Euskal Herriko greba feministak
Euskal Herriko greba feministak
2024, saiakera
124 orrialde
978-84-19570-30-7
editorea: Jule Goikoetxea
Uma Ulazia
2001, Mutriku
 
Euskal Herriko greba feministak
2024, saiakera
124 orrialde
978-84-19570-30-7
aurkibidea
 

 

2019. eta 2023. urteetako
greba dosierren diskurtso analisia

 

 

      Patriarkatuaren ulerkerak ezberdinak dira, erabiltzen den pentsamendu markoaren arabera; halaber, baita patriarkatua iraultzeko irudikatu eta praktikatuko diren borroka-estrategiak ere.

      Irakurketa eta aldarrikapen idealisten mugez nahiz materialisten potentzialtasunaz aritu berri naiz. Kapitulu honetan, berriz, mugimendu feministak 2019. eta 2023. urteko greba feministetan bide-orri gisa baliatu dituen dosierreko tesiak marko batetik edota bestetik eratorriak diren aztertuko dut.

      Parte naizen mugimenduaren diskurtso estrategikoa fintzeko gakoak biltzeko asmoan egingo dut analisia, militante gisa, aurreratu dudan bezala. Izan ere, idealismoaren premisa blokeatzaileek, sozialki sustraituta dauden heinean, diskurtso feministan ere lur hartuko dute. Eta tesi hauek gure diskurtsoan bertan identifikatzea feministontzat baliagarri izan litekeelakoan nago, problematiza ditzagun. Premisa idealistak ez ezik, materialistak ere identifikatuko ditut, planteamendu hauen potentzialtasuna mahaigaineratuz.

      Beraz, kapitulu honetan, dosier bakoitzean erabili den diskurtsoaren gakoak atera eta indargune nahiz ahulguneak identifikatzeari helduko diot.

 

 

SEXUA

 

      Hasteko, grebetako borroka subjektuei errepara diezaiegun.

      2019ko greba feministan gizonak ez dira grebaren subjektu izango. Emakumeok* klase bat osatzen dugunaren premisa inplizitua antzeman daiteke, eta auto-antolakuntzarako zilegitasuna jarriko da mahai gainean.

      Areago, emakume-gizon identitate eta praktika patriarkalei erresistentzia egiten diegun trans eta bollerak ere grebaren subjektu izango gara.

 

      Emakumeak, bollerak eta transak, hots, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuak gara. Greba feministaren subjektu guztiak ez gara emakume izendatzen (2019: 7).

 

      Bestela esanda, emakumetasunetik haratago doan subjektuaren zabalpena emango da. Azpimarratu nahiko nuke subjektu politikoen hautaketan, gakoa ezin dela izan nola ordezkatu identitate oro; hasteko, denok garelako desberdinak. Baina logika ezin da hori izan, batez ere, borroka politiko materialistetan ez delako helburua identitateak errekonozituak eta ospatuak izatea, esentzialismotik irten eta egiturazko indarkeriarekin amaitzea baizik.

      Zentzu horretan, autopertzepzio indibidualek baino, proiektu politiko kolektiboek elkartu behar gaituzte (Euskal Herriko Gazte Feministak, 2024). Goikoetxeak dioen moduan, subjektu politikoen hautaketa eta eraikuntzan, nor garen galderan trabatuta geratu ordez, nora joan nahi dugun da kontua.

      Eta, hain zuzen ere horregatik, estrategikoak izango dira bollera eta trans subjektuak, praktika eta kategoria patriarkalekin (emakume eta gizon) amaitu nahi dugunez, ezinbestekoa izango delako bestelako kategoriak sortzea eta erabiltzea (hots, trans eta bollera kategoriak). Izan ere, kategoria hauen erabilerak aukera/subjektu/identitate kolektibo antipatriarkal posibleak sortzen ditu, emakume-gizon identitate eta erlazioetatik kanpo.

      Eta zentzu horretan, borrokarako leku estrategikoak izango dira bollera eta trans kokalekuak: horiexek dira, hain zuzen ere, subjektu politikoak.

 

      Bollera eta trans nortasunak kokaleku politikotzat aldarrikatzen ditugu, heteroarauari planto egiteko bide bezala (2019: 7).

 

      Subjektu politiko hauen zentraltasunak patriarkatuaren erreprodukzio ustez naturala oztopatzeko baldintzak sortuko ditu (Euskal Herriko Neska* Gazteak, 2023). Eta beraz, subjektu aldaketa ez da bollera eta transen beharrei emandako karitatezko erantzuna, feminista ororentzako baliagarri den estrategia politiko antiesentzialista bat baizik.

      2023an ere, emakumeez gain, bollera eta transak ere subjektu gisa izendatuko dira. Dena den, borrokarako leku estrategikotzat aldarrikatzetik baino, subjektuan barnebiltzeko edo ordezkatzeko saiakeratik egingo zaie erreferentzia:

 

      Zis-emakumeak baino zabalagoa den taldeaz ere ari gara. Euren burua halakotzat duten zis eta trans emakumeak txertatu nahi ditugu bertan, euren burua emakumetzat ez duten bollerak eta emakumea/gizona dikotomia lehertzen duten pertsona transgeneroak (2022: 3)[22].

 

      2019ko grebatik ezberdinduz, 2023an estrategia aldatuko da: gizonek ere greba egin edota bere antolaketa prozesuan parte hartuko dute, emakumeekiko* modu desberdinduan izan arren. Erabaki bakoitzak nabarmen baldintzatuko du sexuarekiko diskurtsoa, ikusiko dugun bezala.

      Dena den, eta bi grebetan sexuaren eta sexu klaseen arteko harremanaren inguruan sortutako diskurtsoa aztertu aurretik, azpimarra bat egin nahiko nuke: gizonen parte hartzeak ez du definitzen grebaren orokortasuna.

      2023an grebari izenondo berri bat gehitu eta, beraz, forma aldatuko zaio. Greba feminista, oraingoan “orokorra” ere izango da. Grebaren antolakuntza prozesuan zehar, izenondo bakoitza edukiz bete dugu, “orokorra” izatearen inplikazio politikoez aritu gara eta mugimendu feministaren lidergoaren ezinbestekotasuna jarri dugu jopuntuan.

      Zehaztu nahiko nuke greba bestelako eragile sozio sindikalekin, hala nola, euskal gehiengo sindikalarekin nahiz zaintza sektoreko emakumeen elkarte eta sindikatuekin aliantzetan eraikitzeak egiten duela greba bera “orokorra” izatea, eta asanbladetan hala zehaztu dugu. Hau da, ez da, bere horretan, gizonen parte hartzeak definituko duela grebaren “orokortasuna”.

      Begi-bistakoa den lez, eskutik helduta doaz greba bestelako eragileekin aliantzetan antolatzea eta gizonak grebaren subjektu izatea, eragile sozio sindikaletan gizonek ere parte hartzen baitute. Ordea, garrantzitsu deritzot banaketa edo zehaztapen honi, ezin baitugu bistatik galdu emakumeok* subjektu oso bat garela, ez subjektu orokor baten zati partziala. Hots, greba feminista bat orokorra izan dadin, teknikoki (nahiz eta agian, taktikoki ez), nahikoa litzateke emakumeen parte hartzea, klase sozial oso bat osatzen baitugu. Gizonekin egindako aliantza politikoak gehiago du interklasismo estrategikotik, orokortasunetik baino.

      Sar gaitezen lokatzetan. Substantzialki desberdina izango da sexuen eta hauek produzitu dituen sistema patriarkalaren inguruko irakurketa bi greba urteetan, eta beraz, ondoren ikusiko dugun bezala, baita proposatuko den gizon klasearekiko harremantzea ere: lehenak marko materialistari erantzungo dio; bigarrenak, idealistari.

