Churruca
Keinu gozo bat izan da (lepoa luzatu, begiak kizkurtu), inori akaso ezdeusa irudituko litzaiokeen keinu bat, baina berak atsegin zantzutzat jo du; hau da, plazerez hartu duela bere mugimendu zakarra, ar jokatzeko eskatzen ari zaiola, gustuko duela indarrez, are bortizki, joka dezan harekin ohean. “Hori da, jarri zaitez ar” esango balio bezala, eta enborra ezkerraldera biratu, hala-hola hanketatik heldu eta indarrez jarri du bere parean. Intziri txiki bat bota du Mirenek. Berak tanga beltzari tira egin dio aurrerantz besoa luzatuz eta haren izter mardulei erreparatzen diela, bortizki eta azkar eginez tira, ar alegia, Mirenen balizko eskakizunak galdegindako antzezpenari jarraiki; intziritxoekin hasi da, eta hala bera ere piztu egin da. “Ze lodia jarri zaizun” esaten dio maiz. Egiazki, “ze gogor” esaten zion hasieran, harik eta behin berak-daki-non “lodi” irakurri eta ordutik hala esaten hasi zen arte. “Ui, loditu zaizu, ala?”. Ondo daki Mirenek berari zerbait gustatzen bazaio, neska tentelarena egiten ikustea dela. Inoiz pentsatu izan du akaso badela txikitako pasarteren baten ondorio, edo are izan duen hezibide osoarena; telebistan ikusten zituela beti neska ponposenak, eskote zabalenak (lodienak?) zituztenak, pinpirinenak, lerdenenak, neska-pospolinak, egokiera horretan, tentelarena egiten alegia, Telecincoko azafata horiek guztiak, eta akaso horregatik oraindik ere, bere gustuak ustez errefinatuagoak, gorenagoak, kultuagoak direlarik, eta baita neska serios, errespetagarri, inteligente bat ohekide duelarik ere, ezerk ez du gehiago eszitatzen neska tentelarena egiten ikustea baino. Ui, zer egiten didazu? Hara, begira zer dagoen hemen eta halakoak. Mireni ar jar dadin gustatzen zaio berari ohekide inozoak gustatzen zaizkion bezainbeste, eta benetan esfortzua egin behar izaten badu ere ar jartzeko (film pornoetako astakiloekin akordatzen baita), eta bere burua inoiz imajinatuko ez lituzkeenak egiten ikusten duen arren maiz, pentsatzen du ziur aski horregatik izan duela Mirenekin inoizko sexu txikitzaileena. Biok dute ezagun bestea triskatzen duena. “Zer duzu hemen” esan dio oraingoan berak, eta behatz bat sartu dio, txikia, emaro, uzkitik. Punta sartu dio bakarrik, puntaren punta, falangeta, eta mugimendu sotilak egin dizkio aurrera-atzera zein gora-behera, behatza tolestuz, eta adi geratu da Mirenen intziritxoei. Behatza tolestearekin geroz eta gozatu handiagoa hartzen duela ohartu denean jarraitu du mugimendu hori egiten, baina indar handiagoz uzkiko azal-hormak geroz eta gehiago igurzten dituela. Besoa luzatu, eta malgutasun harrigarriz (esango luke eskolan balleta egin zuela) paketea laztandu dio. “Ze gogorra jarri zaizun”. Gogorra oraingoan. “Zuri gustatzen zaizun bezala” erantzun dio. Sexua euskaraz edukitzeak baditu mugak, baina baita abantailak ere; gazteleraz termino zikin, termino gutxiesgarri, putetxeetako, kale kantoiko ugari bururatzen zaizkio sexurako, ez ordea euskaraz, eta makurkeriak dakarren desiran sakontzeari galga jartzea suposatzen badu ere —pixka bat behintzat—, itxura zibilizatuagoa hartzen du euskaraz jardunda, termino likatsu horien faltan. Politikoki zuzena ez da sexuaren terrenoa, eta beraz, ezta euskara ere, baina plazer pixka bati uko egiteko prest dago tipo errespetagarria izaten jarraitzeko ordainetan. Ez da gai izan, bada, “Zuri gustatzen zaizun bezala” horri kalifikatibo bat gehitzeko, bururatzen zaizkion guztiak gazteleraz eta, batez ere, osoki gaitzesgarriak direlako. Dauden jarreran ez dira gai gerrikoa askatu eta zakila ateratzeko, eta momentu batez behatza atera dio uzkitik, eta galtzak kendu baino lehen sudurrera eraman dio eskua, behatz txikia tenk. Harritu da lehenik Miren, gozamen intziritxo bat gero, sakon arnasten duela. Ez zuen espero, baina azkar erreakzionatu du, orain hura da besoa heldu eta behatza sudurrera eraman diona; nazkarik batere ez, plazera eragin dio, hori da egia, eta ahoa ireki du mingainarekin, puntaren punta, falangeta, miazkatzeko. Ez dio ezer esan, eta eskerrak, zeren behin “zeinen zerria zaren” bota zion neska txepel batek haren baginako fluxuz beteriko eskua usaintzeko, miazkatzeko eman zionean; txortaldia zapuzteko aski izan zen, ez hainbeste bera haserretu zelako (ez da sexuketan sumintzen den horietakoa), baizik eta neskaren komentarioak eta jarri zuen nazka aurpegiak libidoa jaitsi ziolako kolpetik (akaso neskari ere bai). Eta berehala eman zuten amore.
