Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Bederatzi

 

Mando-loa izan da Estebanena.

        Behar dena harri bat uretara botatzeko eta ikusteko nola hondoratzen den aingira-belarrezko ore nardagarrian. Begiak zabaldu dituenean ez du Teresarik ikusi. Izarak baztertu eta ohetik altxatu gabe deitu dio. Berehala entzun du pauso txikien hotsa hurreratzen. Eta grazia egiten dio oraindik ere emaztearen irribarrea ikustea ilobaren aurpegian. Zer den odolaren indarra.

        — Plazan dela esateko esan dit izebak.

        Jaitsi zaio sukarra. Presarik gabe kalerako jantzi eta prestatua utzia dioten platerkada baba jan du leihoaren argitan. Egur errearen usaina dakar haizeak. Badatoz enarak teilatu gainetan zirriborroak egitera. Platera uretan utzi eta kamamila-ura edan du gainetik. Bi ogi erreguta ditu mahai gainean, Teresak moztuak.

        Kaletik heltzen zaion zaratarengatik, apaldu da itxura batean eguerdiko giroa.

        Etorri behar zuen, eta hemen da, esan du bere bostean.

        Ez dabil oker. Alez zamatutako astoen bahikuntza ez da hasiera besterik izan.

        Narrosko markesa aztoratuta dabil ordurako. Ez du ahaztua ordu batzuk lehenago Olaskoaga erretoreari agindu diona, pasatuko dela Leturiondoko andrearekin hitz egitera, baina ez hurrengo eguna arte. Lasaitzeko dena den giroa. Denbora behar du. Beste zerbait baitarabil gogoan markesak. Nola erabat itzali itxura batera errauts artean lo dagoen garra. Eta horretarako, jabetzen da egoeraz, bera bakarrik ez da nahikoa.

        Areitzagaren etxera jo du lehenbizi. Ez alferrik. Kalera irtenda dabilela jakinarazi diote atarira hurreratu orduko. Azpeitira jotzea pasatu zaio burutik, korrejidorea etxean izango da bera iristerako. Gaitz erdi. Dudarik gabe, han dago behar duen laguntza. Seguru dago korrejidorea eta Diputazioaren txanda Azpeitian suertatzeak lagundu egingo duela aztoratzaileekikoa zelaitzen.

        Zerua zikintzen hasia da mendebaldetik Errebaleko bidea hartu duenean Narrosek. Zumarren gerizpetan egin du azken etxeetatik aurrerakoa. Bidea zedarritzen duen hormaren bestaldean, sagarrondo nekatuak agertu zaizkio. Hazita dator ibaia azken zaparradekin. Eskerrak presa indartu zuten iazko udan, Aranagako harrobitik ekarritako harri berriak erantsita antaparan. Ura urari bide ematen arroan behera egiteko. Gauzen neurrian pentsatu du, ez dela erraza beti asmatzea. Plazako gertaerari ere, ez dagokion itzala eman dio beharbada bere baitan. Hanpatu egin du akaso, baliteke buruan darabilen erdiaren laurdenik ere ez izatea benetan gertatu dena. Olaskoaga erretoreak igandeko mezatan berotutako lau txoro, zer da ba hori. Edonola ere, badu konfiantza Enparan diputatuarengan proposamena egiteko.

        — Eguerdi on.

        Ezustean agertu zaizkio bi gizonak bidera, uztartu gabeko idi parea dutela atzetik, itxura batera karga burdinolan utzita. Diosala egin die markesak, ez lasaiegi ere. Ez diote agurrik itzuli paretik igaro zaizkionean.

        Begirasuna izan da, halarik ere, ezinegona eragin diona. Ugarteko zubira heldu denean, taldetxo handiago batekin errepikatu zaio bi gizonena.

        — Bakar batek ez du kapela erantzi agurtzeko —esan dio Areitzagari aurkitu orduko.

        Orduantxe hartu omen du egindako bidea desibiltzeko erabakia. Narrosko markesaren hitzak dira, beren solasarekin urrun daitezen itxaron du. Ez du aurrerantz segitzeko adorerik batu. Sasi artean txiza egin eta herrirantz jo du berriz ere.

        Hiru iturrietan du zain Areitzaga, petril batean bermatua.

        — Aranarenean daude.

        Hitz egiteko moduko aldra aurkitu du Narrosko markesak Isidro Aranaren etxean. Denek agurtu dute atetik, Areitzaga eta biak sartu direnean. Espero dituenak daude bertan, Mendarorako zama atzerarazi duten guztiak tartean. Harritu da Olaskoaga erretorea ez ikusita. Sartu orduko eskaini diote aulkia. Ez du hartu. Luzaro ez egoteko erabakiarekin joana da Narros. Nahiago tente.

        — Ea azkar konpontzen dugun, estu nabil denboraz.

        — Estu zu?

        Mateo Garate izan da aurrena hitza hartzen. Dardara arin bat du ezpainetan:

        — Horrela ezin bizi gaitezke. Irabazten dugunarekin ezin diegu seme-alabei jaten eman.

