Euskal Herriko greba feministak
Euskal Herriko greba feministak
2024, saiakera
124 orrialde
978-84-19570-30-7
editorea: Jule Goikoetxea
Uma Ulazia
2001, Mutriku
 
Euskal Herriko greba feministak
2024, saiakera
124 orrialde
978-84-19570-30-7
aurkibidea
 

 

Ondorioak

 

 

      Azken atal honetan, behin dosier bakoitzeko gakoak aterata eta indarguneak nahiz ahulguneak identifikaturik, diskurtso bakoitzaren erabilgarritasunaz arituko naiz, ondorio gisa. Azalduko dudan bezala, diskurtso berezitu bakoitzak momentu politiko eta estrategia ezberdinduei erantzungo die. Ezinbestekoa da presente izatea aipatutakoak eragina izango duela ez bakarrik diskurtsoaren eraikuntzaren jatorri teorikoan eta azpitik dakarren ikuspegian, baizik eta baita dosier bakoitzaren baliagarritasunean nahiz inpaktuan ere.

      Hartara, ondorioen atalaren tesi nagusi gisa, defendatuko dut 2019an erabilitako diskurtsoak gerra kulturalean[23] sakontzeko balioko duela. Aldiz, 2023ko diskurtsoak erakunde publiko eta eragile sindikalekin politika publiko zehatzen negoziazioa ahalbidetuko du.

      2019ko greban ez da negoziaketarako tarterik utziko. Azalduko dudan bezala, kosmobisio berri bat sartu nahiko da, apolitikotzat hartuko den mundu-ikuskera esentzialista eta zentzu komun orokorra politizatuz. Kosmobisio hau sartu izana hegemonia berri bat finkatzeko prozesuaren parte dela ulertu beharko dugu, ezinbestekoa Estatu eta sistema berri bat eraiki nahi badugu.

      2023an, aldiz, sindikatuen estrategia klasikoa bere egingo du mugimendu feministak: Estatuarekin eta kapitalarekin negoziatuko ditu lan baldintzak, emakumeen* bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.

      Testuinguruaren arabera estrategia berezituak diseinatuko dira, beraz. Azter ditzagun, bada, diskurtso eta estrategia bakoitzak irekitzen dituen aukerak, arloz arlo.

 

 

SEXUA

 

      2019ko greba feministan erabilitako dosierrean sexua desesentzializatuko da; esfera naturaletik esfera politikora pasatuko da, beraz. Emakumeak eta gizonak patriarkatuak sortzen dituela ulertuko denez, patriarkatuaren deuseztapena emakume eta gizonen deuseztapenarekin modu paraleloan gertatuko dela ondoriozta genezake. Zehazki, modu paraleloan baino, batera, elkarri eraginez: sistemaren deuseztapena eta sistemak sortutako subjektibitate eta klaseen deuseztapena aldiberekoak lirateke.

      Gogora dezagun sexuaren desagerpena ezinezkoa litzatekeen aurresuposizioak, eraldaketa blokeatzen eta sistema patriarkala erreproduzitzen duela; langile eta burgesen desagerpena ezinezkoa litzatekeen aurresuposizioak eraldaketa blokeatzen eta sistema kapitalista erreproduzitzen duen modu berean. Emakume eta gizonen arteko aldea kapital ezberdintasuna da; beraz, gizon eta emakumeen artean ez dago berdintasun posiblerik.

      Sexuaren irakurketa materialista egiteak (emakumeak eta gizonak ez dira jaiotzen, materialki eraikitzen dira eta deseraiki daitezke) aldaketa kultural eta, ondorioz, material batean sakontzeko balioko du. Irakurketa hau sozialki sustraituko ez den arren bere berritasun eta erradikaltasunarengatik, mahaigaineratze hutsak eztabaidagai izateko aukera eskainiko du, eta eztabaidagai izateak posible egingo du emakume eta gizonik gabeko utopien irudikapena.

