Euskal Herriko greba feministak
Euskal Herriko greba feministak
2024, saiakera
124 orrialde
978-84-19570-30-7
editorea: Jule Goikoetxea
Uma Ulazia
2001, Mutriku
 
Euskal Herriko greba feministak
2024, saiakera
124 orrialde
978-84-19570-30-7
aurkibidea
 

 

Hasi baino lehen

 

 

      Bost urte igaro dira jada 2018an Euskal Herriko mugimendu feministak lehenengo aldiz greba feminista deitu zuenetik, eta 2023ko azaroan hartu zuen leku greba feminista orokorrak[2]. Greba egun hauek inflexio puntu izan dira euskal feminismoarentzat, baita urte luzeetako borrokaren parte eta ondorio ere.

      Feminismo autonomoa 70eko hamarkadan hasi zen antolatzen Euskal Herrian. Hala, behin xxi. mendean sarturik, krisi finantzarioaren eta etaren armagabetzearen ondoren, feminismoa ezkerreko antolakundeetan ardatz nagusi moduan sartzea lortu zen, ardatz nazionalarekin eta antikapitalistarekin batera.

      Feminismoak zentraltasun hau eskuratu izana mundu mailan zabaltzen ari zen laugarren olatu feministaren baitan ulertu behar dugu; olatu honek, 2014az geroztik, euskal mugimendu feminista autonomoa hedatu, indartu eta egonkortzen lagundu du. Hala iritsi zen 2018ko mundu mailako lehenengo greba feminista, eta horren ondoren bigarrena, 2019ko martxoaren 8an. Urte horren amaieran, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen bueltan, hiru mila emakume*[3] elkartu ziren Durangon. Jardunaldi hauek 2023ko greba feminista orokorraren aurrekaritzat ditu Goikoetxeak (2023).

      2020an mundu mailako pandemiak egin zuen eztanda, denon bizitzak sostengatzen dituena emakumeen lan ezkutua dela agerian geratuz. Krisi testuinguru hau abagune gisa ere baliatu zuen mugimendu feministak, funtsezko lan hauek soilik emakumeek eta subalternitate baldintzetan (hau da, oso gutxi kobratuz edo kobratu gabe) egiten dituztela salatzeko.

      Lan hauei “zaintza” hasi ginen deitzen, modu generikoan, 80ko hamarkadako feministen genealogiari jarraituz (Goikoetxea, 2023). Pandemia betean, Bizitzak Erdigunean plataforma sortu zen mugimendu feministaren barnetik, zaintzaren auziari heltzeko. 2020tik 2023ra bitarte, zaintza-gatazkaz ikasi eta berau politizatu dugu, eta horrela iritsi gara 2023ko azaroaren 30eko greba feminista orokorrera.

      2014an kokatu badut ere laugarren olatuko feminismoaren hedatze edo goraldiaren hasiera, 2018ko lehenengo grebatik azken greba orokor feministara nabarmena izan da bizi izan dugun mugimendu feministaren loraldia Euskal Herrian. Zabaltze hau 2019. eta 2023. urteetako grebetan baliatu diren dosierren erredakzio prozesuan bertan antzeman liteke. Lehena, espresuki grebarako idatzi zuen zortzi kolektiboz osatutako Euskal Herriko koordinazio nazionaleko taldeak; kontrara, bigarrenaren erredakzioan hogeita hamabi eragiletako emakumeek* (tartean talde feminista eta antiarrazistak, ikerketa taldeak, sindikatuak nahiz kooperatibak) hartu zuten parte[4].

      Euskal gizartearen gero eta masa handiago batek du bere burua feministatzat eta honakoa garaipen handia da, hegemonia borrokatzeko gaitasuna izatearen seinale baita. Ordea, zabaltze orok eduki hustuketaren arriskua (edo sektore interesatuetatik, husteko ahalegina) berarekin dakarrela jakina da, eta joko arau berri hauetan garatu beharko da estrategia feminista.

