Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hemeretzi

 

Ibilia bera oso da bestelakoa gauzak berotzen direnean, Esteban.

        — Orduan egia da kontatu didatena, Teresa, han izan zara...

        Harresitik kanpo kamioa ixten duen txara ertzera helduta, ibai bazterretik jotzea erabaki dugu, zaharrenei bidea zelaitze aldera. Lastasuena, ez dugu ondo neurtu. Aurreneko santutxora iristerako itzali zaizkigu gehienak. Azao bakan batzuk baino ez dira gorde geroko, zer gerta ere. Bidea dago Azpeitira oraindik.

        Ibilera oso da bestelakoa taldean zoazenean. Ilunpea bera zapaltzen zabiltzala dirudi, Esteban. Hodeiek erdi estalian duten zerura bihurtu ditut begiak maiz. Ilargia pixkanaka haziz doan azkazal muturra da, sehaska baten moduan etzana. Hurrengo ilbeheran moztuko dut ilea. Zerurik gabe, lepoa luzatzen dudan aldiro multzotxo polita bildu garela begitantzen zait; atzetik, beste horrenbesteko samalda dator. Haize fina darabilgu, aldatua. Munategi jo dugunerako apalduak dira beroenak. Tarteka baino ez dakarkit oihuren bat gauak. Baina ilusioa azalpean da, poza da taupaka, seguru egoteak ematen duen argialdia.

        Txilibitua mutu, danborra besterik ez da entzuten, batere gogorik gabe joa. Erritmorik gabeko danborra arnasa-hotsei erakusteko oinei nola eragin. Muino gainean, argi bat iruditu zait ikustea gordeka sagasti zaharretik gora, komentura bidean.

        Gauaren kabuan zer gertatuko den, ikusi egin dut, Esteban. Azpeitian sartu eta batera jo dugu sakristauaren bila, segituan joarazi dira dundun handiak, esnatu da loeroan dagoena, nagusitu dira orroak, izutu ditugu ale-jabeak eta peluka jendea, eta eguna argitzerako beharko jaitsi salneurriak. Poza azalpetik irten nahian. Kontzeju-etxean Bikuñaneko idazkarigaia libratu dugunetik buruan erabili dudan bezalaxe gertatuko da dena, nola bestela. Nola indarka ez bada onean hamaika eratara erregututa dagoena. Bestela umeak gosez hiltzen ikustea gelditzen da. Mariarenak, Esteban, gure ilobak. Eta geureak, bagenitu. Lehenago garbituko dut neuk kapelazuriren bat, mundualdi honetan egiten dudan azken gauza bada ere.

        — Non dun gizona?

        Ohean utzi zaitudala erantzun diet zugatik galde didatenei, sukarrak hartua berriro ere, eta egia esan poztu egin naiz horrela fortunatu delako. Ostean, jakin badakit ez zenidala lagunduko. Zer esan behar nien? Fedea diozu Peñafloridako kondeari, Esteban, nik ez diodan miresmena. Aspertu ere egin naiz entzuten: azken hilabeteetan nirekin izan duen tratua ez da nahiko seinale, Teresa? Sinistuta zaude estimatzen duela egiten duzun lana, zeri eta errekako izain zikin batzuei begira kondea, medikua ere Gasteiztik ekarri duenean, ez du bada beste zereginik, gizona. Prezioak inor ezertara behartu gabe jaitsiko dituztelakoan bizi. Zeure hitzak dira, ez omen dagoelako maiorazkoen buruan inori kalterik egiterik. Gosea zerutik baletor bezala.

        Hori du erdiko apalak, Esteban. Behekoa izan nahi ez. Eta ezin goikoa izan.

        — Bakarrik laga al dun, Teresa?

        — Etxeko ahizparekin zagon. Ondo zainduko din Mariak.

        Zuziak eskatu dira buruan doazenentzat, ezin jarrai omen dezakete itsuka. Abarketak orpotik sartzeko aprobetxatu dut bide bazterreko muna magalean eserita. Benetan dena baino handiagoa dirudi banderak Izagirre apaizaren eskuetan, berriz ere astintzera behartu dutenean.

        — Ixo!

        Danborrarekin nahaste mututu dira denak. Antxintxika laburrean irabazi dut galdutakoa. Txakur baten zaunka auskalo non, gaua zulatzen. Beste batena berehala, aurrekoari erantzuten. Saihets utziak ditugu Loiolako obra isilak aurreneko adore oihuak heldu zaizkigunean.

        — Hemen dira!

        Ilunpetatik sortutako andre-gizon gehiago bildu zaigu. Ordu erdi falta da gauerdirako Azpeitiko errebalera iritsi garenean. Espero aldean jende asko bildu da kamio ertzean segizioari ongietorria egitera. Mundua datorkigu aldapan behera, bozkarioa eztarrian:

        — Hemen dira Azkoitikoak!

        Bidean pentsatu bezala gertatu da hortik atzerakoa. Deiadarrak hazi egin dira, sua horiei! erre! erre! orro batean hasi naiz neu ere, sua! sua! erre horiek! ez dago sua bezalakorik dena garbitzeko, izan baztangak kutsatutako izara izerdiz zikinduak edo etxe atzeko pikondopean kiskaltzen dituzun izainak, gaixoen odolez puztuak. Lehenago parrokiaraino joan beharra dago, ordea. Sakristaua atera dugu ohetik, lotarako atorra erdi bildua. Janzteko betarik eman gabe igoarazi dute kanpandorrera, eta han belarriak lehertu arterainoko dinbili-danbalara behartu.

        — Zertarako hainbesteko iskanbila?

        — Zerurik baldin badago, jakin dezaten nola bizi garen lurrean...