      Utopia berriak ez dira iruditegi kolektiboan berehalakoan sartzen, baina etorkizuneko proiektu politiko emantzipatzaileen abangoardia dira. Politika egiteko ezinbesteko ditugun esperantza eta ilusio iturri izan daitezke. Posible denaren eremua zabaltzen dute, orain eta hemen borroken aktibazioa sustatuz:

 

      Badago lege unibertsal bat sozialki eraikia eta biziraupenari hertsiki lotua dena: gure itxaropena gure posibilitateetara egokitzen ikasten dugu (Goikoetxea, 2023).

 

      Nolanahi ere, eta ideologia abangoardistak berehalakoan egonkortuko ez diren arren, epe laburrean ere inpaktu bat izan ohi dute. 2019ko dosierrean emakumetasuna desesentzializatzea, mugimendu feministan emakumetasunaren problematizazioa zabaltzen hasi izanaren isla da. 2019an bertan erabiliko du mugimendu feministak lehenengo aldiz asteriskoa bere jardunean, bai emakume identitatea kuestionatzeko; eta baita emakumeez haratagoko subjektuak (bollerak eta transak) barnebiltzeko saiakera gisa ere.

      Ez nuke asteriskoaren inguruko problematizazioetan sartu nahi[24], baina asteriskoaren erabilera emakumeen desesentzializaziorako pauso gisa ulertu dugu. Hala, sexuen desesentzializazioaren prozesu honek ondorengo urteetan Espainiako estatuko transfobia oldarraldia Euskal Herrira, modu berean bederen, ez iristea edo olatu hau nolabait neutralizatzea ekarri duelakoan nago (begi-bistakoa den gisan, bestelako arrazoi politiko-sozial batzuekin batera eta, batez ere, trans aktibista feministen lanaren eskutik). Emakumetasuna desesentzializatuko duen ideologia abangoardista diskurtsoan sartzeak epe laburrean izandako inpaktuetako bat litzateke olatuaren neutralizazioa. Izan ere, transfobia oldarraldia, funtsean, esentzialismoa aldarrikatzen duten emakume heterosexualen oldarraldia da.

      2023ko dosierrean sexua ez da desesentzializatuko (ez da klaserik gabeko etorkizunik irudikatzerik posible izango) eta, ondorioz, emakumea, emakume askeago izan dadin borrokatuko da, erreformismo klasikoan trabatuta geratuz.

      Dosier hau eragile ugari bezain anitzek idatzi izanaren ondorio ere izan liteke: idealismoa sozialki sustraituta dagoen heinean, praxian emango den zabaltze orok idealismorako joera izango du[25]. Izan ere, 2019ko dosierra espresuki grebarako bide-orri gisa baliatzeko idatzi zen; aldiz, 2023ko grebarako erabiliko den dosierra 2022ko otsailean izandako zaintza-sistema publiko-komunitarioaren inguruko jardunaldietako laburpen dokumentua da. Hala, bi dosierretako sinatzailea bera izan arren, bigarren dosierrean jasoko den ikuspegia talde zabalago batena izango da: hogeita hamabi eragilek hartu baitzuten parte jardunaldietan (tartean talde feminista eta antiarrazistak, ikerketa taldeak, sindikatuak nahiz kooperatibak, besteak beste). Zabaltasun honek idealismoan sakontzea suposatu du.

      Emakumeen (nahiz eta, oro har, jendartearen) eskubideen aldeko diskurtso idealistak, dena den, emakume* gehienen marko idealistarekin sintonizatzeko aukera irekiko du. Erakunde publiko eta eragile sindikalekin negoziazio ahalbideratzeko ezinbestekoa da grebak arrakasta izan eta lanuztearen ondorioak handiak izatea. Helburu hau erdieste bidean erabilgarria izango da emakume* gehienentzat gertukoa den diskurtsoaren erabilera idealista; izan ere, atxikimendurako aukerak zabalduko ditu.

      Ordea, ez da nahikoa izango atxikimendurako aukera soilik emakumeengana* zabaltzea; hots, populazioaren erdiarengana. Negoziaketarako baldintzak sortzeko masa handiago batek egin beharko du greba. Hala, gizonak barnebilduko dituen subjektua (interklasismoa) estrategiko izan liteke une politiko honetan. Baliteke 2023ko dosierrean iradokiko den gizonekiko konfiantza harremanak hauen atxikimendua bilatzea, grebaren arrakasta kuantitatiboa bikoizteko aukerak negoziaketarako baldintzak sor ditzan.