        Hasperen egin du markesak. Zergatik ez dituzten leihoak zabaltzen, itoa dago giroa. Sartu aurretik jakin du zer eskatuko dioten, hala jakinarazi dio Areitzagari hau topatu orduko. Mukertuta dabiltza. Erantzuna pentsatzeko astia izan du, eta halarik ere, nahiago izan du isilunea ahalik eta gehien luzatu, ia eten den arte.

        — Merkatu behar duzue alea. Ondo dakizue hori.

        Hizketan hasi denean ezagutu du Migel Pepelloko. Umetatik izan da beroa gizajoa. Gainera, kaletik dakar erabakia hartuta: Garateren begiei hitz egingo die.

        — Ondo da. Jarri zeuek prezioa.

        Untxia lakioan bezala harrapatu dituela sentitu du. Ez Garatek ez inork ez ditu hitzok espero izan. Oraintxe du aurrea hartzeko aukera.

        — Gauza bat egingo dugu. Abuztu arte, 30 errealera jaitsiko dugu gari anega, eta 26ra artoa. Ondo?

        Baietz egin du buruaz Garatek.

        Neurria, dena da neurri kontua, errepikatu du bere artean Narrosek.

        Atalasean daude Areitzaga eta bera, ordu arte isilik egon den ahotsa entzun dutenean. Ahots zilarra du Juan Bautista Urretak.

        — Kontu gero. Azkenengo odol tanta eman behar bada, hemen bat.

        Urrats azarriz irten dira gelatik. Zertara datoz espantuzko erronka horiek. Zatartzen ari da dena, aitortu dio Areitzagari elkar agurtu aurretik. Gose da, bazkaldu gabe dago oraindik.

        Bazkaria liburutegira eramateko eskatu du sukaldean Narrosko markesak, han aurkituko dute Diputaziora gutuna idazten. Azaldu behar dio gauzak nola dauden Azkoitian, zer gertatu den Leturiondoko zamaren bahiketarekin, Azpeitian jakin behar dute zer akordiotara heldu den bera Garaterekin. Ahal bezain labur kontatu dizkio eguerdi osterakoak Enparan diputatuari, bai berak eta bai Barreda korrejidoreak erabaki dezaten zer egin. Morroia bidali du eskutitzarekin zaldi azkarrena hartzeko aginduta.

        Ez dira hiru ordu pasatu bila etorri zaizkionean berriz. Baraila dabil atzera ere Aranaren etxean, hala diote ate ondoan pilaturik azaldu zaizkion Olaskoaga erretoreak, Areitzagak eta Hurtadok, oihuak entzuten direla barrenean, kaletik ere aditzen diren beldurtzeko zaratak. Hango gorri hotsa, danbateko festa eta aulkien batetik besterakoa tatarrez, zer ez. Itzul dadila eskatu diote arrenka, lasaitu beharra dauzkala piztia haiek. Irteten ari direla Lertsundi elkartu zaie atarian. Egibar-etxean zegoen markesaren aitarekin, Ignacia Michaela Corral Conde de Gendulain eta beste batzuekin Azkoitiko gertaeren berri izan duenean. Albait arinen heldua dela, edozertan laguntzeko.

        Aranaren etxerantz doazela aurkitu ditu guztiak Teresak.

        — Markes jauna...

        Bila zebilkion.

        — Zeure etxetik nator. Ez didate garia 38an baino merkeago ematen.

        Nabarmenkiro zimurtu du bekokia Narrosek, emakumearen soinean utzi du labaintzen begirada, etxean egon dela oraintxe arte, nola litekeen, ez diotela ezer esan morroiek.

        — Hori jendeari zipotza sartzea da.

        — Ez, Teresa, ez...

        Estu plantak egin ditu, zain ditu beste jaunak aurreraxeago, eskuarekin mugitzeko esaka, presa duela Aranaren etxekoak.

        — Hori da erabaki duguna ez delako oraindik jende aurrera atera.

        — Nik zer egin behar dut orain?

        Anega bategatik gogor jarrita dena errekara botatzeko arriskua dagoela atera du kontua lipar batez. Garaiz dago oraindik auzia bideratzeko. Hori da Aranaren etxean egingo duena, Barreda korrejidorearen eta Enparan diputatuaren erantzuna Azpeititik iritsi bitartean. Bideratu, piztia haiek pixka bat gozatu eta, ahal duela, terreina bete ur bota errauts arteko gar gero eta biziago hari.

        — Gauza bat egingo dugu, Teresa. Zoaz atzera gure etxera eta esan nirekin egon zarela, saltzeko prezio berrian.

        Zalantzan, zer esan ez dakiela gelditu da emakumea. Zain dituen lagunengana abiatua da Narrosko markesa, giltza egin eta aurrea hartu dionean:

        — Begira, Teresa, doan ere bai nahi baduzu, zeu zarelako.

        Ez du euririk egingo. Hodeiak zeru-gaina urratuz doaz.