duen hari fina batetik —aitak gogorarazi dion bezala—, bere orainetik aldentzen duena bestetik.

      Ohi baino ekite nabariagoaz saiatu da Imazi laguntzen, baina hark are ekite handiagoaz esan dio ezetz, ondo dakiela, bere elkartea dela eta haren kontu denez gonbita, haren kontu direla prestatze lanak orobat. Ez dute hitz egin aurreko afaritik, eta lanetik apur bat lehenago irten denez, zalantza egin du denboraz beste egin edo ez hitzordua arte. Azkenean, baina, zuzenean joatea erabaki du; Imazekin bakarrik egokitzea elkarri oraindik dioten estimuaren aitortzatzat ulertuko duela pentsatu du, eta nahiko seguru da, gainera, aurreko eguneko sesioa gertatu izan ez balitz bezala egingo dutela denek. Elkartean sartu denean Imazek emandako abegia normala baino suharragoa izan da —besarkada eta guzti—, eta hori ere elkarri oraindik dioten estimuaren aitortzatzat ulertu dute biek.

      Felipe Murua… hori ikastolako Murua haren aita ote den pentsatzen ari dela sartu da Unai elkartera. Imazena baino agur hotzagoa izan da; zer moduz, ondo esan beharko, zaharrak berri, lehengo lepotik burua. Segituan joan da Imaz dagoen alderantz eta ardo botila bat atera du plastikozko poltsa zaratatsu batetik.

      — Luis Cañas. Aitari oparitu ziotek bezero batzuek, baina alkoholik edaten ez duenez, ekarri egin diat.

      Botila biratu du Imazi etiketa erakusteko, baina ez dio jaramon handirik egin.

      — Zure aitari oparitu badiote, ona egongo da.

      Berari begira bota du komentarioa, eta irribarrez erantzun dio, anaitasunez. Gaztetako begirada bera sumatu dio, Donostiako kaleetan Frantziako Tourra ikusi zuteneko hura. Indurainen bigarren Tourra, baina beraiek Aitor Garmendiaren alde. Imazen aita ziklista ibilitakoa zen, Garmendiaren klub berean, eta haren bidez Costa Vasca hotelean sartu eta txirrindulariak ezagutzeko parada izan zuten. Halaxe sinatu zien Banestoko bisera Indurainek, Gatoradeko botilatxoa Bugnok, Z deigarri bat zeraman kamiseta Lemondek: Garmendiak Banestoko maillot bana oparitu zien. Gogoan du nola egiten zuten balantza, hego haizearen konpasean, karrera bitartean Donostiako kaleak gurutzatzeko ipini zituzten egitura metalikoek; izutu ere egin ziren haietako batean, Mirakontxa zeharkatzen ari zirela. Belardi txiki batean jarrita, goiz-pasa egin zuten, karta-jokoak zirela, kantuak zirela (gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak), Imazen aitaren pasadizoak (Ocaña handia, eta Migel Mari Lasa, eta abar), amek prestaturiko tortillak, entsaladilla errusiarra, harik eta erlojuaren kontrako lehenbizikoak irten ziren arte. Ziztuan igarotzen ziren Kontxan barrena, eta hanka puntetan jarri behar izan zuten, egunean zehar gero eta jende gehiago iritsi zelako haien lekura, eta azkenerako, ikusmira ere oztopatu zietelako Imazen aitaren desesperaziorako. Imaz izaten zen lehena —orduan bera baino altuagoa izaki— San Martin kaletik azaltzen ziren txirrindulariak identifikatzen, eta halaxe du akorduan nola Garmendia atera zenean beregana biratu zuen burua, elkarteko begirada konplize berberaz, eta ezer esan beharrik gabe ulertu zuen Garmendia zela zetorrena, eta are ahalegin handiagoa egin zuela hanka-punta-puntetan jartzeko, eta gezi baten antzera pasatu zela. Egiazki, beraiek ez ziren gai txirrindularien arteko abiada ezberdintasuna sumatzeko baina Imazen aita antza bai, zeren “oso fuerte ikusi dut” edo halako zerbait bota zuen, eta baiki, azkenean sekulako erlojupekoa egin zuen. Indurainek irabazi zuen, noski, baina ez zen aparte ibili Garmendia.