      Dena den, kausa-efektu harreman hau aldebikoa izango da segur aski. Izan ere, gizonek ez dute soilik greba egiteko aukera izango: grebaren antolaketa prozesuan ere sartuko dira. Ez gaitu grebaren arrakasta bermatu nahiak moderazio estrategikora eramango soilik (gizonen aliantza bilatzeko). Gizonekin antolakuntza prozesua partekatzeak ere bultzatuko du diskurtsoaren moderazioa. Izan ere, autoantolakuntzan edo espazio ez-mistoetan erradikaltasunez aritzeko baldintzak beti izango dira handiagoak.

      Une politikoaren arabera gizonekin artikulazio politikoak ezinbestekoak dira, baina aliantza ezin da izan gatazkarik gabekoa; izan ere, bestela, aliantzak domestikazio eta menderakuntza berri bat suposatuko du (Euskal Herriko Neska* Gazteak, 2023). Horregatik da konplexua (bezain ezinbestekoa), oro har, politikoki produktiboak diren gatazkak mantenduz egituratuko den batasuna.

      Gizonek greba prozesuan ez dute, gehienetan, modu indibidualean parte hartu, eragileen partaide gisa baizik (nahiz eta, kasuak kasu, egon diren greba batzordeetan maila indibidualean ere parte hartu duten gizonak). Hala, greba prozesuak berak mugimendu sozialen arteko harremana estutzeko abagunea ireki digu. Aliantzen indartze bat eman da, Euskal Herriko ehun soziala sendotu eta, behin pandemia pasatuta, eraldaketa sozialaren motorra berraktibatzeko aukera suposatu du grebaren antolaketa prozesuak.

      2023an mugimendu feministak sindikatuen negoziaketa estrategia bere eginez, emakumeentzat garaipen materialak erdiesteko aukerak irekiko dira. Sexu klaseak klase natural gisa ulertu eta feminismo materialistatik proposatuko den kosmobisio erradikal eta berrian sakonduko ez den arren, soldatak igo edota ratioak jaisteko aukera irekiko da: ehungintza edota erresidentzia arloko grebei esker erdietsitako garaipenetan ikusi dugun bezala. Enplegu baldintzak hobetuko dira emakumeentzat, eta beraz, botere tasak handituko dira.

      Emakumeen eskubideen aldeko diskurtso idealistak, kapitalarekin negoziatzeaz gain, instituzio politikoen joko-arauen barnean ere politika egitea ahalbidetuko du. Instituzio politikoetatik egikarituko litzatekeen sektore publikoaren zabaltzeak, hala, familiaren pisua gutxitzea dakar: hots, desfamiliarizazioan sakontzeko baldintzak sortuko dira.

      Ondorioz, emakumeen bizitzak orain eta hemen hobetuko dira; aldi berean, patriarkatu kapitalistaren erreprodukzioa oztopatuz. Beraz, sistemaren marko zehatz honetan ongizatea zabaltzeko zirrikituak aprobetxatzeko aukera emango du diskurtso idealistaren erabilerak. Aldi berean, kontziente izan beharko gara, marko eta estatu mota hau bera gainditzeko kosmobisio feminista materialistaren zabalpena ezinbesteko izango zaigula.

      Hala, greba feministaren bidez erdiets litezkeen garaipenak (politika publikoen sendotze eta zabalpena) garaipen antikapitalista (eta ondorioz, gizonen garaipen) ere izango lirateke. Izan ere, batetik, burgesiaren kapital metaketa oztopatuko da. Bestetik, gizonen bizitzetan ere eragina izango du zaintza lanen publifikazioak: beraiek zaindu ditzakeen emakumerik ez badute familian (hots, desjabetu dezaketen emakumerik ez badute), babestuko dituen sektore publiko sendo baten beharra izango dute (hau da, pribatizatuta ez dagoen osasungintza bat beharko dute, familian beraiek zaindu ditzaketen emakumerik ez badute).