      2019ko dosierrean zehar, sexuaren irakurketa materialista izango dela aurreikus genezake, patriarkatua definituko den moduarengatik:

 

      [Patriarkatua] botere sistema bat da, “gizon” bezala eraikiak izan direnen gobernua. “Emakume” bezala eraikiak garenon dominazioaren bitartez egituratzen da, eremuz eremu (2019: 13).

 

      Enuntziatu horretan, bi ideia azpimarratu beharrean nago: batetik, gizonak eta emakumeak “eraikiak” direla; bestetik, patriarkatua “dominazio sistema” bat dela.

      Lehenengo ideiari dagokionez, sexuaren eraikuntzaren nahiz deseraikuntza posiblearen irakurketa, dosierrean zehar, zenbait unetan jasoko da:

 

      [Patriarkatuak] halakoak sortzen ditu: emakume otzanak eta zaintzaileak; gizon oldarkorrak eta lehiakorrak. Emakume eta gizon kategoriak, beraz, sozialki eraikitzen dira, sistemak bizirik iraun dezan (2019: 13).

 

      Baina, generoa eta sexua ez dira kategoria naturalak eta aldaezinak (2019: 13).

 

      Gainera, emakume eta gizon terminoak kategoria patriarkal gisa problematizatuko dira. Ondorioz, patriarkatua eraiste bidean, kategoria patriarkalekin ere amaitu behar dela jasoko da:

 

      Iruditzen zaigu emakume eta gizon kategoria patriarkalekin amaitu beharra dagoela (2019: 7).

 

      Bigarren ideiari dagokionez, patriarkatua “dominazio sistema” gisa izendatuko da. Zehazki, patriarkatua gizon eta emakumeak materialki sortzen dituen (2019: 13) menderakuntza maskulinoaren sistema litzateke.

      Batetik, emakumeak gizonek “dominatuak” izango direnez gero, indibidualtasunaren lapurretaren ideia inplizitua identifika genezake. Eta, aurrez azaldu bezala, marko materialistatik eratorritako irakurketa izango da gizonek emakumeen indibidualtasuna, materialitatea edo gorputza apropiatzen dutela tesia.

      Bestetik, patriarkatua “sistema” gisa izendatuz gero, emakumeen zapalkuntza ez da kapitalismoaren zapalkuntza eratorri bat izango, ezpada funtsezko menderakuntza bat. Izan ere, ez da kapitalismoa izango emakumeak eta gizonak sortzen (eta beraz, zapaltzen) dituena, patriarkatua baizik (2019: 13).

      Emakume eta gizonen arteko produkzio-erlazioa jarriko da erdigunean eta lanaren esparruak, ordainduak izan edo ez, izango dira borroka eremu:

 

      Greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan (2019: 5).

 

      Kontrako aldetik, 2023an, sexuaren irakurketa idealista gailenduko da nagusiki. Dena den, materialismotik eratorritako ondorengo gakoak azpimarratu nahiko nituzke: batetik, patriarkatua “sistema” gisa izendatuko da eta, zentzu horretan, emakumeen aurkako zapalkuntza ez da kapitalismoaren menderakuntza eratorri bat izango; bestetik, “emakume” kategoria desesentzializatzen da dosierraren kokapenean: historikotasuna eta estrategikotasuna mahaigaineratuz nahiz kategoria politiko gisa kokatuz:

 

      Emakume kategoria politikoa erabiltzen dugu egungo testuinguruan erabilgarria egiten zaigulako (2022: 3).

 

      Dena den, dokumentuan zehar eta behin mamian sartu ondoren, sexuaren eraikuntzaren nahiz deseraikuntzaren beharra ez da problematizatuko. Eta zentzu horretan, ez da emakume eta gizonen desagerpena ortzimuga gisa finkatuko. Hala, emakume eta gizon klaseen arteko produkzio-erlazioa ere izango da hizpide, baina sexuak ez dira talde ekonomiko (eta beraz, politiko) gisa irakurriko, oro har. Beraz, emakumea etorkizunean emakume izateko borrokatuko da, emakume libreagoa litzatekeena, idealismo erreformistaren atzaparretan erori eta gizon eta emakume klaseen arteko harremana berdintasunezkoa izan litekeela iradokiz.

      Irakurketa orok ondorio politikoak dituen heinean, 2019. eta 2023. urteetako sexuaren ulerkera bereiziek gizon klasearekin harremantzeko modu desberdinak proposatuko dituzte.

      2019ko dosierrean, gizonen klasearekiko bi erlazionatze modu identifika ditzakegu: lehenengoa, gatazkatik planteatuko dena, modu argian. Perspektiba materialista batetik, azaldu bezala, emakumeak eta gizonak klase sozial eta politikoak lirateke (sexua ez litzateke kategoria biologiko soila, ekonomiko-politikoa baizik). Klase sozial eta politikoak liratekeen heinean, klaseen artean gatazkak behar luke (langile eta burgesen artean bezala). Gizonekin gatazka-harreman hau mantentzea ahalbideratuko du grebaren subjektua emakumeak* izateak.

 

      Sortu ditzagun gatazkak lagunartean, bikotean, familian, lantokian, etxean, hezkuntza zentroan... (2019: 6).

 

      Ordea, eta erlazionatzeko bigarren modu gisa, gizonekiko nolabaiteko gerturatze bat antzeman liteke, batetik, “Zein da gizonen papera greban?” dosierreko azken atalean. Izan ere, zer egin behar duten esateak gizonekiko konfiantza badagoela iradokiko du: borrokaren parte bilakatuko dira, zeregin bat emango baitzaie.

      Honek klaseen arteko hurbilpen bat suposatuko du. Klaseen arteko distantziak murriztearen isla izango da gizonek mobilizazioetan parte hartzeko izango duten aukera. Dena den, zaintza lanen ardura har dezaten lehenetsiko da (sistematikoki hartzen ez dutela mahaigaineratuz).

 

      Gizona bazara zaintza lanez arduratzea da lehentasuna, eta ez mobilizazioetan parte hartzea. Has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok* betetzen dugun lan horretaz arduratzen (2019: 18).

 

      Bestetik, eta gizonenganako konfiantza bera iradokiz, gizonek zaintza lanen ardura beren gain hartzea ere aldarrikatuko da (gizonek zaintzarekin izango duten harremana ondorengo azpiatalean problematizatuko dut), baina zaintza lanak betearazi gabe.

 

      Gizonek [...] beren gain hartu behar dute dagozkien zaintzen ardura (2019: 9).

 

      Honekin esan nahi dudana da, ez dela berdina gizonek zaintzen ardura beren gain hartu behar dutela esatea, edo gizonak zaintza lanen ardura bere gain hartzera behartu behar ditugula esatea. Izan ere, gatazka-harremana konfiantza-harreman bilakatuko da aldaketa betearazten ez den edota ardura beraien eskuetan utziko den kasuan. Klase antagonikoari edozein neurri betearazi ezean, hautu propioz, desjabetzearen kontzientzia hartze bategatik esperoko da aldaketa. Burgesek langileen eskubideak hautu propioz errespetatzeko zain egon ordez, langileen eskubideak errespetaraztea planteatzen dugun gisan, gizon klasearekin harremanetan planteamendu berbera mantendu behar dugulakoan nago.

      Bestalde, gizonek zaintza lanei sistematikoki uko egiten dietela mahaigaineratuko da. Askotan errepikatu izan dugu salaketa hau feministok, eta funtzionatzen digun arren, garrantzitsua da presente izatea izaki batzuek sistematikoki lan batzuei uko egiteak, beste izaki batzuen lanaren apropiazio sistematikoa exijitzen duela. Hots, gizonek lan batzuei sistematikoki uko egiteak aldibereko ondorioak ditu emakumeen gorputzetan: desjabetzea emango da nahitaez.