Bere atzamarra miazkatzen duela lau hankatan jarri da Mirenen alboan, elkarri begiratu diote luze. Egokiera horretan zakila tenk sentitzeak are gehiago berotu du, eta Mirenek, egoeraz jabeturik, berau miazkatzera joateko imintzioa egin du. Besoaz apartatu du, ordea, eta “ezin duzu” bota dio; buruz gora, bere zakilari beha geratu zaio. “Zigortuta nago?” galdetu dio xaloki. Erantzunari ixkin eginez esan dio “ikusten duzu zeinen tente dagoen?”, bera ere liluratuta zeinen denbora luzez mantentzen ari zaion tenk inork ukitu gabe. “Nik jarri dizut, e” esan dio, e hori azpimarratuz, dena ez dela bere zakila esango balio bezala, hori interpretatu du berak, munduak ere jarraituko duela biraka bere zakila gabe, bere zakila hutsaren hurrena dela ez bada harengatik, eta ez dadila, beraz, harrotu. Harrotu “ar”-etik etorriko ote den eta hori ere Unairi galdetu beharko liokeela pentsatzen ari dela sentitu du, Mirenen komentarioaren ondorioz, libidoa jaitsiko ote zaion beldurra. Gogoetaz beste egin nahian, oroitu da, gaztetan, nola izaten zituen erekzio inkontrolatuak, klasean, autobusean, ia edozein egokieratan, eta maiz ez zerbaitek bereziki berotu zuelako; gogoratu ere gogoratzen du egokiera batzuetan lanak izaten zituela zakila beheititzeko, eta nola bermatzen zuen enborra aurrerantz, ipurdia atzerantz, ahalik eta denbora laburrenean erekzioa apaldu zedin. Orain ikusten du bere burua lau hankatan eta zakila lurrarekiko horizontal, eta lilurak lagundu egiten dio erekzioa mantentzen, bere zakila horrela ikusteak eszitatuko balu bezala; Miren eskuarekin hartzen ahalegindu da baina berak ez dio utzi, eta momenturen batean pentsatu du jarriz gero akaso gai litzatekeela egokiera horretan orgasmora iristeko ere, hipotesi rokanboleskoa, baina une horretan hain sentitzen da ahalguztidun. Mireni ez dio ukitzen uzten, beraz, espektakuluarekin jarraitu nahi duelako, zakilari beha, eta akaso kontaktuarekin magia hautsi egingo delako, eta bale, ziur aski orgasmora gerturatuko du Mirenen eskuaren eragiteak, baina gisa berean, mugimenduaren ohikotasunak erekzioa apalduko dio, utzi egingo dio orain arte bezala eztanda egiteko puntuan egoteari. Errezeloa du, azkenik, ohiko esku-astinaldiaren ostean isurialdia zakila erdi tente duela ailegatuko ote zaion, azken urteotan salbuespen izateari utzi dioten isurialdi horietako batean, isurialdi patetiko horiek; zakila mengel, toles, kemenik gabe, eta halere isuri. Kasik tentealdi hori nahiago luke hamaika orgasmo erdipurdikoren aldean, eta horregatik ez dio utzi Mireni hura ukitzen, oraingoan ahoa gerturatu dionean —fellatio batez utziko zion esperantzaz—. Burua ukitu dio, baina, “barrabilak, barrabilak” esaten diola. Saiatu da, bere borondate onenarekin, baina postura horretan ez da erraza; enborra biratuz, azpitik miazkatu dizkio, eta berak egokiera aprobetxatu du bulbaren ezpain zein inguruko ileak listuaz igurzteko, emeki, eta ezarian baginan bi hatz sartzeko —luzea eta nagia— jarraian. Luze egon dira horrela, Mirenek barrabilak miazkatu ez ezik eskuarekin zakilari eragiten diola, eta momentu batez pentsatu du egokiera horretan iritsiko zirela biak orgasmora —behin elkar masturbatzen ari zirela une berean korritu zirenekoa gogoan—, baina azkenean amore eman dute. “Nire barruan nahi zaitut” esan dio Mirenek, eta gorputza erabat itzuli ondoren penetratu du, hasieratik