      2019. eta 2023. urteetako greba egunetan erakutsi dugun bezala, langile klasearen borrokarako tresna historiko bat berrasmatzen jakin dugu. Lanaren ulerkera eraldatu dugu, lanaren nozioa enplegura mugatzea kritikatuz eta lan ez-ordaindua erdigunera ekarriz. Hala, kontzeptualizazio berri hau grebara aplikatzea lortuz, greba, tresna gisa, berrasmatzea lortu dugula esan genezake.

      Greba egunetan kate produktiboa eta errepideak eten ditugu. Atera dugu lan pribatua kalera. Itxi ditugu ikastetxe eta lantokiak. Pintatu ditugu eskaparateak eta pankartez josi zubiak. Pegatinaz bete ditugu txaketa eta posteak, eskuorriz poltsikoak, eta kuņak eta sirenak nagusitu dira enpresa eta gobernu erakundeen sarreretan. Euskal Herri Feministaren alde oihukatuz bete ditugu kaleak, gure herrian azken hamarkadetan ikusi izan diren manifestaziorik jendetsuenetan.

      Baina greba feministen antolaketa prozesuak berak ere izan du eder bezainbat apurtzailetik. Sektore anitzetara eta Euskal Herriko txoko periferikoetaraino eraman dugun borroka izan da, eta hauetan guztietan politizatu da zaintza-gatazka.

      Politika egiteko helduleku bat irudikatu eta eraiki dugu. Parez pare ireki dugu borroka ziklo baten hasiera, feministok lidergoa izanda. Emakumeon* auto-antolakuntzaren zilegitasun eta beharrezkotasuna jarri ditugu jo puntuan: subjektu independente gisa antolatuz 2019an eta asanblada ez-mistoetan elkartu eta beto eskubidea egikaritzea lortuz 2023an. Elkargune berriak sortu ditugu. Eta zentzu horretan, zaintza sektoreko emakumeen elkarte eta sindikatuen politizazioetatik abiatuz, elkartasun piketeen antolaketan aritu gara, kontraesan eta indargune guztiekin.

      Bide-orri berri bat, akordio soziala, idatzi dugu; patronalak, gizonak eta alderdi politikoak seinalatuz. Garaipenak eskuratu ditugu hemen eta han. Eta feminismoak, borroka partikularra izatetik, borroka orokorra izateko saltoa eman du.

 

 

POSIZIOA ETA ASMO POLITIKOAK

 

      Tresna berri bati buruz dihardugu beraz, aldaketa politiko baten testuinguruan. Une politiko hau irakurtzeko saiakeran, liburu honek 2019. eta 2023. urteetako grebetan bide-orri gisa erabili diren dosierren analisia egingo du, egungo koiunturaren isla baitira.

      Koiunturaren irakurketaz haratago, idatzitakoak irekitzen dituen aukerak, blokea ditzakeen bideak nahiz diskurtsoak indartu edota arrakalatu ditzakeen egiturak identifikatzea ahalbideratzen du diskurtso baten analisia egiteak. Aldi berean, ezinbestekoa da gogoan izatea diskurtsoaren arrakasta ez datzala, berez, ideien arrazionalizazioan edo egiaztagarritasunean, bere eraginkortasunean baizik (Odriozola eta Zabalo, 2017). Ordea, sinetsita nago analisiak berak eraginkortasun honetan sakontzeko tresnak eman diezazkigukeela.

      Norberak militatzen duen espazioaren analisia egitea ez nuke esango ariketa erraza denik. Azkura eragin dezake ingururik hurbilenean, idatzitakoak kezka eta ardura handia sortzen ditu ikerlariarengan: zerk egiten duen ekarpena, eta zerk ez. Hala izanik, azaldu nahiko nuke autokritikatik planteatutako lana dela eskuartean duzuna, diskurtso feminista fintzeko gakoak biltzeko asmoan eta barne eztabaida politikoak hauspotzeko helburuz egina. Militante gisa, guretik eta guretzat idatzia.