      Aldi berean, eta gizonekin gatazka mantentzearen garrantzi politikoarekin lotura hertsian, garrantzitsu deritzot feminismoa guztion onerako den diskurtsoarekiko zorrotzak izateari. Izan ere, ezin dugu klase borroka (feminismoa) klase antagonikoaren garaipen gisa saldu. Ezin gara mugimendu sozial bakarra izan gure borroka klase antagonikoarentzat aberasgarria dela dioena: emakumeen ontasun (eta ondorioz, domestikazio) naturalizatua dago planteamendu honen atzean.

      Politika publikoak erdiestearen estrategia feministaren bidez, ordainsaririk jaso gabe egiten dugun lana gutxitzea eta desfamiliarizazioan sakontzea ditugu helburu. Helburu hau politikoki interesgarri zaigu eraldaketan sakontzen joateko, aurrebaldintzak sortzeko eta bizi baldintzak hobetzeko. Ordea, ezin gaitezke inolaz ere diskurtso idealista berdinzalean erori, zeinak emakume eta gizonak betikotu eta bien arteko elkarbizitza harmoniatsua lukeen helburu.

 

 

ZAINTZA

 

      2019ko dosierrean, kasu batzuetan zaintza lan gisa definitu dela ikusi dugu; zeharka, adieretako batean, azalduko da emakumeek baldintza subalternoetan egiten dituzten lan guztiei deitzen diegula zaintza. Horixe da, hain zuzen ere, zaintza lanek partekatzen duten espazio komuna edo lan bat zaintza gisa irakurtzera garamatzana: lan hori emakumeek baldintza subalternoetan egitea. Hots, zaintzak ez du berezko eduki propiorik.

      Adiera hau erabiliko denean ulertuko da okerra dela lan batzuek, beren izaeragatik, balioa dutela (adibidez, arkitektura lanak) eta beste batzuek baliorik ez dutela (adibidez, garbitzeak) adierazten duen ideia.

      Ulertuko da emakumeek egiten dutenak ez duela inoiz baliorik. Ez da zaintza deitzen diegun lan batzuek baliorik ez dutela, baizik eta emakumeek egiten dutenak ez duela baliorik, bere horretan. Eta hain zuzen ere, horregatik ez dute baliorik izango zaintza lanek: emakumeek (baldintza subalternoetan) egiteak dakarrelako lan bati zaintza deitzea.

      Izan ere, lanak ez daude beren artean botere harremanetan; bai ordea, sexuak. Lan bat debaluatu ahal izateko, aurretik, debaluatu dezakeen jendea egon behar da botere-harremanetan.

 

      Wittigek dioen bezala, buelta ematen zaio kausalitateari. Badirudi egiten ditugun zereginen debaluazioak [...] sortzen duela gure zapalkuntza. Baina nork debaluatu ditu zeregin hauek? Debaluatu ahal izateko, zeregina debaluatu dezakeen jendea behar da. Eta orduan, debaluazioaren aurretik, botere-harreman bat egon behar da (Lizarzaburu, 2023).

 

      Irakurketa honek zaintza-gatazka klase-gatazka gisa kokatzeko baldintzak sortuko ditu. Lan guztien balorizazioaren aldeko edo kultura aldaketa baten aldeko borrokan, zaila da gatazka eta aurkaria finkatzea. Izan ere, ideologia abstraktu baten aurka arituko ginateke borrokan, ez klase sozial baten edo bere interesen aurka.

      Aldiz, emakume klasearen subalternitatearen aurkako borrokan, klase sexualen artean dago gatazka (hain zuzen ere, klase politikoak direlako, ez naturalak). Gatazka materializatzea errazagoa izango da. Jakina da ezinbestekoa dela aurkaria nahiz gatazkaren iturria finkatzea politika egiteko. Aurkaritza eta gatazka hau klaseen arteko borroka gisa ulertu beharko dugu, halabeharrez, klase kontzeptua baliagarria zaigun bitartean behintzat.