      — Azkar zabiltzate gaur.

      Flanaren ontzi zilarrez inguratuari bi eskuez eusten diola agertu da Oier. Normalean lehena izaten da, eta Unai azkena (horregatik egokitu ohi zaio hari mahaia prestatzea), eta atetik sartzen ikusi bezain pronto ohartu da bera dela ezer ekarri ez duen bakarra.

      — Nik jarriko dut mahaia, Oier, lasai.

      Unaik botila bete ardo ekarri duela, eta berak ere zerbait egin beharko, halaxe desenkusatu da. Oier eta Unai ardoaren inguruko kontuei lotu zaizkie —tenpranilloa eta garnatxa, gracianoaren garraztasun puntua, upel-urteak, beratze karbonikoa, urteko ardoaren gorakada—, Unaik jakintza baino espantu gehiagoz. Errioxako ardoak baino nahiago dituela Nafarroakoak entzun dionean ezin izan dio irribarreari eutsi; zer ote den baboa izatea. “Gure ardoa”, jarraitu du, eta burura etorri zaion lehenengo melodia hasi da txistukatzen mahai-zapia zabaltzen duen bitartean. Oierrek berriki “Iruñeako taberna zahar bateko eguneko menuan” ekarri zioten ardoa aipatu du, eta behingoan zuzendu dio Unaik, “Iruñeko” behar duela eta ez “Iruñeako”, a-rik gabe ahoskatu behar dela, alegia. Melodia arina are ozenago txistukatzen saiatu da bera, konbertsazioaz paso egin ezin duela, halere. Mahai-tresnak jartzen ari denerako bonokulturei buruz ari dira hizketan; bihar jai-eguna dela, eta ea bonoak eskuratu dituzten.

      — Hik ez duk behar, ezta, Oier?

      Harroturik da Unai, bonokultura delakoa eskuratu duela, eta eskuratu duela berriz ere, baimena duela afaldu ondoren Parte Zaharrean irteteko.

      — Gu ez gara zuk egiten duzunaren erantzule egingo, e!

      Inori kasurik egitekotan, Imazi egingo dio.

      — Beharrik ere ez!