      Mugimendu feminista mugimendu politiko bat da. Eta, mugimendu politiko orok bezala, korronteak ditu eztabaidan: aberastasunaren, garapenaren eta sendotasunaren bermea eta isla izanik honakoa. Feministok, toki ezberdinetatik, teoria eta praktika ezberdinak egiten dihardugu. Eta korronte guztien elkargune zaigu mugimendu feminista.

      Greba dosierren diskurtso analisia bollerismotik dago egikaritua. Beharrezkoa da zaintza-sistemaren inguruko diskurtso bolleroak egitea. Izan ere, zaintzaren auziak (emakume-gizon) klaseen arteko gatazka erdigunean du, bi klaseen arteko harreman heterosexuala izanik zaintzaren antolaketa patriarkala sostengatzen duena. Hala, bollera subjektua analisirako leku estrategikoa izan daiteke, heterosexualitatean ez kokatzeak kanpo perspektiba bat emango digulako.

      Ez dugu emakumeek emakumeen gauzez eta bollerek bollerismoaz soilik hitz egitearen kondena errepikatzen jarraitu nahi. Sistematikoki kanporatzen gaituzte borroka zentral, zapalkuntza garrantzitsu eta subjektu unibertsaletatik. Euskal herritarren erdia baino gehiago errealitatearen zati txiki bat soilik omen garenez, errealitatearen zati txiki horren gaineko iritziak ematea bakarrik baimendu zaigu, kasurik onenetan. Ordea, guk proposamen politiko osoak egiten dihardugu: ez unibertsalak, baina ezta beste inork egiten dituenak baino partzialagoak ere.

 

      Gureak ez dira benetako “arrazoiak”, emakumeek egiten dutena “lana” ez den bezala, greba feminista bat “orokorra” izan ezin den bezala; zeren “benetako” arrazoiak, “benetako” lana, “benetako” greba, “benetako” dena beste batzuena baita beti (Baraņano, 2023).

 

 

PARTZIALTASUNAK

 

      Feminismotik egingo diren proposamen politikoak bestelako proposamenak baino partzialagoak ez izateak, ordea, ez ditu partzialtasunak ekiditen. Hain zuzen ere, honetaz jardun nahiko nuke zuzen-zuzenean liburuaren muinera sartu baino lehen.

      Aztertuko ditudan dosierretan ardatz kolonial, patriarkal nahiz kapitalistak problematizatuko dira. Ordea, liburu honetan, sexu-zapalkuntzaren analisiak hartuko du erdigunea, sistema kapitalistarekin harremanduko dudan arren, hala dagokionean.

      Ez dut zentraltasunez problematizatuko ardatz koloniala, presentzia handia izan duen arren greben antolaketa prozesuetan eta, bereziki, igaro berri den greba orokor feministan. Kolektibo eta militante antiarrazisten lanari esker, 2019an jasotako aldarriei berriak gehitu zaizkie 2023an: berriak eta zehatzagoak, klase arrazializatuaren errealitateari erantzuten dietenak. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi mugimendu antiarrazistaren baitako sektore batek grebarekin bat egin zuen gisan, beste sektore bat ez zitzaiola greba orokor feministari atxiki.

      Atxikitako sektoreak, etxez etxeko langileen kolektibo eta sindikatuz osatuak, greba “aukera historikoa” dela azpimarratu zuen. Aldarrikapen zehatzak egin zituzten talde hauek, tartean Espainiako Atzerritarren Legearen deuseztapena, errolda- eta etxebizitza-eskubideen aitorpena (Berria, 2023-11-08) edota etxeko enplegua eta zaintzak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean kokatzearen aldarria (Argia, 2023-11-08). Aitortu zuten babesik gabe egoteak mugatu egiten dituela protesta egiteko garaian, eta horrexegatik erabaki zutela egotea, ez direla geldirik egongo; egoteko, parte hartzeko eta entzunak izateko modu eta abagune asko daudela, eta ez dituztela alferrik galduko (Berria, 2023-11-08).

