Sarrera
Nor da jakiteagatik bakarrik jakin nahi duena? Pribilegiatua, burgesa, gizona, zuria, demokrata, neuronormatiboa, eta gehitu arazorik gabeko pertsonentzat asmatutako beste hainbeste adjektibo. Guk ez dugu jakiteagatik bakarrik jakin nahi. [...] Eraldaketarako behar dugun jakintza baino ez dugu maite. Eta hori ere, ez da gutxi.
Ainhoa Urien, Maider Arregi eta Mijo Lizarzaburu (2023)
Zaintzaren antolaketa zaharkituta geratu omen zaigu. Gaur eguneko garaietara egokitu behar omen dugu. Ez dakit, agian patriarkatua modaz pasatu da eta ez gara ohartu. Agian, jada ez da esplotazioaren garaia.
Emakumeak botere postuetan egonez gero, munduan ez litzateke gerrarik egongo entzun diegu, pozoia ahoan dutela. Baketsuak eta onak omen gara, berez; hots, domestikatuak.
Gatazka urtu nahi dute, botere disputa monopolizatu. Betikotu daitezen subalternitatea eta patriarkatua. Baina guk ez dugu bakerik emango. Izan ere, sistema kapitalistan ugazabaren bakea langilearen biolentzia den bezalaxe, patriarkatuan, gizonen bakea emakumeen biolentzia da, halabeharrez (Goikoetxea, 2023).
Gatazka ez da erraza; baina ni neu, atzera bota bezainbeste erakartzen nau. Ederrak baitira garaipen feministak; gizonak, lan ez-ordaindua edo bikotea erdigunean ez dituzten balio sistemen eraikuntzak; lokaztutako lubakiak eta kaosa.
Ez zaizkigu falta matxinadarako arrazoiak. Nahikoa lantza sartu dizkigute jada estomagoan. Eta burua lehoi baten ahoan sartzea bada ideia, has dadila botere lehia[1].
[1] Nerea Ibarzabalek, Bertsolari Txapelketa Nagusiko Baionako finalaurrekoan (2022) botatako agurreko bertsoan oinarrituta, Iruneko finalaurreko saioa pasa berritan. Iruneko saioan parte hartu zuten bertsolari gehienak emakumeak* ziren eta, jarri zizkieten puntuaketa baxuak medio, zaildu edo itxi egin zitzaien finalerako atea. “[...] Baina lantza bat estomagoan / Burua lehoi baten ahoan / Sartzea bada ideia / Ados, has dadila lehia”.