      Bere burua ikusten du Unairen txorakeriak jasan beharrean; Imazi adarrik jotzeko barrenik ez du, eta seguru Oierrek laster egingo duela hanka, ez da parrandan irten zalea, are gutxiago Unai zein aldarterekin datorren ikusita. Gutxitan ikusi du garreztatuta, eta ikusi duen bakanetan gai horren bueltan izan da. Antzerki patetikotzat jotzen du parrandan ateratzea, “ardiak taberna lizunduetan”, norberaren autoestimua indartu nahian, harako harekin hitz-aspertu ustez burutsua, beste harekin begirada minak, azken batekin igurtzi ustez kasualak. Motibo bat eta bakarra dagoela gauez ateratzeko, maite-jolasa, flirt ergela, oilartze nerabea; berdin gizon, emakume, gazte, heldu, ezkongabe, ezkondu, bikotedun edo dibortziatuak; finean, denek dutela helburu bera, inork hala aitortuko ez duen arren. Berak kontra egin zion afari horietako batean, konbentzimendu handiegirik gabe —hori ere egia da—, orokortzeak ez direla sekula zehatzak izaten, “kasu askotan” horixe dela errealitatea, baina beste batzuk ez dituela zertan haragiak bultzatzen. Ez zela haragiaz ari, ez behintzat horretaz bakarrik, haragiaz baino odolari darizkion substantziez ziharduela, endorfinak eta oxitozina eta horiek guztiak, ondo ezagutzen dituela berak ere, eta drogen modukoak direla; drogak bezala fikzio handi batera eramaten dutela bat, gezur erraldoi baten barnean bizitzera, zoriona erdiesteko modu bakarra zure balizko alde maitagarri, xarmangarri eta brida ezinaren (gezurrezkoa hura ere) erakustaldia egitea izango balitz bezala. Grazioso eta interesgarri eta zirtolari ari zarelakoan, benetan handiputz eta handiuste eta handizale ari zarenean. Parranda eta larru-nahia, gauza bat eta bera direla. “Aizak, arrazoi dik, hitz egin ezak hire izenean” bota zion ohiko zakarkeriaz Unaik, eta Oierrek baietz bere izenean hitz egiten zuela, norenean bestela, baina ageri-ageriko kontua iruditzen zitzaiola eta ez zezatela behartu, otoi, adibideak ematera, ez zela urrutira joan behar eta —Unairi berari tinko so—. Isilunea etorri zen, bazekiten denek zergatik, harik eta Imazek hitza hartu zuen arte; ez zegoela guztiz ados, baina gaiaren inguruan pentsatzea interesgarria zela, parranda-ereduaren inguruan alegia, eta berak beste arazo batzuk ikusten zituela, eta kontuz ibili behar; gazteak desmobilizatzeko arriskua zegoela eta, dudarik gabe, herri mugimenduak “hausnarketa serio bat” egin behar zuela gau-giroak sustatzen zuen gizarte ereduaren inguruan: alkohola, drogak, musika komertziala, denbora-pasa merkea, eskapismoa, eta abar. Falta zena, pentsatu zuen berak, eta horretara jarrita, hitz egin zezaketela baita ere Ezker Abertzaleak urteetan herrietako jaietan alkohola saltzen lortutako milioikadez (intentsitate baxuko zerga-iraultza), drogak estigmatizatzera dedikatzen ziren handi-mandi politiko, koadro politiko, komisario politiko txikiteo-zale, mozkorti edo adurtiez, edo baita gau-giroarekin zuzenki loturiko azpikulturen asimilazioaz ere. Orain erretolika horrekin etortzea erraza zela. Apaizen antzera horiek ere, predikamenturako pronto, praktikamendurako poto. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. Ez aipatzearren, eta Oierrek esandakoarekin lotzeko, militanteak, hipermilitanteak, gudariak sortzen duen lilura erotikoa, nor izateak sortzen duen harrotasun bulartia, kale-borroka txorta-borroka da, ekintza batetik izerdi patsetan etorri eta gorputz heze horrek sortzen dituen endorfina eta klase-orotariko-fina guztiak, eta bestelako gorputz-erreakzioak; ea omerta kontuez hitz egiten hasita ez ote zuten gauza horietaz guztiez ere hitz egin beharko, edo ea beti bezala, urtetan eta hamarkadatan bezala, isilik geratuko ziren denek begien aurrean zutena salatu gabe, zer eta beste helburu, goranahi handiago baten izenean hobe zelako zaborra etxeko sotoan ezkutatzea. Esaten ez diren gauzak, alafede.

      Txakolin botila bat ireki du Unaik, eta inori galdetu gabe lau edalontzi bete, topa egin behar dutela.

      — Nafarra izango da, ezta?

      — Jakina, Getariako nafarra!

      Edalontziak goian dituztela oraindik bizi-bizi da aparra, makaldu nahi ez balu bezala, eta hala jarraitu du Unaik hitza hartu ondoren ere. Albiste on bat eman behar diela eta igotzeko gorago edalontzia.

      — Hasi jostailuak erosten, Garazi eta biok haurdun gaude.

      Edalontziek topa egiten dutela, Oierri begiratu dio eta hura ere berari begira da, harridura eta barreguraren arteko keinu batekin. Baiki, txakolinaren mikatza aski aproposa begitandu zaio egokiera horretarako; Garazi gajoa pentsatu du berak bigarrenez; pentsatu dute, ia segurki, gainontzekoek estreinakoz.

      — Ba al dakizue jada, zakila edo alua den?

      — Oraindik ez dakigu, hurrengo ekografian ikusiko da.

      — Zurea bezalakoa bada, orduan ere ez!

