Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hamalau

 

Ospitalean. Itzalak agertu zaizkionean betazalen bestaldean etsi du.

        Haur denborako oroitzapena da izara atzeko gerizena, plaza betean ume guztiak, aurreneko ilaretan belaunburuak zikin, indioen moduan behegainean eserita titiritero familia hura agertzen zenean herrian. Indioen moduan, hala esaten zen orduan. Zangoak txindurrituta uzten zizkizun postura azkenerako deseroso hura. Bospasei urtez azaldu ziren, udaberrian beti, halako batean, auskalo zer arrazoi dela eta, betiko utzi zioten arte herrira etortzeari.

        Gizona hil egin zela zabaldu zen, ikusi ez zuen auto batek harrapatu zuela gau batean errepidetik oinez mozkortuta zihoala. Bazen bertsio gehiago. Beste emakume batekin joan zela. Edo furgonetak su hartu eta dena galduta beren jaioterrira bueltatu zirela, Europako mapan inork zehazten asmatzen ez zuen bazter batera. Nola eusten dioten irudi batzuek. Plazako argi-posteak, inoiz harrika ere hautsiko genituenak gerora, itzalita egoten ziren funtzioak iraun bitartean. Merioak udaletxetik koadro elektrikoko giltzari ematerako, koloretako oihal bat jartzen zuten bi zutoin artean, muturretik kortxetez katigatuta eta alderik alde zabal. Atzean, senar-emazteen eta umeen ibilia sumatzen zen furgoneta zaharretik traste garraioan. Nekerik gabe igar zitekeen zertan zebiltzan itzal haiek, argizagiaren argitan. Atoan helduko zen hurrengo saioa.

        Orain bezalaxe. Ilunpetan, behetik gora zabaltzen zen argi urdinkara berriro ere piztu izan balute bezala zebiltzan, lehenbizi bat eta honen atzetik beste bi silueta desitxuratu dakarzkiona. Ez dago oihalik orain, begi nekatu batzuk baino. Irudi hori heldu zaio hala ere, umetako kontuak zer diren, hain da lausoa dena, halako gandu xehe bat, zabaldu ezin dituen betazalen artetik sartzen zaiona.

        Medikua dator aurrena. Ezagun du dagoeneko, ahotsagatik. Bere burua ere aurkeztu zion lehenengo egunean. Badakit seguru asko ez didazuna entzuten, Esteban, baina gizalegezkoa da nik zure izena dakidan bezala zuk ere nirea jakitea, horrela esan zion. Orain Esteban Alberdik gogotik arrastaka ere ezin ekarri duen izen bat, Ernesto, Fernando, Cristobal, Alvaro, asmaizu, hiru silabako halako izen bat eman zion, zahar kutsukoa iruditu zitzaiona, garai bateko medikuena, notarioena, udal idazkariena.

        — Aupa txapeldun, zer moduz gaude?

        Itzali da lausoa, itzali izara. Betazalen artetik ez zaio argitasun izpirik sartzen orain, eta ez daki zergatik den. Beharbada gizona agertuko delako orain plaza erdian haur eta nagusien txalo artean, umeak ez pasatzeko zapiz markatutako eremuan, gasolina usaina duen uztai bat duela eskuan. Atzerarazi egiten zituen gizonak beti, atzera! agintzen zien, jo atzera umeok!, hau arriskutsua da-eta! Eta denak berriz ondo eserita ikusi arte ez zuen kiskeroa arrimatzen atoan sutan ikusiko zuten uztaira. O handi bat garretan plazaren erdian, eta hahor non agertzen den alaba gaztea komeriaka, eskuak lurrean, oinak zerurantz tente. Itzulipurdi bat, bigarrena, eta hirugarrena egiten duenean zangoak biltzen ditu, jauzi kiribildua egin du eskuekin eta konturatu orduko uztai sutuaren bestaldean dago, eta ooooo bat entzuten da, eta txalo zaparrada gero, neska zutitu eta irribarre eder bat loratuta eskuarekin agur eginez bezala ojuka ari zaion plaza betea agurtzen duela.

        — Esteban, bisita duzu.

        Inoiz baino sinpatikoago iruditu zitzaion nola du izena medikuak, ezin du gogoratu, Ernestok, Fernandok, Alvarok gaztigatu zionerako, konturatuta zegoen. Pertsona bakarra ezagutzen zuen munduan usain horrekin janzten zena. Badira ahazten ez diren lurrinak, ezta ospitaleko ohe batean bazaude ere lo etengabeari estekaturik.

        Ikusi egiten zuen, ohartzerako bertan zuen, ohe ertzean eserita. Laster sentituko zuen haren eskua bereari eusten.

        — Bakarrik utziko zaituztet. Ezer behar izanez gero...

        Joan da medikua, ondorioztatu zuen Estebanek.