      Pentsamendu, harreman eta eredu aldaketen aldarrikapena ere aurkituko dugu dosierrean, zentzu horretan gatazka-eremua (ideia kulturalak edota gizarte-harremanak) esplizituki kokatu gabe:

 

      Zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu [...] muinetik aldatu behar ditugu gure balioak, harreman pertsonal eta komunitarioak, bikote eta familia ereduak, eguneroko praxia (2019: 9).

 

      Gogora dezagun, marko materialistatik, mundua antolatzen duten ideiak (balioak, harreman pertsonal eta komunitarioak...), gizarte-harreman batzuen ondorio eta hauen isla direla ulertuko dela. Hala, gizarte-harreman hauetan egongo den gatazkak ekarriko du egitura emozional eta mentalen aldaketa. Areago, espazioaren, baliabideen eta denboraren berrantolaketa materiala (hasteko, emakumeen pentsio unibertsala, herrien arkitekturaren berregituraketa, etxebizitzarako sarbidea, zaintza lanetan pasatzen dugun denboraren murriztapena...), ezinbestekoa izango da pentsatzeko moduak aldatzeko. Ideia, balio eta jarrera aldaketaren aldarrikapena, bestelako aldarrikapen feministekiko modu ezin askatuzkoan irakurri beharko dugu.

      2019an, tarteka, gizonen klasearekin erlazionatze modu ez hain gatazkatsua identifika liteke, beraz. Dena den, egitura publikoek ardura zuzenak hartu ezean, zaintza eta etxeko lanak lan baldintza txarretan eta, kasu batzuetan, esklabotza egoeran aurrera eramango direla ere jasoko da. Zentzu horretan, gizonenganako konfiantza mugatua dela antzeman genezake:

 

      [...] Egitura publikoek ardura zuzenak hartzen ez badituzte, emakumeon* bizkar geratuko dira [zaintza eta etxeko] lan horiek, lan baldintza txarretan eta kasu batzuetan esklabotza egoeran aurrera eramanez (2019: 8).

 

      Finean, 2019an emakumeak* subjektu politiko independente gisa antolatuko direnez gero, gizonekin gatazka-harreman bat izateko tartea handiagoa izango da. Aldiz, 2023an gizonak ere grebaren subjektu izango direnez, gatazka zentrala ez da sexu klaseen artean kokatuko. Areago, gizonak, grebaren subjektu direnez gero, aliatuak lirateke: harremantze horrek feminismoa klase borroka termino eta logiketan egitea zailduko luke.

 

      Zaintzaren konplexutasunari heltzeko behetik gorako prozesu zabalak behar dira, [...], langileon, bereziki emakume langileon eta komunitatearen partaidetzarekin eta gertuko erakunde eta herri mugimenduko eragileekin (2022: 6).

 

      Hala ere, ezin aipatu gabe utzi grebaren antolaketa prozesuan erabaki nagusien eskumena eta lidergoa asanblada feminista ez-mistoek izan dutela eta greba komiteetan beto feminista egikaritzea lortu dugula. Beraz, zentrala ez, baina sexu klaseen arteko gatazkak une oro iraun du.

      Dena den, dosierrean, mundu guztiarentzat zuzenduta egongo diren aldarrikapenak jasoko dira, halakoetan, posizio antagonikotik abiatzen diren klaseentzat defentsa bakar bat sortuko dela problematizatu gabe:

 

      Pertsona guztiak beren buruaren eta gainerakoen zaintzaren erantzukizuna hartzea (2022: 8).

 

      2023ko dosierrean gizonei interpelazioak egingo zaizkie, baina klase antagonikoak bere jarduna kontzientzia hartze baten ondorioz, hertsapenik gabe, aldatuko duela esperoko da (zaintza lanen ardura hartu beharko dute, ez da ardura hartzera behartuko), 2019an bezala. Dena den, oraingoan, zaintza lanak emakumeen bizkar gainetik kentzearen eta lan hauek gizonek ez hartzearen bateragarritasun posiblea ere iradokiko da.

 

      Zaintza betebeharra izan behar da? Edo eta emakumeen bizkar gainetik kendu behar dugu? (2022: 6).

 

      Hertsapenik mantendu nahi ez izatearen bide beretik, ondo zaintzeak, zaintzea modu askean aukeratu ahal izatea eskatzen duela jasoko da (premisa klasiko liberala):

 

      Zer da ondo zaintzea? Aukeratzeko eskubidea bermatzea, baina aukera askearen ideia kritikoki berrikusita (2022: 18).

 

      Bidenabar, gizonei interpelazioak egingo zaizkie, baina hauek ez dira bereziki gatazkatsuak izango. Besteak beste, kezka eta botere harreman terminoak erabiliko dira haserre eta desjabetze terminoak erabili ordez, hurrenez hurren:

 

      Bereziki kezkatzen gaituzte zaintzetan mugitzen diren botere harremanek (2022: 18).

 

 

ZAINTZA

 

      Bi grebetan zaintza-gatazka zentrala izango da; hots, lan gatazkak hartuko du erdigunea. Perspektiba materialistatik patriarkatuan, kapitalismoaren gisan, batzuek besteentzat dohainik lan egitea da azken helburua; eta zentzu horretan, produkzio-erlazioetan (desjabetzean) dago gatazka. Hala, bi grebetako planteamendu orokorrek bat egingo dute emakumeen zapalkuntzaren ikuspegi materialistaren abiapuntuarekin.

      Askotan entzun eta errepikatu dugu definitzeko zaila den terminoa dela zaintza, kontzeptu generikoa den heinean. Zentzu horretan, dosierretan zaintzaren adiera ezberdinak identifika genitzake, konnotazio ezberdinduekin. Bi dokumentuetan errepikatuko dira adiera berdinak, ñabardura batzuekin izan arren. Oro har, batetik, lan edo jarduera gisa definituko da zaintza; bestetik, eskubide gisa.

      Areago, 2023ko dosierraren lehenengo orrietan zaintzaren izaera duala (2022 :5) azpimarratuko da, adieraren arabera zaintzari emango zaizkion konnotazioak sailkatzeko saiakera esplizitua eginez:

 

      Zaintzaren inguruko begirada feminista bat eraikitzen ahalegintzen ari gara, aintzat hartuko dituena zaintzak duen alderdi positiboa (bizimodu komunaren gaineko erantzukizun gisa) eta aldi berean duen alderdi negatiboa (horiek zeharkatzen dituzten sakoneko desparekotasunak) (2022: 3).

 

 

LEHENENGO ADIERA: ZAINTZA LANA EDO JARDUERA DA

 

      2019an, adiera honetan, zaintza lan gisa definituko da oro har, nahiz eta uneren batean jarduera terminoa ere azalduko den.

      Garrantzitsu deritzot zaintzaren definiziotik jarduera (gazteleraz, tarea) kontzeptua ezabatzeari. Izan ere, jarduerak zeregin teknikoari egiten dio erreferentzia; aldiz, lan kontzeptuak, perspektiba marxistatik, zeregin teknikoa ez ezik, produkzio- eta ordaintze-baldintzak ere barnebiltzen ditu, dirutan eta prestigioan, gauzatzen duenaren maila soziala, eta abar (Delphy, 2023). Hala, zaintza jarduera gisa definitzean, zeregin hau, berau egikarituko den produkzio-baldintza patriarkaletatik isolatzen da.

 

      [Zaintza] guztiak hartuko ditugu kontuan: etxekoak, zaintza lan ordainduak, ordaindu gabekoak eta sistema publikoak kudeatzen dituenak (2019: 4).

 

      Bizitza sostengatzeko jarduerak [...] ezin dira bi eremutan banatu. Hortaz, etxeko lanak eta zaintza lanak produktiboak eta politikoak dira (2019: 8).