      Etorri bezala bota dio, eta barre-algara hain izan da ozena ezen barrualdeko mahaikoak hasi zaizkien isiltzekoka; berehala jarri da serio Imaz, portatzeko mesedez. Txakolin tragoa jota, mahairantz joateko eskatu die, pronto direla zainzuri gratinatuak. Labera egin du gero, eta haren atzetik Unaik; Imazek bizkarretik nola estutu dion ikusi dute, eta bestea, harro, irribarre luzez, ia lotsatuta. Mahaira datozela, ea izenak pentsatuta dituzten galdegin dio, Unaik ezetz, badituztela batzuk zerrendatuta baina oraindik erabaki gabe dutela. Egokiera aprobetxatu du berak ahapeka esateko Oierri, “mutila bada, Asier”, eta honek irribarre egin du disimuluz.

      — Zer esan duk?

      — Nik?

      — Bai, hik.

      — Ezer ere ez, lasai motel.

      Sututa ditu begiak.

      — Ezin duk besteren poza zapuztu gabe bizi, ezta?

      — Zer diok?

      — Ezin duk, ez, beti izan duk hala.

      — Bueno, bueno, Unai.

      — Gaizkiesaka ibiltzeko, bai, horretarako lehenengoa beti.

      Mahaia kolpekatu du Imazek, eta serio begiratu Unairi.

      — Bakea!

