Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Atea

 

Atea ez duzu erabat itxi. Harritzekoa da. Ate guztiak ixten dituzu. Itxita daudenak ere hala ote dauden frogatzeko jaikitzen zara gauerdian, baita etzan aurretik banan-banan zeuk itxi baldin badituzu ere.

      Grazia egin zidan hotelean lehendabiziko gau hartan. Ohetik haratago mundurik bazenik ere ahaztuta nengoen ni. Eta bat-batean gure mundutik kanpo zu. Han nonbait. Min ote zenuen, nire kezka. Halaxe galdetu nizun. Erantzun ordez zutitu, atera hurbildu eta giltzari eragin zenion. Zabaldu egin behar izan zenuen ixteko. Lasaituta itzuli zinen nire albora.

      Horregatik harritu nau komunekoa jiratuta bai baina erabat itxi gabe ikusteak. Kanila zabalduta daukazu, baina zirrikitutik ezin zaitut ikusi. Eranzten ariko zara albo batean. Denbora luzeegian utzi duzu iturria zabalik. Beti uzten duzu. Esan egin beharko nizuke, baina aspaldian ezin dizut ezer esan. Ez dizut dutxa hondatu nahi. Baina hobe zenuke lehenbailehen ur azpian sartzea. Hobe litzateke denontzat. Honezkero ondo beroa behar du ur horrek.

      Arrimatu egin naiz zirrikitura. Ez dakit zergatik. Zirrikituak deitu dit. Zure ondoan bizitzearen albo-kaltea. Esango nuke atea ixteko intentzioz inguratu naizela. Dena kutsatzen da.

      Armairuetakoekin ere ezin duzu. Haiek ere ateak dira. Itxi beharrekoak denak.

      Ikusi zaitut. Ur azpian paretaren kontra jarri zara. Hankak zabalik. Ur zarrasta ez dator orain goitik behera. Behetik gora baizik. Hankartera. Begiak itxita zaude. Beldur naiz ez ote dituzun kolpetik zabalduko. Atea itxita dagoela konfirmatzeko. Zeuk. Ez du balio nik egiteak. Ez du balio nik esateak egoteko lasai, itxi berri ditudala. Zeuk egiteak bakarrik lasaitzen zaitu.

      Ura ere zeuk bideratzen duzu erritmo geldo eta akonpasatuan. Eta gustura zaude. Dutxak luze joko dizula jabetu naiz. Zenbat ur alferrik. Gutako bakoitzak gure esku dagoena egingo balu, baina alferrik ari naiz. Horrek baino min gehiago egin dit, gainera, atearenak. Ez zara akordatu ere egin ondo itxi gabe dagoenik.

      “Sexurik ez”, esan zenidan aste pare bat lehenago.

      “Bolada batean”, erantsi zenuen.

      “Sexurik ez, nirekin?”, galdetu nizun. “Edo sexurik ez?”, erantsi nuen.

      “Non dago aldea?”, zuk.

      Zureak behar du beti azkeneko hitza.

      Galdera baldin bada ere bai.