Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Terapia

 

Inoiz kontsultan azaldutako bikoterik zaharrena zen. Gizonezkoa iritsi zen lehendabizi. Ez zituen urruti behar ehun urteak. Ahalik eta adeitsuen egin nion ongietorria, zertara ote zetorren asmatu nahian. Hitzordua omen zuen terapeutarekin. Konfirmatu genuen izena. Bai. Ez zen okerrik. Neuk eman nion ordua telefonoz. Itxarongelara zuzentzen nuen bitartean sartu zen emakumea. Gaztexeagoa. Laurogeita hamarren bueltan, nolanahi ere.

      Luzerako ez bazen nahiago zutela eseri gabe itxaron. Biak bat etorri ziren horretan. Ez da ohikoa gure bezeroen artean.

      Irribarrez sartu nintzen kontsulta gelan. Azkeneko hitzordukoak zain zeudela jakinarazi nion terapeutari. Nire keinuak atentzioa deituta bekainez “Zer gertatzen da?” galdetu zidan.

      — Bi ohar: bat, zutik daude zain. Nahiago izan dute. Biek.

      — Ez da seinale txarra.

      — Bigarren oharrarekin du zerikusia: berrehunen bat urte izango dituzte.

      — Edadekoak direla esan nahi al didazu?

      — Edadekoa eta hurrengoari nola esaten zaio? Literalki ehun urtetik gertu. Bietako bakoitza. Fitxa begiratuko zenuen, noski: bikotea dira. Krisian. Deitu zutenean ez nien galdetu ze adin duten.

      Nik aginduak bete besterik ez dut egiten. Eta agindua izan zen ez adinik galdetzeko. Krisientzat ez dago adinik, esan zidan. Maitemintzeko adinik ez den bezala, krisiak ere edozeinetan iristen dira. Eta nik, adinak ere garrantzia baduela sinisten jarraitu arren, galdetzeari utzi nion. Ez naiz terapeuta. Iritzia ematea ez dator nire soldatarekin.

      Ordubetera irten ziren kontsultatik. Ia beste hainbeste behar izan zuten atera hurbiltzeko.

      — Hurrengorako hitzordua emango dizuet. Noiz datorkizue ondo?

      — Ez da beharrik, eskerrik asko —erantzun zidan gizonak, lasai.

      Emakumeak muxua bidali zidan airean agur modura.

      Azkazalak jaten pasatu nuen hurrengo ordu erdia. Ederki luzatzen ari zitzaion txostena. Aldatuta atera zen, kalerako prest, baina parean jarri eta ez nion irtenbiderik utzi. Sekretu profesionala eta otxokuartoak!

      — Hitzordurik hartu gabe alde egin du azken bikoteak.

      — Neuk aholkatu diet. Ez dute terapia beharrik.

      — Galdetu al dezaket zertara etorri diren orduan?

      — Seme-alabak isilarazteagatik. Hala esan didate.

      — Kanpoko laguntzarik gabe konponduko direla iruditzen zaizu? Adin horretan?

      — Bai. Edo ez. Konpontzea zer den. Emakume horren tenplea nahi nuke nik: “Honetara ezkero edo Hemendik aurrera da kontua” esan dit. “Guk Hemendik aurrera aukeratu dugu”.

      — Baina...

      — Ze inbidia, ezta? A, eta bihar ezingo naiz eguerdira arte etorri. Eta ez, ezin didazu galdetu zergatik.

      — Zenbat urte zeramatzaten elkarrekin?

      Galdera gehiegi. Beranduegi.

      Biharamun goizerako hitzorduak atzeratu ondoren bikotearen fitxa artxibatu nuen “jarraipenik ez” sailean. Bi izenen eta dataren ondoan, “ehun urte inguru” idatzi nuen. Garrantzitsua iruditu zitzaidan.