Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Begirada

 

Gogoratzerakoan begirada eskuinetara zuzentzen dugu. Asmatzerakoan, ezkerretara. Dokumental batean ikusi genuen aspaldi. Eta mila aldiz irakurri edo entzun, gerora. Nik ez dut gehiago ahaztuko.

      Jolas bihurtu genuen bolada batean. Elkarri iraganeko pasadizo bat kontatu eta benetakoa zen edo ez asmatzea zen gakoa. Irabazteko guztiak neuzkan. Itsu-itsuan sinisten zuen zientzialarien hizkuntzan kontatutakoa. Segituan konturatu nintzen eskuinetara begira kontatzen nion edozein astakeria sinisteko prest zegoela eta ezkerretara begirakorik ez zidala aintzat hartzen.

      Garbi jokatu nuen hasieran. Errazegi engainatuko nuela ulertarazi nahi nion. Xamurra zen haren inozotasuna, baina ez zen egia gogoan nuen lehendabiziko mutil-laguna urkatu egin zenik utzi egin nuelako. Ez zen egia urkatu zenik, ez eta utzi egin nuenik ere, begirada eskuin aldera galduta kontatu nion arren. Ez zuten asebete nire argibideek.

      Bereak asmatzeko, berriz, sasi-zientzia guztiak sobran zeuden. Ez ezkerretara eta ez eskuinetara. Itxi egiten zituen begiak gezurra esaterakoan, inork ikus ez ditzan umeek eskutxoekin egiten duten bezala.

      Ez zegoen nire asmoetan hura engainatzea, baina gogoan dut barre egiten nuela orduan, egunen batean behar izatera zeinen erraza izango zen irudikatuz.

      Ez nuen kontuan izan inozoak arriskutsuak direla.

 

 

Lan eskaintza berezi batekin hasi zen dena. Goiz osoko argazki saio bakarragatik tabernan urte erdian adina eskaini zidatenean baiezkoa eman nuen. Gezurra esango nuke itxura txarrik ez niola hartu esango banu. Badakit ze prezio duen nire gorputzak. Baina ez nuen nora eta ze ordutarako beste galderarik egin.

      Lan-txanda aldatu zidatela kontatu nion bezperan. Afaria prestatzen ari zen. Bizkar emanda ari zen sukaldean. Esango nuke ez nuela apropos egin, baina gerora konturatu naiz argazki saio hartarakoa onartu nuenetik, kontu gutxi esan niola aurrez aurre. Gauzak bere onetik ez ateratzeko, esan dezadan askotan hitz egiten genuela begietara begiratu gabe. Joanean, etorrian, eginkizun desberdinetan ari ginen bitartean, baita egonean ere. Baina zehazki gai hari zegokion ezer ez esateagatik asmatu nituenak, denak, begietatik ondoriorik ez ateratzeko moduan. Besteak beste, ez nengoelako ziur eskuinetara edo ezkerretara, nora zen gezurra. Urteak ziren ez genuela begiradaren jolasa praktikatzen. Seguru nengoen, ordea, hark ez zuela ahaztua. Nire begiradaren norabideari jarraitzen zion, disimuluan ari zelakoan, zerbaitek mesfidantza sortuz gero. Eta mesfidatia zen. Konfiantzaren mikroskopioa gaizki enfokatua izatea, horixe arazoa. Enfokatzen irakastea baino fokupetik ihes egitea errazagoa zenez, haren logikatik kanpo zegoena ez nion aipatzen. Eta akabo susmoak eta dena etengabe zalantzan jartzea eta frogatu ezina zin eginez sinetsarazi beharra. Tabernan lan-txanda aldatu zidaten eta goizetik joan behar nuen. Zertarako hasi begiradaren norabidea zaintzen? Ez nuen ba aurreragoko kezkarik. Galdetu zidan nork, zertarako eta zergatik nintzen hain zintzoa. Ezagutzen ez zuen lankide batek, nik ez dut zertarako galdetzen faborea eskatzen didatenean eta zintzotasuna kode genetikoan nekarren. Gero afaritarako prestatu zuenari buruzko zerbait galdetu, eta kito.

      Lokartu ezinik egon nintzen luze. “Kontzientzia txarragatik”, esan zidan esna sumatu ninduenean. “Ze kontzientzia txar?”, nik. “Biharkoagatik”. Ez nion ezer erantzun. “Ez hasi majaderiatan”, erregutu nion. Loa eguna argitu bitartean uxatzeko ezagutzen dudan sistemarik onena da gauerdiko eztabaida.

      Begiak zabaldu nituenerako begira neukan:

      — Badakit ni babesteagatik egiten duzula. Estuegia naiz.

      Itxi egin nituen.

      — Ez daukazu zertan esan zeinek aldatu dizun lan-txanda eta, gutxiago, zertarako.

      Bakarra ireki nuen.

      — Min egiten dit zure konfiantza faltak.

      Kopetan muxu eman eta alde egin nuen.

 

 

Biluzik aterako zizkidaten argazki guztiak. Hainbeste espero nuen. Jakinmina azaldu nuen arren, ezin zidaten aurreratu ze erabilpen izango zuten. Enkarguz egiten zuten lan eta agindu zehatza jaso zuten: berrogei eta berrogeita hamar urte bitarteko emakume korriente baten gorputza, perspektiba eta distantzia guztietatik, zatika eta osorik. Ezagun batek eman zien nire berri. Posatu beharrik ere ez. Zutik, eserita, makurtuta eta etzanda. Ez mugitzeko esan zidan argazkilariak. Mugituko zela bera. Eta halaxe. Oraintxe oinetara, oraintxe hankartera; gero atzean sumatzen nuen, bizkarrarekin ariko zen, beranduxeago titi parean; ukabiletan denbora dezente egin zuen, baita belaunburuetan ere. Eta ni, egonean. Argazkilari bat bueltaka eta nik urte erdian barran irabaziko nuena poltsikoan kabituko ote zitzaidan kalkulatzen. Aurpegirik ez zutela behar esan zidaten unetik ezin izan nion irribarreari eutsi. Argazkiak edozertarako zirela ere, inori argibiderik eman beharrik ez. Emakume korrientea izatearen abantailak.

      Esku dirutan ordaindu zidaten, gainera. Telefonoz agindutakoa. Boltsoa emozioz lehertuko zitzaidala uste izan nuen. Baina ondo aguantatu zuen etxeraino. Nik ere bai.

      “Tabernan izan naiz” esan zidan gabon baino lehen. “Jai eskatu duzula esan didate”.

      Begiak itxi nituen. Nora zen oroitzapena? Ezkerretara zen, ezta? Ez. Asmatzen ari garenean begiratzen dugu ezkerretara? Nahita ere ezin nuen gogoratu. Eskerrak bazkalondoan, inoiz gehiago kabituko ez zitzaizkidan galtza bakeroen aurreko poltsikoetan dirua ezkutatu, eta siesta polita egin nuen. Luze joko zuen gauak.