Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Ene Caracasko dama beltz maiteari
Esku amultsuek landutako anforaren baitan
Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Ene Caracasko dama beltz maiteari
Esku amultsuek landutako anforaren baitan
Lorategi galduak
«...sin otra luz y guía / sino la que en el corazón ardía»
S. Juan De La Cruz
Etxeko arrosa eta krabelin herdoilezinen polifonia koloretsua,
eternidadea, besterik gabe, eguneroko lorea zenuenean.
Edo errautsen jatorrian
zure haurtzaroa kulunkatu zuten hitzak:
errotako aztiaren ipuinak: belagileak eta belauntziak;
eta ahots begi-urdinaren fereka: poemak eta hotsez hustutako paisaiak.
Halaber,
eguzkiaren itzal nagiak mugitzen zuen hormako erlojua
edota mundu bat ixten zuten gari-errekak, ur-gabeak jada,
mundu bat itxi baina beste bat zabaltzen zutenak
eguneroko ogi jaiki berrian.
Eta neska haren mototsak,
zeinetan egunero bi tximeleta urdin pausatzen baitziren, jostalari,
bihotza jauziz jauzi zebilkizun bitartean,
eternidade batetik bestera,
arrosetatik krabelinetara.
Oroit ditzakezu, halaber,
lehen hilotza inguratzen zuten lau argi haiek,
beste mundura zabaldutako argiak,
hilkutxaren lau haizeak mugagabetzen zituztenak.
Eta usain haiek,
haizearen zaldiek urruneko oasietatik
suzko orgetan zekartzaten
usain beroak, sarkorrak, biblikoak,
sandalo eta intsentsu.
Behin gertatutakoa birgerta daitekeelakoan,
eternidadearen lorategi horietarantz abiatuko zara berriro,
zure gaurko bihotz-taupadei
nekearen herdoila badarie ere.
w1991