Aurkibidea
Hogeita hamaika
Eguna zabaltzerako zaunka eroan dabilzkie zakurrak Kindelanen soldaduei.
Teresaren itzalarekin esnatzera ohitu beharra, horixe zaio zailena Estebani, egunsentiak berekin dakartzan ohiko hotsekin. Ezin egin ausentziara. Aldaka aldera etzan denean igarri du, beroaldi arina, ilar ale baten adinako kozkorra, itxuraz lehertu gabe dagoena. Kolpetik lotu du izuak. Besoa behartuta erpuruaz laztandu du bular aldetik galtzarberako tartea, eta nabarmen agertu zaio oilaurra. Teresa zuzen zegoen, badatorkio.
— Esna zaude, Esteban?
Teresaren ahizpa da, Maria, ate-orpotik ari zaiona.
Hitzen beharrik gabe ohartarazi du Estebanek, gaitzak gorritzen hasitako begiez errepikatu, ez sartu Maria, ez sartu kutsatzerik nahi ez baduzu. Arnasa mineralaren hotsa paparrean gora. Hatsak harri-txintxorrak dakartzala dirudi, legarra, harribilen halako eman lehor bat, hauspoari eragin aldiro berritzen zaiona.
— Ez ba...
Negarrari eman dio Mariak. Musualdea esku ahur zabalduan gordetzekoa egin du, mamiekin estutu ditu begi biak. Bristada arin batez bustitzen ikusi dizkio. Umea da oraindik, pentsatu du Estebanek.
Maiatzeko euriak zoratzen jartzen ditu zakurrak. Joanak dira Arriola alkatearen milizianoak. Neskengatik galdez dabiltzan soldaduak gelditu dira soilik herrian, zer gerta ere. Langarra ari du soroen gainean. Eguna nabarmen luzatu da, laster gorrituko dira gari sailak eta biltegiak berriz beteko, berotzen badu behintzat.
— Esadan, zer dun?
Estebanek ikusi egiten du zer datorren:
— Teresa dun, ezta?
Eta aurrerantz egin du Mariaren malko artean, estropezu egiten du, erori egiten da, jaiki, sukarrak ozta uzten dio hitzen arteko kontakizunari jarraitzen. Zeharka dakite dakitena, Teresarekin Errenteriako kartzelan egon den Brigidak kontatutakoagatik. Bezperatik dago etxean berriz ere.
— Libre laga al dute Brigida?
— Umea izateko dago.
Leiho aldera jiratu da Esteban, argi bila. Garbi datorkio Mariaren ahotsa dagoen tokitik. Brigidak esanda dakiela zer egin dioten Teresari, emakumeak zeuzkaten kartzelatik aparteko batera eramanda.
— Jende mihiluze gaiztoa! Bazekiten...
— Zer zekiten?
— Ezin duzuela familiarik izan.
Eta hala jarri omen zuten gorririk, eta oihu artean ohol heze batzuen gainean etzanarazi, eta eskuekin zangoak zabaldu. Umea nahi dun? Nahi dun? esaten omen zioten deiadar batean belarri ertzera. Brigida bezala, tripaundi? Atorra azpikoz gora igota estali zizkioten begiak, eta hiru, lau, bost gizon entzuten omen zituen inguruan Teresak. Hire gizon horrek ez din balio, hori dun, ezta? Eta hankarte bat jarri omen zioten esku behartuan. Lirdinga lepoa bustitzen. Buruhandi bat nahi dun? Atzaparrak bularrak estutzen, izter barrenak marruskatzen, amorruz kakotuak. Orroek horma zulatzen zuten. Teresaren deiadarrak daramatzala oraindik barruan dio Brigidak, ezin dituela burutik kendu.
— Nola dakin hori guztia?
— Brigidak esanda.
Atertu gabe ari du eta orain Esteban da zotinka ari dena.
Haurdun nahi dun? eta hankak bortxaz zabaltzen omen zizkioten. Atzaparrek ubeldurak utzi zizkioten belaun atzean, hainbesteko indarrez teinkatu zuten.
Ez haiz horrela ibili senarrarekin ez beste matxino guztiekin?
Esazan orain, nola zen? Sua! Sua! Denok akabatuko zaituztegu!
Gizonen algarek estaltzen omen zituzten oihuak. Belarri izkinan egiten zioten zaunka. Ukitzera behartu zuten, mutur hotz bat zen, metalezkoa. Umetokiraino sartuko ziotela esan eta zakar eragin omen zioten; ikusiko dun, ikusiko dun orain nola bai, orain bai, eztarriraino sentituko dun.
Sua nahi dun, Teresa?
Halako min izenik gabea, fusil baten muturra sartu baliote bezala.
Aurpegia estaltzen zion zapia kendu ahal izan zuenean, bakarrik zegoen biltegi hezean. Inor ez. Odola lehortua zuen izter-barrenetan. Botaka egin zuen txoko batean, txirbil artean.