      Labana-sardexken hotsa zainzuri gratinatuak mozten, sakoneko mahaikoen harrabotsa, ez da besterik entzun lipar batez. Batzuetan pentsatzen du barnean pilatuta duen herra ez ote den injustuegia Imazekin. Egia da haren forma txukunen atzean tipo zorrotz bat gordetzen dela, gupidagabea maiz, ortodoxiatik puskatxo bat ere aldentzen ez dena, esanekoa eta ezer erlatibizatzeko prest ez dagoena. Ez du erreparorik batere aginte makila behar den tinkotasun handienaz gobernatzeko, eta batez ere, gauza batek ematen dio amorrua berari: aginte eremuetan mugituta, bestetzuek ordaindu izan dituztela haren eta haren lako beste batzuen erabakiak. Behin entzun zion: “Antolamendu onaren legea: pieza bakoitza hobekien egokitzen zaion lekuan jarri behar da; batzuk ideologia eta estrategia mailan, beste batzuk ekintza zuzenean”. Halaxe joan dira urteetan, bai, lagun eta ezagun batzuk bata bestearen atzetik “kalabozo ospeletara”, haren hitz berberak erabiltzearren. Baina akordatzen da, halaber, ez dago ahazteko, ongi etorri hartako “gertakarien” (halaxe deitzen die orain bere kolkorako, adierazlearen leuntzeak adieraziaren larria bigunduko balu bezala) ondoren eman zion laguntzarekin, ezinbestekoa, nola bizkarretik heldu eta etxera eraman zuen —berrogeita hamar metro eskas—, “lasai, ni okupatuko naiz honetaz” esango balu bezala, eta zeinen ulerbera izan zen berarekin, nola ez zion kargurik hartu, ez zion errietarik egin, “edonori gerta dakioke” esango balio bezala, nahiz eta ondo zekien ezin zitzaiola edonori gertatu. Bere bila gurasoak etorri zirenean izan zuten jarrerarekin konparatzen du. Ama lehenengo, hitzik gabe hainbeste esateko gai zena: “ondo merezita daukazu”, “banekien hori gertatuko zela”, “ez naiz alferrik zure ama”, “noizbait ikasiko ahal duzu”. Aitaren txanda iritsi zen gero etxean, hark bai hitz egiten zuela: bere garaian antzarak ferratzera bidali zituela “horien guztien arbasoak”, eta ordutik askoz ere libreago sentitzen zela, izugarrizko zama kendu zuela gainetik, eta orain bere txanda zela. Gogoan zuela kito esan zuen eguna, planto egin zuela egun batetik bestera, eta denak utzi zituela aho bete hortz; ez ziotela oraindik barkatu, noski, baina bertan goxo gera zitezkeela denak beren herra eta behazun guztiarekin. Ama agertu zen aitaren sermoiaren erdian, kirioak dantzan eta isiltzeko, isiltzeko behingoz, bere obsesio guztiak transmitituko zizkiola, transmititu zizkiola ordurako, semeari. Aita ez zegoen gelditzeko, baina, eta Imazen kontra hasi zen, hark bultzatzen zuela, hark eramaten zuela behar ez zen lekura; “gezurra dirudi, mutiko hori zenarekin”. Haren amari (“Begoña hori”) botatzen baitzion semearen desbideratzearen ardura; Imaz ingurune erabat ideologizatuan hezi zutela, haren amaren mito eta abertzalekeria guztiekin, Egin-ekin egunero gosaldu, hileroko osaba presoarenganako bidaia ezin ukatuzkoak, kontzentra gaur, manifa bihar. Gero, bai, gauzak beltz jarri zirenean Imazekin haserretzera iritsi zirela inoiz, kontuz ibiltzeko gaztigatuz, ez sartzeko saltsatan, gauza bat zela kausa babestea, laguntzea, eta beste bat, oso diferentea, bizitza osorako kondena eraman beharra gainean: atxiloketak, torturak, kartzela, eta abar. Osabarengandik ikas zezakeela hori; “edo kontrakoa” zehazten zuen aitak, baina edozein kasutan, horiek ere damutuko zirela hainbat gauzaz. Ereindakoa jaso besterik ez zutela egin, horixe esaten zuen; zelako talentu galera “mutil horrena”, a zer modu estupidoa bizitza gozagarri bat bizitza pairamenezko bilakatzeko, sakrifizioa sakrifizioagatik, XXI. mende betean gainera. Egia zen, Imaz izan zen beti lagunarteko adiskide distiratsuena, ikasle eredugarria, lezioa airean harrapatzen zuen horietakoa, gelako buruargiena; eta ez hori bakarrik, gelatik kanpo ere lider naturala, berezko karisma suerte bat zuena; “mutil ondo hezia” esaten zuten gainontzekoon amek, horietako askok bekaitz puntu batez esan ere. Ibilbide akademiko eta laboral berdingabea aurreikusten zioten denek, baldin eta, zentzu komun eta logika ororen kontra —tira, logika ideologizatuaren alde—, hori guztia aparte utzi eta militantzia bere bizitzaren erdigunean ipini izan ez balu. Sakrifizioa, esango du egun Imazek, ziur aski, bere ibilbidearen edergarri, baina momentuan sakrifizioa bainoago lilura, protagonismoarena, nor izatearena, itzala, obedientzia bultzatzeko gaitasuna; lilura, gazte-gazterik mundua aldatzen ari zarela sentitzearena, “hau eta bestea erabaki da” esan ahal izatearena, “erabaki da”; etorkizun hordigarri bezain itsugarri batekiko lilura. Eta halaxe, beraz, urte luzetarako, liberatua, bai, baina ez libre. Mugimenduaren egitura askotarikoetan, beti “nazio mailan”, etorkizunerako promesa handienetarik, zeina harritzekoa ere ez den ikusita konpetentzia zein pelajetakoa zen: buruzapalak, kabestruari ondo atxikiak beti, hitz potolo eta ideia motzen zaleak, fedean laketuak. Eta Imazi, behintzat, beste maila bat aitortu behar zaio, beste ikusmira bat, muinean, kontu ideologikoei dagokienez, oso antzekoa izanagatik.

      Horregatik, gupida apur bat ere sortu dio, hasi denean kontatzen Saioak eta berak pentsatu dutela baita ere umea edukitzea, baina momentuz itxoin egingo dutela, “ea kontuak baretzen diren”. Berriz ere atzetik dituztela, berriz ere barrura sartzeko arrisku gorrian, aspaldiko segimendu estuenak jasaten ari dela; berriki, bilera batetik irten zelarik atzean sumatu zuen segizioa ikustekoa zela, pare bat auto eta furgoneta bat, bai, behintzat; ez dakiela, ez dakiela, inpresioa duela edozein momentutan eraman ditzaketela berriro. Testuinguru horretan, ez duela Saioa marroi osoarekin utzi nahi, nahiz eta apur bat estutzen ari zaion azken boladan; denbora pasa eta pasa ari dela eta inoiz ez dela une onena. Egokiera aprobetxatzeko esango lioke eta dena bidaltzeko pikutara, areago berari ere fabore egingo liokeelako; pentsatu eta esaten ez diren gauzak. Ondo daki bere borondatez sekula ez duela utziko; orain arteko atxiloketa eta kartzelaldiek (labur samarrek, hori ere egia da) ez badiote atzera eginarazi, ez da orain hasiko iheska. Unai estatuaren errepresioa madarikatzen hasi da, betiko hitz-jarioan, baina berak ez dio jaramonik egin.