      Aipatutakoak marko materialistatik eratorritako diskurtsoak dira. Ordea, ikusi dugun bezala, 2019an zaintza eskubide izatearen adiera idealista ere mahaigaineratu eta erabiliko da. Baliteke honakoa epe luzera begirako estrategia izatea; hots, baliteke kosmobisio berriaren parte bilakatu nahi izatea zaintzaren adiera idealista hau. Areago, 2019an mahaigaineratuko den zaintzaren eskubide ulerkera 2023an berreskuratu egingo da, aldarrikapen zentrala bilakatuz.

      Zaintzaren bi adiera nagusi aztertu ditut: batetik, emakumeek baldintza subalternoetan egiten duten lanaren ulerkeran sakondu dut; bestetik, eskubide izatearen definizioa ere landu dut. Ordea, bada aurreko kapituluan aipatu dudan hirugarren adiera bat ere, batik bat 2023ko dosierrean zeharka antzeman litekeena eta gizartean zabalduta dagoena. Zaintza, ardura kolektibo (eta askotan, afektibo) nahiz kapitalismoaren aurkako logika gisa.

      Zaintza lan gisa definitzen dugunean, desjabetzea litzateke. Eskubidea izatearen ulerkera erabiltzen dugunean, emakumeek ere lan hauetatik eratorritako zerbitzuak jasotzeko ezinbestekotasuna aldarrikatuko da.

      Lehenengo kasuan zaintza abolitu egin beharko litzateke. Emakumeek baldintza subaltenoetan egiten duten lana litzateke zaintza; zehazki, zaintzeak (baldintza subalternoetan lan egin behar izateak) definituko luke emakumetasuna. Ondorioz, emakumetasunaren abolizioak, zaintzaren aboliziora eramango gintuzke. Bigarren kasuan, eskubide gisa aldarrikatuz, zaintza lana birbanatu egin beharko litzateke (Estatuaren bidez).

      Adierak ezberdinak izanik ere (pentsamendu marko ezberdinetatik eratorriak), adieren tartekatzeak ez dakar berarekin zaintza lana erromantizatzeko arriskurik. Areago, 2019ko dosierrean bi ulerkerak elkarren osagarri izateko aukera planteatuko da, aurrez azaldu dudan bezala. Ordea, aipatutako hirugarren adiera beste biekin tartekatzeari arriskutsua deritzot.

      Modu argian definituta ez dugun arren, oro har, hirugarren adierak indibidualismoaren eta produktibitate kapitalistaren aurka jarduteko moduei egiten die erreferentzia. Elkar zaintzea aldarrikatu dezakegu lehiakortasunaren eta norberekoikeriaren aurka, eta aipatutakoa bat etorriko da proiektu feministarekin. Klasea partekatzen dugunok gure artean babestea, logika eta tempo kapitalistetatik irtetea eta interdependentzia politizatzea, familia nuklearrarekiko erresistentzian sare berriak eraikitzea, “zer moduz” gauden galdetzea edota maite ditugun kideekiko ardura eta beraien ongizatea bilatzea ez dira kontrajarriak patriarkatuaren eraistearekin[26]. Areago, patriarkatu kapitalistaren premisa indibidualista eta isolatzaileari emandako erantzuna da kolektibotasun hau. Elkarren aurka aritu ordez, elkarrekin goaz. Gure arteko lehian oinarritutako garaipen indibidual efimeroak bilatu ordez, botere disputa kolektiboan gabiltza, ardura kolektiboz.

      Baina hirugarren adiera honetan barnebildutako jokabide guztiei ere zaintza deitzeak, zaintzaren polisemia oraindik eta gehiago zabaltzeak, arriskuak dakartza berarekin, aurrez aipatu dudan bezala. Izan ere, zaintza abolitu (lehenengo adiera), banatu (bigarren adiera) eta aldarrikatu (hirugarren adiera) egin beharko genuke, aldi berean.

