Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Ene Caracasko dama beltz maiteari
Esku amultsuek landutako anforaren baitan
Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Ene Caracasko dama beltz maiteari
Esku amultsuek landutako anforaren baitan
Amaren ipuinak
«...la contemplación de los números que se enlazan
como notas o amantes...»
O. Paz
Ez dago ezer,
ezer ez dago,
ipar-izarrak behiala galdu baitzuen bere iparra
eta hegoa desertu beltza baino ez baita
munduak oinarrian zituen zenbakiak eta ipuinak
haize arrotzak eraman zituenez geroztik.
Ez, ezer ez dago,
eta hala ere,
hala ere teleskopioa jarri duzu terrazan,
gogoa bidaiari,
haitzuloetako anderea bere kometerratzean hegan ikusi asmoz
edo planeta ezkuturen batean geldi,
adatsean behera jauzika doazkion argi-urteak urrez orrazten,
erreka kosmikoren baten ertzean.
Ezer ez dago, ez,
eta hala ere,
gaua beste harpe beltz bat baino ez baita,
gora begira jarri zara,
antzinako gizaki haiek bezala, begiak zabal,
haiek ez bezala, itsu,
beltzunez beltzune,
haitzuloetatik erbesteratutako anderearen atzetik,
ispilu parabolikoaren zilar-erreketan isla daitezkeen
uharri eta aerolitoen bila,
teleskopioaren gau-leihoa gidari.
Eta so degizu
eta ezer ez,
eta hala ere ezin amore eman,
errotako aztiak
gaua haitzuloetako anderearen soineko beltza zela
esan baitzizun umetan,
eta bihotzean arrosa bat zeukala,
suzko arrosa bat,
non ezerezak orozgaindiko esfera zuen bidaide.
w1991