 

      Dena den, 2019an, oro har, zaintza lan gisa definituko da. Lana, zeina emakumeek egiten duten eta esplotazio baldintzetan egiten den (esplotazio terminoak lan baldintzez dihardugula islatuko du):

 

      Emakumeon* esplotazioari esker, lan horiek dohainik ateratzen zaizkio sistemari; zer esanik ez arrazakeriarekin gurutzatzerakoan (2019: 8).

 

      Lana, zeina ez dagoen argi produktiboa edota erreproduktiboa den:

 

      Gure jendartean, bi espaziotan sailkatu dira jarduera horiek, espazio publikoan edo pribatuan, eta, ondoren, lan produktibo eta erreproduktibo gisa bereizi dira. Bizitza sostengatzeko jarduerak, ordea, zeharkakoak dira eta ezin dira bi eremutan banatu. Hortaz, etxeko lanak eta zaintza lanak produktiboak eta politikoak dira (2019: 8).

 

      [Soldatapeko] lan antolaketaren oinarrian lan erreproduktiboa dago (gehienetan doakoa eta feminizatua) (2019: 13).

 

      Ez dago argi, bestalde, emakumeek egingo duten lanaren apropiazioaren bidez, soilik burgesiak edota, burgesiaz gain, gizonek ere metatzen duten kapitala. Hots, ez dago argi emakumeen klase zapaltzailea gizon klasea den, edota burgesia. Izan ere, ez da argi jasoko zaintza lanek balioa ekoizten duten edota kapitala ekoizten “laguntzen” duten:

 

      Sistema kapitalista eta patriarkalaren arteko aliantzaren ondorioz, kapitalak aberastasuna metatzen du. Bizitzaren erreprodukzioarekin eta zaintzarekin loturiko lan guztiak, historian, debalde jaso ditu (2019: 15).

 

      [Zaintza lanak] ezinbestekoak baitira gizarteari eusteko, bizitza sostengatzeko eta kapitala produzitzeko (2019: 8).

 

      Zaintza lanak debaluatuak daudela dosierrean zehar zenbait unetan aipatuko den arren, ez da debaluazio honen kausarik identifikatuko. Aurrez azaldu dudan gisan, perspektiba materialistatik zaintza lanen debaluazioaren jatorrian emakumeen apropiazio kolektibo eta indibiduala legoke (zehazki, zaintza lanen debaluazioa emakumeen menderakuntzaren adierazpena litzateke). Aitzitik, perspektiba idealistatik, zaintzaren debaluazioaren kausa lan hauen desprestigio kulturala litzateke. 2019ko dosierrean, ordea, ez da debaluazioaren zergatirik azalduko:

 

      Emakumeok* dohainik egiten ditugun lanak, [...] ezkutatu egiten dira, eta balioa kentzen zaie (2019: 8).

 

      Lan feminizatuek eskubide, soldata eta errekonozimendu baxuagoak dituzte (2019: 8).

 

      Emakumeok* egiten ditugun enplegu askok lan baldintza prekarioagoak dituzte, balio sozial gutxiago dutelako (zaintzarekin dute zerikusia) (2019: 15).

 

      Dena den, gehienetan, materialismotik eratorritako irakurketek hartuko dute leku. Izan ere, badirudi zaintza lanek ez dutela edukirik: esfera guztietan aurki genezakeen lana litzateke. Emakumeek esplotazio baldintzetan egiteak ezaugarrituko luke zaintza; nahiz eta ez den esango, zehazki, emakumeek esplotazio edo desjabetze baldintzetan egiteak garamatzala lan bat zaintza gisa izendatzera.

      Ordea, zalantzak identifika genitzake lanaren izaera produktibo edota erreproduktiboari, kapitala metatuko duten klaseei (burgesia edota, burgesiaz gain, baita gizonak ere) edota debaluazioaren kausei dagokienez.

      2023an, 2019kotik bereiziz, zalantza gehiago azalduko dira zaintza lan edo, aitzitik, jarduera gisa definitzeko orduan. Areago, behin baino gehiagotan, zaintzaren adiera hau definitzeko orduan, modu generikoagoan hitz egingo da, ez da ez jarduera, ez lan, ez antzeko substantiborik erabiliko.

 

      Emakumeak* gara bizitzari eusten diogunak (2022: 5).

 

      Zaintza bizimodu duina edukitzeko oinarria da (2022: 5).

 

      Dena den, lehenengo adiera honetan zaintzaz aritzean prekarizazio- eta esplotazio-baldintzak terminologia nagusituko da, zeintzuek lan baldintzei egiten dieten erreferentzia, klasikoki:

 

      Emakumeak* gara bizitzari eusten diogunak [...] esplotazio- eta prekarizazio-baldintzetan (2022: 5).

 

      Emakumeek gizonek baino gehiago zaintzen dutela ohartaraziko da, baina dosierreko une zehatz batean gero eta emakume gehiagok zaintzen ez dutela ere azpimarratuko da.

 

      Emakumeak* gara bizitzari eusten diogunak [...] eta oso modu desparekatuan egiten dugu (2022: 5).

 

      Zaintza [...] ematen ez dutenak: dibertsitate funtzionalik ez duten gizon helduak, oro har; eta gero eta emakume gehiago (2022: 16).

 

      Honakoak emakumeak merkantilizazio prozesuan sartzeari eta, testuinguru honetan, ordura arte beraiek egiten zituzten lanak egiteko beste emakume batzuk, gehienetan arrazializatuak, enplegatzeari egingo die erreferentzia (klase sozioekonomiko jakinetako emakumeek soilik egin ahal izango duten arren).

      Zaintza lanen merkantilizazio pribatua (hots, emakume askotan arrazializatuen esplotazioa) ezin dugu, inolaz ere, irtenbide gisa planteatu. Eta zentzu horretan, ezinbestekoa da langile hauek (zer esanik ez, egoiliar erregimenean lanean diharduten emakume langile arrazializatuek) pairatzen dituzten prekarizazio eta esplotazio baldintzak lehentasunez salatu eta borrokatzea.

      Ordea, gero eta emakume gehiagok zaintzen ez dutela baieztatzeak, lausotu egiten du berriro ere sexu klaseen abiapuntu antagonikoa. Hots, etxez etxeko enpleguan diharduten emakume arrazializatuen esplotazioaren salaketa, emakume eta gizon klaseen posizioa berdindu gabe planteatzen asmatu beharko dugu.

      2023ko dosierrarekin jarraituz, feminizatuta egongo diren zaintza lanak debaluatuta egongo direla ere jasoko da:

 

      Zaintza, gaur egun, balio eta aitortzarik gabeko lana da (2022: 12).

 

      Bide beretik eta modu orokorrago batean, baina, zaintzaren “kultura toxikoaz” arituko gara. Kultura toxiko (ez patriarkal) honetan luke jatorria, era berean, emakumeen zapalkuntzak: infantilizatzailea litzateke. Hots, emakumeak kulturagatik leudeke zapalduta (marko idealista):

 

      Zaintzaren kultura toxiko bat ere badugu (2022: 16).

 

      Gaur egungo zaintza-eredua infantilizatzailea da, zaintzaileekiko [...] emakumeen autoritate eza, emakumeak izaki gutxitu gisa (2022: 17).

 

      Zaintza lanei balioa emateko, aldarrikapen materialistak (produkzio-baldintzetan aldaketak emango liratekeen heinean) eta idealistak formulatuko dira (idealistak, zaintzaren birbalorazioa zaintza lanen baliagarritasuna frogatzean oinarrituko liratekeelako):

 

      Ordaindu gabeko zaintzen balioa handitzeko, beharrezkoa da zaintzeko ditugun baldintza materialak kontuan hartzea [...] etxerik ez duten emakumeentzako harrera-etxeak sustatzea [...] pentsio eta erretiro duinak [...] oinarrizko errenta unibertsala (2022: 13).

