Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-31-2
Joan Mari Irigoien
1948, Altza
 
 

Hegalbiko haran

 

  «...biok kristalaren alde berean geundela jakiteko»

                                                      M.J. Kerejeta

 

Gelako leihoa zabalik

eguzki gorria Kantauri itsasora amiltzera zihoan

eta paretatik zintzilik zegoen El Greco-ren koadroak

argi hartatik hartu zuen arratsaldearen azken arnasa.

 

Irudiz betetako koadro bat zen arren

arintasun oso bat zerion laukiari,

betetasun haren azpian

argi zabalaren hegaztiak lotan baileutzan.

 

Hotzak zeunden zu,

hotzak ni,

neguaren terrazan biok

kanposantuko altzifreen itzal beltzei begira,

eta hegaberak

batetik bestera zebiltzan, noraezean,

aire ubelaren izotza hautsi nahian.

 

Koadroaren kontrastean

astunak ziren gure gorputzak,

astuna denboraren etxea, argigabea,

lau haizeetara itxia.

 

Baina guk zazpi mende generamatzan

mirariaren zain,

bai baikenekien neguaren bihotzean

udaberriak ere taupaka egin zezakeela,

taupaka egingo zuela ilunabar joan berri hartan,

koadroaren irudiak oro

argiaren azken hotsetan

disolba zitezenean.

 

Espero bezala,

koadroarekin batera barnehustu ginen biok,

eta

—hutsune bat zu, beste bat ni—,

behea goia egin zitzaigun

markoaren mugagabeko mugan.

 

Urtu ziren distantziak eta izotzak gure gorputzetan,

bildu ziren

            lurpeko ur beroak eta izar iheskorrak,

eta hasperenez hasperen

leiho bat ireki genion

denboraren etxe itsuari:

 

handixe joan ziren, elkarren gainean,

iparra eta hegoa.

 

w1991