      Lehenengo adiera eta bigarrena bateragarriagoak dira, modu zuzenean edo zeharkakoan, lanaz (abolizioaz edo birbanaketaz) arituko garelako. Ordea, bi adiera hauen erabilera hirugarrenarekin uztartzeari nahasgarri (eta ondorioz, kaltegarri) deritzot. Izan ere, hirugarren adieraren kasuan zaintzak konnotazio positibo argia luke eta, aldi berean, gehiago zaintzeko eta gutxiago zaintzeko aldarrikapenak bateragarri egin beharko dira. Honek ulermena zailtzen du, eta borroka norabidea lausotu.

      Bestalde, polisemia honetaz balia daitezke sektore interesatuak, konnotazio positibo hau esleituz zaintza lanei eta lan ez-ordaindua erromantizatuz. Gobernuek zaintza aldarrikatu dezakete publifikazioaren aurka, eta gizonentzat ere baliagarri izan liteke erromantizazioa, emakumeak lan ez-ordainduan giltzapetzea erraztu dezakeen heinean.

      Aldi berean, alderdi emozionala puztu eta begirada feministaren sentimentalizazioa eman liteke (Esteban, 2017), zaintza samurtasunarekin, goxotasunarekin eta gatazka ekiditearekin lotuz. Emakumetasuna nahiz zaintza esentzializatu eta erromantizazioa erraztu litezke (Lujanbio, 2024).

      Polisemia arriskutsua dela begi-bistakoa da. Interesgarria litzateke zaintzaren lehenengo edota bigarren adierak soilik erabiltzea, eta hauek gailentzeko lanean jardutea; hots, hirugarren adiera alboratu eta zaintzaren konnotazio positiboa ezabatzea. Kasu horretan, gure arteko elkar-zaintza aldarrikatzeko bestelako kontzeptualizazio bat pentsatu beharko genuke. Hari mutur bat solte uzten dut.

 

 

PUBLIKOA ETA KOMUNITARIOA

 

      Zaintza eskubide izatearen adieraren estrategikotasuna aurrez ere azaldu dut. Laburbilduz, zaintza eskubide bada, (emakumeek ere) lan zehatz ezberdinetatik eratorriko diren produktu edota zerbitzuak jasotzeko (zaintza jasotzeko) eskubidea izango dute, eta honen bermatzailea Estatua litzateke.

      Estatuak zaintza lan hauek bere gain hartzean, emakumeek doan egingo duten zenbait lan gutxituko lirateke[27] eta, ondorioz, lanaren apropiazioa eta gizonekiko dependentzia mugatu. Ordea, zaintza lanak publifikatzearen aldarrikapenak modu generiko batean eta zehaztasunik gabe egikarituko dira 2019an, desfamiliarizazioan sakonduko luketen garaipenak materializatzea zaila izanik. Izan ere, esan bezala, helburua ez litzateke negoziazioa izango.

      Ordea, 2019an zaintzaren ulerkera hau proposatu eta zabaltzen hasteak, 2023an aldarri zentrala izateko baldintzak sortuko ditu. Hala, 2023an eskubide horren formulazioan sakonduko da, eta edukiz beteko da publikotasunaren defentsarekin lotura hertsian. Politika publiko zabal, eta aldi berean, zehatzen aldeko defentsa egitea ahalbidetuko da[28]. Zehaztasun horrek, bide beretik, politika publiko zehatzen negoziaketarako aukerak hedatuko ditu.

      Horrek, gatazka eta aurkaria modu argian finkatzea dakar. Pribatizazioan sakontzen edota zaintzaren negozioa sustatzen ariko diren gobernuak izango dira antagonistak, eta antagonismo honek gobernuetan dauden alderdien xurgapena ekidingo du.

      Une politiko honetan estrategikoa izango da publikotasunaren defentsa. Izan ere, gizartearen gero eta masa handiago batek du bere burua feministatzat eta, ondorioz, areagotu egingo dira feminismoaren xurgapen eta eduki hustuketarako ahaleginak gobernuetatik. Ordea, aipatutakoa ekidingo du zaintza eskubide izatearen ulerkerak, pribatizazioan sakontzen ari diren gobernuak jarriko baitira jopuntuan.

