Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Ene Caracasko dama beltz maiteari
Esku amultsuek landutako anforaren baitan
Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Ene Caracasko dama beltz maiteari
Esku amultsuek landutako anforaren baitan
Nerabe, herabe
«...Und in die Nacht der Klufte / Strahlt ihm ein ew'ges Licht»
Novalis
Ez aurrera ez atzera,
mihian elbarritu zitzaizun
bihotzetik zetorkizun hitza
eta hitza iturri egin zen poema,
paperaren espazio zurian.
Espazio hura
basamortu eta negu zitekeen
baina esparru abegikorra ere bai,
hitz haiek
basalorez eta su-hegalez
ederrezta baitzezaketen
neskatxa ukiezinaren azal urdin guria,
eguzki gau-ibiltari bat amestu
haren ile beltz goroldiozkoetan,
espazioa bera
berregitura zezakeena
eta itxuralda.
Zeure menpe zenuen orriak
bere menpe zintuen
eta hala ere
horrela baino ez zenezakeen hats egin,
espazio hark
beste espazio guztiak
biltzen baitzituen
bere baitan zirenak eta ez zirenak,
eta zuk han hegan egin baitzenezakeen, aldika,
hegazti goitiar batek bezala,
mendi, zeru eta argiz argi,
haragiaren mugetan gaindi.
Eta horrela ikasi zenuen
munduak sortu zuela hitza
hitzak mundua berriro sor zezan
airearen hotzetik eta bihotzaren sukarretik.
Munduko izakirik dohakabeena zinen
esan behar zenion hitza
esan ez zeniolako,
baina dohatsua ere bai,
bakardadearen desertu hartan
zorion-oasiak baitziren
aingeru eri batek
gauaren kantoi batetik
diktatzen zizkizun hitzak,
eta hitz haietan hartzen baitzenuen
bestela hartzen ez zenuen atsegina.
Mihian mututu zitzaizun hitza,
ez zenekien hitzak
hitz egin ziezazun.
w1991