Estebanek ere ez du inor topatu gelan begiak zabaldu dituenean. Hazka egin du azal zanbrotuan. Maria joana da, eta bururik eta hankarik gabeko amesgaiztoa iruditzen zaio dena. Ezin esan dezake luzaroan egon den lo, ez zenbat egun daraman ohean, ezta zenbat igaro diren Teresa atxilo hartu dutenetik. Mariak kontatutakoaz akordatu da, eta zalantza egin du benetan izan duen elkarrizketa ala sukarrak asmarazi dion guztia eta ez den ezer gertatu, ez behintzat Mariak esanda bezala. Hala izango da, seguru dago ia. Lasaitu egin da.
Lehor du eztarria. Legarra ahoan. Zalantzak badoaz. Paparra haztatu eta oilaur gehiago datorkiola igarri. Mina burualdera zabaldua da, dardara txiki bat nabaritu du eskuan Mariak ohe ondoan utzi dion katilukada ura hartu duenean.
Izainak behar ditu. Zergatik etsi du hain erraz, madarikatzen eskatu dizkio Mariari ekartzeko. Ez dagoela izainik potoetan erantzun diola iruditu zaio. Lantzeta bat eskatu dio orduan. Labana bat. Sangratzeko balio lezakeen edozer. Eta terreina.
Ilun-instantziak jan du leiho zabalduaren bestaldea. Ezin dio eutsi. Badoa, badoa berriro ere ur ilunetan barrena, gero eta hondoago. Karrajoan barrena datorkion norbaiten pausoak entzutea iruditu zaio ur azaletik behera erortzen hasi denean.
Amets batean esnatu da. Ulertzen ez duen denbora batean.
Nola ez dakiela, inoiz entzun gabeko izen bat datorkio: Nikos Kokkinias. Nondik eta zertara gau osoan bakerik eman ez dion izen arrotz hori. Ilunpetan, kalerako jantzi da, ebaska bilatu ditu oinetakoak kamapean. Kontuz zarratu du kanpoko atea, ez luke nahi inor esnatzerik. Estropezu egin du azken mailetan. Inoren zapatetan balitu bezala sentitu ditu oinak.
Kaleak galdua zuen garai bateko itzala. Denbora behar izan zuen zeru zati hartara egiteko, ibai bazterrak mugarritzen zituzten etxeetara ohitzeko.
Herio batean ekin zion gero eta urrats azkarragoz.
Ez zebilen inor. Zer ordu zen? Eliza parera helduta, Idiakez etxearen itzal beltzak hartu zizkion begiak. Parrokia, han zegoen. Ia dena, oso bestela zegoen, ordea. Harresiaren arrastorik ez zegoen, eta Narrosko markesaren jauregia zegoen tokian beste etxe bat zuten egina, ilaran jarritako arbola batzuk aurrean eta aulki luzeak zituela traban zalgurdien sartu-irtena egiteko. Banco Bilbao Vizcaya zioen kartel bat irakurri zuen, argi urdin biziko. Hortz ikaragarri zuriak zituzten haur batzuen irudi erraldoiak zituzten jarriak leiarrean ulertu ez zituen zenbaki batzuen ondoan. Paper urratu bat zegoen paratua alderik alde, artean irakurtzeko moduan zer zioten letra gorri larriek:
Lapurrak!
Begiak zabaltzea lortu zuen. Ezin esan izainena zen ziztada ala beharbada Mariak ekarri zion labanaren baten irekia. Ilobetako bat sentitu zuen aldamenean, aditu ez zuen zeozer esaten.
Eginahalak egin zituen amets arrotzera itzultzeko. Joan-etorrian ibili zen atxikitzea lortu zuen arte. Hutsik zeuden kaleak, hagitzez zabal eta garbiagoak. Espaloi ondoan ilaran ziren zalgurdi bitxiak laztantzen eman zuen denbora, zilar kolorekoak, ilunak gehienak, grisak, beltzak, gorriren bat tarteka. Arrotza zen dena.
Ezagunak behar luketen tokiak mudatuak agertzen zitzaizkion. Idiakezeneko txingei heldu zien benetakoak zirela egiaztatzeko. Hamaika aldiz ikusia zuen dukearen zaldia atarian hariei lotuta. Burua, suak hartua zuen. Itzalak pilatzen zihoazkion, bera baino lehenago bertan bizitakoen itzalak itzalen gainean. Jende asko zen, baina inor ez zebilen kalean. Beherantz segitu zuen. Etxe batean, argi ahul bat ikusi zuen emendatzen. Altzibarren jauregian burdinazko aldamio batzuk zituzten jarriak. Konpontzen ari zirela zirudien.
— Hobeto zaude, Esteban?
Ez zuen begirik zabaldu nahi. Izainak imajinatu zituen azal gainean, moretuta ordurako, odolez enpo gero eta lodiago. Laster erauziko ziren berez. Ostean, Mariak ikasia zuen nola egin behar zen, nahikoa zuen ozpin pixka bat igurztea, edo ur gazia. Itzuli egin nahi izan zuen. Beheko harresia zegoenekotik igaro eta poztu zen Balda dorrea bere tokian ikusi zuelako. Seguruago sentitu zen. Han zeuden hiru iturriak, tokiz aldatuak harrizko zabalgune berri batean.
