Euskal Herriko greba feministak
Euskal Herriko greba feministak
2024, saiakera
124 orrialde
978-84-19570-30-7
editorea: Jule Goikoetxea
Uma Ulazia
2001, Mutriku
 
Euskal Herriko greba feministak
2024, saiakera
124 orrialde
978-84-19570-30-7
aurkibidea
 

 

 

Hitzaurrea

 

Lore Lujanbio Etxeberria

 

 

      Martxoaren 8an eta azaroaren 30ean Euskal Herriko kaleak hartu genituen, eta oihukatu grebak ez direla soilik lan ordainduaren esparruan borrokatzeko lanabesak. Feministok eremu publiko zein pribatua zeharkatzen duen lan banaketa sexualari aurre egiteko baliatzen ditugu grebak, gu ez gara patronal-langile gatazkara mugatzen, gizon-emakume klase gatazka erdigunean jartzen dugu. Greba feministen helburua heteropatriarkatu kolonial eta kapitalista iraultzea da, zapalkuntza guztiak suntsitzea.

      Greba feministak anitzak dira, estrategia, ardatz eta diskurtsoak askotarikoak. Uma Ulaziak lan honetan Euskal Herriko 2019ko martxoaren 8ko eta 2023ko azaroaren 30eko greba feministak aztertzen ditu. Trebetasunez azaltzen dizkigu bi greben gakoak, ertz eta eztabaida nagusiak. Bi greba feministen diskurtsoen analisiaren bitartez, feminismo idealistaren eta feminismo materialistaren arteko ezberdintasunak erakusten dizkigu, eta feminismo idealista eta materialistaren perspektibak bi greben diskurtsoetan nola barneratzen eta birsortzen diren agertzen. Ikerketa horrekin marko idealista eta materialistaren inplikazio politikoak azaleratzen ditu: “Sexu zapalkuntzaren ulerkera idealista izendatuko dudana, gizartean zabalduena dena, problematikoa dela argudiatuko dut. Bigarrena, aldiz, sexu zapalkuntzaren ulerkera materialista da, eta aukera berri eta erradikalak irekitzen dituela defendatuko dut”. Idealismo patriarkala gure ikuskera eta diskurtsoetan nola hedatzen den antzemateko hausnarketa duzue, borroka feminista-materialista indartzen jarraitzeko ongarria.

      Liburu hau autokritikatik egindako lana da, debate feministetan sakontzeko gauzatua: “Diskurtso feminista fintzeko gakoak bildu asmoan eta barne eztabaida politikoak hauspotzeko helburuz egina. Militante gisa, guretik eta guretzat idatzia”. Militantzia kokatuak eskaintzen duen begirada zorrotz eta sakonetik ikusarazten dizkigu idealismoaren eta esentzialismoaren tranpak. Horiek zehaztasunez antzemateko eta estrategikoki borrokatzeko.

      Martxoaren 8ko eta azaroaren 30eko greben ardatz nagusiak zaintza lanak izan ziren. Bi grebetan gatazka heteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak azaleratu eta gizarteratu ditugu eta zapalkuntza horiekin bukatzeko zaintza lanen feminizazio, arrazializazio eta prekarizazioa desagerrarazteko beharra azpimarratu. Baina zaintzaren inguruko ulerkera esentzialista eta idealistak ez ditugu sakontasunez irauli. Horretan gabiltza. Helburu hori garatzeko ezinbestekoa dugu zaintza lanen definizio feminista materialista garatzea eta fintzea. Zaintza kontzeptuaren ulerkera ahistoriko eta idealistak muinetik haustea.

      Feminismo materialistatik “gizon” eta “emakumeak” ez dira ezberdintasun esentzial, biologiko edo kulturalak, horiek ez baitira erlazio sozialetatik kanpo existitzen. Diferentzia sexualaren azalpen esentzialista eta biologista guztiak alde batera uzten dira eta ezberdintasun sozialak klase gatazka modura ulertzen dira. Hau da, “gizonak” eta “emakumeak” klase sozialak direla nabarmentzen da, hots, erlazio antagonikoan oinarritzen diren produkzio-erlazio patriarkalen bitartez ekoiztuak direla.

