Sudurra
Lepondoan agertu zitzaion inpentsan eta bazekien horixe ezin zuela jasan idazten ari zen bitartean. Pantaila kolpez itxi eta jiratu egin zen.
— Pinotxo? Umeentzat idazten ari al zara orain? Ez al zuen hor Pinotxo jartzen?
— Ez zenuen irakurri behar. Badakizu ez zaidala gustatzen.
— Barkatu, idazle andrea. Segi zure Pinotxori sudurra luzatzeko gezurrak asmatzen.
Pinotxorena lehendik ere idatzita zegoela esanez erretiratu zen. Umeari behin baino gehiagotan kontatu izan ziola haren sudurrarena.
Pinotxo erakutsi zidan egunaz akordatzen naizenero lotsatu egiten naiz. Hain zegoen harro. Eta hain mozkor ni.
Gogoan dut gezurraz hizketan hasi zitzaidala. Horraino bai. Denok behar genukeela gezurra esanez gero ipurtagerian utziko gaituen ezaugarriren bat. Gezurti gehiegi dagoela munduan. Onartu nion nire egoeran egia eta gezurra antzekoak zirela. Beste gintonic bat eskatu nuen. Serio jarri zen: nirekin ez zara inoiz nahastuko. Serioago: ez zaitut egia eta gezurra bereizi beharreko atakan jarriko sekula. Eguna lokartzerako esnatzen den ordu klase horietan betirako promesak barregarri entzuten dira. Eta horixe egin nuen: barre. Orduan hasi zen Pinotxoz, bere Pinotxoz. Niri erakusteko desiratzen zegoela. Eta nik zeregin hoberik izan nezakeenik pentsatzeko gaitasunik ez. Etxerako gonbita onartu nion, Pinotxo gorabehera.
Handik aurrerakoa ez daukat argi. Ez nola eta ez nora joan ginen behintzat. Gogoan dudan hurrengo irudian tipoaren hankartea daukat begien parean. Zakila (harena) ahotik (niretik) zentimetro eskasera, eta haren alde banatan, atzeraxeago, bi begi zabal-zabalik niri begira, kapela horiaren azpian. Izutu egin nintzen. Pinotxoren sudur oker hura irensteko zorian nengoenean etorri nintzen kolpean nire onera. Pinotxorenak baino handiago nire begiak, segundo erdi nahikoa izan nuen nor nintzen baino zertan ari nintzen konturatzeko. Ez nuela haren Pinotxorik nahi esan nionean zutitu, sudurra tente-edo, eta hitzik gabe atea zabaldu zidan duintasunez-edo.
Ez nion argitu txiste ustekoa juxtu logikaren kontrakoa zenik.
Hori gerora pentsatu izan dut.
Egun hartan burukomina neukan. Ez nintzen gai bi pentsamendu segidan kateatzeko.
—Benetan liatu zinen potroetan Pinotxoren tatuajea zuen tipo batekin?
— Mattea, ipuin bat da.
— Pinotxo? Pinotxo tatuatuta? Eta buztana, sudurraren tokian? Mesedez! Ze ridikuloa!
— Hitzak besterik ez dira. Jolasa. Literatura.
— Eta umeak Pinotxorena eskatzen didanean? Zer arraio kontatu behar diot? Konturatzen al zara zer egin didazun?