      — Eta zer dela eta orain berriro segika?

      Zuzen bota dio galdera Imazi. Bera bezainbat harritu dira besteak hori galdetzen ikusita; normalean, auzi politikoez hitz egiten denean, paso egiten du, isilik geratzen da, Imazi eta Unairi uzten die hitza. Inoiz mintzatzen bada, kontra egiteko izaten da, amorrazioak jaten duelako, eta aurrekoan bezala, behazunak gain harturik, zakarkeriaren bat esan ohi du. Horregatik harritu ditu denak.

      — Su-eten zurrumurruen aurrean gauzak argi utzi nahi dituzte ziur aski, tiro bakarraz bi txori. Eskuina lerroan sartu batetik, eta bestetik, guri gogorarazi egoeraren kontrola beraiek dutela.

      Samurtasunez erantzun dio Imazek, mintzamoldea ere aldatu duela iruditu zaio. Kontuak eskapo egiten diola sentitu du halere berak; kosta egiten zaio xehetasunak ulertzea halako balorazioak egiten hasten denean.

      — Zelako arduragabekeria.

      Ezetz egiten du buruaz Unaik. Ea su-eten baterako aukerarik ikusten duen galdegin dio Oierrek.

      — Epe laburrean ez dut uste, azkarregi da, baina gauzak lantzen eta hezurmamitzen badira, akaso bai.

      Gorputza aurrera bota du, eta ahapeka jarraitu du.

      — Kontua da goikoek saltsa ederra dutela haien artean.

      Eskua astindu du, zinezkoa iruditu zaion etsipen puntu batez. Ez daki bera aurrean dagoelako hitz egiten duen horrela, baina egingo luke ez duela inoiz entzun kontu politikoaz hain suelto, halako zintzotasunez. Deserosotasun bat ari zaio ernaltzen, baina, jakin behar ez lituzkeenak jakiteagatik, eta erabakia argi eta garbi badu ere, ez delako bere buruaz erabat fidatzen. Jakin-mina gailentzen zaio, ordea, eta erne-erne jarraitzen ditu Imazen azalpenak: ez dela su-etenaren aukera baztertzen, baina bermeak ezinbestekoak direla, ezin dela jokora joan kartarik gabe, eta ez dagoela batere erraz berme horiek segurtatzea. Estatuaren zurrunkeria batetik, ez dagoela ezer negoziatzeko prest, eta goikoen —gorantz seinalatu du atzaparrarekin— deskontrola bestetik. Are baxuago hitz egin die, eta berak ere aurrera bota du enborra, modu nabarmenegiz akaso.

      — Gure arazo nagusia, orain, goitik dator.

      “Goikoez” hala hitz egiteagatik estonaturik, galde eta galde jarraitzeko gogo bizia sartu zaio, baina bere burua bridatzea lortu du. Ez du esango orain ezer, ez, Unaik; beste norbait izango balitz, pentsatzen du, berehala hasiko litzateke uzteko goikoak bakean eta tar-tar-tar, baina orain isilik da, noski, hori esaten duena komandantea dela ikusita. Atzera bota du enborra Imazek, zerbait interesgarria kontatu duenaren satisfakzioarekin, eta eskuak zabaldurik itxi du kalaka.

      — Eta dagoeneko gehiegi hitz egin dut.

      Luzea izan da isilunea, eta nora begiratu ez dakiela, alboan duen hormako koadroan topatu du babes: Jenaro Arrieta, Agustin Sagarna, Pedro Sagarna, Jose Manuel Casado, Felix Anabitarte, Jose Antonio Labaien, Miguel Pelayo, Iñaki Alkain.