Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-31-2
Joan Mari Irigoien
1948, Altza
 
 

Eternidadearen urrumak

 

                                          «Iturri zaharretik / edaten dut

                                          / ur berria edaten...»

                        J.A. Artze

 

Urrun,

urrun zenekusan

zu baitan aspaldi galdutako haurra,

baina gaur oinak errekan sartzean,

uraren hotzak

suzko kamelia bat piztu dizu

oroimenaren gelarik ezkutuenean.

 

San Juan suaren argi-garrek

gauari ostutako eguzki hura zen,

zeina errekako jainkosari

eskaini baitzenion umetan,

ekialdeko leihoan dantzan jar zezan,

lehen ihintzarekin batera biluzik,

haizearen xirula ezpainetan.

 

Eguna haur jaioberri bat zen garaian

etxeko hegazti itzal-zuriak

urrezko oihalaren apaingarri ziren

eta beren harat-honatetan

kameliaren bihotz goria zauritzen zuten,

bizi-pozez eta betiraundez.

 

Zenbat mende joan ote dira harez geroztik?

 

Egun bateko eternidadea izan baitzen hura

eta taupadaz taupada

kamelia zimelduz joan baitzitzaizun oroimenean

denboraren ibaiak aurrera zegien bitartean,

zure eskunabetako ildoetan barna.

 

Arratsaldean, berriz,

munduko askatasun osoa

lauki soil bat zen —hegobegira zegoen leihoaren laukia—,

eta lauki hartatik

etxe-aurreko lizarraren isiluneak entzun zenitzakeen,

haize urdinaren kometa atergabeak ikusgai,

urruneko itsasoa solaskide.

 

Zure begirada hobengabearen bestaldean, ordea,

berehala iratzarriko zituen oihan arrotzak

etxeko usoak atzaparkatuko zituzten altzairuzko arranoak

eta zementuzko piztiek

zuk maite zenuen erreka hobiratuko zuten

zainez zain.

 

Zuri eta zauri,

erreka-lainoak zure begietan.

 

Joanak joan,

kamelia gorri hura zabaldu zaizu gaur oroimenean

eta instant hau beste instant haren oihartzun galdua bailitzan

berriro sinetsi nahi zenuke eternidadean,

aspaldiko haur hura urrun dakusazun bitartean,

gero eta urrunago.

 

w1991