 

      Nola balio handiagoa eman zaintza profesionalizatuko lanei? Premiazkoa da zaintza sektoreko lan-baldintzak hobetzea (2022: 14).

 

      Zaintza lanari (ordaindua eta ordaindu gabea) eta lan hori egiten duten emakumeei balio handiagoa ematea, bizitzaren iraunkortasunari egiten dioten ekarpenagatik (2022: 13).

 

      Lanaren banaketa sexualaren jatorria ez da sakonki jorratuko. Dena den, 2023ko dosierreko puntu zehatz batean, jatorrian natura dagoelako baieztapena ere ikus genezake, esentzialismoaren lokatzetara hurbilduz:

 

      Odol loturek zaintzera behartzen gaituztenean, ez zaintzea aukera bat da emakumeentzat? (2022: 6).

 

      Azkenik, azpimarratu beharrean nago ez dela auzitan jarriko lan edo zeregin honen izaera produktibo edo erreproduktiboa eta ez dela problematizatuko zaintza lanek erabilera-balioa ekoizten duten edota, aldiz, kapitala ekoizten laguntzen duten.

 

 

BIGARREN ADIERA: ZAINTZA ESKUBIDEA DA

 

      Zaintzaren bigarren adiera bat identifika genezake bi dokumentuetan: eskubide gisa. Eskubide gisa definitzeak zaintza jasotzeko eskubideari egingo dio erreferentzia eta horrek ondorengo lerroetan azalduko ditudan bi aurresuposizio idealista eskatzen ditu: batetik, zaintza lanek edukizko zati bat partekatzen dute; bestetik, gizonek ere zaindu lezakete.

 

      Zaintza eskubide bat da (2019: 8).

 

      Zaindua izatea eskubidea da (2022: 24).

 

      Zaintza jasotzeko eskubideak lan zehatz batzuetatik ekoitzitzako produktuak edota zerbitzuak jasotzeko eskubideari egingo dio erreferentzia. Eskubide hau formulatzeko, ezinbestekoa izango da zaintza “edukiz” janztea: lan batzuen batuketak definitu beharko du zaintza eta lan zehatz hauetan ekoitziko diren produktu edota zerbitzuak jasotzeko eskubidea izango du, hala, pertsona orok (eta beraz, baita emakumeek ere). Beraz, batetik, zaintzak “eduki bat” izatearen aurresuposizioa ezinbestekoa izango da, bestela eskubide baten formulazioa ezinezko izango baita.

      Zaintza lanek edukizko zati bat partekatuko lukete, beraz: eta ondorioz, emakumeek egitea ez litzateke zaintza lanek izango duten espazio komuna. Marko materialista batetik, (produkzio-erlazio batzuen baitan) emakumeek egiten duten lana bada zaintza, gizonek egitean ez litzateke zaintza izango. Izan ere, balioa hartuko luke lanaren exekuzioaren produkzio-baldintzak aldatuko liratekeen heinean.

      Areago, perspektiba materialistatik azalduko den bezala, lan hauek modu jarraituan (hots, ez anekdotikoki) gizonek egikarituz gero, neurtu eta klasifikatu egingo lirateke: lan hauek ez lituzke zaintza kategoria generikoak barnebilduko. Izan ere, zaintza gisa izendatzen da, modu orokorrean, emakumeek egiten duten lan guztia: umeen heziketatik, zaharrak dutxatzera; erosketak egitetik, etxea garbitzera. Hala, emakumeek etxeko sukaldean egiten duten lana zaintza da; aitzitik, lan hau etxetik atera eta gizonek egikaritzean (hots, produkzio-baldintzak aldatzean) ostalaritza deituko zaio eta neurtu, klasifikatu eta profesionalizatu egingo da.

      Izan ere, zaintza lanen neurketa eta klasifikaziorik eza emakumeak desjabetuak izatearen adierazpena da. Gogora dezagun, emakumeak desjabetuak izatearen adierazpenetako bat dela denboraren apropiazioa (Guillaumin, 2005). Ez dago emakume klasearen lan denboraren eta haren erabileraren inolako neurririk, eta beraz, ez dago lan denbora hau neurtu beharrik: emakume klasea eskuragarri baitago lanerako, oro har, beti eta nonahi.

      Ordea, zaintza lanek partekatuko duten espazio komuna emakumeek egitea izan ordez (eta, beraz, debaluazioa, neurketa eta klasifikaziorik eza emakumeen apropiazioaren adierazpena izan beharrean), zaintza lanek edukizko zati bat konpartitzen badute, gizonek ere zaindu lezakete. Izan ere, honakoa izango da zaintza eskubide gisa definitzeak eskatzen duen bigarren aurresuposizioa. Aurresuposizio honek marko idealistari erantzungo dio, baina estrategikotasun bat ere plantea dezake: emakumeek doan egingo duten lana gutxituko litzateke eta, ondorioz, emakumeen lanaren apropiazioa eta gizonekiko dependentzia mugatuko lirateke.

      Beraz, kausa-ondorio harremana aldatuko da. Emakumeek egingo duten lana izan beharrean zaintza, eta beraz, emakumeen apropiazioaren adierazpena izan beharrean zaintzaren debaluazioa (marko materialista), ondorengoa litzateke planteamendua: badaude lan batzuk zeinak zaintza gisa izendatuak diren (zehaztu gabe zeintzuk diren, baina eskubide bat formulatzen amaituz gero zehaztu beharko da) eta hauek debaluatuak daude (zehaztu gabe kausa zein den), baita feminizatuta ere. Hots, ez da feminizatuta dagoenari deitzen diogula zaintza (marko materialista); baizik eta, alderantziz, zaintza feminizatuta dagoela (marko idealista).

      Zentzu horretan, ez da planteatuko nola “eman balioa” zaintzari; bai, ordea, zaintzaren feminizazioa iraultzeko ezinbestekotasuna. Ondorioz, emakumeen lan karga eta lanaren apropiazioa gutxituko lirateke. Planteamendu idealista horrek, garaipen materialetara eraman gaitzake, beraz.

      Dena den, esan bezala, marko idealistatik eratorritako diskurtsoa izango da: izan ere, zaintza ez luke emakumeek produkzio-erlazio batzuen baitan egikaritzeak ezaugarrituko, eta beraz kausa ez legoke lana egikarituko duen subjektuaren desjabetzean; aldiz, arazoa edukian egon beharko da. Esplizitatuko ez den arren, lanaren beraren behe estatusean edo desprestigioan legoke kausa, kulturan (ez litzateke interesgarritzat irakurria).

      Zaintzak, beraz, lan konkretu batzuen batura badira, zaintza-eredua lan zehatz batzuen (zehaztu gabeak) antolaketa litzateke: zaintza-eredu hau feminizatuta, prekarizatuta eta arrazializatuta legoke. Hots, “erreformagarria” litzateke zaintza, ez baitu emakumeen desjabetzeak definituko, lan batzuen batuketak baizik. Ondorioz, feminizazioa, prekarizazioa eta arrazializalizazioa iraultzea posible litzatekeenez (edonork zaindu baitezake), eredu hau estrukturala litzateke, baina baita koiunturala ere. Hala, posible izango litzateke emakumeen desjabetzean oinarrituko ez litzatekeen zaintza-eredu bat etorkizunean (marko idealista). Aipatutakoak jasoko dira ondorengo enuntziatuan:

 

      Gaur egungo Euskal Herrian dugun zaintza-eredua emakumeon*, eta bereziki emakume* migratuon, esplotazioan oinarritzen baita (2019: 8).

 

      Posible da zaintza beste modu batean antolatzea (2019: 8).

