Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Esku amultsuek landutako anforaren baitan
Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Esku amultsuek landutako anforaren baitan
Ene Caracasko dama beltz
maiteari
«sasi-andrea» deitzen zioten.
Caracasko edozein tabernatan
kuba-libre
eta
argi gorri
ezagutu nuen haren azal iluna.
Txabola batean jaioa,
hona hemen bataioa:
Izena: Pobre.
Abizenak: Tristetasun,
Bakardade,
Gogorkeria,
eta berriz Bakardade.
Jatorrizko bekatua: Pobre izatea.
Latorrizko txabola batean
beltzez margotutako
hitz batzuek
egiten zuten garrasi:
«Bizitzako feria:
aberatsek asko,
eta guk
miseria!»
Pobre izatea izan zen
bere jatorrizko bekatua,
eta horregatik
betiko madarikatua.
Haurtzarorik bizi gabe
andretu zen
eta, bakardadea hautsi nahian-edo
artean hamabi urte,
gizon bat izan zuen maite...
Gizona joan,
semea etorri,
aurren arantza
eta gero
elorri...
Semea aurrera ateratzeko
taberna bateko barra batean
hasi zen
lanean.
Taberna hartan
emakumeak
lan-da-lan
eta gizonak
dilin-dalan...,
eta dama beltza ere
halatsu:
kuba-libre
eta argi gorri,
beste gizon bat joan
eta
beste seme bat etorri!
Hogei urte zituenerako,
azkenik,
bost seme gorde behar izan zituen
bere magalean...
eta dilin-dalan,
ez zuen
gehiagorik
izan.
Handik aitzina,
bost kimu haiek,
haragizko kate-mailak balira bezala,
amaren bakardadea
inguratu zuten,
eta haiek aurrera ateratzea
ez zuen beste buruhausterik izan.
Horrela,
gauero
kuba-libreari eusten zioten
eskuko bost hatzak
bere bost semeak ziren.
Hala ere,
aho haiek mantentzeko
lan hura
ez zen nahiko...
Lan bila-ta-bila,
atzetik beti
zigorra eta makila...;
lanik ez,
etsita...,
ordu arte egin ez zuena
egin behar izan zuen:
bere bost semeak
aurrera ateratzeko
gorputza saldu behar izan zuen.
Eta biharko egunean
nork daki?,
hain neke handiz
hazitako semeek ere,
haiek ere,
beharbada,
hanka eginen diote
eta
bere bakardadea
inguratzen duen
haragizko katea,
h
u re,
e ra
ra u
h
ere
betiko hautsiko da
eta
aurrerantzean
ezinen du haragirik sentitu:
Caracasko dama beltza
berriz geldituko da bakarrik,
sekula
baino
bakarrago...,
kuba-librea eta gaua
bere azal beltzean
dolu beltz eginik...
Orduan,
Caracasko edozein zikin-tokitan,
hegazti harrapariak,
hagoan,
bere hogeita hamar urteko
gorputz zimurtuaren zain
egonen dira...,
eta gero,
mundu honetan
noizbait ere bizi izan denik
ez du inork jakinen...
Dama beltza,
iluna,
maite-maitea:
azken hau,
besterik ez bada,
gerta ez dadin,
lerro hauen bitartez
omenaldi txiki hau
eskaini nahi dizut.
Izena: Pobre.
Abizenak: Tristetasun,
JUSTIZI EZA,
Gogorkeria,
eta berriz JUSTIZI EZA...,
eta berriz,
eta berriz
eta beste mila aldiz!
Munduko ama «garbiak»:
zuenetako norbait,
mediorik ez,
seme-alabak aurrera ateratzeko
gorputza saltzeko
prest balego,
altxa dezala eskua...
Zeuen bizietaz
harro zaudetenak
eta
zeuen lotsa agertzeko
kapaz ez zaretenak,
behingoz bederen
zaudete isilik,
ixooooooo...!,
erraiak lehor,
ene Caracasko dama beltz maitea
oraintxe baitator...
Sasi-andrea deitzen zioten...
Sasi-andrea...
Sasi...
Ss...