Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Irribarrea

 

Kopetako zimurrik ere ez zaio antzematen kasik. Ondo makillatzen jakitea zer den. Enteratu behar dut nor aritzen den. Begitartekoa kuzkurtu gabe ikusteak inpresionatu nau gehien. Bekozkoa jarrita esnatu eta erantzi gabe oheratzen zen aurpegiko azalari lotarakoan ere tregoarik eman gabe.

      Beste bat ematen du. Lasaitzen nau horrek ni ere. Jendetza bilduko da gaur hemen. Komeni da bakean zegoela ikustea. Ez lagun asko zituelako. Horrexegatik agertuko dira beharbada. Bizitan lagun agertzen ez direnek izaten dute maiz azken despedidarako beharrik handiena. Senitartekoak ere ziento bat direla badakit. Familia zabalekoa da. Nik apenas ezagutzen ditudan. Eta hark ere ezetz esango nuke. Herrian bertan bizi den lehengusuren bat ikusi izan dugu tarteka, baina “denak ondo, zuek ere bai” baino konbertsazio luzeagorik ez diet entzun.

      Nire ahizpak esan dit bera ere agertuko dela. Kezkatuta dago. “Kezkatuta” da bere egoera zibila. Kezkatuta egon zen urtetan bakarrik geratuko ote nintzen beldur. “Bakardadea gauza tristea da, neska”, errepikatzen zidan. Alferrik erantzuten nion, bakardadea baino gauza tristeagoak makina bat ezagutuak ginela. Kezka bat behar du bizitzeko eta ez du bila ibili beharrik izan: ni naiz haren kezka. Horregatik kezkatu zen hainbeste ezkondu egingo ginela esandakoan. Hirurogei urtez bakarrik nengoelako kezkatuta, eta bakarrik ez egoteko urratsa ematekoa nintzela jakindakoan, kezkatuago.

      Ez nintzen ezkondu bakarrik ez egoteagatik. Ederki moldatzen naiz ni bakarrik. Baina aukera ez zela baztertzekoa iruditu zitzaidan. Bizilagunak izan gara berrogei urtez. Bigarren pisuan ni, lehendabizikoan bera. Enkargutara nindoan batean, haren etxeko atea zabalduta ikusi, harritu, eta burua sartu nuen ondo ote zegoen galdetzeko. Bizilagunagatik hainbeste egiten irakatsi ziguten guri. Kuartotik sentitu nuen oihua. Ohe ondoan erorita, gizajoa. Ondoezak eman eta irteten ez bazen hantxe geratuko zela konturatuta, ateraino inguratu, ez zela urrutira iritsiko jabetu eta ohera itzultzea bururatu zitzaion. Alboan geratu zen. Oheratzen lagundu eta medikuari deitu nion. Ez nuen haren berririk izan, ingresatuta pare bat aste egin ondoren ate joka etorri zitzaidan arte. Eskerrak emateko igoko zela uste nuen. Eta hala igo zen. Bere erara. Kartilla luzatu zidan.

      — Hauxe daukat, eta etxea ere nirea da. Zuretzat dena, azken hilabeteotan laguntzen baldin badidazu.

      Urtea geratzen zitzaiola esan zioten. Bi eta erdi bizi izan gara elkarrekin. Azkenekoa, ezkonduta.

      “Bizilagun zakar horrekin?”, izutu zen ahizpa kontatu nionean. “Ipurdia garbitzeko nahi zaitu! Ez al zara konturatzen?”, desesperatu zen. Lasaitu arte ez zidan entzun berak belarriak mintzeraino errepikatutako esaldirik kuttunena: “Hobe alargun, ezkongabe baino”. Ez nengoen ados orain urte batzuk. Kontra egiten nion. Zaharren kontuekin bizi zela gogoratzen nion. Orain ulertu dut zer den alarguna izatea: pisua, eta geratzen zaizkidan urteak estutasunik gabe pasatzeko ziurtasuna edukitzea. “Ipurdia garbitu? Beharko!”. Aber zenbatek duen kolpe zorrik jo gabe hileroko soldata ziurtatzeko modua! Guri hori ezinezkoa zela erakutsi ziguten behintzat.

      Kezkatuta dago orain ere eta hala ere, nire ahizpa. Familia osoa agertuko omen da orain eurena uste dutena eskatzera. Alde horretatik lasai nago ni. Paperak ondo eginda dauzkat, agindutako papera ondo beteta eta hemendik aurrerakoa ere halatsu betetzekotan.

      Bera ere lasai dago. Irribarre egiteko zorian dagoela ematen du. Hala irudituko zaio jendeari. Heriotzak unerik desegokienean azaltzeko bokazioz ahalegina zapuztu balio bezala.