bortizki, ahalik eta sakonen sartu nahian (badakien arren bere zakil llaburrarekin oso hondora ezin ailega daitekeela). Ezagun du, ordea, aski gogor edo tenk edo lodi duela, zeren luze gabe hasi da Miren berriz ere intziritxoka lehenik, eta orroka gero, “azkarrago, azkarrago” eta “gogorrago, gogorrago” esaten diola eta eskuarekin klitoria igurzten duela. Beti sentitu izan du laido gisa emakumeak penetratu ahala klitoria laztantze hori, bere sarketekin aski izango ez balitz bezala, eta beti aprobetxatu izan du noizbait ohekideei galdetzeko, modu sotil eta zeharkakoan, hori bai, ea guztiekin egiten duten hori, edo aldiz —hori sekula esango ez duen arren— bere zakil motz llabur mendrearen kariaz den. Mirenek argi eta garbi esan zion elkar ezagutu eta denbora gutxira, klitoria igurtzi ezean ezinezko zaiola orgasmora iristea, eta areago, ziur dagoela emakume orori gertatzen zaiola gauza bera, alegia, penetrazio hutsarekin ezin dela emakumea orgasmora iritsi, kontu fisiko hutsa dela, espezieari atxikia ia; barnean sartzen dioten tramankulua makina perfektuena izanik ere, zakil gogor-leun-luzea, baginan barna patinatzailea izotz gainean bezala —ez zion hitz horiekin esan—, ezinezko dela klitoria ukitu gabe orgasmora iristea. Berak esan zion esperientziak erakusten diola kontrakoa, adibide ugari jar ditzakeela bere zakilarekin, makina perfektutik urrun egonagatik ere —hori bere baitarako baino ez zuen pentsatu—, soilik sarketa bidez emakumea korriarazi duena. Mirenek emakumeen orgasmo antzeztu tasa altua gogorarazi zionean sumindu zen pixka bat, harroxko jarriz, eta errepikatu zion eskua ahoz gora hatzak bilduz eta askatuz tai gabe, adibide mordoa jar zitzakeela, mordoa, eta ez zirela orgasmo faltsuak, antzeztuak, ez horixe; ondo ziurta diezazuket, bai, esan zion, ez zirela antzeztuak.
Ai ai ai ai-ka hasi eta segidan heldu dio indarrez bizkarra, hatzak haragian tenk, eta orgasmoan murgildu da. Berak indarrez jarraitu du, are bortitzago “ze ondo” tonto bat entzun dionean, neskaren orgasmoaren sentigor. Luze jarraitu badu ere horrela, ez dela sekula korritzera ailegatuko konturatu da, batez ere kondoi gabe ari delako eta egokiera horretan behin deskuidu batean barruan hasi zelako korritzen, zakila atera baino lehen, eta oroitzapen horrek ia beti galarazten dio beldur gabe orgasmora iristea. Atera denean, beraz, bizkor joan da alua miazkatzera, Mirenek aluan kitzika senti beharko balu bezala uneoro, eta segundo gutxi batzuen ostean buelta eman eta atzetik sartu dio atzera, berriz ere bortizki, berriz ere haragia tenk heltzen diola. Ohi baino gehiago kostatu bazaie ere erritmoa akonpasatzea, ez du etsi, eta neskaren intziriek lagundurik, geroz eta gertuago, geroz eta gorago, sentitu du semena, eztanda egiteko gertu; zorian sentitu duenean oraindik sarketa batzuk egiteko gai izan da atera eta korritu baino lehen.
— Ez dakit, burua nahasturik dut.
Mirenek hasperen nekatu bat egin du, makalki. Arnasa apur bat hartzen du.
— Pasa egidazu zigarro bat. Ez dakit. Ba ote duen sentidurik pentsatzen dut.
— Zer?
— Sentidurik ote duen. Honek.
— Nola sentidurik.
Zigarroa ahoan jarri eta Mirenek metxeroa gerturatu dio —tapaduna, garra eteten ez den antigoaleko horietakoa—. Inguruko isiltasuna lagun, zigarro muturra erretzearen soinua aditu du, jarri berri den binilo urratu bat balitz bezala.
— Horrela jarraitzea.