 

      2023ko dosierrean, 2019an mahaigaineratutako eskubide adiera berreskuratu eta konplexuagotu egingo da.

      Hasteko, eskubide gisa formula dadin, zaintza gorputzen eta komunitateen iraunkortasunerako beharrezkoa dela justifikatuko da.

 

      Zaintza bizitzako une eta eremu guztietan da beharrezkoa. Gure gorputzen eta gure komunitateen iraunkortasunerako ezinbestekoa da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko (2022: 5).

 

      Hortaz, zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatuko da. Modu honetan definituko da eskubide hau:

 

      Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintza eskaini eta jasotzeko eskubidearen alde (2022: 6).

 

      Eskubide honen formulazioa dela eta, bi zehaztapen:

 

1.  Berriro ere, nahiko da hertsapenik gabe (betebeharra izan gabe) emakumeek zaintza jasotzea (eta beraz, gizonek zaintza lanen ardura hartzea): askatasunez eta konpromisoz. Dena den, zaintza eskubidea bada Estatuak bermatu beharko lukeenez, zaintza lanen banaketa arautu eta betearazi beharko lukete administrazio publikoek: hertsapena ezinbestekoa litzateke.

            Profesionalizatuko ez liratekeen zaintza lanak egotea ere aurreikusiko da, ordea. Hauek komunitatearen gain geldituko lirateke, zeina erantzunkidetasunean oinarrituko liratekeen. Beraz, ondoriozta genezake komunitatean antolatuko liratekeen zaintza lanak izango direla hertsapenik gabe antolatuko liratekeenak. Dena den, hurrengo atalean helduko diot korapilo honi, zaintza-sistemaren dimentsio komunitarioa aztertzen dudanean.

2.  Zaintza eskubide kolektibo gisa definituko da. Bereziki interesgarri deritzot aipatutakoari, eskubideak kolektiboak izateak iruditegi liberala arrakalatzen baitu, bereziki gaur egungoa. Gainera, mobilizazio forma ezberdinetan lehen lerroan mantendu dugu zaintza eskubidearen izaera “kolektiboa”. Dena den, dosierrean, eskubidearen kolektibotasuna definitzeko, pertsonon eskubideek elkar mugatzen duten ideia liberala erabiliko da.

            Sozialki zabaldua da pertsonen eskubideak elkarrekiko lehian dauden ideia; hala, ongizatearen bilaketa nahiz praktika indibidualak lirateke. Kontrara, perspektiba marxistatik kritikatu egingo da premisa hau: klase bat osatzen dugun heinean, norbere ongizatean sakontzeak klase sozialeko kide ororen ongizatean sakontzea dakar; norbere eskubideen alde egitea, ezingo delako banatu klasea partekatzen dugunon eskubideen alde egitetik. Izan ere, klase interesak partekatuak izango dira, ez antagonikoak. Hala, eskubideen borroka eta aitorpena kolektiboak lirateke.

 

      Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu (2022: 6).

 

      Zainduko nauen pertsonaren eskubideak hasten diren lekuan amaitzen dira nireak (2022: 18).

 

      Bestalde, zaintza eskubide bat izango denez, azaldu dudan gisan, berau formulatu egin beharko da. Ondorioz, eduki bat eman beharko zaio. Zalantzak azalduko dira eduki honi dagokionez; izan ere, feminista materialistek azaldu bezala, zaintzak ez du “berezko” edukirik:

 

      Zaintza-sistemaren izaerari buruz gehiago eztabaidatu behar dugu: Zaintza-sistemak beste sistema batzuk barne hartzen ditu bere baitan? (adibidez, osasun sistema) (2022: 7).

 

      Zaintzek gizarte-zerbitzuetan egon behar dute? (2022: 11).

 

      Azkenik, ez zaintzea eskubide gisa formulatzeko aukeraren aurrean, kezka azalduko da 2023ko dosierrean. Egungo sistema politiko neoliberalean, ezin liteke eskubide bat soilik komunitate politiko batentzat (kasu honetan, emakumeentzat) aitortu. Hala, ez zaintzeko eskubideak gizonek ere, legezko babesarekin, zaintza lanei uko egin ahal izatea ekarriko luke.

 

      Zalantzak ditugu ea ez zaintzea eskubide gisa formulatu ote daitekeen. Oro har, ezin da pertsonarik edo kolektiborik egon sistematikoki ez zaintzea erabakitzen duenik, adibidez, gizonak. Beraz, badakigu zorrotzak izan behar dugula ez zaintzeko eskubidearen formulazioarekin (2022: 6).

 

      Begi-bistakoa den lez, ez litzateke bideragarria ez zaintzea eskubide gisa formulatzea. Ordea, eskubide gisa ez, baina emakumeen* aldarrikapen eta borroka gisa baliagarri izan litekeelakoan nago. Areago, tentuz ibili beharko gara, ez zaintzeko eskubidearen formulazioarekin zorrotzak izatea nahas litekeelako ez zaintzearen aldarrikapenarekin edo hautu politikoarekin zorrotzak izatearekin.

      Izan ere, ez zaintzearen aldarrikapen eta hautu politikoarekin zorrotzak izatearen planteamenduak emakumeak zaintza lanetan giltzapetzea ekar lezake; areago, emakumeei, zaintza lanei uko egiteagatik, historikoki inposatu zaien kulpa sentipena elika dezake. Garrantzitsua da ez zaintzearen aldarrikapena, indibidualismotik urrun, klase-independentziarako aldarrikapen gisa ulertzea. Izan ere, emakumeek ez zaintzearen aldarria eta jarduna errebelazio eta erresistentzia ekintza bezala ulertu beharko dira; desjabetzeari uko egiteko modu gisa. Hala, klase independentzia indibidualismoarekin nahas ez dadin, ez zaintzearen aldarrikapena gizonak ez zaintzearen hautu politiko esplizituagoa bilaka genezake.

      Zentzu horretan, 2019an, zaintza eskubide izateko borroka, emakumeek ez zaintzearen aldarrikapenarekin uztartzeko aukera mahaigaineratuko da.

 

      Zaintza eskubide bat da, eta posible da zaintza beste modu batean antolatzea [...], pertsona guztiok ematen eta jasotzen ditugu zaintzak [...] guztiok baikara zaurgarri eta interdependente. Baina, gizarte heteropatriarkaletan, besteak zaintzea betebehar bat da emakumeontzat* [...], eta menpekotasunean eta besteen desirak betez sozializatzeko modu bat. Ondorioz, hauxe aldarrikatu nahi dugu: emakumeok* badugula eskubiderik zaintzeari uzteko, gure beharrak lehenesteko eta besteen desirak ez betetzeko (2019: 8).

 

      Azkenik, 2023an, zaintza eskubide gisa definitzearekin lotura hertsian, aukera gisa ere definituko da. Izan ere, emakumeek modu indibidual eta doakoan egiten zituzten lanen ardura Estatuak hartzeak, egungo antolaketa politiko eta soziala eraldatuko luke:

 

      Zaintzaren kontzepzioa eta eredua aldatzeak egungo jendarte-antolamendua eraldatzea dakar (2022: 5).

 

      Zaintza-politikak itsasargi izan behar dira, eraiki nahi dugun jendarte-eredurako trantsizioa (2022: 6).

 

      Ordea, ez da soilik zaintzaren publifikazioa (hots, zaintza eskubide bilakatzea) irakurriko estrategiko edo aukera gisa, baizik eta zaintzak berak ere baluke potentzial politikoa, dosierrean zeharka antzeman litekeen gisan. Zaintzaren adiera hau biziaren iraunkortasunari lotuko litzaioke: merkatuak eta logika produktibistak erdigunean ez jartzeari (Orozko, 2024). Eta kapitalismoarekiko alternatiba eta erresistentzian, zuzenean lotuko da ardura kolektiboarekin (eta askotan, afektiboarekin) ere: indibidualismo, lehiakortasun eta norberekoikeriatik aldenduz.

