Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Lau

 

Beherakoan agertu zitzaion Estebani.

        Gizon bat zen garabitik zintzilik, soka lepazamarretik askatzeko aukerarik gabe, apirileko haize maskala gauza ez gorputz ale hura kulunkatzeko. Bere burua botata baino, baten batek botarazia zirudien han goian, katiuska beltz handiegiak airean. Ingurura begira aritu zen. Inor ez. Ahots batzuen ibilia oso apartean, etxe artean erabat isildu zen arte. Txaleko bizi bat zioten jantzia, autoan nahitaez eraman beharreko horietako bat, ilunpetan ere ikusgarri ager zedin. Eta maskara zatar hura, festetako barrakaren batetik, auskalo nondik inguratua.

        Orduan akordatu zen Esteban, ez zela ikusten zuen aurreneko aldia. Ez zuen nekerik hartu beharrik izan non jakiteko. Autobusean Donostiara joan zenean karneta berritzera, Azpeitian izan zen, Eskuztako errebuelta parean. Bera ez bazen, antzeko panpina, andere, andrako bat antzeko soka, bilur, korda-lasterretik zintzilik baselizaren aldameneko postean, hain dira elkarren antzekoak bateko eta besteko urkatuak.

        Hiru hilabete zeramatzaten greban fundizioan. Lanuzle zein eskirol, lagunak zituen Estebanek saltsan. Denetik probatuak ziren arreta deitzeko. Herritarren babes eskeko manifestazioak egin zituzten, Bilbora joanak ziren kredituz estututa zituen bankuaren egoitzara haginak kendutako motozerrekin, itxialdiarekin nahi izan zuten behartu zuzendaritza negoziatzera.

        Antza, buzo eta guztiko langilea irudikatzen zuen andereari zitzaion heldua txanda. Grebalariak haraino goraino igoak ziren, txotxongiloa lepoan hartuta, garabi-besoan aurrera, bi oinak hutsa zapaltzen laga zuten arte. Kartelik gabe. Pintadarik ez.

        Bere soinez mintzo zen obreroz jantzitako panpina garabi muturretik.

        Hutsa zapaltzen, etorkizun garbirik ezaren metafora zen ulertu behar zena.

        Txorimalo urbano bat, begira zertara behartzen gaituzuenka ariko balitz bezala.

        Horretan ere galanki aldatu gara, pentsatu zuen Estebanek bere artean, begiak gora. Oraindik orain, trajea janzten zitzaion panpinari buzoa beharrean, urdin iluna aukeran. Edozeinen etxetik ekartzen zen aitari kendutako korbata zaharren bat, ospatuago zenbat eta ikusgarriago, eta algaraka lotzen ttattarra panpinaren sama bueltan. Atzora arte, "langilea kalera, nagusia sokara" egiten zen orro manifestazioetan. Subjektuak erabat kanbiatuak ageri dira orain. Orain ez da bidegabekeria soziala gezurretako biktimaz berdindu nahi. Erruki nahiak hartu dio tokia justizia poetikoari. Irudiaren indarra nagusitu delarik, gauza handia da jendea beratzea lortzea.

        Ezin uka, errukarria da urkamendira daramaten gizona.

        Horretarako hobe geu sokan.

        Ez zen hori izan Nikos Kokkiniasen aukera?

        Garabiko panpina ikusi eta egun gutxira aparkatu zuen ertzainen auto ilunak taberna aurrean. Galderak ezustean harrapatu zuen Karmen. Begiurdina zen euskaraz egiten zuen bakarra.

        — Putzu izoztuak bezalako bi begi.

        Tortilla atera berrien usainak piztutako irribarrez sumatu zituen elkarri sinuka emakumeak. Uniformerik gabe, jaseko mutilak iruditu zitzaizkion hirurak. Igarri zer ziren, berriz, atetik sartu orduko.

        — Esteban Alberdi ezagutzen duzu, ezta? Hemen egon al zen lehengo astearte gauean?

        Txanpon-makinen ondoko mahaia erakutsi zuen Karmenen atzamarrak. Txukun zegoen ertzean, lau aulki inguruan zituela. Aurpegi ezaguna egin zitzaion. Beste bietako bat ere, kalean ikusia zuen, uniformerik gabe, oraintxe bezala.

        — Hementxe.

        Eta aulkietako bat atera zuen emakumeak. Ordura arteko simetria hautsita, handiagotu egin zen mahai bueltan bildutako lauren arteko hutsunea.

        — Ez zen hemendik mugitu.

        Ezer esan ez bazuten ere, guztiak Esteban bertan eserita ikustera jolastu zirela iruditu zitzaion Karmeni.

        Ez dagoelako klarionarekin pertsonaren irudia eserita marrazterik bestela...