Ordura arte eutsi ahalko ziola pentsatu du, baina ezagun zaio ezingo diola itzuri egin. Mesanotxean utzi ditu Zumalakarregirenak, kasik ireki gabe. Askotan entzun dizkio antzekoak baina inpresioa du aldiro koska bat gehiago estutzen duela kontua. Ez dirudi kontent, baina orgasmo ondorengo malenkonia izango dela pentsatu du. Irratia jarri du Mirenek; heavy musika altu, gitarra duplikatuak arrapaladan. Berak begiak itxi ditu, belarriak estali kasik.
— Kendu hori, mesedez.
Kasu egin dio.
— Zer dago gaizki?
— Badakizu.
— Ba ez, ez dakit.
Mirenen keinuak nekadura baino koska bat gehiago adierazten du, gogaita, amorrazio betea. Leiho aldera begiratu du, eta berak ere bai atzetik, keak pertsianaren zuloetatik igarotzen den argitan hartzen duen kolore urdinari erreparatuz.
— Noiz egingo duzu ni ulertzeko ahalegin minimo bat sikiera?
— Zer da ulertu behar dena?
— Ez dudala modu honetan segitu nahi, min egiten didala honek… Zuk zer, horrela segitu nahi duzu betiko?
— Ez dakit zer esan nahi duzun “horrela segitu” horrekin, ni ez naiz hainbeste konplikatzen.
“Horrela segitu” Mirenen tonua imitatuz ebaki duenean ireki ditu hark izara-tapakiak. Gelatik irten beharrean bizkarrez geratu zaio, leihoari begira —baina itxura guztien arabera, inora begiratu gabe— eta ezkerreko besoak eskuinekoari —tente, ahalik eta zuzenen zigarrokina erori ez dadin— eusten diola ukalondo pean. Biratu gabe jarraitu du.
— Seinaleren bat behar dut zugandik, bestela kito egingo dut.
— Seinaleren bat, seinaleren bat; zer uste duzu, erraza dela niretzat?
— Berdin zait zuretzat erraza den edo ez, koskorreraino nago zuri begira egoteaz; har nazazu ni kontuan behingoz.
— Uste nuen argi geratu zela hasieratik, hemen ez zegoela konpromisorik tarteko. Bakoitzak bere bizitza zuela, eta ezin geniola besteari gehiagorik eskatu.
Orain bai, biratu da, eta mesanotxean duen hautsontzian itzali du zigarroa bi buelta emanaz. Bekoz beko bota dio:
— Ba aldatu egin dira gauzak orain.
— Zergatik?
— Berdin zait zergatik, gauzak aldatu egin dira. Honek jada ez du sentidurik eta erabaki bat hartu behar dugu.
— Ai neska, nola zailtzen dituzun gauzak.
— Ez niri deitu neska, aditu?
Arnasa bota du sudurretatik astiro, luze, eta isildu egin da. Mireni jarraitzen utzi dio:
— Niretzat ere ez da erraza baina argi esango dizut. Edo urratsak egiten hasi zaitez, edo akabo hau.
— Zer hau?
— Hau, bai, hau: zure sumindurak beratu behar hau, mozkortu eta “Miren, etxean zaude?”-ka ibiltze hau, zure apeten menera egote hau, zure bajoietarako prest egon behar hau, baina gero kito, ezer ez, lehengora; zure mugen, zure lerro zurrunen kontra borrokatu behar hau, hori eta hura.
— Esajeratzen ari zara.
— Nola ez, esajeratzen!
— Bo, barkatu, ulertzen dizut, baina ezin dut oraintxe askorik egin. Blokeatuta nago.
Iritsi dira samurtasun garaiak. Ohe gainean jarri da berriro Miren.
— Gainera, orain inoiz baino aukera hobea dugunean.
— Aise esaten da.
— Libreago zaude.
Ez du kontuarekin jarraitu nahi.