 

      Zaintza eraldaketa sozialerako bultzada da; potentzial politiko izugarria du (2022: 5).

 

      Gogora dezagun marko materialistatik emakumeek lan bat subalternitate baldintzetan egiteak definitzen duela zaintza. Beraz, aipatutako adiera eta materialismotik proposatutakoa antagonikoak lirateke: batak desjabetzeari egingo dio erreferentzia; besteak, aukera politikoari.

      Zaintza terminoaren generikotasunak arrisku nabarmenak izango ditu: mugimendu feminista polisemiaren korapiloetan trabatuta gera liteke eta kontzeptuaren konnotazio positiboaren erabilera interesatuak egingo dira alderdi politiko, enpresa eta gizon klasearengandik.

 

 

BI DIMENTSIO:
PUBLIKOA ETA KOMUNITARIOA

 

      Zaintza eskubide gisa definitzen bada, (emakumeek) lan zehatz ezberdinetatik eratorriko diren produktu edota zerbitzuak jasotzeko (zaintza jasotzeko) eskubidea Estatuak bermatu beharko du. Beraz, zaintzaren bigarren adiera idealistak (zaintza eskubidea da) aldarrikapen eta borroka materialistei emango die bide. Izan ere, zaintza lanen produkzio-baldintzetan emango dira aldaketak, hauek publifikatuz gero: “balioa” eman edo “errekonozitu” ordez, lan hauek familiaren eremutik atera eta hauengatik soldata bat kobratuz.

      Publifikazioaren bidez, aurreko kapituluan azaldu bezala, emakumeen lan karga eta, beraz, pobrezia gutxituko lirateke. Modu berean, birbalorazio materialak (hots, lan hauek egikaritzeagatik lan baldintza duinetan soldata bat eskuratzeak) balio soziala handituko luke.

      Zaintza “eskubide” gisa izendatzearekin bat etorriko da, beraz, egitura publikoek zaintza lanen ardura hartzearen beharrezkotasun aldarrikapena:

 

      [...] Egitura publikoek ardura zuzenak hartzen ez badituzte, emakumeon* bizkar geratuko dira [zaintza eta etxeko] lan horiek, lan baldintza txarretan eta kasu batzuetan esklabotza egoeran aurrera eramanez (2019: 8).

 

      Publiko izateak zaintzarako eskubidea bermatu behar du [...] Arlo publikotik finantzaketa eta kalitatea bermatu behar dira (2022: 7).

 

      Zaintza lanen ardura hartzeko exijituko zaie, hala, administrazio publikoei: desfamiliarizazio politiken aldarrikapena litzateke honakoa. Emakumeek etxean egin izan dituzten lanen esternalizazio/kanporatze (azpikontratatze) hau merkatuaren bidezkoa ezin izan daitekeela ere zehaztuko da. Bat egingo da Goikoetxea, Lujanbio, Rodriguez eta Garaik Euskal demokrazia patriarkala liburuan egingo duten ohartarazpenarekin, zeintzuek, gogora dezagun, zaintza lanen merkantilizazioak xxi. mendean despatriarkalizaziorik ez dakarrela mahaigaineratzen duten.

      2019an, besteak beste, desfamiliarizazioa lekarketen politika publiko denetarikoak martxan jartzeko aldarria egingo da “exijentzia politikoen” atalean. “Besteak beste” diot, menderakuntza patriarkal, kolonial eta kapitalistek har ditzaketen biolentzia forma ezberdinen salaketetatik abiatuz, aldarri ugari eta anitzek hartuko dutelako leku.

      Exijituko diren politika publiko hauek eremu ezberdinei dagozkie: enpleguaren (enplegu arautuen eta ez arautuen), pentsioen, etxez etxeko lanen, landa eremuaren, indarkeria matxistaren, abortuaren, trans despatologizazioaren, Atzerritarren Legearen, arrazakeriaren, euskal presoen, proiektu txikitzaileen, gerren nahiz euskararen eremuekin dute lotura (2019: 11).

      Eremu zabalak izango dira problematizatuak; ondorioz, hauen aurreko exijentzia politikoak ere zabalak izango dira; eta, beraz, zehaztasunik gabekoak (eremu hauei guztiei dagozkien politika publikoen exijentziak hiru orrialdetan laburtuko dira).

      Honen isla ere izango da, exijituko diren politika publiko hauetako batzuen eskumenak Euskal Herriko unitate administratibo ezberdinei dagozkien bezala, beste batzuk ez dagozkiela. Ez dira modu berezituan jasoko, edota ez da erreferentziarik egingo eskakizun bakoitza zein instituzio berezituri exijitzen zaion.

      2023ko dosierrean zaintza lan batzuk publifikatzearen aldarrikapena berreskuratu eta zentraltasun nabarmenarekin itzuliko da, zaintzarako eskubidea publikotasunarekin lotuz:

 

      Gure ustez, publiko izateak zaintzarako eskubidea bermatu behar du (eskubide sozial gisa ulertzen dugulako) [...] Publikoak unibertsala eta bidezkoa izan behar du. Arlo publikotik finantzaketa eta kalitatea bermatu behar dira (2022: 7).

 

      Zaintza feminizatuta (eta arrazializatuta) dagoela salatuko da, eta baita pribatuki merkantilizatuta ere. Instituzio publikoek egikaritutako pribatizazioen eta azpikontratazioen bidez, zaintza negozio bilakatu eta prekarizazioan sakontzen dela salatuko da, modu jarraituan. Bidenabar, lan batzuen publifikazioaren eta baldintza duinetan profesionalizatzearen defentsa egingo da:

 

      Zaintzek ez dute negozio bat izan behar (2022: 7). Egungo egoeran, zaintza [...] gero eta merkantilizatuago dago: erakundeek pribatizazioa sustatzen dute (2022: 8).

 

      [Profesionalizatuta dauden zaintza lanak] era prekarizatuan eta lan baldintza txarretan egiten dira (2022: 12).

 

      [Zaintza-sistema publikoak] merkantilizatu gabeko publikoa izan behar du (2022: 7).

 

      Gure apustua: —zaintza lan batzuk profesionalizatzea (2022: 12).

 

      Publifikazioaren aldeko proposamen orokorrak jasoko dira (2019ko dosierrean baino modu zehatzagoan) eta baita arlo ezberdinetan martxan jar daitezkeen politika publiko zehatzak identifikatu ere (etxez etxeko enpleguaren arloan, kasu). Bestalde, haurtzaroan, zahartzaroan eta bizitzan zehar beharrezko diren zaintza lanen (dibertsitate funtzionala duten pertsonen kasua modu berezituan aztertuz) problematizazioa egingo da (2022: 20-31); aldi berean, arlo hauei dagozkien politika publiko zehatzen aldeko aldarrikapenak jasoz:

 

      Arlo publikoa behatzeko sistema bat ezarri, baita azpikontratatuta dagoenean ere [...] Zerbitzuak berriz udalerriratzea [...] / Zaintzako lan-baldintzak betetzen direla ikuskatzea, eta eskubide-urraketak arlo publikotik kontrolatzeko mekanismoak [...] Egoitzetan lan-baldintzak hobetzea (2022: 14).

 

      [Etxez etxeko enpleguari erreferentzia eginez] sindikatuetan etxeko langileentzako doako lan-aholkularitza [...] Etxeko langileen kooperatibak sortzea (2022: 14).

 

      Bide beretik, lan baldintzak duinak izatea exijituko da, publikotasunak honetarako tresnak eskainiz:

 

      Zaintza-sistema publiko-komunitarioa abian jartzeak hiru intzidentzia-bide estrategikotan aurrera egiteko aukera eman behar digu: [...] 2. zaintza lana duintzea eta profesionalizatzea (2022: 8).

