Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-31-2
Joan Mari Irigoien
1948, Altza
 
 

Iparraldeko kostaldean

 

«...Bihotz-ezpainetan sukar bat...»

    Jean Etchepare

 

Joan doa irail gorriaren azken egun hau,

joan doaz hodeiak mendebalderantz,

guztiak doaz

zu izan ezik.

 

Lur zabal gozoa baita orain zure gorputza,

Lurraren ardatz,

eta udazkenak

bi uso erein berri baititu elizako ezkiladorrean,

ilunabar isilaren arbelean.

 

Gau-mahai inguruko

aire sekretuaren ilunean

lanpara bat piztu da.

 

Zure haragiak ez du hondorik

eta tulipatik iragazitako

lehen izpi gorrixkak

gaua eta eguna josi ditu

zure begien zerumugan.

 

Leihotik landa

ilun-ezkilaren hotsak

uso-uhinetan desegin dira jada,

eta ilargi jaioberria

itsasarrain urduri bat da

zainetan gora dabilkizuna,

zainetan behera.

 

Gelako argia

kanpoko azken argiari nagusitu zaio

eta ezpain zurbil bi

gorputzaren nekea mugatzera etorri zaizkizu.

 

Kresalaren hezea dario zure azalari,

naufragioaren ondoko isila

gure eskuetatik arestian itzuritako mendeei.

 

Eta marmolaren magal mugagabean

                                etzandako jainkosa bat bazina bezala,

hotz ikusten zaitut dagoeneko,

hotz baina eder,

itsaso jabalaren izara zurian.

 

(Zuriaren erdian triangulu beltza

non sua

bere errautsetatik

eternidade galduaz den mintzo).

 

w1991