      Aldiz, atxikimendurik azaldu ez zuen sektoreak zaintzarako eskubide kolektiboaren diskurtsoarekin bat datorrela adierazi arren, greba bidezko estrategiak sektore arautu gabeetan edo babes sindikalik gabekoetan lan egiten duten pertsona arrazializatuak eta ijitoak kanpoan uzten dituela adierazi zuen. Gehitu zuten, subjektu politiko gisa jardun ezin duten tresna baten alde egiteak berriz ere mendeko posizio batean jartzen dituela (Ecuador Etxea, 2023-11-12), eta grebara ez atxikitzea erabaki zuten.

      Grebarekiko posizionamendua, tresna gisa, edozein izanda ere, klase arrazializatuaren eta zurion arteko gatazka erdigunean kokatzen duten analisiak eta estrategiak ezinbestekoak zaizkigu eta, liburu honetan, falta egingo dira. Argi dago, aitzitik, eztabaidak irekitzen ari direla, berriagoei bide emango dietenak. Eztabaida hauek gatazka dakarte eta, gatazkek, eraldaketak.

      Klase sexualen arteko borrokan sakontzearen alde posizionatuko naiz liburuan zehar. Baina, modu berean, ez dut bestelako borroken erradikaltasunaren beharra neutralizatu nahi. Alderantziz, polarizazioak polarizazioa indartzen duelakoan nago.

      Zaintza-gatazka konplexua da, zapalkuntza ardatz ezberdinek zeharkatua; edo, zehazki, hauen guztien emaitza. Ordea, zapalkuntza ezberdinen identifikazioak ez gaitzala zapalkuntzen olinpiadetara[5] eraman. Ez gaitzala gu hain gaizki ez gauden irakurketen formulaziora eta immobilismora eraman, status quoaren diskurtso interesatu bezain ezagun honek sistemaren erreprodukzioa, legitimazioa eta mantenua bermatzen baititu. Aitzitik, konplexutasunek eraman gaitzatela aktibaziora eta gatazketara.

      Azkenik, azpimarratu nahiko nuke ez naizela arituko barne inperialismoaz, lurralde antolaketaren eraldaketaz eta lurraren banaketaz, eta ezta geure gorputzari eta lurraldeari buruz erabakitzeko gaitasun eta eskubidearen arteko loturez ere (Goikoetxea, 2023), zaintza-gatazkari dagokionez aurrerapausoak emateko lehentasunezko gaiak izan arren.

      Behin asmo politikoak kokatuta, testuinguruaz eta ezaugarritzeaz ariturik eta partzialtasunak aitortu ondoren, ekin diezaiogun bada.

 

 

 

[2] Euskal Herriko mugimendu feministak deitu ditu greba hauek. 2018. eta 2019. urteetako grebak Euskal Herri osoan egin ziren; aldiz, 2023. urtean Hego Euskal Herrian soilik egin zen greba. Urte horretan, bestelako mobilizazioak deitu ziren Ipar Euskal Herrian.

[3] Asteriskoa erabiliko dut emakumeen talde sozialaz eta, sexu-genero disidente gisa emakumetasuna desafiatu arren, emakume klase bezala ere borrokatzen dugun subjektu politikoez hitz egiteko.

[4] Azken hau, zehazki, 2022. urtean izandako zaintza-sistema publiko-komunitarioaren inguruko jardunaldien laburpen dokumentu gisa jaio zen.

[5] Zapalkuntzen olinpiada terminoak zapalduen artean legokeen hierarkia bakar baten pentsamenduari egiten dio erreferentzia. Posizio sozial ezberdinen “zapalkuntza-ponderazioa” oinarritzat hartuz eskema bat proposatu zuen Gayle Rubin-ek. Feminismo intersekzionaletik kritikatua izan da planteamendu hau, testuinguruaren garrantzia nahiz zapalkuntzen dinamikotasuna ukatu, zapalduen arteko lehia sustatu eta immobilismora bultzatzen duelakoan.