 

 

      Halaber, “lan” kategoria ez da zereginen edota jardueren ezaugarrien edo edukien bitartez definitzen, produkzio-erlazioen bidez baizik. Hortaz, apropiazio erlazioetan (lan ez-ordaindu eta subalternoa) oinarritzen diren produkzio-erlazio heteropatriarkalek ekoizten dute “etxeko eta zaintza lana”. Hau da, lan horiek bereizten dituena ez da bazkaria egitea, fardela aldatzea edota ondoez emozionalak entzutea, baizik eta gizonen klasearekiko subalterno den subjektuak dohainik eta apropiazio-erlazioetan lan egitea. Modu horretan, zapalkuntza eta esplotazio erlazio patriarkalak ekoizten ditu “emakumeak”, euren gorputzen jabe ez diren eta besteentzat (gizonen klasearentzat) dohainik lan egiten duten izakiak. Izan ere, emakumeek egiten ditugulako dira ez-ordainduak edota prekarizatuak (baliorik gabeak), eta lan ez-ordaindu eta subalternizatua egiteagatik gara emakumeak.

      Jarduera bera gizonek egiten dutenean esanahiak eta lan baldintzak aldatu egiten dira, produkzio-erlazioak transformatzen direlako hain zuzen ere. Horregatik, chef pribatuen lana ez dugu “etxeko eta zaintza lan” nozioan kokatzen, nahiz eta etxean jakiak prestatzen dituzten. Edota kaleak zein makinak garbitzen dituzten langileak (gizonak) “operario” izendatzen dira eta garbiketa jardueretan dabiltzan emakumeek baino askoz ere lan baldintza hobeagoak dituzte. Zeregin edo jarduera bat “etxeko lan” edota “zaintza lan” izendatzen dugu feminizatua dagoenean eta beraz, produkzio-erlazio heteropatriarkaletan gauzatzen denean.

      Feminismo idealistak gizon eta emakumeen berdintasuna aldarrikatzen du, hain zuzen ere “gizonak” eta “emakumeak” zapalkuntza erlaziotik kanpo existitzen direla defendatzen duelako (esentzialismoa). Zapalkuntza patriarkala ez du produkzio-erlazio materialen bitartez azaltzen, baizik eta desbalorizazio kulturalaren bitartez. Hortaz, ikuspegi horretatik, “emakumeak” eta feminizatutako alderdi guztiak kulturalki baloratu behar dira eta horrela, “gizonekin” berdindu. Feminismo materialistatik aldiz, “gizon” eta “emakumeen” desagerpenaren alde borrokatzen dugu. Diferentzia sexuala ez delako baloratu edo ospatu beharreko bereizketa biologiko eta esentziala, gizonen pribilegioa betikotzen duen klase erlazioa baizik.

      Ulaziak nabarmentzen duenarekin bat, “beharrezkoa da zaintza-sistemaren inguruko diskurtso bolleroak egitea. Izan ere, zaintzaren auziak (emakume-gizon) klaseen arteko gatazka erdigunean du, bi klaseen arteko harreman heterosexuala izanik zaintzaren antolaketa patriarkala sostengatzen duena. Hala, bollera subjektua analisirako leku estrategikoa izan daiteke”. Izan ere, Wittigek azaldu zuen modura, lesbianak, bollerak ez gara emakumeak, gizonen morroiak edota neskameak izateari uko egiten diogulako. Alegia, senar eta seme-alabak izateari ihes egin eta zaintza greba egiten dugulako. Erregimen heterosexualaren mandatuari ezetz esaten diogulako.

      Feminismo edota transfeminismo materialistatik argi dugu diferentzia sexuala ez dela esentziala, baizik eta dispositibo biopolitikoen eta produkzio-erlazio materialen bitartez produzitua. Ezinbestekoa dugu “emakume” eta “gizonak” klase sozial modura definitzea, biologismo eta naturalismoa sakontasunez baztertzen duten kontzeptu politikoak erabiltzea.

 

 

      Esku artean duzuena feminismoa klase borroka modura pentsatzeko testua da, zaintza lanen definizio feminista-materialista ulertzeko eta Euskal Herriko greba feministen eztabaida nagusietan sakontzeko ezinbestekoa. Lan honetan hurrengo grebak eta borrokak pentsatzen eta antolatzen jarraitzeko pizgarriak aurkituko dituzue. Idealismo eta esentzialismo patriarkalaren aurkako antidotoak jasoko dituzue. Gizon eta emakumeekin bukatzeko estrategiak.