        Begiak zabaltzea besterik ez zuen behar ordurako gogoa ikusten ari zena ikusteko. Amaitua zen ametsa, botiken eragina bazihoan. Ia erabat desegina zen iraganera lotzen zuen eldarnio hura, izotza edalontzian bezala. Belarriak zorroztu zituen, surtziloak zabaldu. Betiko hotsak ezagutu zituen, lurrin aseptiko hura. Halako batean, txori kantu bat. Aitaginarreba bizi balitz, hark argituko zion zeinena zen. Brisa sentitzea iruditu zitzaion. Leiho bat zirrikituan zabalik beharbada. Zalantzarik gabe, ospitaleko gelan zegoen berriro, eta ondoan zuen.

        Zergatik ez nauzu ukitu?

        Begiak zabaldu eta Teresa ikusi zuen. Hizketan ahalegindu zen. Ezin.

        — Ez dute uzten umeekin sartzen.

        Ezin kalkulatu ondo zenbat, baina denbora zeraman gertatuko zena aurreikusten. Eta hala ere, ilusioak pizteko keinada egin zuen bere apalean. Dena ez zegoen bat-batean ahazterik, janda zeukan hori. Xanoegia zen pentsatzea bisitan etorria zitzaiolako dena lehengoratuko zela. Azkarregi nabil, Tere, badakit. Hasteko, begiak zabaldu behar zituen. Irribarre egin. Begiekin ehizatzen saiatu ustez betiko galdurik zuena.

        — Esteban...

        Irribarre egiten saiatu zen, alderik aldeko zauri gozo bat, baina ez zegoen seguru aurpegian loratzea lortu zuenik. Begiekin gertatzen zitzaion gauza bera. Irekitzen zituen arren bazekien ez zizkiotela zabalik ikusi oraindik, mendean hartu ezin zuen indar bat balu bezala azalaren eta gogoaren artean.

        — Zuk entzuten al didazu?

        Hori lortua zuen behintzat. Ikasia zuen parean jartzen zitzaion eskua estutzen. Izenik gogoratu ezin zuen medikuarena izan zen aurrena. Teresarena orain. Habia batetik eroritako txorikumea babesten zebilela zirudien. Eta hori izan zen hasiera.

        Bisita bakoitzean gero eta errazago, hitzak hitzari ematen zion aldia. Tere zen hasten zena. Jakineko keinuak zetozen ondoren. Berak atzamarrekin emazte ohiaren azala laztandu eta haren jarioan sartzen ahalegintzen zen. Bikien gainean hasi zen, nola lanetik bueltan etxean sartzen den aldiro aitagatik galdetzen duten, zer moduz dagoen, noiz aterako den, noiz joan behar duten bestela denek ospitalera prestatuak dizkiotenak ematera.

        — Jakingo bazenu zenbat marrazki duten zuretzat.

        Hitz egiterik balu, dibujoetan ez zer, ezpada nor agertzen den galdetzen ausartuko zatekeen. Non agertzen diren bikiak, hondartza batean, mendian, kalean, eskolan, etxean, non. Etxean, Esteban. Zein etxetan baina? Eta norekin? Zu eta biok elkarrekin marraztu gaituzte, Tere? Ala ni itsasoak daraman ospitaleko ohe batean noa, naufragio bateko txalupa batean nola, jakizu nora, balea handi baten aho barruan sartzera akaso zuek egongelan jolasean zabiltzaten bitartean.

        — Zu lasai, dena konponduko da.

        Elkarrekin hitz egin ahal izan zuten aurrenekoan piztu zitzaion soilik su hura barrenean. Ilusioa zen, zer bestela, agurraren unean nahi gabe bezala bota zionean. Dena konponduko da. Eskuak eskua uzten zueneko hari hori eten zenean. Hurrengoetan, Teresak makulu bezala zerabilela konturatu zen. Ez zuen esan nahi dena konponduko da eta lehen bizi ginen bezala biziko gara laurok elkarrekin hemendik ateratzen zaitugunean. Adorerako deia zen Teresarena. Errukitik emana, goitik behera menostu bati esan ohi zaion esaldi mekaniko bat. Agur hierarkizatu bat.

        Lehen agur hartan, bi atzamar bereizi ahal izan zituen Estebanek besteetatik. Tereren azalean nabarmen markatu ziren bi eri, aurreneko momentuan interpretatzen jakin ez zuen keinua, eskua libre utzi zionean hitzetara ekartzea lortu zuena:

        — Bikiak ekartzeko hurrena? Esan dizut, ez dute uzten.

        Brisaldia heldu zitzaion. Leihoak irekita segitzen zuen. Nork ekarri ote ditu leiho-hegaleko lore alaiok, begizta granateko ontzi hori. Apirileko haize leuna. Erizaina ohe gaineko potoa aldatzera sartu eta hitzik egiteke erretiratu zenean itzali zen argia.

        Tantetan erreparatu zuen, beren bidea egiten plastikozko hodi gardenean behera. Laster ziren esku gainean sartua zuen xiringa-muturrean. Gero, xehetasun ikaragarriz sentitzen ikasia zuena etorri zen. Ginebra urdinaren hondarra izotzetan urtzen, ohea olatu artean eta loaren pisua, azken aldian gatibu zuen eldarnio arrotzak pixkanaka eta erabat lotu zuen arte.