      2023ko dosierraren analisia egin dudanean, zaintza-sistemaren antolaketa komunitarioarekiko kritiko azaldu naiz. Ordea, komunitarismoa indartzearen ideiarekiko baino, berau gizon eta emakumeen erantzukidetasunean oinarrituz antolatzearen ideiak sortzen dit kezka politikoa.

      Komunitate sendo eta politizatua aldaketarako motorra da, eta Euskal Herriko ehun sozialak duen gaitasun eta indarra edozein herrirentzat behar luke desiragarria. Gizarte mugimenduek espazio eta gaitasun politikoa izan behar dituzte eta garaipenak ezin dira, inolaz ere, instituzioetara mugatu (are gehiago estatu propiorik ez dugun testuinguruan). Baina berau gizonen ontasunean oinarritzearen planteamenduak klase gatazka lausotzen duelakoan nago, berriro ere sexu klaseak naturalizatuz.

      Gizon sentsibilizatuek boterea uzteko zain egotearen ideia inozentea baino, politikoki eraginkorragoa deritzot boterea kentzearen ideia eta praktikari. Patriarkatuaren erorketaren zain egon baino, gu geu joatea patriarkatua eraitsiz, dihardugun bezala. Hots, zaintza lanak beren gain har ditzaten (edo, bestela esanda, emakumeak desjabetu ez ditzaten) neurri hertsatzaileak finkatzea erabilgarriagoa eta errealistagoa da. Izan ere, klase menderatzaileek ez dute beren jardun sistematikoa kontzientzia hartze baten ondorioz aldatuko.

      Horregatik litzateke garrantzitsua klase kontzientziadun komunitatea, gizon taldeen botere gehiegikeria blokeatuko duten arau definituekin. Bestela, gizonek zaintza lanei uko egin eta emakumeek zaintzen jarraitzeko eremu bilaka liteke komunitatea. Lor genezake zaintza lan batzuk komunitarioki antolatzea, familietan kudeatu beharrean. Ordea, antolaketa komunitarioa erantzunkidetasunean oinarritzen bada, ez dugu gizonen parte hartze aktiboaren inolako bermerik izango. Zaintza emakumeen ardura pribatu izatetik emakumeen ardura komunitario izatera pasatuko da, baina ez dio utziko emakumeen ardura izateari.

      Beraz, gizonen ontasunean fidatu baino, gizarte mugimenduetan diharduten gizonentzat zaintza lanak egiteko arau betearazleak jar ditzakegu lehenengo pauso gisa. Ortzimuga bezala, arau hauek jendarte osoari aplikatuko litzaizkioke; eta hauxe da, hain zuzen ere, desfamiliarizaziorako bidea. Finean, erantzunkidetasun eta konfiantza-harremanetik, klase kontzientzia eta gatazka-harremanera jauzia eman behar dugulakoan nago.

      Bestalde, ezinbestekoa izango zaigu Estatuaren eta komunitatearen arteko harremanaren nolakotasuna eta lan banaketa argitzea. Bestela, gobernuetan dauden alderdiek komunitarismoaren aldarria xurga lezakete sare publikoa ahultzeko aitzakia gisa; 2023an erabilitako dosierrean horretaz ohartarazten da[29].

      Dena den, ohartarazpen hau presente izanagatik eta publifikazioaren aldeko posizionamendu argia mantenduagatik ere, gobernuek greba bera eurenganatu ezin izatea lortu dugu. Ordea, komunitarismoaren edo kolektibotasunaren aldarrikapen banal hauek seinalatzen jarraitzea ezinbestekoa izango zaigu.

 

      Sobera ditugu greba orokorrak, neurrigabeko aldarrikapenak eta finantzaketa magikoak; konpromiso pertsonal eta balio kolektibo gehiago behar ditugu (Maria Eugenia Arrizabalaga —Gipuzkoako Batzar Nagusietan eaj-pnvren bozeramailea—, 2023).