 

      Publikotasunarekin harremanetan, ongizate estatua sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistaren forma dela aitortuko da. Ordea, ongizate estatuko mekanismoak erabiliko lirateke sistema sozial berri baten bidean. Goikoetxea, Lujanbio, Garai eta Rodriguez-en (2020) planteamenduarekin bat egingo da beraz, klase sozialen deuseztapena ortzimugatzat galdu gabe, publifikazio prozesuen alde egingo delako, publiko-pribatu dikotomia sistema liberalaren sorkuntza eta zutabe izan arren. Hala, publifikazioaren bidez emakumeen botere tasak handitzea, bizi kalitatea hobetzea, eraldaketarako aurrebaldintzak sortzea edota emakume eta gizon klaseen arteko botere harremanen birsortzea oztopatuko litzateke.

 

      Ongizate estatuaz harago doazen ereduez kolektiboki pentsatzea eta hauek imajinatzea, sistema kapitalista heteropatriarkal eta kolonialistari aurre eginez, eta zaintza kokatuz bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial baten ardatz gisa [...] Horretarako, ongizate estatu deituriko horren mekanismoak erabil ditzakegu (2022: 6).

 

      2023an aldarrikatuko den zaintza-sistema, ordea, ez litzateke soilik publikoa izango; baita komunitarioa ere.

 

      Zaintzarako eskubide kolektiboa posible egingo duen euskal sistema publiko-komunitarioaren aldeko apustu irmoa egiten dugu (2022: 3).

 

      Publifikatuko ez liratekeen zaintza lanak komunitateak bermatuko lituzke:

 

      Zaintza-sistema publiko-komunitarioa abian jartzeak hiru intzidentzia-bide estrategikoetan aurrera egiteko aukera eman behar digu: 1) Pribatizazioaren aurrean... kolektibizatu (2022: 8).

 

      Izan ere, zaintza lan guztien publifikazioa problematiko gisa irakurriko da: zaintza lanen erantzukizunaren alboratze saiakera gisa. Ordea, garrantzitsu deritzot edozein lanen ardura Estatuak bere gain hartzen duenean, lan hauek izate abstraktu batek egiten ez dituela seinalatzeari; aldiz, jendarteak egikarituko ditu.

      2023ko dosierrean, zaintza lanak emakumeen gain lagatzea eta Estatuaren esku uztea parekatuko dira. Ordea, Estatuak zaintza lanen ardura hartzea zaintza lanen birbanaketaren bermea litzateke; kontrara, emakumeen esku uztean desjabetzea emango da, nahitaez. Beraz, parekatuko diren esternalizazioak (pribatizazioak) antagonikoak izango dira.

 

      Kolektibizatzea zer den: —Pertsona guztiek beren buruaren eta gainerakoen zaintzaren erantzukizuna hartzea: esternalizazioaren logikarekin haustea (egin diezadatela: emakume batek, estatuak edo erosita) (2022: 8).

 

      Bestalde, ez dago argi nola definituko den komunitatea. Izan ere, modu ezberdinetan ezaugarrituko da:

 

      [Lehenengo adiera] Zer da komunitarioa? Administrazioa, gizarte zibil antolatua eta kooperatibak. Hau da, [...] komunitatea [...] dela tokiko egoeraren araberako triangelu horren kudeaketa on bat (2022: 9).

 

      [Bigarren adiera] Komunitarioa egunerokotasunarekin, afektibitatearekin eta bizikidetzarekin lotutako jarrerak dira. Administrazioak ez du inoiz hori egingo. Funtsezko edo oinarrizko zaintza lanak ez ditu zerbitzu batek ematen, bizitza komunean eraikitzea da kontua, jendearekiko atxikimendua lantzea (2022: 9).

 

      Lehenengo adierarekin lotuta, Estatuari baliabideak exijituko litzaizkioke:

 

      Komunitatearen antolaketak denbora, baliabideak eta egonkortasuna behar ditu (2022: 10).

 

      Dena den, bigarren adiera nagusituko da dosierrean zehar. Bigarren adiera honetan, komunitatea sentsibilizazio feministarekin egituratuko litzateke: beraz, hertsapenik (araurik) gabe, gizonen kontzientzia aldaketa boluntarioan jarriz indarrak:

 

      Nola egituratzen da hori [komunitatea]? Sentsibilizazio feminista handiarekin, horregatik, ez dugu soilik administrazioa interpelatu nahi, jendea, gizonak...ere interpelatu nahi ditugu (2022: 9).

 

      Bi adiera hauek elkarrekin talkan aurkituko dira: batean Estatuak paper garrantzitsua luke (finantzazioa eta, ondorioz, kalitatea bermatzeko ardura) eta, bigarrenean aldiz, modu autonomoan garatutako antolaketa litzateke. Lehenengo adieran arauak ezinbesteko lirateke kalitatea bermatzeko; bigarrenean, aldiz, emakume eta gizonen erantzunkidetasuna litzateke oinarria. Honen arriskuez ere ohartaraziko da:

 

      Zer arrisku ditu komunitarioari eginkizun bat emateak zaintza-sisteman? —Inplikazio unibertsala: Jendarte osoa prest egongo da zaintzan inplikatzeko? Komunitatea arautzen ez bada, nola lortuko da, adibidez, gizonek lan horiek egitea? (2022: 10).

 

      Ondoriozta genezake, hala, ez dela argia ez komunitatearen definizioa, ezta komunitatearen eta Estatuaren arteko harremana (lan banaketa barne) ere.

      Zaintza lan batzuk Estatuak bermatuko lituzke, beraz; beste batzuk, komunitateak. Egun, ordea, publifikatuta ez dagoena familiarizatuta dago kasurik gehienetan (ez du, oro har, komunitateak egiten). Ez da problematizatuko publifikatu beharko ez liratekeen zaintza lanak nola desfamiliarizatu. Familiaren instituzioa problematizatuko da, baina ezin izango zaio irtenbiderik aurkitu familiarizazioari, publifikaziotik kanpo:

 

      Kolektibizatzea zer den: —Eragile guztiek zaintzeko erantzukizuna beren gain hartuko duten espazioak egotea; jasotzen dugun zaintza ez izatea gure familia-sarearen edo dugun diruaren araberakoa (2022: 8).

 

      Egungo egoeran, zaintza erabat familiarizatua dago: familien erantzukizun nagusi izaten jarraitzen du (2022: 8).

 

      Zer zaintza mota desinstituzionalizatu daitezke hauen ardura familiei itzuli gabe? (2022: 11).

 

      Azkenik, bada komunitarismoaren aldarrikapenek sortzen duten bestelako kezka bat ere: komunitarismoa aitzakia gisa erabiltzea publikotasunean ez sakontzeko edo pribatizatzeko. Hala, dosierraren sarreran bertan, diskurtso feministaren xurgapen instituzional interesatua salatuko da, esplizituki:

 

      Jakin badakigu, gure kontzeptu eta aldarrikapen ezberdinen bereganatze instituzional bat eman daitekeela. [...] Adibidez, EAJ/Eusko Jaurlaritza arlo komunitarioan pentsatzen ari da, baina hura despolitizatuz, edukiz hustu eta pribatizatu egiten du. Horren aurrean, komunitatea guretzat zer den definitu behar dugu, bestela, bere eredua nagusituko baita (2022: 4).

 

 

 

[22] 2023ko dosier gisa egiten diot erreferentzia 2022an idatzi zen txostenari (zehazki, aurrez aipatu bezala,  2022an izandako zaintza-sistema publiko-komunitarioaren inguruko jardunaldien laburpen dokumentua da). Izan ere, 2023ko grebarako bide-orri gisa erabili genuen txosten hau eta modu honetan egin da ezagun.