— Esteban...
Ibaia zeharkatu zuenean sumatu zuen. Gelditu egin zen. Gizon baten itzala zen, kale arte batean sartu zena. Atzetik jarraitu zion. Ezagutzen zuen ibilera hura. Nor zen Nikos Kokkinias? Izainak ikusten zituen buruan lanean, zurrupatua zioten odol guztia, zer zen bestela eldarnio hura.
Gelditzeko egin zion oihu.
Gizonak itxaron egin zion Esteban parera iritsi zitzaion arte.
— Ezagutzen nauk, ezta?
— Nola ez haut ezagutuko, Esteban.
Eta eskola sasoia ekarri zuen solasera, biak elkarrekin ibili zirenekoa. Zertan zebilen galdetu zion gizonak. Sentitzen zuela. Izan zituzten maisuez eta gelakideez mintzatu ziren.
— Oraintxe nator harekin afaltzetik.
— Aste barruan soziedadean? Gaizkitxo bizi haiz, Esteban!
— Eta hi, nondik hator ba?
— Lanetik gizona, lanetik.
Berehala aldatu zuen gaia, ikaskide hilak aipatu zituen:
— Akordatzen harekin?
Uzteko bakean eransteko ondoren. Joateko etxera, ordua zela.
Urteak ziren Estebanek ikusten ez zuela. Aldatuta zegoen, hala iruditu zitzaion. Puztua zuen aurpegia, bakandua ilea. Kilo batzuk hartua zen.
— Akordatzen nola egin genituen pintada haiek?
— Beste garai batzuk zituan... Hoa etxera, Esteban.
— Zergatik?
— Zergatik zer?
— Zergatik egin dituk zerrenda horiek?
Atzea emanda bizkortu zuen pausoa gizonak. Ez zituen hamar metro egin Estebanen eskua sentitu zuenean alkandoratik eusten.
— Esteban, segiok etxera. Edanda hago.
— Ez zabilek besterik jendearen ahotan. Eskirola izatea nahikoa ez, eta kaleratze zerrendak zeuek egin behar?
Lehertu beharrean zituen begiak. Paparretik eutsi zion gizonak. Atzeratua zuen beste besoa, eskumuturra itxita, erasorako gertu.
— Jo egin behar al nauk? Jendea kaleratu eta eskola-lagunak jo. Horretarako joan al hintzen unibertsitatera?
Langile buzoz jantzitako panpina ikusi zuen grua muturrean zintzilika. Errukia, etorri zitzaion. Errukiak jan dik beste guztia.
Begien parean zuen bestearen ukabila.
— Emadak! Emadak gizajo horrek, horrela lasaiago sentitzen bahaiz...
— Segiok etxera, Esteban... segiok, bestela...
— Nire emaztea ere zerrendaren batean sartuta izango duzue, noski...
— Hire emaztea? Alde egizak hemendik. Hark ere agoantatzen ez hauelako alde egin zian-eta ondotik...
Barre algara exajeratua atera zitzaion Estebani. Berak besoa luzatzerako sentitu zuen atzaparra. Kakotutako eskua paparrean eta kokotsetik indarrez atzeraka saka egin zion ahurra. Erori egin zen, aparkatutako autoetako baten kontra etzaten saiatu arren ukondoekin jo zuen zorua. Ez zen nahikoa izan. Muineraino sartu zitzaion beroa sentitu zuen espaloi ertza buruaz jo zuenean. Berehala zabaldu zen, belarri atzetik sortu zen odol xirripa epelak masailean behera, ezaguna zitzaion zapore gozoa utzi zion ezpainetan.
Zoru gainean zegoela, jaikitzeko ahalegin oro alferrikakoa zuela pentsatu zuen. Ezin zuen ez zangorik ez besorik ez atzamarrik mugitu. Gauarekin bat egin zuten urratsak entzun zituen, gero eta urrunago. Hantxe utziko zuen. Epel zeuden harlauzak, baina deserosoa zen. Auto artean erorita zegoen, burua espaloi gainera doi bat igota. Agontzen saiatu zen. Gurpilen goma usaina heldu zitzaion orduan. Gasoil tanta batzuk galipot gainean. Nola ez dakiela, Nikos Kokkiniasekin akordatu zen. Gizajoa. Begiak itxi eta lo egin. Halaxe egin zuen. Nekerik gabe etorri zen erabateko ilunpea, eta isiltasuna gero. Kasik gau osoan iraun zuen isiltasun bakeosoa apirileko goiz-alba freskoak sirena baten hotsa hurreratu zion arte. Eta aldamenean murmurioaren begian hizketan ari zitzaion ahots bat, edo bi beharbada, adore ematen, eusteko, laster zetorrela laguntza esaka, eusteko.