Aurkibidea
Bost
Amets batean esnatu zen. Ulertzen ez zuen denbora batean zegoen Esteban Alberdi.
Ametsera itzartzea galipot arin batean igeri egitea da, begiak doi bat zabaldu orduko besoei atzera-aurrera eragitea, udatiarrik gabeko itsasoan trumoipean bakarrik gelditu izan zarenean bezala. Astunagoa da dena. Odol garbiaren usaina datorkizu, eta poliki zoaz, ezin astiroago zoaz likido likatsuan barrena, edo hori uste duzu behintzat, nahi aldean makal zoazela oso, zeure arnasaren sartu-irtena duzula hots-lagun bakar. Eta konparazioetara ez jotzera, ezin azaldu zer den egoera hitzetara ekarriezin hau, itsaso hondo iluna edo hodei arte zikina. Edonola iparrik eta hegorik gabeko batetik besterako atsedenik gabea, hasierarik eta amaierarik gabeko ziega, lo zauden artean gatibu zauzkan hau. Hala da, ertzik, kontinenterik, itsasargirik gabeko ozeanoan hondora zoaz betiko.
Orain amets garbi baten barruan zegoen itzarririk, ulertzen ez zuen denbora batean.
Ezin izan zituen ondo jaso Peñafloridako kondeak Toulouseko jesuiten kolegiotik ekarritako medikuaren hitzak, baina entzundakoa bere erara berregiten ikasi du loaren mugalde gozoan dabilela. Gorde duena da arratsalde hartan azken momentuan deitutakoei esker bete zela Intsausti jauregiko aretoa. Bergaratik Azkoitira behar zuten zalgurdiak ez aurrera ez atzera gelditu ziren hasierako malkarretan, esan zenez, erauntsiak bide gainera gaztainondo bat eraitsita. Gertuagoko batzuek ere atzera jo beharra izan zuten, beldurrak eraginda. Ibaia hazita zetorren egunetan, eta zeruak bitan zatitua zirudien, hainbestekoa zen jarioa. Eguraldi txakurraren erdian, kondearen morroia heldu zitzaion abisuarekin etxera bila Esteban Alberdiri, janzteko zituen onenak eta agertzeko Intsausti jauregira, itsusia litzatekeela Saint Colombe jaunak aulki hutsak ikustea aretoan.
Ondo ulertu ez zuen zerbait esan zion emazteak jaka lotzen ari zela.
Erantzun bakarra bururatu zitzaion.
— Gizona handik honaino ekarrita, hurreratu beharko dugu.
Atzean eserarazi zuten, horma kontra. Erdi frantsesez erdi gazteleraz aritu zen hizlaria, hortz handiak nabarmen erakutsiz, ondo ulertuko ez zen beldurrez, irribarrez eta imintzioz laguntzerik balego bezala. Buruarekin baietz egiten ikusi zituen kondea, Narrosko markesa eta enparauak aurreko ilaretan. Ostean, etxeko mirabeak ganbera nagusiko kandelak itzaltzen hasiak zirela, Peñafloridako kondeak ez zuen Esteban Alberdi aurkezteko ahaleginik egin inguruan zituen kanpotarrei, are gutxiago Saint Colombe jaun medikuari. Gogo txartuta etxeratu zen. Estebanek eskailburuan zuen zain Teresa.
— Ez zara inoiz beretakoa izango, zer uste zenuen.
Likido lijerretik ametsera astiro datorrela, eguzki izpien laztana sentitu du Estebanek masailean. Hauxe epelaren ederra, baina ez du zirkinik egin ezpainak batu eta hitzik ebakitzeko. Begiak ireki dituenerako, amorrarazi egin du egunak txirrist eginda ikusteak. Izara muturrarekin estali du betartea. Berak bi ordu daramatzala jaikita, agurtu du Teresak logelako ate-txoriari helduta.
— Isildu gabe ibili zara gau osoan.
— Sukarra izango da.
Bezeroren baten etxean lapurretan harrapatu eta makilaka hartu izan balute ez zuen mankazio handiagorik edukiko. Ezkerreko zangoa atera du izara gainera. Minberatuak ditu hezurrak. Betazalak bildu eta lo segitu nahi du, gizaldiz gizaldi lo, eta hala egongo zen beharrak gogoa hartu izan ez balio.
— Geratu zaitez ohean. Zertarako duzu presa?
Teresak jaikitzen sentitu du senarra. Oinen krakatekoa hautsitako ohola zapaldu duenean. Atorra aldatzen ikusi du, musuari eta galtzarbeei garbitualdi azkarra ematen goizeko ur bildu berrian. Eskua pasatu du kokots laztutik. Min sinuak eginez jantzi ditu oinetakoak.
— Almortzua hartu beharko duzu behintzat.
— Gero —esan dio, tipula-zopa hotzari begiratu azkarra emanda.
Ez da aurrenekoa, Teresari elkarrizketa lehen ere bizitakoa begitandu zaio.
— Ez dugu izainik.
— Bakar bat ere ez?
— Zer egingo dut erdi hilik dauzkadan horiekin?
Etxean direnak beteta daude, erre beharko ditu horretarako tartea hartuta. Erabili gabeen beharrean da, edozer datorrela ere.
— Zu ez zaude errekara joateko moduan.