— Komunera joan behar dut, badakizu…
Inoiz aipatu izan dio. Korritu ondoren txizagura sartzen zaio, zakileko bideak, uretra edo dena delakoak, ahulduko balira bezala eta pixari eusteko giharra faltako balitzaie bezala. Fina atera zaio eta etena, komun-zulotik kanpora ez isurtzeko kontrolagaitza, eta luze egon da, ez pixa askorik zuelako kanporatzeko, ezpada zakila egokiera horretan, larrutan egin ondoren, gorri, matxakatuta, ezinezkoa baitzaio pixa asko kanporatzea kolpetik. Ez daki halako magnituderik erabiltzen den urologian edo anatomian edo dena delakoan, baina momentu horretako bere segundoko pixa kopurua aski baxua dela pentsatzen du, inoren etxean zipriztin gehiegi ez barreiatzen ahalegintzen den bitartean, alferrik. Paper biribilkia azkenetan da, zati poxi bat irteten da bakarrik, gainontzekoa kartoizko tubora pegatuta dagoela. Ahalik eta paper gehiena erreskatatzen saiatu da, nahiz eta papera kartoitik despegatzeak hozkia eragiten dion, eta erdizka hautsitako paper ziztrin horrekin garbitu ditu ontziaren bazterrak, komuneko argi gelgearen ondorioz tantak nekez eta ozta ikus ditzakeen arren. Eskuak garbitu bitartean krema hidratatzailearen bote hutsa jo du begiz, eta pentsatu du ideia hona litzatekeela hurrena bote bat ekarriko balio. Markarekin akordatuko dela uste du.
— Asteburua libre dut.
Nabarmena da konbertsazioa amaitu nahi duela, eta erretolika hutsa izan daitekeela (ez baita estreinako aldia), baina ez dio kontrarik egin Mirenek. Aldiz, ez dago aukerak galtzeko, antza, eta heldu egin dio; baietz, hitz egingo dutela.
— Emailera idatzi.
Alkandora janzten ari dela, Mirenen etxean geratzen den gehienetan bezala, zikin sentitu da, bezperako arropa lohia ezin gobernatu, handik hanka egin eta etxean dutxa bat hartzeko gogoz.
— Noiz gonbidatuko nauzu zure etxera?
Mirenen irriak ezagun du burlaizez bota diola, ondo baitaki hasieratik gurutzatu ezinezko lerro horietakoa dela beretzat, ezinezkoa litzaiokeela Luciaren lurrin, zoko, gauza, airez beteriko eremu horretan egotea harekin, Lucia nonbaitetik begira legokeela irudituko litzaiokeela, edo tupustean agertuko litzatekeela, nahiz eta jakin handik ia bostehun kilometrora urrun zegoela. Hasieran hitz egin zuten gauzetako bat izan zen horixe, gainera. Handik lehenbailehen irteteko gogoz da eta sobera nabari zaio, esango luke ohartu dela Miren. Hotza izan da despedida, gehienetan bezala, eta Miren ohikoa baino ernegazio handiagoz sumatu eta zerbait jaulkitzeko puntuan ikusi badu ere, azkenean ez dio ezer esan, ezer leporatu, eta berak zedarritzen duen despedida mengelari jarraitu dio. Berez ez dela hain hotza eta egoeraren bereziak bultzatzen duela horretara esan du bere kolkorako.
Atari xumea du etxeak, batez ere Donostiako gune erromantikoa deitzen dioten horretan dagoela kontuan izanik. Ez dira urte asko izango eraberritu zutela, eta soiltasuna da orain nabarmentzen zaion ezaugarria. Bizilagun ugariko eraikina da, eraiki zeneko halako bi etxebizitza izango ditu, eta akaso, pentsatzen du, istiluak ekiditeko bide errazena hartuko zuten, hots, merketik jo eta ataria ahalik eta modu doienean berritzea. Inor gutxi baitago gaur guztiz norberarenak ez diren espazioetan dirua gastatzeko, nahiago beste ezertan gastatu; diru mordoa edukita ere beti baitago zertan aurreztu. Denboraren igarotzea ere erakusten du atari soilak, eta imajinatzen du aitak berehala egingo ziokeela komentarioren bat hiriak azken hamarkadetan galdu duen ondare urbanistikoaren inguruan. Alegalki jaso izan diren teilatu horiek guztiak, hiriaren gune erromantikoa itsustu dutenak —“txabolismo” gisa izendatu izan du inoiz—, galdu diren eraikin enblematikoak, eta rollo hori. Kontrastea, bada, agerikoa da. Alboko zapata dendak, esaterako, marmolezkoa du aurrea, marmol ilunezkoa, eta gordetzen du oraindik XX. mende hasieran hiriaren zati horrek edukiko zuen xarmaren alerik. Atearen gainaldeko kristalezko zatian irakur daiteke, antigoaleko grafiaz, Churruca, non C-aren kurbadura elastikoa nabarmentzen den beste letra guztien aldean. Galtzen ari den mundu baten azken aztarnatzat edukiko luke aitak, eta kapaz litzateke denda horretan erosteko ez hainbeste dituzten zapaten balizko kalitateagatik, ezpada hiriaren nortasun hebaindua nola edo hala babesteko. Donostiako komertzio tradizionala, betikoa, defendatzeko modu bat, geroz eta lur gehiago irabazten ari diren multinazionalen kontra. Aitaren eta haren belaunaldi kide askoren patua, Partido del Trabajoko zelula batean parte hartzetik (bankuren bat edo besteren atrako eta guzti), Churruca zapata dendan erostera hiriaren erdialdeko marmolak salbatzearren.