 

      Finean, pentsamendu marko materialistak planteamendu eta norabide berriak irekitzen dizkigu, ezinbestekoak egungo eszenatoki nahiz logika subalternizatzaileetan trabatuta ez geratzeko.

      Antonio Gramscik azaltzen duen bezala, klase menderatzaileak ez du boterea soilik hertsapenaren bidez gauzatzen. Ezinbestekoa izango da estatu aparatuen bidez zentzu komun orokor jakin bat inposatzea ere, klase menderatzaileak, klase bezala sortu eta irauteko, menderatutako klasearen adostasuna behar baitu. Beraz, pentsamendu marko materialistaren erabilera eta zabalpena menderatzaileen mundu-ikuskera politizatzeko eta hegemonia berri bat finkatzeko prozesuaren parte bezala ulertu behar dugu, ezinbestekoa botere politikoa disputatu eta geureganatu nahi badugu.

      Baina ikusi dugun lez, kanpora begira, irakurketa idealisten erabilera ere estrategikoa izan liteke. Izan ere, aldarrikapen nahiz diskurtso idealistak artikulatuko dituzten borrokek, emakumeen esplotazioa eta desjabetzea gutxituko dituzten garaipen materialak izan baititzakete emaitza gisa.

      Dena den, zaila bezain ezinbestekoa zaigu marko idealista erabiltzearen hautua kontzientea izatea: sistema patriarkal kapitalistaren erreprodukzioan sakontzeko arriskua, ahal den heinean, kontrolatu ahal izateko.

      2019an erabiliko den estrategia iraultzaileagoa izango da eta 2023koa, aldiz, erreformistagoa: biak ala biak beharrezkoak. Gakoa une politikoaren arabera hautaketa egokia egitean egongo da, botere-harremanak irauli eta amaierarik gabeko borrokan jarraitzean. Klase kontzientzia mantenduz eta klase sozial ororen deuseztapena ortzimugatzat izateari utzi gabe.

 

 

 

[23] Antonio Gramsci-ren aburuz, gerra kulturalean sakontzearen bidez, hegemonia berri bat finkatu beharko da, botere politikoa konkistatu eta Estatu berri bat eraiki nahi bada. Bide honetatik, proletarioek klase subalterno gehienak batu beharko dituzte, testuinguru jakinetan aliantzen arku zabalak artikulatuz eta zuzenduz.

[24] Asteriskoaren problematizatizazioan sakondu nahi izanez gero, Durangoko V. Jardunaldi Feministetako “Gorputzak eta sexualitateak” mahai inguruan Medeak talde transfeministak egindako hitz-hartzea ikusgai dago Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren webgunean, “Gorputza mintzaide politiko gisa” izenpean.

[25] Azken urteetan zabalpen nabarmena izan du, dena den, korronte feminista materialistak; batik bat korronte dekolonialetan, komunitarioan edo postkolonialean; Euskal Herrian bertan, eta baita Latinoamerikan ere. Dena den, baliteke feminismo materialistak bestelako korronte batzuk baino zabalpen zailagoa izatea: batetik, itzulpen gutxi daudelako; bestetik, bertatik eratorriko diren proposamenak oso iraultzaileak direlako (Lujanbio, 2023). Hala izanik, testuinguru sozialera egokitu eta hedapenerako baldintzak pentsatu beharko ditugu.

[26] Dena den, lotura dauka emakumeek ingurukoekin izan behar duten kontsiderazio etengabearekin. Lan ez-ordaindua egiteko emakumeen sozializazio modu naturalizatuari erantzuten dio.

[27] Azken hamarkadetako datu hauek bildu dituzte Goikoetxea, Lujanbio, Rodriguez eta Garaik Euskal demokrazia patriarkala liburuan (2020).

[28] Politika publikoen defentsa estaturik ez baina estatu egiturak badituen nazio batean kokatu behar dugu (Azkune, 2019). Ezinbestekoa izango da burujabetza tasak eskuratuz joatea politika publikoak hemen borrokatu ahal izateko eta proiektu politiko burujabeagoen garapenerako.

[29] “Komunitateak ez du bete behar administrazioek estali gabe uzten duten hori” (2022: 7).