Alferrik aritu zaio Teresa hizketan ateraino. Egurrezko mailak urrats nekatuz jaitsi eta pausoan aldentzen ikusi du, kalean behera datozen mandazainekin hizketan gelditu gabe. Lehortzeko painurik hartu duen, hori da ez dakiena. Urruti dago oihu egiteko orain; Esteban Alberdi ohitura jakineko gizona da. Kristalezko botilarekin batera darama oihala morralean, sorbaldatik zintzilik. Artzubitik hartuko du Amurketarakoa, erreka bazterreko bidezidorrean aurrera egiteko. Ibiliko den tokietan ez du sasirik baztertu behar izango, garbia da arrasto soildua belarretan. Eta hala ere, beti eraman ohi du hurritz makila aldean izainetara doanean, estropezu egin edo labainduz gero uretara ez erortzeko.
Berehala hartu du ausiabarrak. Antaparatik gorako ur lasterra ez dator pentsatu bezain garbi. Lohiturik daude bazter nareak, lokatz geruza mehe batek zikindu ditu harri zapalak. Putzuak ez direla garbiago egongo esan du bere artean. Oinetakoak erantzi, ziskuan sartu eta erreka erditik jotzea erabaki du orduan, aratzago egongo delakoan pixka bat gorago. Harri artean ibiltzen hasterako, makila bermatu du hondoan. Hara. Sastadak. Hotzaren orratzarenak baina. Bekokira eraman du libre duen esku ahurra. Erretzen dago. Pixka bat gorago igoko dela erabaki du, han batu beharko ditu batzekotan.
Deiadarrak entzun ditu makalen osteko munaren bestaldean, ez bertan ere. Isildu egin dira gero.
Gorago ez dago alerik. Igelik ere, ez du kanturik sentitu atera denetik, eta hori ez duzu seinale ona izainak aurkitu nahi izatera. Haize-itzaletan astunagoak dirudite makalen hosto berriek. Oin zuriei begiratu die, berna hezurtsuei orkatiletatik ia arrabete gora uretan, elurra bezain garbi. Hala harrapatu izan ditu beti, eskuz baino gusturago, zangoak erabilita butroi gisa. Halaxe ikasi zion aitari. Hi lasai, beraiek hurreratuko zaizkik, toki egokia aurkitzea duk kontua. Halaxe irakatsi nahi lieke eginahalak eginagatik ez datozen seme-alabei. Amore eman behar izan du azkenik. Garbi dago ez duela egunik onena aukeratu izainetarako.
Erreka ertzean eserita dago oinak lehortzen oihuak heldu zaizkionean berriro, gertuago oraingoan. Bigarren oinetakoa sartu orduko sentitu du txakurraren arnasa-hots lasterra. Lurrundua da ordurako goizeko ihintza belar epeletan.
— Zatoz gurekin, Esteban.
Ataun da, Garagorri errementariaren ofiziala. Astamakila dakar dantzan. Zoruetako lokatza astintzen ikusi du harekin.
— Ezagutzen nauzu, ezta?
Errekan sartua da ordurako txakurra. Lasai dago bi gizonei begira, berehala helduko ez den agindu baten esperoan legez. Elgoibarren bizi delakoan dago, hori du aditzera Estebanek, baina ezagutzen du, ezagutzen duenez. Ezponda barrenetik bota du Ataunek txakurraren ondora ia hotsik gabe erori den harri-txintxorra.
— Tira, goazen.
Garrotea eskuan duela, ukiturik egin gabe gidatu du Esteban muna atzeko zelaian aurrera. Udaberriko sastrakak ez du bidezidorra erabat ito. Kamiora irten direnean, San Sebastianeko aldapari ekin diote. Atzetik doakio Ataun, txakurrarekin jolasean. Saiatzea erabaki du.
— Ez nabil santu, kalentura dut. Etxera behar nuke.
— Santu nahikoa badago bestela ere. Zaude lasai, laster joango gara denok.
Gailurrean den baselizara iristen, andre-gizon multzoa doa bi asto zamaturekin. Oihuak areagotu egin dira, jende gehiago bildu zaio samaldari, beraren moduan erdi behartuak bat baino gehiago.
Elkarren arteko agurrak laburrak izan dira atarian batu direnean. Kanpai joka hasi dira barrutik. Dindan azkar, bizkor, artega. Herrikoak ez diren bi emakume izan ezik, denak ditu ezagunak Estebanek. Eskopeta bakarra ikusi du, hiruzpalau haga. Urduritasuna sumatzen da hitzetan. Lasai antzean asto biak bakarrik daudela ematen du. Eta bera orain, buru nork egiten duen ikusi duenean.
— Jakinaren gainean zaudek honezkero —esan du Mateo Garatek ermita atarian agertu denean.
Azken zalantza arrastoa galdu du Estebanek. Olaskoaga erretorearen bezperako sermoia heldu zaio gomutara atoan. Zurrumurrua, asteetan zebilen ahoz aho.
— Zer dugu, Esteban —agurtu du Mateok keinua eginez.
Maldan behera abiatu da taldea, Garate bera buru dela, esku huts. Honen semeak darama asto zaharrena sokatik. Kanpoko emakumeetako batek bigarrena, banasta beteenekin doana.
Atzera eskua bekoki gainean jarri duenean, epelagoa igarri du.
Ataunen txakurra hankapean duela sartu dira herrian.