Aitari bisita egiteko aprobetxa dezakeela bururatu zaio. Hobe du tartea baliatu, hartara asteburuan harenera joateko obligaziorik gabe, libre edukiko du Mirenekin zerbait egiteko. Abenidarantz egin beharrean Diputaziorantz egin du, izkinako kafe-dendan sartzeko. Medikuak, alkoholaz aparte, edari estimulagarri guztiak debekatu zizkion aitari, nahiz eta estimulagarri horren barruan zer sartzen zen ez zuen zehaztu. “Kaferik ere ez?” galdetu zionean bakarrik erantzun zion “hobeto ez” lehor bat. Ohartu zenez, ez zen debeku erabatekoa; haren osasun makala zela eta, onik egingo ez zion edozer gauza bihurtu zen arbuiagarri, eta ezagun denez, munduko gauza gehienak sartzen ziren kategoria horretan, baita, noski, kafeina ere. Gatza, azukrea, koipe aseak, tabakoa, landare-olioa, edari energetikoak, teina, arrautzak, karbohidratoak, hidrokarburoak, eta beste. Eguneko bost kafetik gorako edalea izaki, ez zion, haatik, berehalakoan kafea edateari utzi, eta hala, ia astero eramaten zion kilo laurdeneko paketetxoa, artisaua ahal zela, haren umore petraldua leunduko zitzaion esperantza alferrikakoaz. Dendaren eskaparatean ikusi du behiala (oraindik oroit du) Casa Paulistan, Cafes Tostados Garibay 9, zegoen figura hori; Donostiako lehenengo beltza, akaso, jendeari irribarrez, aulkia atzekoz aurrera, galtza urdinak, galtza kremak, beti irribarrez. Ilaran itxoiten ari dela entzun du atzealdetik datorren zarata ezaguna, eta segidan, aurrean duen andrearen komentarioa, “ene, begira, berriro ere”. Euria suilka eta zaldizka. Orduan konturatu da guardasola nonbait ahaztu duela, baina ez daki seguru Mirenenean utzi duen edo bezperan ahaztu zuen elkartean. Kafea erosi du, garestienetako bat, nahiz eta beti zalantza egiten duen ea benetan kafe mota horiek desberdinak diren, edo etiketa eta prezio ezberdinak jartzen dizkioten kafe bera; ez du bere burua gai ikusten bereizteko, baina ez du aitarekin diskutitu nahi, hark beti eskatzen baitio “jatorrizko kafea”, hura ere haien artean bereizteko kapaz ez dela egingo lukeen arren. Dendatik atera delarik, arkupean itxarotea beste erremediorik ez duela izango jabetu da, ez baitu asmorik Mirenen etxera itzultzeko, eta kafe-dendako guardasol bat lapurtzeko aski pikarokeria ez duelako sekula izan, ezta izango ere. Han egon da ordu laurden pasa esperoan, Idiakez kalearen ertzean, bera bezalako beste bizpahiru donostiarren alboan, lerdo aurpegiekin denak ere, beren buruak madarikatuz egunak zuen itxurarekin nola arraio atera diren guardasolik gabe kalera, nola arraio. Atertu duela iruditu zaionean, aurrera segitu du, errepidea igaro eta Maria Cristinaren atzealderantz. Lorategiari so, han rosetoirik ez dagoela pentsatzen ari, bi gizon garai, bi gizon zurrun egokitu zaizkio parez pare inpentsan. Zakur bat gerturatu zaie, baina, egoeraren deserosotasunaz jabetuta-edo, berehala hots egin dio jabeak lorategiaren bestaldetik. Izen-abizenez galdegin dio bietan beltzaranenak, bizpahiru eguneko bizarra daramanak, eta plaka erakutsi dio besteak. Galdera batzuk egin nahi dizkiotela, ez diela luze joko, baina haiekin joan beharko duela. Hori ze krixto ote den ezin asmaturik, begiak bete betile, isilik geratu da une batez, zut bezain zurt, eta zurbilenak zehaztu dio, berak ezer galdetu gabe, ez dagoela atxiloturik, atxikirik baizik, teknikoki. “No está usted detenido sino, técnicamente, retenido”. Ea noiztik hasi den Espainiako Polizia xehetasun horiek aurrez azaltzen, galdegin dio bere buruari, ea poliziaren irudia hobetze aldera egindako barne zirkular baten kariaz eman dion azalpen debaldekoa, edo besterik gabe agente pelikuleroak tokatu zaizkiolako. Agian, pentsatu du bien adin erlatiboki gazteaz jabeturik (adinkide dituela kalkulatu du), akademiatik ateratako polizia sinesberak dira, beren langintzaren ezinbestekotasunaz eta araztasun beharraz konbentzituak daudenak oraindik. Hala balitz, gaitz erdi.
