Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Etxea

 

Etxe parean autobidearen hormatzar hura eraikitzen hasi ziren egunean esan zuen emazteak lehendabizikoz ezin zutela han jarraitu. Ez zituen umeak pareta haren kontra hazi nahi. Urrutira begiratzeko aukera eman nahi zien. Eta arriskua, zer? Edozein egunetan denak lotan zeudela kamioiren bat sartuko zitzaien tximiniatik barrena. Joan beharra zeukaten handik. Berandu baino lehen.

      Senarrak ez zion kontrarik egiten. Nekatuegi itzultzen zen fabrikatik. Egunen batean, esaten zion, lotara aurretik, egunen batean.

      Autobidea eraiki zuten eta hormatzarra oraintxe frontoia, oraintxe ezkutalekua eta oraintxe arbel erraldoia bihurtu zen neska-mutikoentzat. Egun magikoak ere izaten zituzten. Ustekabeko altxorrak iristen zitzaizkien autobidetik. Bidaiariek leihotik apropos botatako edo ustekabean ihes egindako panpina, manta gorria, bixera parea, komiki liburua jasoak zituzten. Autobideak oparitu baino lapurtu gehiago egiten ziela sinistuta, haien amak ez zuen egun bakar batez ere handik alde egiteko gogoa alboratu.

      Senarrak hitz emana zion diru pixka bat aurreratzea lortzen zutenean hasiko zirela etxe berriaren bila. Beti bazen zerbait erabakia atzerarazten zuena: laugarren semea, adibidez. Batere espero gabe iritsi zitzaien. Beste hirurak koxkortuxeak zituztela.

      Haurdun zegoela jakin zuenean negar egin zuen amak ezkutuan.

      Bi urte eta erdira atarian jolasean zebilela hormatzarretik askatutako hormigoi puxka batek jo zuen buruan umea. Puxka txiki batek. Erdiz erdi. Kolpe txarra. Atzera bueltarik gabea. Hormatzarraren oinetan aurkitu zuen arrebak haren bila inguratutakoan.

      Arduragabekeria leporatu zioten autobidea eraiki zuen enpresari.

      Kalte-ordainarekin ordaindu zuten amaren ametsetako etxe berria.