Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-31-2
Joan Mari Irigoien
1948, Altza
 
 

Argi ezezagunak

 

  «Joys impregnate. Sorrows bring forth»

                                                    W. Blake

 

Bizitzatik heriotzarako zure lehen bidaia hartan

argioilarraren hegal hautsitik eroritako itzalek

espazioa hesitu zuten

eta aire estu hura arnasteagatik

odolbildu zitzaizun denbora biriketan.

 

Baina plazerrak oinaze hura zuen atari,

heriotzak baikintuen bizitzan sendotzen.

 

Hegoan zauritu zintudan, bai,

eta oinazearen oinazez

odolusten ari zinen,

plazerraren plazerrez aire-gabetzen,

begiak lausotzen,

hiltzen,

baina begiradaren azkenean

su eder bat ere antzeman zitekeen,

bizi-hondarraren distira.

 

Argi-obelisko batek eutsi zion

izarretatik eskegitako zure azken arnasari,

heriotzatik bizitzarako

zure lehen bidaia hartan.

 

w1991