— Zer demontre da hau?
— Oraintxe azalduko dizugu, zatoz gurekin.
— Eta zer egingo dut honekin?
Bota bezain pronto ohartu da galderaren absurdoaz; edozein heldulekuri atxiki nahian, eskutan daraman kafe paketearen aitzakiak lagun ziezaiokeela pentsatu du segundo erdiz, eta brastakoan jaulki die. “Lasai, nahi baduzu kafe bat prestatu diezagukezu” erantzun dio irribarrez beltzaranak. Akaso ez direla hain sinesberak.
Ibai alderantz joan dira, baina berak espero bezala parkingeko zulotik behera egin beharrean, pixka bat aurrerago jo, eta Maria Cristina hotelaren aurrean leku erreserbatuan aparkatutako auto zuri batean sartu dira, zurbila gidari eta beltzarana berarekin atzealdean. Berehala aditu du aire-lurrintzailearen eta tabakoaren usainen arteko nahasketa okaztagarria, eta arnasari eutsi dio segundo batzuez kiratsa ekiditeko ahaleginean. Konturatu denez, beltzaranak zedarritzen du solasaldia, eta zurbilak momentu jakinetan baino ez du parte hartzen, garrantzirik ez duen apunteren bat egiteko. Gainontzean, autoa gidatzeari lotu zaio, presarik gabe, Paseo Berriranzko norabidean, eta pentsatu du akaso Urgull aldera eramango dutela leku diskreturen baten bila. Fotografikaren parera ailegatu direlarik, baina, buelta eman eta Aldamar kalean barna egin dute.
Ea ba al dakien zergatik joan zaizkion. (Berari galdetzen diote?). Arrastorik ez duela eta beraiek esplikatu beharko diotela. Ez dutela presarik, eta pentsatzeko, pentsatzeko. (Azkenean, ez direla zuzenbide estatuaren uste osokoak). Ez dakiela, zinez. Ez dela zaila asmatzen herri honetan (en este país) halakoak zergatik gertatzen diren. (…). Aspaldi dela bera halako saltsatan sartuta ez dagoela. Badakiela, beraz, saltsaz dela kontua, eta inoiz sartuta ibilia izan dela. (Hobe isilik). Bo, benetan, bera inoiz ez dela inolako saltsatan ibili. A, ez? (Hauek badakite hainbeste). Badakizue hainbeste. Ez, ez, guk ez dakigu ezer, horregatik egiten ditugu galderak. (Hau tipo astuna). Begira, ez dakit zer nahi duzuen, baina nago denoi interesatzen zaigula lehenbailehen aurrera jotzea. Carlos, zer diozu honetaz, gure hobe beharrez ari dela. (…). Joan gaitezen muinera, bai. (Poli astuna eta poli ez-hain-astuna, modalitate berria). Ea ezagutzen duen Asier Imaz (Bai, begira, hor, eskubitara, ehun bat metrora jaio zen, Esterlinesen bukaeran). Badut haren entzutea, bai. E, hau adarra jotzen ari zaigu edo ze kristo. (Izan ere, etxe hartan hasi zen…). Zergatik galdetzen didazue, ba, dagoeneko badakizuena? Ea, mutil, txorakeria gutxiago, entzuten duzu? txorakeria gutxiago, ez gara hemen brometan ari. (Min handiagoa sustoak. Hau izorratzea). Bale, bale, lasai e. Eta Unai Zaldua? (Hauek beti elkarrekin). Aspaldiko lagunak ditut, baina azken urteotan harreman gutxiago dugu. Umeak eta gauza horiek? (Harpa jotzen ari zaizkit?). Ez, ez ditugu ez haiek eta ez nik. Garazi haurdun dagoela entzun dugu ba. (Entzun dugu?). Garazi? Bai ba, ez dizue Unaik ezer kontatu? (Koitadua Garazi). Ez, ez nekien ezer, baina baliteke. Zortzigarren astean, baina badakizu, itxoitea komeni inori kontatu baino lehen. (Noski, eta zuei kontatu dizue, ezta?). Esan dizuet, orain ez dugu harreman handirik. Baina badakizu zertan dabilen, ezta? (Zertan dabilen…). Zertan dabilen? Zertan dabilen, bai, tema politikoan. (Ze puñeta egiten diat nik lantoki parean, atasko baten erdian, tipo hauekin?). Asier beti ibili