        Aldrak hori du. Barnean zaudela ez duzu zuk aukeratzen nora zoazen, joan egiten zara, amuarrain zara, zarbo, aingira joairan behera. Areago, erreka bera zara, hori du legea. Eta konturatzerako, bertan zaude. Lagatzen duzu bakean sakristaua gaixotzerainoko izuarekin, eta daukan ondare guztia alea biltzen, kontatzen, saltzen egin duen Joseph Jazinto Azkueren etxe atarian zaude, zuzi piztu artean. Katamarroa bezain arin igo dira primizieroaren balkoira bidean aldamenean izan ditudan Loiolako bi harginak, hain ohituak kolegioko aldamioetan. Hazi egin dira deiadarrak, pasatu dizkiete garroteak kaletik, hautsi dituzte kristalak, sartu dira etxean.

        Aldran, entzun egiten da oihu bakoitza.

        — Non da urde hori?

        Joana da, eskapo egin du Azkuek arratsaldeari tankera hartuta. Emazteagatik galdetzea, alferrik da. Nicolas Altunaren arreba da Manuela. Liburuak bota dituzte kalera, balkoi hautsitik behera primizieroaren liburutegitik. Frantsesez omen daude asko, horrela esan didate zapaltzen ditudan bitartean. Badira ordu batzuk zalgurdia hartzen ikusi dituztela andre-gizonak, auskalo nora joan diren. Berarekin eraman du urtebeteko umea etxeko señorak. Horrela erantzun die etxean bakarrik utzi duten inudeak. Liburuak apaletatik ateratzen ari diren hargin biak ezagututa azkar joateko esan dien inudea, ez daudela etxean ez bata eta ez bestea, alferrikakoa dela ausiabartza hura. Joateko azkar, hala esan die, bestela txikituko dituztenak berak izango direla harrapatzen badituzte.

        Hitz horiekintxe, Esteban:

        — Txikitu egingo zaituztete!

        Bikuñaneko idazkarigaiak ordu batzuk lehenago erabili zituen hitz berberak.

        Amuarrainei, zarboei, aingirei ez zaie uretatik kanpoko ezer iristen, ordea. Lantegi handia dugu egin beharrekoa eguna argitu aurretik. Erabakia hartuz gero, bukatu beharra dago hasitakoa. Estutu beharra dagoen prezioen baja sinatuko badute.

        Etxean harrapatu duguna Parabola deritzon bat izan da. Ihes ez egitea erabaki du. Atorra hutsik jaitsi da etxetik, txakur zaunka artean. Sakaka eraman dute airean kontzeju-etxera, atzetik soka bat duela dantzan.

        — Utzi zapatak janzten behintzat!

        — Primiziak kobratzen presa handiagoz ibili haiz ba.

        Ate nagusi ondoko errejetan lotu dute. Ez da egon bakarrik. Luze gabe, Enparango eta Soreasuko errotariak ekarri dizkiote konpainia egitera.

        — Zer egin dugu ba guk!

        Bakailao lehorraren pare utziko dituztela abisatu zaie.

        — Zuek kieto hementxe.

        Erdikale barrenean naiz, Esteban, Bikuñaneko etxetik alea pisatzeko neurriak ateratzen hasi direnean. Arrastaka, algara artean eraman dituzte kalean gora anegak, gaitzeruak, lakariak eta imilaunak. Ostikoka ekin diete tarteka, eta hainbesteko indarrez, gorri hotsean sumatu dugu Etxezuriko morroi gaztea, orkatila bihurrituta. Osorik iritsi direnak plaza erdian lehertu dituzte garrotekadaka, beste etxe batzuetatik bildu ahal izan diren guztiekin batera. Azkenik, txingartu egin ditugu.

        — Zu ere tartean, Teresa?

        Ezin dut hau guztia isilean eraman, Esteban.

        — Zein. Esadazu zein ziren.

        Enparan diputatuak izenak nahi ditu, etxeko leihotik suaren bueltan sumatu izan dituen itzalen jabe bila emango ditu ondorengo egunak. Amorru horrexek itsutu du. Ardo mingotsa eskaini dion gizonak eragindako nahigabeak eraginda, erabakia du gau osoan kalera ez irtetea.

        Plazako suaren ke usaina.

        Zaratak bultzatu du leiho ertzera. Zirrikitutik begira, luze gabe korrejidorearen etxea da sutan dirudiena. Esan liteke barnean dauzkaten argi guztiak piztu dituztela. Azkoitiko abadeetako bat ezagutu du jendetzaren erdian, bandera eskuan. Hurtado eta Lertxundi jaunak atariko harrizko aulkien gainean dira, tente, lasaitasun eske. Basazabal alkatearekin batera, lanak izan dituzte piztia isilarazten.

        Papera altxatzen ikusi ditu, denen aurrean leitzeko gertu. Tortxak itzali eta zirrikituan utzi du leihoa. Eskertzen da goizaldeko aire freskoa.

        Ozta heltzen zaio plaza bestaldeko ahotsa Enparan diputatuari. Kapitulazioak sinatuak dituzte. Hogeita sei errealera jaistea erabaki da anega garia, eta hamaseira artoa.

        — Neurri bakarra erabiliko da erosteko eta saltzeko, Esteban!

        Ezin izan du gehiago aditu Enparanek bere ezkutalekutik, Piztiaren bozkarioak ito du ondorengoa. Leihoa itxi eta hasperen egin du. Oin ortoziak laztandu ditu. Orpoetako babak lehertuta, lasaiago dago.

        Goizeko ordu biak dira Azkoitiko matxinoei Artzubiraino lagundu zaienean.