        Pasatu, pasatu zitzaion burutik: badakizue zertan eman zuen hemen egon zen tartea? Baina ez zuen mutik atera. Zertarako. Ez duzue sinetsiko, ez zenukete egundo asmatuko Interpolekoei deituta ere, alferrik dituzue telesail orotako polizia zientifikoak. Hautsontzia eskatu zidan aurrena. Loratuta zituen begiak, baina aldea dago, atxurtuta ere ez zegoen. Eta badakit zer diodan, ez da jendea barra atzetik baino hobeto inondik ezagutzen. Afaltzetik zetorrela esan zidan, elkartetik. Hautsontzi bat, edozein, ez ziola ardurarik. Garagardoa eskatu zuen gero. Ez dagoela erretzerik, nik. Ergeltzat ote neukan. Zertarako behar duk, Esteban. Hik emadan, ez dinat mahaia hondatu nahi-eta. Eta hala eman nion, erre orbanak kendu ezin izan dizkiodan metalezko zapal bat, hor atzean gordeta ditudanetako bat. Bakarrik heldu zen, bakarrik egon zen, bakarrik joan zen, hiru zerbeza edanda. Eta bere buruarekin bakarrean, zigarro papera atera zuen alkandorako poltsikotik. Senarra eta biok telebistari begira geunden, baina muturren aurrean nuen, nola ez nintzen fijatuko. Munduko txera handienarekin atera zuen bat multzotik, ezta zetazkoa balitz ere paper hori, eta hautsontziaren erdian jarrita, kiskeroaz su nola ematen zion ikusi nuen. Kasik garrik gabeko ke hari mehe bat. Luzaro egon zitzaion begira, berehala hauts bihurtutako paperari begirik kentzeke gizona. Beste bat atera zuen ondoren, eta berdin egin zuen. Aldatzen zen bakarra sua emateko era zen. Ertz batetik bati, beste ertzetik besteari, erditik hari. Halaxe amaitu zuen paper-multzoa, hitzik egiteke.

        Sakelako telefonoak jo zion burua zirudienari. Noren deia zen begiratu eta isilarazi egin zuen.

        Galdera zuzena berriz ere:

        — Borrokarik edo izan zuen?

        Ezetz.

        — Xextrarik ere ez inorekin?

        Komuna non zegoen galdetu zuen. Kafe-makinara itzulia zen Karmen, bezeroak artatzera. Bueltan, Estebanek erretzen zuen galdetu zion, zigarroak, beste edozer. Emakumeak ertzainari begiratu gabe erantzun zuen, barra gaineko pintxoak estaltzen zituzten plastiko meheak atontzeari utzi gabe.

        Soziedadean aurkitu zuen paper multzoa Estebanek, baten bati aulkipera eroria. Gazteren batena, pentsatu zuen markagatik. Paperak suari deituta, Kokkinias etorri zitzaion, halaxe joango dela saretzen, zuzitzen, desegiten egunez egun haren oroimena lagunen artean ere. Herriko lantegien egoeraz aritu ziren, krisiari eusten ari ziren tailerren zerrenda osatu zuten. Esku bakarrarekin konta zitezkeen ondo zebiltzanak.

        — Hemen gauza seguru bakarra duk denok hil behar dugula.

        Zabaldutako leihotik, ilargia labainka zihoan teilatu gainetan. Aurreko etxeko sukaldeetako fluoreszenteak itzalekin zebiltzan jolasean. Azken solasaldiak oheratu aurretik. Motor baten burrunba hurreratzen, urruntzen gero.

        Begiurdinak azken galdera bat zuen Karmeni egiteko.

        — Zer ordutan alde egin zuen hemendik?

        — Itxi baino lehentxeago. Goizeko ordu bata inguru izango zen.

        Eliza atariko zabaldi hutsera heldu baino lehen, eta umetan eskolatik irtenda hamaika aldiz egin ohi zuen bezala, Etxebeltzeko txingak joz hartu zuen etxerako bidea Estebanek. Garai batean jauntxoek zaldiak lotzeko erabiltzen zituzten horman sartutako uztai haiek. Noiztik ez zituen jo. Zabalik utzitako leihoren batetik zurrungak heldu zitzaizkion. Barre egin zuen bere kolkorako. Ez zuen iritsi nahi. Etxe hutsa gainera erortzen zaio maite izan den jendearekin bizitzen ohitu denari. Ia segurua zen taberna guztiak giltzatuta egotea. Etsi egin beharko zuen.

        Ertzain-etxean goizeko bostak hamabi minutu gutxian jaso zuten deia. Hala gelditu zen erregistratuta, lanerakoan auzoko batek automobila hartzera joandakoan emanda abisua. Anbulantzia eskatu zuen, medikua. Gizonezko bat zegoela auto artean, odoletan eta konorterik gabe, itxuraz norbaitek edo zerbaitek buruan jota.