izan da politikan sartuta. Baina, konkretuki, orain zer egiten du? (Hainbeste jakingo duzue, haurdunaldia, eta zortzigarren astea, eta ostiaputakeriak baldin badakizkizue). Ez dakit. Seguru zaude? (Alu puta, kendu eskua lepotik derrepente). Benetan, ez dakit ezer, gainera, ez gara ondo eramaten kontu politikoetan, ez nago ados rollo horrekin, esan dizuet, aspaldi da mundu horretatik alde egin nuela, benetan. Sinetsiko diogu, Carlos? (Astakilo alaena). Ea, aspaldi nago nazkatuta tema politikoarekin, eta niregatik denak atxilotu ditzakezue, ya les vale, ez didate batere penarik ematen, eta nik ez dakit ezer, paso egiten dut. Tira, hau gehiago gustatzen zait, askoz ere gehiago. (Bakean utziko al naute behingoz). Baina ez dakit ezer. Demagun sinesten dizugula, fede onez ari zarela, eta ez duzula Imazen eta Unairen egintzez berririk batere, zalantza egiten dugu, baina tira, demagun ezetz, ez dakizula, orduan, gauza bat proposatuko dizugu, eskaera bat, edo akordio bat, hala deitu nahi badiozu. (Hau izorratzea). … zuk Unai eta batez ere Imaz zertan dabiltzan, zehazki zertan dabiltzan alegia, bilatuko duzu, ziur gaude berehala jakingo duzula, han galdetu, hemen gaia atera, hemen belarria jarri, han begiak ireki, eta guri jakinaraziko diguzu aurkitzen duzuna, ez dugu gauza askorik behar, pare bat detailetxo besterik ez. (Mila demonio, ze ostia da hau?). Uste dut pertsonaz nahastu zaretela, esan dizut… Aber, mutiko, mutiko deituko dizut, ados? Aber, gu ez gara ekibokatzen, eta ekibokatzen bagara ez da hori zure kontua, ulertzen duzu? (Hiriaren zati honek beti gogorarazi dit Madril… Ez naute komisariara eramango?). Esan didazue ez nengoela atxiloturik. Nork esan du kontrakorik? (técnicamente, retenido). Badaezpada galdetzen nuen, ez dut ezer ulertzen. Garbi asko azaldu dizugu ba tratua (tratua?). Barkatu, baina nik ezin dizuet lagundu. Lasai, lasai, mutiko, ez duzu zertan orain erantzun behar eta, ez dugu presarik (Errotondan buelta, ibai alderantz, eskerrak). Uste dut ez dudala askorik pentsatu behar, nik ez dut ezer egin eta ez dut saltsa gehiagotan sartu nahi, esan dizuet. Hau ez da saltsa, lan segurua da, ordaina izango duena noski, eta bide batez kaka hau guztia bukatzen lagunduko duzu. (Ni gabe ere ondo asmatuko duzue, baiki). Ez dut ezer jakin nahi, nazka-nazka eginda nago politika kontuez. Horrexegatik, guk badakigu gogaiturik zaudela, eta eskatzen dizugun bakarra da lantxo bat egitea, eta akabo politika, akabo kaka hau guztia. (Gainetik kenduko al ditut inoiz burugogor ostia hauek?). Ez dut ezertan endredatzeko gogorik, sentitzen dut, aurkituko duzue beste inor. Begira, gauza bat egingo dugu; esan dizugu, ez dugu presarik, eta ondo pentsatuko duzu, arinegi ibili gabe, eta pare bat aste barru, berriz ere kontaktatuko dugu zurekin, ados? Eta zalantzak badituzu argituko dizkizugu, eta xehetasun gehiago nahi badituzu emango dizkizugu, eta orduan ere emango dugu bueltaxka bat, eta hitz egingo dugu lasai. (Pare bat aste?). Ez dut iritzirik aldatuko. Hori ikusteko dago. (Astun-puta eta gogaikarri-madrea eta kakatsu-ostia). Bo, nahi duzuen bezala. Pentsa ezazu ondo, pentsa kaka honen guztiaren amaieran, zuk egin dezakezun ekarpenean, eta ordainean, zuk nahi duzun neurrikoa izango da. (Utziko al naute behingoz?). Hemen jaitsi naiteke? Hurrengo semaforoan jaitsiko zara. (Ia ehun metro luze). … fin de trayecto. (…) …